Ortotipografiari buruzko mintegia
Amaia Lasheras, Lorea Arrieta


Testuen zuzenketari buruzko jardunaldiak antolatu zituen EIZIEk Donostian, 2004ko maiatzaren 5etik 7ra. Hastapeneko saioa izanik elkartearentzat, ezusteko atsegina izan zen bertara bildu zen lagun kopurua eta, batik bat, jendearen jakin-mina: ez bakarrik testu-zuzentzaileak, baizik idazle, itzultzaile eta argitaratzaile ugari inguratu zitzaigun hiru eguneko saio trinko-mamitsuetara.

Jardunaldi haietan agerian gelditu zen testu-zuzentzaileok zalantza ugari izaten ditugula gure eguneroko jardunean eta irizpideak bateratzeko premia dagoela. Izan ere, testu-zuzentzailearen lana da testuak euskarri duen hizkuntza zuzen eta egoki erabili dela bermatzea, baina hori ez da, gurean, lan erraza izaten: Euskaltzaindiaren arauek-eta eskaintzen duten babes-eremutik landa, hutsune handiak daude oraindik eta eztabaidagai franko sortzen da zuzentzaileon artean hizkuntzaren zuzentasunari dagokionez, zer esanik ez egokitasunari dagokionez. Nahi gabe ere, jardunaldien amaieran gutako asko hutsune eta zalantza horietara begira gelditu ginen, jorratu gabeko eremuetara, alegia.

Testu-zuzentzaileen mundu txikian ekarpen oro izan ohi da ongi etorria, idortean euria nola, eta Ikasmaterialen Aholku Batzordearen baitan Joxe Ramon Zubimendik 2004ko irailean argitaratu zuen Ortotipografia lana ekarpen ederra izan zen, zalantza gabe. Liburukiaren sarreratik pasarte argigarri hauek berezi nahi izan ditugu:

«Ortotipografia izena eman diogun liburuki hau duzu, esan bezala, asmo zabal horren [eskola-materialen Estilo Liburua osatzeko asmo zabal horren] lehen emaitza. Aholku Batzordeko kide den Joxe Ramon Zubimendik atondu du, baina jende askoren ekarpenak jaso ditu bere ibilbide luzean. Aholku Batzordeko kideenak, lehen eta azken faseetan; baina ez haienak bakarrik. Ibilbide kalkulatua eta irekia eman nahi izan zitzaion hasieratik; ikasmaterialen esparrutik landa ere eragina izateko modukoa. Hartara, kontsulta zabala egin zen, eta denbora hartu zen azterketarako: urtebete pasa. Euskaltzain, idazle, onespen-aztertzaile, argitaletxeetako teknikari, itzultzaile, eskoletako hainbat irakasle..., jende asko izan da lehen idazkuntza hari bere ekarpen-erreparo-zuzenketak eta hobespen-oharrak egiteko aukera izan eta egin duena. (...)

Zabalkundeari eta eraginkortasunari begira, azkenik, Euskaltzaindiaren oniritzia ere behar zuen lanak. Horixe eskatu zitzaion Akademiari. (...)

(...) Eskerrak eman nahi dizkio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Euskaltzaindiari. Bere oniritzia kontuan hartzen eta betearazten ahaleginduko da saila, araubidezkoa denez.»

Hortxe genuen, bada, proposamena, bai eta proposamen horren euskarri-argudioak. Hortik aurrera bidea egin behar: liburukiaren edukia aztertu eta bertan proposatutakoak praktikara eraman. Dena den, jakinik halako bideak bakarka egiteak zenbat zalantza eragin ohi duen, nahiago izan genuen hainbat esparrutako testu-zuzentzaileak bildu eta mintegi bat antolatzea, liburukiaren edukia nor bere arloan praktikan jartzeko onurak eta zailtasunak xehatu nahirik.

Sarrerako hitz laburron ondotik doan dokumentua akta modukoa duzue, mintegi-saio haietan hitz egindakoa jasotzen duen akta hain zuzen ere. Irakurlea aise ohartuko denez, mintegiaren abiapuntua ez zen liburukian proposatzen zen araudia bera eztabaidatzea edota haren zilegitasuna zalantzan jartzea. Aurrez, bagenekien puntu korapilatsu nabarmen bat izanen zela —hitz-elkarteen idazkera, nola ez!—, baina mintegi halabeharrez labur batek ebatzi ezinezkoa zela jakinik, eztabaida hori beste aukera baterako uztea erabaki genuen. Hortaz, asmoz behintzat, mintegiaren abiapuntua zen zuzentzaileon eskura jarritako tresna berri bat ezagutzea eta haren baliagarritasuna eta mugak aztertzea, gure zalantzak argitze aldera eta gure ekarpena dagokionari helarazte aldera.

Ortotipografiari buruzko mintegia

  • Antolatzaileak: EIZIE eta IZO
  • Egunak: 2005eko maiatzaren 17a eta 31
  • Iraupena: Hiru orduko hiru saio. Lehenbiziko egunean saio bat, goizez, eta bigarrenean bi, goizez eta arratsaldez.
  • Lekua: Okendo Kultur Etxea eta EIZIEren egoitza.

Mintegia iazko zuzenketen inguruko jardunaldien haritik sortu zen, eta EIMAk 2004ko irailean ateratako ortotipografiari buruzko liburukia hartu zen euskarritzat. Hainbat esparrutan dabiltzan zuzentzaileei egin zitzaien mintegian parte hartzeko gonbitea:

  • Manu Arrasate (IZOko zuzentzailea)
  • Antton Burgoa (Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariaren arduraduna)
  • Alfontso Mujika (Elhuyar)
  • Juan Garzia (EIMAko aholku batzordeko kidea)
  • Xabier Mendiguren Elizegi (Elkar Argitaletxea)
  • Irene Arrarats (Berria)
  • Fernando Rey (Nafarroako Aldizkari Ofiziala)
  • Iñigo Roque (Giltza Argitaletxea)
  • Lorea Arrieta (Pentsamenduaren Klasikoak)
  • Amaia Lasheras (EHUko Euskara Zerbitzuko zuzentzailea)
  • Koordinatzailea: Lorea Arrieta
  • Mintegiburua eta idazkaria: Amaia Lasheras

Esan bezala, EIMAko Ikasmaterialerako Aholku Batzordeak argitaratutako liburukia izan zen lan-tresna nagusia. Lehenbiziko eguneko saioa, hots, maiatzaren 17koa, hiru ataletan banatu zen. Lehenbiziko atalean, Juan Garziak —liburukiaren egileetako batek— liburukiaren sortze-prozesuari buruz hitz egin zuen. Bigarren atalean, mintegiburuak liburukiari buruzko hausnarketatxo bat egin zuen, zenbait galderaren harira: liburuaren egiturak ongi funtzionatzen du?; zer gauza kontsultatu dira gehien?; non sortzen dira zalantzarik handienak?; zer falta da?; dagoena ongi eta erraz aplika daiteke? Jarraian bildu dira hausnarketa horren puntu nagusiak.

