Brecht-en unibertso amaigabea
Joxerra Garzia

Lasaitu ederra hartu nuen Bertolt Brechten Keuner Jaunaren Kondairak itzuli nituenean (Alberdania, 1999). Bakoitza bere zoroak bizi du, eta nirea —nireetako bat behintzat— pieza txiki bihurri hauek izan ziren luzaroan, Münsterreko Unibertsitatean ari nintzela irakasle baten eskutik Keuner Jauna ezagutu nuenetik.

Artean uste nuen, garai hartan Brecht-aditu guztiek uste zuten gisan, pertsonaia horri dagozkion prosa pieza laburren unibertsoa behin betirako osatu eta itxita zegoela. Ez nekerik gabe, Brechtek ez baitzuen bere denbora guztian Keuner Jauna bazter utzi. Behin eta berriro errepasatzen zituen piezok, sarri desegin eta berregiten zuen argitaratzekoak ziren piezen zerrenda, eta argitaratu ere askotan argitaratu zituen, han-hemenka.

2004ko udaberrian, Brechtten lan-karpeta baten berri ematen zuen aldizkari alemaniar batek. Naziengandik ihesi, erbeste luzea izan zuen Brechtek: Danimarka, Estatu Batuak, Suitza izan zituen, besteak beste, erbeste. Suitzan, Zurich izan zuen bizileku, Renata Mertens adiskidearen etxean. Hantxe egon zen urteetan karpeta hori, harik eta Renata Mertens 2000. urtean hil eta 2004an Bertolt-Brecht-Artxiboak jaso zuen arte.

Laurogeita zortzi orri daude karpetan, eta 132 testu. Gehienak, Keuner Jaunaren kondairak dira, batzuk birritan ere agertzen direlarik. Errepikatuak bazter utzita, 58 kondaira dira: orain arte ezagunak ziren 43, gehi 15 berri. Keuner Jaunaren Kondaira guztiak eta Zuricheko karpetaren gora-beherak Suhrkamp argitaletxearen edizio bikainean irakur daitezke orain (Zürcher Fasssung, 2004). Keuner Jaunaren unibertsoa ez da, ordea, Zuricheko karpetako 58 kondaira horietan agortzen. Ezagutzen diren den-denak barne, 102 kondaira dira: orain aurkitu diren 15 berri horiek, gehi lehendik ezagutzen genituen 87ak, hasieran aipatu euskarazko argitalpenean bildu genituenak.

Egia nire etxea eta nire autoa (die wahrheit mein und haus mein wagen) irakur daiteke karpetaren azalean, Brechtek txukun-txukun ebaki eta erantsitako paper mutur batean. Brechten beste hainbat idazki bezala, ez dago lelo hori ulertzerik egilearen egoeraren berri jakin gabe. Esan bezala, erbeste luzearen azken geltokia zen Zurichekoa Brechtentzat, 1948-1949an bizi izan baitzen han, Alemaniara itzultzeko ordua noiz helduko. Gerraren amaiera gertu ikusten duelarik, balantzea egiteari ekiten dio Brechtek. Naziek kendu dizkioten gauzen zerrenda baino ez da, berez, Egia nire etxea eta nire autoa. Ohartzekoa da etxea eta autoa ez bezala egia jabe jakinik gabe agertzen dela hor. Antzeko beste zerrenda bat osatua zuen lehenago ere, Danimarkako erbestean: Nire etxea, nire autoa, nire publikoa. Hori guztia ostu zioten naziek, eta hori guztia berreskuratu nahi zuen Brechtek.

Brechten idazlanak ulertzeko haren bizitzaren berri jakin behar dela esan dut arestian, baina egiaren erdia baino ez da hori, Brechten bizitza ulertzeko ere ezinbestekoa baita haren idazlanak ezagutzea. Elkarren osagarri direla, alegia, Brechten kasuan, biografia eta obra. Alde horretatik, Keuner Jaunaren kondairak nahitaez ezagutu behar ditu Brechten pentsamoldearen berri jakin nahi duenak.

Izan ere, Keuner Jauna Bertolt Brecht beraren alter ego edo pseudonimotzat jo daiteke. Idazten hasi orduko sortu zuen Brechtek pertsonaia, eta hil arte izan zuen bidelagun. Brechten mundu-ikuskera, balio etiko, estetiko eta politikoak, beste inon baino garbiago agertzen dira kondaira hauetan.

