Terminologia gora-behera
Artikulua PDFn
Orri labur batzuetan euskal terminologiaren egoera aztertu eta horren ikuspegi zabal bat ematea ezinezko gauza da guztiz. Horrexegatik ez dut horrelako ilusio faltsurik hartu nahi horretarako, eta nire asmoetatik urrun geratzen da hori. Hala ere, itzultzaile, eta itzulpenetan terminologia erabiltzaile gisa izan dudan esperientziatik atera dudan halako ikuspegi zabal, oraindik oso zehaztu gabe bat azal dezakedala uste dut.
SENEZ aldizkari hau, izenez eta asmoz, "terminologiazko aldizkaria" ere bada. EIZIE elkartean askotan, oso sarri, planteatu izan dira, mintegi batean edo bestean, terminologiazko egitasmoak. Terminologia itzultzaileen ahotan dabil. Gure artean bada kezka bat terminologiaz, orokorrean gehiago, zehatzean baino, terminologiaz oro har areago halako edo bestelako jakintza alorretako terminologiaz baino. Aldizkari honetan ordea, —orain arte argitaratu diren zenbakiak aztertu aski da ohartzeko— oso gauza gutxi argitaratu da terminologiaz. Gogoratzeko gauza da aldizkari hau Donostiako Itzultzaile Eskolak sortu zuela, baina lehenengo alea Itzultzaile Eskolak berak, UZEIk eta Elhuyar elkarteak, hiru erakundeek batera, sinatua dela, itzulpena, terminologia sorkuntza eta testu teknikoen sorkuntza bateratu nahiz; bigarren zenbakitik aurrera berriz, Itzultzaile Eskola geratu zen arduradun bakar. Itzultzaileen aldizkarietan, eta itzultzaile elkarteen aldizkarietan —batzuetan gehiago besteetan baino— ia beti izaten da terminologiazko atal bat, itzultzaileari —batzuei besteei baino gehiago— terminologia erabiltzaile izatea gertatzen baitzaie sarritan. Alde horretatik, itzultzaileentzako argitalpen honetan itzultzaileek terminologiaz dituzten burutazioek, irizpideek, gogoetek, edota itzultzaileek gai bateko edo besteko terminologiara, beren lanaren premiamenduz, egiten dituzten ekarpenek, leku gehixeago beharko lukete orriotan. Zentzu hori, eta ez besterik, dute lerro hauek ere.
Banuen susmoa —neurez—, eta itzultzaile banaka batzuekin baino gehiagorekin mintzatu ondoren ziurtasuna ere badut, elkarte honetako itzultzaile asko terminologia erabiltzaile eta baliatzaile ez ezik, terminologiaren pairatzaile, nozitzaile ere sentitzen dela askotan, alegia, euskal itzultzaile askori —eta itzultzailetzat, jatorrizko testutik zuzenean euskarara itzultzen dutenak, eta jatorrizko testu anitzetatik euskarazko "jatorrizko" testuak moldatzen dituztenak, denak hartzen ditut halakotzat— deseroso eta moldakaitz gertatzen zaizkiola zenbait terminologia, eta halako edo bestelako terminologia bildumak ezinbestean bezala, eta zenbaitetan testu itzuliaren zurigarri gisa, erabiltzen dituela. Susmoa dut, ordea, sentimen horren azpian terminologiari buruzko uste okerren bat ere bai agian, baina batez ere gai horri buruzko oinarrizko ideia garbi batzuen inguruan itzultzaileen artean adostasunik sortu ez izanak eragiten duen ziurtasunik eza dagoela batez ere: ez gaude ziur ondo ari garen jokatzen halako edo bestelako terminologia erabiliz ala ez erabiliz; kritikak ez baitira falta izaten gero: batzuetan testua ez dela ulertzen, hurrengoan "zehaztasun teknikoa" falta duela testuak; itzultzailea beti erdian, beti bere buruaren defentsan, eta askotan terminologia —halako edo bestelako terminologia— erabiltzen du autoritate, babes eta zurigarri gisa ("Halako hiztegitan halaxe dakar"). Hau dena ezin ukatuzkoa da, denoi gertatu baitzaigu inoiz edo behin —edo askotan—. Ez dut uste, hala ere, egoera normal baten ispilu denik hori guztia.
