Editoriala
Amaia Apalauza Ollo

«Itzulpengintzaren industria iruzur kapitalista bat da», ohartarazi gintuen Timothy McKeon estatubatuar itzultzaileak Guerrilla Translation kolektiboaren blogean (2021eko irailaren 18an), eta, horren aurrean, «irtenbide etikoak» behar ditugu. Ildo bereko lekukotasunak entzun genituen, beste hainbat konturen artean, EIZIEk Zuzentzailearen Nazioarteko Egunaren harira antolaturiko solasaldian ere (Amaia Lasheras eta Fernando Rey hizlari, Aitor Blancoren gidaritzapean, Iruñeko Karrikiri elkartean, 2021eko urriaren 27an): Euskal Herrian, gure lanbidearen egoeraren erradiografia zehatz baten faltan gaude, eta ñabardura asko egin litezke, baina, hizkuntza minorizatu batean lan egiteak dakarzkigun ajeez gain, bizkar gainean daramatzagu gaur egungo merkatu-lege gupidagabeen ondorioz etorriak ere, bai sektore pribatuan, bai publikoan. Aipa ditzagun, besteak beste, enpresa eta agentzietako lan-baldintza prekarioak, lanen lizitazio publiko zalantzagarriak, tarifa baxuak, epe estuak, teknologiaren gero eta nagusitasun handiagoa, lanbidearen feminizazioa eta horrenbestez prekarizazioa, lanaren despertsonalizazioa edota lehia gero eta biziagoa. Ez dira betiko garai onenak.

Iluntasunean argi egin nahian gatoz, ordea. Zailtasunak zailtasun eta prekarizazioak prekarizazio, esan dezagun ozenki gero eta gehiago garela, gero eta hobeki itzultzen dugula, gero eta hobeki interpretatzen, gero eta hobeki zuzentzen, eta gero eta gehiago pentsatzen, hausnartzen eta ikertzen dugula. Eta Senez plaza ezin hobea dugu horretarako. Zer egiten dugun erakusteko, partekatzeko, geure buruaz harrotzeko.

Taldea berrituta gatoz aurten, gainera. Eta esker onez. 15 urte egin ditu Karlos del Olmok aldizkariko zuzendari gisa, eta hari eskaini nahi diogu 53. ale hau. Badugu zer ikasia eta zer hobetua, noski, eta, eginahal horretan, lantaldea ere berritu eta indartu dugu: Amaia Apalauza, Isabel Etxeberria, Maite Imaz, Itziar Diez de Ultzurrun eta Claudia Torralba aritu gara ale honetan («hasiberrien jakinezaz», gutariko batek esan ohi duen bezala, nahiz hasiberri-berriak ere ez garen), aldizkarirako ekarpenak proposatzen, aukeratzen, biltzen, orrazten eta antolatzen.

19 egile eta 17 ekarpen bildu ditugu guztira aurtengo aldizkarian. Elkarrizketa nagusia Karlos del Olmori egin dio Danele Sarriugartek («Eskerrik asko, Karlos!»), eta, horrez gain, toki berezia egin nahi izan diogu saiakera itzuliari. Olatz Esteban Ezkatik saiakeraren itzulpenaren erradiografia zehatza egin zigun Senezen 52. zenbakian, eta, hari horretatik tiraka, gaiari buruzko mahai-inguru bat antolatu zuen EIZIEk, 2021eko irailean, Zarautzen, Literaturiarekin lankidetzan. Oraingoan, bada, Maialen Berasategik, Olatz Estebanek eta Amaia Astobizak solasaldi hartan esandakoak ekarri ditugu aldizkarira («“Saiakera itzultzeaz” solasaldia»).

Era berean, Henry David Thoreauren Walden saiakera-lanaren itzulpenetik abiatuta, itzultzaile-jardunari loturiko gogoeta aski pertsonala ondu du Danele Sarriugartek, besteak beste genero-ikuspegia ere mahai gainean jarriz («Beruna eta hegoak. Waldenen itzulpenetik sigi-sagan abiatutako gogoeta pertsonala»). Orobat, generoa markatua duten hizkuntzetatik itzultzean eta hitz berriak sortzean begi-bistatik galdu behar ez genukeen auzi bat gogorarazi digu Bakartxo Arrizabalagak («Ni ez naiz funtzionario»). Nork esan zuen euskarak ez zuela genero-arazorik?

Saiakeraz gain, beste genero batzuk ere aintzat hartu ditugu aurtengo aldizkarian: Amaia Izkuek bestsellerren itzulpena aztertu du («Euskarara itzulitako bestsellerrak: The New York Times Best Seller List zerrendan oinarritutako katalogoa eta azterketa, 1990-2020»). Egile gazteak eta gradua amaitu berriak ere inguratzen ari zaizkigu, beraz, aldizkarira.

Literatura-itzulpenari dagokionez, Mary Oliverren poesia euskaratu digu Ane Garciak («Begiaren atzean: Mary Oliver»), Arthur Conan Doyleren Sherlock Holmesen memoriak itzultzean eginiko hautu batzuen berri eman digu Aitor Blancok («Hitz-jokoak itzulpen literarioan: Sherlock Holmesen memoriak liburuko zenbait adibide»), frantsesetik euskarara ekarritako haur- eta gazte-literaturaren itzulpena izan du hizpide Naroa Zubillagak («Txanponaren bi aldeak: frantsesetik euskaratutako HGLa mugaren bi aldeetan»), Ursula K. Le Guinen Oihan hitzean mundua zientzia-fikziozko lanaren itzulpenaz jardun du Amaia Apalauzak («The Word for World is Forestetik Oihan hitzean munduara: itzultzaile bat zientzia-fikzioaren oihanean», in Langintza Xeheki, 2021), eta Maria Dolores Agirre itzultzaile aitzindariaren lanak aurkeztu eta arakatu ditu Eider Quertierrek («Maria Dolores Agirreren itzulpen-lanak»). Literaturaren esparrutik atera gabe, Itzultzaile Berriak programan bi quebectar itzultzailerekin mentore gisa bildutako esperientzia kontatu digu Aiora Jakak («Itzultzaile Berriak, Quebecetik Euskal Herrira»).

Itzultzaile automatikoek zeresan handia eman dute azkenaldian, eta, horren harira, Wikipediako edukiak posteditatzean kontuan hartu beharreko jarraibide batzuk bildu ditu Amaia Solaunek («Wikipedian posteditatzeko gidalerroak»), eta, bestalde, itzultzaile automatikoek literatura-testuak itzultzeko eskaintzen duten baliagarritasuna aztertu du Itsaso Arregik («Itzultzaile automatikoak literatur testuetan: alderaketa bat giza itzultzaileekin»).

Ikuspegi soziologiko batetik, itzulpenak talde soziokulturalen arteko komunikazioan duen funtzioa ikertu du Lamia Filali-Mouncefek («Euskal Herriko itzulpen-jarduna komunikazioaren ikuspegitik: alderdi soziokulturalen kudeaketa»), eta Latinoamerikako komunitate indigenetan interpreteak trebatzeko proiektu baten berri eman digu Lurdes Auzmendik («Interpretazio beharra lurralde indigenetan»).

Hona, beraz, irakurle, lantalde berriaren lehen uzta. Segituko dugu lurra lantzen eta iraultzen, ongarritzen, ureztatzen, hazi eta landare berriak sartzen, datozen urteetako uzta are oparoagoa izan dadin.


Amaia Apalauza Ollo