Administrazioa eta euskara: itzultzaileak eta arduradunak
Artikulua PDFn
Ez naiz agian egokiena gai hau behar den sakontasunez eta zolitasunez tratatzeko, baina eskaini zaidan aukerari erantzun nahirik, nire 5 urteotako esperientziak erakutsi didana agertu nahi nizueke. Beste norbaitek edo norbaitzuk honen ondoren hoberik egiteko zerbituko balu, betetzat emango nuke lantxo honen helburua.
Bestalde, artikulu hau idaztean, ez dut uste gai honi dagokion guztia eta gutxiagorik ere adieraziko dudanik, baina saiatuko naiz garrantzitsuentzat dudana bederen ukitzen. Aldez aurretik gainera, barkamena eskatu nahi nieke oroimen faltaz edo informazio mugapenez aipatu gabe gera daitezkeen ihardun eta lanen egile edo bultzatzaile izan direnei. Horrelakorik bada, datorrela berehala beraren berri ere. Eta beste gabe, jo dezadan harira.
1. Sarrera
Badakigu jakin, Euskal Herriko historian zehar, administrazioa erdaren bidez landu dela, bai independentzia politikoa izan genuen garaietan eta areago oraindik dependentziapean bizi beharra izan denetan eta dugunotan. Gainera, inoiz euskaraz zerbait egin bada, ez da noski izan administrazioa euskaraz lantzeagatik (orain arte bederen), erdararik ez zekiten euskaldunengana iristeagatik baizik. Ildo horretatik datozkigu adibidez 1887ko urriaren l0ean argitaratutako Usurbill-ko erriyaren ordenanzak eta horrelakoetan beti gertatu ohi den legez, ez dira jatorrizko idazkeradunak, itzulpena baino.
Litekeena da lehenago edo geroago ere, han eta hemen horrela moduzko argitarapen puntualak aurkitzea, baina ez ahaztu denak ere ez direla administrazioa euskaraz lantzeko egitasmoren baten barnekoak, gauzaño batzuren itzulpen soilak baizik eta itzulpen-teoriak nahiz azterketa diakronikoak egiteko oso interesgarriak diren arren, inoiz ere ez dagoela hartzerik administrazioa euskaraz ipintzen hasteko asmo eta bide bezala.
Eta 1936ra iristen gara. urte horretako urriaren 7an Jose Antonio Agirre J.ak bere kargua zin egin ondoren, Euskal Herriko hiru herrialdeetatik (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik) altxamendu militarra aurrera zeramatenek okupatu gabe gelditzen zen lurraldean, Gobernu Autonomoa ezarri ahal izan zen "Eusko Jaurlaritza" izenarekin eta honen ardurapean, administrazioa euskaraz jartzeko ez denbora, ez oinarri, ez lasaitasun eta agian epe laburrerako asmorik (euskara oinarria izanik) ez bazen ere, laudagarria eta txalogarria da bederen, egoera zail eta latz hartan, ordura arte inon eman gabeko hedadura emanez, euskararen presentzia agertzen hasi izana, nahiz eta berori ezinbestean itzulpen huts-hutsa izan eta beharbada ez hizkuntz eredurik proposagarrien eta aukerakoenean egina ere, orduko Agintaritzaren Aldizkarian ikus daitekeenez.
Honek ordea gutxi iraun zuen eta 1937ko ekainaz geroztik, gau ilunean murgildu zen egunsentiko argitasun hura. Baina mundu honetan betikorik ez denez, 1975ean Franco ere hil egin zen eta 1977an Preautonomi aldian sartu ginen Euskal Herriko hiru probintziotan. "Eusko Kontseilu Nagusia" deitu zena sortu zen eta 1978-05-l5ean beste ezer askorik ez bazen ere, bere Aldizkari Ofiziala euskarazko itzulpenarekin argitaratzen hasi zen. Itxurakeria gehiago zirudikeen gertaera honek ireki zuen garai berei baten hasiera. Gero, 1979an Estatutua sinatu eta bozkatu zen eta bertan euskararen ofizialkidetasuna aldarrikatu. Eusko Legebiltzarra eta Eusko Jaurlaritza osatu ziren hiru lurraldeotarako eta Udal-Hauteskundeak ere bai, urte askotan lehen aldiz herritarren ordezkariak egin agintera iritsiz. Usariorik ezak ordea, euskara itzulpen maila soil-soilean planteiatzera eraman zituen kargudun berriok eta Administrazio munduan itzultzaileak jaiotzen hasi ziren.
2. Itzultzaileak Erakundeetan (Udaletan)
Une politiko honetan ere, nik dakidala bederen, ez zen inon ere egin "Administrazioa Euskaraz" planteiamendurik. Egia da, baita ere, eta esan beharra dago, ez prestakuntzarik eta ez gaitasunik zegoela horretarako, baina badaezpada ere inork ez zuen horrelakorik eta horretarako biderik planteiatu (eta gaur ere ez dakit benetan inork planteiatzen ote duen).
Orduan, berotasunaren arabera, inongo koordinaziorik gabe eta euskara sartu behar zelako (kasurik onenean eta nola, zertarako etab. gehiegi sakondu gabe) edo ikur gisa sartuz, itzultzaileen kontrataketa unibertsala hasi zen eta unibertsala badiot, ez diot bere hedadurarengatik zoritxarrez murritzegia suertatu da eta, modu, mota, era eta manera ugari eta bitxien bidez egin zelako baizik.
