Informazio irabazi eta galerak testu juridiko baten itzulpenean. Usurbill-ko erriyaren ordenanzak (1888)
Artikulua PDFn
Beti tentatu izan nau itzulpen batean gerta litezkeen informazio aldeak —galerak eta irabaziak— zeren adierazgarri izan litezkeen aztertzeak. Zer modutako arrazoik bultza lezake itzultzailea SHko testuan esplizitaturik ageri den informazio bat ala bestea, hartan zegoen mezua XHn berriro eraikitzean ez adieraztera, ezabatzera. Arrazoiak mila izan litezkeela bistan dago. Garrantzi handiko informazioa baldin bada galtzen dena, galera hori eragin duten faktoreak modu askotakoak izan litezke, despiste hutsetik hasi eta apropos egiterainokoak. Baina bada beste tarte bat, garrantzia gutxikotzat ematen den informazioarena gehienean, beste arrazoi modu batzuek eragiten dutena, hari meheagoz josia.
Testuaren ezaugarriak
Modu honetako azterketa baterako, aztergaia finkatu behar da lehendabizi, besadan hartzekoa baino gehiagokoa izan ez dadin eskutada.
Horregatik testu laburra bilatu nahi izan nuen lehendabizi, eta Usurbill-ko erriyaren ordenanzak, tamaina egokia izan zitekeen metodologia finkatzeko saiogune izateko: 20na orrialde ozta gaztelaniazkoa, SH, eta euskarazkoa, XH; 98 puntu, numeratuak testu bakoitzean, parez pare aise jartzekoak; 122 ahapaldi, guztira, sarrerak eta azken hitzak barne harturik.
Idazkera definitukoak biak, hizkuntza maila eta teknolekto definitu batekoak —testu juridikoa—, era horretara konparazioa egingarriagoa gertatzen zela.
Testu honen ezaugarrietan garrantzi handia duen bat, SHkoa eta XHkoa, biak mezu hartzaile berberarentzat idatziak izana da. Mezu hartzaile hori, hizkuntzaz banagarria da, baina teorian behintzat kultur prestakuntzaz, aurretiazko informazioz, ohituraz, kultur erreferentziaz ez da banagarria, eta horrenbestez, informazio alderik ikusten bada SHko testutik XHkora, -teorian- hizkuntz egituren desberdintasunari ala itzultzailearen itzul modu edo iritziei zor dakieke, eta ez besteri. Xedea oso mugatzen da, horrela.
Itzultzaileak ere fidagarria behar zuen, halakotzat aitortua gutxienez. Zentzu horretan, itzulpen honek bere garaiko onespena behintzat badu. Euskal testuaren ondotik, eta erdarazkoan ageri ez dela, honela bait dio: Donostiako Euskal-itz-jostaldietan Batzarreak Abuztuaren 8-an izan duen billeran, ontzat eman du Ordenanza oen Euskal-biurtza. Hala ere sari askok ongi frogatua duenez —eta gu ere halaxe sinistuta— saria ez dela ezeren garantia, geure aldetik ere iritziak jasotzen ibiliak gara testu horren itzulpenari buruz: laudorioak eta ohoreak ez ditu falta ezagutzen dutenen aldetik. Egia esaten hasiz gero dena esan behar bada, esan beharra dago iritzi horiek ez direla itzulpen gonbaraketa zehatz baten ondorioz pentsatu eta kontrapisatuak, euskarazko eta erdarazko testuen alde banatikako irakurketen ondoko inpresio baizik, beti ere bertatik datu puntual ederren bat gordez bada ere.
Eta egia diote: gero aztertzeko ditugun informazio galera ala irabaziak alde batera utzirik, erdarazko testu horren euskarara bihurtzaileak aparteko sena erakutsi zuen bere aurretik batere edo apenas ezer landurik zeuden eremuetan hizkera malgutu eta adierazkizunarekiko zehaztasun maila handi batetara eramateko. Eta, oi miraria: gaztelaniazko testura euskarak uzten ziona baino gehiago makurtzeke, eta aldian aldiko testu puskaren interpretazioa zehatz eginez, gaztelaniazko homonimoek, adibidez, tronpatu eta tranpatuko ez zutela. Estimagarria abilidadea, alor beretan, testu modu beretan gaur egungo itzultzaile askok gustora hartuko lukeena.
