Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Elizabete Manterola, Xabier Mendiguren Bereziartu

Artikulu honetan itzulpengintzari buruzko bi erreseina bildu dira.


FERNÁNDEZ RODRÍGUEZ, Áurea; GALANES SANTOS, Iolanda; LUNA ALONSO, Ana; MONTERO KÜPER, Silvia. Traducción de una cultura emergente. La literatura gallega contemporánea en el exterior. Peter Lang, 2012.


Izenburuak argi erakusten duen moduan, galegoz idatziriko literatur lanen itzulpenaren azterketa sakona du ardatz nagusi liburu honek. Vigoko Unibertsitateko BITRAGA ikerketa taldeak urteetan eginiko lanaren emaitza dugu honakoa, eta kanporako produkzioan literatura gutxitu batek izan ditzakeen helburuen zein behar, erronka eta arazoen berri ematen dio irakurleari. 

Liburuaren egiturari erreparaturik, alderdi metodologikoa jorratzen da lehenengo ataletan, BITRAGAren ikerketa lerro nagusiaren testuinguruari erreparatuz. Bigarrenik, Silvia Montero Küpperrek Galiziako literatur sistemaren testuingurua aurkezten digu eta bertako argitaletxeen lana sakonki aztertu.

Sarrerako atal horien ostean, Biblioteca da Tradución Galega katalogoaren aurkezpena egiten da. Aipatu katalogo horretan galegora zein galegotik eginiko itzulpenen erreferentzia bibliografikoak biltzen dira, dokumentazio lan zabal baten emaitza, inondik ere. Katalogo hori oinarri harturik, esportazioari buruzko datu xeheak eskaintzen zaizkio irakurleari: zein hizkuntzatara itzuli den galiziar literatura, zein herrialdetara, zer generotako lanak izan diren, kanporako produkzioaren garapen kronologikoa eta abar. Datu kuantitatibo soilez harago, baina, gai interesgarriak azaleratu dituzte ikertzaileek. Esaterako, testuinguruaren garrantzia nabarmentzen da behin eta berriz. Azken batean, ezin ahaztu jatorrizko hizkuntza edo kultura batetik beste hizkuntza edo kultura baterako bidea egiten dela itzulpen prozesu bakoitzean, eta bide horretan izan daitezkeen zailtasun edo arazoak ere kulturen arteko harremanetik eratortzen direla. Binakako harreman orotan bezala, botere harremanak presente daude literatur itzulpenean ere.

Kanporako bide ezberdinak bistaratzen ditu liburuak, eta bakoitzaren garrantzia azpimarratu. Hori horrela izanik, testuinguru akademikoetan sorturiko itzulpenak ditugu batetik, antologiak dira horren adibide ohikoena ziurrenik; alderdi komertziala dugu bigarrenik, merkatuaren eskariz sortuak, helduei zuzenduriko literatur lanak biltzen dira hemen, eta egun, batez ere, eleberriak ditugu horren adibide; haur eta gazte literatura dugu hirugarrenik, eta eremu horretan garrantzi berezia du espainiar estatuko argitaletxe elkartuek eginiko lanak, esportazio-inportazio bide oparoa egin baitute laurogeigarren hamarkadatik hona. Liburuan sakonki aztertzen da HGLren esportazioak duen garrantzia eta atal oso bat eskaini zaio, VI.a hain zuzen ere. Kanporako laugarren bide bat ere aipatzen da liburuan, gutxiengoek edo merkatu berriek osaturikoa. Azken horretan, alderdi ideologikoak garrantzi berezia hartzen duela erakusten digu Galanesek liburuko IX. atalean, eta Sechu Senderen Made in Galiza liburuaren itzulpena aipatzen da adibide gisa.

Itzulpen prozesuan parte hartzen dutenen inguruko erreferentzia ugari topa daiteke liburuan. Hala, zer itzultzaile motak itzuli duten galegotik ezagutuko dugu eta, horretarako, aipatu kanporako bide horiek izango dira kontuan: bide akademikoetan unibertsitate giroko ekintzaileak izan dira bultzatzaile nagusi; gaztelaniarako itzulpenetan, idazleak berak hartu du sarritan itzulpena egiteko ardura. Itzultzaileez gain, itzulpena bideratzen edo sustatzen dutenak ere kontuan izan behar dira, hala nola argitaratzaileak, diru-laguntzak ematen dituzten erakundeak, sariketak eta abar. Jatorrizko literaturaren izaera gutxituak guztiz baldintzatuko du bere harremana xede kulturekin eta, ondorioz, ez da konparagarria literatura hegemoniko batetik egiten den esportazioarekin. Hori dela eta, erakunde publikoen babesa ezinbestekoa da, eta nabarmen erakusten dute hori datuek: 2005ean Xuntak diru-laguntza handitzearekin itzulpen produkzioa handitu egin zen eta presentzia handiagoa lortu ahal izan zen atzerriko azoketan.

