Euskal lokuzioak, Hiztegi erotikoa
Artikulua PDFn
Diccionario de locuciones del euskara y correspondencias españolas euskal lokuzioak dictionnaire des locutions de l'euskara et correspondances françaises
Koldo Izagirre (Hordago 1981)
Diccionario erótico del euskara clásico y popular hiztegi erotikoa dictionnaire érotique de l'euskara classique et populaire
Ramon Etxezarreta (Hordago 1983)
Euskal hiztegigintzak bi aportazio garrantzitsu izan ditu azken urteotan: Euskal Lokuzioak eta Hiztegi Erotikoa. Izan ere, bi hiztegi hauetan egun nahikoa ahaztuak eta baztertuak ditugun hizkuntzaren alderdiak lantzen bait dira.
Urte hauetan, zalantzarik ez, aurrerapen handiak egin dira euskararen ikerketan. Ikerketa eta lan gehientsuak ordea euskal fonologia eta gramatika osatzera zuzentzen direla iruditzen zaigu. Hori behar beharrezkotzat —lan nagusitzat— jotzen dugu, areago euskara standarra egiten ari garenean.
Jadanik sarritan esana badago ere, standarra ez da euskara guztia ordea; eta daramagun bidetik, giro urbanoetan batez ere —eta giro horretan mugitu behar dugu gehientsuak, eta euskara hori nagusituko da—, bide horretatik euskara murritz eta adierazkortasunik gabekoaren arriskua ukaezinezkoa da
Izan ere, Izagirre eta Etxezarretarena sarritan albamendu lana iruditzen zaigu. Galtzen diren espresioak bildu, eratu, idatzi: hemendik urte batzutara, eta ez askotara. askoz neketsuago edo ezinezko zitekeen lan larria. Lan eskergarriak beraz.
Ikuspegi desberdinetatik, euskararen afektibotasuna lantzen dute biek: lokuzioetan lortzen du hizkuntzak indar adierazkorra, alde batetik; eta bestetik, hizkuntzaren alderdiren batetan gorpuzten bada hiztunon afektibotasuna, sexuaren barrutian da. Baina afektibotasuna dela eta, bi hitz esan nahi genituzke. Badirudi tonu afektiboa, hunkikorra edo adierazkorra hizkera formalari bota lekiokeen gatzaren modukoa dela; eraskiria heraz, gauzak era "salerosoan" esateko hornidura. Eta uste dugu hori baino askoz garrantzitsuago deia. Teoria apur bat erabiliz. ezaguna da Bühler-en hizkuntz funtzioen azterketa; nolabait haren eskeman oinarritzen da gaurko hizkuntzalaritza, Bühleren arabera, hizkuntz zeinuak hiru funtzio betetzen ditu: irudikatzailea —errealitatea aipatu eta ezagutarazten diguna—, hunkitzailea eta deitzailea; hi hauek, igorleari eta hartzaileari lotutakoak, hiztunen subjektibotasuna azpimarratzen dute. Garrantzitsuena, gizatasunaren (gizakiaren logikaren) adierazpiderik nabariena lehenengoa da: hor dago gizakiaren sinbolikotasuna. Beste biak berriz goikoari erantsitakoak lirateke, nolabait. Bada ordea teoria honen berriztapen interesgarririk. F. Kainz-en[1] arabera, Bühler-en lehen funtzioan (Darstellung), hau da, irudikatzailean, bi funtzio mota herezi behar dira; irudikatzailea bera eta informazio funtzioa. Izan ere, funtzio irudikatzaileak hizkuntza osoa besarkatzen du eta, hiru funtzio berezten ditugu beraz: informazio funtzioa, hunkitzailea eta deitzailea; funtzio irudikatzailea bestalde, hiruretan ematen da.