Adibide labur bat emateko, har dezagun gaztelaniazko público hitzaren itzulpena. Jakina da público-ren polisemia handia dela. A priori, sospetxatzekoa da hitz horren esanahiaren hedadura ez dela berdin banatzen euskaraz, eta horren esanahi eremua hitz bat baino gehiagoren artean banatuko dela. Ikus dezagun gurean:
- pronuncien con escándalo público todo género de blasfemias
Jende-aurrean, arneguzko itzak... esaten dituztenak (1. art.) - se prohibe todo trabajo corporal en público...
Debekatzen da... agirian lanik egitea (2. art.) - en sitio público
leku agirikoetan (11. art.) - en la plaza ni en ningún otro sitio público
ez plazan ez beste toki agirikotan (14. art.) - expongan al público
ipiñi dezatela agirian (16. art.) - Establecimientos públicos
jendea hartzen dan tokian (33. art.) - El público
Jende guztiak (45. art.) - Vía pública
toki pabliko edo jende guztia joaten denetan (45. art.) - sitios públicos
toki agirikoetan (51. art.) - Vía pública
kalean edo bidean (82. art. - 84. art.) - dificultando la circulación pública
pasaizoa galeraziten duenik (88. art.) - caminos públicos
bideetan (94. art.) - salud pública
jendearen osasuna (95. art.) - deseando armonizar los intereses particulares con el bien público
nai luke bakoitzaren interesan kalterik ez egin eta erriko guzienari mesede (amaiera) - provecho de la salud pública
guztientzat ongi etorriko dala, beren osasuna... (amaiera)
Adibideak multiplika litezke, eta bere gorabehera guztiekin, nahikoa eritzi finkoa atera liteke "ordenanzen" itzultzaileak irtenbide onak asmatzen dizkiela aurrera agertzen zaizkion arazoei; eta sintaxiari dagokionean batez ere gustora hartuko litzatekeen gardentasuna ageri du.
Azterketaren xedea ere ongi mugatua ezarri nahi izan dut: informazio galera ala irabazia, baina unitate osoak, kontzeptu oso baten adierazpena erabat galtzen denean. Informazio galera eta irabazizko joku bat nahita nahiezkoa da itzulpenean, kontzeptu baten osagarri minimo guztien osoko adierazpena, ez gehiago erantsi ez galdu gabe, oso bakanetan lortzen bait da itzulpenean, testuaren interpretazioan ere kontzeptu baten adierazpenak birtualki ukan ditzakeen esanahi guztiak atxiki ezin litezkeen bezala, bestalde. Zentzu honetan, bistan da ñabardurarik apurrenetaraino agortuz ezin litekeela itzuli testua, irakurri ere ezin bait daiteke egin.
Informazio galera edo irabazia
Kontzeptu baten itzulpenean hiru galera modu edo alde egon litezke SHko testutik XHkora.
a) Guztizko galera: SHko testuan bazegoen informazioa XH-koan ez dago, adierazita behintzat. Gerta litekeena da —itzultzailearen iritzirako—, XHko mezu hartzailearentzat informazio hori testuinguruan garbiago egotea, eta esplizitoki adierazi beharrik ez sentitzea. Edo gerta liteke baita ere, SHko hiztunen artean halako kontzeptu hori erlazio finkoan egotea, lotura fosildu batez, adieraztekoa den beste kontzeptu bati, eta horrenbestez XHn, beharbada, esplizitoki adierazi beharrik ez sentitzea itzultzaileak. Nolanahi dela ere, modu honetako ez-itzulpenean, konparazio terminoa erabat falta da itzulpen prozesuaren alde bateko edo besteko jatorrizko testuan, edo itzulian.