Liburuaren egiturari dagokionez, bi atal nagusi ditugu. Lehenbizikoan, Euskaltzaindiaren oniritzia jaso duten kapituluak daude (lehenbiziko hamabostak) eta, bigarrenean, berriz, hitz elkartuen idazkerari dagokion eranskina, Euskaltzaindiak balioetsi ez duena. Edukiari begiratuta, hamasei atal ditu liburukiak: Letrakera arrunta, Letrakera etzana, Letrakera lodia, Kakotxak, Oinarrizko adieraz besteko izen berezien deklinabidea, Erdal izen bereziak, Siglak, Laburdurak, Neurri-izenak, Ehunekoak, Ordinalak, Bi puntuen ondorengo idazkera, Barra, Marratxoa, Bibliografia nola aipatu eta Hitz elkartuen idazkera.

Kapitulu bakoitzaren barruan, hainbat puntu ageri dira, bakoitza zenbaki baten bidez markatua, eta, puntu bakoitzaren barruan, azalpena, adibideak eta, hala dagokionean, oharrak. Batzuetan, puntu nagusi horien barruan, zenbait azpipuntu biltzen dira, bulet —puntu lodi— batez markatuak. Horiek ere beren azalpenak, adibideak eta oharrak izango dituzte. Hala ere, zenbaitetan, azpipuntuak letrekin markatzen dira, puntu lodi horiekin markatu beharrean; kasu horietan, Batzordeak aukera bat baino gehiago proposatzen du ortotipografia-arazo horri aurre egiteko, eta, letra bakoitzean, irtenbide horietako bat azaltzen da. Nolanahi ere, hitz elkartuen idazkerari buruzko kapituluan, letrak ez dira erabiltzen aukerak emateko, puntu lodi horien lana egiten dute kasu horretan. Kapitulu batzuen hasieran, gaiari buruzko azalpen orokor bat agertzen da; beste batzuetan, berriz, zuzenean ekiten zaio puntu nagusiak zerrendatzeari.

Puntu bakoitzari dagokion azalpena letra tamaina batean egiten da eta adibideak eta oharrak tamaina txikiagoan. Hala ere, hitz elkartuei eta siglei buruzko kapituluetan, zenbait ohar eta adibide letra tamaina handian agertzen dira.

Bestalde, liburua aplikatzeko garaian antzemandako zenbait kontu ere aipatu ziren. Gauza gehienak ongi azalduta daude eta zalantza gutxi sortzen ditu, agindu zuzenak ematen dira eta adibideekin ongi hornitzen dira. Ortotipografiarekin lotutako arlo gehienak biltzen dira; hala ere, zenbait gauzaren falta sumatu da. Erabakiak, oro har, aplikatzen errazak dira eta ez da denbora galtzen azalpen luze eta nahasgarrietan; jakina, horrek, batzuetan, motz gelditzea ere badakar. Estiloa zuzena eta argia da; beraz, behar duguna aurkituz gero, aise ikusiko dugu zer erabaki hartu den horren inguruan.

Hasieran egindako galderen artean, egiturak ea ongi funtzionatzen zuen planteatzen zen. Bi ikuspuntutatik erantzun zitzaion horri. Batetik, irakurketa hutsa egiteko, egitura arina eta erraza du liburukiak; nahiko eskematikoa da eta, oro har, ongi ulertzen da. Bestetik, zuzentzaile baten ikuspuntutik hartzen baldin bada, hau da, kontsulta liburu gisa erabili nahi bada, zenbait arazo sortzen dira. Zuzentzaileak gauza zehatzak behar izaten ditu eta, gehienetan, presaka ibiltzen da; bada, kasu horietarako, askotan, kapitulu osoa begiratu behar da edo kapitulu bat baino gehiago, kontu zehatz hori aurkitzeko, eta, beraz, denbora asko galtzen da. Gehienetan, informatika-tresnei esker konpon daiteke arazo hori, ordenagailuak hitz-gakoen bilaketa azkarra egiten baitigu; horretarako, jakina, liburuaren bertsio elektronikoa behar da eta ordenagailu bat. Gaur egun, hala ere, sarean dago bertsio elektroniko hori; beraz, ez dago eskuratzeko arazorik.

Egiturari dagokionez, baina gauza zehatzagoetara hurbilduz, beste oztopo bat ere aipatu zen. Esan bezala, salbuespenen bat kenduta, oharrak eta adibideak letra tamaina berean agertzen dira, eta biek paragrafo-egitura bera dute; ondorioz, oharren bat konturatu gabe joan dakiguke. Komeniko litzateke, beraz, bi horiek tipografikoki bereiztea. Eta gauza bera egin behar litzateke azalpenen tamaina berean agertzen diren adibide eta oharrekin.

Liburukia arretaz irakurri ondoren, ohartuko gara badirela erabaki batzuk kapitulu bati baino gehiagori dagozkionak (adibidez, komatxoen artean eta letra arruntez idatzi beharrekoak), eta, nahiz eta horietako batzuk dagozkion kapitulu guztietan agertu, beste batzuk, berriz, kapitulu horietako batean bakarrik jaso dira. Horrenbestez, horiek guztiak identifikatu behar lirateke eta liburuan zehar behar den guztietan aipatu.

Azalpenei buruzko arazotxo bat ere atera zen. Orain arte esan den bezala, liburuak azalpenak ematen ditu eta, gero, adibideak; baina, batzuetan, azalpen horiek faltsuak dira, ez baitira benetako azalpenak, zerrenda irekiak baizik. Teorikoki, kategoria bat ondorioztatu behar izaten dugu zerrenda horietatik, baina, batzuetan, zaila da; izan ere, oso kategoria zabalak nahasten dira (adibidez: «Letra etzanez idazten dira izen berezia ezarri izan zaien itsasontzi, espaziontzi, ezpata, kanoi eta abar jakinen izenak»).

Bukatzeko, soberan eta faltan sumatu diren gauzak aipatu ziren. Soberan dauden gauzen artean, sintaxiari (eta ez ortotipografiari) dagozkion zenbait kontu agertu ziren (esaterako, zenbat/zenbateko noiz erabili, neurri-izenak nola irakurri). Letra lodiaren kapituluan ere, hiztegigintzari buruzko irizpide asko ematen dira, gehien-gehienak letra lodiarekin zerikusirik ez dutenak. Hiztegigintzan, bestelako estiloak eta arauak erabiltzen dira, ortotipografia-lan honen eremutik kanpo daudenak. Falta diren gauzak, besteak beste, honako hauek dira: letra larriei buruzko atal bat (nahiz eta gai hori askotan ortografiatzat har daitekeen eta ez ortotipografiatzat); puntuazioren inguruan esaten diren gauza guztiak biltzen dituen beste bat (gai hori ere ez da zuzenean ortotipografia, baina zenbait kasutan bai); laburduren zerrenda luze bat, eta abar.

