Antología de la Narrativa Vasca Actual: itzulpenaren gorabeherak
Artikulua PDFn
Sarrera
Pozgarria izaten da euskal literaturazko liburuak hartu eta bertan garatzen diren lan desberdinek eskaintzen dutena dastatu ahal izatea; are gehiago, beren orrialdeetan izan dezaketen balio literarioa dela eta beste hizkuntzetako irakurleei gure literatura hori ezagutzeko aukera ematen zaiela ikustea ere. "Ezagutzera emate" hori, jakina, gaur egun gero eta beharrezkoago bihurtzen ari den eginkizun baten bidez bakarrik da posible: Itzulpenean bidez, alegia; ez nolanahiko itzulpenez ordea, baizik eta seriotasunez eta benetazko arretaz egiten denaz, hain arriskutsua eta, halaber, hain erakargarria den itzulpenaz.
Gaurdaino euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako testuen kopurua (literaturazkoa) urri samarra bada ere, gehiagotzen ari dela esan beharra dago. Horren froga txiki bat izan daiteke 1986. urtean argitaratu den "Antologia de la Narrativa Vasca Actual" izeneko liburua, Euskal Idazleen Elkarteak bultzatu eta argitara emana. Liburu honetan azken urteotako Euskal Narratibaren 10 testu (ipuin soilak zein nobela zatiak) agertzen dira egileak berak gehienetan edo bestela beste norbaitek gaztelaniara egindako itzulpenarekin batera parez pare jarrita. Gaurko euskal itzulpena zer nolako egoeratan dagoen jakin nahirik eta aipatutako liburua aztergai hartuta, bertan dauden itzulpenak bakoitzari dagokion jatorrizko testuarekin konparatu ditugu balorazio orokor batzuk ateratzeko asmoz. Artikulu honen helburua beraz izango da laburki azaltzea euskal narratibaren itzulpenaren nondik-norakoa, jarraitu diren irizpideak eta zenbaterainoko itzulpen egokiak lortu diren, beti ondorio orokor bat bilatuz. Horretarako saiatu gara modu sinple eta objetibo batez gertatzen diren akats eta desegokitasunak agerian jartzen era desberdinetako adibideak erantsiz, lagungarriak izango direlakoan. Azkenik esan, ez dela itzulpen bakoitzaren azterketa zehatza, han eta hemen jasotako ezaugarririk interesgarrienen bilketa bat baizik.
Gainetiko ikuspegia
Beti gertatu ohi da itzulpen bat eskuetan hartu eta irakurtzeari ekiten diogunean lehenengo inpresioa itzulpena ondo burutua dagoelakoa izatea; baina jatorrizko testuarekin parekatu eta konparatzen badugu, hasiera batean hautemagaitz eta erdi izkutuak ziren zenbait errakuntza agerian jar daitezke, eta orduan lehenengo inpresio hori ilaundu egiten da itzulpen lan horren desegokitasunak eta hanka sartzeak azaleratuz; eta aldi berean itzulpenaren balioa bere egiazko neurrira doitzen da.
Horrekin, hain zuzen, egin dugu topo Antologia honen itzulpenak bakoitzaren jatorrizko testuaren parean jarri eta aztertu ondoren. Aurreneko irakurketa batean, eta gainetik ikusita, nahiko lan egokiak baziruditen ere, ez da gauza bera gertatu azterketa aurrera joan ahala eta hasierako iritzi hori indarra eta oinarria galduz joan da.
Beraz, hasteko esan dezagun, itzulpenak orokorki hartuta, zenbait kasutan ez direla behar bezala landu eta jatorrizko testuak ziren baino hobeak izan litezkeela testu itzuliak. Egindako azterketatik ateratzen dugun lehenengo ideia honako hau litzateke: itzulpenen desberdintasun nabarmena; ez da ikusten inondik ere eredu guztiz antzekorik itzultzaileen aldetik, lortu diren emaitzek adierazten dutenez. Desberdintasun horien zioak bilatzerakoan bat aipatu liteke gure ustez nagusienetakoa izan daitekeena: itzultzaile zeharo ezberdinen eskutik, eta plangintza zehatz bat gabe, itzuliak izatea; antologiaren antolamendu arazoa, alegia. Sarreran esan bezala, 10 testu dira argitaratuak; bada, testu bakoitzaren itzulpena beste 10 pertsonak burutu dute, norberak euskarazko testu bana itzultzeko erantzunkizuna hartu duelarik . Horri gaineratzen badiogu gehienak ez direla lanbidez itzultzaileak, hau da, ez dutela itzulpena ogibide, kontuak atera genitzake eta lehen esandakoa justifikatu.
