Terminologia-gailurra 2018ko udazkenean Donostian
Europako Terminologia Elkartea (European Association for Terminology - EAFT) Europan terminologiaren arloaz arduratzen den irabazi asmorik gabeko erakunde profesionala da, eta terminologiaren bidez hizkuntza aniztasuna sustatzeko borondatea du. Aurtengo terminologia-gailurra Donostiako Kursaal aretoan egingo da, azaroaren 22an eta 23an, eta terminologia-lanaren arrakasta eta kalitatea izango ditu aztergai, UZEI Euskal Terminologia eta Lexikografia Zentroaren lankidetzari esker. Artikulu honetan, EAFTren asmoaren eta ibilbidearen berri ematearekin batera, nazioarteko terminologia-sariak eta orain arteko terminologia-gailurrak ezagutarazi, eta datorren udazkenean Donostian egingo den 3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality gailurra aurkezten da.
Europako Terminologia Elkarteak (European Association for Terminology - EAFT) terminologia- gailurra egingo du azaroaren 22an eta 23an, Donostiako Kursaal aretoan.
EAFT Europan terminologiaren arloaz arduratzen den irabazi-asmorik gabeko erakunde profesionala da. Elkarteak terminologiaren bidez hizkuntza-aniztasuna sustatzeko borondatea du, jarduera terminologikoa bultzatzen eta profesionalizatzen lagunduko duen plataforma bat baliatuz. UZEI, Euskal Terminologia eta Lexikografia Zentroa, EAFTko kidea da, eta, elkartean parte-hartzaile aktiboa izateaz gain, aurten, gailurraren antolatzaile ere izango da.
Terminologia sustatzeko hainbat ekitaldi gauzatzen ditu EAFTk: jardunaldiak, mintegiak eta, bi urtean behin, gailurrak, terminologiaren arloan lan egiten duten organismo eta erakundeak biltzeko asmoarekin. EAFTren terminologia-gailurraren aurtengo gaia terminologia- lanaren arrakasta eta kalitatea izango da: Ma3M4Q: Making, naging, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality.
Lan terminologikoan, beste hainbat lan-jardueratan bezala, ezinbestekoa da egindako lanaren kalitatea eta arrakasta ziurtatzea eta lan horren emaitzak zenbaterainoko arrakasta izan duen neurtzea. Gailurra hainbat saiotan banatuta egongo da:
- Terminologia-lanaren plangintza
- Terminologia-lanaren metodologia
- Terminologoaren eginkizunak
- Terminologiaren zabalkundea
- Terminoen arrakasta neurtzeko bidean
Hizlarien artean, UZEIko eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariez gain, Europako Batzordearen ordezkaria, eta Irlandatik, Lituaniatik, Letoniatik, Esloveniatik, Alemaniatik, Suitzatik, Hungariatik, Frantziatik, Suediatik, Suitzatik, Kataluniatik eta Galesetik etorritako terminologoak izango dira. Egitarau zehatza eta bestelako xehetasunak UZEIren EAFT Terminology Summit 2018 webgunean ageri dira.
Europako Batzordeak ekintza-plan eleaniztunaren egitarauaren esparruan kofinantzatutako proiektu bat argitaratu zuen 1996. urtearen hasieran, Europa osoko berrogei erakunde baino gehiagoren parte-hartzearekin: Pointer txostena egitea (Proposals for an Operational Infrastructure for Terminology in Europe); eta Terminologiako Europako Elkartea sortzea izan zen txosten horren gomendioetako bat. Horrela, 1996ko urriaren 3an sortu zen EAFT, Kolding hirian (Danimarka), irabazi-asmorik gabeko erakunde profesional gisa, Europan terminologiaren jakintzagaian aktiboak diren edo interesa duten norbanako eta erakunde ahalik eta gehien biltzeko asmoarekin. Europa hitza zentzu zabalenean ulertu behar da; ez die Europar Batasuneko kide diren herrialdeei bakarrik egiten erreferentzia. Elkartearen xedea da terminologiaren bidez eleaniztasuna zabaltzea, eta plataforma bat eskaintzea, Europan jarduera terminologikoak sustatzeko eta profesionalizatzeko, jarduera horiek ezagutarazteko eta terminologian jarduten duten elkarteekin eta erakundeekin harremanak izan eta lankidetza aktiboan aritzeko. EAFTko kide izan daitezke elkarteak, erakundeak nahiz norbanakoak.
