Lankidetza itzulpenean: hamaika bidegurutzeko gurutze-bidea (x 2)
Hitzaldi honetan, Xabier Olarrak beste itzultzaile batekin batera jardun duen itzulpen-lanei buruz hitz egiten digu: 'Hobbita', 'Jakobian eraikina', 'Zerua gainbehera dator' eta 'Eserleku hutsa'. Lehen hiru itzulpenen kasua antzekoa da. Guztietan, batetik, ahal den mailarik onena bilatzen zen sorburu hizkuntzari dagokionez, eta, bestetik, ahal den ezagutzarik handiena erabili beharreko literatur hizkuntzari dagokionez (bertsotan itzultzeko, Korana bezalako liburu baten zatiak itzultzeko ). 'Eserleku hutsa'ren itzulpenaren kasua, berriz, bestelakoa da: editorialaren eskakizunetara egokitu beharrak lau eskutara aritzea eskatzen zuen. Izan ere, Gabonetako merkaturako itzulirik behar zuen liburuak (600 bat orrialde), eta itzultzaileek ezin zioten heldu urrira arte.
Sarrera
Lehenbiziko aldia denez honelako ikastaro batzuetan hitzaldi bat ematen dudala, begirada bat eman diet orain dela 20 urte zehazki hementxe bertan egin ziren ikastaroetako hitzaldiei, gaiari nondik heldu asmatzeko.
Orain dela 20 urte hementxe bertan egindako ikastaro haietan parte hartu nuen, ez txostengile gisa, baizik eta mahai inguru bateko partaide gisa. Egia esan, orduan nenbilen eta ninderabilen zurrunbiloa, literatur testuen itzulpen eta argitaratzearena, ez zen nolanahikoa, 1993ko Senez berezi batean1 ikus daitekeenez. Urte haietan bistan zegoen gutxi ginela garaiko premia handiei erantzuteko, eta prestakuntza aldetik asko zegoela egiteko; izan ere, garai hartan hor genbiltzan gehienok irakurzale, nolabaiteko idazle-nahi, literaturzale autodidaktak ginela, edo, kasurik hoberenean, Martuteneko itzultzaile-eskolan bizpahiru urteko ikastaldiak egindakoak. Esan beharra dago, bestalde, bazirela hiru urte Martuteneko Eskola itxia zela. Baina nahiz ikasle nahiz irakasle gisa bertan ibilitako asko eta asko izan ziren EIZIEren Literatura Unibertsala bildumaren 1. aroko hainbat libururen itzultzaileak.
Niretzat, honelako etenaldiak egiteak, atzera begiratu, eta non ginen eta non gauden aztertzeko baliatzeaz gain, nire inguruan ofizio honetan dihardutenekin harremanetan jartzeko balio izaten dit, eta espero dut lan hain bakarti omen den honetan -gero ikusiko dugu ez dela hain bakartia- neure ermitatik atera, eta lankide eta ofiziokide ditudanengandik, eta baita zuengandik guztiongandik ere, iradokizun probetxugarriak jasotzea, zeinak ez baitira, oro har, laudorioekin bat etortzen, bidenabar esanda.
Esan dudan bezala, izenburuan praktikatik ateratako lezioei buruz jarduteko aukera nuelako eman nion baiezkoa hitzaldi hau prestatzeari, eta, hurrena, zertaz hitz egin erabaki beharra neukan. Horregatik eman nuen izenburu zabal bat «Itzulpena: hamaika bidegurutzeko gurutze-bidea». Eta, gerora, itzulpen-bikoteez edo lankidetzan egindako itzulpenen gaia aztertzeko proposatu zitzaidanez, izenburua pixka bat moldatuta gelditu da.
Izenburuaz oraingoz esan beharrekoa hau besterik ez da: bidegurutzeen kontua modu askotara formula daiteke, baina honela esaten zuen Maria Garikanok orain dela 20 urteko jardunaldi haietan bere esperientziari buruz aurkeztutako idatziaren sarreran:
-
Etengabe erabakiak hartu beharra eta etengabe hautaketak egin beharra, hori da funtsean itzultzailearen lana. Berezitasun batekin: erabaki eta hautaketa horiek aldian aldikoak direla beti, etengabe berritu beharrekoak.
Eta goiko horren segidan gurutze-bide horretan etengabe hautaketan ibili beharrak sortzen zion «gurutze-bide» amaigabean ibiltzearen sentsazioaren berri ere bikain ematen zuen:
-
Horregatik, itzulpengintzan esperientzia luze samarra izan arren, nire irudipena da ez naizela orain –sei nobela itzuli ondoren– nire lanean askoz erosoago sentitzen lehendabiziko itzulpenari, Altxor Uhartea-ren lehen orrialdeari, ekin nionean baino.
Idatzi horren izenburua ere aski adierazgarria da: «Itzultzaile baten arazoak». Hor du nahi duenak osorik irakurtzeko, Senezen 14. zenbakian. Gaiztoak bagina, kanta zahar harekin erantzun beharko genioke (eta bide batez baita geure buruari ere): Zer uste zendun zela, enamoratzia-a-a… Baina ez dugu halakorik egingo, eta kontsolamendutzat kontuan har dezagun, esate baterako, Thomas Bernhard zenaren itzultzaileak –Miguel Sáenz, haren lan askoren itzultzaile bikainak– lanari ekiterakoan zer nolako bihotz-berotasunekin ekingo zion, jakinik honako hau zela hark itzultzaileei buruz zuen iritzia:
-
«Los traductores desfiguran los originales
Lo traducido sólo llega al mercado siempre como deformación
Son el diletantismo
Y la suciedad del traductor
Los que hacen una traducción tan repulsiva
Lo traducido es siempre asqueroso...»2
Eta lehenbiziko negar-saio honen ondoren, hel diezaiodan gaiari.
Hiru zatitan banatuko dut lankidetzaren gaia:
- Itzultzailearen eta idazlearen arteko lankidetza
- Itzultzaileak elkarlanean
- Itzultzaile + beste(lako) lankidetzak
1. Itzultzailearen eta idazlearen arteko lankidetza
Gai hau nire hitzalditxo honen gai nagusia ez izan arren, eta Jon Alonsok eta Harkaitz Canok zehazki beren esperientzia aurkeztuko dutenez (José Saramagorekin izandako harremana eta «autoitzulpena»ren kasu berezia), axaletik bakarrik jardungo dut honetan.