Beharbada komenigarria izango da laburki azaltzea, liburua eskuratzeko aukeratik izan ez duenari, nortzuk izan diren jakiteko itzulpenak burutu dituztenak; esan behar da gehienbat euskal idazle ezagunak ditugula, eta beraiek izan direla nork bere euskarazko testua gaztelaniaratu dutenak. Honako hauexek dira:
Jose Agustin Arrieta
Laura Mintegi
Bernardo Atxaga
Ramon Saizarbitoria
Mikel Hernandez
Txillardegi
Koldo Izagirre
Anjel Lertxundi
Honetaz gain, badaude beste bi testu, bata Joseba Sarrionaindiarena eta Arantxa Urretavizcayarena bestea, idazleak berak ez beste batek itzuliak: Bakartxo Oyarzabalek eta Maite Gonzalez Esnalek lehenengoa, eta azken honek bakarrik bigarrena, biak Jesus Mª Lasagabasterrek berrikusi dituelarik. Itzultzaile ugaritasun honek garbi asko adieraz ditzake itzulpenen artean gertatzen diren aldeak eta desbiraketak, batez ere, kontutan hartzen badugu itzulpen lanaren emaitza egiten duenaren araberakoa izaten dela beti. Interesgarria izan liteke ezagutzea, bestalde, zer dela eta jokatu duten era batera edo bestera, baina ziur gaude beraiek bakarrik dakiten gauza dela hori, eta beraz ez gara honi buruz gehiago luzatuko.
Desberdintasunak: joerak
Edozein Antologiaren funtsezko helburua gutxienezko batasun bat aurkeztea izanik, honetan ikusten dugun puntu kritikagarrienetariko bat hori berori litzateke, alegia, koherentziarik eza nabarmena, bai testuen aukeran, bai itzulpenak lantzerakoan.
Batasun falta hori garbi justifikaturik gera daiteke gure ustez erabili diren irizpide edo itzulpen joera desberdinetan. Esan dezagun beraz, bi joera nagusi ikusten ditugula, itzulpenak nola burutu jarrera desberdinak agerian jartzen dituztenak.
a)Joera dinamikoa edo zentzuzkoa
b)Joera formalista edo hitzez-hitzezkoa
Hauez gain, esan liteke beharbada badela beste bat, aurreko bien erdian legokeena:
c)Joera orekatua
Liburuko itzulpen lanen egileak sail hauen artean banatzerakoan horrela geratuko litzateke zerrenda:
a) Joera dinamikoa
A. Lertxundi
Txillardegi
Bernardo Atxaga
Mikel Hernandez
Laura Mintegi
b) Joera formalista
Bakartxo Oyarzabal
Maite Gonzalez
Jose Agustin Arrieta
c) Joera orekatua
Ramon Saizarbitoria
Koldo Izagirre
Sailkapen honetatik ateratzen dugun lehenengo ondorioa zera da: zentzuzko joera beste bien gainetik nagusitzen dela, hamar itzulpen horietatik bost esandako joerari bait darraizkio. Era berean, begibistakoa da kasu bakoitzean zeri eman zaion garrantzi gehiago, ondoren azalduko dugunez.
Zentzuzko joera: dinamikoa
Sarritan gerta daiteke bi hizkuntzaren artean desoreka ageri bat dagoenean, jatorrizko testua itzultzeko guztiz baliokideak izaten diren formak aurkitzea neketsua izatea; horrelako kasuetan itzultzaileak jatorrizkoan esaten dena hartu eta interpretatu egin behar izaten du orijinaletik urrunduz. Euskara eta gaztelaniaren artean desoreka hori gertatzen bada ere (hori aitortu beharrean gaude) ez dugu uste arrazoi nahikoa denik Antologia honetan jokatu den moduan jokatzeko; agian esplikazio bat izan liteke, baina ez litzateke inolaz ere justifikaturik geratuko.
