Editoriala
Karlos del Olmo

Albiste pozgarria da, inondik ere, SENEZen motako aldizkari bat 50. portura heltzea, paperezko jantzia aldean duen arren, aldagarri digitala ere dotore beztituta. Denboraren errobera ez da gelditu, eta mareak elkarren atzean etorri dira, etengabe, euskal itzulpengintzaren belaontziak beste eskala batera ekarri arte, eta hona hemen, portu galdu samar bateko txoko batean, estatxa sinple batez lotuta, beste albistari handien amarra leku dotore eta dirdiratsuetatik urrun.

1984an ekin zion bidaiari, eta 50. kai honetaraino heldu arte, lau lemazain izan ditu, orain arte, aldizkari-belaontziak. Mota guztietako haize eta mareak lagun eta oztopo, Itakarantz segitzen du, eta itsas zeharkaldi luze bai luze horretan, nekez gobernatuko zuten lemazainok, erredakzio eta aholku batzordeetan elkarteko hainbat kidek borondatez lan eskergazkoa egin ez balute: sareak akats ia ikusezinak harrapatu nahian hedatzen, eskifaiak berritzeko itsasturien xerka, barkuak egunero behar dituen ataza txiki eta handietan, antzinako nabigatzaile greziarren antzera, loria pagu bakartzat jasotzearen truk. Moilan, EIZIE elkarteko langileek beti izan dute prest eta garaiz bide hornia, ale bakoitzaren abioko portuan.

Belak eta kroskoa beti eta beti ederto apainduta, denboraren higadura ezin hobeto jasan duten margo eta irudiei esker, arrantza ontzien “begiorde” edo “begixen” antzera, zeharkatu beharreko itsasoko periletatik babesteko. Ezin ahaztuzkoak gainerako marinel guztiak, portu bakoitzean ontziko bodegak artikulu jakintsu eta preziatuz zamatzen duten itsastar ausart horiek, sarri, ogia irabazteko eginkizunak alde batera utzita eta beti eskas den denborari han eta hemen liparren bat lapurturik idazten, itsasontziak aurrera jarraitu ahal izateko. Horrelako aldizkari bat plaza zaila dela dakiten arren idatzi dute, hartzaile jakintsu ere jakintsu izango dituztelako segurantzian, baina, nonbait, indartsuago dute katea ez eteteko gogoa. Lanez asea, ordaina ez luzea.

Martuteneko Itzultzaile Eskolaren ontziolatik Senez uretaratu zuten ontzi jabeek (Martuteneko Eskola, UZEI eta Elhuyar) berehala izendatu zuten armadore EIZIE elkartea. Eta eginkizun horretan iraun du 50. itsasaldi hau egin arte, aurreko kanpainetan bezala, bodegan salerosle guztiak ase eta pozik uzteko moduko zama dakarrela. Inor ez du harritu behar EIZIE elkartea bera sortzeko asmoa hogeita bost marinel ausartek barkuko kamarote batean erabaki izanak.
Beste ontzi batzuen eredura apailatu bazuten ere, berehala joan zen bere-bere egiten duten apaingarri eta berezigarriak irabazten, gaur egun, txikia izanda ere, beste ezerekin ezin okertuzko bihurtu arte. Dena dela, ontzidi boteretsu bat izan du alboan aldizkariak: Babel, Contrastes, Meta, Traduire

Itsasaldi guztietan, beti ekarri du urrutiko portuetatik jakinduria handia, urregorria bezain baliotsua, eta, ordainez, euskal itzultzaile eta ikertzaileek mundu zabalerako salgaiak itsas guztietako portuetan iragarri ditu, euskaraz, luze, eta gaztelaniaz, frantsesez eta gaztelaniaz, labur baina tentagarri. Ezinbesteko garraiobide izan da, orain arte, euskal itzultzaile, interprete eta zuzentzaileentzat, eguneroko lanetik harago joan eta, beti, bidaia eder baten ostean, jakintsuago itzuli izan izateko nor bere alorrera. Senezek, Itakaren antzera, engainatzen ez duelako: beti ematen du bidaia eder bat.
Bodegako salgaien artean, bere txikitasunean, ezinago handi den salgai bat, diruz pagatu ezin daitekeen arren: unean uneko euskal itzulpengintzaren lekukotasuna ematea, kronika bizi bat izatea eta datozen nahiz dagoeneko hemen diren profesional berrientzako oroimen historiko halako bat. Ez da tresor makala halako belaontzitxo baterako.

Gainera, oreka zail bati eutsi behar dio, tai gabe, bi estropada motatan aritu beharra izaten baitu: bateko, profesionalen elkarte baten aldizkaria den aldetik, profesionalen ligan jokatzea egokitzen zaio, besteko, unibertsitarioen ligan dihardu. Eta, bietan, neurria eman ohi du, duin bezain ausarditsu. Eskifaia eta itsasontzia bera amateur profesional suerte bat dira, azken buruan.

Zenbait itsasalditan, salgai bakar bat garraiatu ohi izan du bodegetan, gai nagusi bakarra, beharra gertatu denean. Baina, bestaldetik, ez dio uko egin elkarteak antolaturiko ekitaldietako salkariak ere eroateari edo poema itzuliak eta elkarrizketa mamitsuak eskaintzeari. Inoiz edo behin ere, elkarteak edo aldizkariak berak ospakizun bereziren bat izan dutenean, pleit bereziren bat eraman du, ia laket bidastiak bezain goxo eta eroso.

Halako batean, urtekari bihurtzea, alegia, urtean itsasaldi bakarra egitea deliberatu zuen armadoreak, marinelak eta bestelako beharginak ez agortzearren, esklaboak ez direnez gero. Eta 1999tik aurrera, sarera igarotzetakoan, motor eta bela berezi tresnatu eta espazio ontzi bihurtzen ere asmatu du, zamatik ezer galtzeke, ikertzaileei eta urrutiko bisitariei bidaia erraztearren.

Inoiz ez da izango ontzitzar horietako bat, seguru asko; dena dela, barku honetan dagoeneko doazen eta gerokoan joango diren eskifaia ausartei, Kavafisen poema parafraseatuta, besterik ezin diegu opa bidea luze izatea baizen, anitz goizalde ederrez betea izan dakiela, plazerez zein zoriontasunez heltzeko aldez aurretik amesturiko portuetara, joan bedi belaontzia lurralde, hiri eta itsas askotara, ikastera, dakitenengandik ikastera, harainoko joanera eta honainoko etorrera baitira benetan merezi duten jomuga bakarrak.