EAFTren nahia da lankidetza-hitzarmenak garatzea beste erakunde, sare edo elkarteekin, Europakoak nahiz beste edozein tokitakoak, horrela, erakunde, elkarte edo sareek EAFTn parte hartzeko aukera izan dezaten. Dagoeneko eginak ditu hitzarmenak Terminologiaren Nazioarteko Informazio Zentroarekin (Infoterm); Terminologiaren Sare Panlatinoarekin (Realiter); Lexikologiaren, Terminologiaren eta Itzulpengintzaren Sarearekin (Réseau LTT), eta Europako Hizkuntza Baliabideen Elkartearekin (ELRA).
Esan bezala, UZEI, 1977an hizkuntzaren arloan zerbitzuak eskaintzeko helburuarekin sortutako irabazi asmorik gabeko erakundea, EAFTko kidea da. 1987an, UZEIk Euskalterm terminologia-bankua sortu zuen, eta, 1989an, Eusko Jaurlaritzak Onura Publikoko aitorpena eman zion, 204/1989 Dekretuaren bidez, «hizkuntzaren ikerketan eskaintzen dituen zerbitzuengatik Euskal Autonomia Erkidegoaren interes orokorra sustatzen duelako». Euskalterm euskal terminologia banku publikoa da 2001az geroztik.
Gailurrarekin lotuta, EAFTren urteroko Batzar Nagusia egingo dute kideek gailurraren lehenengo egunaren amaieran, azaroaren 22an, eta, bigarren egunaren hasieran, azaroaren 23an, nazioarteko terminologia-sariak banatuko dira.
Nazioarteko terminologia-sariak
Ikerketa terminologikoaren arloan egindako master-mailako zein doktorego-mailako lan onenak saritzeko asmoz, EAFTk Nazioarteko Terminologia Sarearekin (International Network for Terminology-TermNet) lankidetzan antolatzen ditu nazioarteko terminologia sariak, bi urtean behin, terminologiaren arloko ikerketa eta garapena bultzatzeko, eta etorkizuneko jarduera terminologikoa sustatzeko, ikertzaile gazteen lana aitortuz.
Bi sari banatzen dira: batak terminologiaren arloaren ikerketa teorikoko aparteko emaitza aitortzen du (International Award for Outstanding Achievement in Theoretical/Fundamental Research in the Field of Terminology), eta besteak ikerketa eta garapen terminologikoa saritzen ditu (International Award for Applied Terminology Research and Development).
Mundu osoko hautagaiak aurkez daitezke nazioarteko terminologia-sarietara; edozein instituzio akademikok aurkez ditzake hautagaiak, edozein hizkuntzatan egindako doktore-tesi edo master-tesinak bidalita, baina ingelesez idatzitako hamar orrialdeko laburpen batez lagunduta beti. Jasotako tesi edo tesinen ebaluazioa egitean, aintzat hartzen dira lanen eduki berritzailea eta terminologiaren eremuko ikerketa aplikatuan eta garapenean egindako ekarpena. Epaimahaia EAFTko zuzendaritza-batzordeak aukeratzen du, eta nazioartean ospe aitortua duten adituek osatzen dute.
2016ko terminologia-sariak Luxenburgon izan zen terminologia-gailurrean banatu ziren, azaroaren 15ean.