Azken finean, hizkera informatibo soilaren bidetik —hizkera hori utopikoa izanik gainera— nahikoa zaila gertatuko zaigu inguratzen gaituen errealitatea aipatzea. Beste ikuspuntu batetik, orain interesatzen zaigunetik, oso zaila izango zaigu hitz egiteko lokuzioak edo eta hiztegi erotikoa ia osorik betetzen duten metaforak baztertzea. Maitasuna egin bera ez al da metafora?
Ez dugu bada ustetan hauek "osagarri" edo direnik, euskaran gatza botatzen dioten bitxikeri bilduma, aitzitik, askoz ere garrantzitsuago derizkiogu, behar-beharrezko orain eta hemen.
Tamalez ordea, bi hiztegietan bildutako materiale baliotsuak merezi duen tratamendua ez zaiola eman iruditzen zaigu. Izan ere, irakurri edo aztertzeko garaian oso interesgarriak badira ere —baita politak eta sarritan xelebreak ere—, erabiltzerakoan —lanerako behar direnean— ez dira batere erosoak gertatzen. Lehen-lehenik duten prezioa aipatu beharko litzateke. Diruak agintzen du beti, kulturaren gainetik eta azpitik diruaren agintepean egin ote diren itxura dotorean ez dakigu, baina garesti gertatzen direla eroslearentzat uka ezinezkoa da. Guztion onerako —salerosketarako— argitalpen apalago eta merkeagoak egin behar direla uste dugu. Baina liburu bakoitzaren berezitasunak aipatu behar dira, eta banan-banan egingo dugu
Euskal Lokuzioak
Koldo Izagirrek Euskal Lokuzioak liburaren sarreran egoki esaten duenez, "herriak ez du gramatikarik,... espresio beharrak lojikarenak baino larriagoak dira... hizkuntzaren alde afektiboak informazio trukatze soilaren gainetik agertzen da". Lojikatik kanpo, beraz, osatzen eta sortzen dira lokuzio hauek.
Azpimarragarria da "estiloaz" egiten den aipamena, alegia "kodigo estandarrak indize estilistiko eskasa du lokuzioen kodigoarekin konparatuz, hartan hiztegiaren zati batzuk bakarrik urruntzen bait dira hizkuntzaren era bilera arruntetik; ... bigarrenean ordea lokuzioa berez da hizkuntzaren erabilera arruntetik berezia, eta indize estilistiko handia du haren ondoan".
Estiloa dela eta, koadro batean sailkatzen dizkigu forma markatuak eta ez markatuak (estilo garaia eta behearren ordez edo antzera). Egia esan, koadroaren egitura eta elementuen lekutzea ez dirudi oso segurua edo behintzat zalantzak ikusi ditugu sailkapen posibleak era honetara antolatzeko, alegia, bizia kendu (bk. ez markatua), pertsona bat garbitu (estandarra markatua) (?).
Dena dela Euskal Lokuzioak liburuan jaso diren bokuzioak benetan lokuzio dira —loturazkoek beharbada beste tratamendua mereziko lukete (?)— eta behar bezalako datu eta xehetasunez gainera.
Datu hauei ezer eranstekotan mailaketa moduko zerbait izango litzateke, alegia, non, noiz, zein hizkuntz mailatan erabili diren adieraztea, ahal baldin bada bederen.
Honekin esan nahi duguna hau da, oso bilketa lan inportantea egin dela, eta hori egin gabe beste gainontzekorik ezinezkoa dela; baina aldi berean lanaren bigarren zatia edo, egiteko dagoela iruditzen zaigu, "didaktiko" bihurtzea, erabilgarritasun handiagoa ematea, antolamendu desberdinak egitea helburu desberdinei begira.
Erabilgarritasuna aipatu dugunez, ez legoke gaizki gure ustez ordenamendu alfabetikoa azpimarratuagoa erabiltzea, adibidez, hitzen "sarrerak" edota lexema inportanteenak letra tipoz edo bereztea; berotu: arnasa berotu: nekatu. Aldi berean sailkapenak taldekatuagoak edo multzokatuagoak izatea, forma bakar baten menpe daudenak alegia. Era honetara elementu nagusiena erraz aurkituko genuke. Gainera erantsiko bagenio liburuaren atzekaldean "glosario" moduko bat, bertan berotu, arnasa... eta hitz guztien aipamenak eginez orrialdeen numerazioa dutela, hiztegi izateko arrazoi handiagoak izango lituzke liburu honek.