Esan bezala, joera honi jarraituz burutu da liburuan agertzen diren itzulpenen erdia; "Zer" esaten den itzuli dute, baina "nola" esaten den ez; hori onargarria da itzulpen pragmatikoan, inoiz ez itzulpen literarioan. Orijinalarekiko leialtasuna hautsi egiten dute, formaren aldetik ez ezik zentzuaren aldetik ere bai kasu honetan. Daukagun inpresioa itzulpenak konparatzerakoan itzuli baino gehiago beste testu bat sortu nahi izan dutelakoa da, jatorrizkoan dagoenaz gain ez dagoena ere idazten bait dute sarri. Gure ustez, horrela jokatzeak kritika zorrotz bat merezi du; izan ere, hori ez da itzultzea, birsortzea baizik. Adibide egokia da literatura nola itzuli behar ez den azaltzeko.
Ikus dezagun B. Atxagaren testuaren ondorengo perpausa eta berorren itzulpenarekin konparatu:
Eusk. 68. orria (11-12): "Komeni zaizu, derrigorrezkoa ez izan arren, edozein musika entzuten egotea".
Gazt. 69. orria: "Es tarnbien necesario, aunque en un grado menor, que escuche musica, cualquier canción de texto incomprensible para usted, una canción, por ejemplo rusa".
Hemen garbi asko ikusten da goian esandakoa; bi perpaus horien aldeak nabarmenak dira. Ezin daiteke esan hau itzultzea denik ez bait da gauza bera adierazten. Gaztelaniazko esaldia askoz ere luzeagoa gertatzen da itzultzaileak inolako arrazoirik gabe asmatu egin duelako euskarazkoan ez dagoena.
Bestalde, "derrigorrezkoa ez izan arren" eta "en un grado menor" ez dira parekoak, ez bait dute mezu berbera transmititzen; gure ustez ederki jar zitekeen "aunque no es imprescindible".
Har dezagun orain ondorengo berbaldia: (B. Atxaga)
Eusk. 70. orria (2-4): "Sukaldean ontzi bete ur edan ondoren —eta lepogaina ur berberaz igurtziz gero, are eta hobeago— bisita ezazu komuna mahaian bereseri aurretik".
Gazt. 71. orria (2-6): "Beba un poco de agua —y si viene helada no desaproveche la ocasión de mojarse el cuello— y antes de volver a sentarse ante la mesa eche una meada suave (en el retrete, se entiende, porque mearse en el pasillo nos, en principio, un atributo de lo literario)".
Hemen berriro ikusten da Atxagak hartu duen askatasuna nahi duena eta nahi duen moduan itzultzeko: parentesi artean jarri duen esplikazio hori sobran dago erabat. Baina aipatu daitezke beste desegokitasun batzuk:
Informazio galera "sukaldean ontzi bete ur". Hau ez da inondik agertzen gaztelaniazko testuan.
Hizkuntza literarioa ez zaintzea - "bisita ezazu komuna" eta "eche una meada (en el retrete...)" espresioak arras desberdinak dira; gaztelaniazkoa askozaz gogorragoa da eta indar gehiago du euskarazkoak baino. Jatorrizkoaren eufemismo hori ilaundua geratzen da espresio bulgarra erabiltzean. Beraz, berbaldi osoa hartuta, ez dugu itzulpentzat hartzerik jatorrizko testua eta itzulpenekoa ez bait datoz bat.
Zentzuzko joera honen ildo beretik jarraituz, aipatu beharrekoa da baitaere, bi testuen maila literarioak aurkezten dituen alde edo desberdintasunak. Zenbait kasutan itzulpeneko testua jatorrizkoaren gainetik aurkitzen da prosa dotore eta erosoagoa bilatzen bait da; erabiltzen diren espresioak egokiak badira ere hizkuntza horretan, gainditu egiten ditu euskarazkoak testu literarioago bat sortzen delarik.