Terminologiaren arloaren ikerketa teorikoan, aparteko emaitza Claudio Grimaldik eskuratu zuen (Università degli Studi di Napoli «Parthenope»), terminologia botanikoari eta kimikoari buruzko lan honengatik: Botany and Chemistry Discourse and Terminology in Scientific French Press (1699-1740).
Ikerketa eta garapen terminologikoari dagokion saria, berriz, Zagreb-eko Unibertsitateko Maja Lončar-ek jaso zuen, Europar Batasunaren lege-terminologiarako eredu gisa proposatutako datu-base terminologikoagatik: Terminological database model for EU law terminology.
Aipamen berezia jaso zuen Granadako Unibertsitateko Antonio San Martín Pizarrok bere tesiagatik: La representación de la variación contextual mediante definiciones terminológicas flexibles.
2014ko terminologia-sariak Bartzelonan izan zen terminologia-gailurrean banatu ziren, azaroaren 28an.
Terminologiaren arloaren ikerketa teorikoan edo oinarrietan, aparteko emaitza Besharat Fathi Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Institut Universitari de Lingüística Aplicada institutuko doktoregoko ikasleak irabazi zuen, Teresa Cabré irakasleak zuzendutako tesi honengatik: Expert’s Needs as Primary Target Users: Evaluating Specialised Dictionaries in Communicative Circumstances. Besharat Fathik Linguistikako Masterra egina du Pompeu Fabra Unibertsitatean, eta, aurretik, Persiar Hizkuntzako eta Literaturako Akademian egin zuen lan, Teheranen. Bi helbururekin garatu zuen tesia Besharat Fathik: lehenengoa, adituek egoera komunikatiboetan izaten dituzten behar lexikografikoak ulertzea eta aurreikustea zen; eta, bigarrena, hiztegi espezializatuak adituen ikuspuntutik ebaluatzea, kontuan hartuta zein den beren ezaguera maila eta gutxi izaten direla bereziki adituentzako landutako hiztegiak. Hortaz, tesiak bi zati ditu: lehenengoak adituen beharren oinarri teorikoa azaltzen du, lexikografiaren teoria funtzionalean (Bergenholtz, Tarp, Nielsen eta Kauffman) eta terminologiaren teoria komunikatiboan (Cabré) oinarrituta; bigarrenak, berriz, adituek hiztegi espezializatuetatik zer espero duten aztertzen du, eta azterketa horretarako ikerketa enpirikoak erabiltzen ditu.
Terminologia aplikatuan egindako ikerketa eta garapenaren saria Annette Weilandt-ek (Universität Leipzig) eskuratu zuen, automobilaren industriaren terminologiari buruz egindako lan honengatik: A process-oriented approach shown by the example of the automobile industry.
Eta aipamen berezia eskuratu zuen Georg Löckinger-ek (Universität Wien), itzulpengintzarako hiztegi espezializatuei buruzko lan honengatik: Translation-Oriented Special Language Dictionaries. Developing and Testing an Innovative Model.
Orain arteko terminologia-gailurrak
Aurtengoa EAFTk antolatutako bederatzigarren gailurra izango da.
EAFTren lehenengo gailurra Bruselan egin zen, 2002an, hainbat erakunderekin elkarlanean. Xede izan zuen terminologiarako azpiegitura bat Europan ezartzeko eta azpiegitura hori munduko beste eskualde batzuetarako ere erabilgarria izateko aukera aztertzea. Gailurraren ondorioa nazioarteko terminologia-lankidetzaren aldeko Bruselako Adierazpena izan zen; eleaniztasunean oinarritutako komunikazio espezializatua aurrera eramateko hainbat printzipio biltzen dituen dokumentua da adierazpen hori, eta munduko terminologia-erakunde askok onartu zuten. Gailurra Internet bidez zuzenean ikusteko aukera izan zen.
Bigarren gailurra Bartzelonan egin zen, 2004ko azaroan, Kulturen Foroaren esparruan, mundu osoko erakunde terminologikoen artean lankidetzarako ardatz berriak garatzeko asmoarekin.