Gainera euskal terminologia, gehienbat —guztiz ez bada— itzulpenean erabiltzen da; itzultzaileak dira terminologia horren erabiltzaile lehen eta nagusi. Aurreko paragrafoan aditzera eman dudan bezala, itzultzaile horiek batzutan "jatorrizko" testuen egile gisa janzten dira. Euskarazko testu sorkuntza, batez ere testu teknikoen sorkuntza —testu tekniko eta berezituetako kontua baita terminologia— egiaz nola gertatzen den badakienak badaki zenbateko pisua duen horretan itzulpenak, beharbada ez zuzeneko itzulpenak, baina bai zeharbidezko itzulpenak, laburpenak, moldatzeak eta gisako eragiketek, itzulpenaren era beretsukoak eta oinarrian itzulpen eragiketa bat eskatzen duten jarduerak guztiak. Alfer-alferrik ukatuko da hori, itsuak ere ikusiko luke.
Komeni da beraz, terminologiari buruzko gogoeta itzultzaileen artean zabaltzea, bere lekuan kokatzea, eta horretarako terminologiari buruzko zenbait kontzeptu, oinarri-oinarrizkoak, argitzea. Bi ikuspegi dira, azken finean, argitu beharrekoak: terminologiari dagozkionak alde batetik, eta euskarazko testuei dagozkienak bestetik; alegia, zer den terminologia, zer gisatako testuetan duen lekua terminologiak, eta zer gisatako testuak diren euskaraz terminologia baliatzen dutenak. Bide batez, guztiz gomendagarria da M. Teresa Cabré-ren La terminología. Teoría, metodología, aplicaciones liburua (Editorial Antártida / Empúries. Bartzelona). Lehenengo hiru kapituluak bi bider irakurtzen badira, are gomendagarriago. Handik hartuak ditut hemen erabiliko ditudan kontzeptu gehienak.
Terminoak / Hizkuntza berezituak
Terminologia hitzak berak bi zentzu ditu: a) Terminoei buruzko jakintza, b) Zientzia edo jakintza alor jakin batean erabiltzen den termino multzoa.
Aurrera baino lehen, ohar gisa, adierazi behar da terminologia bera ez dela jakintza zaharra, mende laurdentsu bat ozta joan baita, nazioarteko terminologia erakundeak sendotu ahala, jakintza gorputz gisa finkatzen hasi zenetik.
Terminologiak —lehenengo zentzuan hartuta— dioenez, "terminoa" zentzurik estuenean hartuta, zientzia edo jakintza alor bateko hizkuntza edo hizkera berezituan zientzia edo jakintza alor horretako berezilarien arteko komunikazio asmoetarako, kontzeptu zehatz bat adierazteko erabiltzen den esapidea da.
Beraz, lehenik eta behin, terminologia —termino multzoa— hizkuntza edo hizkera berezitu baten parte bat da —parterik berezien eta berezituena—, eta hartan du zentzua.
Hizkuntza edo hizkera berezitua zer den nekez defini eta muga daiteke ordea zehatz. Horrexegatik daude hainbeste eztabaida gai honi buruz. "Hizkuntza berezituaren" edo "asmo edo erabilera berezitarako hizkuntzaren" definizioa "hizkuntza orokorraren" arabera zehazten da beti: batzuek hizkuntza berezi bezala definitzen dituzte hizkera horiek, beste batzuentzat hizkuntza orokorraren azpimultzo batzuk baizik ez dira, hartatik pragmatikaz baizik bereizten ez direnak. Hain zuzen ere, hizkuntza berezituek, kode artifizialak izan gabe (matematikaren irakurkera, adibidez), beren lekua dute hizkuntzaren sistema osoaren barruan. M. Teresa Cabrék, Kocourek-ekin batera, hiru aldagairen arabera definitzen ditu hizkuntza berezituak:
a) Hizkuntza berezituak hizkuntza orokorraren azpimultzoak dira, gaiaz, esperientziaz, erabilera eremuaz edo erabiltzaileez bereziak.
b) Hizkuntza berezituek multzo bat osatzen dute, elkarrekin lotura estua duten ezaugarri komunak baitituzte; ez dira azpimultzo bakanduak.
c) Hizkuntza hauen funtzio nagusia komunikazioa da, gainerako hizkuntz funtzioen gainetik.
