Ale honetan
Euskal Herriko Unibertsitateko XI. Uda Ikastaroen barruan eta bere laguntzaz, Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak antolaturik "Itzulpena eta interpretaritza: komunikaziorako eta normalizaziorako tresna" ikastaroa egin zen Donostian iazko abuztuaren 25, 26 eta 27an. Bertara, Euskal Herriko eta Espainiako itzultzaile eta itzulpenaren teorizatzaile batzuetaz gain, Itzultzaileen Nazioarteko Federazioko Hizkuntza Minoritarioen Batzordeko kideak gonbidatu ziren eta horiek eman zituzten hitzaldiak dira ale honetan eskaintzen dizkizuegunak.
Euskal Herriko Unibertsitateak berak argitaratu ohi ditu Uda Ikastaroetako materialak, baina argitalpena horietan daraman atzerapena eta gure hauek argitaratzeko Elkarteak zeukan interesa ikusirik, Unibertsitateari baimena eskatu zitzaion ponentziak geure aldetik argitaratzeko, eta ahalegin horren fruitu da SENEZ aldizkariaren zenbaki berezi hau. Eskerrak eman behar dizkiogu, beraz, Unibertsitateari aukera hau ere eman digulako.
Eman ziren hitzaldien artetik Rade Konstatinovic´ Belgradoko itzultzaile eta irakaslearena falta da hemen,"Obra itzulien eragina literaturatan", alde batetik hitzaldian bertan izan ziren grabazio arazoengatik, eta bestetik, bere herria sufritzen ari den egoera bortitzak eta hizlariaren beraren gaisotasun bat direla eta, berarekin komunikatzeko izan ditugun zailtasunengatik; dena dela, hurrengo zenbaki batean eskaini ahal izango dugula espero dugu.