Ez dago esan beharrik idazle jendea berezi samarra izaten dela, eta beren ikuspegia izaten dutela itzulpenei buruz, goraxeago ikusiko dugunez. Ez dago esan beharrik era askotako jarrerak daudela harreman ez beti erraz horretan: adoraziotik –ez da ohikoena– indiferentziara eta mespretxurik gupidagabeeneraino. Honela dio Miguel Saenz-ek goraxeago aipatu hitzaldi horretan Thomas Bernharden aipua egin ondoren:
-
No obstante, los casos opuestos al de Thomas Bernhard son, por suerte, mucho más numerosos: Milan Kundera, por ejemplo, es un escritor que vigila, cuida y se ocupa de sus traducciones, porque sabe que, en definitiva, son lo único que en la mayor parte del mundo se sabe de él. En cuanto a Günter Grass, no sólo dedica su tiempo a leer, analizar y releer con sus traductores cada uno de sus nuevos libros, sino que recibe a éstos en su propia casa, cocina para ellos, se emborracha con ellos y una vez les dedicó un cumplido realmente insuperable: cuando, hastiado o fatigado, pensó en la posibilidad de no volver a escribir nunca más, se dio cuenta de que, entonces, no tendría oportunidad de reunirse con sus traductores… y decidió seguir escribiendo.
Nire kasuan –eta Igela argitaletxean izandako esperientziatik ari naiz batik bat–, esan beharra daukat, gero aipatuko ditudan lankidetza-kasuetatik, ez garela jarri harremanetan ez J.R.R. Tolkien-ekin (1973an hila zen, eta haren Hobbita 2007an argitaratu genuen), ez Lorenza Mazzettirekin (oraindik Erroman bizi den arren, 85 urteko emakumea izanik, pentsatzen genuen hobe zela gure zalantzak geure kabuz argitzea), ez Alaa Al-Aswanirekin (pentsatu baikenuen hark ere gure arazoei kasu egitea baino kontu larriagoak izango zituela konpontzeko, Kairoko Tahrir plazan baitzebilen, hain zuzen ere Jakobian eraikina itzultzen ari ginenean Egiptora iritsi berria zen «udaberri arabiarra» izendatu zen matxinada-burrundaran murgildurik).
Itzuli ditugun lanen idazleengana jo izan dugunean, ez dugu inolako jarrera txarrekin topo egin (egia da ez dugula oso maiz jo haiengana). Esate baterako Itziar Diez de Ultzurrun itzultzailea Philippe Claudelekin harremanetan jarri zen haren Brodecken txostena argitaratzera gindoazela-eta, eta esan beharra daukat oso ondo hartu gintuela. Liburu argitaratuaren aurkezpenerako hitzen batzuk esan nahi ote zituen galdetu genion, eta zintzo-zintzo bidali zigun eskatutakoa. Gauza bera esan daiteke Alaa Al-Aswaniz, poza agertzen baitzuen liburua euskaratua zela ikusita.
Bizi diren beste zenbait autorerekin ere jarri izan da Igela argitaletxea harremanetan, baina ez da izan argitaletxearen jokabide ohikoa. Esate baterako, bila genitzakeen harremanak Alessandro Bariccorekin edo Patrick Modiano nahiz Annie Ernaux edo Amélie Nothombekin. Baina uzkur samar ibili gara kasu horietan. Besteak beste, itzuli ditugun autore horien lanak ez direlako bereziki korapilatsuak izan, nahiz eta beti dauden zenbait gorabehera egileak argituko lituzkeenak. Baina ez da horretan fede itsua izan behar, batez ere obra oparo samarra baldin badu. Ez da zertan pentsatu idazle batek buruan dituela berak idatzitako esaldi guztiak. Philippe Claudelek berak esan zigun bidalitako gutun hartan «berehala ahazten zituela» bere obrak.
Beste kasu bat, benetako lankidetzan aritu zirena egilea eta itzultzailea, Gianni Celatirena da. Gianni Celati, dakizuenez, ez da oso idazle ezaguna Espainian, ez eta oso oparoa ere. Igela argitaletxeak haren Parlamenti buffi trilogia argitaratu zuen 2005 inguruan. Fernando Reyk itzuli zituen trilogiako bi liburu: Guizzardiren abenturak eta Paradisuko almanaka. Bi liburu horietan italiera normaletik urruntzen ziren zenbait puntu zirela ikusita, itzultzailea harremanetan jarri zen idazlearekin, eta argitu beharreko zenbait puntu argitu zizkion hark, inolako arazorik gabe. Guizzardiren abenturak itzultzeko, berriz, aholku bat eman zion, oso zaila betetzen bere hartan. Guizzardi pertsonaiaren jarduna ero baten jarduna da, eta egileak berak denboraldi bat egin zuen eroetxe batean haien jardun linguistikoa nolakoa zen aztertzen, gero nobela idatzi ahal izateko. Eta ematen zion aholkua hori zen, hain zuzen ere: ahal baldin bazuen, hemengo ero-etxeren batera joan eta denboraldi bat emateko bertakoekin, haien jarduna nolakoa zen aztertzen, itzulpenean gero han ikasitakoa erabili ahal izateko. Ez dago esan beharrik aholkua bikaina dela, baina, zoritxarrez, bete ezina bere horretan. Dena dela, beharbada ez dago preziso halako leku batera joan beharrik helburu hori betetzeko. Psikiatriaren azken aldiko joerak desinstituzionalizatzaileak izan dira, eta arriskutsuak ez diren eroak kaleratzekoa. Eta, bestalde, denok dakigu barruan zaintzapean adina daudela kanpoan, baina diskurtso «egokia» duena aurkitzea lan neketsua izan litekeela dirudi, eta bere kasa moldatu behar izan zuen.