Hala ere, hizkuntza berezituak hizkuntza orokorraren azpimultzo gisa harturik, berezitasunaren kontzeptua hobeto mugatzeko, beste hiru aldagairen edo hiru ikuspegiren arabera mugatzen dira hizkuntza horiek: gaiaren arabera, erabiltzaileen arabera eta komunikazio egoeren arabera.
Lehenik, gai berezitutzat hizkuntza bateko hiztunen ezaguera orokorretatik kanpo geratzen direnak, eta horrenbestez ikasketa (ez soilik hizkuntz ikasketa) berezia behar dutenak hartzen dira.
Bigarrenik, hizkuntza berezituen erabiltzaileak berezilariak dira berez. Ez dira gauza berdintzat hartu behar hala ere, komunikazio berezi horien produzitzaileak eta komunikazio horien hartzaileak, ez baitzaie batzuei eta besteei ezaguera maila bera eskatzen; komunikazio zientifiko-teknikoen produzitzaile komunikazio gai horretako berezilariak izan daitezke; hartzaile berriz, berezilariak bezala irakurleak oro izan daitezke, gai horietan ikasle diren aldetik.
Hirugarrenik, komunikazio zientifiko-teknikoa komunikazio modu formala izaten da, idatzizkoa ia beti.
Zentzurik estuenean, beraz, jakintza bateko berezilarien arteko komunikazio dokumentuetako hizkera doia litzateke erabilera berezietako hizkuntza.
Hizkuntza berezitu edo erabilera berezietako hizkuntza horren nolakotasuna aztertzeak luze joko luke. Beti ere berezi beharko litzateke ordea hizkuntza berezia edo hizkuntza berezi horren jakintza alor bakoitzeko hizkera nolakoa "den" benetako testuetan, eta nolakoa "beharko lukeen izan", komunikazio zientifiko-teknikoak dituen baldintzak (zehaztasuna) betetzeko. Horixe baita, hain zuzen, komunikazio zientifiko-teknikoaren oinarrizko baldintza eta asmoa: zehaztasuna. Berezilari batek zehatz jakin behar du beste berezilariak bere komunikazioan zer dioen eta zer ez dioen, berdin izendatu behar ditu berdin izendatzeko gertaerak, gaiak edo, oro har, kontzeptuak.
Horretarako sortzen dira hizkuntza berezitu horretako kontzeptuen izendapenerako konbentzioak. Konbentzio horien funtsa, hizkuntza berezitu doi batean, unibokotasuna da: kontzeptu bakoitzeko izendapen bana eta izendapen bakoitzeko kontzeptu bana izatea. Izatez, gizonak berak bezala, mugak ditu asmo horrek, eta ez da beti-beti behar bezala betetzen. Horren adibiderik egokiena, "terminologia" terminoa bera, izendapen bakarrak bi kontzeptu adierazten baititu: terminoei buruzko jakintza / jakintza alor bateko termino multzoa.
Komunikazio tekniko-zientifikoak zehaztasun, abstraktutasun eta doitasun maila bat baino gehiago izan ditzakeen bezala, komunikazio horretako hizkuntza ere komunikazioaren tekniko-zientifikotasunaren arabera moldatzen da, komunikazio egoeraren arabera beraz. Eta zentzu horretan, hizkuntza berezituaren (edo berezituen) eta hizkuntza arruntaren artean, komunikazio egoerak adina errejistro edo moldaera bereiz daitezke.