Pertsonaiaren izenari dagokionez, batzuetan Keuner Jauna agertzen da, beste batzuetan K. Jauna, eta baita K.J. soil-soila ere. Keuner horri dagokionez, interpretazio asko eta askotarikoak egin izan dira. Hipotesirik sendoenaren arabera, Inorrez (alemanez, Keiner) litzateke Keuner (Imanol Larzabalen ahotsean ikasi genuen Denak ala Inorrez haren bidetik). Brechten alter ego dela esan dut arestian, baina Brechten egoeran dagoen edonorena ere izan liteke.

Naziek besteak beste egia ostu diotela aipatzen du Brechtek Zuricheko karpetaren azalean. Egia berreskuratzea, ordea, ez da autoa, etxea edo publikoa berreskuratzea bezain erraza. Egia berreskuratzeko, dio Brechtek, honako dohain hauek behar dira: egia idazteko kemena, egia bereizteko zuhurtzia, egia arma bihurtzeko antzea, egia noren esku uztea komeni den jakiteko sena, eta egia esku horietara zabaltzeko maltzurtasuna.

Keuner Jauna da dohain horien guztien eredu, eta uste dut ez dela eredu txarra guri egokitu zaigun mundurako ere. Beharbada horregatik zaizkit hain liluragarri pertsonaia eta kondairok. Oraingo honetan, Zuricheko karpetan agertu diren 15 pieza berrietatik 6 baino ez ditut itzuli (batzuk osatugabeak dira, beste batzuei luzeegi iritzi diet).

Baliteke Keuner-Brechten unibertsoa ezagutzen ez duen irakurleari hutsaren hurrengo iruditzea hemen itzuli ditudan pieza txikiok, literatur balio handirik gabeak, alegia. Nago, ordea, nahiz badakidan ez dela hau horrelako eztabaidatan hasteko tokia, ez dagoela bizitzarako balio duena baino literatura jasoagorik, eta poztuko nintzateke irakurleren bati, hemengo lagintxo hau irakurrita, Keuner-Brechten unibertsoa ezagutzeko grina piztuko balitzaio.

Brecht azala.tif

(Izenbururik gabe)

«Gauzekin bat eginda nagoenean», esan zuen Keuner Jaunak, «ez ditut nik gauzak ulertzen; aitzitik, gauzek ulertzen naute ni».

»Wenn ich mit den Dingen einig bin «, sagte Herr Keuner, »verstehe ich die Dinge nicht, sondern die Dinge verstehen mich.«


Musika handizka

Egun batean, Keuner Jaunak bi abesti kantatu zituen, ia doinu berekoak, lagunarte txiki baten aurrean. Txartzat hartu zioten hori. Bietako bat, esan zioten: doinua lehen abestirako egokia bada, orduan ez da bigarrenerako egokia, eta alderantziz. Bientzako egokia balitz, aldiz, poema bat aski litzateke, eta bestea sobera legoke. Keuner Jaunak bereari eutsi zion, esanez: «Nire bi abestiak jarrera beretsuan kantatzekoak dira (batak bestea ukatu gabe, alegia, jarrera ez baita kontu printzipala, edo, hala balitz ere, abesti bat baino gehiagoren beharra izan bailezake), eta beraz doinua ere berdina ez bada berdintsua behar dute. Neurrira egindako jantziak, norberarentzat hain egoki izanik, nabarmen desegoki izaten dira gainerakoentzat, baina nik ez dut horrelako jantzirik maite. Izatekotan, igandeetarako jantziak dira horiek. Lanerako aski dira handizka ekoitzitako jantziak».

Musik von der Stange

Eines Tages sang Herr Keuner in einer kleinen Gesellschaft zwei Lieder vor, die annähernd dieselbe Melodie hatten. Er wurde dafür getadelt. Entweder, wurde ihm vorgehalten, paßt die Melodie zum ersten Lied, dann paßt sie nicht zum zweiten, oder umgekehrt. Zu beiden könnte sie nur passen, wenn eines der Gedichte genügte und das andere überflüssig wäre. Herr Keuner wehrte sich und sagte: »Meine beiden Lieder können in ungefähr dem gleichen Gestus vorgetragen werden (ohne sich deshalb gegenseitig zu verdrängen, da der Gestus nicht die Hauptsache ist, oder, wenn er die Hauptsache ist, doch mehrere Lieder brauchen könnte), also ist auch die gleiche oder ähnliche Melodie am Platze. Man kann Kleider schneidern, die einem Menschen so sehr stehen, daß sie einem anders aussehenden nicht stehen würden, aber solche Kleider mag ich nicht. Es kann sich dabei auch höchstens um Sonntagskleider handeln. Berufskleider können Kleider von der Stange sein.«