Norberaren lana ezagutarazteko bide berriak bilatzea ezinbestekoa zaio biziraun nahi duen literatur sistema bati. Hori horrela izanik, eta gogoan hartuz Galizian ez dagoela erakunde publikorik nazioarteko bere irudia zabaltzeko (gurean Etxepareren parekoa), idazleek, itzultzaileek edo argitaletxeek euren kabuz jorratu behar dute bide hori. Esportazio bide berrien bilaketa horretan, liburu-azokek sekulako garrantzia izan dezakete nazioarteko harremanak lantzeko. Liburuko VI. kapituluan ikus daitekeen moduan, azken urteetan HGLren esportazioak gora egin du Galizian, eta nabarmentzekoa da Kalandraka, OQO eta Faktoria K argitaletxeek eginiko lana merkatu berriak bilatzeko.

Literatura gutxitu batetik kanporako bidea aztertzen duen orok gogoan izan beharreko hainbat galdera ere plazaratzen dira liburuan: zertarako itzultzen den edo itzuli beharko litzatekeen, nork itzultzen duen, zein helbururekin, nork bideratzen duen itzulpena... Galdera horiek itzulpena eta literatur kanonaren ezinbesteko harremana ere badakarte gogora, literatur lan bat itzultzeko erabakiak kanonean guztiz eragiten baitu. Ertz batetik zein bestetik begiratu, behin eta berriz errepikatzen dira galdera horiek liburuan, eta ikertzaileek erantzun posible batzuk iradokitzen dituzte, lortutako datuetan oinarrituz.

Testu bat itzultzen denean nahitaez galdetu beharko diogu geure buruari nor izango den hartzailea, eta hizkuntza gutxitu batetik abiarazten den itzulpen baten kasuan inportazio-esportazioaren arteko loturak bilatu beharko dira, edo, hobeto esanda, esportazioak zein eragin izango duen kanpoan zein barruan. Kanpora itzultzen denean barrura begirako ariketa ere egiten da, promozioa bi norabidetan egiten baita. Esportazioa, azken batean, kanonizazio tresna bat da jatorrizko literatur sisteman lan bat indartzeko. Horretaz gain, eremu elebidunean sortzen diren itzulpenen rola ere oso kontuz aztertu behar da, itzultzea ez baita beti kanporatzea: galegotik gaztelaniarako itzulpenak jatorrizkoaren eremu berean kokatzen badira, biak elkarren lehiakide izango baitira.

Euskal itzulpengintzaren eremutik oso kontuan izateko argitalpena dugu honakoa. Euskal literaturaren eta galiziarraren arteko ezberdintasunak ezberdintasun, literatura gutxituaren izaerak guztiz baldintzatzen du kanporako bidea bietan, eta, zentzu horretan, liburuan plazaratzen diren gogoetak gure egin ditzakegulakoan nago.

Elizabete Manterola


VEGA, Miguel Ángel & PULIDO, Martha (arg.). MONTI 5 The History of Translation within Translation Studies: Problems in Research and Didactics / La historia de la traducción como parte de los estudios de la traducción: problemas de investigación y didáctica. Universitat d''Alacant. Universitat Jaume I. Universitat de València, 2013.


Itzulpen-historiako itzulpengintza-azterketen osagai bezala ikerkuntza eta didaktika- arazoak arakatu eta gizarteratzen aspaldidanik ezagunak diren Miguel Ángel Vega eta Martha Pulidoren bi ekarpen luze samarrekin hasten da MONTI Itzulpengintza eta Interpretazioko Monografien 5 zenbaki hau. Lehen artikuluan, "Itzulpengintzaren eta itzulpen-teoriaren historia itzulpengintza- azterlanen testuinguruan", egileek honako hau planteatzen dute kritikoki: espezialitate akademiko gisara sortu eta integratzea itzulpen-azterlanak, eta haietan itzulpengintzaren historiak eta historiografiak izan behar duten egitekoa.

