Literatur itzulpenezko mintegia
Aintzane Ibarzabal

Martuteneko itzultzaile eskolako zenbait ikasleren eskariz, EIZIEko Literatura Batzordeak 1992ko urtarrilean hasita eta ekainera bitartean literatur itzulpenezko mintegia antolatu zuen. Helburu xumeak ezarri zituen batzorde honek, eta batez ere aurrera begira egin zitezkeen antzeko ihardunaldiak izan zituen kontutan ikastaldia antolatzean. Elkarteko zenbait itzultzailek parte hartu zuten bertan eskolak ematen: Xabier Mendiguren (García Yebraren testu teorikoa erabili zuen ikastaroari sarrera emateko, litertur itzulpenaren ezaugarriak aztertu, eta testuaren itzulpena egiteko), Koro Navarro (Mark Twain-en The diary of Adan and Eve ipuinaren itzulpena ingelesetik), Aintzane Ibarzabal (Ridder Haggard-en Salomon King's mines liburuaren itzulpena ingelesetik), Josu Zabaleta (Ch. Aitámov-en Yamila liburuaren itzulpena gaztelaniatik), Juan Mari Mendizabal (Raymon Carver-en Chef´s House lanaren itzulpena ingelesetik), Juan Garzia (Herman Melville-ren Bartleby izkribatzailea liburuaren itzulpena ingelesetik) eta Pello Zabaleta (poesiaren itzulpenaren gaia aukeratu zuen).

Eskolak oso praktikoak izan ziren eta azpimarratzekoa da ikasleen ahalegina, beste baterako geratzen da beraz, ondorio teorikoak atera eta horiek sailkatzea. Itzulpen gehienetan ingelesa izan zen jatorrizko hizkuntza nahiz eta garai, estilo, joera oso desberdinetako testuak izan. Eta izan ere, hori izan zen ikastaldi amaieran aipatu zen ezaugarrietako bat, testuen ugaritasuna. Ugaritasun horrek hala ere, beste ondorio on bat ere ekarri zuen, itzulpenaren zailtasun mota desberdinak ikusteko bidea ematea. Testu soilak eta baita ere korapilotsuak itzuli ziren, biak arazotsuak eta berezko zailtasunak zituztenak. Lehenengoak arinak, umoretsuak, argiak, zuzenak izateko, eta bigarrenak ulerterrazak eta zehatzak izateko; eta sintaxi soilaz baino gehiago estiloaz ari gara, alegia, jatorrizko hizkuntzak sintaxi orokor eta arruntetik noiz igarotzen den idazlearen estilo pertsonala edo joera estilistiko jakin batetara, eta euskaraz ere bi alderdi horiek ongi bereiztea. Gai zehatzak a ipatzekotan ingelesaren zenbait ezaugarri eztabaidatu ziren: jeneroaren bereizketa (he, she, it), euskaraz aldiz bera, hura..., izenordainen erabilera sintaxiari lotura egokiak eskainiz, erlatibozko forma ugariak (who, which, where, whom...) gaztelaniaz bezala, eta horien bidez eskuin aldera garatzen den sintaxia izatea, testuaren ulermen errezagoa bideratuz. Eta horrelako esaldien aurrean euskarak noiz erabili behar dituen hizkuntza erromanikoaren bidezko egiturak, nola adierazi behar dituen testu barruko loturak informaziorik ez galtzeko...

What my own astonished eyes saw of Bartleby, that is all I know of him, except, indeed, one vague report, which will appear in the sequel.

Lo que mis propios ojos atónitos vieron de Bartleby, eso es todo lo que se de él en realidad, excepto un vago informe, que aparecera en lo que sigue.

Neronen begi txundituek ikusi zutena: horra Bartlebyz dakidan guztia, salbu eta bestela jasotako berri argitasun gutxiko bat, orrion jarraian agertuko dena.

(Melville-ren Bartleby izkribatzailea)

Bestalde, ikusi ahal izan zen baita ere, itzulpenaren zailtasunak beste era batekoak direla esaldi motzetako sintaxia erabiltzen denean, hauetan hitzen ordenamenduak garrantzi handia hartzen du eta baita ere hiztegiak, hitz zehatz bat edo bestea aukeratzeak testuari aldaketa nabarmenak eragiten bait dizkio. Ezin ahaztu, ondorengo adibidean ikusiko den bezala, euskal aditzaren elementu morfologikoek sintaxiaren loturak adierazteko duen ahalmena.

Es un cuadro que no he presentado nunca a ninguna exposición. Más aún, procuro ocultarlo cuando viene a visitarme algún familiar del ail. No es que haya nada vergonzoso en él, pero está lejos de ser una obra de arte. Es sencillo, tan sencillo como la tierra que representa.

Kuadro hau ez dut inoiz inongo erakusketetara eraman. Are gehiago, gorde egiten dut ahal dela ail-eko sendikoren bat bisitan badatorkit. Zertaz lotsaturik ez du, baina arte lana izateko asko falta du. Xumea da, bertan ageri duen lurra bezain xumea.

(Ch. Aitámov, Yamila)