Ale honetan
SENEZ aldizkaria 1992. urtetik aurrera urtekari bihurtu da, edo hori da, behintzat, gure asmoa; hala ere, horrek ez du esan nahi inoiz zenbaki berezirik plazaratu ezingo denik, aurreko urtean Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen udako ikastaroen barruan, EIZIEk antolatutako mintegiko azterlanak eta ondorioak jaso zituen zenbakiaren antzera. Aro berri honen lehen emaitza da hau, emaitza joria eta, aldizkaria egiten dugunon ustez, interesgarria.
Zenbaki honetako gai nagusien artean, eta itzulpenari buruz zenbait pertsonarekin elkarrizketak egiteko burubideari jarraituz, Juan Garziak Andu Lertxundi idazleari eginikoa eskaintzen dugu; honetan, euskal idazle baten ikuspegia ematen dugu, eta itzultzaileentzat bezala idazleentzat ere interesgarria izan daiteke, euskal letren mundu txiki honetan batzu eta besteen artean dagoen etena salatzen duelako. Literatur euskararen inguruko zenbait gogoeta mamitsu ere aurkituko ditu bertan irakurleak, berarentzat ere hausnargai pizgarri izan daitezkeenak.
Ondoren datorrena, Agustín García Calvo irakasle eta itzultzaileak 1973. urtean argitaratu zuen itzulpenaren historiari buruzko artikulu luze bezain aberats bat dugu, euskarara itzulia; euskal itzultzaileentzat ere oinarrizko irakurgai teorikoen arteko bat izan behar duelakoan ematen dugu argitara, ikusirik, gainera, ia ezinezkoa dela erdarazko jatorrizkoa aurkitzea gaur egun.
Ondoko bi artikuluak, aldiz, praktikoagoak dira. Lehenengoan, Peter Newmark traduktologoaren irakaspenei buruzko iruzkina eginez, itzultzailearentzako «errezeta» batzuk ematen dira —artikuluaren izenburuan bertan jasotzen denez—, adibide ugarirekin. Bigarrenak, ordea, poesi itzulpena du ardatz eta gogoetagai, eta euskal poeta eta itzultzaile batek EIZIEk antolatutako mintegi baterako prestatu zuen lana da, adibidez ederki hornitua berau ere.
Hasierako gaiak ixteko, Nafarroako erakunde politiko batzuetan —Gobernuan eta Parlamentuan— egiten den itzulpenaren berri ematen da, estraineko aldiz SENEZen. Askoz planteamendu pragmatikoagoa hartzen dute, beraz, artikulugileek.
"Puntuz puntu" deritzan atalean, bestalde, aipagarria da bertan jasotzen den Espainiako itzulpen eta interpretaritzaren estatutu profesionalaren proiektua, lanbide honetan aritzen garenok aspaldidanik eskatutakoa. Terminologiari ere atetxo bat ireki diogu zenbaki honetan, Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak eta UZEIk alor honetako ikerketak bateratu eta koordinatzeko asmoz izenpetu duten hitzarmenaren ondorioz egiten ari diren lan praktikoaren berri emanez. Hauetaz gainera, azken urteotan Euskal herriko eta Deustuko unibertsitateek antolatu dituzten itzulpen masterrei buruzko hausnarketa batzuk ere ematen dira, bakoitza bere egilearen ikuspegitik, jakina. Zalantzarik ez dago, eritziak gehiago eta ezberdinak izango dira, eta esan gabe doa, aldizkari honek atsegin handiz jasoko ditu bestelakoak ere.
Gainerako artikuluen artean, EIZIE elkartearen beraren inguruko zenbait notizia eskaintzen dira; garrantzitsuena, ezbairik gabe, 1993. urtean Europako Literatur itzultzaile Elkarteen Kontseiluan onartua izango dela.
Hortaz, irakurleak aurkituko du, bai, seguru gaude, jakingai eta ikasgai interesgarririk SENEZen zenbaki honetan.