Kantatutzera nua: nola hasi ginen Nafarroako Administrazioan
1988an sortu zuen Nafarroako Gobernuak bere Itzulpen Atala, orduko Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren barrenean eta bi urte lehenago onetsia zen Euskararen Foru Legean ezarritakoaren ondorioz. Artikulu honetan kontatzen da nola aritu ziren unitate administratibo hartako itzultzaileak, gehienbat lehenbiziko urteetan, Interneten erabilera normalizatu bitarte eta euskarazko hizkera administratiboa, oro har, eta terminologia, bereziki, finkatu gabe zeuden garaian.
Saiatuko naiz
Segur aski arinegi erantzun nuen baietz, idatzi eginen nuela Senezerako artikulua Nafarroako Administrazioan itzultzaile lanean emandako denborari buruz. Norbaitek jakinen du esplikatzen zergatik kostatzen zaidan hainbertze ezetz erratea, zergatik sartzen dudan behin eta berriz neure burua honelako estuasunetan. Baina dagoeneko berandu da, ez dit balioko, hitza eman bainuen, eta bete beharko dudalako.
Hogeita zazpi urte eman nituen testu administratiboak itzultzen, baina, lerro hauek entregatzen ditudanerako, ia sei beteko dira erretiroa hartu nuenetik. Gero eta urrunago ditut orduko oroitzapenak. Nola egin iraganera itzultzeko? Ez dakit zenbat ekarriko didan memoriak, ezta nola ere.
Baina saiatuko naiz.
Nondik eta nola
Harat-honat eta ika-mika frankoren ondotik, 1986ko abenduaren 15eko Boletin Oficial de Navarran argitaratu zen Ley Foral del Vascuence izenez bataiatu zuten testua, Nafarroan euskararen ofizialtasuna eta, aldi berean, ez-ofizialtasuna ere ezarri zituena, haren erabilera eta sustapena oro har arautzearekin batera.
Harrezkeroztik, lege hura dugu foru erkidegoko hizkuntza politikan alde batera edo bertzera tira egiteko helduleku beharbada nagusia.
Legearen zehaztapenen artean bazen bat zeinaren ondorioz estreinako aldiz behartzen baitzen Nafarroako Administrazioa zenbait dokumentu klase euskaraz ere sortzera. Konparazio batera, boletín huraxe bera euskaraz ere argitaratu beharko zuen gaztelaniaz argitaratzen zen aldi berean; eta bertze batean ezartzen zen itzulpen zerbitzu ofiziala sortu beharko zuela Nafarroako Gobernuak Iruñean, hura jendez hornitzeko gero, norbaitek egin beharko baitzuen egin beharreko lana.
Hortxe hasi zen dena.
1988an sartu ziren lehenbiziko zazpi itzultzaileak ordura arte inork ukitu gabeko meategira.
EAEn ez bezala, Nafarroan ez zegoen aurrekari historikorik, euskarak ez zuen ordura arte sarrera ofizialik izan Administrazioan; hutsetik hasi beharko zen. Eta zazpi aitzindari haiek erabaki garrantzitsuak hartu behar izan zituzten, bertzeak bertze oinarri-oinarrizko izendapenetan. Hala erabaki zen Nafarroa «komunitatea» izanen zela, ez «elkartea» (uste dut «erkidegoa» ez zela oraindik aukera bat); «gobernua» eta «parlamentua» izanen zituela, ez «jaurlaritza» eta «legebiltzarra«; «departamentuak», ez «sailak»; «kontseilariak», ez «sailburuak»; legeek «artikuluak» izanen zituztela, ez «atalak»; argitalpena «aldizkari ofiziala» izanen zela, ez «agintaritzaren aldizkaria«; poliziak «foruzain» izanen zirela, ez «ertzain», eta haiek hartzen zituen egiturari «foruzaingoa» deituko geniola… Ez dakit berehala erabaki zen gobernuburuari zegokion izena, «lehendakari» hautatu baitzen, ez «presidente».
