Administrazioko hizkera eta terminologiaz jardunaldiak
Artikulua PDFn
Aurtengo ekainaren 8 eta 9an egin ziren Jardunaldi hauek Gasteizen, eta orain argitaratu dira han aurkeztutako hitzaldiak. Hizkuntza Politikarako Idazkaritzak eta Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatuta, gai hauekin zerikusi zuzena duten hogeitamar lagun inguru bildu ziren Jardunaldiotan, jatorri eta iritzi ezberdinetakoak, Herri-Administrazioetatik, Euskaltzainditik, Unibertsitatetik... etorriak.
Jardunaldi hauen helburuak:
- Administrazio-eremuko hizkera eta terminologian euskaraz azken urteotan egindako bidea aztertzea.
- Gaur egungo egoera aztertzea eta elkarren arteko iritziak jorratzea.
- Aurrerantzerako elkarlanerako bideak jartzea.
- Terminologia lantzeko eta bateratzeko bideak eta bitartekoak zehaztea.
Sei gai eta txosten nagusiren inguruan bildu ziren iruzkin eta eztabaidak:
- Administrazioko euskararen hizkera-mailak eta terminologi arazoak. Andres Urrutiaren txostena.
- Arazo ez-linguistikoak administrazio arloko terminologian. Gotzon Egiaren txostena.
- Administrazioko terminologiaren sorkuntzarako bideak. Andoni Sagarnaren txostena.
- Hizkuntza bakarretikako itzulpenez eta bestez. Ibon Sarasolaren txostena.
- Administrazioko terminologia eta inguruko arloekiko harremanak. Araceli Diaz de Lezanaren txostena.
- Administrazioko euskararen terminologia bateratzeko erizpide eta bideak: lantzekoak eta antolakuntzazkoak. Eneko Oregiren txostena.
Bi egunetan zehar eztabaida zabal baterako bide eman zuten txosten hauek eta mota askotakoak izan ziren ekarpenak, administrazioko hizkera eta terminologiaren gaiari zuzen-zuzenean lotuak batzuk, gaia bere zabaltasun osoan ukitzen zutenak beste zenbait. Horiek nolabait laburbildu beharrez eta, zenbait gauza interesgarri albora uzteaz gain, orokorregi gertatu eta jardunaldiotako ekarpenen zehaztasuna gutxiesteko arriskuz bada ere, honako puntuok azpimarratzera ausartuko nintzateke neu:
a) Jardunaldiotako giroa bera. Hainbat urtetan zehar gai hauetan nagusi izan dugun zatiketaren gainetik, bildu eta lasai eztabaidatzeko aukera izan da egun hauetan. Bakoitza bere bidetik ibili ondoren azken urteotan elkarren arteko bide bat, nolabaiteko elkargune bat sortu dela esan daiteke eta horren gain beste urrats batzuk emateko giro egokiagoa nabari da orain. Horretan oinarritu dira Jardunaldiok eta, inork bere iritzia mugatzen ibili gabe, lasaitasun eta zabaltasun haundiz eztabaidatu ahal izan dira gaiak. Azkenean honelako forumak sarriago antolatu beharra ere argi utzi duenik izan da.
Terminologi lanak emaitza onak izan ditzan erabiltzaileen arteko adostasuna landu beharra dago oinarri-oinarrian. Terminologian adostasuna ez da batez ere irizpide kontua, baizik eta onartze eta partaidetza-kontua eta hori lortzearren elkarlanerako, jadanik urratutako bideen azterketarako eta guztion partehartzearen bidez landutako gomendioetarako bide eta bitartekoak jartzea on litzake.
b) Bereziki bi arlotako jendea izan da batzar hauetan: hizkuntzaren inguruan (itzulpengintzan, hizkuntza normalkuntzan, hiztegigintzan,...) dabiltzanak batetik eta lege-munduaren inguruan (abokatu, irakasle, notario,...) dabiltzanak bestetik, eta bien arteko harreman eta tirabirak argigarri izan dira benetan.
