Bukowski itzultzen, lexiko mediatiko-hondakinezkoaren beharra
Josu Lartategi

«ez dakik amodioa zer den, amigo,
heure errubia tindatuekin»
Charles Bukowski

Sarrera lez berba bi

Xabier Montoiak eginiko itzulpenak dira[1] euskaraz ezagutzen ditudan Bukowskiren poema bakarrak, Joseba Sarrionandiak itzulitako «eman diok inoiz mosua paretari?» horretaz gain[2]. Hain zuzen ere azken itzulpen hori izan zen Bukowskiri irakurri nion lehenbiziko idazlana (prosaz zein poesiaz, euskaraz zein erdaraz), aurretik izena baino ez nuen ezagun eta. Ez dugu euskaraz, bada, Bukowskiren poesia libururik. Prosa liburu bat bera ere ez dugu, egia esateko, eta horrexegatik marmarka eta txuka eta amodioz gozatzen zebiltzan pantera emeen berri izan bezain pronto espainierara[3] jo nuen itsumustuan. Espainieraz ere ez dago osorikako poemariorik; bildumak bai, ordea, Anagrama argitaletxeak oraintsu kaleratutakoak[4]. Frantsesez, berriz, Grasset argitaletxea da estatubatuarraren lan gehien frantseseratu dituena, zortzi bat (hiru poema liburu barne), jarraian, kopuruari erreparatuz gero, LGF argitaletxea dugularik, hiru baititu argitaratuak: ipuin bat, narrazio sorta bat eta nobela bat. Azkenik, Glenat argitaletxeak bakarra argitaratu du, ipuin bilduma bat. Bukowskiren idazlanen xerka bazterrak korritu ostean, prosagintza izan zen eskuartera egokitu zitzaidana (prosa lanei dagokienean espainieraz zein frantsesez kasik osorik baitugu Bukowski Anagrama eta Grasset/LGF argitaletxeei esker, hurrenez hurren). Baina, Bukowskiren prosa lan guztiak ardoa lez irentsi eta, ni oraindik ere haren poesiaren egarri nintzen. Ezin topa, haatik. Bitxia da, izan ere, batik bat poesia idatzi zuen Bukowskiri elaberri eta narrazioen bitartez etortzea egun duen sona. Esan beharrik ez dago beraren lan orijinalik nekez aurki daitekeela gure inguruan. Hasierako poemak underground aldizkarietan argitaratu zituen, eta gero City Lights Books eta batez ere Santa Rosako (California) Black Sparrow Press argitaletxeetan. Azken horrek, John Martin editore eta lagunaren esku, idazlan ezagunenak argitaratu zizkion 70eko hamarkadatik aurrera. 1994ko azaroan poema liburu bat oparitu zidaten, izenburu berezi xamarra zuena: Play the Piano Drunk / Like a Percussion Instrument / Until the Fingers Begin to Bleed a Bit (Jo Pianoa Mozkorturik / Perkusio Tresna lez / Hatzak Pittin bat Odoltzen Hasi Arte). Charles Bukowskirena zen, Black Sparrow Press-ek 1979an argitaratua. Ezustekoa pasa eta itzultzen hasi nintzen[5].

Bukowskiren idazkera: bat-bateko poesia

Artikulu honen helburua Play the Piano Drunk-en[6] topatu ditudan hiztegi arazoak ezagutaraztea den arren, ezinbestekoa iruditzen zait lehenengo eta behin Bukowski eta berorren poesigintzaren gaineko zerbait esan eta ezaugarri nagusi batzuk agertzea. Saiatuko naiz laburra izaten eta nabarmentzen Bukowskiren edozein itzultzailek izan ditzakeen arazorik gatxenak nondik datozen.

Bukowskik poemetarako garatu zuen estiloa prosan ikus dakiokeen berbera da funtsean, batez ere imaginagintza grafikoari dagokionean. Batzuetan (sarritan) badirudi mikronarrazio bat idatzi eta, aizto zorrotz batez lerrotan eta ahapalditan anarkikoki zatikaturik, harro-harro erakusten duela. Eguneroko bizitzan irautea miraritzat hartzen zuen baina berak, dramatismotik ihes eginez, egunean eguneango materiale gordinari umorez heldu zion. Giza kondizioa umorez eta komentario zorrotzez deskribatzea helburu zuelarik, Bukowskik beste elementu bat gaineratu zion bere poesiari: egia. Berak usu aipatzen zuen gauza bat da egiaren kontu hori, zintzotasun poetikoarekin nahastuko duena, eta uste baino garrantzitsuagoa da, egia esatearena azken muturretara eramango baitu, bere bizitza literatura bihurtu arte, bere literatur lanek autobiografia irudia hartu arte. Autentizitatearen xedeari jarraiki, Bukowskik aukera bat egin zuen: bertsoek leialak izan behar zuten beraren benetako hizkerarekiko. Poemen hizkuntza gardena izan zedin hizkerak eta idazkerak bat izan behar zuten.

