Denonartean: itzulpengintzari soa argitaletxe baten talaiatik
Mundua ezagutzeko, bitarteko hoberenetariko bat da literatura: hari esker, lehen eskutik ezagutzen ahal ditugu besteen bizipenak. Eta literaturan, itzulpengintzak garrantzi handia hartzen du, beste hizkuntza batzuetan adierazitako errealitateak ulertzen laguntzen digulako. Horregatik, denonarteanek bide berri bati ekin dio, eta ipuin klasiko unibertsal ilustratuen bilduma abiarazi du, askotariko irakurleak jomuga hartuta: gazteak, literatura irakurtzen hasi berri direnak, liburu ilustratuen zaleak... Hori guztia, betiere, bistatik galdu gabe helburu bikoitz hau: inguratzen baituen mundua ezagutu, eta literatura maitatzea.
Words Axes The sap That drops and turns, Words dry and riderless, |
Hitzak Aizkorak, Izerdia harriaren gainean; gidaririk gabeko hitz lehorrak, |
Ariel eta beste poema batzuk (Sylvia Plath)
Itzultzailea: Iñigo Astiz
Itzulpena, kultur elkargarrien bateragune gisara
Orain dela egun batzuk, aukera izan nuen Eduardo Ruiz Sosa idazle mexikar gazteak emandako hitzaldia entzuteko. Oso interesgarria izan zen, zuzenean ezagutu ahal izan genuelako literatur mexikarraren egungo egoera.
Baina bereziki interesgarria iruditu zitzaidan kontatu zuen anekdota bat. Idazle mexikarrak kontatu zigun behin solasean aritu izan zela Goran Petrović idazle serbiarrarekin, eta bi idazleek hizpide izan zutela Eduardo Ruiz Sosarengan jakin-min handia pizten zuen kontu bat: Latinoamerikako eta Serbiako literaturaren arteko lotura estua, hala forman nola edukian. Petrović-ek esan zion horren arrazoia zela 70eko eta 80ko hamarkadetan Latinoamerikako idazle askoren lanen itzulpenak argitaratu zituztela Serbian: Cortazar, Onetti, Rulfo, Bolaño, Borges... Horri esker, idazle serbiar batzuek, eta horien artean Goran Petrovićek berak eta Danilo Kiš-ek, Latinoamerikako literaturaren estiloa bereganatu omen zuten. Erraza izan zen antzekotasunetara iristea formari dagokionez, edukietan ere antzeko gaiak jorratzen baitzituzten bi literaturek; adibidez, lurraren, iraultzaren edo odolaren gaiak.
Nire ustez, literaturak giza ezagutzaren eta kultura partikularren edukiak biltzen ditu bere baitan. Eta literaturak, beti, arrotz baten begirada pertsonala dakarkigu. Begirada hori gure munduaz mintzo da batzuetan, eta beste batzuetan gurea ez den beste munduez, beste herri eta kultura batzuez.
Beste kulturetako idazlanak itzultzen ditugunean, kultura horiek ekartzen ditugu gurera nolabait, eta, askotan, kultura horiei buruz garaileen historiak kontatu ez digun ikuspegia ere bai. Literatura unibertsal handia gurera ekarri eta bertako aleekin liburutegi bat gure hizkuntzan osatzeko gauza izango ez bagina, bestelako herrien, bestelako kulturen eta gizakien berezitasunak galduko genituzke, haiei buruzko xehetasunak eta ñabardurak barne.
Horrek egiten du hain garrantzitsua Literatura Unibertsala bilduma, horixe da bildumaren indarra, haren ahalmena: bestearen begirada gurera ekartzea. Ekimen horri esker, literatura unibertsaleko izen handiko idazleen lanak aurkitu ahal ditugu euskaraz, hala liburutegietan eta liburu-dendetan nola Interneten, irakurtzeko nahiz entzuteko.
Gure argitaletxearen itzulpen-proiektuak
Gure argitaletxearen asmoa, argitaratzaile garen aldetik, euskarara literatura unibertsal horretako obra gehiago ekartzea da, eta, aldi berean, euskaldunek euskaraz irakurtzea. Erronka handi bat daukagu: euskaldunek klasikoak irakurtzea euskaraz. Baina hori egiteko bide alternatibo bati ekin diogu.