Hizkuntzaren autonomia beharra azpimarratu zen hizkuntzalarien aldetik. Beste hizkuntzetako hitzek bide bat egin dute eta, sarritan, hasierako esanahia zabalduz, aldatuz, edo dena delakoz, esanahi zehatz bat hartu dute administrazio edo lege-munduko hizkeran. Hitz —edo hitz-kate— baten ordaina euskaraz ematerakoan ez dugu gaztelerazkoari estu-estu lotu beharrik; horren mezua, inguruko hizkuntza nagusiak (frantsesa, ingelesa, alemana eta katalana kasu) ere kontutan izanda, eta euskaldunak eta euskarak, hizkuntza gisa, behar duen autonomia, duintasuna eta batasuna (eta honetan Iparraldea ere kontutan hartu beharra aipatu zen behin eta berriro) gogoan izanda urratu behar dira bideak eta irtenbideak. Administrazio-munduen artekoa izan behar du itzulpenak hizkuntzen artekoa baino gehiago. Azken finean hitzen artean konbentzio-sare bat antolatu behar da eta konbentzio-sare hori euskararen izaerari eta euskaldunaren adierazpen-beharrei erantzunaz antolatu behar da. Konbentzioz ulertzen da esanahia zer den eta konbentzio horiek euskaraz ere landu behar ditugu.
Zuzenbidearen alorrean hitza jadanik mugatua izatea, eta haren esanahia zehatz-mehatz eman beharra ziurtasun juridikoa ez galtzeko, azpimarratu zuten berriz legelariek. Hizkuntzalariek nahi adinako askatasunik ez legoke hemen eta erdarazko (eta, gure kasuan, gehienbat gaztelerazko) hitz bakoitzari euskaraz ere ordain zehatz eta bakar bat eman beharra azpimarratu dute. Arau, doktrina eta jurisprudentzia hitzek garrantzi berezia dute eta hauetan euskarak inolako maniobrabilitaterik ez du.
Bai batzuk eta bai besteak bat etorri dira, ordea, elkarrekin saiatu beharraz. Administrazio eta lege-munduko hiztegia lantzeko hizkuntzalariek eta legelariek batera lan egin beharko dute. Guztion artean osatu beharko da konbentzio-sare hori nahiz eta bat etorri ez zenbaitetan sare horren autonomi mailan.
c) Administrazioan erabiltzen den hizkerak eta hiztegiak maila asko ditu eta horiek ongi bereizi beharra dago, guztiei ezin zaizkie eman eta irtenbide berberak.
Politikagintzaren, epailaritzaren, legegintzaren, administrazioaren hizkerak berezi daitezke batetik, baina baita zuzenbidearen hizkera zientifikoa, arau eta kontzeptu juridikoak, arau juridikoen exekuzioa eta, azkenik, administrazioak herritarrekiko harremanetan erabiltzen dituen hainbat informe, gutun, jakinerazpen... ere. Bakoitzak bere ezaugarri eta lotura bereziak ditu eta bakoitzean, eta batipat itzulpenetan, jokamolde eta irizpide ezberdinak erabili beharko ditugu.
Hiztegi kontutan ere antzeko zerbait dugu. Espezialitateko hizkuntzak eta bere nomenklaturak aztertzen dituen zientzia-teoriatzat hartzen badugu terminologia, administrazioan —eta administrazioko zenbait mailatan bereziki— darabiltzagun hainbat hitz hiztegi arruntari dagozkionak eta hizkuntza standardaren hurbilekoak dira; batzuetan eta bestetan ezin beraz berdin jokatu, eta kasu bakoitzean non gabiltzan oso ondo jakin beharko dugu.