1960tik aurrera eta hil arte bere poemen estiloa ez da larregi aldatuko. Eguneroko gauzak poetikoki esploratuko ditu, imagina zuzen, zehatz eta errealak erabiliz eta abstraktotasuna alboratuz. Hausnarketa kutsua zuen orok berehalako lotura ere erakutsi beharra zeukan mundu errealarekiko. Bat-bateko poesia egin nahi zuen, odolez idatzia buruaz baino, modernoa eta eroa. Seriotasuna kendu nahi zion poesiaren inguruan zegoen mundu klasistari, eta hasiera-hasieratik berritzailea izan zen irakurle askorentzat sinpletasun estilistikoagatik eta kaleko hizkuntza horregatik. Baina, askoz harantzago joan zen. Poetak pailazo baten papera hartzen zuen ia, bufoiarena, bizitzaren ezdeusa irudikatuko zuena. Poemetako irudiak, beraz, kalekoak izango dira: hipodromoa, etxeko gorabeherak, taberna zulokoak, sexu kontuak, eroaldi etilikoak, inkoherentzia... Bera jarreraz lege eta arau mota guztien kontrakoa zen. Halaxe jokatuko du poemekin: puntuazioa desagertzea, lerro eta ahapaldien banaketa aldrebesa, hiztegi arrunta (gramatikaltasunaren mugan sarri), ideien arteko lotura itxuraz eskasa... Akraziaren poesia dirudi.

Bukowski poemak idazten hasi zenean[7] Pound-Eliot-Auden hirukote erraldoi modernista (eta formalista) guztiaren ardatz zen, guztiak saiatzen ziren haiek bezala idazten; hots, poesia afektazioz betea eta ponposoa zen ordukoa, imitazio gehienak txarrak baitziren. Bukowski irla bat zen, presuntziorik gabeko poesia berri eta abangoardista baten erakusle. Kritika kontserbadoreak esaten zizkionak negatiboak ziren oso: barbaro ezjakina ematen zuela, lotsagarria zela horrela idaztea, zerabiltzan irudiak arruntegiak zirela... Bukowskik barre egiten zuen guzti horren aurrean eta lehen bezala idazten jarraitu zuen. Fedea zeukan berak bat-bateko poesia esaten zion horretan, benetakoaren eta artifizialaren arteko bereizketan zedarritua. Tradizioarekin hautsi nahi zuen, poeta akademikoak eta poema arin modernoen fabrikanteak deitzen zituenak txikitu. Antza, nahita erabaki zuen idazlan den-denetan hiztegi mugatu bat erabiltzea[8]. Hiztegi mugatuaren ideia Carl Weissner alemaniar editore eta itzultzaile gazteari azaldu zion berarekin izandako enkontru batean. Itzultzaile alemaniarrak primeran harrapatu zuen estatubatuarraren estiloaren muina eta elkarrizketa hori izan eta urte batzuk geroago Bukowskiren poema liburu bat argitaratu zuen, poesiazko best-seller bilakatuko zena Alemanian. Poesia liburu horretako hitzaurrean Bukowskirekin izandako elkarrizketa hura eta beraren poesia hobeto ulertzeko giltzarria eman zituen. Carl Weissner-ek famatu bihurtuko zuen Bukowski Alemania guztian elaberri, narrazio eta poema liburuen itzulpenekin, eta horren eraginez Europa osoan ere.

Jo pianoa mozkorturik

Play the Piano Drunk[9] argitaratu zenean Bukowskik bere hirugarren nobela kaleratu berria zuen, Women izenburukoa, eta ordurako arras ezaguna zen, batik bat Europan. Play the Piano Drunk pisuzko bostgarren poema liburua izan zen (lehenagotik bazituen lau errekopilazio, poemario orijinal ugariez aparte). Arestian aipatu dugun estilo itxuraz espontaneoa darabil eta kontutan hartu beharko genuke reading edo irakurketetarako material ugari dagoela bertan; ondorioz, ahozkotasuna eta entzulegoaren partetik berehalako erlazio mentalen beharra areagoturik, agian Bukowski-poeta prototipoaren aurrean egongo gara eta gainera, poema zaharrak ere agertu zituenez hasierako ukitutxo lirikoa zuten poemetatik (adibidez, «a little atomic bomb» , beraren poemen artean entzutetsuenetarikoa) ohiko gordinkeria eta zabarkeriak erretratatzen zituzten horietara iragaiteko parada izango dugu (azken horiexek ugarienak). Honakoa zuen esana Bukowskik gordinkeriaz: «Poeta batek zergatik ez digu esango esan behar diguna? Zergatik interpretatu behar dute beste batzuek? Hauxe ez da iniziatuen arteko jolas txiki bat elkarrekin hizketatxoan aritzeko. inoiz ez da inor agertzeu esaten: "Jesus, lehertzera noa". Inoiz ez»[10]. eta zabarkeriaz, berriz: «Nik ez dut hausnarketa filosofiko handirik egiten. Oso sinplea naiz eta idazten ditudan poemek gauza sinpleak agertzen dituzte»[11]. Irudiak gordin, estiloa zabar (sintaxi erreza... e.a.). Eta hiztegia? Nik hitz batean laburtuko nuke: zabor hiztegia.