Kronologiaz badirudi Eusko Kontseilu Nagusian sartu zirela lehenengo itzultzaileak eta jarraian agian Diputazioren batetan... Dena den, nik ez dut Udalez kanpoko Erakundeetako berri zehatzik eta Udaletara mugatuko naiz honi dagokionean.
Eta hara hor Basauri, lehentasunaren postua ohore guztiz harturik. Lehendik itzultzaile postua Madrilera eskatua izaki, 1980an Administraritza isiltasunez postua sortu, deialdia egin, lehiaketa bidez ebatzi eta itzultzaile-funtzionaria kontratatu zuten. Hau ordea, ia ia salbuespena da gure Udal Txit Prestuen kontratatzeko prozeduran. Hona hemen besteak beste zenbait euskara-enplegatu mota:
- Beren etxeetan aktak edo kideko gauzatxo batzu orduka ordainduta itzultzen dituzten pertsonak.
- Udaletxean beste lan batzutan ihardunez (mantenimendu lanetan, gai teknikoetan, ur-arduradun direnak, administrazioan beste gauza batzutan, etab.) euskara-lantxo batzu ere egiten dituztenak. Hauetako batzuk, gainera, egun erdiz bakarrik an dira lanean, besteak egun osoz. Batzu, kontratatuak dira eta beste batzu, berriz, euskara ez den beste gairen batetako funtzionariak.
- Udaletxean egun osoz itzulpenak egiten ari direnak, baina besterik ezertxo ere egin gabe: itzuli eta itzuli eta kitto! Banaka batzu funtzionariak dira eta beste guztiak kontratatuak.
- Itzulpen-lanez gainera, Euskara-Batzordeko txostenak, aktak, erredakzio-lanak, kanpainak, etab. hots, euskarari dagokion guztiaz arduratzen direnak edo Euskara-Arduradunak. Bakarrik edo taldean lanean ari direnak. Bakarren batzu funtzionariak eta beste guztiak kontratatuak.
- Euskara-Arduradunak baita Euskara-Zerbitzu oso bateko buruak. Itzulpen mekanikoa horretarako dituzten beste pertsona batzuri utzirik, euskararen egitasmo, kanpaina, antolakuntza, ikasketa eta gainerakoz arduratzen direnak. Normalean Euskara-Batzorde baten menpean ari dira lanean eta lehiaketa bidez sartuak izan arren, ez dakit maila honetako funtzionaririk dagoen...
- Azkenik, inolako Zerbitzu, Batzorde, Itzultzaile, Arduradun eta besterik ez duten udalak, hots, euskararako inor fitxatu ez dutenak. Hauetxek dira gehienak eta ugarienak. Jose Inazio Berasategik (Senez 1, 74. orr.) zioenez, 60 inguru ginen euskara-lanetan nolarebait ari ginenak eta heste l8ren bat postu zeuden une hartan betetzeke. Hiru probintzietan bederen 200 Udaletik gora dira, batzu-batzu txiki samarrak badira ere, horietatik apenas bat ere dago idazkari gabe...
3. Itzulpenak
1980 inguruan Udaletan sartzen hasi ginenean zegoen Administrazioko hizkuntz usarioa, sartu ginenon prestakuntza eta lanerako lanabesak kontutan harturik, ez zegoen noski itzulpenak egin beste erremediorik, bidea eginaren eginez urratu ahal izateko. Hori ukaezina da, baina hori bera txarra izan arren, ez da okerrena, beste hau baizik: inork ere ez zuela eta oraindik ere ez duela inon edo inondik esan, seinalatu, zehaztu eta markatu, zer zen edo den itzuli beharrekoa, zein inprimakiri heldu behar zitzaion edo zaion, zer zen edo den elebitan prestatu beharrekoa, zeintzu ziren edo diren lehentasunak, etab. (akta santuen itzulpena salbu). Orduan eta horren ondorioz, bakoitzak izan dituen eta dituen denbora, itzultzeko paper pilen bolumena, ingurukoen lagapen, beste funtzionarien azalpen (ez bait dituzte nahi bezain azkar gauzak erakusten kasu guztietan), nor bere borondate eta ikuspegi nahiz ahalbide, informazio eta printzipioen arabera, aktez gainera, bestelako jakinerazpen, prozesu osoak bideratzeko modulatutako inprimaki-sortak, errotulazio, ziurtagiri, zergagiri, ordainagiri, prozedura ekonomikoko inprimaki, etab. itzultzen edo elebiduntzen saiatu gara eta saiatzen gara, organikoki inongo lotura, antolamendu, koordinazio eta besterik izan gabe. Gainera, ahal den guztia egin ondoren, orri elebidun horiek, erdara hutsez betetzen dituzte funtzionariek kasurik gehienetan, salbuespen ohoregarriak salbu.
Guzti honetan izan dugun antolamendu bakarra, geure beharrak eraginik sortutako aldian-aldiko elkarrenganatzea izan da, zenbait kasutan, geroago aipatuko ditudan erako hizkuntz arloko ikastaroren batzu izan direlarik eta bidenabar beste gaiok ere ukitu direlarik.
