FITen Munduko XII Kongresua. Belgrado 1990
J. Zabaleta

1990ak bi albiste nagusi ekarri ditu EIZIE elkartera. Biez hitzegin da luze gure artean, biez jaso da berria prentsan: EIZIE Itzultzaileen Nazioarteko Federakuntzan sartzea, eta Literatura Unibertsaleko ehun obra itzultzeko Eusko Jaurlaritzarekin sinatutako hitzarmenaren lehenengo emaitza kaleratzea.

Hala ere, lehenengoari dagokionez, nahiz eta hainbestetan aipatu eta sobera esanda dagoela dirudien ere, aldizkari honetan ez dago jasota oraindik, eta halaxe jasota gera dadin, lehen eskuko aipamena izateko oinarri gera dadin, jasotzen dut berriro hemen, gertakariaren beraren kronika eta balorazioa eta ondorioz izan dituen etekinen balantzea.

Historia

EIZIEk 1990eko otsailean ospatu zuen Biltzar Nagusian hartu zuen, bere buruz edo Katalunia eta Galiziako itzultzaile elkarteekin federakuntza bat osaturik Espainiako Estatuan FITeko bazkide izan zitekeen bigarren elkartea (estatu bakoitzetik bi bazkide besterik ezin bait daitezke izan FITen, itzultzaile elkarte ala elkarte federakuntza ajola ez diola) izateko eskaria egiteko erabakia. Erabaki hori EIZIEren sorrerako helburuetan jasorik dago, nolabait, helburu horien artean behar diren erakunde guztien aurrean euskal itzultzaileen ordezkari izatea bait du bat, eta erakunde horien artean itzultzaile elkarteen aurrean bereziki. Horrexegatik hasieratik bertatik ekin zion gogoz EIZIEk beste itzultzaile elkarteekin harremanak bilatzeari, eta FITeko partaide izatea xede horren burutzapena besterik ez da alde horretatik.

Esan bezala, Galizia eta Kataluniako itzultzaile elkarteekin bat egitea izan zen EIZIEren lehen erabakia. Horretarakoxe Donostian bilera bat egin zen asmo horretan partaide eta interesdun izan zitezkeenekin, 1988ko maiatzean. Bertan bilduak, EIZIE, ATG (Galiziako Itzultzaile Elkartea), APTIC/LC (Kataluniako Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea) eta APETI (Espainiako Itzultzaileen Elkarte Profesionala), Espainian ginen itzultzaile elkarte guztientzat nolabaiteko koordinazio sistemaren bat antolatu nahi bait zen. Bilera hartan erabaki zen, besteren artean, galego, katalan eta euskaldunen artean federakuntza bat sortu, gure interes berezi izan zitezkeen gaietan elkartasunez jokatu ahal izateko, eta aldi berean APETIrekin batera Espainiako itzultzaileen konfederakuntza bat antolatzea ere, hainbat gai garrantzi handikotan itzultzailearen estatusa, ikasketak, kolejio profesionala, adibidez, edo egunen batean FITerako Estatu bakoitzetik ordezkari bana besterik onartzen ez bazen, horretarako susmoak bait zeuden elkarren akordioa eta koordinazioa behar izango zenerako egitura hori edo gisakoren bat behar izango genuelako.

Geroztik federakuntza hori antolatzeko ahalegin bat baino gehiago egin da, eta egia esan behar bada, EIZIE elkartea izan da horretan lehia handiena jarri duena. EIZIEren ordezkariek garbi ikusi izan bait dute beti kanporako ahalegin horrek geure artean ere ondorioak izango zituela, geroak frogatu duen bezala.