Lehenbiziko saio horren hirugarren zatian, hortik aurrera zer lortu nahi zen eta hori nola landu behar zen eztabaidatu zen eta, azkenik, atalez ataleko errepaso bat egitea erabaki zen. Atal bakoitzaren puntu ahulak edo nahasgarriak azalaraziko ziren, falta ziren gauzak aipatu, hobetzeko proposamenak, eta abar. Beraz, lehenbiziko saio horren hirugarren partean eta beste bietan, horretan jardun ziren mintegikideak. Liburuaren ordena berari segitu zitzaion asmo horri ekiteko. Hona atalez ataleko errepaso hartan bildutakoa:

Letrakera arrunta

Proposamen orokorrak:

  • Kapituluaren beraren izena aldatu, eta, «letrakera» hitza erabili beharrean, «letra» erabili (Hiztegi Batua). Gauza bera egin behar da hurrengo bi kapituluen izenarekin.
  • Kapitulu hori soberan dago. Letra arrunta «arrunta» denez, ez du aipamen berezirik behar, bestelako letrarekin idatzi beharrekoak bakarrik aipatu behar lirateke. Etzanaren eta komatxoen kapituluetan agertuko dira letra arruntari buruzko aipamen horiek, dei gisa edo, argi uzteko horiek ez direla ez etzanez ez komatxoen artean idatzi behar.

Bigarren puntua

Zalantzak:

  • Izengoitiak letra arruntez idaztea arriskutsua izan daiteke, izengoiti hori oso hitz arrunta bada: Txikia, Gaztea... Zer egin kasu horietan?
  • Maileguak euskal grafiara egokituta noiz eman daitezke? Kolakaoa edo kokakola erabiltzea zilegi da?
  • Bestetik, lehenago aipatutako lege, arau edo dekretu bat testuaren barruan (esaterako, erakusle batekin agertzen denean) letra larriz idatzi behar da? 222/2001 Dekretua, urriaren 16koa...; dekretu hori...? edo Dekretu hori...? Hala ere, kontuan hartu behar da zalantza horrek ez duela zerikusirik letra arruntarekin, letra xeheen eta larrien erabilerarekin baizik.

Proposamena:

  • Beste azpipuntu bat sortu aplikazio informatikoen izenak, teknologien izenak (Word, Excel, eta abar) jasotzeko, horiek ere letra arruntez idatzi behar baitira.

Letrakera etzana (Letra etzana jarri behar da)

Lehen puntua

Gehitu:

  • Batzuetan, arkitektura- edo eskultura-lanak toponimoak dira, artelanak izateaz gain; kasu horietan, beraz, letra arruntez idatzi behar dira.

Zalantza:

  • Kontraesan bat dago: abestien izenak etzanez idatzi beharrekoak dira; baina, diskoaren izena ere aipatzen bada, hori ere etzanez idatzi behar da?

Zalantza horren inguruko proposamenak:

  • Kontraesan hori saihesteko, abestien izenak beti komatxoen artean idatzi aldizkarietako artikuluekin egiten den bezala.
  • Edo abestiak beti etzanez idatzi, kontuan izan gabe diskoaren izena ere aipatzen den edo ez.

Zalantza:

  • Musika-pasarteekin nola jokatu behar da?

Zalantza horren inguruko proposamena:

  • Abestiaren izenburua etzanez idatzi, eta pasartearena, berriz, komatxoen artean.

Aldatu:

  • Puntu horren oharrean, «zenbait kantaren arteko abesti bat» jartzen duen tokian, «abesti bat» jarri.

Bigarren puntua

Proposamena.

  • Puntu horrek beste formulazio bat behar du; oso zerrenda zabala da eta nahasgarri samarra.

Zalantza:

  • Demagun Titanic itsasontziaren izena 500 aldiz agertzen dela liburu batean, beti etzanez agertu behar luke?

Zalantza horren inguruko proposamenak:

  • Kasu horietan, salbuespena egin daiteke eta lehen agerpenean bakarrik idatzi etzanez. Letra etzanak nolabaiteko salbuespena edo apartekotasuna adierazteko balio du, eta hori testu motari lotua dago: «mailegu geureganatugabearena» zerbait erlatiboa da («geureganatugabetasuna» aldatu egiten da liburutik liburura)-
  • Salbuespenak egitea arriskutsua da, salbuespenaren aitzakiarekin bakoitzak nahi duen bezala idatz baitezake azkenean.

Gehitu:

  • Ez nahasi izen bereziak modelo edo marken izenekin: Spirit of San Luis hegazkin jakin baten izena zen, hau da, bakarra zen. Concorde, berriz, hegazkin modelo baten izena da, eta Tomahakw misil mota baten izena, hau da, Concorde eta Tomahakw bat baino gehiago dago. Beraz, Mariner zundak baina Mariner 5 zunda (Mercury, Apollo, Gemini, Vostok...).

Hirugarren puntua

Aldatu:

  • Hiztegi Batuak «mikroi» hobetsi du «mikra»ren ordez.

Laugarren puntua

Zalantza:

  • Kanpoko hitz guztiak letra etzanez idatzi behar dira? Hiztegi Batuaren irizpidea motzegia da; «ranking» edo «parking» letra arruntez idatzi behar ditugu Hiztegi Batuan daudelako eta «leasing» letra etzanez hor jaso ez delako?

Bosgarren puntua

  • Oso zehaztugabea da puntu hori nazioarteko arauekin zer esan nahi da?

Seigarren puntua

Eztabaida:

  • Kontra: etzanez (edo komatxoen artean) idatzitako hitzen deklinabide-atzizkiak letra arruntez idatzi behar izatearen kontra. Oso gauza arraroak ateratzen dira eta estetikoki itsusiak: Nikaraguako kontrei. Berez, hitza kontra da ez kontr; ez da oso egokia hitzetan horrelako banaketa egitea.
  • Alde: hitza etzanez eta deklinabide-atzizkia arruntez idaztea zehaztasunaren aldeko apustua da.

Gehitu:

  • Zehaztu behar da absolutiboa salbuespena dela (ohitura baina ohiturei).

Zalantza:

  • Zergatik kontrastatu behar dira deklinabide-atzizki guztiak eta absolutiboa ez? Bereizketa horren aldeko arrazoia atzizki horien eduki semantikoa omen da; absolutiboak ez du esanahi semantikorik, eta besteek, berriz, bai.

Gehitu:

  • Kasu batzuetan, hitz osoa (deklinabide atzizki eta guzti) nabarmendu nahiko da eta, kasu horietan, dena idatzi beharko da etzanez. Berdin, jakina, hitz bat baino gehiago denean nabarmendu nahi den zatia.

Zalantza:

  • Eta hitza «r» letraz amaitzen denean nola jokatu? «r» letra bikoiztu gabe, ezta?

Mireko kosmonautak ala Mirreko kosmonautak?

Excaliburen fama ala Excaliburren fama?