Liburuaren lehenengo zatia lokuzioen sailkapen gramatikalean oinarrituta dago, eta ez zaigu gaizki iruditzen, baina kontutan hartuz lokuzioen sailean euskaldunok ditugun hutsuneak eta ezjakintasunak, beste antolamenduei indar eta garrantzia ematea komenigarri ikusten da. Bigarren zatia berriz euskarazko esanahiz dator sailkatua -ez gaztelaniazko esanahiez-; gaztelaniazko ordenamendua, berriz, lokuzioena da.
Bestalde, aurkibideen erabilpena nahikoa zaila gertatzen da batzutan: hauek erabiltzeko izan daitezkeen zenbait oztopo aipatuko ditugu: andresilaka eraman: eskuekin egindako aulki modukoan eraman; aurkibidean ez dugu forma hori aurkitu Gainera llevar la sillita de la reina edo gaztelaniaz ezaguna den forma ez da inondik inora ageri eta zoritxarrez honelakoak izaten dira abiapuntu hiztegi honetara laguntza eske lotzerakoan. Beste adibidea pedir peras al olmo aurkibidean ez dator baina ezinezkoa eskatu da lokuzio horren esanahia, eta bide horretatik ere aurkibidean ez dugu aurkitzen. Lokuzioetan ordea badator euskarazko zumarrari gaia eskatu forma.
Liburuan agarrar el toro por los cuernos ematen da kertenetik hartu lokuzioaren ordezkotzat; zailtasunari zuzenean eraso da esanahia. Forma hon aurkitzeko gaztelaniazko aurkibidean ez dugu -a- letran ezer aurkitzen coger el toro... c- letran sailkatzen bait du.
Ahoa bete hezurrekin gelditu: tronpatua izan. Euskal aurkibidean ez dugu aurkitzen, bai ordea gaztelaniazko lokuzio parekoa ezagutuz gero quedarse con un palmo de narices.
Beraz, esan daiteke lokuzioak bi hizkuntzetan ezagutzen baldin badira gaztelaniazko aurkibidetik heldu daitekeela euskarazkora, baina esanahiaren bidez euskarazko lokuzio hau aurkitzea oso zaila da.
Bestelako irregulartasunak ere badira, adibidez:
Ezer ez ajola (eusk. Aurkib.)
- Arditik ez ajola
- Bost ajola
Importar un comino
- Arditik ez ajola
- Kornadu baten ajolarik ez ukan
Bi hizkuntzen artean formen aldaketa hori agertuz. Edo baita ere zeharo bete esanahian (eusk. Aurkib.) lau forma jasotzen diren bezala, gaztelaniazkoan berriz llenarse hasta los topes horretan hiru forma besterik ez ditugu. Gauza bera adarra jo bezalako hamalau lokuzio datoz trufatu esanahiaren menpe eta gaztelaniazko tomar el pelo forman bederatzi.
Azkenik beste adibidea aipatuko dugu: dantzatu aditzaren menpe hamar lokuzio bildu ditu. Esanahi horietako bi forma laisterka egin adierazten dutenak ez datoz aurkibidean eta zuzen ez dantzatu lokuzioaren ondoan haserretu idatzita ere, aurkibidea (inorekin) haserretu formaren barruan bildua dago lokuzio hera. Aurretik haserretu eta ondoren (ironiaz) haserretu, ez haserretu eta zeharo haserretu esanahiak bata bestearen atzetik antolatu dituela, baina inolako batasunik eman gabe, haserretu elementua azpimarratuz edo...
Horrela, egokitzea eta osatzea izango litzateke lan posible bat, sailkapen egokiz hornituz.