Beraz, 1990eko otsailean bigarren labealdikoak sartu zirenerako (bertze zazpi lagun; haien artean ni nerau), jadanik finkatuak ziren eraikin haren lehenbiziko harriak. Aztertzeko gaia izan liteke lehenbiziko taldeak hartu zituen erabaki haiek ez ote zuten gerorako ildo bat markatu itzultzaile talde hartan; ez ote ziren izan estilo baten lehen adierazpenak.
Handik urte guttira, bertze lau lanpostu sortu ziren, eta denbora luzean hemezortzi bat lagun aritu ginen.1 Handik honat ez da lanpostu berri askorik sortu, eta gaur egun ere hogei bat itzultzaile ari dira lanean Nafarroako Gobernuaren Itzulpen Atalean.
Ez dakit nola erabaki ote zen hasierako itzultzaile taldean justu kopuru hura behar zela. Dudarik gabe, aurrekontuek ekarri izanen zuten zehaztasuna, «honenbertze duzue aparatua martxan jartzeko; horrekin moldatu beharko duzue». Inondik ere ez zen etorri izanen zerbitzua ongi ematea bermatzeko irizpidea oinarri harturik; ez baitzen inola ere aski. Gerora ere igualtsu segitu baitu, eta gaur egun ere hala baita, garbi dago Administrazioan ere ez dutela serio hartu euskararen presentzia Nafarroako gobernuek joan den hogeita hamasei urte honetan, nire irudiko.
Mestizajea
Lanpostuaren jabe izateko, Euskaltzaindiaren EGA tituluaz gainera (edo Hizkuntza Eskolako gaitasun ziurtagiria; bata nahiz bertzea, gaur egungo C1), orduan lizentzia deitzen zitzaion mailako ikasketaren bat egina izan behar genuen (oraingo graduaren parekoa), eta aski diferenteak genituenak elkartu ginen hasieran: filologoak, historialariak, kimikariak, medikuak, biologoak, kazetariak… Bakarren batek ikastaroa egina genuen Martuteneko Itzultzaile Eskolan, baina, hortik aparte, itzulpen ikasketa formalik ez inork. Eta, hartu berria genuen ofizioan, eskarmentu handirik ere ez gehienek. Xabier Olarra bereiz hartu beharko genuke, hura hasia baitzen itzulpen literarioak egiten, lehenik bertzerentzat eta ondotik hiru lagunen artean sortu zuten Igelan argitaratzeko. Geroago etorriko zitzaizkigun Gasteizen Itzulpengintzako masterra edo karrera egina zutenak. Nolanahi ere, gure bertzelako ikasketa haiek ere hein batean baliatu genituen, hala itzulgaia ulertzeko nola ordaina emateko tenorean, denetik itzuli behar izaten baikenuen.
Euskara ere ez genuen denek iturri beretik ikasia: batzuek etxetik, bertze batzuek gaueskola-euskaltegitik, eta baginen erdi galdu ondotik berreskuratua genuenak ere.
Denoi mesede egin zigun mestizaje hark.
Libertatea
Egiteko eta desegiteko libertatea utzi ziguten. Lana bazen, nahi adina eta sobra, baina nola egin eta nondik jo gure esku gelditzen zen erabat, gu baikinen espezialistak. Izan, ez ginen, baina izena bagenuen, hala bataiatu gintuzten. Gure gainean zeudenentzat hagitzez arrotzagoa zen gaia.
Uste dut poliki samar defenditu ginela, geure maneran: geuk antolatzen genuen ia dena eta geuk markatzen genuen erritmoa, geure buruari exijituz. Eta nola? Horixe zen segur aski inportanteena: elkarri lagunduz, jakintza partekatuz.