b) Jeneralizazio edo partikularizaziozko informazio aldaketa. Bi kasuok elkarren alderantziazkoak dira, baina berdintzat uler litezke testu baten ala bestearen jatorrizkotasun ala itzulizkotasuna kontutan hartu ez, eta aiseago ulertzeko, teorian behintzat kontzeptu eduki berbera adierazi nahi duten bi testu bezala hartzen badira jatorrizkoa eta itzulia, nahiz eta jakin ez dela horrela gertatzen. Horrela bada, kasu honetan SHko testuaren eta XHkoaren kontzeptu erlazio jakin bat egin liteke, bi adierazpenak konparagarri dira; bakarrik, gertatzen dela bietako batek, jeneralagoak, bestea, partikularragoa, bere baitan, bere eremu semantikoaren barruan hartzen duela, baina haren eremu semantiko osoa agortu gabe.
Zentzu honetan, pentsa liteke badagoela hierarkia modu bat kontzeptuen artean, eremu semantikoaren hedadurari dagokionez, batzuk besteak baino jeneralizazio maila altuagoan ala beheragokoan jartzen dituena.
c) Hirugarren erlazio modu bat ere egon liteke SHko eta XHko testuetan kontzeptu baten adierazpenen artean. Aurreko puntuan aipatu dudan hierarkizazio irudi hori bera baliatuz, esango litzateke SHko testuko adierazleak eta XHko testukoak, hierarkia maila berekoak eta elkarren desberdinak —guztiz desberdinak izan gabe— direlarik, biak dira kontzeptu jeneralago, eremu semantikoa zabalagoa duen kontzeptu baten, osokoak ez diren adierazpenak, kontzeptu jeneralago berberaren partikularizazio desberdinak, beraz. Eta zentzu horretan dira konparagarriak ere.
Oraingo honetan burutu nahi dudan azterketan a) paragrafoan adierazten diren moduko fenomenoak arakatu nahi ditut. Honek ez du esan nahi b) eta c) moduko fenomenoen azterketak ere modu honetara egiten den azterketaren ondorio beretara iristeko bidea emango ez lukenik, edota agian horiek zuzendu edo osatzeko ere, baina, luze jotzen badu bere muga guztiekin ere, eginik dugun azterketak, beldurra ematen du pentsatu hutsak noraino eramango gintuzken azterketa modu hau osatzen hasiko bagina.
Azterketaren xedea, beraz, guztizko informazio galeren buketa egin, ahal delarik fenomeno guzti horiek klasifikatu, sailkatu, eta horien interpretazio bat egiten saiatu naiz. Aurreko honetan "interpretatu" hitzak bi esanahi ditu: batetik fenomeno horiek, informazio galera horiek eragiten dituzten, edo eragingo lituzketen arrazoiak asmatzen saiatu, zergatik ez duen, alegia, itzuli itzultzaileak gaztelaniazko testuan ez despistatzeko moduan ageri den kontzeptu bat. Eta bestetik, asmatzen saiatu, deskribatzen saiatu ea nolako ondorioak ukan ditzakeen, edo dituen, informazio galera horrek XHko testuan, nola definitzen duen mezu hartzailea, aldatzen ote duen testuaren doinua, etab.
Testuak konparagarri izan daitezen, konparazio honetarako ahalik eta modurik erosoenean antolatu ditut, prestaketarako azterketa morfosintaktiko bat egin, esaldiak menpekotasun mailaz maila banatu, eta era honetara, testuen konparaketa ia esaldi bakunez esaldi bakun egin litekeela.
Hona, bada, zerrendan, aipatu testuan aurkitu ditudan informazio galera edo irabazi modu batzuren laburpena, adibide batzurekin.
A) Informazio irabaziak:
- ... y siendo el primordial deber de sus representantes
orregatik, eta nola agintaritza... (sarrera) - con una hora de anticipación
Prozesioak pasa bear duen baño ordu betez lenagotik (5. art.) - ... adornen sus ventanas y balcones con colgaduras, ó en la forma más esmerada que sea posible.
... apaindu ditzatela, beren leio ta balkoiak al-duten modurik onenean, prozesioak pasa bear duenerako (6. art.) - ... a la persona que hubiere cometido alguna falta.