Beraz garrantzizkoena glosarioarena izan daiteke, edo baita ere gaztelaniazko aurkibidea zabaltzea —euskara, agertzen den bezalaxe esanahiaz antolatutakoa— hau da, alegrarse. gastar, luchar, cumplir... horrelako hitzen menpe euskal lokuzioak biltzea.
Arazo eta zailtasun hauek badakigu neurri handi batean hiztunen mugaren erruagatik izan daitezkeela, ezagupen murriztua dugulako eta gaztelaniaren bidetik oso kutsatua dugulako sail hau, horregatik gure arazo tristea askotan hau "nola itzuli" izango da eta behar beharrezkoa zaigu aurkibide ahalik eta garbiena eta zehatzena begien bistan izatea. Erabilera errazteko beste modua oinarrizko mailaketa edo azpimarraketa egitea izango litzateke. Adibidez, San Antoniori kandela jarri, kopeta beltza jarri, moztuta utzi eta itzala utzi zabaldutzat har daitezkeela iruditzen zaigu, nolabait beste batzuetatik bereizteko: Muilo utzi - baztertu, Aldi gaitz ukan -gaixorik egon edo kornadu baten ajolarik ez ukan - ez arduratu.
Azken lokuzio honen parean hor konpon egin azpimarratuz gero irakurleak horrekin lotuko lituzke ezagunago zaizkionak. Hala ere esan behar da lokuzioetan beti esaten zaigula nondik jasoa izan den.
Bilduma honekin gure lanak errazteko, egin daitezke bestelako azpi-sailkapenak edo, nolabait esateko. Konparatibozko formak jaso, hitz giltzarri edo erabilienekin zerrenda bereziak osatu, gorago aipatu dugun bezala lokuzio arruntenak eta erabilienak azpimarratu eta berezi, gaztelaniazko pareko ezagunak dituztenak bildu, zaharrenak, klasikoak... Baina batez ere hiztegi izateko ordenamendu lexematiko-alfabetikoari lehentasuna eman; bi hizkuntzetan gainera, bi bideetatik leku berera iristeko, bai lokuzioaren lexema baten bidetik, bai esanahi arenetik.
Dena dela forma guztiak ondo ordenatuta eta nahi diren era guztietako sailkapenak eginda ere, beste zailtasuna ere badugu, alegia, lojikaren bidea alde batera utzi beharra dagoela hizkuntzaren bizitasuna mantentzeko eta gaztelaniaren menpekotasun horretatik ateratzeko, helburu horri begira eragina eta hedadura izan dezaketen bideak erabiliz hizkuntzaren askatasun hori mantentzeko edota berreskuratzeko.
Hiztegi erotikoa
Hiztegi honi begirada bat eman eta kontrako ideiak sortzen dira irakurlearengan: la imaginación al poder hura batzutan (general kornut → infidelitatea; Catalunya aldean soldaduzkan ibilitakoren batek asmatutakoa ote?), inolako irudimenik eza bestetan (zera zertzeko zera: asma zak, asma zak...). Edozein modutara, oso ongi pasatzen da beti erotismoaren inguruan. Nahiz eta hiztegiaren irakurketa zenbaitetan nahikoa triste gertatu halako pekatu zerrenda luzeak ikusita, haragiaren atsegin lizun, lohi, lotsagarri, zikin eta abar bata bestearen atzetik pilatzen direnean.
Lana serioa da ordea, eta serio hitz egin beharko dugu guk ere. Horrela, hasieran aipatzen genuen erabilgarritasun hura kontutan hartuz, nahikoa arria iruditzen zaigu hemen. Lehenik esan behar da Lokuzioak erabiltzerako zituen hutsuneak ez direla Hiztegi erotikoan agertzen. Honek ordea ez du Lokuzioak liburuan hain interesgarri den hitzaurrerik, eta behar-beharrezko iruditzen zaigu hiztegiaren egitura eta erabileran buruzko sarreraren bat.