Terminologiaren definizioaren doitasuna hizkuntza berezitu edo erabilera berezietarako hizkuntzaren definizioaren doitasunaren araberakoa izaten da. Zentzurik estuenean hartzen bada, testu berezituetan gai berezietako kontzeptu bereziak izendatzeko izendapen sistema da terminologia. Komunikazio berezituetan, hizkuntza orokorreko hitzez eta lexikoaz gainera, komunikazio bakoitzaren gaiari dagozkion termino bereziak izaten dira. Jakintza alor bateko terminoen multzoak, alor horretako kontzeptu egitura islatzen du, gai horretako terminologiak jakintza alor horretako kontzeptu sarea islatzen duela.
Hain zuzen, terminologiaren erabilera da hizkuntza berezituaren ezaugarri nagusietako bat, nagusia ez bada, hizkuntza berezitua eta hizkuntza arrunta desberdin egiten dituena. Zentzu estuenean hartuta —berriro—, terminologia komunikazio berezituetan aurkitzen da:
La terminologia especializada es utilizada por sus usuarios naturales, los especialistas, en las comunicaciones especializadas, y es codificada por lingüistas y terminólogos en forma de diccionarios. En consecuencia, la terminología se halla en la documentación especializada en su estado natural, y solo cuando ha sido codificada aparece en los diccionarios". [M.T. Cabré. op.cit. 167. or.]
Hizkuntza berezituetan, komunikazioa ziurtatzeko, kontzeptuaren eta izendapenaren arteko erlazio unibokoa ziurtatzea da terminoaren eginkizuna. Kode berezitu bateko parte izateak ematen dio termino bati kontzeptuarekiko erreferentzia balioa, termino balioa. Beraz, zinez esan daiteke, hizkuntza berezituaren ezaugarri nagusia, pertinente den ezaugarri bakarra —zentzurik estuenean hartuta, berriro— komunikazioa ziurtatzeko behar den erreferentzia-bakartasun horretan datzala soilik.
Aipatzen ari garen terminologiaren funtzio hori beti betetzen da komunikazio zientifiko-teknikoa izateko premia dagoenean. Pernandoren egia dirudien hau ordea, badirudi ez dela beti-beti begien bistakoa gertatzen. Komunikazio premia denean terminologiarik ezak ez du inoiz eteten, deusezten komunikazio hori; sortu egiten da, asmatu egiten da terminologia —ongi eratua ala gaizki eratua, baina terminologia—, kontzeptuaren eta izendapenaren arteko erlazio unibokoa ziurtatuko duen konbentzioa, geroago konbentzio hori zuzen edo alda daitekeen arren.
Hizkuntza berezituen gainerako ezaugarri guztiak komunikazio zientifiko-teknikoaren asmo eta gertatzeko moduen ondorioak dira: alegia, funtzio nagusia —berez bakarra— komunikaziozkoa izatea, komunikazio formala izatea, etab. Horrek baldintzatzen du hizkuntza berezituetako "estiloa": estilo neutro, laua izan behar duena.
Egia da komunikazio funtzioa berbera izanik, komunikazio egoera (mezuaren hartzailea, komunikazioaren formaltasuna eta gisako ezaugarriak) alda daitekeela. Hala, adibidez, badirudi Administrazioko zenbait testu motatan —legeetan adibidez— gerta daitekeela zehaztasun beharra testu berezituei dagokien berbera izatea, eta aldiz testuaren hartzailea berezilaria ez izatea.
Hemen ez dira kontuan hartuko terminologiaren osatzeko moduak, terminologiaren oinarrizko baldintza bat baizik: terminologiak ez du behartu behar inondik ere hizkuntzaren sistema orokorra:
"Las relaciones que establecen los términos, tanto con el léxico como con los demás componentes de la gramática, no permiten observar ninguna especificidad que las haga sistemáticamente diferentes de las relaciones que, a su vez, mantienen las palabras con su entorno gramatical... La terminología debe participar de las mismas reglas de construcción de frases y de constitución del discurso que las demás unidades léxicas de la lengua". [M.T. Cabré. op.cit. 170. or.]