Gehienak euskara edo euskaraz irakastetik heldu ginen, eta, gehixeago edo guttixeago, denek bat egiten genuen euskara biziberritu beharraren kontzientzian; guziek igualtsu ematen genion haize urte batzuk lehenagotik harrotua zen olatuari, bakoitzak bere modura eta bere lekuan. Abiapuntu horretatik, ohartzen ginen euskarak Administrazioaren eremu latza ere kolonizatu behar zuela, eta gure gain zegoela egiteko hura, bide urratzaile ginela.
Dudarik gabe, erantzukizun handia sentitzen genuen. Ez genuen zernahi egiten ahal. Fin aritu beharko. Baina hura baino pizgarri hoberik ez. Lortu behar genuen euskarazko testuek erdarazkoen balio bera izatea, eta hartzaileak gai izatea haiek irakurri eta arazorik gabe ulertzeko. Ilusio horrekin aritu ginen batzuk behinik behin.
Mugaz bertzaldeko biztanleak
Hasiera hartan apenas iristen zitzaigun inoren iritzirik gure mezua bere funtzioa betetzen ari zela sinetsarazteko. Itsaso zabalaren ur azalean kulunkatzen ziren botiletan galtzen ote ziren gure idazkiak? Irakurtzen ote zituzten mugaz bertzaldeko biztanleek gure aitorpen amodiozkoak? Edo beheko sua bizteko paper bihurtzen ote ziren zuzen- zuzenean?
Torpedo koxkorren bat aldizkari ofizialean argitaratzera bidaltzeko tentazioa ere izan genuen, probokazio gisara. Ea norbait konturatzen zen. Ez dakit joan ote zen azkenean. Nork daki ez ote den ustekabean agertuko gure testu zaharretan, inor indusketa egitera animatzen bada.
Erranen nuke kontu horrek habia egin zuela gutako ezkorrenen baitan. Zenbaitek uste baitzuen alferrik ari ginela hainbertze jende hainbertze ordu sartzen, deusetarako ez; hobe zuela Administrazioak gure lana erabili bertze zerbait probetxugarriagoa egiteko: testuliburuak euskaratzeko, adibidez.
Egia erran, ez zen erraza jende aunitzek dastatzea gure sukaldeko gutiziak. Kontuan hartu sortzen genuen gehiena aldizkari ofizialaren mahaian zerbitzatzen genuela (eta paperean; edizio digitala urte batzuk geroago etorriko zen). Berez, argitalpen hori ez du pertsona arruntak irakurtzen, ez baita edozein estomakak aisa digeritu dezakeena, ohitua egon behar du batek; horretaz gainera, egunero gaztelaniaz jaten zuenarentzat aldaketa handia zen hura utzirik euskarazkoaren alde egitea.
Segur aski gure arteko martinbeltzen pertzepzio gazi hura aldatzen joan izanen zen denborarekin, bertzelako lanak egiten hasi ginenean ikusgarriagoak ziren bertze euskarri batzuetan zabaltzeko: bateko eta bertzeko dibulgazio orriak, publizitate kanpainetako eslogan eta testuak…
Iruditzen zait gaur egun gainditua dagoela hasierako uste gaizto hura, frogatu dela hein batean ustela zela, eta inork ez duela dudatan jartzen alor idor horretan ere trebatu behar duela euskarak, administrazioko hizkera ere lantzen segitu behar dugula, egunez egun fintzen eta hobetzen, sortzen eta itzultzen, bertzelako eginbeharrak batere ukatu gabe.
Izan ere, denoi nahitaez ezartzen zaigun paisaian etengabe ari zaizkigu gure erakundeak bonba-mezuak gupidarik gabe igortzen, belarrietarako nahiz begietarako bazka, ahotsa eta irudia, eta inportantea da hortik heldu zaiguna ere euskaraz eta ongi emana egotea.
Hedabide orokorrek ere erakundeetako hotsen oihartzun lana egiten baitute, uste dut denok ohitzen joan garela eta urrats batzuk egin ditugula hizkera administratiboa normalizatzeko bidean, urte hauetan guzietan aritzearen poderioz, oraindik ere puska luzea egiteko falta bada ere.