Jakintzagai hori akademizazioaren aurretik zer izan den aztertu, eta etorkizuneko profesionalaren prestakuntza humanistikora bideratutako ikasketa-planen barruan izan behar duen betekizuna proposatzen dute; izan ere, hautematen baitute jakintzagai akademiko bezala ez direla gogoa betetzeko modukoak.

Ironia punta batekin, "arrazoi historikoaren" erbeste babiloniarra deitzen dutenetik hasi, eta deskripzio integral baten zailtasuna aipatu ondoren historiarako itzulera (sull' ali dorate) beti gertatu ohi dela diote. Eta aitortzen dute itzulpengintzaren akademizaziotik orain arte igaro diren urte gutxi horietan itzulpengintzaren historiak nabarmen egin duela hobera jakintzagai unibertsitario bezala, nola iraganaren "idazkuntza aktibo" bezala, hala haren "azterlan kognitibo" bezala.

Gero, historiografia berriaren garrantzia eta ostertza aipatu ondoren, eta oraindik landu gabe dauden egitekoen eta arazoen berri emanik, espektro zabaleko historiografiaren abantailak eta arazoak aipatzen dituzte, ondorio gisako batzuk ateraz eta gaur egun itzulpengintzaren historiak dituen erronkak adieraziz: historiografia integratu bat egitea -zeinean nabarmenduko den bertsioaren eta errealitate sozial eta kulturalaren kausaltasun elkarrekikoa, eta zeinean kalibratuko den lehenak denboren aurrerapenari eta jendarteei egin dien ekarpena- eta, batez ere, itzultzaileak historian izan duen egitekoa. Itzulpengintzaren historia dago kultura-analitika ororen erdigunean. Hori omen da itzulpengintzako historialariaren eginkizuna.

Bukatzeko, eta eranskin bezala, itzulpengintzak Latinoamerikan izandako historia aipatzen da, kolonia aurreko aroan, kolonia osteko aroan eta aro garaikidean. Bibliografia ezagun samar batek ezartzen dio gandorra azterlanari.

Hirurogeita hamargarren orrialderaino artikulu beraren ingelesezko testua dakar aipaturiko monografiak.

Hurrengo orrialdeetan, Rey Juan Carlos Unibertsitateko irakaslea den Pilar Martino Albak "Itzultzailea prestatzeko itzulpengintza-historiako edukien didaktizaziorako proposamena" eskaintzen digu; duela zenbait urte itzulpengintza-historiari buruzko ikastaro bat prestatu behar zuela-eta egindako ahaleginaren berri ematen du. Horretarako, 20 diapositiba paratu zituen historiako une jakin batzuk ikusgai bihurtuz: Babelgo Dorrea, Oholtxo sumeriarra eta Hammurabiren kodea, Rosetta Harria eta Eskribau eseria, Herodoto, Aristoteles eta Zizeronen irudiak, Averroes eta Maimonides, Alfontso X.a Jakintsua, Étienne Dolet, San Jeronimo, Gutenberg, Biblia Políglota Complutense-a, On Kixote, Hizkuntza amerindiarren hiztegiak, Liburu debekatuen aurkibidea, Marcelino Menéndez Pelayo, Aurelio Espinosa Póliten liburutegia, Nurenbergeko epaiketa eta beste hainbat film, Xingjian Gao Nobel saridunaren argazkia, Miguel de Cervantesen Liburutegi Birtuala, HISTRAD ikerkuntza taldearen webgunea. Diapositiba bakoitzaren inguruan lanak proposatzen zaizkie ikasleei. Hurrena, aldi historiko handiak eta haien testuinguruak kronologikoki banatzea proposatzen da, Antzinatea, Erdi Aroa, Aro Modernoa eta Aro Garaikidea kontuan hartuz.

Hirugarren urratsean lanbidearen figuren soslai biografikoak lantzen dira itzultzaile-zerrendak eskuratuz eta zer, non, zergatik, norentzat galdetuz.

Laugarren urratsa testuak (Zizeron, San Jeronimo, Maimonides, Solano Machuca, Menéndez Pelayo...) eman eta haiek aztertu, eztabaidatu eta iruzkintzea da.