Gai honek, ohar gisa, gogoeta berezi bat merezi du. Izan ere badirudi hizkuntza zientifiko-teknikoko terminologia terminoen gramatikazko kategoriaren aldetik aztertzen bada, kategoria batzuek proportzioz pisu handiagoa dutela besteek baino, eta lexiko arruntean baino:
"En la perspectiva del sistema de la lengua, la proporción de las distintas categorías gramaticales es ciertamente irregular. Las unidades de categoría nominal representan las dos terceras partes del conjunto de la terminología. Este dato se justifica porque una de las características peculiares de la terminología especializada es la tendencia a resolver nominalmente —y no verbal o adjetivalmente— la denominación de los conceptos de las áreas de especialidad. En una gran proporción, los conceptos de la estructura nocional de cada disciplina se materializan lingüísticamente en sustantivos. [M.T. Cabré. op.cit. 220. or.]
Gogoeta horretatik aterata edo, sarritan entzun izan da, eta idatzi ere bai, komunikazio zientifiko-teknikoko diskurtsuan izen kategoriak pisu handiagoa duela bestelako komunikazio formaletan baino. Eta horretan oinarrituta arrazoizkotu nahi izan da, adibidez, gisa horretako testuetan, gaztelaniazkoetan batez ere, nominalizaziorako antzematen edo den joera. Joera hori inon frogatuta baldin badago, gaztelaniazko administraziozko testuetan dago frogatuta. Badira zenbait ikerketa ordea, testu teknikoen nominalizaziorako joerari buruzko baieztapen hori arras mugatzen dutenak. G. Demers-ek dioenez adibidez, izenen proportzioa berdina izaten da frantsesez edo ingelesez zientzi testuetan; proportzio hori ez da berbera izaten zabalkunde eta asmo desberdineko testuetan; zenbat eta testuak oinarrizkoagoak izan orduan eta izenen proportzioa txikiagoa izaten da, izenordainen proportzioa handiagoa izaten den neurri berean:
L'écart de 5% entre les textes scientifiques et les autres textes s'explique, quant à lui, par la répetition quasi systématique des substantifs dans le premier cas, la proportion de pronoms anaphoriques ne dépassant pas 6% en moyenne, alors qu'elle atteint 25% dans les extraits d'ouvrages non scientifiques. Cette tendence à la "redondance" ... provient du souci d'eviter toute ambigüité. [Demers, G.: "La nominalisation dans les textes scientifiques: Analyse statistique comparative de l'anglais et du français". La traduction au cur de la communication. XIII FIT Congress. Vol. I. Institute of Translation and Interpreting. Londres, 1993. 176. or.]
Laburtuz, bada, eta "hizkuntza berezituak" eta "terminologia" kontzeptuak beren zentzurik estuenean harturik, esan daiteke hizkuntza berezitua berezilarien arteko komunikazioaren zehaztasuna ziurta dezakeen hizkuntza dela eta terminologiaren erabilera dela hizkuntza berezituen ezaugarri nagusia, berez dagokion ezaugarri bakarra, terminologiaren bidez ziurtatzen baita kontzeptuaren eta izendapenaren arteko erlazio unibokoa. Eta horrenbestez, hizkuntza berezituaren eta terminologiaren kontzeptu horiek zentzurik estuenean hartzen badira —berriro— zinez esan daiteke orobat, hizkuntza berezitu baten, edo diskurtsu berezitu baten gainerako ezaugarriak ("estiloa") komunikazio egoerari, asmoari, eta gainerako hizkuntz funtzioei dagozkiela, eta ez direla berez eta derrigor hizkuntza berezituari dagozkionak, diskurtsu modu bati dagozkionak baizik: erregistro jasoa e.a.