Proposamenak:

  • Kasu horretarako, marratxoa erabili, siglekin jokatzen den bezala (Mir-eko kosmonautak).
  • Ez da beharrezkoa marratxoa erabiltzea, etzanez egoteak argi uzten baitu hitzaren muga non dagoen; grafikoki esplizitatuta dago eta, berriz markatuz gero, erredundantea litzateke.
  • Edonola ere, esplizituago azaldu, mintegian ikusi baita jendeari ez zaiola argi gelditu kontu hori guztia.

Zazpigarren puntua

Zalantzak:

  • Letra larria erabili beharreko kasu bat jasotzen da eta ez du zerikusirik letra etzanarekin; hor egon behar du?
  • Hor agertzen den letra larriaren erabileraren inguruan: izenburuetako (edo legeetako) «hitz nagusi guztiak idatzi behar dira letra larriz», baina zer egin behar dugu aditzekin edo juntagailuekin...? Arazo horri aurre egiteko, eduki semantikoari begiratu beharko diogu; hau da hitzak eduki semantikoa badu, letra larriz idatziko dugu, eta, eduki semantikorik ez badu, letra xehez.

Zortzigarren puntua

Gehitu:

  • Letra etzanaren «etzana» letra arrunta da. Beraz, testu batean dena etzanez idatzita badago, han nabarmentzekoa letra arruntez markatuko da.
  • Gaur egun, gero eta normalagoa da formaturik gabeko testuak egitea (informatika-kontuak, Interneteko testuak, eta abar) eta, horietan letra etzana erabili ezin denez, komatxoak erabili behar izaten dira etzana erabiliko genukeen tokietan.

Zalantza:

  • Zergatik dator «letratipo» lotuta?

Letrakera lodia (Letra lodia jarri behar da)

Kritika:

  • Kapitulu hori oso bitxia da eta goitik behera berrantolatu behar litzateke. Hor biltzen den gehiena ez dago batere lotuta letra lodiaren erabilerari, hiztegigintzari baizik.

Zalantza horren inguruko proposamena:

  • Nahi izanez gero, esan daiteke zenbait arlotan (hiztegigintzan, egunkari-aldizkarietan) bestelako ortotipogafia-arau eta -estiloak erabiltzen direla. Kapitulu horretan edo beste toki batean.

Kritika:

  • Letra lodirako proposatzen den erabilera oso murrizgarria da. Eskola-liburuetan, esaterako, asko erabiltzen da, definizioak nabarmentzeko, hitz-gakoak markatzeko, eta abar.

Proposamena:

  • Bakoitzak egokitu behar du esandakoa bere laneko beharretara eta, han, beharrezkoa badu paragrafo oso bat letra lodiz idaztea, hala egin dezake. Hobe da bigarren paragrafo hori guztia kentzea, nahikoa baita esatea gutxi erabiltzen dela.

Gehitu:

  • Magnitude bektorialekin ere erabili behar da letra lodia.

Kakotxak

Aldatu:

  • Kapituluaren izena aldatu eta, horren ordez, «komatxoak» jarri, Hiztegi Batuak «koma» hitza hobesten baitu «kakotx» hitzaren ordez.
  • Kapitulu hasierako azalpen hori hobetu eta osatu. Adibide batzuk jarri eta honako hau gehitu: «adibideetan ikusiko denez».
  • Lehenbiziko esaldi horretatik, «ere» kendu.

Gehitu:

  • Komatxoei buruzko terminologia zehaztu: komatxo mota bakoitzaren ondoren bakoitzari dagokion izena jarri (hau da, « » latinoak eta « » ingelesak).

Eztabaida:

  • Kontra: komatxo bat edo bestea jartzea aukera grafikoa baino ez da eta ezin da esan latinoak nagusiak direla. RAEk dio, esaterako, bata zein bestea erabiltzea gauza bera dela. Horren kontra egoteko beste arrazoi bat aipatu zen mintegian: komatxo latinoak ez dira automatikoak teklatuan, ez behintzat testu-prozesadorerik erabilienean (Word). Ez daude agerian, eta tekla-konbinazio bat erabili behar da: « (Alt + 0171) / » (Alt + 0187).
  • Alde: tradizioaren arabera, komatxo latinoak nagusi dira guztiz; komatxo ingelesei lehentasuna ematen bazaie, ingelesezko puntuazioa erabili beharko da.

Zalantza:

  • Zer dira lehen esaldi horretan aipatzen diren kasu sinpleak? Akotaziorik ez dutenak izango dira.

Gehitu:

  • Elkarrizketa bat sartzeko «—(marra)» erabiltzen badugu, barruko komatxoak bigarren mailakoak –ingelesak (« »)– izango dira.
  • Komatxo bakunei buruzko azalpenen bat jarri. Formaturik gabeko testuetan askotan erabiltzen dira horrelakoak; argitalpen elektronikoetan, esaterako, ezinbestekoak dira. Hiztegigintzan, hizkuntzalaritzan eta definizioetan ere, askotan erabiltzen dira.
  • Komatxo beren barruan paragrafo bat baino gehiago dugunean, ixteko komatxoak (») jarri beharko ditugu paragrafo bakoitzaren hasieran (bigarren paragrafotik aurrera, jakina). Gauza bera egingo da elkarrizketa-marra batek paragrafo bat baino gehiago hartzen badu; desberdintasun bakarra zera izango da: komatxoen bukaeran komatxoak itxi beharko direla (») eta elkarrizketan ez.
  • Zerrendetan eta tauletan agertzen diren «idem» adierazteko agertzen diren komatxoak ere aipatu.

Zalantza:

  • Hemen proposatzen zaigun ereduaren arabera, komatxoen eta hitzen artean ez da hutsunerik utzi behar, baina frantsesez bai; zer egingo dugu frantsesezko testuren bat txertatu behar dugunean? Haien eredua errespetatuko dugu? Ez: geure eredura egokituko ditugu. Eta berdin jokatuko dugu beste hizkuntzetako berezitasunekin (Ikus 21. Senez, 1991koa).

Lehen puntua

Gehitu:

  • Letra arruntaren kapituluaren bigarren puntuan agertzen den izengoitiei buruzko oharra sartu hemen ere, erabat lotuta baitago komatxoen erabilerarekin.
  • Letra etzanaren 6. puntuan dagoen eztabaida (deklinabide-atzizkia letra etzanez edo ez) komatxoen atal honetan ere agertu zen. Gainera, esplizitatu behar da deklinabide-atzizkiarekin nola jokatu, eta, nolanahi ere, absolutiboaren salbuespena aipatzea falta da hemen ere («gizon «zintzo»aren fama» baina «gizon «zintzoa» da»).Gainera, mintegikide guztiak ez daude ados hor proposatzen denarekin.