Hala, FITeko partaide izateko eskaria aurkezteko epearen muga hurbiltzen ari zen ahala, federakuntza osatzeko ahaleginak ugaldu egin ziren. Bitartean, ordea, Kataluniako APTIC/LC-rekin genituen harremanak bakanduz eta lausotuz joan ziren; harremanetan jarri ezinak, eta sobera kezkagarriak ziren albisteak iritsi zitzaizkigun haien aldetik, harik eta azkenik ongi frogatuta geratu den arte Katalunian APTIC/LC-rik ez zegoela batere, egiaz erakunde bizitzarik zuenik bederen: bi urte pasa zuzendaritza batzordea bildu gabe, beste horrenbeste edo gehiago kuotak kobratu gabe... Alde horretatik Kataluniako itzultzaile elkarteren batekin federakuntza osatzeko asmoak amets geratu ziren, eta utzi beharra izan zen.

Bitartean ATGrekin izan genituen bileretan, elkarte horrek ez zuen ageri FITen partaide izan eta bertan parte hartzeko interes bizirik. Lehendik sortu nahi zen federakuntza oso hura Estatu osoan ofizial ez ziren hizkuntzetakoena sortu ezean, Gobernu Zentralarekiko egin zitezkeen ahaleginetarako Kulturako Ministeritzarekiko harremanetarako batez ere galego eta euskaldunen artean sortu zitekeenak indarrik ez zuela izango iritzirik, gauzak atzeratuz joan ziren. Halako moldez, non azkenean FITeko bazkide izateko eskaria aurkezteko ordua gainean zela, egunetako epea geratzen zela, ez bait zegoen, ez federakuntzarik, eta horrelakorik sortzeko modurik, horren epe laburrean.

Hala, EIZIEk txosten bat prestatu zuen, eta FITen aurkeztu, elkarte horren APETIren ordezkari zen Maria Jose Velasco anderearen eskutik, FITen Batzorde Nagusiak 1990eko apirilean Parisen ospatu zuen bileran. Bertan ziren ordezkari batzuren aldetik zalantza baino gehixeago izan bazen ere, nonbait, elkarte honen eskaria onartu zen, eta halaxe argitaratu zen FITen barne argitalpenetan eta urte horretan bertan ospatzeko zen Biltzar Nagusirako deietan. Osoko bazkide izateko azkeneko baldintza geratzen zen betetzeko, horrenbestez: FITen Biltzar Nagusiak onartzea.

Biltzarraren eta Kongresuaren kronika

Izan, bi kongresu izan ziren Belgradon; bata, lehendabizikoa, estatutu kongresua, FITeko partaide ziren itzultzaile elkarteetako ordezkarientzako bakarrik, abuztuaren 2an, ostegunean, hasi eta 5era, igandera arte. Eta bigarrena, kongresu irekia, abuztuaren 6, 7, 8 eta 9an. Biak Belgradoko Sava Centar kongresu eta erakusketa zentruan.

EIZIEren izenean hiru pertsonaz osatzen zen ordezkaritza bat joan zen bertara: Josu Zabaleta, ordezkaritza-buru, Idoia Gillenea eta Alberto Amorrortu.

Abuztuaren 2an, arratsaldetik hasi zen estatutu kongresua, lehen topaketa, eta ongietorri kafe baten ondoren kongresuari hasiera eman zitzaion. Aurkezpena eta ordena kontu batzuren ondoren, FITeko bazkidetza eskari berrien aurkezpena hasi zen egiten.

Eginkizun horrek luze eraman zuen, 11 eskari bait ziren, izan ere guztira: Australiako Interpretari eta Itzultzaileen Institutua, Txinako Zientzi Akademiako Zientzia eta Teknologi Itzultzaileen Elkartea, Hong Kong-eko Itzultzaile Elkartea, Indiako Zientzi Itzultzaileen Elkartea, Irakeko Itzultzaile Elkartea, Irlandako Itzultzaile Elkartea, Kongoko Interpretari eta Literatur Itzultzaileen Elkartea, Norbegiako itzultzaile Elkartea, Siriako Idazle Arabiarren Elkarteko Itzultzaile Elkartea, Sobiet Batasuneko Zientzi eta Teknologi Itzultzaileen Elkartea, eta EIZIE.

