Ale honetan
Senez aldizkari honek dakarren lehenengo albistean bere azal orrietan ezkutaturik datorrena, jabego aldaketari dagokiona da, aldizkari honen argitaratzailea, orain arte Donostiako Itzultzaile Eskola zena, hemendik aurrera Euskal ltzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkartea izango bait da.
Senez aldizkari hau Donostiako Itzultzaile Eskolak sortu zuen, orain dela lau urte, bere lehenengo alearen sarreran aitortzen zuen bezala, euskal itzultzaileen gogoeta eta topaleku izateko. Bere oinarrizko asmoa euskal itzulpengintza ezagutu, kalitatea jaso eta sendotzea izan da, euskal itzulpengintzak sendotzeko behar dituen tresnak ekarri eta haiez hornitzea. Zentzu horretan, euskal itzulpengintzak lekua duen alor guztietan saiatu da aldizkari hau bere sorreraz gero itzulpen munduari buruzko gogoeta burutzen: itzulpen teoria, itzulpen literarioa eta pragmatikoa, interpretaritza, itzulpen kritika eta historia, hizkuntzalaritza kontrastiboa, itzultzailearen egoera eta lan baldintzak. Labur, euskal itzulpengintzari zegozkion guztietan ahalegindu da, ahalak —ahal laburrak, tamalez— iristen zitzaizkion heinean.
Euskal itzultzaile, interpretari eta zuzentzaileen premiak eta nahiak ezagutu eta bideratzen ere egin du bere ahalegintxoa. EIZIE elkartearen abiapuntu oinarrizkoenetako bat aldizkari honek egindako inkesta batean dago, hain zuzen ere. Eta hala, Euskal Herriko itzultzaile, zuzentzaile eta interpretariek elkarrengana biltzeko eta elkarrekin sendotu eta indartzeko zuten premia eta asmo horri izateko bidea eman zaiolarik sortu da EIZIE elkartea, euskal itzulpenaren mundua sendotzeko berebiziko aurrerapausoa eta tresnarik garrantzizkoena izan behar duena.
Elkarte honek bere I Biltzarre Nagusian izateko hartu zituen helburuen artean "euskal itzultzaileak prestatu eta hobe daitezen saiatzea" aipatzen da (II Titulua, 7. Artikulua - d). Modu eta era askotara bete dezake Elkarteak eginkizun hori: argitalpen, bilera, mintegi, etab., eta hasia da helburuak deklarazio soil izan ez daitezen zenbait mintegi antolatzen ere.
Donostiako Itzultzaile Eskolak aldizkari honentzat Elkartea leku hobea zela ikusirik, berau eskaini zion Elkarteari, beronen lehen alearen sarreran aitortzen zituen helburuak Elkarteak dituen berberak direla kontutan harturik: "Aldizkari honek, beraz gaitzat hartu dugun alorrean interesa dugun guztion elkargarri izatea du lehedabiziko helburua" eta geroxeago "bigarren helburua... kanpoko teorizaziotatik hartu eta baliagarri izan genezakeen guztiaren berri ematea da".
Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak haren eskaintza onartu zuen, eta erredakzio batzorde bat antolatu zuen aldizkari hau aurrera ateratzeko. Erredakzio hori Elkarteak dituen alor guztietako pertsonek osatzen dute: Administrazio eta komunikabideetako itzultzaileen batzordekoak, Itzulpen literarioan ari direnak, interpretariak. Erredakzio honek hartu dituen erabakien artean aldizkariaren maiztasunari erantzutea, aldizkaria arintzea, eta itzulpen arazo konkretuei buruzko lan puntualak gehiago argitaratzea izan dira ondorio gehien ekar lezaketenak.
Ale honekin beronekin hasi berria duen bizi-epe honetan urte askotako oparotasuna opa diogu beraz SENEZi.
Ale hau
Munduan diren erlijio handietako testuen itzulpenak arazo larriak sortu izan ditu beti, eta arazoak diren guztietan bezala, gogoeta ugari ekarri du, eta ondorio asko izan du gertatu den leku eta momentuetan.
Hainbat hizkuntzaren literatura idatziaren hasierak testu sakratuen itzulpenean du oinarria: Gure artean ezagunak dira armeniera, gotikoa, errusiera, ukrainiera, alemaniera, lituaniera, txekiera, eta iaia euskararen kasuak. Berriroago, joan den mendetik hona, hain sarri aipatzen ez badira ere, misiolariek alfabetoz hornitutako hainbat hizkuntza aipatu beharko lirateke Afrikan eta Amerikan batez ere. Hizkuntza horiek dira, Sobiet Batasunean Urriko Iraultzaren ondotik alfabetatu zirenez aparte, idatzi izatera iritsi diren ia hizkuntza bakarrak.
Horregatik, ordea, ez dira ahaztu behar, Ekialde urrunean batez ere, testu sakratuen itzulpenak berebiziko eragina izan duen zenbait hizkuntza: tibetanoa, japonesa eta txinoa bera, neurri batean.
Testu sakratuen itzulpenak teorizazio ahalegin handi bat eragin du, gainera, egin izan den guztietan, jatorrizko testuaren edukiari, eta gehienetall formari, aparteko errespetoa izatea eskatzen duelako; hitz sakratua, izan ere, eragilea bait da berez.
Hari honi jarraituz, testu sakratuetatik euskarara (Bibliatik) egin diren itzulpenen historia labur bat egin da. Historia horren bukaeran, ordea, bi itzulpen handi aurkitzen dira: Eliz arteko Bibliaren itzulpenerako taldearena, eta liturgi Batzordearen Itun Berriaren itzulpena. Hauek ere artikulu banatan aztertzen dira.
Senezen ale honen gai monografikoa den horren ondoan, ordea, azkeneko aldi honetan itzultzaileen artean pilpilean dagoen beste gai bat dator: Itzultzaile ikasketen erregulazioa. Espainiako Estatuan itzultzaile ikasketak aldatzeko asmoa dago, eta proposamendu batzuk egin dira. Proposamendu horien iturburuak eta nondik norakoak aztertzen dira bi artikulutan.
Horiez gainela, Senezek bereak dituen atalak betetzen dira: itzulpen kritika, aldizkari eta liburuen berri ematea, eta berri eta albiste laburrak.