Hona hemen adibide bat: (A. Lertxundi)
Eusk. 106. orria (1-3): "Lur eman zidatenerako deseginxeak ziren aurpegietako marra minduak, disimulatu ezin diren malko oharkabeak, hasperen arin bezain iheskorrak".
Gazt. 107. orria (1-4): "Esas cansadas arrugas de sus caras, esas imperceptibles lágrimas deliberadamente ostentadas, esos suspiros tan suaves como fugaces habrán ya desaparecido para cuando terminen de enterrarme".
Bi perpaus hauek jatorrizko eta itzulpeneko hasierari badagozkio ere, nahiko izan daitezke A. Lertxundik itzulpenarekiko duen jokaeran konstante bat izango dena egiaztatzeko: interpretazio askatasuna eta testua aberastu nahia. Espresioei lotzen bagatzaizkie zera ikusten dugu:
"Marra minduak" eta "arrugas cansadas" ez dira gauza bera, lehenengoak duen indarra eta adierazkortasuna bigarrenean desagertu egiten da zeharo ezberdina den beste espresio bat erabiltzean; "rayas doloridas" esan zezakeen inolako problemarik gabe. Era berean, "disimulatu ezin diren..." eta"deliberadamente ostentadas" espresioak hartzen baditugu, berehala jartzen da agerian gaztelaniazko forma askozaz aberatsagoa dela eta ez duela mezu berbera adierazten. Zure iritziz, ''lágrimas imposibles de disimular" eta "lágrimas deliberadamente ostentadas" esateak aski esanahi desberdina iradokitzen digu. Honez gain, aditz denbora aldaketak —futuroa lehenaldiaren ordez— eta sintasiaren ordenak salatzen dute itzulpenaren hainbat desegokitasun.
Argi dago Lertxundik hautatu duen bidea jatorrizko testua oinarri bezala hartu eta beste testu bat sortzekoa izan dela. Txillardegiren itzulpena hartuz gero alderantzizko fenomenoarekin egiten dugu topo; hau da, jatorrizko forma zehatz jarraitzen saiatzen bada ere, gaztelaniazko espresioak desegokiak gertatzen dira.
Eusk. 158. orria (16-17): "Andere pare bat bakarrik, ezkerraldeko gozotegiaren ondoan kalaka aspergaitzean".
Gazt. 159. orria (18-20): "Sólo una pareja de damas era visible, mientras charlaban incansablementejunto a la bomboneria de la izquierda".
Bistan da gaztelaniazko "una pareja de damas" espresioa erabat inpropioa dela kasu honetan, itzultzaileak lexikoaren hautapenean izugarrizko hanka sartzea egin duela salatuz; "un par de mujeres" hobeto legoke.
Itzulpen joera honen barruan ikusi dugunez, itzultzaileek aukeratu duten bidea jatorrizko testutik urruntzekoa izan da, beronekiko leialtasuna hautsiz bai forma eta bai zentzuaren aldetik; hori egiaztatu ahal izan dugu itzulpeneko testuetan etengabe agertzen diren gehikuntzak direla medio. Badago, hala ere, aldez besteko fenomenoa: ezabaketak alegia. Begira diezaiogun Mikel Hernandezen itzulpenari:
Eusk. 78. orria (9-14): "Eta gogoratzen naiz bestalde Rilkek esandakoaz, idaztea utzi behar dela eta hura gabe posible baldin bada bizitzea, bada, ez da hitz bat gehiago idatzi behar. Badakit ez dela snobismoz idatzi behar baina ez da nire kasua bestalde. Ni ere homme plume naiz, Flaubertek zioen bezala".
Gazt. 79. orria (9-13): "O como decia Rilke, hay que intentar dejar de escribir y vivir asi si es posible, sin la escritura, sin escribir una sola palabra mas. No hay que escribir por esnobismo, yo tambien soy un homme plume como decia Flaubert".