Zenbat zuzentzaile, hainbertze estilo
Gure gainetik kontrolik ez bazen eta kanpotik abisurik etortzen ez bazen, geuk zaindu beharko genuen gure lanaren kalitatea. Beharrezkoa zen autoexijentzia eta autokritika praktikatzea.
Gure lantaldean ez zen inoiz sortu zuzentzaile lanposturik. Gaur egun ere ez da, nik dakidala. Hala ere, zuzentze lana egin egiten zen (eta da); denek egiten genuen, txandaka. Denon artean adosturik, denbora jakin baterako ardura hartzen zuen gutako bakoitzak, hala egokitzen zitzaionean. Gehienontzat lan neketsua izaten zen zuzenketa, ez genuen sobera gustuko, nik ez behinik behin. Batzuek maite bide zuten, eta haiek denbora luzeagoa ematen zuten eginkizun horretan, euren borondatez.
Zuzentzaileak aholku eta proposamenak egiten zituen. Hizkuntza arauak betetzen ote ziren begiratuko zuen, baita informazio guzia batetik bertzera ekartzen ote zen ere, eta testuaren egokitasuna baloratuko zuen irakurle gisara. Baina, nolanahi ere, zuzenketaren ondotik ere itzultzaileak berak zuen azken hitza beti. Eta denek denengandik ikasi genuen. Ez dut dudarik horretan. Estilo diferenteen arteko batuketa bat sortu zen hondarrean.
Autonomia eta autogestioa
Baliabide gutxirekin hasi ginen itzultzen: alde batetik, gutako bakoitzak zekarren ezagutza partikularra; bertzetik, une hartan eskura genituen gramatika eta hiztegi-liburu guziak, baten eta bertzeren orokorrak eta UZEIren orduko hiztegi terminologikoak. Lehenbizian, dena paperean, ez baitzen bertzerik; gerora, UZEIren beraren Euskalterm datu basea ere baliatzeko aukera izan genuen Internet gabeko urteetan, paperezko bildumaren ordenagailurako bertsioa.
Beraz, sare digitalik gabe aritu ginen denbora batean. Gaztelaniazko tradizio luzeko hizkera administratiboa ongi ulertu behar genuen, eta horrexek bazuen bere koxka, eta ordaina eman behar genion gure euskara zahar baina alor honetan berdearen bitartez. Dena falta genuen. Egunero-egunero makina bat korapilori eman behar izaten genion konponbidea.
Beharrik hiztegi haiek eta datu base hura genituen, eta eskerrak eman behar lan izugarri hura egin zutenei, baina harekin guziarekin ere ez genuen aski. Zalantza aro bat izan zen, proposamen haiek ez zutelako ponderazio marka edo gisakorik: autoritateak mugatuak ziren, egile bakoitzak berea, eta Euskaltzaindia ez zen inondik ere ageri panorama hartan. Kontsulta sinpleenak urduri jartzen gintuen:
«(…) atzo telefonoz deitu ziguten, nola erran behar den ‘consultorio médico’. Ez dugu finkaturik. Halamoduzko ordain bat eman genuen. Lehengo batean ‘Foz de Arbaiun’ atera zitzaigun. Ez dugu erabakita ‘Foz’ nola eman. Gaur agertu zaigu sekula atera gabeko hitza: ‘nideras’. Ez dakigu zer den. Inon ez dugu ikusi (egunero horrelakoak). Herriko idazkariari deitu beharko genioke? (Egunero dozena pare bat herritara deitu beharko genuke). Atzo hirigintzako eta ingenieritzako hitz batzuk itzuli behar genituen. Ez genekien ez zer ziren ez nolako ordaina eman. Nori galdetu? Ahaide eta lagunei? Egunero hiru dozena dei egin beharko genituzke (…)».2
Gure erabaki propioak hartu behar izan genituen, nahitaez. Sasiterminologoaren figura sortu genuen. Zenbait urtez, pertsona bat bakarka; noizbait triunbiratu bat ere izan zen. Itzulpen lanetik libre gelditu ordu batzuetan, eta denbora hori erabili zalantzak aztertu eta taldearentzako proposamenak zertzeko. Sasi diot, eginkizun hartan aritu ginenek ez genuelako prestakuntza berezirik; sasi diot, baita ere, lanpostu hori ez zelako inoiz agertu organigraman, zuzentzaile lanari zegokiona agertu ez zen bezala. Kasu batean nahiz bertzean, guk geuk erabakitako kontuak ziren. Autonomia eta autogestioa. Gure gaineko arduradunen onespena bagenuen horretan aritzeko, betiere lana ateratzen bazen. Lehenik, produkzioa bermatu behar zen, gero gainerakoak. Horregatik, eginkizun hori boladaka izan zen: ahal zenean eta hura egiteko norbait prest zegoenean.