Literatura unibertsaleko izen handiko idazleen lanak eskaini nahi dizkiegu euskal irakurleei, baina idazle horien obra kanonikoak proposatu beharrean, guk kontakizun laburragoak eta ipuin irudiztatuak hautatu ditugu. Irakurtzeko errazagoak diren kontakizunak izanagatik ere eduki sakonekoak direnak euskaratzeari ekin diogu. Ezen irakurle batzuentzat erronka handiegia izan daiteke Tolstóiren Gerra eta Bakea edo Austenen Harrotasuna eta aurrejuzguak irakurtzeari ekitea, baina ez, ordea, egile horien beraien beste idazlan laburragoak. Mendizale guztiek ez dute jotzen goi- mendi zailenetara, eta badira asko mendi irisgarriagoak-edo aukeratzen dituztenak. Guk uste dugu literaturan ere gailur irisgarriagoak egon behar direla, eta halakoak sortzen lagundu nahi dugu.
Eta egile handien obra txikiagoen itzulpenari ilustrazioa erantsi nahi izan diogu, bestela heltzeko zailagoak izango liratekeen irakurleengana iristeko: gazteak eta euskaraz irakurtzen hasi berri direnak. Bide horretatik jo genuen Lev Tolstóiren Zenbat lur behar ditu gizon batek? eta Jean Gionoren Zuhaitzak landatzen zituen gizona argitaratzean, eta berriro joko dugu hortik Jane Austenen Watsondarrak argitaratuta.
Irakurketa sustatu eta hedatzeko gure asmoari jarraituta, literatura unibertsal garaikidea itzultzeari ere ekin diogu. Hori dela eta, herrialde askotara jo dugu, hala nola Japonia, Italia, Frantzia, Errumania edota Estatu Batuetara, askotariko lanak idatziak dituzten askotariko egileen bila: Kyoichi Katayama, Milena Agus, Mircea Cartarescu, Mathias Malzieu, David Vann... Egile horiek idatzita euskarara ekarri ditugun obrek badute bereizgarri bat: helduei zuzenduak dira, baina egokiak dira ere derrigorrezko irakurketatik harago literaturarekin beren kabuz gozatzeko erronka duten irakurle gazteagoentzat. Horrez gain, aukeratu ditugun nobelak beren herrialdeetan munta eta ospea eskuratu eta mundu zabaleko hizkuntza askotara itzulitakoak dira, eta euskaraz argitaratuz xede-hizkuntza izan dutenen zerrenda luzeari erantsi nahi izan diogu gure hizkuntza. Haietako batzuen egileak ez dira oso ezagunak euskal irakurleen artean, baina uste dugu idazlanen kalitateak balioko duela euskaldunen artean ere ezagunagoak bilakatzeko.
Narratibaz gain, gure munduan kezka garaikide ditugun gaiei buruz egin eta saiakera kutsua duten zenbait liburu ere eman dugu argitara, gehienbat frantsesetik itzulita. Argitaratu ditugun saiakera txiki horien artean ezagunena Stéphane Hesselen Haserretu zaitezte! izenekoa da. Baina harekin parekaturik doaz, beren ezaugarriengatik, Philippe Askenazy, Thomas Coutrot, André Orléan, Henri Sterdyniak eta beste hainbat ekonomialari frantsesek idatzitako Ekonomialari harrituen manifestua, Frantzian ekonomia liberalaren eta kontrako matxinada mugimenduaren ardatzetako bat izan dena, eta bizi dugun krisi latzaren arrazoiez eta ondorioez argi hitz egiten ausartu ziren lehen lanetariko bat, Daniel de Roulet suitzarraren Ez duzu deus ikusi Fukushiman (Fukushima mon amour) energia nuklearraren kontrako arrazoibide poetikoa eta Linna ben Mhenni-ren Tunisian girl. Udaberri arabiarraren blogaria.
Eta gazteei euskarazko irakurgaiak eskaintzeko gure xedearekin ere datoz bat itzuli ditugun zenbait literatur lan eta saiakera, bigarren hezkuntzan ikasten ari diren irakurle gazteei propio zuzenduak direnak. Horietako bat, saiakeren bilduman ere koka daitekeena, Filosofia alabari azaldua dugu, gazteei filosofiaren historia eta zentzua modu atseginean kontatzeko Roger-Pol Droit ikerlari frantsesaren idazlan laburra. Eta bigarren hezkuntzako gazteei ere zuzentzen zaie Lola Gándararen Kasu eman idusei nobela, Zesarren garaiko erromatarren bizimodua eta giroa modu nobelatu batean ezagutzeko aukera ematen duena.