Arretaz konparatzen baditugu bi berbaldiak konturatzen gara euskarazkoan dauden hiru esaldi (bi nagusi, eta bat nagusi baten koordinatua) ez direla inondik agertzen itzulpenean:
"eta gogoratzen naiz bestalde"
"badakit"
"baina ez da nire kasua bestalde".
Lehenengoaren ordez esamolde ezberdin bat erabiltzen du jatorrizkoaren batere antzik ez duena "o como decia Rilke", eta besteak aipatu ere ez ditu egiten.
Adibide honetan aipagarria da sarri askotan gertatzen den beste ezaugarri bat ere: puntuazio aldaketa.
Euskarazkoan: "... ez da nire kasua bestalde. Ni ere homme plume naiz..."
Gaztelaniazkoan: "No hay que escribir por esnobismo, yo también soy un..."
Ikusten denez, jatorrizkoan bi esaldi nagusi ditugu puntu batek bereizirik; itzulpenean bereizketa hori desagertu egiten da koma jartzean bi esaldiak lotuagoak gertatzen direlarik.
Adibide hau nahiko sinplea suerta badaiteke ere, balio diezaguke froga gisa itzulpen hauetan puntuazioari eman zaion garrantzi eskasa egiaztatzeko.
Ikus dezagun beste esaldi bat:
Eusk. 80. orria (6-9): "hodei iragaite mengel pairaezin hori, ezer ez dagoela definitiboa bizitzan, zerbait errebelatzen zait barruan; ez nagoela konforme..."
Gazt. 81. orria (5-8): "Ese insoportable y frágil transitar de nubes, que nada hay en la vida sea definitivo; se me rebela algo por dentro, siempre pienso, como si fuera un niño..."
Azpimarraturiko esaldiak ditugu aztergai hemen; ohartzen bagara ikusiko dugu ordena ezberdinean datozela, bata puntu eta komaren aurretik, eta puntu eta komaren atzetik bestea, azken hau ondorengoari erantsi zaiolarik. Aipatu behar da, berriro, beste ezabaketa bat:
"... ez nagoela konforme..." —honek ez dauka bere parekorik itzulpenean.
Hona iritsita, egoki deritzogu joera dinamiko edo zentzuzkoari buruz ondorio txiki bat ateratzea. Zalantzarik gabe, literatura itzultzerakoan Nola esaten den Zer esaten den bezain garrantzitsua da, eta hauetako alderdi bat ahulduta geratuz gero itzulpena bide okerretik burutua izango da. Bada, aipatutako adibideak aski izan daitezke zer nolako bidea aukeratu den azaltzeko. Gure ustez, ez dago arrazoi gehiegirik era horretan jokatzeko, batik bat, itzulpena problemarik gabe zehatzagoa lortu daitekeenean, baldin eta jatorrizkoa ahalik eta hurbiletik jarraitzen bada. Gutxi gora beherako itzulpenak egiteak seriotasun falta nabarmena salatzen du itzultzaileari dagokionez.
Hitzez-hitzezko joera: formalista
Itzulpen hauek burutzeko jarraitu den bigarren joera nagusia litzateke honako hau. Jatorrizkoaren formarekiko leialtasuna (baita zentzuarekikoa ere) bilatu da batez ere, "Nola esan"ek garrantzi berezia hartu duelarik. Esan dezagun itzulpenei lotuz, J. A. Arrieta. A. Urretavizcaya eta J. Sarrionaindiaren itzulpen lanak nahiko zehatzak direla eta aurrekoan gertatzen zen "birsortu nahi" hori baztertu egin dela.
Hitzez-hitz itzultzeak, jakina, daukan arazoa izaten da sarritan itzulpeneko testua artifiziala gertatzea, sintasi eta egitura gramatikalei dagokienez. Aipaturiko hiru itzulpenak joera honen inguruan mugitzen badira ere, ez dugu uste era horretako problemak sortu direnik kasu honetan, ez bait da gaztelaniazko testua traketsa edo bortxatua egiten. Esan beraz, lortu den emaitza ontzat har daitekeela, nahiz eta lexikoaren hautapenean zenbaitetan huts egin dela iritzi litekeen. Ikus ditzagun adibide batzuk:
1. Eusk. 144. orria (5-7): "Hari mehe eta geldotan hedatzen da kriseilu ahul baten argia, argi elektriko gaisoa, miarma sare baten antzera".