Bestalde, badira Udal batzu (eta beste Erakunde batzu ere bai) bi hizkuntzen bapatekotasun handiagoa eta bide batez lehen unean bederen behar dugun berdintasuna ere lortzeko, ordenadore instalazio egokiak prestatuta dituztenak. Beste batzuk, berriz, hainbeste aurreratu ez badute ere, idazmakina elektroniko pantailadunak dituzte. Badira baita ere itzultzaileak zirriborroak eskuz idatzi eta makinatze-lanak beste batzuk egiten dizkietenak, nahiz eta urrienak izan zoritxarrez. Azkenik, Hispano Olivettiren Lexicon 80arekin dihardutenak ugarienak ote diren nago, bai zirriborroak, bai aurkeztekoak, bai dotoreak eta baita erdipurdikoak ere, denak makina berean egin beharrean aurkitzen direnak alegia.
Faktore guzti hauen arabera egiten da lana. Esate baterako, ez dago noski zenbait baldintzetan aktak diren bezalako errosarioak txukun-txukun eskuz itzuli, gero makinatu, ostera testu bera akordioetan kopiatu etab. aritzerik, baldin eta nor bere mahaigaina paperezko babeldorre bihurtzea nahi ez bada behintzat. Itzulpen asko eta asko, bapatean egin beharra dago, makinan idatzi ahala eta zerbaitek ihes egiten badu, pinturaz ezabatu eta berridatzi ala atzetik nola hala konpondu beste biderik ez da gelditzen. Errepikatu beharrik gertatzen bada, egundoko denbora galera izaten da. Dagoen azpiegiturak bada, ez du gehiagotarako ematen eta laneko baldintzek, ekoizpena bera ere, guztiz eta osoro baldintzapetzen dute kasu hauetan.
Azkenaldi honetan, Foru-Diputazioek egindako Hazienda Egitarauak direla bide, ordenadorez jaso dituzte Udal-bulegoak eta baita programa amankomunak ipini ere kontabilitatea berdintzeko etab. Gainera, enplegatuei ikastaroak eman dizkiete tresna horiekin lan egiten ikasteko. Hori dena, inprimaki elebidun (inoiz erdaldun) eta prozesu-testu erdaldunarekin martxan jarrita dago. Zer esanik ere ez, enplegatu gehienek (ia denek) erdara hutsez betetzen dituztela inprimaki elebidun horiek ere, datuz bete behar dituztenean. Diru-kontuetarako oso ongi prestatu da dena eta hori ondo dago eta beharrezkoa da. Euskararako ordea, orain artean bederen, ez da inongo hedakuntzarik egin ez eta programarik prestatu. Den dena Udal bakoitzaren gogo, egoera, nahimen eta kasketen baitan dago eta honek izugarri baldintzatzen du lanaren kalitatea eta baita kantitatea ere. Zerbait esateko adierazi baino ez, ezinbestekoa dela pantaila-sistemaren bat aurrekaldean izatea, horrela bapatean itzulpena egin ahal izateko. Maila pertsonalean arazo hori konpon lezakeen sistema hau bera ere ordea, ez litzateke nahikoa Administrazioari zabalkiro begiratuta eta elkarren arteko berdintasun minimoa lortzeko, kontabilitaterako egin dena egin beharko litzateke gutxienez ere, agian hiztegi-banku amankomun konektagarriren bat edo prestatutako hiztegi programak eskainiz. Ezin ulertuzkoa da ordenadoreen ondoan lanean aritzea eta zalantza guztiak hiztegi liburuetan kontsultatu beharra izatea. Egunen batetan iritsiko ahal da hau guztia ere euskaraz lan egiteko edo gutxienez ere euskalduntzeko.
4. Hizkuntz arazoak, ereduak, ikastaroak eta ihardunaldiak
1968an Euskaltzaindiak Ortografi arloko batasuna proposatu zuen. 1978an berraztertu eta gutxieneko zuzenketa batzurekin, lehen proposatua finkatuta gelditu zen hizkuntza idatzirako. Bien bitartean, deklinabidea eta aditza ere (funtsezkoena hederen) erabakita gelditu ziren. Geroztikako lehen erakunde politikoa osatu zenean (Eusko Kontseilu Nagusia) ordea, Euskal Herrian aspaldidanik izan den bi hizkuntz ereduen arazoa plazaratu zen. Bata 1936ko aurresaio haren isladari jarraitzea nahi zutenena (zenbait aldaketa formal gorabehera ) hauek, botere politikoaren maila bat bederen, berreskuratze-bidean somatzen zuten eta. Bestea aldiz, 1964eko Euskal Idazleen abiapuntutik abiaturik, 1968ko Euskaltzaindiaren urratsei jarraiki, azkeneko 10-15 urtetako literaturan, testugintzan, ikerkuntzan, zientzietan eta Unibertsitate-mailan (UEU eta mintegiak) zerabiltena. Eusko Kontseilu Nagusiari berari izena proposatu eta jartzerakoan bertan nabaritu zen hau, Euskaltzaindiak egindako proposamena eta politiko boteretsuenen erizpidea ez ziren bat etorri eta. Politikoen erizpidea nagusitu zitzaion erizpide linguistikoari, gure herrian hainbat aldiz gertatu den bezalaxe. Izenak izen ordea, EKN erakundeko itzultzaileek halere, Aldizkari Ofizialaren itzulpena egiterakoan, ordura arteko kulturgintzan hedatuena zen ereduak markatzen zuen bidea jarraitu zuten, nahiz eta hutsuneak, aldrebeskeriak eta beste izan, garai hartan ez zen harritzekoa eta (gaur ere batzu-batzutan...). Esan dudanaren lekuko dira 1978-5-l5etik 1980-3-27ra arteko aleak, baina 1980-2-leko aletik hasi zen zati batean bederen, beste ereduaren agerpena eta martxoko aleetan, Euskaltzaindiak erabakita zeukan martxoa ipini ordez, epailla ipintzen du. Baina nabarmentze honen gailurra, azkeneko alea da, hots, 1980-3-27koa. Ale honetan, lehengo ohizko ereduan idatzitako gauza askoren ondoren, Herri-Arduralaritzaren Eusko Ikas-Erakuntzaren Araudia dator eta bigarren ereduaren ildoa argi eta garbi dago. Ez ahaztu, hilabete horretan hauteskundeak izan zirela eta bake garaiko igo. Eusko Jaurlaritza osatu zela. 1980-4-27tik hasi zen berriro Aldizkaria, baina izena aldatzeaz gainera (politikoki eta linguistikoki), itzulpen estiloa zeharo aldatuta argitaratu zen igo. Jaurlaritza honen eskutik. jorrailla-tik hasi eta beste guztia ere gertuago zegoen (ortografia salbu) l936koetatik, 1978az geroztikakoetatik baino. Geroztikakoa denok ikusi dugu.
