Deustuko Postgraduko Itzulpen Masterra
Artikulua PDFn
Deustuko Postgraduko Itzulpen Masterraren sorrera Euskal Herrian lizentziatuentzat antzeko ikastarorik ez zegoen garai batean gauzatu zen. Garaitsu hartan, kontraesan nabaria badirudi ere, inguru administratibo guztietan elebitasun ofiziala ezarri zenez geroztik lan irtenbiderik seguruenetariko bat, euskal filologian lizentziatuentzat behinik behin, itzulpenarena zen, hain zuzen. Masterraren antolakuntzarako kontutan izan ziren asmo bultzagarrietariko bat lan eskabide hau izan zen. Bazen bestalde, aipaturiko arrazoi honezaz landa, besterik ere: Masterrak letretako ikasleen espezialitate baten beharrizanari eta Unibertsitatearen beraren gabeziei erantzun bat eman nahi izan zien.
1988an, Roberto Pérez-ek, aldi hartan Filosofia eta Letretako Fakultateko Hispánicas saileko dekanordea, Fernando García de Cortazarrek eta Fakultateko beste irakasle batzuek lagun harturik, Masterra sortzeko asmo eragilea hartu eta Bittor Uraga irakaslea izendatu izan zen kontseilu eta laguntza teknikoko lanetarako. 1988-89 urte akademikoan gerora unibertsitateko sailei proposatu zitzaien egitaraua egin zen, hau da, Fakultateko Junta, Kontseilu Akademiko eta Zuzendaritza Kontseiluari. 1989ko apirilean azken baimena lortu ondoren azalpen foileto batzu egin ziren eta iragarpen kanpaina bat egunkarian. Apur bat geroago matrikula epeak zabalduko ziren kurtsoari 1990an hasiera emateko.
Masterrak hasiera-hasieratik eduki nahi izan duen ikuspuntu metodologikoa beti izan da alderdi praktikoak lehentasuna izatea alderdi teorikoaren ikusian. Profesional onak sortu nahi izan dira, egunero sortuko zaizkien egoera errealei trebetasun eta bizkortasunez aurre eginik gailenduko direnak, hain zuzen. Asmo eta beharrizan honi erantzun nahirik, irakasleria profesional hauek osatzen dute: Gotzon Lobera eta Joseba Urzelai Bizkaiko Aldundiko itzultzaileak dira, J.A. Sarasola K-2000 bikoizketa enpresako itzultzailea, eta Xabier Kaltzakorta eta Xabier Mendiguren free lance itzultzaile ospetsuak. Mari Zubirik teknologia berrietan trebatzen laguntzen die ikasleei.
IVAP-ek eratutako itzulpen ikastaroek argi utzi zuten kurtsoak lizentziatuentzat izan behar zutela, eta halaxe egin zen. Lehen promozioa, 35 pertsonaz osatutako talde trinkoa, 1990eko urtarrilean hasi zen. Kurtsoa, lehenago esan dugun bezala, praktiketan oinarriturik dago. Honek esan nahi du eskola orduetan irakasle-ikasleen ardura egindako itzulpena orraztean eta azaltzean datzala. Praktika ordu hauen osagarria estilistikaren gaineko azalpenez, traduktologiaz eta maila teorikoko beste zenbait gaiz orniturik dago. Hirugarren hiruhilekoan praktikak egiten dira, administrazioan edo Unibertsitateak hitzarmenak sinatutako entrepresetan. Praktika hauetara doazen ikasleak beren egokitasun edo prestakuntzaren arauera joan ohi dira.
1992ko urtarrilean Masterreko beste promozio bat hasi da. Itzulpen ikastaroek beste alor berri bat ere jorratzen dute: ingeles-gaztelania.
Irakasle berriak sartu dira Larry Muies, Eamon Roche eta José Castro Calvin, guzti hauek ingelesaren teknika eta merkatal alorrean adituak dira. Masterraren zuzendaritzaren arduradun Joseba Abaitua egin da Manchester-eko Unibertsitateko Centre for Computational Linguistics-en eta Fujitsu entrepresan itzulpen automatikoan egindako egotaldiaren ondoren. Masterraren birrantolakuntzan garai berri bat hasiko da. Indartu egingo da, Gasteizen eta Santanderren ez bezala, tutorearekiko itzulpengintza, baina urte honezaz aurrera berrikuntza batzu sortzen eta sartzen dira. Berrikuntzak sei zatitan oinarritzen dira kurtso berriei begira.