Oinarrizko adieraz besteko izen berezien deklinabidea

Kritikak:

  • Lehenbiziko azalpena euskara-eskoletan eman beharrekoa da eta ez du zerikusirik ortotipografiarekin. Horko adibide batzuk ez dira oso egokiak. Hor nahasian sartu dira izen bereziak («Euskaltzaindia» adibidea) eta berezi ez direnak, nahiz eta izen berezi baten zati izan (udal, unibertsitate, legebiltzar, maiatz, astelehen). Hiztegi arruntetan sarrera direnak nola deklinatu behar diren garbi dago. Hor ez dago arazorik. Benetan izen bereziak direnetan, badago arazoa: Kursaal (Kursaalen ala Kursaalean?), Guggenheim (ez dago zalantzarik: Guggenheimen). Bulebarrarena ere ez da oso adibide egokia. Donostiako Udalaren arabera, Boulevard Zumardia da kale horren izen ofiziala. Horretaz gain, udalari kasu egin gabe ere, nola idatzi beharko genuke? bulebarrean, Bulebarrean edo (toponimotzat jotzen badugu, hau da, Kale Nagusian edo Abenidan esaten dugun bezala, toponimo bihurtuta) Boulevardean?

Zalantza:

  • Zer egin behar da euskara hilik dagoen tokietako toponimoekin? Arrotxapeako edo Arrotxapeko? Badirudi hori ez dela ortotipografiako arazo espezifikoa. Endotoponimoetan, Euskaltzaindiak erabaki behar du amaierako -a hori noiz den berezkoa eta noiz ez. Nolanahi ere, adibide horretan garbi dago -a hori ez dela berezkoa. Horrenbestez, tradizioak kontrakoa agintzen ez badu, horrelako eraketa garbia duten toponimoetan pentsatu behar dugu azken -a hori ez dela berezkoa, eta, beraz, Azkoitia bezala deklinatu beharko genituzke.

Lehen puntua

Zalantza:

  • Gorarantz Igogailuak enpresatik deitu dute. Horrelakoak ea nola deklinatu behar diren enpresa (edo dena delako hitza) aposizioan ez dagoenean, hau da, ea «Gorarantz Igogailuek lantegi berria zabaldu du(te) Tuteran» esan behar den edo «Gorarantz igogailuak-ek lantegi berria zabaldu du Tuteran».

Zalantza horren inguruko proposamena:

  • Bi konponbide: aposizioa (Gorarantz Igogailuak enpresak lantegi berria zabaldu du Tuteran) edo, bestela, termino generikoa jatea (Gorarantzek lantegi berria zabaldu du Tuteran).

Bigarren puntua

Zuzendu:

  • Lehenengo adibidean, «Euskal Gramatika: Lehen Urratsetako liburukietan...» jartzen duen lekuan, jarri «Euskal Gramatika: lehen Urratsetako liburukietan...».

Zalantza:

  • Zaila da izana eta izena bat etortzea. Ematen du gakoa dela izen hori eta izan hori kategorialki berdinak izatea, maila berekoak.

Kritika:

  • Horko adibide batzuk ez dira oso zuzenak; «Euskal Gramatika: Lehen Urratsetako...»: urrats horiek benetako urratsa dira? Ez dago oso argi.

Eztabaida:

  • Batzuen ustez, Hiztegi Batua edo Euskal Hiztegia artikulua eta guzti idatzi behar dira deklinatzean (Hiztegi Batuatik eta ez Hiztegi Batutik), liburuan esaten denaren kontra; eta, nahi bada, gero ahoskatzeko garaian, ken daiteke artikulu hori.

Aldatu:

  • Puntu horren joskera hobetu behar da gauzak argiago uzteko.

Proposamena:

  • 2. puntu horrek lantzen duen auzia konpontzeko biderik seguruena etiketazea da (Gerra Kronikak liburua), baina liburu bera askotan agertzen bazaigu, nekagarria da behin eta berriz etiketa osoa errepikatu behar izatea.

Hirugarren puntua

Zalantzak:

  • Zergatik Herri BatasunEAN? Benetan batasuna dela ulertu behar da orduan.
  • Pluralezkoekin nola jokatu ez da esplizitatzen: Plazandreok, Euskal Herritarrok, Aukera Guztiak...
    1- Plazandreokek ez du zinegotzirik lortu / 2- Plazandreek ez dute zinegotzirik lortu
    1- Aukera Guztiaken ordezkaria / 2- Aukera Guztien ordezkaria
  • Gaur egun, gaztelaniatik zuzenean hartutako hitz askorekin lan egin behar izaten dugu. Nola jokatuko dugu horiekin?
    Partido Popularrek esan du/ Partido Popular Alderdiak esan du.

Badirudi oso aztergai interesgarria dela aurreko hori, landu beharrekoa, baina, seguru aski, onomastikarako utzi beharko dugu, eta ez ortotipografiarako.

Erdal izen bereziak

Lehen puntua

Zalantzak:

  • Zein dira erdal izen bereziak eta zein ez? Hor, Euskaltzaindiaren zerrendetan dagoena da muga; hortik kanpo dagoenarekin ez dago hain argi nola jokatu.
  • Zer dira puntu horretako oharrean agertzen diren etxekotu gabeko izen-deiturak? Ezezagunak? Euskal grafiaz idazten ez direnak? Ematen du EIMAren Exonomastika Batzordea prestatzen ari den lanak gauza asko argituko dizkigula horren inguruan.
  • Nola jokatu azentu grafikoarekin? Diakritikoaren auzia oso konplexua da, horien erabilera asko aldatzen da hizkuntza batetik bestera.

Azken zalantza horren inguruko proposamenak:

  • Euskaltzaindiak gaztelaniazko izenetarako proposatzen duenaren haritik, ez erabili diakritikorik, eta hitz horren euskarazko «bertsio»rako gure ahoskerara ahalik eta gehien hurbilduko dena idatzi (Schröder = Schroeder).
  • Diakritikoak erabiltzeko garaian, erregistro mailak bereizi. Oinarrizko mailan ez diakritikorik erabili, goragokoetan, berriz, bai.

Bigarren puntua

Arazoa:

  • Batzuetan, batasunerako finkatu gabeko erdal izenak ez zaizkigu ailegatzen jatorrizko hizkuntzatik zuzenean, ingelesaren, frantsesaren edo gaztelaniaren bitartez baizik; horrek gauzak zailtzen ditu.

Hirugarren puntua

Zalantza:

  • Izena «r» letraz amaitzen denean nola jokatu behar da, pasarteko lehen aipamena ez denean? Ulertu behar da «r» bakuna «rr» bikoitza bihurtuko dela, ahoskera edozein dela ere? «Pasteurrek Latelierri esan zion» ala «Pasteurek Latelieri esan zion»?

Zalantza horren inguruko proposamenak:

  • Euskal izen bereziekin bezala jokatu deklinatzeko orduan —Xabierrek, Aitorri, Eibarren—, nahiz eta ahoskera beste bat izan.
  • Beste aukera: marratxoari eutsi halakoetan.

Siglak

Zalantza:

  • Zer da sigla, zer laburdura eta zer akronimoa (SA sigla da ala laburdura?)? Definitu behar litzateke.