Gauzak horrelatsu zeudela sartu ginen Udaletako lehen itzultzaileok 1979-80 urteetan zehar (geroago ere sartu dira zenbaitzu) eta hiztegi orokor gisa, Aita Plazido Mujikarena, Luis Mari Mujikarena eta Xabier Kintana eta bere kideena genituen. Azkeneko hau orduantxe berrargitaratu zen Hiztegia 80 izenarekin. Oso oker ez banago, UZEIk berak ere artean, Fisika, Kimika, Politika eta Psikologia izeneko hiztegiak bakarrik zituen kaleratuak (1980an). Egoera honetan, UEUn eratu zen itzulpenaren inguruko lehen ikastaroa 1980ko uztailean eta Lexiko sorkuntzarako bideak deitu klasera bederen, itzultzaileok eta ez ziren beste hainbat ere joaten zela oroitzen dut. Jarraian eta 1980ko abenduaren l5etik 20ra, Gipuzkoako Foru-Diputazioak antolaturik, gisa beretsuko eta kideko materia eta irakaslez hornitutako ikastaroa eman zen Donostian; Iruñera joan ez zirenentzat bereziki. Zer esanik ere ez, bi ikastaro hauetan, azken urteetan euskalgintzan erabiltzen ari zen euskara eredua landu, sakondu eta garatu zela.
1982ko azaroan, Eusko Jaurlaritzako Herri-Arduralaritza-ren Euskal Erakundeak antolatutako Euskara eta Administrazioari buruzko I. Ihardunaldiak ospatu ziren Lakuan eta aurreko bietan ez bezala, lehen aipatutako bi euskara ereduen aurkezpena agertu zen argi eta garbi, 1984ean argitaratutako liburuska irakurriz ikus daitekeeniez. Halere, eta lexiko-arazo zehatzei zegokienean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian agertzen zen ereduaren teoria bakarrik agertu zen, nahiz eta ponentzia orokorrak denetarikoak izan.
Geroztik, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak deituta, itzultzaile eta euskara-arduradun asko bildu ginen Oñatin eta lexiko-azterketak egin eta eztabaida zenbait izan ere bai bi eredu horien inguruan. Dena den, eta guztizko lerroratzerik eman ez zen arren, gerturamenik izan denik ez dago ukatzerik. Lan horietan geniharduela, Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundeak Donostian antolatu zituen hurrengo II. Ihardunaldiak (Nazaret Ikastetxean), 1984eko martxoaren l2tik l5era eta han esanak oraindik argitaratu ez badira ere, hizkuntz ereduen azterketa baino gehiago egin zen euskara-zerbitzuen beharrena, soziolinguistikako egoera eta arazoena, antolamenduena eta besterena, nahiz eta tartean hizkuntz ereduak ere aipatuak izan. Gauza interesgarri asko esan zen han eta oso interesgarria litzateke txostenen argitarapena.
Bestalde, Itzultzaile-Eskola ere sortu zen eta lanean ari da, jende prestatua kaleratuz. Gainera, izan dira han hemen itzulpenan eta euskara teknikoari buruzko ikastaroak eta oraintxe bertan Herri-Arduralaritzak berak eman berri du bat Gasteizen itzultzaile berrientzat. Historia honetan, litekeena da bakarren bat ahaztea eta hala balitz barkatu, baina nik ditudan datuen arabera, aipatutakoak dira garrantzitsuenak, UEUk ia uda oro Iruñean eta IRALEk Donostian eman dituen alfabetatze teknikoez gainera.
Lanerako materialei eta besteri buruz berriz, lehen aipatu dut 1980ko egoera. Hara eta hona ibiltzeak ez du kalterik ekarri. 1980ko Ikastaro haien ondorioz, itzultzaile eta arduradun talde bat UZEIn biltzen hasi zen eta 1983an Administrazioa-Zirkulazioa deritzon hiztegia kaleratu zen. Orain kaleratzear dago ZUZENBIDEA deritzona eta hirukotea osatzeko Hirigintza falta da. Bestalde, Legebiltzarreko itzultzaileek ere 1985ean argitaratu dute Aldizkariko eredua jarraiki landu duten Hiztegia eta 1985eko urrian baita ere kaleratu da Administrazioa euskaraz aldizkariaren O alea Herri-Ardularitzaren eskutik; bertan denoi luzatzen zaigun gonbitaz gainera proposamenak egiten dira eta arazoak agertzen. Bestalde, UZEIn biltzen jarraitzen duen taldeak, inprimaki eredu mordoska bat proposatuko ditu Zuzenbide Hiztegiarekin eta Epaitegietako beste batzu prestatzen ari da laster kaleratzekotan. Dena den, inprimaki mota horietako asko, jadanik zabalduta daude behin-behinekotasun osoz bada ere, fotokopia moduan.