Hondakin lexikoa

Bukowskik poemetan (Play the Piano Drunk-ekin jarraituko dut gehien bat) nahikoa errealitate triste eta deprimentea erakusten digu de facto, patetikoa eta, bitxia bada ere, era berean umorez jantzia, eta zabor hiztegiaren goiko aipua hortxe kokatuko nuke. Garbi utzi nahi dut ezaugarri hori ez dela Bukowskiren poesia guztiaren elementu bakarra; bai, ostera, nabarmenetako bat. Erregistro kultoa ez du apenas lantzen. Hizkuntzaren erregistro mediatikoa eta kalekoa (edo Bukowskirena berarena, gurago bada) gailen ditugu poemotan, halako sinbiosi naturalean.

Poema hauetako zabor hizkuntzaz ari naizenean ez dut berau parekatu nahi Atxagak «Poema polaroid» berezian darabilenarekin[12]; hots, nazkatzeraino tribializatzen duen berbeta merke baten salapen eta kiratsa darion mintzaera baten gaitzespen[13] lez sortutakoa. Gure poeta zaborraren parte da zinez, beraren idazkerak ez du ariketa estilistiko baten zantzurik (nahiz eta halaxe izan, jendeak uste baino gehiago), ezin gaitzespen linguistiko baten usainik har. Poeta gizarte mediatikoaren barnean da eta ahots marjinalez mintzatuko zaigu: darabiltzan esaldi batzuek filme beltzetakoak dirudite (Humphrey Bogart, gogorrarena egiten duenean, adib., «I somke Prince Albert / drink Schlitz / and copulate whenever possible»[14]), telebistako arruntkeriak (adib., «I care for you, darling, I love you, / the only reason I fucked L. is because you fucked / Z. and then I fucked R. and you fucked N.»[15]), egunkari merke arrosen hizkera (adib., «she had an uncle who sniffed her / panties by / firelight while eating / crackerjack and / muffins with honey»[16]), tabutzat edo erdi-mailako gizarte anglosaxoian bederen zabarkeriatzat jotzen diren esamolde eta hitzak (adib., «I'm not going to put any panties on / so you can fingerfuck me in the / dark, she said»[17]). Arazoa da, itzulpenari begira, Bukowskiren komunikazio bide poetikoa hizkuntz erregistroak ederto batean garatu dituen ingelesa bezalako hizkuntza dugula: hizkera mediatikoa, kultoa, behe-mailakoa... Eta horixe da niri interesatzen zaidan arazoa, euskarak zenbait gizarte karakterizazio falta baititu; eta dauzkan batzuk ez ditu behintzat inguruko hizkuntza handien modura garatu.

Hizkuntza mediatiko-hondakinezkoaz gogoetak eta abar

Bukowskiren poemetan, beraz, mendebaldeko gizarte mediatiko garatu batean gertatzen diren eguneroko kontuak agertuko dira, behe-mailako pertsonaia baten ahotsaz deskribatuak (puntualki ukitu kultoagoak eta erreferentzia literarioak, biblikoak... e.a. sartzen baditu ere). Idazkera horri deitu nahi diot nik mediatiko-hondakinezkoa, eta horren beharraz ari banaiz arazoari itzultzaile ikuspuntutik heldu diodalako izan da.

Alde kulturalagatik sor daitezkeen itzulpen egokituen auzia ere honekin muga-mugan ikusten dut. Azken adibideak[18] ondo datozkit esan gogo dudana argiago erakusteko: gure protagonistak dio Prince Albert erre eta Schlitz edaten duela, eta beraren neskalagun baten osabak crackerjack eta madalenak eztiarekin jaten zituen bitartean lobari kuleroak usnatzen zizkiola. Alde batera utzirik lehenbiziko pasarteak telebistako iragarkien Humphrey ederretarik baten esaldi deformatu eta ironikoa dirudiela (erre, edan eta kopulatu) eta bigarrenak, berriz, aldizkari sentsazionalisten banalitate tonua duela, irakurle estatubatuarrak badaki Prince Albert tabako marka baten izena dela, Schlitz garagardoa dela, crackerjack karameloz estalitako krispetak eta kakahueteak direla (dena batera, sorpresatxoa dakarren kutxa batean sarturik) eta egokitze kulturala eginez nik madalenak itzuli dudana (orij., muffins) zer nolakoak diren ere badaki (ez baitira zehatz-mehatz madalenen modukoak). Horregatik, berriro diot, nahas-mahas poetiko honetatik, egokitze kulturalen, hizkera erreferentzialaren eta hizkuntza mediatiko-hondakinezkoaren beharraren bidegurutzetik, itzulpen egokia jalgi behar da. Nik arazo lexikalak ekarriko ditut hona batik bat.