Lehen puntua

Zalantza:

  • Gaztelaniaz, esan izan da plurala adierazteko letrak bikoiztu behar direla eta puntuak erabili: CC.OO. edo EE.UU. Euskaraz ere horrela jokatu behar dugu? Badirudi argi dagoela euskaraz bestelako joeraren alde egitea erabaki dela, eta, esaterako, AEB erabiltzen dugu «Ameriketako Estatu Batuak» adierazteko.

Aldatu:

  • Puntu horren barruko 1. salbuespenean, adibidea aldatu behar litzateke, radar hitza (jatorriz sigla da) dagoeneko hitz bihurtuta mailegatu baitugu. Euskarazko hitzen bat erabili behar genuke adibide horretarako (ihesa).
  • Seat marka ofiziala gaur egun Seat da eta SEAT forma erabat desagertu da; kendu adibide hori.

Gehitu:

  • Badira siglak beren barruan letra xeheak eta larriak dituztenak: RNAm (RNA mezularia), mRNA (Messenger RNA), tRNA (Transfer RNA) edo rRNA (Ribosoma RNA).

Bigarren puntua

Zalantzak:

  • Puntu horretan testuak dio siglak laburbiltzen duen izena osorik adierazi behar dela lehen agerraldian. Lehenbizi sigla eman beharra da eta gero izena osorik edo alderantziz? Horren harira, kontuan hartu beharra dago batzuetan sigla dela izen osoa baino ezagunagoa.
  • Hor ematen diren adibideak nahiko kaskarrak dira, tranpa txiki bat egiten delako. Adibide guztiak absolutiboan ematen dira, eta ez digute esaten non sartu behar genukeen parentesia deklinatuta daudenean. Arriskua dago 'izenlaguna+izena' puskatzeko, erdian parentesiak sartuta: «EAEko (Euskal Autonomia Erkidegoa) biztanleria azkar zahartzen ari da».

Hirugarren puntua

Gehitu:

  • Zenbait sigla ez dira sigla gisa irakurtzen, hitz osoz baizik (AG=Aukera Guztiak).

Laugarren puntua

Gehitu:

  • Hor esaten denaren kontra, sigla batzuk marratxoz idatzi beharko dira [letra larriz idazten ez direnetan, aukerakoa izango da: Seat-en / Seaten; beste batzuetan, nahitaez jarri beharko da: RNAm-aren, ETApm-ren (baldin hala irakurtzen bada)].

Bosgarren puntua

Zalantza:

  • Izen generikoz osatutako erakunde-izenetan nola jokatu? Durangoko Euskal Kultura Taldean = Durangoko EKTan. Zergatik EKTn? Izen berezia delako. Beraz, Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuan = Euskaltzaindiaren HBn? Ematen du arazoa dela sigla irakurtzen den edo atzean dagoen forma garatua esaten den. Beraz, HBan [hiztegi batu-an(?)] eta EKTn [ekate-n(?)].

Seigarren puntua

Gehitu:

  • Siglaren azken letra eta deklinabide-atzizkiaren lehenengo letra bera direnean, marratxoz banatu behar dira eta letra hori errepikatu (GKE-en biltzarra).

Aurrekoaren inguruko eztabaida:

  • Hori ez da kasu guztietan zuzena izango. Euskararen lege fonetikoari begiratuz gero, a+ a = a; beraz, EGA+ aren EGA(-)ren behar luke.

Gehitu:

  • Sigla alfanumerikoei buruzko aipamenen bat.

Izen bereziak: ETB1, M16 (Erresuma Batuko espioitza-zerbitzua), M21 (izar-kumulu baten izena), M-19 (Movimiento 19 de Abril).

Izen arruntak: DIN A4; R5, BMW M5 automobila; SS-21 misila, MP3.

Zalantzak:

  • Nola deklinatu behar ditugu halakoak?

Izen bereziak: ETB1en, M16ren

Izen arruntak: DIN A4aren erdia, gure aitaren R5a

  • Sigla hitz-elkartearen osagaia denean, marratxoa erabili behar da? (DNA-kate, DNA-laginak / DNA kate, DNA laginak) Hitz-elkarkeetan nola jokatu? Adibide gehiago: TB-saioa, ATP-hidrolisia, CD-grabagailua. Horrekin lotuta, laburdurekin zer egin behar da (NAN-zk., tel.-zenbakia...?).

Gehitu:

  • Siglak ezin dira bi lerrotan banatu, letra xehez idazten direnak izan ezik (Unesco).

Laburdurak

Gehitu:

  • Laburduraren puntuaren ondoren ez da esaldi bukaerako puntua errepikatu behar.

Zalantzak:

  • Laburdura konposatuetan ez da zuriunerik utzi behar bi letra bakarreko osagaien artean (k.o.), baina, osagaiek bi letra badituzte, berdin jokatu behar dugu (op. cit. edo op.cit.)?
  • Laburdurak letra arruntez idazten badira ere, zer gertatzen da erdal jatorriko laburdurekin (letra etzanez idatzi behar lirateke, letra etzanaren atalean esandakoaren arabera)? 4. puntuan, versus hitzaren laburdura «vs» dela esaten da, letra arruntez, alegia; hori aplikatuko dugu kasu guztietan?

Lehen puntua

Zalantzak:

  • zk.g. ala zg.?
  • Fakturaren laburdura fra. da?
  • Solairua eta atea emateko modu bakarra ote da hor dagoena (3-B)? Ezin da 3. B jarri?
  • 2. ezk. idatzi behar da edo 2.a ezk.?

Eztabaida:

  • Testuak dioenaren alde: Zergatik jarri behar da koma kalearen izenaren ondoren (Estafeta, 7)? Zenbakia kalearen izenaren parte izan daitekeelako (Abuztuaren 31 kalea); koma jarriz gero, argi banatuko dira kalearen izena eta atariaren zenbakia.
  • Kontra: Oso gutxitan gertatuko da kasu hori. Ez du merezi kasu gutxi horiengatik beti koma jarri behar izatea.

Aldatu:

  • «Gutunazal» hitzaren ordez, «gutun-azal» jarri behar da, Hiztegi Baturako hala erabaki baita.

Bigarren puntua

Proposamena:

  • Ikus 14.-19. or. jarri beharrean, 14-19 or. jartzea nahikoa da.

Zazpigarren puntua

Proposamena:

  • Puntu horren edukiaren garrantzia dela eta, komeni da aurreratzea; zazpigarrena izan beharrean, bigarrena izan behar luke.

Gehitu:

  • Tauletan agertzen diren laburdurak salbuespentzat har daitezke; horrenbestez, behar izanez gero, deklinatu ahal izango dira.

Neurri-izenak

Aldatu:

  • Kapituluaren izena aldatu.

Proposamenak:

  • «ikurrak» behar luke, ortotipografiako arau-hitzarmenak «ikur»etarako baitira (neurri-unitateak, diruak, puntu kardinalak, elementu kimikoak).
  • «neurri-unitateen izenak» edo «unitate-izenak» behar luke, Hiztegi Batuan bezala (galoi «neurri-unitatea'»).

