Oker ez banago
Artikulua PDFn
Itzulpen eta terminologiazko aldizkari batean, gezurra badirudi ere, itxuraz besteko gauza anitz topatzen ditu irakurle xehezaleak (ikus Senez 5: 1-2; aurrerakoan orrialdea besterik ez dut adieraziko). Adibidez: akatsak. Hara sorta eder bat.
Aldizkaria zabaldu, eta inora baino lehenago, aurkibidera. Bertan (7 or.) argitzen da, ondo argitu gero, "Koldo Izagirre" pasaitar idazlea Koldo Izagirre bera dela. Eskertzekoa da gaur egun nortasun arazorik batere ez izatea.
Itzulpenaz ari den aldizkariak baditu gero bere, nolabait esateko, itzulpenak. Adibidez, "Hego haizea eta euskal literaturan dituen ondorioak" (101 or.), agian hego haizeak berak eraginda, edo guztiz jota, "Translation among the languages of Spain: Present" (108 or.) gelditzen da, halaxe, ingelesez.
Jakina, ez nau oso harritzen hurrengo lerroan "The Basque speaker is afrraid" (108 or.) aitortzeak: ni ere halakoetan arrrunt beldurrtuta egoten naiz.
Baina, urrutira gabe, itzulpen aldizkari honek argituko digu tajuz zer den "itzulpengintza" (155 or.): horrek "lingüística y traducción" (169 or.) esan nahi du, inork ez baleki.
Neroni ere konturatua naiz itzultzaileak ondo zorroztua behar duela bere ezpata, gainera datorkion zamari aurre nahi badio egin: izan ere, hain dira hitzak astunak, hain "terminolodiak" (155 or.).
Adibide bat jarriko dizuet: "japonieraren berezitasunak eta zailtasunak itzulzteko orduan" (192 or.). Neronek, garbi asko esango dut, ez nekike halakorik egiten, ez japonieraz ez eta txineraz ere, jakina.
Jatorriz "itzultzaile es den" (112 or.) bati "hiskuntza berez oso urrutikoa gertatzen" (192 or.) zaio, "itzultzaileak hiskuntza guztien aurrean duen jakinminagatik" (192 or.).
Zergatik ote da? Euskal itzultzaileak baditu, izan ere, oso berezitasun bereziak: "another peculiarity of the Basque translator es related to his knowledge of Basque" (60 or.). Ulertu ez duenak zabal bitza belarriak: "it is eho must create the terminology" (60 or.).
Baina ez sobera larritu. Euskal itzultzaileak ba omen ditu laguntzaileak, esate baterako hiztegiak. Zahar askoak batzuk: "el diccionario de Silvain Pouvreau (s. XII)" (169 or.), nahiz hogeitabost lerro geroago 105 mendetan gaztetzen den hiztegi pobre hau: "the dictionary by Silvain Povreau (c. 117), for its modern approach" (170 or.), ezin bestela izan.
Laguntza gehiagorik nahi al duzue? Ikasi. Non? "Kanadako Unibertsitatean" (194 or.). Zer? "Enseigement de la terminologie" (194 or.). Kito.
Hain urrutira gabe, badira gertuagoko ikasketak: "Interpretaritzari buruzko ikastaroak Gasteizen" (215-219 or.). Etxe honetako zuzendari berri-berriak apailaturik, artikulu honek lau paragrafotxo mardul eta trinko bezain sendotan laburtzen digu han esandakoa. Hitz bitan, bigarren paragrafoak 61 lerro eta laugarrenak 57 harrapatzen ditu. Bada, beraz, non murgildu.
Edonola ere, ezin dut azken aitorpen hau gordean utzi: "ez dakit munduan beste herririk dagoen praktikan hizkuntz zuzentasuna hain axola gutxi zaionik (...) zuzentzailearen figura errebindikatzen dut berriro lerrootatik" (233 or.). Gatzezko irudi bihur nadin gezurrik badiot: hitz hauek ez ditut nereak, aldizkari batetik hartuak baizik. Itzulpen eta terminologia aldizkari batetik.