Terminologia / hizkuntz normalizazioa
Orain arteko paragrafoetan askotan erabili dut "zentzurik estuenean" esapidea, eta ondo nahita erabili ere. Bi arrazoi nagusi izan ditut horretarako:
a) Orain arte egin den euskal terminologiaren oinarri nagusia ez da izan terminologia bilketa, hizkuntza berezituetako testu hustuketa, ezin baitzuen izan gainera, era horretako testurik (berezilarien artean beren espezialitateko gaiei buruzko komunikazio zientifiko-teknikorik) oso-oso gutxi baizik ez baitzegoen. Egia da egoera hori aldatuz doala, eta badirudi zenbait gaitan berezilarien arteko komunikazioa itzulpenik gabe gertatzen dela euskaraz (hizkuntzalaritza e.a.), baina ez dirudi maizenik oraindik ere horrela gertatzen denik. Horregatik bada, ez dagoenetik nekez bil daiteke gauzarik. Aipatu dudan SENEZ honen lehenengo zenbakian Martxel Aizpurua jaunak Euskal tradizio zientifiko gutxi aipatzen du "eragozpenik nagusienak" atalean landareen eta animalien izenen bilketari buruzko artikuluan [Aizpurua, M.: "Landareen eta animalien izenak". Senez, I. alea. 1984. 120. or.], eta aurreraxeago ezin hobeto azaltzen du arazoa: "Egoera bestelakoa izan balitz, nahikoa zen zegoena jasotzea, e.b., "nola deritze malakologo euskaldunek halako moluskuari beren lanetan?" galdetzea nahikoa izango zen arazoa konpontzeko". Malakologo euskaldun gutxi ordea malakologiazko ikerketak euskaraz argitaraturik.
Zentzurik estuenean harturik, bada, oso gai gutxitan egin daiteke oraindik ere euskal terminologiarik, zentzu estu horretan, terminologia deskribatzailerik, alegia.
Beste alde batetik, itzultzaileari dagokionez, eta esan berri denaren ondorioz, bereziki azpimarratu beharreko gauza da gaur egun oraindik ere euskal itzultzaileak itzultzeko izaten dituen testu gehienak ez direla izaten testu zientifiko-teknikoak edo hizkuntza berezitua erabiltzeko testuak, euskal itzultzailea ez baita izaten, oso-oso bakanetan baizik, jakintza alor bateko berezilarien arteko hizkuntz bitartekari. Euskarara itzultzen diren testuak, argitaratzen direnak bederen, zabalkundezkoak izan ohi dira, berezilarien arteko komunikazio gabe. Gauza jakina da zabalkundeak jakintza berezitu bat behar duela lehenik zabalkunde izateko, eta terminologiari dagokionez ere, gaur egun oso laster gertatzen dela —irakaskuntzaren eta komunikabideen eraginez— gai askotan jakintza batzuen zabalkundea eta jakintza horiei dagokien terminologiaren arruntzea (banalizazioa), eta neurri horretan terminologiaren zati bat hizkuntza arruntean agertzen dela txertatua, nahiz eta halakoan terminologia balio berbera ez duen.
Bi ohar edo gogoeta horiek oso kontuan hartu beharko lituzke itzultzaileak, nire iritzian. Susmoa dut izan ere —ez nik bakarrik, honetan sentimen zabal bat uste baitut ari naizela azaltzen—, eta askotan adierazi ere adierazi izan dut, hitzez eta idatziz, euskal itzultzailea askotan behartzen dela —edo behartzen dutela— fikziozko terminologia batez fikziozko hizkuntza berezitu batean jardutera, ez dakit hala ere fikziozko komunikazio bat lortzeko ez den, tamalez. Gogoan hartu beharko litzateke, gainera, komunikazioa ahalbidetzen eta errazten ez duen hizkerak motz itsusia duela etorkizuna, eta normaldu hala ere (normalizatu), ez duela ezer normaltzen.
Oso kontuan hartu beharko litzateke orobat, euskal itzultzaileek itzuli behar izaten dituzten testu asko eta asko gizarte honetan beronetan zabalkunderako sortuak izaten direla, eta ez oso onak, ez oso ongi erredaktatuak. Ez naiz ari administrazioko testuez bakarrik, ezaguna eta mila bider aipatua baita testu horiek oso maiz, maizegi, izan ohi duten estilo trakets mordoilozkoa, bestelako "alta divulgación"-erako egindako testu askori buruz baizik, zeintzuetan alturik pretentsioa baizik apenas gehiago sumatzen baita; pretentsio horien artean —besterik behar zen—, zientifikotasuna nagusi, eta terminologiaren erabilera, haren ezaugarri.