Gazt. 145. orria (6-8): "La luz, desangelada luz eléctrica de una débil lámpara, se extiende en delgados y tímidos hilos, como una tela de araña".
2. Eusk. 144. orria (7-9): "Kristala hautsirik eta orratzak geldirik dituen horma-erloju bat dago, gainerako guztien zaindari".
Gazt. 145. orria (8-9): "Hay un reloj de pared con el cristal roto y las agujas paradas haciendo de guardián de todo lo demás".
3. Eusk. 146. orria (3): "... eta bidazti saldo ezezagunak ere".
Gazt. 147. orria (3): "... o las anónimas manadas de viandantes".
Ikusten denez, itzultzaileak ez du asmatu hitzak aukeratzean; izan ere, "desangelada luz" eta"argi gaisoa" nekez dira baliokideak; era berean, "tímidos hilos"ek ez dirudi oso egokia kasu honetan; "manadas" esatea gogorra gertatzen da gaztelaniazko esaldian. "... haciendo de guardián de..." espresioak bestalde bortxatu sarnarra dirudi; hobeto legoke "como guardián de todo lo demás".
Erdiko joera: orekatua
Ikusi ditugun itzultzeko bi modu nagusi horien erdian kokatzen dugu azkeneko hau; aurreko bien hurbiltze bat suposatzen du, hau da, bai forma eta bai zentzua biltzen dira itzulpeneko testuan bakoitzak duen garrantzia mantenduz. Gure ustez hau litzateke jarraitu beharreko itzulpen era, literaturari dagokionean bederen; izan ere, gaur egungo literatur itzultzaileak honen inguruan mugitzen dira, beroni jarraituz lortzen bait dira intzulpenean emaitzarik onenak.
Antologia honi lotuz esan dezagun Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria sartzen direla honetan, berauen itzulpenak orohar egokiak suertatzen direlarik. Ardura berezia antzematen zaie hizkuntza literarioa zaintzeko (jatorrizkoa, noski), eta esan behar da neurri haundi batean jatorrizko testuaren balio literarioak neurri doiez isladaturik geratu direla itzulpenean. Badira, ordea, espresio batzuk gaztelaniaz euskaraz baino aberatsagoak gertatzen direnak. Har ditzagun ondorengo esaldiak: (K. Izagirre)
Eusk. 94. orria (5): "Legeak sortu aurretik, erregeak agintzen zuten".
Gazt. 95. orria (4-5): "Antes de crearse las leyes, mandaban los reyes".
Edo:
Eusk. 94. orria (7-8): "Eta horregatik errege botako dun legerik ez omen do".
Gazt. 95. orria (7-8): "y por eso dicen que no hay ley que derribe al rey".
Bistakoa da hemen, bi adibide hauen gaztelaniazko esaldiak literarioagoak iruditzen zaizkigula, literatunasunezko sentsazioanabariago eragiten digutela, jatorrizko testuanan ez dagoen errima dela eta.
R. Saizarbitoriaren itzulpena hanzen badugu konturatzen gara zenbaitetan espresio motelagoak erabiltzen dituela:
Eusk. 136. orria (15-16): "Pago lepo luzeen ostro tartetik filtratu zen argi lanbro berdea".
Gazt. 137. orria (16-18): "La llovizna de luz verde que se filtraba a través de las hojas de aquellas hayas esbeltas".
Argi dago oraingo honetan, "pago lepo luze" espresioaren esanahi zehatzak indarra galtzen duela gaztelaniaz "hayas esbeltas" jartzean.
Beste horrenbeste egiten du itzultzaileak ondorengo honetan:
Eusk. 136. orria (8): "... ezpainetatik zerbeza aparra zeriola".
Gazt. 137. orria (9): "...los Iabios llenos de espuma de cerveza".
Euskarazko espresioaren dinamikotasun hori ez da itzulpenean isladaturik geratzen.