Sorburu hizkuntzan diren hitz batzuek euskaraz zuzeneko ordainik ez izan arren beste hitz batzuez deskriba ditzakegu. Nik ere, herrialde bakoitzak (EEBBek eta Euskal Herriak, kasu honetan) bizi dituen baldintza berezien eraginez, itzulpen deskriptiboa egin izan dut hitz zenbaitekin. Drunk tank, esate baterako, mozkor-gela itzuli dut. Berez epaitegietako gela berezi bat da, eta mozkorraldia joan arte edukitzen zaituzte bertan, gero aske utziz. Hortaz, drunk tank judge euskaratzerako orduan (mozkor-gelako epailea) irakurlearentzako oharren bat ere beharrezkoa da.

Beste batzuetan maileguetara jo behar izan dut, gorago crackerjack hitzarekin ikusi bezala (azalpenen bat ere beharrezkoa delarik); gehienetan, baina, hurbileko situazioren bat deskribatzen duen zeinura jo dut. Poema batek, adibidez, 2347 Duane du izenburu[19]. Egin dezakeguna da bere horretan laga (baina hango ohituren berri ez duenak ez luke apika ulertuko) edo nolabait kulturalki moldatu: Duane kalea, 2347 (gureagoa) edo irakurlea hango bizimoduaz ari garela ohar dadin, Duane kaleko 2347.

Asmo dut jarraian abezedarium antzeko bi agertzeko: batera, alde kulturalagatik arazoak ekarri dizkidaten zenbait hitzena; bestera, eguneroko hitz zein esamolde jakin batzuen itzulpenen inguruan jirabiraka ibiltzea eragin didatenena. Ez ditut agertuko, besterik gabe, euskaraz eta ingelesez hedapen semantiko desberdinak dituzten egoerak[20], ezpada arbitrarioki eta arreta erakartzeko helburuaz (aitor dut) hizkuntza mediatiko-hondakinezkoa deitu dudan horri nola edo hala lotutakoak. Ez dut egin nahi abezedarium bukowskianorik (horretarako beste ele eta esamolde batzuk aukera nitzakeen), ez eta ere glosariorik (nahiz eta horrelakoxeak apailatzea hagitzez interesgarria izan daitekeen beste itzulpenetarako lagungarri bezala[21]). Zer egin nahi izan duzu, bada?, galde dezake norbaitek. Nik erantzungo nioke zinez ez dakidala... gure (edo nire) hizkuntz biluztasunaren exenplu sorta bat hona ekarri ausaz.

A) Egokitze kulturalak: diodan bezala, hainbat egoera euskaratzean moldaera kulturalera ekarri izan dut usuen. Beste batzuetan deskribapena hautatu dut edo, bestela, kalkoa (oharren batez lagundurik). Hona hemen adibide horietarik batzuk:

Backalley. Batera idatzirik ageri da eta gurea ez den hirigintza mota baten testuinguruan ulertzen da. Ez da halabeharrez kale-itsua izan behar, ez eta sohorna ere, hots, etxe arteko karrika meharra. Beharbada, zuzenena izango da.

Bail-out drunks. Nik «fidantzadun mozkorrak» itzuli dut, bertso-lerroaren luzeerak behartuta. Berez honakoa da: epaitegiko edo komisaldegiko gela batean hordialdia pasa ostean fidantza bitartez askatzeko diren mozkorrak.

Biscuits. Hitz itxuraz arrunt honekin bi gauza egin dezakegu: «biskoteak» itzuli (azken batean biskote hitzak jatorri bera dauka, eta gainera antzekoak dira) edo, bestela, orijinalari eutsi. Nik lehenaren alde egin dut.

Buck. Horrela esaten zaio informalki dolarrari. Derrigor «dolar» itzuli behar (espainieraz pavo hitza darabilte itzulpenetan, horrek berez «hogerlekoa» adierazten badu ere; frantsesez balle). Estatu Batuetako euskaldunen artean dolar zein peso erabiltzen da. Arazoa da pesoa Hego Ameriketako zenbait herritako dirua ere badela.

Call girls. Nik «telefonoetako neskak» euskaratu dut. Nola deitu behar diegu egunkarietako iragarkietan telefonoa agertuz diru truk harreman sexuala eskaintzen duten neskei? «iragarkietako neskak», «egunkarietako telefono-neskak»...?