... Orrelako gauzaren bat egin duenari (19. art.) - incurrirán en las mismas penas los contraventores de las disposiciones anteriores.
... kastigatuko da kosmoramaren jabea, ordenantzak agintzen duten moduan. (25. art.) - ... que extravíen los sentimientos y tiendan a perturbar la imaginación.
... zergatik ez duten oiek guztiak buruak nastu ta griñak chartzeko ezpada serbitzen (22. art.) - no podrán sin embargo verificar sus representaciones...
naiz eta orretarako eskubidea iduki... (30. art.)
- los domingos y días festivos reconocidos
igande eta jai-egun ezagutu guztietan (2. art.) - en casos de necesidad
premiya aundiren bategatik (3. art.) - siendo responsables...
eta izango dira kastigatuak ordenanz'oek, garbitasunari dagokion buruan, agintzen duten bezala (5. art.) - sin obtener el competente permiso de la autoridad
autoridadeak lendanaz artarako baimena ematen ez badu (10. art. eta baita 12., 16., 24.) - reuniones tumultuosas
billera edo batzar iskanbillazko eta sesiyotirik (11. art.) - para los efectos á que hubiere lugar
eman dezayoten legezko kastigua (20. art.) - incurrirán en las mismas penas
kastigatuko dira..., ordenantzak agintzen daten moduan (25. art.)
- observancia fiel de los preceptos divinos
Jaungoikoaren lege santuari begiratuaz (sarrera) - temor de la ley de Dios
Jaungoikoaren bildur santua (sarrera) - conservación de la Religión
Erlijiyo santuko gauzak (sarrera) - obtendrán la autorización del Alcalde
eskatu behar diote lendanaz Alkate jaunari (12. art.) - especuladores ambulantes
erriz-erri dabiltzan saltzaileak (16. art.) - Religión Católica
Erlijiyo santu (20. art. eta baita 24.)
- amparar, proteger y defender cuanto contribuye á la conservación de la Religión y de la moral evangélica.
Ebanjelioan agintzen diranak anparatzea, eskudatzea eta alegiña guztian gorderazitzea (sarrera) - los que se hallen en estado de embriaguez
edanean pasatua dagoenari (15. art.)
- ...los domingos y días festivos reconocidos se prohibe todo trabajo corporal.
igande eta jai-egun ezagutu guztietan debekatzen da agirian lanik egitea (2. art.) - serán entregados a la acción del Juzgado municipal, si el acto no constituye delito, ó á la de los tribunales ordinarios, si llegase a serlo.
izango dira Tribunaletara entregatuak, kastigatu ditezen legeari eta beren utsegiteari dagokion moduan (4. art.) - siendo responsables
eta izango dira kastigatuak (5. art.) - será entregado á la autoridad ó á sus agentes
ipiñiko da autoridadearen eskuetan, kastigatu dezan (15. art.)
- observancia fiel de los preceptos divinos, base y cimiento de todo principio de autoridad.
Jaungoikoaren lege santuari begiratuaz, zergatik lege santu oni zor zaion errespeto eta obedienzia da agintaritza edo autoridadearen zimendua (sarrera) - la conservación de los buenos usos y costumbres
galdu ez ditezen alde oetan gordetzen diran oitura zar maitagarriak (13. art.) - por no estar en armonía...
zergatik erbesteko dantza berriak ez datoz ongi - el decoro que se debe a las personas y a la moral.
eta oraindik guchiago gizabidea zuzentzeko bearrenak diran gauza santuai zor zaioten errespetoari (15. art.) - coplas amatorias ni narraciones patibularias
gizon-iltzaileen kondairarik, urkamendiko gertakari ta beste orrelako gauza izugarrienik, ez eta ere, gizon eta emakume arteko bear ez bezelako adiskidetasunaren gañean ipiñitako bertsorik, edo beste edozeiñ, oitura onen kontrakorik (27. art.)