2. Itzultzaileen arteko lankidetza, lan bakarraren itzulpenean
Badirudi hau dela benetan hitzaldiaren gaia izan beharko lukeena. Zehazki, «lau eskutara» egindako itzulpenen gaiak sortu du, antza, jakin-min pixkaren bat, Miren Ibarluzearen blog-ean orain hilabete batzuk zenbait itzultzaileri egindako elkarrizketetan ikus daitekeenez. Ikus Ardi txikia beti bildots blog-a.
Lau kasu aipatuko ditut hemen:
- Hobbita, J.R.R. Tolkien / Sergio Ibarrola - Xabier Olarra
- Jakobian eraikina, Alaa Al-Aswani / Arantzazu Royo - Xabier Olarra
- Zerua gainbehera dator, Lorenza Mazzetti / Fernando Rey - Xabier Olarra
- Eserleku hutsa, J.K. Rowling / Esti Lizaso - Xabier Olarra (gainbegiratzailea).
1. Hobbita, J.R.R. Tolkien / Sergio Ibarrola - Xabier Olarra
Liburua 2008an argitaratu zen. Bi izan ziren testua bi itzultzailek sinaturik agertzeko arrazoiak:
- Liburua Sergio Ibarrolak itzulita iritsi zen Igela argitaletxera. Jasotako zirriborro hark (2003-04 aldera jasoa) edizio lan handia eskatzen zuen argitaratu aurretik. Eta aurreragoko lanak bagenituenez, tiradera batean egon zen bizpahiru urtez.
- Igela argitaletxeak Europar Batzordeko EACEA Culture 2007-2013 programako itzulpen- laguntza eskatu zuen liburu horrentzat. Laguntza horiek emateko baremoa hobetzeko egin genuen eskaera bi itzultzaileren izenean.
Argigarri gisa, esan behar da itzulpen horren oinarria Sergio Ibarrolarena dela. Baina segidan esan behar da argitaratutako lanak ez duela antz handirik jasotako lehen zirriborro harekin. Esate baterako, aldaketa nabarmenak daude pertsonaien arteko alokuzio sisteman: oinarrizkoan dena zuka neutroa zena hiru erregistrotan dago emana (hika-zuka-berorika), komenentziaren arabera. Horrez gain, planteamendu gisa jatorrizkoan hitz neurtuz emana zegoena halaxe eman behar zela iruditu zitzaidan. Izan ere, Tolkienek bere 11 urteko semearentzat idatzi zuenez, kanta eta bertso eta hitz-joko, igarkizun eta abarrez zipriztindu zuen testua. Hori (oinarrizko testuan zegoen bezala) hitz lauz emateak testua ere lautzea eta ahultzea zekarren ezinbestean, eta horregatik erabaki nuen testuari «bizitasun» pixka bat gehitzea baliabide horren bidez. Erabaki horrek badu, noski, bere arriskua. Ingelesa bezalako hizkuntza –euskararen aldean– sintetiko batetik hitz neurtuz itzultzeak ia ezinbestean dakar eduki aldetik edo baliabide formaletatik zerbait –eta askotan zerbait baino gehiago– galdu beharra. Oso ederki ikasia nuen lan horri ekin baino lehenago Ambrose Bierceren Deabruaren hiztegia euskaratzen pasatutako amesgaiztozko gauetan.
Hona hemen, beraz, itzultzaileak bere gurutze-bidean tarteka aurkitu ohi duen bidegurutzeetako bat: zer egin jatorriz hitz neurtuz emanda dauden zatiekin. Ez dut ezer askorik gehitzeko Xabi Payák Valentín García Yebraren ildotik Bizitza ametsen esandakoei, eta ez dut gure itzulpenean hartutako bidean lortutako emaitzaren baloraziorik egingo. Nolanahi ere, kontuan hartu behar da zati horiek 11 urteko ume batentzat idatzitako «bertso» eta kantak direla, ez goi- mailako poesia. Eta bertsogile honek, seguru aski, eskuzabal jokatuko zuela bere buruarekin itzulpenean zer galdu behar zen erabakitzerakoan.
Alde horretatik ez zen lankidetzarik izan. Nik hitz lauz jasotako itzulpen horrretako zati neurtuak hitz neurtuz eman nuen, eta neure gain hartu nuen bide ez beti erraz horretan gal zitekeenaren erantzukizuna.
Zilegi bekit hemen digresio bat egitea kontu honi buruz, duela 20 urteko ikastaro haiei buruzko Senez hartan jasotako puntu batzuk gogora ekartzeko. Aldizkari horretan jasota daude Agustín García Calvo zenak jardunaldi haietan esandakoak bera orduan egiten ari zen erritmo ongi neurtuko Iliadaren itzulpen bati buruz. Berak ere ez zekien bukatuko zuen, eta argitaratuko zuen (nik ere ez dakit zer gertatu den azken hogei urte horietan), baina uste dut grezierazko testu horren itzulpen gatziletatik ihes egiteko ahalegin oso ondo pentsatu eta oinarritua zegoela hor. Eta obraren ulermen sakonetik abiatuta, poema bere «grazia»rekin itzultzeko estrategia batzuk proposatzen zituen. Hemen bidenabar besterik ezin dut aipatu, eta gehiago nahi duenak badaki nora jo.
Honek itzulpena versus sorkuntzaren gaia dakar hizpidera (orain 20 urte ere hori zen gai nagusietako bat), eta besterik ez bada aipatuko dut Aiora Jakak Joseba Sarrionandiaren itzulpenei buruzko tesia (hari buruz Aiorak berak Senezen 43. zenbakian argitara emandako artikulutik ezagutzen dudana). Badirudi honelako tesi batean oinarritzen dela Aiorak joera «postmodernoa» deitzen duena: literatur itzulpena, berez, ezinezkoa da. Literatur itzulpena definizioz da birsorkuntza, itzulpen egokia izatez gero.
Gero itzuliko naiz gai horretara, baina esan dezadan, kasu-azterketa honekin bukatzeko, Hobbitan dauden hitz neurtuzko zatiak -poemak ere dei ditzakegu, nahi izanez gero- herri-poesia, herri-kanta, haur-kanta eta gisakoetatik hurbilago daudela «poesia jasoa» den horretatik baino. Zer esan nahi du horrek? Bigarren mailako poesia-edo direla, eta ez duela ezer asko axola nola itzultzen diren? Ez, inondik inora ere ez. Egia da nolabaiteko funtzio «instrumentala» dutela nobelan, narrazioaren zerbitzutan daudela, eta arintasuna emateko baliatzen dituela idazleak. Horrez gain, hizkuntza askotan dute tradizio izugarri aberatsa «nursery rhymes» direlako horiek. Eta horrek erantzun egokia ematea eskatzen du. Hau ez da izugarri sarri gertatzen, baina ezta oso bakan ere. Eta, bistakoa denez, ez da berdin bidegurutze horretan bide batetik ala bestetik jotzea.