Era desberdinetako sailkapenak dauzka liburuak: ideologikoa deritzana lehenik (hau da, esanahi edo ideia orokorretik hitz jakinetara), ohizko hiztegi alfabetikoa ondoren, zeina liburuaren osagai nagusia den, eta beste hizkuntzetako sarreraz osatutako zerrendak. Terminoak zein esanahiak aurkitzeko arazorik ez da hemen beraz. Horietaz gain, hiztegitan ezohizko diren osagaiak ditu liburuak: errefrauak, testuak, terminoei buruzko komentarioak. Eta esan behar dugu, hain zuzen ere, horiek iruditu zaizkigula interesgarrienak. Izan ere, liburu honetan bildutako materialea, hiztegi erara ez ezik, beste batetara antolatu beharko litzateke agian: bilduma soil gisa lehenik, ondoren lan mota desberdinak egiteko: etno-antropologikoa edo izan zitekeen bat, hizkuntzatik sexu-ikuskerara (izan ere, egilea zenbaitetan horretan ahalegindu dela dirudi) iristeko; lan erretorikoa ere bidezko litzateke, metaforak, eufemismoak, metonimiak, onomatopeiak aztertzeko, azterketa konparatzaileak egiteko etab.
Bestalde, hiztegia bera —liburuaren zati nagusia— nahikoa puztua dagoelako susmoa daukagu. Honela, Elartzabalen poematxo batetan oinarriturik (zir-zir / zapa-zapa zapla-zapla / zanga-zanga / zar-zar zizt/ zara-zara / zizar / zizare), zazpi termino ipini dira hiztegiaren sarrera gisa: zizare ez ezik, zakila, beste guztiako esanahiarekin. Termino guztien erreferentzia bakarra poema hori izanik, ez dakigu zenbateraino esan daitekeen bikote guzti horiek berez mugimendua edo kolpea adierazten duten onomatopeiak baino gehiago ote diren. Alegia, suposatzen da hiztegi batetan azaltzen den hitzak baduela, ingurune-esanahiaz gain, berezko esanahirik, euskaldun gehienek (edo batzuk, gure egoera ditxosoa dela eta, eta areago gai honetan) ezagutu eta ulertuko dutena. Eta hiztegi honetako terminoetan sarritan gertatzen da ingurunetik kanpo ez dutela halako esanahirik. Hori berez eufemismoetan gertatzen da (beste hori, gauza egin, lan hori, zertu...), eta espero zitekeenez eufemismoz beteta dago liburua azkenean sexuaz jardutea eufemismo monstruosoa besterik ez dela dirudi. Baina esanahi orokor eta iraunkorraren eza ez da eufemismotan bakarrik gertatzen; Erdi kaleko festa, adibidez, odolaldia omen da.
Era konkretuagoan hainbat duda-mudako puntu aurkitzen ditugu hiztegiaren corpusean; hauek lirateke:
a) Definizioak
Nahikoa joera hedatua da euskaraz perifrasitan aritzea, izena aurkitu ezinean (edo beldurrean). Hemen, hitz edo lexien ordea askotan definizioak aurkitzen ditugu sarrera gisa: senideak elkarrekin haragizko pekatua egin, senideak elkarrekin pekatua egin, senideen arteko haragizko pekatua... (esanahia, ahaide arteko seksu iharciuna); sodomako pekatari galduen gisa (ezer) egin (sodomia egin); besterekin haragizko pekatua egin, besteren lagunarekin haragizko pekatua egin (adulterioa egin); gizonak gizonarekin pekatu egin, emakumeak emakumearekin pekatu egin (homosexualitatea), etab.
