Interpretazioa: alor eta mota berriak Euskal Herrian
Lurdes Auzmendi

Euskal Herrian azken urte hauetan gertatzen ari diren hainbat aldaketak Europako beste herrialde batzuen parean jartzera behartzen gaituzte poliki-poliki. Ekonomia, hezkuntza eta beste hainbat alorretan aurrerabidea beste herrialde batzuek egindakora lerratzera garamatza, eta ongizatearekin eta aurrerapauso baketsuekin zerikusia duten alorretan ongi etorriak izan bitez pauso horiek denak.

Aldaketa eta aurrerapauso horietako batzuk eragin zuzena daukate besteak beste interpretazioan, orain arte gure artean eta euskararekin landu gabeko alorrak irekitzen zaizkigulako.

Gure gizartean badira kolektibo batzuk azken urte hauetan egin diren sentsibilizazio kanpaina, erakundeen ahalegin eta egon diren presioei esker ikusezinak izatetik beste hiritarron lekua okupatzera pasatzeko bidean daudenak. Kolektibo horietako bat gormutuena da. Gormutuek orain denbora gutxira arte halako talde isolatu eta zokoratu bat osatzen zuten, beraientzat bereziki prestatuta zeuden bitarteko eta alorretan baino bizi ez zirelarik. Egun, ordea, beste kolektibo batzuei bezalaxe, horiei ere beste edozein hiritarri dagozkion eskubideak aitortzen zaizkie, eta eskubide horiek bermatzeko erakundeak bitartekoak jartzen saiatzen dira.

Gormutuen arazo nagusia entzun eta soinu bidezko hitzen bitartez hitz egiten dugunokin komunikatzeko gaitasun eza da. Beraiek ezin dute gure hitz egiteko modua erabili, eta guk ez dugu beraien hizkera ulertzen. Horregatik, irakaskuntzan, administrazioarekiko harremanetan, mintzaldi eta abarretan baztertuta geratzen dira.

Europako hainbat herrialdetan, batez ere iparraldekoetan (Suedia, Danimarka, Finlandia, Norvegia) urte asko daramatzate gormutuei eskubide guztiak bermatzen, horretarako bizitzaren alor guztietan zeinu bidezko hizkuntza erabiltzen dakiten profesionaletaz baliatzen direlarik. Zeinu bidezko hizkuntza da beraiek erabiltzen dutena eta, beraz, hitz egiteko modu konbentzionala ezagutu eta menderatuz zeinu bidezkoa ere erabiltzen dakiten pertsonek egiten dute bi munduen arteko zubi lana edo zeinu bidezko interprete lana, interpretazioa bi hizkuntza desberdin hitz egiten duten pertsonen arteko komunikaziorako bide bezala ulerturik.

Euskal Herrian ere hasiak dira gure erakundeak kolektibo horri komunikaziorako bideak errazten, eta zeinu bidezko interprete eskari gero eta handiagoa dago hainbat alorretatik. Beste hizkuntzen artean bezalaxe, zeinu bidezkoan ere hainbat zeinu unibertsalak izan arren hizkuntzen araberako berezitasunak daude. Horrek esan nahi du ez dela gauza bera gazteleratik edo euskaratik zeinu bidezkora pasatzea. Euskal interpreteontzat erronka berri bat, beraz.

Euskal Herrian azken urte hauetan gertatzen ari den beste iraultza txiki bat emigranteak ari dira eragiten. Munduko herrialde desberdinetatik gure artera etorri eta gurekin bizitzen ari direnak gero eta gehiago dira, euskaldunon arteko elebitasun xumearen gainean Babelgo dorre txiki bat eraikitzen ari direlarik.

Hainbat hizkuntza desberdin hitz eginez gure artera datozen pertsona horiek gizarteko alor guztietan komunikatzeko dauzkaten arazoei erantzuteko interprete sozialen beharra daukate, eta erakunde publikoek ezin dute ikusezinarena edo entzungorrarena egin kasu askotan hain larriki sortzen diren komunikazio arazoen aurrean.

Senez aldizkariaren ale honetan interpretazio sozialaren gaia jorratzen dugu, eta hurrengoan zeinu bidezko interpretazioarena lantzeko hitza ematen dugu.