2. Jakobian eraikina, Alaa Al-Aswani / Arantzazu Royo - Xabier Olarra
Jakobian eraikina testu konplexu samarra da hizkuntza aldetik, nahiz eta nobela gisa eta arabierazko testuak irakurtzen ohitua denarentzat bereziki «zaila» izan ez. Ez zen alferrik izan argitaratu zen urtean arabierazko libururik salduena, Koranaren ondoren betiere. Hona zertzelada batzuk:
- Arabiera «batuan» idatzia dago funtsean.
- Egiptoko dialektoa agertzen da, elkarrizketetan bereziki, eta lexikoan tarteka.
- Koranaren zatiak eta diskurtso erlijiosoa frankotan agertzen da.
- Baina bai hizkera marjinalak eta abar ere (homosexualen mundua).
Hori guztia kontuan hartuta, hasieratik erabaki genuen bi itzultzaileok bitarteko itzulpenak erabiltzea: gaztelaniazkoa, frantsesezkoa eta ingelesezkoa zehazki.
Kasu honetan, aholkulari lana Arantzazu Royori egokitu zitzaion, arabierazko ezagupen orokorraz gain Egiptoko dialektoari buruz, denboraldi batez bertan bizitakoa izanik, jatorrizkoaren alde hori ez baitzitzaion hain arrotza egiten.
Abiapuntutik hartu genituen zenbait akordio:
- Transliterazioaren arloko kontuak erabaki beharra zegoen: Allah ala Ala, Muhammad ala Maoma edo Mahomet eta Koran ala Quran.
- Arabiar kultur hitzetatik zeintzuk euskaratu eta zeintzuk utzi bere horretan erabakitzea, eta oin-oharrak egitea edo glosario bat jartzea amaieran. Bigarrenari hobeto iritzi genion, kasu honetan.
- Koranaren zatiak gerok itzultzea, eta berdin xahada edo musulmanen fede-aitorpena eta halakoak.
- Nobelako hizkeren tonuari eustea, are gure gaurko bizimoduan zeharo arrotz egiten zaizkigun kutsu erlijiosoko esaldiak eguneroko hizkera arruntean txertatzea egokitzen bazen ere.
Esan beharra daukagu liburua argitaratu zenean Euskaltzaindiak ez zuela emana transliterazioari buruz geroxeago eman zuen Araua. Beraz, aurretik Mohamed Xukriren Ogi hutsa argitaratzean egindako lana baliatu genuen.
Bestalde, Koranaren zatiak gerok itzultzea erabakitzeko ausardia Interneten horri buruz dagoen literaturan oinarriturik hartu genuen: bertako fororen batean esaten zen Koranaren itzulpen txar asko zegoela, eta itzultzaileak ez zuela beldurrik izan behar berriak proposatzeko. Dena dela, momentu horretan ez genekien Koranaren itzulpena badela oso-osorik ez hain aspaldi egina euskaraz (Elizen Arteko Biblia itzuli zuen taldeko batzuek egina, ez arabieratik baizik bitarteko itzulpenetatik). Seguru aski, jakin izan bagenu bazela, eta kontuan hartuz pasarte horiek gure kasuan nobela bateko zatiak zirela eta ez zutela inolako funtzio erlijiosorik, ez genuen neke berezirik hartuko zati horiek berritzultzen (besteak beste hor aritu diren itzultzaileak arlo horretako profesionalak direla kontuan izanda).
Horra hor, beraz, nobela horren itzulpenean aurkitu genituen bidegurutzeetako batzuk eta emandako irtenbideak.
3. Zerua gainbehera dator, Lorenza Mazzetti / Fernando Rey - Xabier Olarra
Bi hitzetan definitzeko, Zerua gainbehera dator Lorenza Mazzettiren nobela autobiografikoa da, bi umezurtzen haurtzaroa eta naziak Italiatik erretiratzean bere etxean gertatutako tragedia kontatzen dituena. L. Mazzetti andreak dioenez, arrazoi terapeutikoengatik idatzi zuen, 1960 aldera, 32 urte zituela.
Fernando Rey izan zen testuaren gainbegiratzaile eta azken akaberaz arduratu zena. Dena dela, zuzenketari ekin aurretik honako ohar hauek egin nizkion (bereziki erreparatu beharrekoak):
- Kontakizuna lehenaldian egina da baina «presente historikoa» deitzen den horretarako jauziak nonahi daude.
- Mazzettik haurren hizkera zuzenean «bere horretan» eman nahi duelako-edo, puntuazioaren arloan badirudi «propio» egindako akatsak daudela, baina hori baliabide estilistikoa denez, bere horretan utzi behar da. Ez da zuzendu behar.
- Ahozko hizkera «okerra» ere agertzen da zenbait pertsonaiarengan, eta, ahal dela, eutsi egin beharko litzaioke.
Horra hor beste hainbat bidegurutze, teorian konponbide errazekoak, baina arazo nabariak planteatzen dizkigutenak itzultzaileoi.
«Presente historikoa» erabili izan da eta erabiltzen da euskaraz. Baina seguru aski ez gure inguruko hizkuntzetan (frantsesa, gaztelania) bezain aise. Beraz, funtsean narrazioaren joanean arrotz gerta zitekeelakoan, lehenaldira ekartzea erabaki genuen (beharbada idazleak berariaz erabilitako baliabide bati muzin eginez).
Haurren hizkera islatzeko puntuazio «okerra» bere horretan uztea erabaki genuen, eta joera hiper-zuzentzaileari gogor eginez irakurleari uztea gorabehera horietaz jabetzeko lana.