Artikulu honetan zehar ezarri ditugun adibideak (askozaz gehiago jar genitzakeen) balio izan digute, aldez edo moldez, agerian jartzeko itzulpenetan egin diren era desberdinetako desegokitasunak; ikusi ahal izan ditugu, baita ere, zenbait kasutan jatorrizko testua eta itzulpenekoaren anean dauden alde nabarmenak, itzultzaileek aukeratu duten bidea, eta, inponanteena, gaur egungo euskal itzulpenaren egoera, zeinak lan horretan aritzeko ezinbestekoa zaigun eredu finko baten gabezia salatzen bait du.
Liburuaren errakuntzez zerbait
Zoritxarrez, honetan ere badago zer esanik. Beti uste izan dugu liburu bat argitaratzea arreta haundiz egin beharreko lana dela; ez zaigu iruditzen, ordea, despisteak, ahazketak, inprenta akatsak e.a. ikusita behintzat, honako hau eskatzen dugun eta euskal idazleen elkarteak aldarrikatzen duen ardura horrekin burutu denik. Guzti honek pentsaerazten digu kontu gehiegirik gabe aritu dela lan honetan, berorrekiko beharrezkoa den seriotasuna beste une egokiagoetarako utzirik.
Ondorio gisa
Esanak esan, eta aipatuak aipatu, guzti honetatik ateratzen dugun konklusio nagusia zerau da: itzulpenarekiko seriotasun falta (eta agian profes ional tas un falta) Antologia honetan parte h artu dutenen aldetik; izan ere, ez zaio itzulpenari behar den garrantzia eman (edo eman nahi izan) era honetako eginkizun batek duen balioa estalia geratu bait da errazenera jo nahi izan delako askotan. Kontutan hartuz gure literatura hau ez dela sobera ezaguna Euskal Herritik kanpo, ahalegin dexente bat egin dezakegu hori posible izan dadin, baina behar diren gauzak eta behar diren moduan eginez, hau da, kalitate minimo batez, ez edonola.
Ondoren adibide zerrenda bat jarriko dugu lexiko hautapenari dagozkion zenbait akats nabarmentzeko. Hona hemen:
1. Eusk. 92. orria (4-5): "Ez ziren bederatziak soinua entzun zutenean".
Gazt. 93. orria (4-5): "No eran todavía las nueve cuando oyeron la música".
2. Eusk. 92. orria (10-11): "lukainka puskak makiletarik zintzilik".
Gazt. 93. orria (11-12): "largas longanizas colgando de pértigas".
3. Eusk. 134. orria (9): "Lehendabizi izerak aldendu".
Gazt. 135. orria (10): "En primer lugar liberarse de las sábanas".
4. Eusk. 134. orria (10-11): "Eskuineko eskuaz".
Gazt. 135. orria (12): "Con la mano izquierda".
5. Eusk. 134. orria (2): "Etzan".
Gazt. 135. orria (2): "dejarlo caer".
6. Eusk.136. orria (14-15): "Argiaren koloreetan identifikatu behar nuena".
Gazt. 137. orria (15-16): "... que tenía que haber identificado a partir del colorido de la luz".
7. Eusk. 176. orria (22-23): "... non galtzen dira mutil koskorren ipurdiak".
Gazt. 177. orria (21): "... donde se pierden los culos de los chavales".
8. Eusk. 144. orria (16): "... desira lizunak gogoratuaz".
Gazt. 145. orria (17): "... paladeando deseos obscenos".
9. Eusk. 158. orria (1): "Eta biharamun arratsean agian...".
Gazt. 159. orria (1-2): "Y tal vez al día siguiente, a la hora del crepúsculo vespertino".
10. Eusk. 158. orria (13): "Postetxetik behera doan kale nagusian, inor ez".
Gazt. 159. orria (13-14): "En la calle principal, que baja de la Casa de Correos, no había estrictamente nadie".
OHARRA: Artikulu honetarako aukeratutako adibideak ez dira zenbait kasutan osoki komentatu; izan ere, momentu horretan esaten duguna egiaztatzeko adibide jakin bat erabiltzea izan bait da gure asmoa, ez besterik.