Terminologiaren alorrean egin diren ahaleginak, euskarari dagokionez, euskararen normalizazio prozesuan aurreratuz joateko proposamenak izan dira batez ere, zein bere irizpideen arabera eginak. Esanik geratu da terminologia ahalegin horiek gehienak ez direla terminologia bilduma gisa eginak. Saio horietan aipagarrienak UZEIren hiztegiak izan daitezke, terminologia asmoz edo egindako saiorik handiena hiztegi horietan baitago gure artean, eta horiek dira agian itzultzaileek erabilienak. Hiztegien sarrerak irakurtzen badira —ez dira askotan irakurtzen—, haietan esanak jaso daitezke. Hiztegi horiek ez dira denak maila berekoak (unibertsitaterakoak, unibertsitatera bitartekoak...); gehien-gehienak ez dira terminologikoak soilik, askoz ere zabalagoak baizik (jakintza alor bateko kontzeptu nagusiak, zientzialarien biografiak...); itzultzaileak gehien baliatzen duen alderdia batez ere (lexikoa) jakintza alor bakoitzari dagokiona baino askoz ere zabalagoa da; sarrera horietan ez da hitz egiten hizkuntza berezituez edo erabilera berezietarako hizkuntzez, "laneko hizkuntzaz" eta hizkuntza horretako "lexikoaz" baizik. Zehazki esaten da "proposamenak" direla hiztegietan egiten direnak: "Gure lan hau behin-behinekoa da, eta premiazkoak izango ditu kritikari eta lankide berriak, gerora maila jasoago eta helduago batetara eraman dezagun". [FISIKA /1 Hiztegia. Sarrera]. Hiztegi hauek, eta beste batzuk ere kontuan hartuta, oro har esan daiteke zati handi bat terminologia bere zentzu estuenean ez, baizik neologiaren edo, zehazkiago, neonimiaren eremuan kokatzen direla, izendapenaren balio terminologiko berriaz ari garenez. Neonimiak ordea, ez du baliorik erabilerak finkatzen duen arte.
Hori ere kontuan hartu beharko litzateke: ez lirateke hiztegi horiek ez diren bezala —terminologia finkatu baten emaitza bezala— hartu behar. Hartu izan baitira halakotzat. Badakit ez dela erraza idatzita ez dauden testigantzetan oinarrituta idaztea, nor bere esperientzietan oinarrituta idaztea, jeneralizazio arriskua baita beti, baina muturreko adibide gisa esan dezaket inoiz gaztelaniazko terminologiaren frogagarri ere aipatzen ezagutu dudala gisa horretako hiztegiren bat.
"Euskara teknikoaren" inguruan —hizkuntza berezitua + terminologia— badirudi halako irudi gezurrezko bat sortu dela —ez dakit ez den bultzatu ere badakit noren probetxuan—: batetik oso hizkuntza erregistro gora bat balitz bezala, eta bestetik terminologia eskakizun zorrotz (soberazko) batez jokatu beharra. Egiaz gertatutako pasadizo bat, diodanaren argigarri: Euskal Herriko Unibertsitaterako euskal irakasleak kontratatzeko azterketa batean, aztertzaileetako batek "divisionalización" terminotzakoaren euskal ordain gisa ez zuen onartu nahi "sailetan banatze" esapidea; "UZEIko hiztegietan ekarriko du" erantzuten zuen. Ez dator UZEIko hiztegietan, gaztelaniaz ez da erabiltzen, ez dator gaztelaniazko hiztegietan. Termino-zalekeria nabarmena, ia-ia irakaslegaia lanik gabe utzi zuena; termino-zalekeria fundamentalismo terminologiko bilakatua, ai Lancre, Lancre!.