Ahozko hizkera «okerra» pertsonaia baten diskurtso guztietan mantentzea zail samarra iruditzen zitzaigula-eta, zuzendurik ematea erabaki genuen (narrazioaren bizitasunari dagokionez zerbait galduko zela jakinda).
Azken arazo hori itzultzaile gehienok aurkitu dugu noizbait, eta makina bat aldiz planteatu izan da. Zati txikiak baldin badira, irtenbide egokiak aurki daitezke. Baina, zenbat eta leku gehiago hartu, orduan eta zailagoa egiten zaigu horrelako tonu bati eustea.
Aipa daitezkeen adibideen zerrenda bukaezina litzateke: Maria Garikanok Hotsa eta ardailan eman zion bere irtenbidea beltzen hizkeraren kasuan; Camilleriren itzultzaileek ere aurkitu behar izan dute beren irtenbidea. Eta zuzenean aurkitu ditudanetatik Karteroak beti deitzen du bi aldiz, 1.280 arima, eta Txakurrari gauean gertatutako istripu bitxia aipatuko nituzke.
4. Eserleku hutsa, J.K. Rowling / Esti Lizaso - Xabier Olarra (gainbegiratzailea).
Kasu berezi bat da, argitalpen aldetik (ez hainbeste itzulpen aldetik).
Bi itzultzaileren artean egin beharra arrazoi komertzialek ezarri zuten, argi eta garbi. Ezinbesteko itzulkidetza gertatu zela esango nuke: argitaletxeak ez zuen jaso itzulgaiaren jatorrizkoa irailaren 27a arte. Liburuak abendurako argitaratua behar zuen. Gauza bera gertatu zen espainolezko eta katalanezko itzulpenekin; horietako bakoitza ere bi itzultzailek sinatuta argitaratu zen.
Saiatuko naiz, beraz, itzulpen-estrategia aldetik nola jokatu genuen laburbiltzen, baten batentzat interesgarria gerta daitekeelakoan.
Hona nola burutu genuen itzulpen-prozesua:
- Esan bezala, lehenbiziko erabakia, lana burutzeko epea ikusita, biren artean egitea. 6 - 8 astean bukatzeko plana egin genuen.
- Liburua ez genuen erdibitu eta bakoitzak zati bana egin, baizik eta zati tartekatuko sistema batekin.
- Itzultzaile bakoitzak bestearena irakurriko eta zuzenduko zuen.
- Lehenbiziko zatia (175 orrialde) zatitu eta bion artean egitea.
- Lehen zatiaren abiapuntuko bertsio bat argitaratzailearen esku jarri, honako bidegurutze hauetan jarraitu beharreko bidea adosteko (à la carte lan egiteko prest geunden).
Hona bidegurutzeak:
- Zer egin alokuzio sistemarekin: hika (ere) erabili ala baztertu
- Zer egin leku-izen eta ezizenekin
- Zer egin administrazio-terminologiarekin
- Zer egin adoleszenteen hizkera «zatarrarekin»
- Zer egin ahozkotik hurbil ziren hizkera ez-estandarrekin.
Argitaratzaile eta editorearekin bidegurutze horietan hartutako erabaki guztiak ahalik eta testu irakurterrazena lortzera zuzenduak izan ziren. Beraz, nolabaiteko itzulpen «egokitua» egiteko erabakia hartu zuen editoreak, eta gu zintzo-zintzo betetzen saiatu ginen adostutakoa.
Horregatik erabaki genuen testua zuka ematea (nahiz eta zati batzuk hika egokiagoak izan zitezkeen), erlatibo erromanikorik ez erabiltzea, leku-izen batzuk euskaratzea (generikoak The Meadows - Larraldea), administrazio-terminologia egokitzea (Udal - Zinegotzi, berez herri- kontseilu eta kontseilukide zirenak lehen bertsioan).
Horrekin batera, noski, beste zenbait erabaki ere hartu genituen, itxuraz xumeagoak diruditenak, baina elkarlanean aritzerakoan garrantzi handia har dezaketenak:
- «Haren, bere, beraren» sistema erabiltzea 3. pertsonako posesiboetan
- Komen erabileraren kontuan notazio «sendoa» esaten zaiona erabiltzea
- Hiztegi aldetik beharrezkoak ez diren bikote batzuk saihestea: patrika / poltsiko; ziur aski / seguru aski / seguru asko etab., etab.
Hori guztia kontrolatzea Esti Lizasori egokitu zaio, teknologia berriak erabiltzen ni baino askoz trebeagoa baita.
Horrekin batera, esan beharra dago bata Iruñean eta bestea Igualadan (Bartzelona) aritu ginela lanean, eta bideokonferentzia izan dela gauzak adosteko, zuzenketak trukatu eta komentarioak egiteko sistema arrunta.
Niri egokitu zitzaidan azken gainbegiratua eman eta lana errematatzea, eta Esti Lizaso arduratu zen Xuxen pasatzeaz eta itsu-itsuan ez bada ere, testuan Hiztegi Batuko formak erabiltzen zirela bermatzeaz eta abar.
Dena dela, esku osoa eman genion argitaratzaileari handik aurrera edizio-lanean komenigarriak iruditzen zitzaizkion aldaketak egiteko. Ez dut uste horretaz baliatu zirenik, eta testua bere hartan atera zela esango nuke.
Bi anekdota gogoangarri eta oso adierazgarri:
- Krystal Weed-on izenaren barruan dagoen hitz-jokoaren aukera eta frantsesezko itzultzailearen oin-oharra.
Ikus eranskinean, «oin-oharra jarri ala ez jarri» bidegurutzean itzultzaileak hartu zuen bidea (gainerako itzultzaileok ere ikusi genuen premia hori), eta egindako irristada epikoa (dudarik gabe presak eragina, frantsesezko itzulpena ingelesezko jatorrizkoarekin batera argitaratu zen bakarra izan baitzen, eta, seguru aski, itzultzaileari J.K. Rowling andrearekin argibide eske harremanetan jartzea ez baitzitzaion egoki irudituko).
- Dyke = Talo-pala? Euskal hiztegietan barrena egindako erromesaldia eta azken erabakia.
