Aurkezpena
Zenbaki honetan, aurreko urteetan EIZIEk literatur itzulpena aztertzeko asmoz antolatutako mintegi eta ikastaroetan landu ziren gaietako batzuk eskaintzen ditugu, gure bazkide eta harpidedunentzat eta, oro har, euskara lantzen dihardutenentzat ere interesgarriak izan daitezkeelakoan. Artikulu mamitsuak dira, hausnarketa teorikoarekin batera alderdi praktikoa ere ukitzen dutenak adibide ugarirekin.
Honela, gaur egungo euskarazko itzulpengintzak derrigorrezko duen teorizazio lanerako tresna izateko helburuari eusten dio gure aldizkariak; helburu horixe zeukatzen EIZIEk martxan jarritako mintegi-ikastaroek, eta egokia iruditu zaigu haien ondorio eta emaitzak gure irakurleekin partekatzea.
Zenbaki honetan, beraz, gaur egungo euskarak kultur hitzen itzulpenarekin, kalifikazioarekin eta izenordeekin dauzkan arazo batzuk jorratzen dira, eta Karlos Cidek txekieratik egindako itzulpen bati buruzko gogoeta egiten du; baina badago mintegietan aztertutakoa ez den beste artikulu bat, Jose M. Satrustegirena, euskal itzulpengintzaren historiarako ekarpena egiten duena.
Guztiaren osagarri moduan, ohiko liburu-erreseinekin batera, Samaniegoren lau alegia erantsi ditugu, jatorrizko testuaz eta itzulpen proposamen batez, aldizkariari atari jostaria eman nahirik. Honen ildotik, gogorarazi nahi dugu, bukatu baino lehen, gure aldizkaria zabalik dagoela era honetako edo bestelako literatur testu itzuliak argitaratuta ikusi nahi lituzkeen guztientzat.