Bosgarren eta azken urratsean ondorioak datoz: planteatutako egiturak edukiak aldatzeko aukera ematen du, baina erreferentziazko euskarri batzuei eutsiz. Lau ataletako bakoitzean burutzen diren atazen multzoa 25 punturekin balioesten da, eta urrats bakoitzean gutxienez 13 atera behar dira maila bakoitzean atazakako ebaluazioa gainditzeko. Azken nota proposatutako lau sailetako bakoitzean lortutako puntuazio batzearen emaitza da. Idazkuntza sustatzeari ere garrantzia ematen zaio prozesu honetan, estiloa, adierazmena eta berridazkuntza hobetzeko.

"Itzulpengintzaren azterketa historiografikorako ekarpena. Irakurketa gidatuen eta haien aplikazioetarako eskuliburu baten proposamena" lana dator Pilar Ordóñez López eta José Antonio Sabio Pinillaren eskutik. Bertan, itzulpengintzaren historiografiako irakurketa gidatuen eskuliburu bat prestatu beharra aldezten da, orain arteko bilakabideaz gogoeta egin eta oso hedatuak omen diren bi arrisku saihestuz: azterlana orainaldiko ideietatik egitea eta iraganeko itzulpengintza-jarduerak era bakartuan egitea. Itzulpengintzaren ikerkuntza historiografikoa nazioartekotzea ere komeni dela adierazten dute, pentsamendu ez-eurozentriko bat sustatzeko.

Eredu anglo-saxoiaren aipamena egiten du -reader-: Chesterman (1989), Venuti (2000), Weissbort-Eysteinsson (2006) eta Mona Baker (2009). Nola reader izeneko horiek hala antologiek oinarri komuna dute, eta biak bat datoz helburu batean: aldi, fokuratze edo tradizio jakin batean adierazgarritzat jotzen diren testu-bilduma bat batu eta irakurlearen esku ezartzea. Bi era antologiko horiek alderdi adierazgarri berak dituzte: dagoeneko badiren testu batzuen berridazkuntza eta testuen hautespena, berridazte-lana sustatu zuten motibazioei hertsiki lotua. Egileek diote ildo horretatik egindako lanak ikusmolde hautesle bat eskaini beharko lukeela, eta aldi berean itzulpengintzaren azterketa historiko askotarikoa, non jasota egongo diren tradizio historiografiko desberdinak hogeigarren mendearen azken herenetik gaur arte, alor horretan kritikoki sendotu diren izen, testu, fokuratze eta joerekin.

David Pérez Blázquez freelance itzultzaileak "Espainiako Itzulpengintzaren Historiari buruzko bibliografiaren azterketa kritikoa" eskaintzen du. Egindako ibilbidearen ondorioz, ondorio batzuk atera eta aieru batzuk planteatzera ausartzen da. Alde batetik, argi eta garbi geratzen da itzulpengintzari buruzko azterlanek hazkunde nabaria izan dutela Espainian, paradigma aldatu zenetik teoria deskriptibistak eta polisistemarenak onartuz. Bestalde, agerian jartzen da, Lafargak (2005) berak dioenez, loratze horrek barreiatze halako bat ere ekarri duela, itzulpengintzaren historiaren ikuspegi orohartzaile bat eskaintzen duten obrak paratzeko behar praktikoa planteatuz. 2000. eta 2004. urteetan agertu dira baterako obra horiek itzulpengintzaren beraren aldiak determinatzearen gabeziekin. Bestalde, itzulpengintzako historialarien interesa literaturaren ildotik ibili da, itzulpen juridiko- administratiboa, ekonomikoa, zientifiko- teknikoa, medikuntzakoa, etab. bazterrean utzirik. Azkenik, kexu da egilea irakaskuntzaren alorreko gabeziez, itzulpengintzaren historiografiaren periodifikazio eta sailkatze egokirik lortu ez delako; eta etorkizuna ere ilun ikusten du, unibertsitateak ez baitu autonomoa izatea lortu abagune ekonomikoen aurrean, jakintzagai humanistikoekiko arbuioa nabaria erakutsi duelarik ikasgai teknikoen mesedetan. Bibliografia bikain batekin bukatzen duen historiaren berrikuste horrek gutxi erakutsiko ligukeela dio, baldin eta itzultzailearen egiteko humanistikoaren 'funtsgabetze' hori gertatuko balitz.

"Itzulpengintza-historiaren irakurketa dialektala" da Jairo Sánchez Galvisen ekarpena, eta jakinarazten digunez, nahiz eta zuzeneko aipamenik ez izan dialektoetatik eta dialektoetara egindako itzulpenena, Pizkundean, Erromantizismoan edo Erromantizismo ostean nabaria da itzultzaile batzuek izan zutela ardura fabore egin gabeko hizkuntzetara itzulpenak egiteko (Luterok, esaterako), bai eta ardura horrek, uneren batean, gutxiengoarenak izan ziren edo prestigiorik ez zuten hizkuntza horientzat ondorioak izan zituela ere.