Beste alde batetik, gure argitaletxeak itzulitako obren katalogoan badugu sail bat, oso inportantea dena guretzat: poesia. Horren bidez, beti gutxiago direla jo izan den irakurle-multzo bati egiten diegu gonbit-keinua: poesia-irakurleei. Poesiaren kasuan, argitalpen mugatuak egiten ditugu, inprimaketa laburrekoak, hau da, 250 ale baino gutxiagokoak, poeta baten obraren ikuspegi osatua ematen dutenak eta ele bitan eginak. Hala eman ditugu argitara Sylvia Plathen Ariel eta beste poemak batzuk -Iñigo Astizek itzulia-, Miquel Martí i Polen Marta Maitea eta Lois Pereiroren Akaberako poesia amodioaz eta gaitzaz -Joxemari Sestorainen eskutik- eta -Iñigo Roquek itzulirik- Fernando Pessoaren Poemak pluralean. Ele bitan direnez, poesia-irakurle amorratuenak asebete ditzakete horiek, jatorrizko testua eta itzulpena irakurtzen ahal dituztelako batera. Baina ele bitako argitalpenek erronka handiagoa ekarri itzultzaileentzat, eta horregatik, hain zuzen, bereziki inportantea da itzultzailearen presentzia eta gogoa bilduma horretan: itzultzaileek beraiek proposatutako liburuak izaten dira, erabateko askatasunez itzuli eta apailatzen dituztenak. Horregatik, haietan, jatorrizko poemen hatsarekin bat, agerikoa izaten da itzultzaileek hats hori helarazteko baliatzen duten euskal tradizio literarioaren kutsua: euskal literaturaren tradizioan barna egindako urratsak baliatuta euskarara dakarten egilearen arimaren xerka abiatzen dira itzultzaileak. Aipatu ditugun ezaugarri berezi horiengatik, bilduma honek ez dauka aldez aurretik ekoizpen-plan finkatu bat, baina, bai, ordea, muga jakin batzuk (jada aipatu ditugunak), eta gero eta argiago taxutzen ari den ibilbide-orri berezko bat.
Labur bada ere, ezin ditugu aipatu gabe utzi haurrendako album ilustratuen itzulpenak; beste hizkuntzetatik euskarara itzulitako albumekin batera, hemengo egile batzuen kasuan gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen ditugu haien lanak (batzuk gaztelaniaz sortuak, eta beste batzuk euskaraz, maiz egile berak sortuak direlarik testuak eta ilustrazioak), ele bitako edizio bereizietan. Hor ere, ez dugu bistatik galtzen irakurketaren eta literaturaren sustapena, ezta hemengo egileekin argitaletxeak duen konpromisoa ere.
Argitaletxearen ikuspegia itzulpengintzari buruz
Esan berri dugunez, gure argitaletxeek konpromiso agerikoa dauka itzulpenekin batera jatorrizko idazlanak argitaratzeko (ez bakarrik haurren albumei dagokionez, baizik eta oro har eta genero guztietan), eta bide horretatik jarraitzeko asmoa du.
Baina jatorrizko lanak zein itzulitakoak argitaratzen ditugunez, eta egileekin -idazle zein ilustratzaileekin- nahiz itzultzaileekin lan egiten dugunez, argi ikusten dugu guztiek, idazleek, ilustratzaileek eta itzultzaileek, dutela inportantzia handia obra bat argitara emateko orduan.
Itzultzaileetan, aniztasunaren aldeko apustua egin dugu: batzuk itzultzaile profesionalak dira, kasu batzuetan idazle ere direnak, eta badira bestelako ogibideetan arituta ere itzulpengintzan eta literaturan eskarmentua eta ofizioa eskuratuak dituztenak. Argitaletxerako itzulpenak egin dituztenen zerrenda luzea da: Fernando Rey, Mikel Vilches, Angel Erro, Inma Errea, Itziar Diez de Ultzurrun, Alberto Barandiaran, Juanjo Olasagarre, Ana Morales, Miren Iriarte, Ipar Alkain... Ahaztu gabe poesiaz hitz egiterakoan aipatu ditudanak, Iñigo Astiz, Iñigo Roque eta Joxemari Sestorain alegia.
Itzultzaileei, askotan, guk egiten diegu idazlan konkretu bat itzultzeko proposamena, baina batzuetan ez da horrela, eta badira itzultzaileak guregana jotzen dutenak proposamen jakin batekin. Kasu batean zein bestean funtsezkotzat jotzen dugu harremanak eta komunikazioa errazak izatea, eta saiatzen gara ahalik eta malguen jokatzen.
Uste dugu beste kulturak eta kontatzeko bestelako erak gure kultura ekartzeko zereginean funtsezkoa dela itzultzaileen papera. Finean, egileen ahotsa ekarri behar dute gure hizkuntzara ahots horren bereizgarritasunei eutsiz eta gure hizkuntzaren eta gure kulturaren berezitasunak eta aberastasunak bazter utzi gabe.
Eta itzultzaileen garrantzia azpimarratzeko, hasieratik erabaki genuen haien izena liburuen azaletan jartzea. Erabakia hartu genuenean, pentsatu genuen ordua iritsia zela euskal itzultzaileen izenek toki bat edukitzeko egileen izenen ondoan. Azken buruan, liburu bat jende askok egindako artefaktu bat da.