Hirugarren gauza

KJ.k ez zuen inoiz beste pertsona batekiko lotura zuzenik lantzen; aitzitik, hirugarren gauza bati heltzen zion beti. Hirugarren gauza horri helduta lantzen zuten K.J. ak eta bere lagunak elkarrekiko lotura. «Bestela», esan ohi zuen K.J.k, «nola galduko litzateke lotura hori? Hirugarren gauza gal daiteke. Loturak, hala ere, bizirik dirau».

Die dritte Sache

HK. ging niemals eine Verbindung mit einem Menschen selber ein, sondern er zog immer die dritte Sache zu. Mit dieser gingen dann H. K. und sein Freund die Verbindung ein. »Wie«, sagte H. K., »soll die Verbindung sonst aufhören? Die dritte Sache kann aufhören. Davon lebt die Verbindung.«


Keuner jaunari ikasle batek aldegin

Ikasle batek alde egin zion behin Keuner Jaunari. Pozik aritua zen harekin harremanetan. Beste inoren iritziari ez zion harenari bezain gustura kontra egin izan. Hala ere ez zen Keuner Jauna lur jota geratu. «Ikasle ona zen», esan zuen, «onenetakoa! Lastima da alde egin izana, baina ez da oker handia. Oker handia zera litzateke, zuek biotako batek alde egin izana», eta hori esatean oso bere gustuko ez ziren bi seinalatu zituen, nabarmen, «zuek ez baituzue deus ere ikasi!».

Herrn Keuner läuft ein Schüler weg

Herrn Keuner lief ein Schüler weg. Er hatte gern mit ihm verkehrt: Niemandes Meinung hatte er lieber widersprochen. Dennoch war Herr Keuner nicht niedergeschlagen. »Er war ein guter Schüler«, sagte er, »einer der besten! Es ist schade, daß er weg ist, aber es ist nicht schlimm. Schlimm wäre es, wenn ihr beide dort wegginget«, und er deutete ungeniert auf zwei, die er nicht besonders schätzte, »ihr habt nichts gelernt!«


Laudorioa

Keuner Jaunak biziki laudatu ohi zuen berari behin mesede egindako gizon bat. «Jakina, hik hura horrela laudatzen duk, hark berriz ere mesede egin diezaian», esan zion entzule batek maltzurki / haserre. «Baliteke», zuritu zuen Keuner Jaunak bere burua, «baina nahiago nuke laudatzeko moduko jendeak bakarrik egingo balit mesede».

Ruhm

Einen Mann, der ihm bei etwas geholfen hatte, rühmte Herr Keuner sehr. »Du rühmst ihn wohl so, daß er dir bald wieder hilft«, sagte ein Zuhörer boshaft/geärgert.

»Ach wo«, wehrte sich Herr Keuner, »aber ich möchte, daß mir nur von berühmten Leuten geholfen wird.«


Keuner jauna eta adierazpena

Keuner Jaunari hain zitzaion jasan ezina bere buruaz bakarrik arduratzen den jendea ezen proposatu izan zuen hobe litzatekeela aldian aldiko pena eta pozak ahal den neurrian adierazi gabe gordean eustea, hartara inork pentsa ez dezan bere buruaz bakarrik arduratzen den lotsagaldu baten aurrean dagoela. «Nola kontatuko diet nik denei kontu bera? Nola izango naiz denontzat ber-bera?», esan zuen. «Ez nago ni denontzat triste edo alai».

Herr Keuner und der Ausdruck

Herr Keuner konnte es so wenig leiden, wenn die Leute sich mit sich selber befaßten, daß er sogar vorschlug, den Ausdruck etwaiger Trauer oder Freude nach Möglichkeit zu unterdrücken, damit nicht der Eindruck entstünde, der Betreffende beschäftige sich unziemlich mit sich selber. »Wie dürfte ich jedem die gleiche Geschichte erzählen? Wie für jeden der gleiche sein?« sagte er. »Nicht für jeden bin ich traurig oder froh.«