B) Informazio galerak:
- están obligados a prestar obediencia, respeto y consideración
obeditu eta errespetatu behar dituzte (sarrera) - y sus agentes en el ejercicio de sus funciones
agintaritza daukatenak (sarrera, 15. art.) - tratar con la mayor consideración y cortesía
moduz tratatu (sarrera) - para que tengan verdadera y eficaz fuerza ejecutiva
lege egiazkoak izango badira (sarrera) - serán entregados á la acción del Juzgado municipal si el acto no constituyese delito, ó a la de los Tribunales ordinarios, si llegase á serlo.
izango dira Tribunaletara entregatuak kastigatu ditezen legeari eta beren utsegiteari dagokion moduan (4. art.) - siendo responsables los vecinos de las casas, que no observaren al efecto las reglas dictadas sobre limpieza pública en las ordenanzas.
ala egiten ez duten bezino guztiak (5. art.) - adornen sus ventanas y balcones con colgaduras, ó en la forma más esmerda que sea posible
apaindu ditzatela, beren leio eta balkoiak al-duten modurik onenean (6. art.) - establecer puestos de venta
ezer saltzen jartzea (10. art.) - exigiendo la conservación de los buenos usos y costumbres que los regocijos públicos no se prolonguen más allá de las horas acostumbradas hasta ahora
galdu ez ditezen oraindaño alde oetan gorde diran oitura zar maitagarriak (12. art.) - por no estar en armonía con nuestro carácter ni acomodarse al estado general de nuestras costumbres
ez datoz ongi gure izate ta bizimoduarekin - juegos de envite y azar
joko debekaturik - prohibiendo usar para los disfraces los trajes que imiten los hábitos religiosos ó vestiduras sagradas y uniformes que estén destinados á ciertas y determinadas clases oficiales.
debekatua dago Eleiz-jantzirik, edo beste autoridadea dutenentzat izendatuak daudenik jaztea (17. art.) - se prohibe hacer parodias...
Debekatzen da... gauzarik (18. art.) - quedando en caso contrario, expuestos los promovedores á la pena que se les imponga
bestela kastigatuak izango dira (27. art.)
- profanación de la religión y de las cosas santas
Erlijiyo ta gauza santuai dagozkiotenak (sarrerako izenburua) - reprender cualquier falta que observaren contra lo dispuesto en estas ordenanzas ó cualquiera otros bandos ó reglamentos que la autoridad local tuviere á bien dictar en lo sucesivo.
bear ez dan gauzaren bat egin dutelako kontuan ipiñi bear diranean berriz arako gauzarik ez egiteko (sarrera) - pronuncien con escándalo público
jende aurrean... beste edozeiñ itz char esaten dituztenak (sarrera) - se prohibe todo trabajo corporal
lanik egitea (2. art.) - u ofendieren los piadosos sentimientos de los que á ellos concurren
edo beretara joaten direnen sentimentuak (4. art.) - procesiones solemnes de las grandes festividades religiosas
jai aundietako prozesioetan (6. art.) - los vecinos de las casas de la carrera
jende guztiai (6. art.) - contrarios al respeto que se merecen las ceremonias y cosas sagradas
Elizako gauzari zor zaion errespetoaren kontra (7. art.) - expresiones satíricas, bromas de mal gusto o palabras que ataquen el honor y la reputación de los mismos
itz charrakin edo bear ez bezelako jardunakin (18. art.) - y proferir palabras ó ejecutar acciones ó gestos que ultrajen la moral y el decoro
eta beste edozeiñ orrelako gauza gizalege onari ez dagokiona (18. art.)
- las personas que se hallen en la carrera...
Prozesioak pasatzen diran tokietan egon beharko dute gizasemeak... (7. art.) - hasta que acaben de pasar las procesiones por el sitio en que se encuentren
oso bukatu arte (2. art.) - la autorización del alcalde para exhibirse, bailar, cantar y pedir en público
orretarako eskubide (12. rt.) - y por esta razón se impedirá...
etzaio utziko (15. art.) - se habrá de obtener de la autoridad correspondiente...
eskatukoda (16. art.) - la persona que hubiere cometido alguna falta ó producido algún disgusto ó exceso en su comportamiento
orrelako gauzaren bat egin duenari (18. art.) - a pesar de las promesas hechas
alaz guztiaz (23. art.) - el director de la compañía con su gente
zuzendaria eta bere jendea (23. art.) - si se notare que se ofrecen al público algunos ejemplares...
baldin azaltzen bada... bat (25. art.) - los que ejercen artes ó profesiones asimilables á las que quedan mencionadas
modu onetako bizimodua daramaten guztientzat (31. art.)