Driveway. Hango etxe gehienek duten auto-sarbidea, garajera doana. «Etxeko sarbidea» edo itzul genezake (eta «garaje bidea»?). Batzuetan, baina, etxea ez da etxe, edozein eraikin baizik.

Fool's gold. Literalki «tontoen urrea». Horrela deitzen diote informalki mika mineralari, urre bilatzaile ugarik nahastu egiten baitzituen urrea eta mika baliogabea.

Honor Farm. Zintzoen Etxaldea hitzez hitz. Estatuko lantoki berezia da (ez du zertan etxaldea izan behar), portaera oneko presoentzat; bertatik ohiko presondegitik baino lehenago irten daitezke. Nik «Bergizarteratze Zentroa» itzuli dut, nahiz eta gure zigor-jurisdikzioan beste esanahi bat hartu, praktikan, halere, hurbildu egiten baitira (gurean drogamenpekotasunei atxikiagoak ditugu; eurenean, berriz, presoaren kontzepzio zabalago bati).

Italian seasoning. Nik «Italiar espezieak» euskaratu dut, baina kontua da produktu zehatz bat dela, italiar espezia eta landare zenbait nahasirik dakartzana.

Skidrow. Itzul genezake «auzo marjinala» , baina berez filmeetan ikusten ditugun kale marjinal jakin batzuk dira, mozkortiek, etxegabekoek, jonkiek, gaiso marjinatuek... eta abarrek babesleku dutena.

Solid State. «Kalitate onekoa eta indartsua» esan nahi du, eta beregainki tresneria elektrikorako ezaugarri bereizgarria ohi da. Poema batean Marty izen propioari adjetibatzen zaio. Nik «Kalitate Oneko Marty» itzuli dut.

The starving years. Literalki «gose urteak». Halaxe esaten zaio EEBBetan Depresio Garaiari (baina normalean letra larriz idatzirik, ez txikiz berak darabilen bezala). Nik hitzez hitz itzuli dut.

B) Eguneroko hitz eta esamoldeen itzulpenekin bueltaka: adibiderik gehienek mediatiko-hondakinezko izendatu dudan hizkuntza horren testuingurua dute.

Balloon. Adosturik al dugu nola deitu behar diegun komikietako globotxoei? Bokata, globoa, globotxoa...? Nik «bokata» dut ezagunena.

Birds/rats/wheels. Ondoan darabiltza poetak pasarte batean. Hitzez hitz «txoriak», «arratoiak» eta «gurpilak». Honakoa adierazten dute hizkuntza arruntean, hurrenez hurren: emakumeak, jende txarra eta motorrak edo autoak.

Black-type questions. Nik «galdera makinatuak» itzuli dut beste barik, makinaz estilo normalez idatzirikoak baitira, hots, letrakera zuzena (frantsesez ronde eta gazteleraz redonda edo romana esaten zaiona). Ez du adierazi nahi ez «letrakera lodia» ez «ilun antzeko galderak» edo halakorik.

Brass knucks. Nik itzuli dut. Batek pentsa lezake hori jipoiak emateko tramankulu kulturala dela. Bada, ez. Filmeetan, komikietan... eta abarretan hain arraroak ez izateaz gain, komisaldegietako itaunketei erantzuten laguntzeko tresna arras ohikoa da gurean ere. Skin-head batzuek ere, Euskal Herritik at behinik behin, ezagun dituzte oso. Beste alde batetik Bukowskik knuck darabil, hau da, kaleko erregistroa (bestela knuckle esan behar zukeen).

Dictates of empire. Esamolde oso ezaguna, seguruenez kazetari hizkuntzari esker zabaldua. «Hantuste aldarteak» euskaratu dut (handipuzkeri aiurrialdiak, handinahi aldiak... e.a. bitxiagoak izan litezke).

Flipping beercaps. Ingelesezko aditzak «erpurua erabiliz gauzak jostaka botatzea» adierazten duenez, deskribatu beharra dugu, nik dakidala ez baitago hori adierazteko aditzik euskaraz. «Jostaka garagardo txapekin» itzuli dut nik.

He says his great say. Beste esaldi mediatiko horietarik bat. «Gizonak esaera biribila dio» itzuli dut («bere betiko esaldi handia bota»-edo ere esan genezake).

Iron. Nik «pipa» itzuli dut, «pistola» esateko. Burura etorri zitzaidan J. Iturraldek horixe erabili zuela Hinton-en Errebeldeak euskaratzean. Gotzon Garatek, berriz, New York, New York kronika liburuan «burdina» darabil. Lehenaren alde egin dut, modernoagoa ematen baitzidan belarrira; gainera burdina, euskal tradizioan, ezpata esateko erabili izan da.