Elkarte horietako bakoitzeko ordezkariak elkartearen aurkezpena egin zuen, eta galde-erantzunen ondoren, botoetara jarririk, ahobatez onartzen ziren normalean. Gorabehera batzuk izan ziren Txinako Elkartearen onarpenerako, baina lehenengo botazioan hurrengo egunerako utzirik, bigarren horretan onartu egin zen.

Hego-Afrikako Itzultzaile Elkarteari, berriz, hiru urte lehenagoko kongresuan sarrera eskatu eta hartan ukaturik, berriro ukatu zitzaion, elkarte barruan apartheid sistema erabiltzen delako, arazo hori aztertzeko izendaturik zegoen batzorde batek ziurtatu zuenez.

Elkarte bakoitza FITeko bazkide bezala onartzen zen une beretik, lehendik ziren elkarte guztien eskubide berberak zituen, eta horren seinale bi txartel ematen zitzaizkion, gorria eta berdea, BAI ala EZ botoa eman ahal izateko.

Bazkide berrien onarpenaren ondoren, bazkide elkartu kategorian beste zenbait eskari aurkeztu ziren: Mons-eko Nazioarteko Interpretari Eskola, Bruselasko Itzultzaile Eskola, Kamerungo Bueako Itzultzaile eta Interpretari Eskola, Tangerreko Fahd Erregea Itzultzaile Eskola, Japoniako Itzultzaile Federakuntza, Moskuko Maurice Thorez Atzerriko Hizkuntz Institutua, Bibli Elkarte Batuak.

FITeko zuzendaritzak, batzordeek, bazkide diren elkarteek, azkeneko hiru urtetan burututako jestioaren berri eman zuten. Hemen ez dago horren guztiaren berri ematerik, jakina. Bien bitartean FITen Kontseilurako hautagaien aurkezpena egin zen.

Bitarte horretan, FITeko zuzendaritza organoek ere beren ekimenaren berri emateko txostenak aurkeztu zituzten: BABEL aldizkaria, ekonomia, etab.

Zenbait bilera izan ziren, egun horietan, FITeko bazkide diren elkarteetako lehendakari eta idazkarien artean, elkarren berri zehatzago jakin, elkar tanteatu ere bai, eta FITen barne bizitza indartzeko asmoz.

Estatutu kongresuaren azken eguna, hauteskunde eta bilera eguna izan zen batez ere: FITen Kontseilua, hamazazpi lagunez osatua (hamalau partaide hauteskundez aukeratuak, eta beste hiru haiek aukeratuak. FITeko batzordeen bilerak, goizez eta arratsaldez. FITeko bazkide diren elkarteetako aldizkari zuzendarien bilerak. FITen Kontseilu berriaren lehenengo bilera (Bilera horretan erabaki zuen Kontseiluak Hedadura Txiki eta Ertaineko Hizkuntzetako Itzultzaileen Batzordearen Zuzendaritza Elkarte honen esku uztea) FITen zuzendaritzarako, lehendik zen lehendakariak, Anna Lilova andere bulgariarrak, bere dimisioa eman bait zuen, Kontseilurako hauteskundean boto gehien lortu zutenen artetik atera ziren hautagaiak. Hauteskunde haietan boto gehien Maria José Velasco Ulacia, APETIko lehendakariak atera bazuen ere, ez zuen aurkeztu bere burua lehendakari izateko, eta François Joly kanadiarra hautatu zen kargu horretarako.

EIZIEren aurkezpena Estatutu Kongresuan

FITeko bazkide izateko eskaria aurkezteko txosten bat eraman eta banatu zuen kongresukide guztien artean EIZIEk; txosten hori, 16 orrialdetakoa, frantsesez eta ingelesez zegoen argitaratuta, hizkuntza horiek bait ziren Kongresuko ofizialak.