Bestalde, berriz, administrazioak oso esparru zabalak hartzen ditu bere baitan eta alor bakoitzeko adituekin elkarlanerako bideak jartzen ahalegindu beharko du. Termino askok (saila, sailordetza, adz.) erabilera-eremu espezifikoa izango du administrazioan; beste askorentzat (pagadi, hegazkin, adz.) berriz, erabilera-eremu atxekia izango da eta, beraz, oso kontutan hartu beharko dira hauen erabilera-eremu espezifikoetan gerta daitezkeen garapenak.
d) Hitza ez da bere hartan hutsean hartu behar ingurukoarekin zerikusirik ez balu bezala. Diskurtsuaren baitan du lekua terminoak eta diskurtso osoari erantzun behar dio. Termino artean dagoena, diskurtsuaren egitura, begiratu behar da, askotan eragozpenak ez bait datoz terminoetatik, terminoen arteko loturatik baizik. Eta horren adibidetzat administrazioko hizkeran esapide, esaldi, hitz-kate edo lokuzioek zernolako maiztasuna eta garrantzia duten ikusi besterik ez dugu. Bestalde, hizkuntza batetik bestera igarotzerakoan —eta gehiago oraindik euskara eta gaztelera bezain hizkuntza ezberdinen kasuan— kategoria gramatikal bakoitza bestean kategoria berberaz zertan emanik ez da; aspaldiko baliabideak ditugu trasposizioa, parafrasia eta beste hainbat.
Askotan legea eta ekintza administratiboa itzultzen ari gara eta ez bitarteko diskurtsua, —esate baterako, literatura juridikoa—, eta hortik datozkigu arazo asko; euskaraz sortuko bagenu errazago iritsiko ginateke ziur aski zehaztasunera eta lehen aipatutako konbentzio-sare hura osatzera. Eta hemen ezin aipatu gabe utzi Legebiltzarrean ere lege-proposamenak eztabaidatzerakoan euskararen erabilpenak lukeen garrantzia.
e) Eta hain zuzen ere, administrazioan euskarak dituen arazo nagusiak ez datoz terminologiatik, erabilpen eskasetik baizik. Administrazioko terminologia ezin dezakegu estu-estuan aztertu, terminologia horien erabiltzaileak eta erabilguneak kontutan izan gabe, eta bide honetatik abiatuta, terminologiak beregaintasun apala du; hizkuntza gaitasunaren arazoa da nagusi; hiztunen mintzagaitasun ahul, erasan eta kaskarra da, sarri eta neurririk handienean, benetako arazo-iturria.
Honi aurre egiteko, euren artean nahiz herritarrekiko harremanetan, bere lanean euskaraz jardungo duten administrazio-guneak antolatu behar dira. Euskarazko erabilpenaren eta sorkuntzaren bidetik abiatu behar dugu orain arterainokoan baino askoz ere kemen handiagoz. Eta Administrazioari buruz esandakoak inguruko beste hainbat alorretarako ere balio du. Euskaraz administrazioeta lege-literaturarik sortzen, erabiltzen eta ezagutzen ez dugun bitartean itzulpenaren, eta neurri haundian gazteleraren, morrontzapetik irtetzea oso zaila izango zaigu.
f) Terminologiaren arazoa itzulpengintzaren eskutik datorkigu askotan eta itzulpeneko lan-baldintzak berriz oso txarrak dira gehienetan. Itzulketaren emaitza eta horren eraginari dagokion heinean administrazioko euskara hobetu nahi badugu, alde askotatik eragin beharra dugu:
- Itzultzaileen eta administrazioko langile (eta batez ere teknikari eta testu-sortzaileen) prestakuntza hobetzeko bideak jarriz.
- Euskarazko administrazio-testuen azterketarako bideak ugaritu eta aniztu behar dira, Unibertsitatearen eta hizkuntza erakundeen laguntza ere bideratuz.
- Itzulpengintzaren antolakuntzazko baldintzak erabat hobetu behar dira, testua sortu duenarekin harreman zuzenean jarriz itzultzailea eta lanerako bitarteko egokiak eskainiz.