- El temor de la ley de Dios
Jaungoikoaren bildur santua (sarrera) - en la observancia fiel de los preceptos divinos
Jaungoikoaren lege santuari begiratuz (sarrera) - de acuerdo siempre con la autoridad eclesiástica
orretarako entenditurik Eleizako autoridadearekin (3. art.) - no se atentará en ningún sentido contra los principios de la Religión Católica ni de la sana moral
ez dala ezer egingo Erlijiyo santu ta oitura onen kontra (22. art.) - falta al respeto debido a la Religión
Erlijiyo Santuaren kontrakoa (24. art.)
- defender cuanto constituye a la conservación de la Religión y de la moral evangélica
Erlijiyo santuko gauzak eta Ebanjelioan agintzen direnak anparatzea (sarrera) - serán castigados bajo las penas impuestas en las leyes vigentes
legeak agintzen duten moduan kastigatuak izango dira (sarrera) - los especuladores y directores de compañías de cómicos y volatineros ambulantes
erriz-erri ibiltzen diran komediante ta beste (21. art.) - en caso de que no lo tuvieren impreso o manuscrito
azalderik ezpadute (22. art.) - los que traten de exponer al público cosmoramas y cuadros que sirvan de entretenimiento al público
kosmorama ta beste orrelako gauzen batzuk agertu nahi dituztenak (24. art.) - ni otro cualquiera en que se admita la libre concurrencia
edo beste orrelaco berririk (26. art.) - los que obtuvieren la licencia de que hablan los artículos anteriores
len aitatzen diran funtzioak egin bear dituztenak (30. art.)
Sailkapenaren interpretazioa
Orain arteko sailkapen hauetan eztabaidagarria izan liteke bai sailkapena bera ere, beharbada beste moduren batzutara ere egin bait zitekeen. Fenomenu horietan, izan ere, batzuk oso identifika errazak, eta horrenbestez deskripzio errazekoak dira, aski zehatzak: A.1 edo B.3 adibidez, adierazi nahi den kontzeptua testu inguru hurbileko beste pasarteren batean adierazirik egon eta beste leku jakin batean ezabatzen denekoa, zeren ez bait da zaila kontzeptua adierazia dagoen pasarte hori aurkitzen.
A.2 eta B.4 zerrendetan bildutako fenomenoak intrepreta zailagoak dira. Kasu hauetan badirudi hizkuntza bateko testutik bestekorako aldea, erabiltzen diren hitzen hedadura semantikoari dagokiona dela, eta zaila da seguru egoten ere informazio irabazia edo galera dagoen ala ez. Beharbada itzulpen unitate hedatu (hitz bat baino gehiagoan adierazia) eta banakakoren (kontzeptu bakoitzeko hitz bana) arteko erlazioak ere gerta litezke askotan. Adibidez "en casos de necesidad" esaten denean "necesidad" hori ez al da beti "premiya aundia"; alegia "aundia" horrek gehitzen al dio ezer "en caso de necesidad" esaeran ageri den "necesidad"-i; gehitzen ez badio —duda egitekoa bada eta, gutxienez— gaztelaniazko "necesidad" hitzak duen hedadura semantikoa da aztertu behar dena, eta begiratzen ari garen itzultzaileak SHko testuak interpretatzeko abilidade handia du. Ikusten da, beraz, zeinen harri labainen gainetik ari garen erreka pasatzen, laprast egin eta muturrak hausteko zorian.
Gainera, bigarren moduotako kasuak, A.2 eta B.4 lehenengo bien gainera (A.1 eta B.3) pilatzen dira maiz.
