Euskara eta Administrazioari buruzko I. Ihardunaldiak
Artikulua PDFn
Administrazioa Euskaraz 1
Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakundea/I.V.A.P.
ISBN 84-7542-112-1
Oñati 1984
169 orrialde. 15x21 zm.
Oraintsu bi urte Gasteizen izenburu berberorrekin izandako Ihardunaldietan aditzera eman ziren txostenak biltzera dator Oñatiko Herri-Arduralaritzaren Euskal Erakunde/Instituto Vasco de Administración Pública-k argitara zabaldu duen liburu hau. Ihardunaldiok 1982ko azaro-abenduko hondar-hasieratan izan ziren Lakuako gobernu-egoitzan.
Non berea zor zaio eta, derradan lehenik orduko hitzaldiok eskutako hatzez konta ahalako entzuleak bildu zituztela, antolatzaileen zorigaiztorako. Izango al du liburu honek haiek inguratu ez zuten entzutea.
Orain inprentaratuz jasotzen dena, beraz, orduan jendaurrean azaldutako 9 txostenak dira, aldakuntzarik gabe. Gainera, hauetako bi Joseba Arregi Aranbururen "Administrazioaren Euskalduntzea. Ohar orokorrak" eta Pedro Alvarez Mingoren "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian Itzulpen-lana", Herri-Arduralaritzazko Euskal Aldizkariak argitara emanak zituen lehendik.
Hitzaldi guztiok elkarren ondoan eta gainbegirada bakar batez ikusteak aipatu Ihardunaldien neurria ematen du. Azaltzen diren gaiak arras heterogeneoak dira, elkar lotura ahula dute; norberak emandako tratamendua, bestalde, guztiz da bestetatik berezia eta urrutikoa batzutan (printzipio orokorretako espekulazioetatik aipamen bibliografikoz jositakoetara). Esku bakarraren falta da nabarmen, guztion esatekoak gutxienezko bateratasunak uki zitzan.
Sistematikarik ezean, badira euskararen normalkuntzaren alde juridikoak eta legezkoak xehetzen dituzten bi txosten: Alberto Ansola Maiztegiren "Regulación legal del euskara en la Administración: el proyecto de Ley Básica de Normalización del Uso del Euskara" eta Jose Luis Lizundia Askondoren "Euskararen normalizapena euskal administralgoan". Gogoan izan behar da, bada ezpada, artean euskararen normalkuntza-legea orduantxe onartua zuela Gasteizeko parlamentuak, txostenaren izenburuak "proyecto" bazion ere. Ez da luze jo behar bi txosten huek parlamentuan lege-proiektuaren eztabaida garaian ageri izan ziren jarrera nagusi bien laburbilpena direla jakiteko, haien gurasoek ere ez bait dute beren jokamolde politikoa izkutuan gordeta, biak ere parlamentari izaki ginera. Bi urteren aldean, harrigarri gertatzen da Lizundiaren argudio luzeak (egituraz eta formaz adibide ezagun baten ereduaz moldatua, baina hori beste kontua da) zer defentsa lotsatia izan duen ohorezko tribuna horietan. Gauza asko utzi zituen Lizundiak esanak orduan, gehiegi agian bere talde politikoak berak ere hain agudo bazterrean ahaztutua uzteko. Izan ere, normalkuntza-legeak bi urte bete dituen honetan hizkuntz politikaren gidaritzak zer egitura eta nolako baliabide administratiboak erabiliko dituen definitu gabe dago oraindik. Ansolak, legearen defentsa suharra egindakoan, "administrazioa euskalduntzeko politika bakartzat" aldarrikatu zuen. Denbora puska ederra joana da legean egin asmo ziren haiek zertan diren miatzen hasteko, eta ez dirudi inork ekin dionik lan honi.
Administrazio-lanetan usatzen den hizkera, eta beronek dakarzkigun korapilo linguistikoak dira kezka liburu honetako beste lau txostenetan: Joxe Juan G. Txabarriren (sic) "Administrazio-Euskararen lantzea"; Xabier Mendigurenen "Administrazio Publikoaren Euskalduntzea eta Itzulpen Zientzia"; Josu Oregi Aranbururen "Arduralaritza-Euskeraren Baldintzak"; eta Pedro Alvarez Mingorena, lehen ere aipatua.
Lehenengo biak oso lan dokumentatuak dira, nork bere barruti konkretuko bibliografia ugari erabiliz moldatuak, eta administrazio-hizkeraren puntu banakari lotuak: G. Txabarrik administrazioko euskal lexikogintzaren saio batzuren berri xehea ematen du, bere sortetxe profesionala izan zen erakundearen ukitu nabarmenez. Mendigurenek, berriz, itzulpen-zientziak Administrazioan itzulpengintzarako eskaintzen dituen argibideak azaltzen ditu, eta jokamolde desberdinen balioa luze-laburrean neurtzen.
Beste biak, aitzitik, arrunt bestelakoak dira. Oregirena eta Alvarezena anai bizkiak dira, bi-biak ere hipotesis berari eustera bait datoz. Derakustzaten adibideak frankotan berak dira, edota oso berdintsuak. Eta funtsean, halakoak edo bestelakoak Konstituzioa edo Estatutoa euskaratu zuenen egindako izugarrikeriak adibide bakartzat hartuta, itzulpengintzarako eredu baliogabe bati nahi dizkiote azpiak jan, beste inolako argudio politikorik gabe "Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria"-n lau urtez honuntza asma ahala egiten den euskara ulertezin eta hanka-buru gabe hon zuritzeko. Exenplu solteak erraz dira aurkitzen nonahi inor harrapatu nahi bada, baina "esan ditzadanak bere alorretan ari direnentzat baliagarri izan daitezkeenaren ustetan", "agintarien herritarrekingo harremanak" (Oregi); "bereiztu gintzake", "ondoriozki, edukiaren benietako ñabardurak galdu eginez", "eraldatu ez dezakenaren baldintzapean", "-ko lekuzko atzizkiagandik aterata", "... Saila... ekingo zaio" (Alvarez) idazten dituenak zuhurtasun handixeagoz mintzatu beharko luke besterenaz. Oregik nola Alvarezek esandakoei askotan arrazoirik ez zaiela falta itsuak ere ikusten ahal du, baina errazago ikusten ere hautabidea, ez bakarra ez onena, ez dela hain xuxen aipatu Aldizkari Ofiziala.
Gainerakoan, Jose Arregi Aranbururen aipatutakoa eta Gotzon Egiaren "Euskararen Normalizazioa Gipuzkoako Diputazioan" txostenak kontsiderazio orokorretara lerratzen dira, administrazioaren hizkuntz normalkuntzaz bere osotasunean erreflexio-bide batzuk proposatuz.
Azkenik, Carie Duarte i Montserrat-ek "La normalización lingüística en la Administración Pública en Catalunya" txostenean herrialde hartan egindako saioen bilketa polit eta adierazkorra ematen du, eta esan egiten ez badu ere agerian uzten hemengoarekin diren aldeak.