Interpretaritzari buruzko ikastaroak Gasteizen
Artikulua PDFn
Herri-Ardularitzaren Euskal Erakundeak antolaturik, hirurogeina orduko bi ikastaro egin ziren Gasteizen interpretaritzaren inguruan, Lurdes Auzmendi eta Koldo Tapiaren ardurapean. Lehena, esanosteko interpretaritzari lotu zitzaion 1988ko azarotik 1989ko otsailera bitartean; bigarrena, aldiz, aldiberekoari, eta 1989ko maiatzetik ekainera bitartean egin zen, 15 klase egunetan zehar. Lehendabizikoan bederatzi ikaslek hartu genuen parte, eta horietatik bost bakarrik aritu ginen bigarrenean; gehienok itzultzaileak ginen, eta interpretari-lanetarako apenas trebatuak, horrek berekin dakartzan alde on eta txar guztiekin.
1. Esanosteko interpretaritza ikastaroa
Esanosteko interpretari batek, izenak berak iragartzen duen bezala, mintzatzaileak bere hizketaldia amaitu ondoan hasi behar du hizketaldi hori errepikatzen beste hizkuntza batean. Horregatik, eta alde batera utzita hizkuntzen arteko itzulpenak berez eragin ohi dituen arazoak, bere jarduna egokiro burutu ahal izateko aurkituko dituen oztopo nagusiak bi dira: ulermena alde batetik, eta oroimena bestetik. Arazo berberak aurkituko lituzke, jakina, hiztunak erabilitako hizkuntza berean errepikatu beharko balu ere horrek esandakoa. Zentzu horretan, bi alderdi horiek dira interpretari-gaiak, itzuliz zein itzuli gabe, landu behar dituenak, eta lantze hori izan zen ikastaro honetan egin nahi zena. Haren parterik handiena ulermena lantzeko ariketek bete zuten, ulermena bait da, hain zuzen, oroimenaz baliatzen hasi baino lehenago interpretariak erabili behar duen ezinbesteko dohaia. Hortxe zegoen ikastaroan parte hartu genuenok, edo nik bai behintzat, hartu genuen lehen ezustekoa, zeren eta esperientziarik ezak —edo esperientzia murritzak— eraginda, interpretatzean ahalik eta hitzik gehienak isladatu behar direla uste bait nuen (lehen pertsonaz arituko naiz zuhur beharrez), bai eta hala jokatu ere, ondorio tamalgarri samarrez, pentsa daitekeenez. Lehen ikasgaia, hortaz, interpretazioa hizkuntzarekiko operazio bat ez, baina hizkuntzaren bitartez esaten den mezuarekiko operazioa dela gureganatzea izan zen. Beraz, ulermena lantzeko saio ugari eta era askotakoak egin ziren ikastaro guztian zehar; ezjakintasunak ematen duen ausardiaz esan liteke hizketan ikasten dugun une beretik lantzen dugula ulermena, bestela itxurazko komunikaziorik betetzen nekez asmatuko bait genuke elkarrizketa batean, esate baterako. Baina ikastaro honetan, interpretaria entzule huts baino zerbait —askoz— gehiago dela eta, beraz, entzule hutsak baino lan gehiago egin behar duela konturatzeko aukera izan genuen, gutxienez. Izan ere, interpretariak testua aztertu behar izaten du, deskodifikatu edo biluztu, baten batek esango lukeen eran, eta ideiak atera: ideia nagusia edo nagusiak, beste maila xeheagokoak, eta gainerako osagaiak (lotura elementuak, esaterako, baina baita edergailu eta betegarriak ere). Irakasleek erabilitako hizkeran esanda, gakoa eta zirkunstantziak. Eta horretarako, era askotako testuak, idatzizkoak eta grabatuak, aztertu ziren, eta inoiz ere ikusi ahal izan zen ideia nagusiari zehatz antzematea beti ez dela iduri dukeen bezain lantegi erraza. Lehen ikastaro horren bigarren partean, berriz, giza oroimena zeinen ahul eta ezleiala den ohartzeko egokiera izan genuen. Zeruari eskerrak, hala ere, irakasleek berehala lasaitu gintuzten "oroimenak ez duela berebiziko garrantzirik interpretatze-prozesuan, lagungarri gertatzen den arren" abertituz. Izan ere, oroimena bitan banatzen da interpretarien zereginari dagokionean: testuaren oroimena dago alde batetik, eta zentzuarena bestetik, eta berau, ulermenaren ondorio dena, da testua berregiten lagunduko diguna. Errepikatu beharreko hizketaldia laburra denean arazo askorik ez da egongo, baina bai testua luzea edo konplexua denean. Holakoetan, interpretariak notaketaz baliatu behar izaten du oroimenaren, zentzuaren oroimenaren lagungarri bezala. Hortaz, ikastaroaren bigarren parte honetan halako zeinu grafiko edo laburduren bidez ideiak —eta ez horrenbeste hitzak— irudikatzeko teknikaren edo tekniken hasi-masiak gureganatzen saiatu ginen. Hemen, nagusiki, ikasi genuen kontua ez dela den-dena notatzea, ulertu edo oroimen "pasibo"-an gelditu den ideiaren eduki semantikoa baizik, geroago zeinu horien laguntzaz jatorrizko testua berreman ahal izateko. Hala, bada, jakin genuen notaketa ez dela hizketaldiaren transkribaketa, ezpada lagungarri hutsa, gure oroimen pasibo horretan erdi ilunean geratu dena gogoratzeko bitartekoa, eta hortaz notek ahalik eta bisualenak izan behar dutela, begiratu batez erraz ulertzeko modukoak. Zentzu honetan, idazketaren kulturak baitaratu digun horizontaltasunarekin borrokan ibili behar izan genuen uneoro, hitzak, ideiak edo dena delakoa lerro jarraietan kokatzeko ohiturarekin, alegia.
