Hasi berritan antzerkia itzultzeaz
Artikulua PDFn
2005ean, Harold Pinter antzerkigile ingelesari eman zioten literatur arloko Nobel Saria. Horrek plaza askotan izan zuen oihartzuna, eta zenbait lekutan (hala gertatu zitzaidan niri) ezagun egin zuen Pinter, ordurako beste askotan aski ezaguna zena. Azken urteetan bezala, Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa antolatu zuten jarraian, literaturagile sarituaren obra itzultzeko. Lehiaketan parte hartzeko, Maitalea antzerkiaren hasierako hamar bat orrialde-edo itzuli behar ziren. Bada, (orain dudan eskarmentutik ikusita) atrebentzia larregiz baina hasiberriaren ez jakiteak ematen duen lotsa gutxiaz, lagina aurkeztu, eta neuri eman zidaten obra hori eta beste lau itzultzeko enkargua.
Hor hasi ziren nire kezkak, eta orduan atera zitzaizkidan mila eta bat galdera. Lehenengo aldia nuen literatura itzultzen, eta, jakina, estreinako aldiz itzuli behar nuen antzerkia. Artikulu honetan, denboran atzera itxura egin, eta, nik orduan bezala, antzerkia lehenengo aldiz itzuli behar duen itzultzaileak kontuan hartu beharko lituzkeen alderdi batzuk aipatu nahi ditut.
Batzuen esanetan, antzerkiaren itzulpenak bi jarduera adierazten ditu: testu dramatikoa hizkuntza eta kultura batetik beste hizkuntza eta kultura batera itzultzea; baina, baita jatorrizko testua (itzulia edo egokitua) taula gainera eramatea ere. Nik lehenengo urratsari buruz baino ez dut hitz egingo.
Berandu baino lehen, eskerrak eman nahi dizkiet Itziar Otegiri eta Miren Ibarluzeari, gogoeta hau idazteko eman didaten laguntasunagatik. Testu honek ezer onik badu, eurei esker da; okerrak, ordea, neureak dira guztiak.
Antzerkia, genero berezia
Literatura aipatzen denean, gehienetan, narratiba etortzen zaigu burura, edo poesia, agian. Kontua da antzerkia ez dela izaten literatur aukeretan lehena. Izan ere, narrazioen (edo poesien) aldean, antzerkia ez da hain genero hedatua, ez da besteak bezainbeste irakurtzen. Zer esanik ez, berdin gertatzen da literatur itzulpenaz ari garenean: nekez lotuko diogu termino hori, lehenengo-lehenengo, antzerkiaren itzulpenari. Bada, ordea, literatur itzulpena, baina, jakina, berezko ezaugarriak dituen generoa denez, itzultzeko orduan, ezaugarri horiek itzulpena baldintzatzen dute. Esango nuke, lehen batean, antzerkia ez dela irakurtzeko generoa, ezpada entzun eta ikustekoa. Egia da ere, zenbait antzerki lan irakurtzeko testu legez idazten direla, baina ez da hori autore askoren kasua, eta ez da H. Pinterrena ere, askotan, obrak idatzi, eta argitaratu aurretik, lehenengo antzeztu egin izan baititu.
Narrazioetan autoreek kontatu eta deskribatu egiten dute; antzerkigileek, ordea, erakutsi egiten dute, antzezpenaren bitartez helarazi behar diote hartzaileari nobela edo ipuin batean idatziz azalduko litzatekeena. Narrazioa testu batek osatzen du; antzerkia hein handi batean ikuskizuna da, testu idatzia baino gehiago da. Ez hori bakarrik, esan liteke antzerkian ikuskizuna dela alderik garrantzitsuena. Bada, ikustekoa eta entzutekoa den alde horrek, beste generoek ez dituzten zeinu mota batzuk izaten ditu: ahozko testua, gorputz keinuak, antzeztokia, soinu-argiak... Horiek ere kontuan hartu behar ditu itzultzaileak antzerki lan bat itzultzean, ez baita testu hutsa izaten beste hizkuntza eta kultura batera irauli behar duena.
Antzerki testuen ezaugarri nagusiak
Antzerki testuek bi atal izaten dituzte: didaskaliak eta elkarrizketak.