A.3 puntuan ageri diren kasuak antz handia dute A.2 eta BA puntuetakoekin. Baina, batez ere euskaraz ageri diren kontzeptu asoziazio horien batasuna, bat bakarra izatea, ez dago hain garbi eta izan liteke beste zerbaiten adierazle. Ez bait da garbi ikusten populazio berean, beharbada pertsona berberentzat —batzutan behintzat— gaztelaniaz nola esan litekeen "preceptos divinos" eta euskaraz Jaungoikoaren legeak zergatik izan behar duen beti "santua". Berdin Erlijiyoa, edo, baita, "alcalde" guztiek "alkate jaun" behar al dute euskaraz, herri berekoak izanda ere? Galde liteke, beraz, dudagarri utzita ere, itzultzaileak ez ote duen jartzen testuaren segmentuotan bere aldetiko informazioa, edo bere ohiturek eragiten diotena. Azkeneko zentzu honetan itzultzailearen ideologiazko erizpideen eragina isladatuko litzateke pasarte horietan.
Itzultzailearen ideologiazko erizpideen islada askoz ere naharmenago ageri diren pasarteak A.5 eta A.6-en bilduak dira. A.5-i dagokionez interpretazio ideologikoak dira. "Siendo responsables" izan ere ez bait da "eta izango dira kastigatuak", nahiz eta pentsatzekoa izan horixe gertatuko zitzaiela artikulu horren arabera juzkatzen zituzten errukarriei. Beraz, itzultzaileak ondorioak aurreratu egiten ditu, SHko testuan inola ageri ez den moduan.
A.6 zerrendan bilduta dauden kasuetan, inork eskatu ez dituen ideologi adierazpenak egiten ditu itzultzaileak. SHn inon ageri ez diren pasarteak tartekatzen ditu XHko testuan.
A. 4-ren kasuan, beste moduko fenomeno bat dela esan liteke. Irakurlearekiko zenbait dei edo gomendio (katekekiko?) bait dira. Itzultzaileak SHko testuan ez duen funtzio bat hartzen du honelakoetan mezu-hartzailearekiko: aholkulari bihurtzen da, era horretara mezu emaitzaren bi protagonisten artean, emaile eta hartzailearen artean, XHko testuak SHkoan baino hurbiltasun handiagoa erakutsiz; mezu-emaileak hartzailea ezagutuko balu bezala edo; eta bide horretatik hizketazko mezu emaitzara hurbilduko ginateke.
Joera hori bera ageri da, baina beste ikuspegi batetatik, B.2 puntuan biltzen diren kasuetan. SHko testuan ez bezala, XHkoa eraikitzean itzultzaileak gauza frogatutzat ematen bait du mezu-hartzaileak hainbat gauza ezagutzen duela. Mezu-emaileak eta hartzaileak ezagutza multzo aski handia dutela konpartitua. "Bear ez dan gauzaren bat" egiteak zigorra duela jakiteko, behar ez diren gauza horiek zeintzuk diran jakin behar da aurretik. Mehatxuaren zentzu lauso hori euskarazko testuan gaztelaniazkoan baino mehatxatzaileagoa izatea tristea izango litzateke gauza. Mezuak, gutxi zehaztuagatik ulertu egingo direla segurutzat emateak, mezu emaile eta hartzailearen arteko ezagutza estua, hurbiltasuna esan nahi du alde batetik, pentsatu behar bait da itzultzaileak usteko zuela mezu hartzaile haiei, usurbildarrei, euskarazko testuak erdarazkoak adina informazio ematen ziela, gehiago ez bazen, hala ere.
Baina bestaldetik aitortu behar da agian itzultzaileak une hartan gogoan ez zituen beste mezu-hartzaile batzurentzat, guretzat adibidez, berekiko hurbiltasun hori ez dugunontzat, mezua lausoago geratzen dela euskarazko testuan gaztelaniazkoan baino, B.5-ean gertatzen den bezala: "los que traten de exponer al público cosmoramas y cuadros que sirvan de entretenimiento al público" irakurtzen dugunean enteratuago geratzen gara "kosmorama ta beste orrelako gauzen batzuk" irakurrita baino; hartara kosmorama hori zer den ziur ez badakigu ere, besteak antzerki saioak edo zirela, eta gure aiton-amonek horixe zutela beren entretenimentuetako bat jakinaren gainean geratzen bait gara. Itzultzailea, beraz, B.2 eta B.5 puntuotan ageri diren kasuotan, seguru dago bere irakurleak ulertuko diotela zertaz ari den, modu jeneralagoan hitzegiten badie ere; itzultzailea irakurleekin fido da.
