EIZIE Europako literatur itzultzaileen elkarteen kontseiluan onartua izango da
Artikulua PDFn
Balentzian, 1992ko urriaren 19tik 22ra bitartean, Europako Literatur Itzultzaileen Elkarteen Kontseiluak (CEATL) egindako urteko batzarrean, EIZIEk bere eskaria aurkeztu zuen kontseiluko kide izateko, eta badirudi datorren urteko batzarrean gure hautagaitza onartua izango dela. CEATL erakundea 1990ean sortu zen, nahiz eta lehenagotik, 1986tik zehazkiago, nazioarteko elkarte bat sortzeko asmoa egon bazegoen, eta ez Hamabien Europara mugatua, Europa Handiko literatur itzultzaileen elkarte guztietara irekia baizik. CEATL delakoa literatur itzultzaileak Europako Komunitatearen eta Europako Kontseiluaren aurrean ordezkatzen dituen saila da, eta bere estatutuen arabera, honako hauek dira bere helburuak:
- Literatur eta giza zientzietako obren itzulpenaren kalitatea suspertzea.
- Literatur itzultzailearen estatus material, moral eta juridikoa babestea bazkide diren herrialde guztietan.
- Elkarte kide guztien arteko lankidetza ziurtatzea, informazio truke etengabea lortzeko.
- Europako Elkartearekin zuzenean tratatzea literatur itzulpenari eta itzultzaileei dagozkien gai eta erabaki guztiei buruz (batez ere, beka, dirulaguntza, sari, kontratu eta abarrei buruz).
Balentziako Generalitateko Kultur Kontseilaritzak gonbidaturik, eta Kultur Ministraritzaren Libururako Zuzendaritza Nagusiaren babesarekin, Europako hemeretzi herrialdetako (EEkoak, eta, haiekin batera, Austria, Errepublika Txekoa, Eslobakia, Finlandia, Noruega, Suedia eta Suitza) elkarteen ordezkariek literatur itzultzailearen egoera gonbaratu, bateratu eta hobetzera zuzendutako hainbat ekimen eztabaidatu zituzten. Kontutan harturik zenbait alorri dagokionez alde handiak daudela (ordainak, jabego intelektualaren legea, liburutegietako mailegu publikoa, liburuak fotokopiatzeko eskubidea...), CEATLen burubide nagusia, hots, elkarlanean aritzea era guztietako mugen gainetik, zuzena dela berretsi zen.
Europako Elkartearen esparrua gainditzen duen elkarte profesionala izateak halako arazo batzuk dakartza, CEATLek, zentzu horretan, aurre hartu bait die nazioarteko erakundee motelei. CEATLen asmoa da Europa Handiko nortasunari heltzea, eta horrela Europako Ekialdeko herrietako zenbait elkarte, bai eta eremu urriko hizkuntzetako itzultzaile elkarteak (EIZIE, esaterako) ere atsegin handiz onartuko bait ditu bere baitan.
Batzarrean Administrazio Batzordea berritu zen, eta gaur egun Espainiak (lehendakaria), Suediak eta Frantziak (lehendakariordeak), Belgikak (idazkaritza nagusia) eta Suitzak (kanpo harremanak) osatzen dute. Horretaz gainera, CEATL Europako Idazleen Kongresuaren bazkide izatea erabaki zen —Euskal Idazleen Elkarteak ere bazkide izateko eskaria egina du)—; izan ere, Europako hainbat herrialdetako idazle elkarteak biltzen dituen erakunde hau itzultzaileentzat ere interesgarria da, literatur itzultzaileen egoera profesionala arautzen duen jabego intelektualaren legea idazleei aplikatzen zaien berbera da. Dena dela, CEATLen eritziz, literatur itzulpena bezalako sorlan bat, berezko dohaiekin batera halako prestakuntza egokia ere behar duena, ezin da muga korporatibista batzuen barruan itxi (titulazioa, kolegiazioaren ezinbestekotasuna), asmo onekoak izanda ere.
Azken finean, irakurtzeko zaletasuna suspertzea eta, lanbideagatik edo aisitarteak betetzeko, ekintza horretan aritzen direnei ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea bilatzen da; izan ere, era guztietako idazlanen irakurleen artean gero eta ardura gehiago dago gai guzti hauei buruz, itzalpean geratu ohi diren itzultzaileen esker norbere hizkuntzan idatzita ez dauden liburuak irakur daitezkeela bait dakite. CEATL elkarteak literatur itzultzaileen eskubideak babestu nahi ditu, beren lanak merezi duen aitorpena izan dezan, bai publikoaren aldetik, bai argitarapen alorreko profesionalen eta erakunde publikoen aldetik.