5. Euskara-Batzordeak eta Euskara-Zerbitzuak
Ez nintzen ni lehena izan, itzultzaileekin ez zela administraziorik euskaldunduko eta Euskara-Gabinete Teknikoak edo Euskara-Zerbitzuak behar zirela esaten. Soziolinguista trebeek 1980az geroztik bederen (agian lehenago ere bai) berehala esan zuten hori, bana nik neuk ere kandela errazago jaso nuen nire eguneroko lana eta ingurua ikustean eta lehen aipatutako Donostian 1984eko martxoan izandako Ihardunaldietan hizlari eta txostengile anitz izan zen ildo horri jarraitu ziona. Neuk ere aukera hura probetxatuz, txostentxo bat egin nuen eta hitzez adierazi ere bai mahai-inguru haietako batean.
Esan beharrik ere ez dago, gaur dela eguna, oraindik ere Udalik gehienetan eta beste erakundeetan ere, Euskara- Batzordeak eta Euskara-Zerbitzuak oso urri direna. Batzu Kultur Batzordeen barnean daude azpibatzorde gisa, beste batzutan ezertxo ere ez dago, itzultzaile batzu (hartzea suertatu denean) bidea markatu, lagundu eta bultzatuko dituzten batzorde politikorik gabe desanparatuta eta beren gisa, ahal duten bezala ari direlarik. Euskara-Batzordeak eta Euskara-Zerbitzuak ez dira noski arazoaren soluzioa, baina zalantzan jartzerik ez dagoena da leku guztietan euskararen azterketa, eskaerak, jarraipena eta beste egingo duten lantaldeen behar zana eta ezer sortzen ez bada, dena egiteke gelditzen da. Beren akats, hutsune eta guzti, lanerako ezinbesteko tresnak dira eta areago joanik herriz-herri, eskualdez-eskualde eta erakundez-erakunde beroriek sortu ezezik, beraien artean hertsiki koordinatu beharra ikusten dut. Ondoren, bere hutsarte guztiekin ere, Euskara-Batzorde tipo baten proposamena egiten dut,
udal eta erakunde guztietarako, aipatu Ihardunaldietan proposatu nuen eskema errepikatuz (beste batzuk ere egin zituzten horrelako proposamenak eta eskema ez da nire asmaketa hutsa).
Guzti hau, arloaren arabera noski. Erakunde batean egotziak diren lekuan, beste batean diputatuak eta gremioak etab. izango dira, baina funtsean eskema bera. Gainera, udalerrikoa bezala izan liteke eskualdekoa, diputaziokoa, etab. baina azkenean, guztiak koordinatzeko zenbait behar da, bai Komunitate Autonomo mailan eta baita Komunitate Autonomo, Nafarroa eta Iparralde mailan ere, hizkuntz presioa denetan atera eta indar berberarekin senti dadin. Bestela antzukerietan galtzen gara.
Zoritxarrez ordea, administrazioan euskara lanetan diharduten gehienek, ez dute egitura honen hasikinik ere eta ondorioz euskara ez da teknikoki eta profesionalki planteiatzen ez eta baloratzen ere, politikoki baizik, horrek zeharo limosna-munduan eta negoziazioetan sartzen duelarik. Egia da batzorde hauetako batzu lortu direla, baina ia inoiz ere ez ordea botereak berak, onenean ere oposizio politikoak sortu ditu gehienetan eta honek, definizioz, boteredunei bost axola zaiela esan nahi du, edo eta agian gehiago, asko axola zaiela euskararekiko antolamendu eta sare egokirik ez sortzea.
Amaitzeko esan baita ere, Euskara-Batzorde hauek toleratuak izan diren lekuetan ere, ez dutela beste batzordeen teknikotasun-maila hotz eta objektiboa izaten eta beren proposamenak, arrazoizkoenak eta Estatutuaren 6. artikuluan oinarrituak izan arren, oposizio-talde batek aurkeztutako mozio politikotzat hartzen direla askotan. Hau bereziki konstatatu da langile berriak kontratatzeko euskara maila zehazterakoan eta maila hori egiaztatzeko sistema hautatzerakoan.
6. Udaletako alfabetatze-euskalduntze egitasmoak
Itzultzaile, arduradun edo dena delako sufrituok egin behar izan genuen eta askok oraindik ere egin behar duten beste eginkizun antzu bat, klaseak ematearena izan da eta da. Ikuspegirik garbiena zuten udaletan eta erakundeetan, hasiera-hasieratik berezi zituzten eginkizunak, baina euskara izeneko guztia zaku berean sartzen zen lekuetan, orotarako balio zuten itzultzaileak klaseak ere eman behar izan zituen eta oraindik ere ditu eta baldintzarik bitxienetan eman ere askotan, bere ernegazio eta ikasleen desengainurako.