Sarreran euskara geografian kokatu eta euskarazko itzulpenak orain duen egoera historikoa deskribatzen zen. Euskal itzulpenaren hedakuntza azkarra eta berorren arrazoiak: gerra osteko errepresioaren ondoko demokratizazio prozesua eta autonomia, euskarazko irakaskuntzaren gorakada eta hark eragin dituen itzulpen premiak, Administrazioaren euskalduntze prozesua eta horretan itzulpenak duen lekua, zinpeko itzultzaileen kasua, euskarazko komunikabideen sorrera eta hortik dagoen itzulpen eskaria, literatur eta zientziazko testuen itzulpena, interpretaritza.

Beste atal luze bat euskal itzultzaileen berezitasunei eta antolamenduari buruzkoa zen: Itzultzaile kopurua, itzultzaile ikasketak, Elkartea, Elkartearen helburuak, bere estatusa, antolamendua, zerbitzuak, argitalpenak, Elkatearen historia eta lorpenak.

Azkenik, hirugarren atalean, EIZIEk beste elkarte batzurekin dituen eta izan dituen harremanak esplikatzen ziren luze-zabalean: Galizia eta Kataluniakoekin, APETIrekin eta FITekin.

Txostenaren aukezpenerako hitzaldian, hartan erabiltzen ziren argumentu berberak aurkeztu ziren berriro, FITen elkarte honek duen ezaugarri bereziena azpimarratuz: hizkuntza batez definitu izatea alegia, gaiez edo lurraldez definitu ordez. FITen dauden elkarte gehienak beren itzulpen gai edo sistemaz eta lurraldez bait daude definituta: Halako edo bestelako estatuko literatur edo zientzi (schi-tech) itzultzaileak, edo interpretariak. Gurea berriz, elkarte bakarra da FITen hizkuntzaren arabera definituta dagoena.

Bataren eta bestearen azkenean txostenaren eta hitzaldiaren azkenean EIZIEk FITen helburuak beretzat dauzkala aitortzen zen.

Kongresu irekia

Belgradoko Kongresuaren bigarren zatia, hasieran esan den bezala, kongresu irekia izan zen, abuztuaren 6tik 9ra. Lehenengo partean jende gutxi samar bazegoen FITeko partaide den elkarte bakoitzeko hiru ordezkari, batzutan laguntzaile taldetxoa, ordezkarez gainera, beste batzutan berriz, ordezkaritzarik ere ez, ehundaka pare bat pertsona, beraz, asko jota, ordezkaritza bakoitzak boto bana zuela, bigarren parte honetan berriz, mundua bildu zen Kongresura. Zazpirehundik gora pertsona, alde guztietatik etorriak.

Guztiek batera ospatzeko bilerak kongresuaren lehen egunekoak eta amaierakoak izan ziren. Kongresu hasierako ingaugurazio ekitaldian, Mladen Jovanovic´ antolamenduaren arduradunak, Anna Lilova Kongresura arte FITeko lehendakari izanak, Unescoren ordezkari batek, Milorad Unkovic´ Belgradoko alkate jaunak, Serbiako lehendakari eta Yugoslabiako lehendakarikideak eman zituzten ongietorri agurrak.

Musika ekitaldi baten ondoren, bi hitzaldi magistral izan ziren. Bata Danica Seleskovitch, Parisko interpretari eskolako zuzendariak, "De l'interpretation à la traductologie" eta bestea Ranko Bugarski yugoslabiarrak "Translation as creation".

Abuztuaren 6an arratsaldez, Unesco-FIT ekitaldi bateratua izan zen.

  • Unesco eta FIT arteko elkarlana: 1987-1990. Anna Lilova (BG).
  • Unescoren ordezkari baten hitzaldia.
  • Unescoren gomendioa itzultzaileen babes juridikoaz: nazio bakoitzean eta nazioartean. Hans Schwartz (DE).
  • Asiako literaturen itzulpenaren arazo bereziak. Ian Chunfang (CN).
  • Literatura itzuliaren arazoak Afrikako eleaniztasunaren testuinguruan. Canute W. Temu (TZ).