Lehen puntua

Aldatu:

  • Sistematikoki «digito» erabilita dago (5 aldiz) , baina «digitu» erabiltzen dute Elhuyarren eta Sarasolaren hiztegietan.

Gehitu:

  • «l (litro)» agertzen da testuan, baina «l eta L» bi ikurrak ditu litroak (1879an nazioartean litro unitatea eta haren ikurra l onartu ziren. Dena den, 1979an Pisu eta Neurrien Konferentzia Nagusiak L ere onartu zuen litroaren ikurtzat, zeren l ikurra 1 zenbakiarekin nahas baitaiteke. Beraz, litro unitateak bi ikur ditu, l eta L, biak nazioartean onartuak).
  • Zehaztu behar da ikurra zeinu grafiko bat dela (edo zeinu grafiko multzo bat), aurrizki bat (m = mikro-), hitz bat (º = gradu), sintagma bat (£ = libera esterlina) edo balio bat (p = 3,14159... ; e = 2,71828...) ordezkatzen duena.
  • Unitateak aurrean zuriune bat dutela idazten dira (aurrean zenbaki bat dutenean), baina salbuespenak badaude: arku-gradua (º), arku-minutua (') eta arku-segundoa ('') aurrean duten zenbakiari loturik idazten dira, tartean hutsunerik utzi gabe.
  • Ikur batzuk letra arruntez idazten dira (neurri-unitateak, elementu kimikoak, puntu kardinalak, monetak) (metahizkuntzan izan ezik); beste batzuk, berriz, etzanez (magnitudeak: P presioa, T tenperatura), edo letra lodiz (magnitude bektorialak).
  • Zifra eta ikurra batera erabiltzen dira: «25 m». Bestela, ez da ikurrik erabiltzen: hogeita bost metro (eta ez *hogeita bost m) (25 metro ere zuzena da, jakina).
  • Nazioartean ikurretarako hitzartutako letra larrien eta xeheen erabilera bete behar da beti, testuan erabiltzen den tipografia dena dela. Adibidez, nahiz eta dena letra larriz idatzi izenburu batean:

«25 M3-KO ONTZIAK» ez, honela bai: «5 m3-KO ONTZIAK».

(pentsa, bestela: mili- eta mega- nahasian: mW eta MW oso desberdinak dira).

  • Ikurra eta haren ezkerrean (edo eskuinean —%, adibidez—) dagoen zifra ez dira bereizi behar, beti lerro berean idatzi:

Everest mendiak 8848

m ditu.

Honela:

Everest mendiak

 8848 m ditu.

Era berean, karaktere batez baino gehiagoz osatutako ikurrak ezin dira bereizi eta bi lerrotan ezarri:

azido sulfurikoaren formula H2S-

O4 idazten da orain.

Honela:

azido sulfurikoaren formula

H2SO4 idazten da orain.

  • Liburuan esplizita daiteke tresna informatikoek ematen diguten aukerez baliatu behar dugula horrelakoak lerro bukaeran automatikoki ez bereizteko.

Zalantza:

  • Ekuazioak ematerakoan, zuriunerik utzi behar da?

Bigarren puntua

Gehitu:

  • Adibideetatik ondoriozta daiteke —baina ez da esplizitatzen— neurri-unitateen ikurrak ez direla irakurtzen, haiek ordezkatzen duten izena baizik. Beraz, deklinatzeko orduan, ordezkatzen dutenari dagokion deklinabide-atzizkia erabiltzen da:

6 h-ko (sei orduko) / 25 kW-eko (hogeita bost kilowatteko) / zenbat balio dute 2 kg-k? (bi kilogramok) Eta 1 kg-ek? (kilogramo batek).

Gomendioa:

  • 1 zenbakari dagokionez, 1 € forma tauletan eta horrelakoetan bakarrik erabili, bestela, hobe da letraz idaztea (euro 1, baina ez 1 euro).

Hirugarren puntua

Eztabaida:

  • Naturalagoa da esatea «zer azalera du horrek?» «zenbateko azalera du horrek?» baino.
  • «Zer azalera du horrek» aukera ez da zehatza eta azaleraren beste ezaugarri bati egin diezaioke erreferentzia.

Gehitu:

  • Puntu horretan, atal bat falta da, ortotipografiazkoa bete-betean: eragiketa matematiko-algebraikoa eta abar: 3 + 4 = 7.

Ehunekoak

Gehitu:

  • Ehunekoez gain, milakoak ere aipatu.

Lehen puntua

Zalantza:

  • Nazioarteko arauei segituz, ehunekoaren sinboloan eta zenbakiaren artean utzi beharreko tarte hori tarte-erdia da? Horrek arazoak ekar ditzake maketatzeko garaian.

Bigarren puntua

Proposamena:

  • Portzentaje hitza ere sartu behar litzateke, batzuetan ehuneko baino argiagoa baita; hala ere, Hiztegi Batuan ehuneko hitza hobesten da.

Bosgarren puntua

Eztabaida:

  • Kontra: ehunekoak egin behar duen komunztadurak plurala izan behar luke, eta ez singularra, hor proposatzen den bezala.
  • Alde: banaketa bat egitea da egokiena. Erreferentea inespezifiko denean, singularrean joango da; espezifikoa denean, berriz, pluralean.

Seigarren puntua

Gehitu:

  • Ehunekoak adierazteko, hor agertzen diren aukerei, beste bat gehitu:

100 bototik 24 bereganatu ditu alderdi horrek.

Aldatu:

  • Puntu horretan agertzen den azken adibidean (baita 4. puntuko lehenbizikoan ere), parentesiaren ordez, taketa jarri behar litzateke.

Ordinalak

Bigarren puntua

Arazoa:

  • Arriskutsua izan daiteke esaldiak hastea zenbaki ordinal batekin eta hari dagokion laburdurarekin. Batzuetan, laburduraren puntu hori nahasgarria izan daiteke, ez baitakigu esaldia non hasten eta non bukatzen den.

Horren inguruko eztabaida:

  • Hobe da horrelakoak saihestea.
  • Zenbaitetan ez dago beste aukerarik, eta horrelakoak erabili egin behar dira.

Hirugarren puntua

Gehitu:

  • Honako parentesi hau esaldiaren bukaeran: (erabilera berezietan izan ezik).

Proposamena:

  • «-garren» atzizkiaren ordez beti puntua (.) erabili behar izatea estuegia da: askotan errepikatu behar denean (tauletan, zerrendetan...), nahikoa da behin jartzea.

Bosgarren puntua

Aldatu:

  • Horko adibidea aldatzea komeni da; zerbait argiagoa jarri.

Gehitu:

  • Honako beste aukera hau bildu zerrendak emateko:

1)

2)

3)

Seigarren puntua

Zalantza:

  • Dataren bat letra larriz idazten ari garenean, nola idatzi behar dira zenbakiekin agertzen diren deklinabide atzizkiak? Bi aukera daude: bertsalitaz edo letra larriz.