Edozein udaletan ere, gutxienez hiruzpalau urte behar izan ziren (hasieratik gauzak garbi zituztenak gutxi ziren eta), sistema horrek, denbora alferrik galtzea besterik ez zekarrela egiaztatzeko. Hortik pasa ondoren, leku batzutan bederen, euskaltegietara jotzea gero eta normalagoa izan da eta udaleko euskara-arduradunak, egitasmoak egiten joan dira klaseak emateari utzita, nahiz eta oraindik ere, porrota besterik ez dakarten sistemen usarioak irmoki mantendu leku batzutan.
Ez dira oraindik gehiegi, beren funtzionari-gorputzak, premiarik handiena dagoen lekuetatik hasita euskalduntzeko eta alfabetatzeko egitasmoak burutu dituzten erakundeak. Halere, badira batzu bidea urratzen hasiak eta honi funtsezkoa deritzot administrazioa euskalduntzerik nahi bada, baina ez haatik nahikoa, gero esango dudanez. Horrelakoen artean udal batzuk adibidez, pertsonal guztiaren azterketa eta egitasmo zehatzak eginak dituzte. Beste batzuk agian, premiatsuenak dituzten lanpostuenak bakarrik. Bai batzuek eta baita ere besteek, arazo larriak dituzte ordea erabakiak betetzen hasterakoan. Barnetegi erako klaseak ez dira edonola lortzen maila eta pertsona mota jakin batentzat eta askotan egitasmo horiek atzerapenak jasaten dituzte betetzerakoan.
Honek gutxienez ere, Eusko Jaurlaritzak berak funtzionari inota oro euskalduntzeko eta alfabetatzeko, zerbait esateagatik IRALE gisako zerbait antolatzea eskatzen du eta batipat, funtzionarientzako bereziki antolatutako euskalduntze-alfabetatze ikasleku bat antolatzea barnetegi gisa, leku finko batean, maila eta mota guztietako jendea bildu administrazio-adar guztietatik eta prozesua azkartzeko bideak jartzea. Horrela, udal, diputazio eta Jaurlaritzako nahiz beste administrazio mota batzutako funtzionarientzat aukera garbiak izango lirateke eta euskara, promozio zentzuan jartzekoa litzateke, orain informatika eta beste bezalatsu.
Lehengo funtzionariak euskararen ildoan sartzeko, ez dago beste irtenbiderik. Gainerako sistema epel guztiek, halako borondate, asmo on eta giro horretako eskaintzek, emaitza oso murritzak eta antzuak eskaintzen dituzte eta horrela bederen ez dago euskalduntze masibo baten planteiamendurik egin ere egiterik. Gainera, bulego bat edo sekzio bat euskalduntzeko egitasmoa egin arren, batzu euskaldundu badira baina beste batzu ez, azkenean, ezer egin ez dutenek besteak irensten dituzte eta ezer gutxi aurreratzen da maila pertsonaletik haratago. Bestalde, euskaldundu eta alfabeta daitezke funtzionari zenbait, baina gero politikoek edo idazkari eta departamendu-buruek, euskaraz funtzionatzeko agindua espreski ematen ez badiete (edo alderantzizkoa ematen badiete) denak lehen bezalaxe irauten du zoritxarrez, politikoak eta goi mailetako funtzionariak beraiek dira eta azken finean funtzionamendu sistema hori alda ez dadin interesik handiena dutenak, zeren eta aldatuz gero, beraiek bait lirateke estutasunetan lehendabizi jarriko liratekeenak, inoiz ere ez dute ezer egin eta, beraien politikako eta administrazioko hizkuntz praxia aldatzeko.
7. Enplegatu-kontratazioa: ideia garbiak eta norabide zuzena falta ala sobera?
Aurreko puntuari oso lotuta dagoena da honako hau. Lehengo funtzionariek erdaldun fama eta praxia dutela ez da zalantzan jartzen eta funtzionarien euskalduntzea eta alfabetatzea aipatzean, beti ere lehengoez (1979az aurrekoez) ari garela pentsatzen dugu automatikoki. Baina, zer gertatzen da berriekin? Oraintxe bertan hartzear daudenekin edo duela urtebete hartuekin? Arazo berbera errepikatzen dela!
Gezurra badirudi ere eta euskara hi hizkuntza ofizialetako bat izan arren (Estatutuaren 6. artikulua), euskara maila funtzionalik ez da eskatzen ezinbestekotasunez Euskal Herriko administrazioan lan egiteko. Lanpostu puntual batzutan agian bai, beste erremediorik ez dagoelako, baina mintzamenezko edo idatzizko harreman publikoak izan behar dituztenetan oro har ez, eta lehengoekin zegoen arazoa berriro ere errepikatzen anda.
Eusko Jaurlaritza bera ari da enplegatu erdaldun huts-hutsak udaletan zehar banatzen zenbait gaietako monitore, kultur animatzaile, etabarren gisa. Zer esanik ere ez teknikoen mailan... Ez du inongo euskara mailarik eskatzen. Udalek beren aldetik puntuatu baizik ez dute egiten eta askotan horregatik ere inpugnazioak jasaten dituzte gainera. Ze zoroetxetan bizi gara? Geuk uneoro jasaten dugun diskriminazio hitzarekin adarra jotzen zaigu gainera... Profesionalki (eta ez politikoki) esijitu beharreko euskara maila arbuiatu egiten da eta Estatutuaren 6. artikulua bete gabe uzten da. Gaia leporaino politizatzen da eta esijentziak (ezinbestekoak bestalde) hankaz gora botatzen dira.