Abuztuaren zazpian mintegiak hasi ziren, bakoitza bere aldetik. Talde horietako bakoitzean, aurkezle bakoitzaren saioak ordu laurdenekoak izaten ziren gehienak, eta hiru aurkezpenez behin, ordu erdiko eztabaida aurkezpenei buruz. Hamaika mintegi edo talde ziren guztira:

  1. Itzulpenaren teoria orokorra (22 aurkezpen).
  2. Literatur itzulpena (22 aurkezpen).
  3. Hedadura laburreko hizkuntzak (12 aurkezpen).
  4. Zientzi eta teknika itzulpena (16 aurkezpen).
  5. Interpretaritza (9 aurkezpen).
  6. Komunikabideetarako itzulpena (10 aurkezpen).
  7. Irakaskuntza eta trebakuntza (32 aurkezpen).
  8. Terminologia (12 aurkezpen).
  9. Itzultzailearen tresneria (4 aurkezpen).
  10. Itzultzailearen estatutua (7 aurkezpen).
  11. Auzitegiko itzultzaile eta interpretaria (9 aurkezpen).

155 aurkezpen horien guztien laburpena Elkartearen egoitzan du, ikusi nahi duenak, Kongresua hasi aurretik halako abstract bilduma bat argitaratu eta banatu bait zen bertaratuen artean. Kongresu guztietan bezala, liburu bat argitaratzeko asmoa dago bertan izandako hitzaldi eta eztabaidekin, eta liburu hori ere eskatuta dago Elkarterako.

Kongresuaren balantzea

Lehenik eta behin, zinez esan daiteke EIZIE elkartea FITen sartu izanak eta han egin zaion harrera gauza asko aldatu dituela Elkate honetan. Ez da esajeratu behar gertakari horren garrantzia, baina gure Elkarte hau, esateko, artean sortu berria zelarik, bere mugez kanpotik halako ezagumendu eta onespena hartu izanak, arras aldatu dio Euskal Herrirako bertarako ere, Elkarte honek zuen irudia, entzutea eta onespena. Elkarte hau oso berria bait da oraindik, eta oraindik ez du erabat hartu euskal gizartean dagokion lekua. Ez bait da ahaztu behar euskal kulturan, euskal literatura, liburugintza, komunikabide, irakaskuntza, administrazioa, zerbait den ia guztia itzulpena dela, edo ia itzulpena, zuzenean edo zeharka, osorik ez dena puska batean. Euskarak bere erabileran duen diglosi egoera itzulpenez ari da gainditzen, ia-ia definizioz: gizarte honetan bertan gaztelaniaz edo frantsesez sortzen diren testuak euskarara itzuliz, eta gizarte honek beste hizkuntza batzuetatik gaztelania-frantsesetara itzulita ezagutzen zituen testuak euskarara itzuliz. Diglosia gainditzen ari den neurrian itzulpenaren zordun da euskal gizartea, eta zor dio ezagumendu hori itzultzaileari.

Gertatu denari begiratzen bazaio, beraz, paradoja badirudi ere, barnerako neurri hauxe du lehenik, Elkartea FITeko kide egin izanak: Elkarte honek Euskal Herrian duen presentzia indartu du. Horrexegatik, hain zuzen, Belgradoko kongresutik bueltan harreman berriak izan ditugu zenbait euskal instituziorekin: Eusko Jaurlaritza, Nafarroako Gobernua, Euskaltzaindia, Eusko Ikaskuntza, Unibertsitatea, Diputazioak... kidetza eta izendapen berriaren berri emateko.

Instituzio horiekin guztiekin harremanak erraztu egin dira, eta era horretara errazagoa da Elkarte honen helburuetako bat betetzea: euskal erakunde eta instituzioen aurrean itzultzaileen izenean solaskide izatea; eta era horretara errazagoa izango da itzultzaileen interesak zaintzea.

Harreman errazago horien fruitu izan da, adibidez, 1991ko udararako Elkarte hau Euskal Herriko Unibertsitatearekin antolatzen ari den Udako Ikastaroa, "Itzulpena: Komunikazio eta normalizazioa", leku askotako irakasleak ekarri asmo dituena.