Itxura denez, pekatuen pekatu diren horiek ez dute izenik euskaraz, eta azaldu egin behar dira. Azaldu, esaldien bidez; baina ez dugu uste esaldi horiek, lexikalizatu ez direnean behintzat, hiztegi batetan ager daitezkeenik.
b) Aldaera fonikoak
Behin baino gehiagotan sarrera gisa azaltzen dira termino bat edo batzuren bariante edo aldaera besterik ez diru diten formak pitilila, pitili, pitilia, pitilina, pitiloa, pitito, pitoa, pitua, pittikoa, pittitti, pittitto potota, pototina, potta, pottoa, pottorra, pottotto...Hauetan iruditzen zaigu hitz bat (edo batzu) hautatu behar dela hitz-giltzarri gisa, ondoren haren aldekariak seinalatuz. Ikusten denez, onomatopeikoak dira, eta horregatik erraza da aldaera ugari agertzea. Aldakortasun horretan, adierazgarria da gainera hitz bera edo beretsua bi esanahietan azaltzea:
pottoa - emakumearen seksoa.
pottoak, pottok - barrabilak
c) Aldaera semantikoak
Hemen ere, perifrasien bidez, zeharka hitz egitearen ondorioz, I + adj. sintagma zerrendak aurkitzen ditugu, non sustantiboari adjektibo pejoratiboa eransten zaion: atsegin gaizto, debekatu, ez garbi, lizun, lohi, lotsagarri, txar, zikin... ; edo ta haragiaren atsegin lizun, lohi, lotsagarri... Hauetan ere, lexia ez denean, ez dugu uste sintagma bakoitzari sarrera bat ezar zekiokeenik, substantibo eta adjektiboaren esanahien elkarketaz -eta ingurunearen eraginez- sortzen bait da azken esanahia, beti gertatu ohi den erara; trukagarriak dira gainera.
d) Izendapen guztiz bereziak
Hiztegian azaltzen den zenbait hitz hapax direla iruditzen zaigu, hau da, behin dokumentaturiko formak. Hauek interesgarri izan balitezke ere, ez dirudi oraindik euskal hiztegiaren parte direnik. Horrela, hainbat literaturgileren testutatik harturiko hitz edo esan bideak. Arestirenak: deabrua - zakila, sekretuak ostu - jo; Miranderenak: eskua emazte ukan - masturbatu; Amurizarenak: atzeko kanala - ipurtzuloa, etab. Halako batzuk gainera gure ustez interpretazio arazoak sor ditzakete. Alegia, gehienak metafora —eta metafora berriak— izanik, zenbateraino eman daiteke suposatzen den esanahia metafora apurtuz? Horrela, Amaia Lasaren poema batetatik: "Ene gorputza / esnatu egiri da berriro Punta zuriko diti gorrak / gogortu Diti gorrtak adala ixuririk / Beso higuinen ordez / haritzaren azala lastandunk". Hemendik gorputza esnatu terminoa hartu eta berotu esanahia eman zaio, Nahiz eta hori den ziuraski esan nahi dena, ez da esaten ordea: ez dirudi bideiko de nik esanbidea poematik atera eta hiztegian sartzea.
Laburtuz, funtsean dagoen arazoa hau litzateke: hizkuntza (langue) eta hizketaren (parole) arteko mugarik eza. Badakigu, jakin, muga hori ez dela zehatza; hala ere hemen sarritan hizketan jasotako espresioak hiztegian sartu dira, hau da, hizkuntz mailara jaso. Hizketa-ekintza une-unekoa, indibiduala eta aldakorra da; eta berorren ulerpenean, hizkuntz-esanahiaz gain, bestelako faktoreak ere hartzen dute parte: egoerak, hiztunen jakintza estralinguistikoak, konnotazioen indarrak etab. Horregatik, hizketan edozein hitzek edozein esanahi har lezake. Justu-justu arazo honen adierazpen polita La saga/fuga de J.B. nobelan aurkitzon dugu[2]. Kontua da halako apustu bat egiten dela Castroforte herriko bi talderen artean (godoak, kanpotarrak eta bertakoak), ea nork aurkitu sexua aipatzeko hitz gehiago. Gizonezkoak emazteei galdezka hasi eta: "Oye, mi vida, ¿Y tú cómo le llamas a esto?" "¿Cómo?" "A esto.., y a eso" (...)"Pues yo no le doy ningún nombre. Yo le llamo como tú: esto y eso"».