Didaskaliak autoreak elkarrizketetako testuen ondoan ematen dituen oharrak dira, antzeztu ez, baina antzeztuko denaren osagarri direnak. Normalean, gainerako testutik bereizteko, letra etzanaz, parentesi artean, letra larriz edo beste nolabait bereizita ematen dira.
Hau ez da, jakina, lan gehien ematen duen atala, baina hasi bezain laster sortzen dio euskal itzultzaileari lehenengo kezka: zer aditz forma erabili ohar testuetan? Aditz trinkoak? Forma burutua, ez-burutua? Geroaldikoa?
Nik aditz trinkoen eta forma ez-burutuen alde egin nuen:
SARAH egongelan dabil hautsontziak husten eta garbitzen. Goiza da. Soineko arina darama, eratsua. RICHARD ezkerraldetik sartzen da egongelara, agertokitik kanpo dagoen komunetik. Maletatxoa jasotzen du atarteko armairutik, SARAHrengana hurbildu eta musu ematen dio masailean. Irribarretsu begiratzen dio emakumeari une batez. SARAHk irribarre egiten du.
Beste itzultzaile eta antzerkigile batzuek arituko da, jasoko du, musu emango dio eta antzeko formak erabili izan dituzte.
Aukera hori egiteko, alde batetik, euskal autore klasikoek zer egin duten begiratu nuen. Lehenengo antzerkigileek, Barrutiak eta Munibek, gaztelaniaz ematen dituzte ohar horiek, beraz, ez dira honetan lagungarri. Beste autore batzuek (M.Soroak eta S.Barojak) forma ez-burutua (-t(z)en) eta geroaldikoa (-ko/-go) darabiltzate nahasian. Eta, jakina, beste batzuek (Toribio Altzaga, P.M.Otaño, Jean Pierre Harispe) -t(z)en atzizkidun forma ez-burutuak darabiltzate. Kasu bitxia da RM Azkuerena, agintera erabiltzen baitu oharretan. Ez nituen pastoralak ahaztu, baina horietan infinitiboa erabiltzen da gehien, eta ez dut uste bestelako antzerki lanetarako balio duenik.
Beste alde batetik, Itzulen, aspaldi ez dela, honen gaineko eztabaida agertu zela gogoratu eta hara jo nuen: zerrendako kideen artean ere joera ezberdinak ageri ziren. Nik, ordea, forma trinkoak eta ez-burutuak erabiltzea hobesten zutenen alde egin nuen. Hona, nik baino hobeto, zerrendakide batek azalduta, horren zergatia:
Geroaldikoa hor erabiltzea jatorkeria aldrebesa iruditzen zait, burutua erabiltzea bezala. Antzerkiak, filmak bezala, behin eta berriro "gertatzen" dira, eta, kasu bakoitzean, (antzez)testua irakurtzen edo filma kontatzen den une horretantxe "gertatzen" dira. Beraz, puntukaria dagokio, nire ustez, garbi (hots, kontatua eta kontatzea (orain) aldiberekoak balira bezalako efektua bilatzen dira). Aditz trinkoa bada, huraxe da puntukaria, eta trinkorik ez bada, berriz, ez burutua (-T(Z)EN).
Elkarrizketak dira antzerki testuetako beste zatia, aktoreek esaten duten testua, alegia. Elkarrizketak antzerkiaren muina dira eta, besteak beste, bi ezaugarri azpimarratuko nituzke elkarrizketez ari garela: batetik, literatur testuak dira; eta, bestetik, ahoz esateko idazten diren testuak dira.
Ahozko direla esateak ez du esan nahi ahozko testu arruntak direnik, bat-batean sortu eta gertatzen direnik. Antzerkigileak literatur testua sortzen du, ahozkoa baina artifiziala dena, hau da, ez dena jardun naturala. Elkarrizketa horiek funtzio estetiko nabarmena izaten dute, eta errealitate jakin bat adierazten dute, autoreak sortutako fikzio bat.
Kontua da, antzerkian, fikzioa, kontakizuna, elkarrizketen bidez ematen dela, ekintzak pertsonaiek esaten dutenaren bitartez gertatzen direla, eta autoreak aktore pertsonaien bitartez helarazten diela mezua hartzaileei. Beraz, mezu hori egoki helduko bazaie hartzaileei, aktore-pertsonaien jardunak sinesgarria izan behar du, naturaltasuna izan behar du, erritmo egokia, eta entzuleari ulergarri izan behar zaio.