Itzulpenera egindako hurbiltze batzuk ia-ia pedantekeria izan dira -XIX. mendearen bukaeran, esaterako, eliteak bakarrik baitziren gai haietara iristeko-, eta horrek itzulpenaren balioespena hondatzea ekarri zuen. Beste batzuetan, itzuli nahi zen obraren ulergarritasuna muturreraino eraman zen (Bruni, Ortega y Gasset), masak zuzen-zuzen baztertu ez baziren ere, onargarritasunarekiko tenkatasunak ezarriz. Azken ondoriotzat honako hau eman daiteke: XX. mendearen bigarren erdira arte ez dela izan gogoeta espliziturik dialektoen itzulpenaz; eta, bestetik, itzulpenari buruz oro har egindako gogoeta historikoek izan dutela eraginik, itzulpen dialektalean ez ezik, itzulpen dialektalaren eta arroztearen arteko harremanean ere, hizkuntza nagusien eta herri hizkuntzen arteko erlazioari nahiz hizkuntza estandarraren eta dialektoen artekoari dagokiena ahaztu gabe.

Judy Wakabayashi Kent State Universityko irakasleak "Itzulpengintzaren ikuspegi historikoak ebaluatzen" laguntzen digu, bide batez Motoki Ryôei europar obra zientifikoak itzultzen ari izan zen XVIII. mendeko itzultzaile japoniarra aztertuz eta haren inguruan gogoeta eginez.

Elena Serrano Bertosek "Espainiako itzulpengintzaren historiografiaren defizit batez" dihardu, antzeztua bai baina editatua izan ez den austriar antzerkiari buruzko gogoetez. Era suntsikorrean iristen diren antzerki horien sailkapen bat finkatzen du, eta obra taularatzean sortzen diren aldaketei nola kontu egin behar zaien esaten du. 1973tik 2011ra bitarteko obrez ari da.

Turku Unibertsitateko Outi Paloposki irakasleak "audientziak, lankidetzak eta diziplinartekotasuna" gaiak jorratzen ditu itzulpengintzaren historiaren ikuspegitik. Itzulpengintzaren historiak eremu zabala hartzen du metodo, teoria, galdera eta auziei dagokienez, eta oinarrizko auzietako bat honako hau izaten da: norentzat idazten dugun historia, zein den haren hartzailea eta ustezko audientziak zer eragin duen idazteko moduan. Izaera akademikoko audientzien kasuan, hartzailea ahalegin ikertzailearen partaide-kide bat izaten da askotan; baina badira akademikoaz haragoko audientziak, zenbait diziplina akademiko desberdinetatik datozen egileak edota mundu akademikoaz kanpotik, eta guztiak daude Finlandiako historiografiaz interesatuak. Horien artean dago literatura itzuliaren lankidetzako historia, 2007an liburu gisara argitaratu zena.

Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakaslea den Montserrat Bacardík "Diktatura frankistaren pean itzultzea, klandestinoki itzultzea"ren berri ematen digu, hain zuzen ere Poesia (1944-1945) eta Ariel (1946-1951) aldizkarietan, zeinetan itzuliko baitzen erregularki mendebaldeko literaturako izen kanonikoen obraren hautespen bat, garaikidetasunaren, abangoardien eta azken orduko berritasunen ekarpenak ahaztu gabe.

Alejandro Cioranescu errumaniar filologo frankofonoaren 'El arte de la traducción' (1990) hartu du gaitzat Pompeu Fabra Unibertsitateko José Francisco Ruiz Casanova irakasleak. Cioranescu Literatura Konparatuari buruz espainieraz idatzitako lehen eskuliburu modernoaren egilea ez ezik, itzulpenaren inguruan bere interesa lau hamarkadaz erne mantendu zuen jakituna ere bada. Lan honetan, filologo errumaniarraren artikulua berreskuratzen du, itzulpen literariorako haren ideal bezala uler daitekeena. Cioranescuk argi eta garbi dio itzulpen (literarioa) arte bat dela eta gomendio hau egiten du:

Este arte no se enseña, sino que se descubre o, si no, sigue sepultado en la oscuridad de los primeros contactos con la palabra. El traductor al igual que el poeta, sabe, o, más correctamente, siente cuál es el vocablo que le conviene usar, la metáfora a la que la imaginación sigue siendo sensible, el sintagma que sugiere con mayor eficacia lo que las palabras no saben aclarar, o lo que no conviene aclarar. Todo ello viene a significar que el traductor debe ser, ante todo, escritor nato. Es una perogrullada que a menudo olvidamos. (Cioranescu 1964:12).