FITeko bazkide izateak Elkartearen baitarako ekarri duen indarberritze horrez gainera, gertaera horren neurria kanporakoa da berez, kanpo harremanetarakoa. Alde horretatik, nazio arteko federakuntza hori plataforma bikaina da euskal itzultzaileentzat, beste herrietako itzultzaileak eta itzulpen esperientziak ezagutu eta geureak haietan ezagutzera emateko.

Euskal itzultzaileon harreman mundua nahikoa laburra eta estua izan da lanbidearen barruan, egin izan diren inkestek erakutsi izan duten bezala. Informazio eta harreman truke horrek onura besterik ezin ekar diezaioke Elkartea eta Elkarteko bazkideei.

Onura hori garbi geratuta dagoeneko, zenbait alorretan. Bat, asko ez luzatzeko, hizkuntzak ikasteko aukeratan. Euskarara nahikoa hizkuntza gutxitatik itzultzen da, inkestek erakutsi dutenez berriro. Hizkuntz aukera hori zabaldu egin behar da, eta Belgradoko kongresutik bueltan argitaratu zenez, Europako beste zenbait elkartetako ordezkariekin izandako tratutan, euskal itzultzaileak zenbait hizkuntza ikastera bidaltzeko laguntzak eskaini zitzaizkigun.

Baina onura hori euskal itzultzaileei ez ezik, euskal literaturaren zabalkunderako ere izan da, euskaratik gaztelania edo frantsesa tarteko beste hizkuntza batzutara zenbait obra itzultzeko proiektuak burutzen ari bait dira. Idazleentzat eta euskal kulturan ari diren beste batzurentzat ere bai, harremanak zabaltzeko balio izan bait die, hala adibidez euskal kazetariei, beste hizkuntza txiki xamar batzuetako kazetariekin harremanetan hasteko.

Hedadura txiki eta erdi mailako hizkuntzetako itzultzaileen batzordea

FITen egituraren barruan, gainerako eginkizunez aparte, bat eman zaigu bereziki: Hedadura txiki eta erdi mailako hizkuntzetako itzultzaileen batzordearen lehendakaritza. Horrek ez du esan nahi, ordea, beste batzordeetan parte hartu ezin dugunik, oso bestela baizik, erregu egiten digute parte hartzeko.

Agiriko gauza da matematikoki ez dela posible hizkuntza handiak izatea hizkuntzetan gehiengoa. Hedadura txikiko hizkuntzak dira, bada, hizkuntza gehienak. Eta horrenbestez pentsatzekoa itzulpen esperientziarik anitzena eta aberatsena ere hizkuntza horietako itzultzaileen artean aurkitzea.

"Txikitasun" kontzeptua bera, hizkuntzei dagokienean, oso kontzeptu erlatiboa da, munduan erabilera oso zabala duten hizkuntza banaka batzuk kenduta, gainerako guztiak batzorde honetan bait daude sartuta; era guztietako egoerak daude hizkuntza hauetan, itzulpenari dagokionez: bai itzultzaileak gizartean duen estatutuari dagokionez, bai hizkuntza bakoitzean itzultzaileak duen protagonismoari eta eginkizunari dagokionez, bai bere lanbiderako duen prestakuntza, lanabes eta laguntzei dagokienez.

Batzorde honek hartu duen lehenengo asmoa, egoera eta arazo horiek ahal den neurrian ezagutu eta deskribatu, sailkatuko dituen liburu berde bat prestatzea da, gero, horretan oin harturik, FIT iritsi daitekeen nazioarteko erakundeen bitartez, egoera horietarako aurrerabideak bilatzen saiatzeko, eta itzultzaile horien lana ezagutu, merezi zuen onespena eman eta behar dituen laguntzak bideratzen ahalegindu ahal izateko.

Itzultzaileok pertsona orori aitortzen diogun eskubidea bait da, hain zuzen, bere hizkuntzan mintzatzekoa, eta eskubide horixe betetzera ahalegintzen gara gure lanean.