Antzerki testuen itzulpena
Antzerki testua itzultzeko orduan, lehenengo eta behin, zertarako eta norentzat itzuliko dugun pentsatu behar da. Bereizi egin behar dira irakurtzeko idatzi den antzerkia eta antzezteko idazten dena. Lehenengoak testu finkoak izaten dira, beste literatur generoetakoak bezala. Halakoetan, itzultzaileak ez dio horrenbeste begiratu behar testuaren ahozkotasunari eta esaldien esateko erraztasunari. Dena dela, kontuan izanik, gorago esan dudan legez, Pinterrek, ezer baino lehen, antzezteko idazten zituela bere obrak, nik ere, bigarren motako antzerki testuen gisa itzuli ditut: nire lana noizbait taula gainean antzeztuko diren ikuskizunak itzultzea zela erabakita.
Bada, irizpide horien arabera, ikuskizun baterako idazten (edo itzultzen) den lanak antzezteko eta esateko modukoa izan behar du. Itzultzailearen lehenengo "bezeroa" aktorea izango da, eta, nahiz eta gorago esan dugun elkarrizketek ahozko testu artifizial bat, erreala ez dena, osatzen dutela, literatur testu horren ezaugarri bereizgarriena ahozkotasuna da. Beraz, itzultzailearen helburu nagusietako bat aktorearen lana erraztea izango da, hobeto esan, errezitatzeko moduko testua sortzea, eta itzultzailearen irizpide nagusia, zilegi bazait hala esatea, testuaren antzezgarritasuna izango da.
Cristina Piña antzerki itzultzaileak dioen legez, antzerkian, hitza esan egiten da batik bat, antzoki batean ahoz adierazteko da, eta horrek baldintza jakin batzuk jartzen ditu, beste alderdi batzuek (garaiak, estiloak, hizkuntzak) ezartzen dituztenetatik bereizita. Antzerki testua itzultzerakoan, guk idatziz emango ditugun esaldi horiek ahoskatzeko modua eta esaldien erritmoa sartzen dira jokoan. Elkarrizketek biziak eta sinesgarriak izan behar dute, bai jatorrizko testuan bai itzulitakoan. Testua gaizki edo zurrunegi itzultzeak sinesgarritasuna kenduko dio xede testuari, eta horrek eragin zuzena izango du aktoreen lanean eta entzuleen erantzunean.
Ideia horren ildotik, batzuen ustez, antzerki idazleak aktore ere izan behar du (hala izan da, esaterako, Harold Pinter), eta berdin gertatzen da itzultzailearekin, antzerki itzulpen ona egingo badu. Ordea, beste batzuek, uste dugu gehiegi dela halakorik eskatzea. Dena dela, inork ez du ukatzen, ezinbestekoa dela itzultzaileak testua ahoz esatea, ozen irakurtzea eta beste batzuei entzunarazi edo irakurraraztea.
Askotan (niri hala gertu zitzaidan sarri Pinterren lanak itzultzean), pasarte bat itzultzen denbora luzean jardun, kontu handiz hitzak aukeratu, esamolde jakin baten bila ibili eta, azkenean, testua irakurri eta ontzat ematen dugu. Baina ez dira gauza bera irakurtzea eta esatea. Isilean irakurtzen dugunean, ezkutuan geratzen dira aktoreak testua esatean eman beharko dizkion erritmoa, naturaltasuna eta soinua. Beraz, aktorearengandik ahalik eta hurbilen jartzeko modu bakarra itzulitako testua esatea edo errezitatzea da.
Horrez gain, testu baten ahozkotasuna lantzeko, aukera izanez gero, antzerki lan bat itzuli behar duenak oso baliagarri izango du obra (bai jatorrizko hizkuntzan bai beste hizkuntza batzuetara itzulitakoetan) bideo, DVD edo halako euskarri batean izatea, eta behin eta berriz ikustea (ia-ia jatorrizko testua irakurtzea beste).