Aldatu:

  • Adibideetan agertzen diren hamarkadak joan den mendekoak dira, beraz, hori markatu beharko dugu (1960ko hamarkada).

Proposamenak:

  • Honelako formak erabili «urte» hitza kenduta: 60etan, 20etan...
  • Honako hauek: 60koetan.

Proposamenei egindako kritika:

  • Lehenbiziko moldekoak okerrak lirateke: 60 (urte)etan.

Bi puntuen ondorengo idazkera

Bigarren puntua

Kritika:

  • Puntu horretako azpipuntu batean ondorioztatzen da bi puntuen ondoren zerrendetan esaldi osoak agertzen badira puntu jarri behar dela esaldi bakoitzaren bukaeran. Erabaki hori estuegia da erabilera guztietan aplikatzeko. Power Point-eko aurkezpenetarako, esaterako, kontrakoa gomendatzen da.

Barra

Aldatu:

  • Kapituluaren izena aldatu. Euskaltzaindiak dioenez, «zehar-marra» da eta ez «barra».

Bosgarren puntua

Gehitu:

  • Tandem-elkarte batzuen idazkeran erabiltzen dugu: 'A/B C' (eta A eta B mugagabean).

ikasle / irakasle ratioa

presio / bolumen diagrama

Marratxoa

Gehitu:

  • «-eta» kausala
  • «Jon-eta etorri ziren» motakoak

Lehen puntua

Aldatu:

  • Kontraesan bat dago azalpenaren eta adibideen artean. Azalpena gaizki idatzita dago, eta, beraz, aldaketa bat egin behar da: «inongo lerrotan» jartzen duen tokian «inoiz» jarri.

Kritika:

  • Arau hori estuegia da. Batzuek letra bakarreko silaba denean bakarrik betetzen dute erabaki hori.

Laugarren puntua

  • Eztabaida: Batek baino gehiago proposatu zuen liburuak puntu horretan hartu duen erabakia gomendioa izatea, ez araua, ikuspuntu estetikotik ez baita mintegikide horien gustukoa; baina, beste batzuen ustez, berriz, horrelakoetan marratxoa jartzea argia eta zehatza da, eta, batez ere testu teknikoetarako, oso mesedegarria. Adibidez: «auto-saltzaile eta -konpontzaileak» gustuko ez duenak eta beraz bigarren marratxoa kenduko lukeenak (hori da liburuan dagoen adibideetako bat) nola jokatuko du honelako kasu batean?: Zenbait emakume eta ume-trafikatzaile atxilotu dituzte... (zenbait emakume ala zenbait emakume-trafikatzaile?).

Bibliografia nola aipatu

Gehitu:

  • Liburuan proposatzen den bibliografia emateko ereduaz gain, badira beste eredu asko.

Zalantza:

  • Noraino itzuli behar dugu bibliografia? Esaterako, Barcelona erdaraz utzi behar dugu ala euskaratu eta Bartzelona jarri? Mintegikide guztiak euskaraz ematearen alde agertu ziren.

Lehen puntua

Aldatu:

  • Puntu horren azalpenean agertzen den «Bibliografia» hitza letra xehez idatzi behar da («honela adieraziko da bibliografia»)
  • {Anomymus Ravenatis} formulak egilearen lekuan agertu behar luke, edo, bestela, azaldu zergatik ematen den izenburuaren ondoren eta taket artean.

Gehitu:

  • Aipatu webguneen inguruko bibliografia nola eman behar den

Hitz elkartuak

Eztabaida: Esan beharra dago kapitulu horretan gauza asko eztabaidatu nahi izan zirela, baina, puntu arazotsuenetara ailegatu baino lehen, mintegirako finkatutako denbora agortu zen eta auzi horiek eztabaidatu gabe gelditu ziren. Besteak beste:

  • laugarren puntuan emandako hobespena.
  • laugarren puntu horretan bertan agertzen diren salbuespenak.
  • zazpigarren puntuan berrelkarketa saihesteko proposatuko bidea; puntu hori zabaltzeko beharra proposatu zen.

Hirugarren puntua (e. atala)

Kritika:

  • Polisemia ez da kontuan hartzen. Noiz da kuasiatzizkia eta noiz hitz-elkartea? «erreaktore-gunea» (erreaktorearen gunea) eta «erreaktoregunea» (erreaktoreak dauden gunea) desberdindu behar dira? Zalantzak daude oraindik (baita bururekin ere: txerri-buru, behi-buru...).
  • Lotzen zaion hitzaren amaieraz eta luzeraz ez da deus esaten: mirotzzale? idazkariordeburu?

Laugarren puntua

Gehitu:

  • Puntu horren amaierako oharra dela eta, eragozpen bat proposatu zen. Kontua da osagai biak letra larriz idazten direnean marratxorik ez erabiltzea «hobesten eta gomendatzen» dela liburuan, aukerakoa denean. «Beraz, kontrakoa ez da debekatzen» aipatu zen mintegian, baina badakigu gero gauza horiek nola ulertzen diren eta zein erraz bihurtzen diren «lege itxi» hobespen baino ez omen direnak. Beraz, ahal izanez gero, honako hau gehitzea proposatu zen:

Osagai biak letra larriz idazten direnean, marratxorik ez jartzea hobesten da. Alde estetikotik ulertzekoa da. Beraz, Industria Saila eta ez Industria-Saila (nahiz eta Lasarte-Oria gisakoak hor izango ditugun beti).

Baina letra guztiak larriz idazten direnean, arazo estetikoa desagertu egiten da, letra guztiak berdindu egiten baitira. Gainera, marratxoa aukerakoa denean baino ez da hobesten kentzea. Beraz, gainerakoetan onartzen bada, gauza xelebreak aterako dira. Adibidez:

«ODOL EMAILEEN ELKARTEA APURKA-APURKA HEDATZEN: EGOITZA ZABALDU DU LASARTE-ORIAN»

Horrelako izenburu batean, «odol-emaile» hitz-elkarteari kendu behar zaio marratxoa eta «apurka-apurka» eta «Lasarte-Oria» elkarteei, berriz, ez. Ez du ematen oso logikoa (betiere, letra guztiak larriz idazten diren kasurako ari gara, ez lehen letra bakarrik larriz idazten denerako).

Liburu osorako proposamen orokorrak:

  • Sortu puntuazioari buruzko kapitulu bat. Horren barruan bildu liburuan zehar gai horren inguruan agertzen diren kontu guztiak. Horren barruan ere, honako kontu hauek agertu behar lukete:
  • Posible ote da hiru puntuen ondoren koma jartzea («...,»)?
  • Hiru puntuekin bukatzen den enumerazioa batean, koma jarri behar da azken elementuaren eta hiru puntuen artean («urdina, grisa, berdea,...»)?
  • Sortu letra larriari buruzko kapitulu bat. Bildu, gutxienez, liburuan zehar letra larriari buruz agertzen diren aipamen guztiak.