Sarrera ikastaroak
Sarrera ikastaroak ikasleei lehenbiziko urtean ematen zaizkie eta oinarrizko tekniken indartzea edo sendotzea dute helburutzat. Bi ikastaro ematen dira:
- idazketa teknikak,
- testu prozesatzeko teknikak (Word Perfect).
Tutorearekiko itzulpena
Tutorearekiko itzulpena, hots, tutorearekin edo tutorearen ardurapean egindakoa, Masterraren oinarria da eta kurtsoak irauten duen bi urteetan zehar egin ohi da. Ikaslearen behin eta berriroko itzulpen lanean oinarritutako eskolatze edo leziatzea da, inolaz ere. Ikasleak uneoro eta bateko eta besteko kontseilu eta azalpenak hartu ohi ditu irakaslearengandik. Bateriko eta besteriko itzulpen lanak daude: teknika-merkatal itzulpenak, juridiko administratiboak, kazetari eta zientzia hizkerakoak, hitzez hitzeko eta alderantzizko itzulpena.
Kanpo praktikak
Unibertsitateak Masterreko ikasleak kanpo praktikak egiteko hitzarmen batzu sinaturik ditu instituzio eta entrepresekin. Eginkizun honetarako udazkeneko lehen hiruhilekoa izaten da. Aurrerago esan bezala, ikasleen egokitasun eta prestakuntzaren arauera egin ohi dira praktikak. Praktikon xedea ikasleen esperientzia (eskarmentua ere esango genuke) eta itzulpen mundu profesionalera halako hurbiltze bat izan nahi luke.
Hiru urte hauetan Bizkaiko Aldundi, argitaletxe eta udaletxeekin egindako hitzarmen egokiak direla eta, ez da izan euskarako ikasleentzat lekua aurkitzeko problemarik. Badira zailtasunak, halaz guztiz, ingeles itzulpen praktikak egiteko agentzia zein entrepresetan.
Gure asmo honen kontrakoa gertatu da bizi dugun krisialdia eta argi baino argiago ikusi dugu bikoizketa etxeetan zein lantegi handietan.
Kanpo praktikak egiten ez dituzten ikasleek lanaldi horretan tutorearekiko itzulpenak egiten dituzte.
Klase teorikoak
Klase teorikoak tutorearekiko itzulpenen osagarri dira. Ikasleari itzultzaile zaildu eta trebatu batek izan behar dituen metodologia eta lan ikuskera sakona eman nahi zaizkio. Lanerako teknika eta tresneria egokia eskeini nahi zaizkio. Ikaskizun diren gaiak hiru dira batez ere: traduktologia, estilistika, eta informatika bidea.
Ikastaro monografikoak
Ikastaro monografikoak kurtsoaren aldi jakin batzuetan era trinko batez ematen dira. Gonbidaturiko espezialista bakoitza bere ikastaroaren kargudun edo arduraduna izaten da. Ikastaro bakoitzak ate-leihoak ireki nahi ditu nolabait esatearren, informazio helburua handiagoa du leziatze edo eskolatzearena baino, zeren ez bait dago nahikoa denborarik gaian bete-betean eta sakonki sartzeko. Ikastaro monografiko hauetan gai hauek lantzen dira: dokumentazioa, terminologia, bikoizketa, interpretaritza, itzulpen automatikoa, hiztegi elektronikoak, banku terminologiak eta abar.
Mintegiak
Aurtendik hasita Masterrak hitzaldi ziklo bat eta era bateko eta besteko gaien gaineko elkarrizketak eratuko ditu alor desberdinetako profesionalak gonbidatuaz. Itzulpenaren gaineko ikuskera zabal bat eskeini nahi da. Urratu nahi den bideak era askotako esperientzia eta eritzia dutenen profesionalek emango duten informazioa izango du ikasleak. Mintegiak zabalik daude itzulpenean arduraturik dauden guzti guztientzat.
Bukatzeko, aipatu behar da, bi urte hauen buruan, ikasleak Master amaierako proiektu bat aurkeztu beharko du. Delako proiektu hau osotasun bat daukan idazlan baten itzulpenean datza. Idazlanak ehun orrialdeko luzera du eta ikaslearen ahalmenaren arauerakoa izan behar du. Itzulpen lan horretan ikasleak duen trebezia erakutsi beharko du.