Lover's vows. Euskaraz eman dut. Esaldi oso mediatikoa ingelesez, oso erabilia eta arrunta, edonork ulertzeko modukoa. Euskaraz, frantsesez (Les Mots Solenneles des Amants) eta espainieraz (palabras solemnes de los amantes), adibidez, elaboratuagoa dirudi.

Pardner/pard. Nik «adiskidea/motel» itzuli dut baina zerbait galtzen da, ingelesez bigarrena lehenengoaren laburtzapena baita (interesgarriagoa, beraz).

Pissed. Itzulpenik hurbilena «moskeaturik» dela iruditzen zait; jatorrena, berriz, «errezelati, errezelotsu» izan daiteke. Inork jakin nahi badu biotarik zein aukeratu dudan jo beza dendara, nire asmoa argitaratzea da eta.

Sequin jacket. Inork ezagutzen ditu Grease edo Saturday Night Fever filmeetan gazteek jantzita zituzten jaka distiratsuak? Horiexek dira, bada, «xafla-jakak».

Street billboard. Nik «publizitate panela» itzuli dut baina agian baten batek esango dit jatorragoa izan behar duela itzulpenak («kaleko horma-irudia» edo horietako bat). Zer egingo diogu bada? Ezin denen gustuko izan...

The word got out. Ohiko adibide mediatikoa. Nik «berria zabaldu» itzuli dut, nahiz eta literalki berriak «salto egin duen». Kontu handiz ibili beharra dago ikusentzutezkoen alorreko beste hizkuntzen irudi metaforikoen kalkoekin, erosiona egin baitezakete hizkuntzaren estilistika bera[22].

To bargain out of any gain. «Errekardatzen aritzeagatik ezelako irabazirik atera gabe» esan genezake, baina zeinen erraza den ingelesez (euskaraz, berriz, maila jasoagoa du). Gainera, jolasa egiten da gain horren errepikapenaz. Hondakinetako materialez egindako poesia dirudi sarri.

To be given credit. Dudatan nabil oraindik ere, «haizu izan» itzuli ala «lizentzi izan» herrikoiaz balia. Lizentzia hori (baimena) adiera zaharkituagoa da itxuraz.

To check walls. Nik «hormak korritu» itzuli dut, baina inpresioa dut ez ote den askoz poetikoagoa (eta ingelesez hain da normala to check hori hizkuntza arruntean!). Agian «ibili» soila erabiltzea hobe da. EEBBetako euskaldunek «txekeatu» anglizismoa darabilte txitean-pitean (ez al da gure artean ere gero eta gehiago entzuten?).

To fix me up. «Niretzako zita antolatu» itzuli dut. Ingelesez nabarmenagoa da beharbada erregistro informalaz ari garela («zita konpondu» edo «norbait aurkitu» hobeto?).

To shack with. Literalki «inorekin txabolatu» . Halaxe itzuli dut nik, ohar bat gaineraturik; bertan irakurleari diotsot kaleko hizkuntza dela (erregistro urbanoa, berez), gaur egun galdu xamarra dagoena. Esanahia to live with da (inorekin bizi).

To smoke in gentle languor. Orijinalean poetak dio zigarroak erretzen dituela in gentle languor. Nik «xuabeki goxatuz» itzuli dut publizitateko irudia den esamolde hori.

To tease my hand. Orijinalak dio euli batek teases my hand. Nik «eskuari xirika» itzuli dut (nekarazi, min eman, gogait egin, molestatu... erabil genezakeen); baina, hurbilena «bazilatu» da, zentzu berean erabiltzen baitira hitz biok hango eta hemengo gazteen artean (zer, bazilatzen? Ez nirekin bazilatu, gero?). Azken honek, zoritxarrez, ez du jatortasunaren txapelarik. Nik ez dakit Hegoaldeko gazteok gaztelaniaren gizarte karakterizazio jakin batetik hartu ditugun paso egin, bazilatu, moskeatu (eulitu ez, arren), flipatu... eta abar onak edo txarrak diren ikuspegi sozio-linguistiko batetik, ez eta Euskal Telebistan darabilten euskara egokiena den, ez euskal prentsaren eragin estilistikoa norainokoa izan daitekeen orain arte bezala jarraituz gero, hots, ustezko nazioarteko irudi mediatiko-metaforikoak parra-parra itzuliz; badakidana da zorionez edo fatalitatez zenbait hizkuntz karakterizazio sortzen doazela. Ez naiz ausartzen gizarte karakterizazioak diren esatera, sarri ikusten baitut politikariren bat edo beste gure aita alfabetatugabea bezala mintzatzen, edo kalko huts izateagatik ulertezinak diren iragarkiak, edo erregistroz aldatzen ez dakien jendea (berdin hitz egiten diotenak Pintto txakurrari zein unibertsitateko hitzaldi ugarietarik bat entzuten ari den ikusleriari)... eta kontua da gizarte karakterizazioak izatea normalizazio bidean garela esatea dela.