Orain arteko komentarioetan erabili ditugun erizpideetatik zerbait apartatzen diren kasuak B.1-ean biltzen direnak dira. Haren sarreran bertan esaten den bezala azkeneko puntuotan aipatzen den jeneraltasun horretara, mezu hartzaileari buruz duen erizpideagatik bakarrik ez baina hizkuntzaren beraren ezintasun bategatik iristen bait da. Edo sospetxa egin liteke behintzat, esamolde horietako bakoitzak gaztelaniazko testuan berari dagokion lekuan duen adierazkera teknikoagatik. Testu juridikoetan ageri ohi diren esamolde teknikoen itzulgaiztasuna gainditzen zaila da euskaraz era horretako testuak gutxi direnean, hizkera hori finkatu gabe dagoenean. Edota, beharbada, testu segmentu horien itzulgaiztasuna ez baina, irakurleek era horretako mezuak ulertzeko edukiko luketen nekea du gogoan itzultzaileak: mezu-hartzailearen hizkuntz-gaitasunari dagokion erizpidea, beraz.
Informazio galera eta irabazietarako arrazoiak
Labur beharrez, beraz, hiru faktore moduk dirudi eragiten dituztela itzulpen honetan -behintzat- informazio galera edo irabazia.
1. Testuinguruaren antolamenduak eta beronen ulergarritasunak. Informazio jakin baten inguruan aurretik batez ere beste zein informazio dagoen, haren ulerkera baldintzatu egiten da, ulerkera ziurtatzeko berriroko aipamena derrigorrezko egiteraino. Informazio galera eta irabaziok itxurari gehiago dagozkio, horrenbestez, edukiari baino, eta beren ondorioa estiloari dagokiona gehiago da informazioari dagokiona baino.
2. Mezu emaileek (SHko testuan legegilea, XHkoan itzultzailea) mezu hartzailearekiko adierazten duen hurbiltasuna eta ezaguera; mezu hartzaileari buruz (haren kultur ezagutzei eta hizkuntz konpetentziari buruz) dituzten erizpide desberdinak.
3. ltzultzaileak bere ideologia adierazteko izan duen borondatea.
Erizpideok dauden daudenean adierazita —laburtasunak, hala ere, sententziaren pisua ematen die hitz horiei—, badirudi, "Usurbill-ko erriyaren ordenanzak" euskarara bihurtu zituen itzultzailea gaitzetsita geratzen dela euskal itzulpenaren historiarako, eta ezingo duela jaso epaiaren harlosa lodia. Ez da horrela, gutxiagorik ere. Azkeneko 2. eta 3. puntuotan ageri diren erizpideak garaiko itzulpen moduan normalak zirenak dira, eta hemen prestatzen saiatu naizen metodologia hau garai bereko testuetarako erabiliko balitz, antzeko ondorioak atera beharko lirateke haietarako ere.
Lehenengo puntuari dagokionean, berriz, testu honen itzultzailea maisua da. Eta batez ere, kontutan hartu behar da itzulpen konparaketak duen prozesua bururaino eraman nahi duenak, beste ezeren aurretik SHko testua eta XHkoa ez-itzulpenez, testu-segmentu itzuli gabeez, soildu egin behar duela, eta hori bukatu duenean, orduan hasi litekeela bi testuetan dauden informazioen itzulmodua aztertzen. Alor honetan, Usurbilgo ordenantzen itzultzailea maisu aitortu behar da, dudarik gabe, itzulpenean eraikitako testuari ematen dion gardentasunagatik batez ere. Itzulpenerako abilidadea, ikasi litekeenean, ikasi nahi duenarentzat zer ikasi badu testu honek. Azterketa hori, ordea, orrialde hauetan kabitzen ez dena da.