Pinterren estiloaren ezaugarrietako bat esaldien trinkotasuna da, eta, autore horren kasuan, erritmoa trinkotasunak markatzen du hein handi batean. Beraz, hura itzultzen lortu beharreko alderdietako bat zen euskaraz ere jatorrizkoaren pareko trinkotasuna eta erritmoa lortzea. Ez dut gehiegi luzatu nahi adibideak ematen, beraz, hona pasarte labur bat, aipatu berri dudan horren adierazgarri:
Pause.
KATE: It is a very long time.
DEELEY: But you remember her. She remembers you. Or why would she be coming here tonight?
KATE: I suppose because she remembers me.
Pause.
DEELEY: Did you think of her as your best friend? KATE: She was my only friend.
DEELEY: Your best and only.
KATE: My one and only.
Pause.
If you have only one of something you can't say it's the best of anything.
DEELEY: Because you have nothing to compare it with?
KATE: Mmnn.
DEELEY: Ez duzu gogoan zer sentitzen zenuen?
Etena.
KATE: Aspaldi-aspaldi izan zen.
DEELEY: Baina bera gogoan duzu. Eta berak gogoratzen zaitu. Zer dela-eta etorriko zen gaur gauean bestela?
KATE: Gogoan nauelako izango da.
Etena.
DEELEY: Lagunik minena zen zuretzat?
KATE: Nire lagun bakarra zen.
DEELEY: Minena eta bakarra.
KATE: Bat eta bakarra.
Etena.
Gauza batetik bakarra izanez gero, ezin esan hura denik denetan onena.
DEELEY: Ez duzulako zerekin parekatu?
KATE: Mmnn.
Gorago aipatu ditut, ahozko testuaren erritmoarekin batera, aktoreak esango duenaren naturaltasuna eta sinesgarritasuna. Arlo horretan, funtsezko atalak dira lexikoa eta kultur erreferentziak.
Itzultzaileak, oro har, beti jokatzen du kontu handiz hitzak aukeratzean. Lexikoa eta esaldiak txukun taxutzea izaten du zeregin nagusia. Literatur itzulpenetan, zer esanik ez, are kontu handiagoz ekiten zaio lan horri, baina antzerkiak itzultzean, esango nuke, beste generoetan ez bezala jokatzen dela sarri. Lehen aipatu dudan hautua egin ostean, alegia, antzezteko moduko testuak itzultzea erabaki ondoren, helburu horri egokien datozkion hitzak eta esamoldeak aukeratzea da erronkarik handienetako bat. Neurri batean esan daiteke, testuaren hartzailea zein den argi badago, zilegi dela, beste itzulpen batzuetan ez bezala, jatorrizkoarekiko fideltasuna malguago tratatzea. Baina horrela jokatzeak arrazoi bakarra izan behar du: xede testua antzezteko modukoa izatea, eta ikusleengana errazago heltzea.
Kasu honetan, jakina, entzuleak euskaldunak izango direla izan nuen buruan itzultze prozesu osoan, baina, batez ere, euskararen gaur egungo egoera eta hartzaileak, ziurrenik, gaur egungo euskaldunak izango direla. Horrela, bada, beste testu mota batzuetan aukeratuko ez nituzkeen hitzak erabili nituen elkarrizketetan, esaterako: toalla, pertsiana edo hule; txukuntasun handiagoa bilatu nahi bada, agian, eskuoihal, sareta edo oihal ziratu legez itzuli daitezkeenak. Hau da, hizkera kolokialetik eta ahozkotik abiatuta itzuli behar da antzeztekoa den antzerkia, gramatika liburuetatik eta hiztegietatik baino gehiago. Horrek eskatzen du, adibidez, askotan euskaraz ahozko jardunean erabiltzen ditugun zernahitarako hitzak edo lotura hitzak ekarri behar direla itzulitako testura (zera, alegia, hau da), nahiz eta askotan jatorrizko testuan ez ageri.
Horiez gain, Senez 28.ean, Bego Montoriok Komikien itzulpena artikuluan komikiez dioenak antzerkirako ere balio du neurri batean. Komikietan bezala, antzerkian ere (ahozkotasunaren adierazgarri) interjekzio ugari ageri dira. Bego Montoriok orduan zioen legez, funtsezkoa da jatorrizko hizkuntzan dituzten erabilera eta esanahia ondo ezagutzea, gero euskaraz ordain egokiak emateko. Baina, garrantzi bera du euskaraz zer esanahi duten ezagutzeak, batetik, eta gure hizkuntzan zein diren aztertzea eta arakatzea ere, bestetik.