Bidegurutze horretan, honela planteatzen zen kontua: Elhuyarrek esaten zigun bezala jatorrizko testuko dyke = tortillera, bollera (gouine, gougnotte) «lesbiana» itzuli, ala «talo-pala» guraso jakinik gabekora jo (Zehazki-ren bermearekin), ala zerbait adierazkorra asmatu, lesbianei berei zuzenean edo zeharbidez (Twitter) galdetu. Bide horietako batzuk ibili ondoren, Twitterren bidez galdetzea erabaki genuen. Eta han eskaini zizkiguten aukeretatik bat aukeratu eta egin genuen aurrera.
3. Itzulkidetzaren beste(lako) modu batzuk
1. Testu-zuzenketa eta edizio-lana
Biak eremu berean sartzen dira. Edizio-lana («edizio», «editore» mundu anglosaxoian ulertzen den bezala) eta zuzenketa-lana testuaren azken akaberarako egiten den lana da funtsean. Helburu berdina dute: teorian bukatua den lan bati azkeneko «ukituak» ematea. Dena dela, esan beharra dago edizio-lana mundu anglosaxoian batez ere sormen-lanei buruz hitz egitean aplikatzen dela, eta «azken» ukituak ematean argitaletxeak proposatzen duena baino gehiago (eta askotan askoz gehiago ere) izan daitekeela: esate baterako, obra baten luzera, bukaera eta are istorioaren barruko gorabeheretan aldaketak proposatu eta eginarazterainoko esku-sartzeak egin ditzakeela.
Guk hemen gaur egun ulertzen dugun moduan ez da hain eremu zabala hartzen (eta itzulpena denez, gainera, beste helburu batzuk izan behar ditu definizioz, jatorrizkoaren testua –ona edo txarra– finkatua baita itzulpenari ekin aurretik). Zuzenketak edo edizio-lanak, gaur egun eta gure kasuan, beste helburu bat du: itzulpenaren kalitatea bermatzea. Funtsean, beraz, itzulpenaren zuzentasuna eta egokitasuna ditu xede.
Literatura Unibertsala bilduman testu guztiek hasiera-hasieratik izan dute gainbegiratzaile bat, funtsean testuaren zuzentasun linguistikoaz arduratu dena. Ez da sartu, nik dakidala, ur sakonagoetan; hau da, bukaerako testuaren egokitasunaren eta itzulpenaren beraren egokitasunaren ur sakonetan. Horrelako lan bat egiteak eskatuko luke zuzentzaileak obra bakoitzaren jatorrizko hizkuntzaren ezagupena eta berez «itzulpen-kritika»ko lan hori egiteko gai izatea, eta ez dut uste –hizkuntza batzuetan– hori egiteko jende asko dagoenik prestaturik edo prest, ez eta egin beharko edo komeniko litzatekeen lan hori ordaintzeko dirurik ere eskueran. Baina, berez, iruditzen zait itzultzaile gehienok inoiz pasa izan diogula itzulitako lan bat norbaiti iritzi- eske, eta nolabaiteko «auto-edizio» lan hori egiteko laguntza bilatu izan dugu.
Bi lan mota horiek –zuzenketa eta «itzulpen-kritika» deitu dudana– beti dira komenigarriak, eta euskal itzulpengintzaren gaurko egoeran beharrezkoak direla esango nuke. Zergatik?
- Quandoque bonus dormitat Homerus, dio latinezko esaera zahar hark. Eta argi adierazten du beste ezerk baino hobeto premia hori. Poetarik finenak ere bere momentu eskasak izaten dituela aditzera eman nahi zuten esapide horrekin.
- Itzultzaileak oso garbi izan behar du bere testuaren hartzaileak (normalean) testu hori besterik ez duela izango, eta berak jatorrizkoa aurrean izan duelako oso garbi ulertzen duena ez dela, beharbada, hain garbi gelditzen testu itzulian. Adibiderik garbiena, he/she = hura/bera automatikoki egiteak sor ditzakeen nahasteak.
- Jatorrizko testuan dagoen informazioa eta gainerako ezaugarriak testu itzulira ondo igaro badira ere, irakurketa han edo hemen trabagarria edo zaila bada, hobetu beharra dagoen seinale. Lan hori hobeto egin dezake jatorrizkoaren berri ez duenak –edo irakurtzean aldamenean ez duenak– norberak baino.
Egin izan ditudan itzulpenetan, askotan egin izan dut hori, nahiz eta lankidetza horren berri ez eman liburuan. Hala ere, «laguntza» hori itzulpena eta jatorrizkoa alderatuz egin izan den azkenaldiko kasuetan –«itzulpen-kritika»ren mailako edizio lana– hala gelditu da aitortua liburuaren kreditu-fitxan. Ikus Philippe Claudelen Ikerketa eta Ian McEwanen Hoben-ordaina.
Dena dela, argi utzi beharra dago itzultzailea dela testu itzuliaren erantzulea, berari dagozkiola harengatik jaso ditzakeen laudorio eta jipoi guztiak. Ez dago ezkutatzerik argitaletxearen arduragabekerian, testuaren desitxuratze edo aldrebeskeria mekanikorik gertatzen ez bada behintzat.
2. Bitarteko itzulpenak
Ez dago ukatzerik zilegi izan litekeela norberaren itzulpenaren xede-hizkuntza ez den beste batera lehen egindako itzulpenak erabiltzea baliabide gisa, nahiz eta zenbait kasutan ez duen oso «itxurosoa» ematen.
Ez naiz ari jatorrizko hizkuntzatik euskarara ekartzeko itzultzaile gutxi edo bat ere ez dagoen kasuetan bitarteko testuak «jatorrizkotzat» hartzeaz (hori hasieratik egon da garbi Literatura Unibertsala bilduman, eta noiz eta nola erabili ere finkatua da). Beste kasu horietaz ari naiz, gaur egun jatorrizkotik itzuli behar dela onartua dugun hizkuntzetatik itzultzean bitarteko testuak erabiltzeaz, alegia. Ez du fama onik, eta badirudi itzultzailearen izen ona zikintzen duela, testua «kutsaturik» ekartzeko arriskua dagoela-eta. Esan beharra dago kasu batzuetan «justifikatuagoa» egon daitekeela beste kasu batzuetan baino. Dena dela, baliabide egokia izan daiteke:
- Itsu-itsuan bitartekoari jarraitzen ez bazaio, eta garbi izanik Homero ere tarteka lokartzen dela. Horregatik, ahal dela, bide-erakusle onak aurkitu behar dira.