Open Access izeneko aplikazio batek datu base propioak sortzeko eskaintzen zigun aukeraz baliatu ginen gehienbat; ordenagailu batean zertu, eta disketeetan garraiatzen genituen bertzeetara. Norbaitek orain aurkitu eta bistaratzen ahalko balitu, ikusiko luke zenbat zabor sortzeko kapaz izan ginen ez hain denbora luzean; eta ez dakit hango deus ote litzatekeen gaur egun egiazki birziklagarria.
Planteamendua ez zen behar bezain serioa izan, nire ustez, zeren nahitaezkoa baitzen ardura hori euren gain hartzen zutenak tarteka bederen gainerako lankideekin ere hartu-emanean aritzea, proposamenak eztabaidatzen eta bertze, eta hori zailagoa zen, orduak kentzen genizkiolako probetxuzko lanari. Erranen nuke ez zela inoiz finkatu hain beharrezkoa zen dinamika, ez zela laneko martxan behar bezala txertatu eta, ondorioz, emaitza ez zela sekula izan behar bezain baliotsua. Zeren lan boluntarioa ez ezik hein batean boluntariosoa ere bai baitzen; alegia, gure ahalak eta borondateak mugatzen zutena (hemen, gure lankide batek aprobetxatuko zuen harako «borondatea badegu, emateko ezer ez degu» hura sartzeko). Egiten bagenuen, ongi; egiten ez bagenuen, berdin, segi aitzinera.
Komunikazioa eta inkomunikazioa
Beraz, ariz-ariz baina ezarian-ezarian (!), hiztegi eta formula propio batzuen jabe egin ginen. Baina, jakina, ohartzen ginen gure erabakiek ezin zutela bide luzerik egin, gainerako administrazioetako itzultzaileekin adosten ez bagenituen. Bagenuen nolabaiteko harremana Nafarroako Parlamentuan eta Iruñeko Udalean gure gisara ari zirenekin, baita herrietan itzulpen lanak egin behar izaten zituzten zenbait euskara teknikarirekin ere, baina hortik aparte deus gutti erkidegoaren muga lerroetatik haratago. Ez zegoen komunikatzeko erraztasunik (telefono arrunta bertzerik ez), edo horretarako behar adinako abilidaderik ez guk. Eta Akademiak segitzen zuen bizi seinalerik eman gabe.
Halako batean hasi zen Internet,3 eta ez segituan baina noizbait ere administrazioen euskarazko testuak ozeano hartan nabigatzen ere bai; urte batzuk joanak ziren ordukotz, ordea. Jakin-minez iltzatu genituen begiak pantailan: bertze gainerakoek zer berri? Ez ginen sobera harritzen nornahiren eta gure artean diskordantziaren bat aurkitzen genuen aldiro. Hantxe islatzen zen koordinazio falta, batasunik eza terminologian. Gure gisara ariko ziren, dudarik gabe, baina normalena zen ondorio desberdinetara iristea, erabaki diferenteak hartzea batean eta bertzean. Horrek ezinegona sorrarazten zuen; etsipena ere bai.