Lexikoarekin bezala, ikus-entzulea kontuan hartuta itzuli (edo egokitu) behar dira kultur erreferentziak. Pinterrek bere obretan, orain dela 40 urte kasu batzuetan, zerabiltzan erreferentziak eta gaur egun bere obraren bat euskaraz ikusiko duenarenak ezin dira berak izan. Horregatik, hain zuzen ere, aipatu dut egokitu hitza, uste baitut, itzuli baino, askotan, hartzailea nor izango dugun kontuan hartuta moldatu behar duela antzerki itzultzaileak testua. Kasu batzuetan, ordea, kulturen mundializazioak erraztu-edo egiten du erreferentzien arteko aldea gutxitzea. Esate baterako, Lehengo denborak antzezlanean, pertsonaiek gazte denboretako zenbait kantu oroitu eta abesten dituzte. Itzultzeko aukeretako bat izan zitekeen ingelesezko abestien ordez euskal kantu klasikoak ematea. Horrek, ordea, testuaren oreka apurtuko zuela pentsatu nuen, obra hori Ingalaterran kokatzen baita hasiera-hasieratik. Gero, konturatu nintzen, kantu horietako batzuk, nahiz eta ingelesez abestu, ezagunak direla (gutxi gorabehera) gure artean (besteak beste, Frank Sinatrak abestu zituelako). Beraz, zeuden horretan uztea eta abestien hitzen euskarazko itzulpena parentesi artean ematea erabaki nuen. Dena dela, inoiz antzeztuz gero, nik neuk dauden horretan utzi edo, agian, ingelesezko beste abesti batzuk erabiliko nituzke, horiek baino ezagunagoak.
Film edo liburuen izenekin ere arazoak izaten dira. Kasu honetan, goian aipatutako obran zehar, Odd man out aipatzen da (1947ko film klasiko bat), gaztelaniaz Larga es la noche itzuli zutena. Badakit honen gainean sarri eztabaidatu dela, alegia, filmen izenak jatorrizkotik abiatuta ala gaztelaniatik itzuli behar ote ditugun. Nik Luzea da gaua itzultzea erabaki nuen, mezu horren azken hartzailea entzule euskalduna izango zela kontuan hartuta (eta ziurrenik Hegoaldekoa). Gaur egun, gure artean erreferentzia nagusia Larga es la noche dela pentsatu nuen eta antzerkia ikusten ari direnak film hori ikusi baldin badute, (gehienek) gaztelaniazko bertsioa ikusiko zutela; beraz, errazago identifikatuko zutela itzulpen hori, ingelesezko izenburuarena baino. Jakina, narrazio batean, esaterako, irakurleari eskatu diezaiokegu irakurtzeari utzi eta (nahi badu) kontsulta egitera joan dadila, baina antzerki obra bat ikustera doanak, aukera bakarra du: behin entzun eta lehenengoan ulertu behar du erreferentzia hori.
Amaitu gabeko lana
Hasieran aipatu dut batzuen esanetan antzerkiaren itzulpena badela ere testua taularatzeko prozesua. Egoera ideal batean, jatorrizko hizkuntzatik xede hizkuntzara itzuli, eta itzultzailearen zeregina ez litzateke besterik gabe hor amaitu behar. Itzultzaileak obra antzeztuko duen taldearekin egon beharko luke harremanetan. Berak obra itzultzean (nahiz eta testua ahoz esan) hauteman ez dituen alderdi asko ikusaraziko dizkiote obraren zuzendariak eta aktoreek. Baina itzultzaileak ere bere ekarpena egingo die haiei, eta ez nolanahikoa, bera baita, ziurrenik, jatorrizko testua sakonen aztertu duena.
Itzulitako antzerki lan bat testutik taulara ekartzeko prozesuan, beraz, itzultzaileak esku hartu behar duela uste dut.
Honaino heldu da, beraz, hasiberri legez antzerkiaren itzulpenaz egindako gogoeta txikia. Gauza handirik ez da, eta kontu berririk gutxi, baina inori inoiz ezertarako balio badio, betea izango du testu honek helburua.