Akabukoa

Ez dut amaitu nahi aipamenik egin gabe Martín Lendínez itzultzaile espainiarrak itzultzaile baten lanabes ezinbestekoa deitzen duen horri (hitzaldi batean entzun nion huraxe esaten): bertoko informantea. Bada, eskerrak eman nahi dizkiot Kristobal Upchurch estatubatuar euskaldunari Bukowskiren nahas-mahas mediatiko-hondakinezko horren gainean egin diodan itaun andana jasanda ere erakutsi duen eroapenagatik. Eli Mendiolari ere, eman didan laguntzagatik. Azkenik, last but not least, eskerrak Xabier Mendiguren Bereziartu Deustuko Unibertsitateko Euskara-Gaztelera Itzulpen Masterreko irakasleari aholkuengatik eta egin dizkidan xehetasun zorrotz denengatik.

Udan enkargurik brodatzea gogorra da, areago ondoan lagunak kantuka eta zalapartaka ibilita, jada brodatzen edo bordatzen esan behar duzun ez dakizula. Hortaz, barkagarri izan bekit gaizki esana; konpreni ezazue, baina, Bukowski eta bere lagunekin nabilela oporretan. Honakoa Henry Charles Bukowskiren partetik: udan, gogoeta oro gogoeta ero.

Galizan, 1995eko udan

Oharrak

1. Susa aldizkariko 4. zenbakian, 1982ko urtarrilean, 39-43 or. Poemon izenburuak «gaur gauean», «orlegi izoztua», «zu» eta «462-0614» ditugu. Ikus baita GANTZARAIN, Xabier: «Galtzailearen xendra» in Susa Literatur Aldizkaria. Susa, Donostia, 1994ko uztaila, 32. zk., 38-40 or. Bertan, Montoiaren itzulpen bi berrargitaratu dira eta Gantzarainek berak ere Bukowskiren «a little atomic bomb» poemaren zati bat euskaratu du.

2. Ikus SARRIONANDIA, Joseba: Hezurrezko xirulak. Elkar, Donostia, 1991.

3. Ez nuen, ez, inguruko beste erderetara jo, frantsesera kasurako. Egia esan, oraintsu arte ez dut izan Bukowskiren frantsesezko argitalpenen berri.

4. Ikus CHERKOVSKI, Neeli: Hank. La vida de Charles Bukowski. Anagrama, Barcelona, 1993. / Hank. La vie de Charles Bukowski. Grasset, Paris, 1993. Biografia horretan poema gutxi batzuk ageri dira, zatika gehienetan; hori bai, nahiko ondo kontestualizaturik. Ikus, baita ere, BUKOWSKI, Charles: Peleando a la contra. Anagrama, Barcelona, 1995. Antologia da eta elaberrietako pasarteak, narrazioak eta poemak tartekatzen ditu. Poemei dagokienez, 107 sartu dituzte. Hortaz, bilduma interesgarria da kopuru aldetik. Arazoa izan daiteke kronologikoki ordenatu ez izana eta ez esplizitatzea ere poema bakoitza zein poema libururi dagokion. Alde horretatik argigarri barik, nahaspilatsua denez, ezinezko suertzatzen da orijinalez baliatu gabe poemen jatorria zehaztea (bestera, narrazio eta elaberri pasarteena ederto zehazturik datorkigu). Azken antologia hau ez da oraino frantsesez agertu.

5. Itzulpena Deustuko Unibertsitateko Euskara-Gaztelera Itzulpen Masterreko proiektua da eta Xabier Mendigurenen zuzendaritzapean dago. Hau idazten ari naizela proiekturako epea ez da amaitu; hala bada, artikulu honetan nik egindako euskarazko itzulpenak oro behin-behinekoak dira printzipioz, azken orrazketen pentzutara baikaude.

6. Hemendik aurrera horrelaxe deituko diot nik itzuli liburuari.

7. Lehenbiziko narrazioa 1944an argitaratu bazioten ere, poesiari 50eko hamarkadan ekin zion, bere literatur produkziorik handiena (eta gutxien itzulia) poesiazkoa izan arte.

8. Ikus CHERKOVSKI, Neeli: op. cit., 172. or.

9. BUKOWSKI, Charles: Play the Piano Drunk/Like a Percussion Instrument/Until the Fingers Begin to Bleed a Bit. Black Sparrow Press, Santa Rosa (California, EEBB), 1979. Bertoko zenbait poema hainbat aldizkaritan agertu ziren 1970etik 1979ra bitartean. Hona hemen aldizkariok: Blitz, The Goodly Company, Hearse, Midwest, Ontario Review, The Other, Target eta Wormwood Review. Beste poema batzuk Capra Press argitaletxeak eman zituen argitara Fire Station izeneko bildumatxo batez.