Jokabide ahul eta txepel hau dela bide, euskaraz funtzioriatzen hasi behar luketen funtzionariak, ez dira hasten eta arazo historikoa berriro errepikatzen da. Isatsari, koska egiten dion arramaren antzekoa da hau, baina kasu honetan, edo eta ez da argi ikusten gaia edo eta ez da ikusi nahi.
Bitartean, itzultzaileak jartzen dira erdal ekoizpen ugaria ezin itzuliz ito daitezen. Aldaketa planteiatzen hasteko giltza, politikoek daukate eta nonbaitetik esijitu beharko zaie beraiek idatzi zuten Estatutuko hitza bederen betetzeko bitartekoak jar ditzaten.
8. Lan postu-balorazioak eta beste: ardilarruz jantzitako otsoak
Lehenak gutxi bailiren, azkenaldi honetan, modan ipintzen ari da udaletan lanpostu-balorazioa egitea eta ondorioz lanpostuen birmoldaketa egiten dute. Honi, halako zientzi usain bat ematen zaio, matematika purua bailitzan eta Jainkoak berak egin balu bezalakoxe justizi airea.
Lanpostu-balorazioak eta birmoldaketak oso ohizkoak izan dira entrepresa askotan eta hori ez da batere berra ez eta harrigarria. Ondo eginez gero, onak izan daitezke eta agian udal asko daude euskara-arloan birmoldaketa bikainak egin beharrean. Berra dena ordea, hau da, Euskal Herriko udal batzuetan (hiruzpalautan egin dute eta beste batzuetan egiten ari dira) euskararen arrastorik ere ez duten entrepresak dihardutela honetan (Organización y Desarrollo adibidez) zientifikotasunaren izenean, euskarak ez duela ezertxo ere kontatzen lanpostuak birmoldatzerakoan ez eta funtzionarien derrigorrezko ezagupideak definitzerakoan, zeren eta horientzat ez bait dago euskaraz funtzionatu beharrik; gaztelaniaz ez da bada funtzionatzen? Gainera, ez al dago bada hor itzultzailea hala behar denerako?
Bestalde, hauentzat berdin-berdina da itzultzailea, euskara-arduraduna, euskaraz zerbait egiten duena, edozer gauza arraro, laguntzaile administratiboaren inguruko zerbait. Argi, beraz, jende honekin eta beren estudioak egiteko hauek kontratatzen dituztenekin. Lehengoak gutxi izaki, hauek ditugu ardilarruz jantzitako otsoak! Zientifikotasunaren izenean, lehengo erdal funtzionamendua eta hegemonia guztiz sendotzera datozenak dira eta Euskal Herriko udal eta erakundeetan sarbidea aurkitu dute.
Edonon ere, ahalmen-gabezia litzatekeena (azterketa egitera joan eta aztertu behar duen laneko hizkuntza ez jakitea) gaur eta hemen soziologo erdaldunen bidez legitimatu egiten da eta aurrera eraman gainera. Ur hauetan pasatako baten aholkurik behar baduzue, esango dizuet trantze horretan aurki zintezketenoi: euskaraz bakarrik hitz egin eta doazela etorri diren bidean.
9. Administrazioa euskalduntzeko bideak eta bitartekoak
Administrazioa barnetik zer zen ere ja ez genekiela sartu eta halako katu arraro gisa aipatutako hiru hiztegiekin hasi ginenetik, 5 urte igaro dira eta nire ustez bederen ez dira alferrik igaro. Dena ez da denbora galtzea izan. Gauzak nola diren jakiteko oso ondo etorri da eta jadanik engainatu bederen ez gaituzte egingo.
Hizkuntz alorrean bada oraindik ere premiarik, bada zalantzarik, baina konparatzerik ere ez dago orduko egoerarekin. Gaur bederen, baliagarria eta egokiena denaren ildo nagusia somatu egiten da, gauza asko eta asko adierazteko modu egokia aurkitu da eta itzulpen lan bortitzei esker, euskara hutsean funtzionatzen hasteko ereduak ere proposatzen hasteko moduan gaudela uste dut (gehienetan elebidunak baino errazago aurkezteko moduan gainera). Beraz, itzultzaile deituok egindako aurrelan honek, bere fruituak eman ditu eta ematen ari da. Hizkuntza hera hemen handi batetan trebatzea lortu da.
Gainera, hori dela eta, administrazioaren giltzarri batzu ere ezagutu ditugu eta berorien arabera tranpak non dauden ere soma dezakegu. Zerbait baino gehiago ikasi dugu beraz, baina ikasitakotik fruitua ateratzeko, harako zerbait egin behar da eta itzultzaile bat hartuko dugu eskema hori birplanteiatzeko ordua iritsi dela deritzot eta bereziki politikoek birplanteiatu behar dute hau. Nik, neure esperientziatik jaso dudanaren arabera eta inongo gobernu-programarik gabe, ondorengoa proposatzeko ausardia hartzen dut eta borondaterik onenaz adierazten dut, helburua argi eta garbi jarri eta berorretara iristeko beharrezko ikusten dudana aipatuz.
1) Gaurdaino sartuta dauden funtzionari erdaldun guztien euskalduntzea eta euskaldun analfabeto edo gisakoen alfabetatzea planifikatu ikastaro trinkoen bidez, horretarako barnetegi berezi eta espezialdua jarriz. Lehentasunak markatzerakoan, goi mailako postuetatik hasita egin eta ez behekoetatik hasita, izan ere horiek bait dira testu berri eta jatorrizkoen idazleak, besteak aldiz kopiatzaile hutsak besterik ez diren bitartean. Gainera, askoz ere jende gehiagorekin dituzte harremanak eta zalantzarik gabe goragoko mailetakoekin.