Münsterreko Unibertsitatean diharduen Javier García Alberok XX. mendean Alemanian egindako Kixotearen itzulpenen eta itzultzaileen alderdi historikoak jorratzeari ekin dio. Joan den mendeko itzulpen horien kalitatea eta mendekotasun-maila epaitu gabe, hiru itzultzaileren lanak aipatzen ditu: Felix Paul Greve-rena, zeinek jorratu eta berrikusi baitzituen Cervantesen Kixotea eta Novelas Ejemplares; Roland Schacht-ena, II. Mundu Gerrako egun latzetan itzulpengintzan aritu zenarena; eta, azkenik, Anton M. Rothbauerrena, Alemanian argitaraturiko Kixoteren azken itzultzailea izan denarena.

Gorica Majstorovic New Jerseyko Richard Stockon Collegeko irakasleak Ameriketako itzulpengintzaren historiari ekiten dio, haren ekarpengile garrantzitsuenetako bat azterturik: Sur aldizkari literarioa, zeina Victoria Ocampok 45 urtez zuzendu baitzuen 340 zenbakitan. 'Boom'aren belaunaldiko idazle latinoamerikar ospetsuenek aitortzen dute eragin literario gakoak lehenik Sur aldizkarian irakurri zituztela. Horrek esan nahi du Hemingway, Twain, Hughes, Porter, Poe, Melville, Cummings, Whitman, James, Faulkner idazleen lanak horien itzultzaileek egindako lan eskergaren eskutik jaso zituztela: Borges, Pezzoni, Bianco, Baeza, Bioy Casares eta Acosta.

Bartzelonako Unibertsitateko Fran-cisco Lafargak honako gai hau dakarkigu: "Antzerki atzerritarren itzulpengintza, modernotasunerako bide bezala, XVIII. mendeko espainiar antzertian". Lehenik, XVIII. mendeko antzerti atzerritarraren aipuak aztertzen ditu, bai eta garai hartan espainiar antzertia berritzeko egindako ahaleginak ere. Egileak bereziki zenbait eredu frantses atertzen ditu itzulpenaren bitartez (tragedia, komedia moralizatzailea edo ohituretakoa, opera komikoa, etab), zeinek maila desberdinetako arrakasta lortu baitzuten. Zailtasunak gorabehera, antzertia eraberritzea lortu zuten, formak eta gaiak eraldatuz modernotasunaren bidetik.

Valènciako Unibertsitatean diharduen Brigitte Lépinette irakasleak itzulpengintza eta terminologiaren gaia jorratzen du Dumarsaisen Logiqueren bi bertsio oinarritzat harturik. Lehen bertsioak logikari zientzietarako sarrera-papera esleitzen dio, eta terminoak sistematikoki kalkatuak dira Dumarsaisen testutik; aldiz, J. M. Aleak terminologia espezifiko baten erabilera ergudiatzen du, sorburukoarekin bat ez datorrena. Desleialkeria terminologiko horiek azal daitezke Alea jaunak Condillacen ezagutza-teoriaren arabera emateko zuen gogoarengatik.

Mexikoko Unibertsitate Nazional Autonomoko irakaslea den Stefan Beyerrek Goetheren bertsogintzaren erritmoen eta errimen gaia hartu du, Faust obra gaztelaniara itzuli duten bertsio metrikoetan oinarriturik. Haren ustez, Augusto Bunge (1926, 1949) izan da Faust-en bertsio desberdinen artean egokien eman duena obraren egitura metrikoa, aldi berean alemanezko jatorrizko testuarekiko leial iraun duelarik neurri handian.

Azkenik, Ottawako Unibertsitateko Nayelli Castro eta Clara Foz irakasleek 1850 eta 1950 bitartean Argentinan eta Mexikon ideia positibistek editore eta itzultzaileen artean izandako zirkulazioa aztertu dute; izan ere, denboraldi hori funtsezkoa izan da estatu latinoamerikar berriak politikoki eratu eta hezkuntza-erakundeak osatzeko.

Xabier Mendiguren Bereziartu