- Itzuli behar diren testuen kalitatea hobetu behar da eta testua sortzerakoan nahiz itzultzerakoan kontutan izan behar dira hartzailearen nolakotasuna ere, honen baldintza soziolinguistikoak oso gogoan izanik.
g) Antolakuntza aldetik irizpideak bateratzeko eta batera jokatzeko bideak jarri beharra txosten eta iruzkin batean baino gehiagotan azpimarratu arren proposamen zehatzak ere eginaz, azkenerako utzi eta puntu hau ez zen sakon aztertu eztabaidetan. Aipatu dugu jadanik honelako forumak maizago antolatu beharra. Horrez gain ordea, antolakuntza sendoagoak beharko lirateke hainbaten ustez.
Antolakuntzan atal bat baino gehiago berezi beharko lirateke; hiru behintzat:
- -Terminologia lantzen duen taldea edo taldeak, terminologilari eta adituz osatuak.
- -Kontsultategia eta honen azpiegitura, terminologiako datubanku eta guzti.
- -Erabilpenerako erabaki, gomendio eta proposamen bateratuak egingo dituen taldea.
h) Egun hauetan administrazioko hizkera eta terminologia lantzeko irizpideez jardun genuen gehienean, eta kasuistikara oso sarritan murgildu arren, helburua ez zen hitzez-hitz eztabaidari ekin eta adostasunera iristea. Argi dago ordea, irizpideetan bat etorri arren gero irtenbide konkretuetan orpoz-orpo topo egiten dugula. Eta behin baino gehiagotan nabarmendu zen hori ere.
Horregatik, hitzez-hitzezko eztabaidarako bideak ere jarri beharra legoke, aurreko puntuan aipatutakoak edo bestelakoak. Lehenik hitz, esaldi eta esapideen onargarritasun edo "euskalduntasunaren" irizpide-sail edo baremo modukoren bat aztertu beharko litzateke eta, gero, hori aplikatuz, hitzez-hitzezkoari ekin. Eta ildo horretan han zenbait proposamen eta eztabaida izan arren, bide hori eginkizun geratu zen gehienbat.
Beste puntu asko ere aipa genitzazke baina niri puntu hauek iruditu zazkit hemen gogoragarrienak. Nolanahi ere, argitaratu berri da txostenak, txostenei partaide bakoitzak egindako iruzkinak eta elkarrizketan izandako eztabaida eta ekarpen nagusiak biltzen dituen liburua eta hara jo beharko du zehaztasun gehiago nahi duenak.
Edonola ere urrats berri bat izan dira Jardunaldi hauek. Gai asko eta garrantzitsuak mahaigaineratu ziren eta elkarlanerako giroa egokia, duela urte batzuk mundu honetan nabari zitekeen baino hobea, izan daitekeela gaur egun erakutsi zuten. Arazoak eta akatsak non aurkituko ditugun ere ongi nabarmendu zen. Eta bide honek aurrera egin behar du oraindik fruiturik emango badu. Agintaritzak du orain herronka hor esandakoak bereganatu eta irtenbide bat eskaintzeko. Lantalde bat sortua da jadanik zenbait erakundeetako ordezkariz osatua, han aztertutakoa jaso eta, administrazioko hizkera eta terminologiari dagokionez, hiru punturen inguruan proposamenak egin ditzan:
- Terminologi alorrean zer behar izan ditzake administrazioak datozen urteotan.
- Administrazioak terminologia, eta hizkuntza eredua bera, bateratzeko zernolako bideak erabil ditzake.
- Egitasmo hori burutzeko zernolako egitura antolatu behar du administrazioak eta zernolako harremanak behar ditu terminologia eta hizkuntza-ereduen inguruan lanean hasi diren pertsona eta erakundeekin.
Gai honek izango dituen aurrerabideez eztabaidatzeko aukera berririk ere izango al da beraz! Eta partaide batek azaldu bezala, hor dugu berehala Larramendiren ehunurteurrena, gai hauen jorratzeari berriro ekiteko aukera ezin hobea eskain dakigukeena.