2) Barne berrantolakuntzak egin bi hizkuntza ofizialak menderatzen direnaren arabera eta derrigorrezkotasunak (bi hizkuntzekiko) agertzen diren lanpostu guztietan euskaraz ere erantzuna emateko modukoak jarri.
3) Langile edo enplegatu berririk hartu behar bada, hizkuntz gaitasun froga selektiboak egin lehendabizi gutxieneko maila bermatzeko eta ondoren laneko gaiei buruzko frogak bi hizkuntzetan berdintasun osoa erabiliz, nola mintzamenean hala idatzizkoan (lanpostu mailaren arabera).
4) Bi hizkuntzetan funtzionatzeko prestatuta dauden edo prestatuko diren funtzionariei berehala bi hizkuntzetan bederen funtzionatzeko agindua eman eta euskaraz bakarrik funtziona daitekeenetan euskaraz funtzionatzekoa.
5) Euskaraz gehienik edo ja osoro funtziona dezaketen herrietan edo sekzioetan, premiazkotasunezko funtzionari-prestakuntza deklaratu eta egin, euskaraz bakarrik funtzionatzen has daitezen.
6) Itzulpena, ezinbestean bakarrik egin eta jatorrizkoa euskaraz idaztera abiatu, gero behar bada erdal itzulpena eginez. Honek noski, lehen esanaren arabera, kargudun txostengileak eta idazkariak nahiz teknikoak ongi trebatzea eskatzen du, baina horretan hasi beharra dago inoiz helburura iristerik nahi baldin bada.
7) Euskara-Batzordeak sortu udalerri, eskualdeko erakunde edo bestelakoetan (diputazio, Jaurlaritza, eta beste). Arazoa profesionalki aztertu eta ez politikoki, beraz, Hazienda-, Gobernazio- eta Hirigintza- nahiz Zerbitzu-Batzordeari edo besteei ematen zaien garrantzi bera eman. Batzorde honen erizpideak, besteenak bezain profesionaltzat hartu eta Euskara-Zerbitzuaren aholkuak, arkitekto, aparejadore edo abokatu-idazkarienak bezala, epai politikorik eman gabe.
8) Euskara-Batzordeak, Euskara-Zerbitzuak sortu, arduradun, itzultzaile, erredaktatzaile, bulegari eta besterekin, biztanle kopuru eta hizkuntz egoerak dituzten premien arabera eta udaleko edo dena delako erakundeko euskara lan guztien nahiz herritarren kontsulta guztien ardura hartu.
9) Batzorde eta Zerbitzu horiek elkarrekiko koordinatu eta epe jakinetan betetzeko helburuak markatu, euskara hutsean zer egin behar den, bi hizkuntzetan zer eta españolez zer erabakitzeko. Epe jakin hori iragatean, hurrengo mailara pasa eta euskararen erabilpena gorantz eraman, beharrezko ikusten diren bitarteko guztiak ipiniz, nola tresnetan hala pertsonetan eta erabakitakoa betez. Era honetan jarraitu guztia elebidundu arte eta funtzionamendu elebiduna ortu denean edo denerako, euskara hutsean zertzu funtziona dezaketen aztertu eta hasi. Bigarren prozesu honen garapena bide beretik joango litzateke, baina kasu honetan den dena elebiduna izatetik, euskara hutsaren erabilpenera pasatzeko. Prozesu honek ordea, ez luke zertan horrela izanik euskaraz bakarrik funtzionatuz lihoazkeen arloetan eta lekuetan, bigarren epe honetakoa lehenengoan eramango lukete aurrera eta.
10) Lanpostu balorazioak eta gisakoak, euskararen berri eta zerbitzuak euskalduntzearen berri ondo dakiten soziolinguistei eta horrelakoz osaturik euskaraz lan horiek egiteko gai diren entrepresei egin erazi eta ez euskara azkeneko bagoian sartzen duen edonori.
11) Euskara-Zerbitzuei, kanporatzen den idatzizko ororen euskararen kontrola eramateko ardura eman, nola toponimia, hala errotulazio, paper, propaganda eta beste, eta udaletako nahiz diputazioko eta Jaurlaritzako zerbitzuen arteko koordinazioa bilatu, txukuntasun, berdintasun eta egokitasunez gauzak egin daitezen.
12) Administrazioko Eskola Euskalduna sortu, ikasketak euskara hutsez egiteko (gaur maisutza edo kideko ikasketak euskaraz egin daitezkeen bezala) eta ez noski gehienetan gertatzen dena: gai teknikoak españolez eta lagunartean afaltzerakoan euskara apur bat porque yo, soy más vasco como el que más.
Hamabi puntu atera zaizkit. Beharbada hogeitamar ere aurki daitezke. Esan nahi dudana ulergarria dela uste dut. Tren honetan honaino heldu gara (leku batzutan), hots, beharrez konturatzeraino. Orain hurrengo trena hartu behar dugu, lehengoa baino lasterragoa dena eta lehenago eramango gaituena. Lan honetan ari garenok, saiatuko gara tren hori ere gidatzen, behar duguna ikasiko dugu, baina trena bera politikoek jarri behar digute eta lehendabizi, tren horren beharraz jabetu behar dute gorputz eta arima eta ondoren egia plazaratu. Euskara lanetan ari garenok, zain gauzkate.