- Baliagarri izan daiteke, baldin eta gure testua «askatzeko» edo «desataskatzeko» balio baldin badu. Nolabait esateko, gure testuari zurruntasuna kentzeko balio baldin badu.
- Pasarte ilunen interpretazioa argitzeko.
Bidegurutze honetan, testuaren zailtasunen eta hizkuntzaren menderatze-mailaren arabera betiere, nire apustua «erabilera zentzuzko eta zuhur» baten aldekoa da.
Bitarteko itzulpenak eta bitarteko «informatzaileak» lehenbiziko itzulpenetan erabiltzen hasi nintzen. Eta handik aurrera komenentzien arabera erabili izan ditut. Suertea ere handia izan dut itzulpen horietako batzuetan. Izan ere, Faulknerren Santutegia, Scott Fitzgeralden Gatsby handia eta Ford Madox Forden Historiarik goibelena euskaratzean José Luis López Muñoz izan bainuen (berak jakin gabe) bide-erakusle, bera baita gaztelaniara hiru obra handi horiek ekarri zituena. Bere ibilbide osoagatik Espainiako Itzulpen Sari Nazionala jasoa du, eta hark ere, guztiok bezala, lo-kuluskaren bat egina izango duen arren, ez dut uste ezer asko izango denik besteok egin izan ditugun irristaden aldean.
3. Edizio ohardunak eta edizio kritikoak
Literatura unibertsalean goi-mailako, eredugarri, kanoniko edo klasikotzat hartuak diren lanen kasuan maiz izaten ditugu eskura edizio kritikoak, edizio ohardunak eta era askotako azterlanak, ikerketak eta abar.
Honela zioen Maria Garikanok Hotsa eta Ardailaren itzulpenean aurkitu zituen arazoen berri ematean, hitzaldi honetan behin eta berriz aipatu dudan Senez 14. horretan, «Itzultzaile baten arazoak» artikuluan (belztua nirea da):
«Lehen arazoa testua ulertzeko orduan izan nuen. Horretarako, eta neure burua nobelan sartzea lortzeko, Faulknerren beste liburuak irakurtzeaz batera Faulknerri buruz harrapatu nuen bibliografia guztia irakurri nuen: bere biografiak, bere obrari buruz idatzitako lanak, Estatu Batuetako hegoaldeari buruzko liburuak, Faulknerri egindako elkarrizketak eta abar. Bide batez esango dut abantaila handia duela Faulkner gaur egun itzultzen duenak, eskura baitu berari buruz idatzi den guztia –batez ere Frantzian, Faulknerren obra ezagutzera eman zuen herrian– eta baita gure inguruko hizkuntzetara egin diren itzulpenak ere. Dokumentazio- lan horrek giroan sartzen lagundu zidan eta pistak eman zizkidan bai nobela hobeto ulertzeko, bai zenbait erabaki hartzeko.
Horretaz gain, mesede handia egin zidan Hotsa eta Ardaila itzultzerakoan nobelaren edizio kritiko bat edukitzeak, Norton etxeak ateratakoa, hain zuzen ere. Edizio hau, lehenik eta behin, ez dago errataz zipriztindua, Penguin-eko edizioa bezala. Baina, batez ere, edizio kritiko honi esker ulertu ahal izan nituen nobelako zenbait pasarte, laguntza hori gabe nekez ulertuko nituenak».
Gai honen harira, zuen baimenarekin, digresio baterako beste tarte bat hartuko dut bera bakarrik gurutze-bide amaierarik gabea den eta urte batzuetan burua beteko didan liburu baten itzulpenaz: James Joyceren Ulyssesez ari naiz.
Orain esandakoetatik, eta batez ere aurrean dugun itzulgaia zer tamainako testua den ikusita, aise konturatuko zineten zilegi ez ezik premiazko iruditzen zaidala edizio kritiko, edizio ohardun, bitarteko itzulpen, egilearen biografia, adierazpen, azalpen eta itzultzaileak eskura izan dezakeen guztiaz baliatzea.
Espainolera egin diren Ulyssesen itzulpenetako baten egileak, J.M. Valverdek, gauza interesgarri askoren artean, itzulpenaren hitzaurrean honako hau esan zuen:
-
Y no le era dado al traductor –ni para este problema, ni para ningún otro de los muchos que hay en Ulises– recurrir a las notas a pie de página: una traducción de Ulises no puede llevar notas porque, en caso de darlas con un mínimo de homogeneidad informativa, alcanzaría mayor extensión que el texto mismo (sólo para las alusiones literarias existe un índice de más de quinientas páginas: Weldon Thornton, Allusions in Ulysses, Nueva York, 1973).
Tampoco había verdadera necesidad de poner nota en el caso de los innumerables juegos de palabras: a veces, se ha logrado reproducir el juego en español, o sustituirlo por otro parecido; otras veces, ha habido que dejarlo perder; en algunos casos, había que mantener a toda costa el juego de palabras como tal, porque luego reaparecería como leitmotiv, pero, a la vez, no se encontraba un chiste equivalente: entonces se ha dejado el juego en inglés, acompañándolo de su versión literal y sin gracia, para que el lector sepa a qué atenerse (al fin y al cabo, Cortázar y Carlos Fuentes nos han acostumbrado a los juegos de palabras en inglés en boca de hispanohablantes).
Nire esperientzia alderantzizkoa da; liburu osoa irakurtzea ere ez nuen lortu (bizpahiru aldiz saiatuagatik), harik eta edizio ohardun bat eskura izan nuen arte. Beraz, nire aldetik behintzat, inoiz itzulpen hori burutzera eta argitaratzera iristen banaiz, edizio ohardun bat izango da. Irakurleak, gainera, beti izango baitu aukera oharrei jaramonik egin gabe liburua irakurtzeko.