EAFTk 10 urte bete zituenean, 2006an, pentsatu zuten garai egokia zela urtero terminologiaz hausnartzeari denbora bat eskaintzeko, eta Terminologiaren Astea antolatu zuten, NL-Term (Nederlanderaren Terminologia Elkartea) eta TermNet erakundeekin elkarlanean; esparru horren barruan, Bruselan egin zuten hirugarren terminologia-gailurra. 2006ko gailurrean aztertu zuten gaietako bat izan zen hizkuntza gutxituen arazo terminologikoak handiagoak ote diren eta hizkuntz gutxituetako hiztunek dituzten premia terminologikoak bestelakoetatik ezberdinak ote diren.
Terminologia-gailurra 2008ko urrian egin zen lehenengo aldiz Europatik kanpo, Outaouais eskualdean, Quebec-en hain zuzen, Kanadako Gobernuaren Itzulpengintzako Erakundearekin (Translation Bureau) eta Quebec-eko Unibertsitatearekin elkarlanean. Gailur horretako gaia Jendea eta ideiak elkartuz izan zen.
Bosgarren terminologia-gailurra 2010eko azaroan izan zen, Budapesten (Hungaria), EAFTk eta Károli Gáspár Unibertsitateak elkarlanean antolatuta, Hungariako Zientzien Akademiako Linguistika eta Literatura Sekzioaren lankidetzarekin. Gailur horren gaia Kalitate-kontuak izan zen.
Seigarren terminologia-gailurra Oslon antolatu zuen Norvegiako Hizkuntza Kontseiluak (Språkrådet), EAFTrekin lankidetzan, 2012ko urrian. Gailurraren gaia Terminologia: erantzukizuna eta kontzientzia izan zen. Gailur horren helburuetako bat izan zen terminologoen arteko lankidetza eta komunikazioa sustatzea eta, horrenbestez, hizkuntza-aniztasuna eta nagusi ez diren hizkuntzak errespetatzea.
Zazpigarren terminologia-gailurra EAFTk eta katalanaren terminologia-zentroak (TERMCAT) lankidetzan antolatu zuten, Bartzelonan, 2014ko azaroan. TERMCAT 1985ean sortu zuten Kataluniako Generalitateak eta Institut d’Estudis Catalans erakundeak. Gaur egun, TERMCAT nortasun juridikoa duen partzuergoa da, eta Kataluniako Generalitateko Kultura Departamentuari atxikita dago. Gailurraren gaia Sare sozialek terminologia-lanean duten eragina izan zen, eta jardunaldi osoa Twitter bidez jarraitzeko aukera egon zen; 380 txio argitaratu ziren #EAFTSummit2014 traol-hitzarekin.
EAFTen zortzigarren gailurra Luxenburgon egin zen, Europako Parlamentuan, 2016ko azaroan, Europako Parlamentuko Terminologia Koordinatzeko Unitateak (TermCoord) antolatuta Terminologiako Europako Elkartearekin (EAFT) lankidetzan. Gailurraren gaia Ikuspegia eta berrikuspena izan zen, urte horretan EAFTk 20 urte bete zituenez, iruditu baitzitzaien gailurra aukera ona izan zitekeela aldi berean atzera eta aurrera begiratzeko, aurreko gailurretako gaiak berrikusi, orduz gero zer gertatu den ikusi eta etorkizunean terminologiak norantz jo behar duen aurreikusteko. Gailur hori ere Twitter bidez jarraitzeko aukera egon zen.
Donostiako gailurra, 3M4Q: Making, Managing, Measuring Terminology. In the pursuit of Quality gaitzat duen gailurra, nazioarteko adituak entzuteko aukera interesgarria izango da, zalantzarik gabe, terminologian dihardugunontzat edo terminologia intereseko dugunontzat.