Gero, halako tipo bitxi batek sekulako hiztegia duela jasoa gertatzen da, urtetako lanaren oridoren. Honela dio:
"Lo corriente es que ciertos escritores y predicadores cursis llamen "flor" a la virginidad pero también se le llama a lo que la soporta. Me sirve de fundamento un epigrama atribuido a Góngora, que le voy a leer: Yace aquí Flor, un perrillo / que fue, en un catarro grave / de ausencia, sin ser jarabe, / lamedor de culantrillo. / Saldrá un clavel a decillo la primavera, que Amor, / natural legislador, / medicinal hace ley: / si en yerba hay lengua de buey, / que la haya de perro en flor.
Está claro, ¿no? Un contexto adecuado hace que cualquier palabra signifique cualquier cosa... De esta manera, el número de denominaciones de la vulva es prácticamente infinito, como el del pene..."
Izan ere izendapenak (denominaciones) mugagaheak dira berez: gauza bat berez duen izenaz aipa dezakegu, haina baita ere metaforaz, metonimiaz edo besterik gabe seinalatuz (hait, hori): beti ere inguruneak, hitzezkoak edota egoerak, ulertaraziko digu kasuan kasuko esanahia. Berezko kalizaturiko metafora, metonimia, eufemismoa, hau da, balio soziala eta ez bakarrik subjektiboa dutenak azaldu behar dute hiztegitan: hizkuntz mailakoak.
Badakigu teorizatzea erraza dela, eta guzti horren aplikazioa, non eta (euskal) sexuaren munduan (ia) ezinezkoa dela. Inguruko hizkuntzetan ere sexuaren hizkuntza guztiz eufemistikoa bada [seigarren aginduaren aginpea oso zabala (izan) da], zer esanik ez dago gure Euskal-Herri, -Literatur, -hizkuntza ortodoxo eta bortxatuan.
Gauzak horrela, hasieran esaten genuenera itzultzen gara: materiale honek interes handia izanik, ez zen hiztegi gisa moldatu behar, lan monografiko baten erara baizik.
Bukatzeko
Ikusi denez, bi hiztegiok nahikoa elementu izanik amankomunean, oso desberdinak dira: desberdinak eskaintzen duten materialetan, desberdinak erabilkeran; bakoitzaren arazoak ere espezifikoak dira. Dudarik ez, euskal hiztunarentzat garrantzitsuagoa da Lokuzioak, besteak hizkuntzaren oso alor mugatua iantzen bait du. Honek ez du esan nahi, noski, halako lanak behar ez direnik; aitzitik, lan monografikoen beharra lexikoan, eta areago hizkuntzari adierazkortasuna ematen dioten esamoldeetan, derrigorrezko deritzogu.
Hala ere, uka-ezinezkoa da Lokuzioak bezalako hiztegi baten hutsunea euskal liburugintzan oso nabaria zela, batez ere idazle eta itzultzaileentzat. Baina ez dakigu zenbateraino bete den hutsune hori: aide batetik liburua nork eta nola erabiitzen duen ikusi beharko litzatekeelako; bestetik, eta adierazi dugunez, ez duelako betetzen hiztegi batek eskatzen dituen baldintza guztiak, praktikotasuna eta erabilgarritasunari begira. Baldintza horiek hobeto betetzen ditu Hiztegi Erotikoak, baina antolaketa horren premia mugatua da erabilpen-maiztasunean behintzat.
Edozein modutara, lan garrantzitsuak eta premiazkoak dira biak. Oinarrizko bilketa egina da jadanik: lehen pausoak —zailenak— eman dira, eta aurrerantzean honetan lan ein nahi duenak, izango du zeri heldurik.
Oharrak
1. E. COSERIU-k aipatua. "La creación metafórica en el lenguaje", El hombre y su lenguaje. Gredos, Madrid, 1977, 79. or.
2. G. TORRENTE BALLESTER. La saga/fuga de J. B. Destinolibre, 1981 (2. argit.), 181-182. or.