Baina irakurleaz pentsatu baino lehen itzultzaileaz minutu batean pentsatzen jarrita, okertzeko beldur handirik gabe esan nezake, gaur egungo itzultzaileak, lan horri ekiten dion une beretik, ez baditu aldamenean Ulysses Annotated, Oxford Classics edo Penguin Classics-eko edizioak (unibertsitateko ikasleentzat prestatutako edizio kritiko eta edizio oharduna, hurrenez hurren) edo gisa horretako baliabideak, badaezpadako itzulpen bat besterik ez lortzeaz gain, ergel samarra dela besterik ez duela frogatuko, non eta ez den oraindik mundura sortu den itzultzailerik genialena. Ildo horretatik egin zuten ez hain aspaldi Ulyssesen gaztelaniazko hirugarren bertsioa, (Valverderen «kanonikoa»ren ondoren egindako beste itzulpen bat), eta Ediciones Cátedran dago eskuragai. Zazpi urteko lanaren emaitza da, Francisco García Tortosak eta María Luisa Benegas itzultzaileek (ez dakigu zer-nolako banaketaren arabera) egina. Eta oso garbi dago –Valverdek ez bezala– Ulysses Annotated aldamenean izan dutela.
Lankidetza kontuez ari garela, frantsesezko Ulyssesen itzulpen berriaren izenburuaren azpian honakoa dio: « Nouvelle traduction sous la direction de Jacques Aubert », eta biren artean ez ezik, zortzi itzultzailez osatutako talde batek eman du itzulpena3.
Eta hona, ondorio gisa, laburbilduz esan dezakedana:
- Itzultzaileak testu bat itzuli behar du. Erabat zilegi litzateke norena den jakin gabe itzultzea bera ere. Testu batek zer esaten duen argitzeko, egilearengana jotzea bezain zilegi. Egilearen lankidetza (edo laguntza) gehienetan lagungarria izango da, are ezinbestekoa batzuetan. Baina ez da beti eskura izaten. Eta normalena laguntza hori gabe itzuli behar izatea da.
- Itzultzaileek testu bakarra itzultzen elkarlanean dihardutenean, gure orain arteko esperientziak esaten du kontrol-neurriak areagotu egin behar direla, batak bestearen zatia(k) irakurri, eta hobe dela azken erredakzioa esku bakarrarena izatea.
- Itzultzailea, bakarrik diharduenean ere, ez dago hain bakarrik (gehienetan). Liburu horretaz edo egile horretaz arduratu eta zerbait esan edo idatzi duten guztiak ditu lagun, eta autore horren beste obra batzuk eta bereziki liburu hori bera itzuli dutenak lankide. Dena dela, horrelakoetan ere inorenak itsu-itsuan jarraitzeak ustekabe ederrak eman ditzake. Besterengandik zer hartu eta zer utzi behar den bereiztea funtsezkoa da kasu horietan. Itsua gidari hartzeak ez dakar onik, inondik inora.
THE CASUAL VACANT (jatorrizkoa, euskarazkoa, gaztelaniazkoa eta frantsesezkoa)
They had jeered at her name, but instead of crying, as most of the little girls would have done, five-year-old Krystal had caught on, cackled and shrieked, «Weed-on! Krystal weed-on!» And she had pulled down her pants in the middle of class and pretended to do it. He retained a vivid memory of her bare pink vulva; it was as though Father Christmas had popped up in their midst; and he remembered Miss Oates, bright red in the face, marching Krystal from the room.
«Weed-on! Krystal Weed-on!»*, eginez zirikatzen hasi zitzaizkion bere abizenarengatik, baina Krystalek, zer esaten zioten ulertuta, neska txiki gehienek egingo zuketen bezala negarrez hasi beharrean, kuleroak jaitsi klasearen erdian, eta pixa egiteko itxurak egiten hasi zen. Andrewk bizi-bizi gorde zuen bere oroimenean haren bulba arrosa bilogabearen irudia; Papa Noël beren artean bat-batean agertzea bezalako zerbait izan zen; eta gogoan zuen Miss Oates-ek, aurpegia gorri-gorri zuela, Krystal klasetik kanpora bota eta ateraino lagundu zuen unea.
* Hitz-jokoa. Weed-on: kuleroetan pixa egina, «pixontzi» ere uler daiteke.
Andrew la conocía desde primaria, y aparecía en muchos de los recuerdos más memorables de su infancia. Se habían burlado de su apellido, pero en lugar de llorar, como habrían hecho la mayoría de las niñas, con solamente cinco años Krystal había aguantado con estoicismo mientras los otros niños reían socarrones y le gritaban: «¡Se ha hecho pipí! ¡Krystal se ha hecho pipí!»* Una vez se bajó las bragas en medio de la clase y simuló orinar. Andrew conservaba un vívido recuerdo de su vulva rosácea; fue como si se les hubiera aparecido Papá Noel, y recordaba a la señorita Oates, con las mejillas muy coloradas, obligando a Krystal a salir del aula.
* En lenguaje coloquial, to wee significa «hacer pipí»; «weed-on» sería «se ha hecho pipí». (N. del T.)
Son nom, bien entendu, lui avait valu d'innombrables quolibets, mais au lieu de pleure comme l'aurait fait n'importe quelle petite fille, Krystal, du haut de ses cinq ans caquetait en coeur avec les autres: «Weed-on! Krystal Weed-on!*. Un jour elle avait baissée sa culotte en plein cours eta mimé des poses lascives. La vision de sa vulve rose et glabre avait durablement marqué Andrew: c'était comme si Père Noël venait de faire irruption dans la classe: et il se souvenait encore du visage cramoisi de Miss Oates quand elle avait expulsé Krystal et l'avait escortée manu militari hors de la salle de cours.
* Weed: mauvaise herbe, chiendent: et en argot, «herbe» au sense narcotique du terme.
1. Senez 14, EIZIE, 1993 (EHUko Udako Ikastaroetan «Literatur sorkuntza eta itzulpena» izeneko ikastaroari eskainitako ale berezia).
2. Miguel Sáenz-ek berak aipatua 1993ko jardunaldietako Autor y traductor hitzaldian.
3. (Hitzaldi honen idazketari bukaera ematen ari naizela, berriki argitaratu den Ulyssesen galegozko itzulpena eskuratu dut, eta lau itzultzaileren emaitza gisa agertzen da itzulpena: Eva Almazán, María Alonso Seisdedos, Xavier Queipo eta Antón Vialle).