2. Aldibereko interpretaritza ikastaroa
Aurrekoan labur samar gertatu ziren hirurogei ordu haien osagarri, aldibereko interpretaritzari beste horrenbeste denbora eskaini zitzaion bigarren honetan; ikasleak bost baino ez ginen, baina denok lehengo hartan parte hartutakoak, oso lagungarri izan zelarik hori beste ikastaro honetako ariketei aurre egiteko. Are gehiago, haren lehen partean landu ziren ariketak esanosteko interpretaritzarekin oso lotuta zeuden, bi ikastaroen arteko zubi modura, aurreko hartan hartutako trebeziak berriz fintzeko helburuz. Asmoa zen kontzentrazioa eta entzundakoa sintetizatzeko gaitasuna lantzea, idatzizko nota lagungarriak gutxinaka alboratuz joanaz; zaila izan zen oso notaketaren babesari uztea, eta beharbada gehiago insistitu beharko zen puntu horretan. Tamalez, denbora faltak galerazten zuen gureganatuta geneuzkan bizio asko zuzentzea.
Ordea, mintzamena lantzeko burutu ziren ariketak beste bizio bat nabarmenki galtzeko baliagarri izan ziren: hitz jarioan alferreko lotura elementuez eta soinu betegarri edukingabeez baliatzeko ohitura oharkabekoa, alegia. Izan ere, bigarren ikastaro honetan lehendabizikoan lantzeke utzitako alderdi garrantzitsu bat —ahoskera, deklamazioa, mintzoaren zuzentasuna eta modulazio egokia— jorratu ahal izan genuen, hain zuzen, guztiz dohaia funtsezkoa bait da interpretariarentzat, adi edukiko duen entzulea gogaituko ez badu. Ikastaroan ezegokitzat hartu zen, baina ondo pentsatuta landu beharreko gauza da, elkarrizketa mailako testuak erabiltzea. Beharbada ikasten ari garenontzat, eta bidenabar irakasleontzat ere, frustragarri gertatzen zen elkarrizketa edo bapateko solasak itzultzen saiatzea, halako mintzaldi prestatugabeek sarritan izaten dituzten anakoluto, amaigabeko esaldi eta aurrera-atzerakoengatik; baina begien bistan dago interpretariak ezin duela mahuka hutsa den hizlaririk eskatu beti, eta, beraz, kalitate oneko testuak bezala txarrekoak ere txuliatu beharko ditu suertatzen zaion plazan. Aieneka berriz hasiz, denbora gehiagoko ikastaldi batean horrelako lanketa zorrotzak burutzeko parada egongo da, ez ordea guri egokitu zaigun erakoetan, eta, beharbada, kontutan hartu beharreko gauza izango da etorkizunari begira. Ikastaro-emaileak saiatu ziren azken partean langaien graduazio bat tajutzen, zailtasunak gutxinaka ugalduz, solasaren abiada bizkortuz, eta gaiak ere trinkoagotuz. Agian, hutsunerik bazen, nola den administraziorako interpretariak trebatzeko logikoki erabili beharko diren euskarazko langai administratiboen urritasuna, kontutan hartuz gure administrazio sailetan jarduten garen itzultzailefinterpretariok, salbuespenak salbuespen, euskarazko mintzaldiak erdaratzen baino ez garela aritzen gehienetan. Hau noski administrazio horri leporatu beharreko errua da, baina interpretaritzaren egitateaz at dagoen kontua denez gero, bego hartan; hori bai, honetan bezala egiten diren ahaleginei zernolako errentagarritasuna ateratzen zaion, argitu gabeko galdera da oraindik. Izan ere, 120 ordu gauza askorik egiteko aski badira ere, dudarik ez dago bai ikasleok bai irakasleok hainbat alderdi ezinbesteko sakontasunaz landu edo ikutu gabe utzi izanaren sentsazioaz geratu ginela. Egin zitezkeenen artean, batzuk aipatzearren, kabinetan grabaturiko geure interpretazioak entzun eta iritzi orokor edo azalekoak komentatu ez ezik, emandako testu osoak transkribatzea dago, geroago haien azterketa xehea egiteko parada aberasgarria izango bait genuen horrela; edota gaztelania eta euskararen arteko konparazio/kontrastaketa egitea, lan ezinbesteko eta egin gabe dagoena, interpretarientzat bezala itzultzaile hutsentzat ere. Edota, eskatzen hasita, ikasle gutxi ginela probetxatuz, bakoitzaren puntu ahulak eta pausu okerrak zuzentzeko ariketak egitea. Zentzu honetan, ikastaroan parte hartu genuen guztiok, ikasle zein irakasle, geure kontura trebatzen jarraitzeko beharra ikusi eta hartarako hitza eman genuen, grabatutako testuak interpretatuz eta taldeka interpretazio-lan horiek aztertuz ikastaroan gureganatutako dohaiak zorrozteko. Interesgarria litzateke, hala ere, premia hauek borondatez ez ezik bitarteko egokiez ere beteko balira, etorkizunak ezustean harrapa ez gaitzan. Geure aldetik begiratuta, bi ikastaroetan ibilitakook zer ikasirik franko izan genuen ehun ordu motz horietan. Alabaina, ikasitako hori gure lanerako nahikoa ote den, edota Euskal Herriak gero eta gehiago behar eta beharko dituen interpretariak prestatu eta trebatzeko era horretako ikastaldiak aski ote diren, bestek erantzun beharko dituen galderak dira.