Badugu itzulia frantsesera. Ingelesetik euskararako itzulpena amaitzear nuela izan nuen haren berri, eskuartean izateko paradarik izan ez dudan arren. Hona hemen erreferentzia bibliografikoa: BUKOWSKI, Charles: Jouer du Piano ivre comme d'un instrument à percussion jusqu'à ce que les doigts saignent un peu. Grasset, Paris, 1992, 132 or.

10. Ikus BUKOWSKI, Charles: Lo que más me gusta es rascarme los sobacos. Anagrama, Barcelona, 1983, 46. or. Ez dut frantsesezko argitaraldirik topatu.

11. Ibidem, 66. or.

12. ATXAGA, Bernardo: «Poema polaroid sobre la muerte de John Lennon» in Poemas & híbridos. Visor, Madrid, 1990, 41-47 or.

13. Berbak ez dira nireak. Ikus MORALES, Ana Isabel: in ENSEIUCARREAN. Deustuko Unibertsitatea, Bilbo, 1992, 8. zk., 130 eta 133. or.

14. «Nik Prince Albert erretzen dut / Schlitz edan / eta kopulatu ahal den guztietan»..

15. «Axola didazu, laztana / maite zaitut, / nik L.-ri larrutan egin izanaren arrazoi bakarra da zuk larrutan / egin zeniola Z.-ri eta gero nik R.-ri egin nion larrutan eta zuk N.-ri».

16. «Emakumeak osaba bat zuen sutondoan kuleroak / usnatzen zizkiona / crackerjack eta / madalenak eztiarekin / jaten zituen bitartean» .

17. «Ez diat kulerorik jantziko / horrela txortan egin ahal didak hatzarekin / iluntasunean, esan zuen emakumeak». Bestalde, berba horien antzeko asko ditugu bidaide poemarioan barrena: bastards, cock, defecate, flick-off, fuck, fucking nasty, god shit, son of a bitch... eta abar aise ikus daitezke poemak gainbegiraturik. Ez dugu egundo ahantzi behar Bukowski alemaniar jatorriko familia katoliko eta ohitura zuzeneko batean hazitakoa dela.

18. Ikus 12 eta 13. oharrak.

19. Horixe da helbidea adierazteko era EEBBetan, zenbakia eta kalea, etxebizitzatan barik jende gehientsuena familibakarreko etxetan bizi baita.

20. Horiek ere oso interesgarriak dira, jakina. Burura datozkit poemok itzultzen topatu ditudan aditz bi. Bata da to growl, bestea to pull out of somewhere. Lehengoa «marruka / marru egin» euskara daiteke, edo bestela «marru haserreak egin» (zuzenena, baina, «letaginak erakutsiz marru haserrea egin» edo antzeko zerbait da). Bigarrena zaldi lasterren hizkuntzari dagokio, baina ezker-eskuinetara begiratu gabe nonbaitetik arineketan irten berri den pertsona bati halaxe esaten dio Bukowskik poema batean; beraz, «inondik trostan irten» edo «zaldiak lez atera» euskara genezake. Zuzenena, berriz, «hipodromoko zaldiak lez»-edo izan liteke, hipodromoko hizkuntza bereziaz ari garela iradokitzeko (argi utzi al dugu, baina?). Nolanahi ere den, azken hori euskarak huts egiten duen gizarte karakterizazio baten adibide dugu.

21. Badakit lan estra baino estragoa izango litzatekeela itzultzaileentzat glosarioen modukoak egitea (ez diot nork berea prestatzea, hori, itzulpenaren arabera, ohiko teknika izan baitaiteke; kanpora begirako lan sistematizatuagoaz ari naiz), eta jakin ere badakit itzulpen bakoitza mundu bat dela, baina horrek ez dio glosarioaren kontuari interesik kentzen. Ez dakit nori entzun nion batzuetan pena dela itzultzaileen aurkikuntzak (hala estilistikoak nola lexikoak) galtzea; hots, aitzinetik arrakastaz itzulita dagoena, adibidez, berau ez ezagutzeagatik irakurleari era kaskarragoan agertzea itzulpen berri batean.

22. Koldo Izagirreren iritzia da. Ikus IZAGIRRE, Koldo: «El puente de Roma» in Galeuzca, 1. zk., Iruñea, 1991, 19. or. Bat nator guztiz ikusentzutezko komunikabide modernoen eraginari dagokionean. Poesiazko itzulpena desberdina da, nik uste, bertan esperimentu gehiago egin ditzakegulako erosioaren arriskuari beldur izan gabe (ez baitago mass-mediaren erosioarekin konparatzerik, ezta?).