Bi eratako emaitzak eman ditzake horrelako egoerak, eta bietakoak ematen ditu zinez: "euskara tekniko" horren eskarien aurrean komunikazio zientifiko-teknikoaren protagonista behar luketen berezilariak uzkurtzea eta testu sorkuntza itzultzaileen esku ("euskarako teknikoak") uztea batetik; bestetik komunikazio fikzio bat eratzea, itzulpenari ("txarrari" zehaztu gabe) egozten zaizkion akatsez (kalkoz) beteta dauden eta ulertuko badira erreferentzia gisa beti ere gaztelaniaren ezaguera on bat behar duten euskarazko testuetan gauzatzen dena. Ez da harritzekoa —eta halaxe gertatzen da, askok aitortu baitidate— testu horien erabiltzaileak —unibertsitateko ikasleak adibidez, baina maila apalagoetako erabiltzaileak ere bai— askoz ere nahiago izatea gaztelaniazko —gaztelaniazkoak izaten baitira— testuez baliatzea, euskarazkoez baino.
Azken-azkenean ordea, terminologia proposamen guztien ondoren, eta haien gainetik, egiazko komunikazio zientifiko-teknikoa eratzen denean, komunikazio horretan finkatzen da terminologia, eta orduan du zentzua terminologia horretaz, terminologiazko zentzu estuenean, baliatzeak. Proposamenen eta egiaz baliatutako terminologiaren arteko lotura edo deslotura, egokitasuna edo desegokitasuna, proposamenak eta neurri on batean hizkuntza berezitua baduten alorretako (hizkuntzalaritza, adibidez) terminologia alderatuz neur daiteke nolabait.
Bitartean itzultzaileak ongi neurtu beharko du itzulpen bakoitzean testuaren nolakotasuna, testuaren norentzakoa, eta hala erabaki zein hizkuntz erregistro erabili, zer irtenbide eman terminologiazko arazoei (terminologia, parafrasia...), nola eratu komunikazioa, komunikazio hori egiazkoa izan dadin. Itzultzaileak jakin edo erabaki beharko du kasu bakoitzean terminologia zenbateraino dagoen finkatuta, zenbateraino dagoen zabalduta, zenbateraino den komunikazioa ziurtatzeko beharrezko.
Laburbilduz
Orain artekoak irakurrita badirudi halako terminologiaren kontrako joera bat dariola idatziari. Ez nuke nahi halakorik. Uste dut behar bezala eta behar denean baliatu behar direla hizkuntza berezituak eta terminologia, baina badakit hori esatea eta ezer ez esatea berdintsu edo dela.
Alderantziz esanda hobeto uler daiteke agian: uste osoa dut gaur egun oraindik itzultzailea dela terminologiaren erabiltzaile —eta horrenbestez finkatzaile— nagusia. Ez dakit non dagoen termino-zaletasunaren eta termino-zalekeriaren arteko marra fina, baina uste dut hizkuntza berezitua eta terminologia, kontzeptuok har daitezkeen zentzurik estuenean hartzeak eta horretatik agerian dauden ondorioak ateratzeak, hizkuntza berezituak eta terminologiak duten zentzua ongi ulertzeak, eta batez ere hizkuntza bateko eta besteko terminologia finkatuen artean izan behar lukeen baliokidetasun erabatekoa gurean ere —euskarazko komunikazio zientifiko-teknikoa urria delarik— automatiko gertatzen delako sinestea alde batera uzteak, komunikazio egoera bakoitza hobeto aztertzera eta eginkizun hori hobeto betetzeko baliabideak bilatzera bultzatzen dutela itzultzailea. Behar ez den terminologismo soberako batek komunikazio fikzioa lor dezake, gehienez ere; komunikazio fikzioak aldiz normalizazio fikzioa baizik ez eta egiazko normalizazioaren atzeratzea.
Eta azkenik, uste osoa dut, baita ere, itzultzaileen artean —taldeka diharduten itzultzaileek erraztasun handiagoa dute honetarako— beren itzulpenen sorkuntzan beharturik egiten dituzten kontzeptuen izendapen berrien komunikazioa bizkortu eta erraztuko balitz —informazio autopisten lastertasunak arras zorabiatu gabe horretarako bideak ere jarri beharko genituzke—, aiseago sortuko eta zabalduko litzateke terminologia doiagoa, testu premiei atxikiagoa.