Nola arraio funtzionatuko zuten gure testu haiek irakurle animosoaren begietan, kontzeptu berberak diferente izendatzen bagenituen han eta hemen?
Hegoaldeko administrazioez ari naiz, itzulpen zerbitzu ofiziala genuen erakundeez. Bidasoaren bertze aldeko herri batzuetako udaletan ere ari ziren euskarari bide ematen –errotulazioan, konparazio batera–, baina haiekin ere ez genuen inolako zubirik eraiki. Polita litzateke horren berri ere jakitea, zer sentitzen ote zuten orduan herri haietako frankotiratzaileek.
Gogoa ematen zuen erakunde guzietako makineria geldiarazteko, denak elkartu eta behar ziren guziak adostu arte denok preso sartzeko, baina hori ezinezkoa zen, produzitu egin behar baitzen, arestian erran bezala.
Posta elektronikoa martxan jartzea sekulako aitzinamendua izan zen, iraultza koxkor bat. Eta, haren eskutik Itzulist posta-zerrenda moduko zerbait etorri zenean (gerora, eta oraindik, ItzuL ), izugarri zabaldu zen gure panorama, mapa bat jarri zitzaigun eskura, eta bertan euskal itzultzaileon artxipelagoa begien bistan genuen: irakurtzen eta aditzen genituen ahotsek bazuten izena; bagenekien nor, non eta zertan ari zen bakoitza. Hartaz baliatuz iritziak eta arrazoibideak trukatzeko aukera izatea gauza handia izan zen.
Harremanak: amodioa eta desamodioa
Gure langintzaren I+Gari zegokionez (esperientzia berri bat zela kontuan harturik, behar-beharrezkoa zen zerbait, alde guzietatik begiratuta), foru erkidegoko agintariek oro har ez zuten inoiz pauso sendorik eman, erran nahi baita, ez zuten sekula bereizi behar bezala hornituriko kontusailik itzulpenen egokitasunari eta kalitateari begira edo terminologiaren batasunaren mesedetan egin beharreko ikerketa-lan, batzarre edo gisako ahalegin osagarrietan.
Hala ere, erran beharra dago izan zela hasiera samarrean harturiko erabaki aipagarri bat: Nafarroako Hizkuntza Politikarako Zuzendaritzak UZEIrekin sinatu zuen hitzarmena (ez dakit zenbat urtez iraun zuen; ez dakit segitzen duen). Hura zela medio, Internet aurreko urteetan hasi ginen ikastetxe haren hiztegi terminologikoen artxibo digitalak ere erabiltzen gure bulegoan (arestian aipatu dut horixe bera). Sortze prozesuan zituzten hiztegi batzuen proiektuen txostenak ere pasatu zizkiguten zenbait aldiz, iritzia eta aholkua emateko aukerarekin. Inportantea eta baliotsua izan zen harreman hura. Telefonoz ere dei mordoxka bat egin genien, laguntza eske (oroitzen naiz nik neronek behinik behin ederki berotu nizkiola belarriak Miel Loinazi, eta hura beti atsegin eta eskuzabal).
Baina, hitzarmen hura kenduta, gure administrazioak ez zuen kezka handirik adierazi alor horretan, ezta ekimen propiorik sustatu ere.
Eusko Jaurlaritzaren mendeko itzulpen zerbitzuetan eta EAEko enpresa aitzindarietan (UZEI, Elhuyar…) sortzen ziren hizkera administratiboa lantzeko proiektuak, hango bulegoetan eta haien aurrekontuetatik, eta haietakoren batean parte hartzeko suertea ere izan genuen; nahi baino gutxiagotan, ordea, batzuetan antolatzaileek ez gintuztelako kontuan hartu, eta bertze batzuetan gure arduradunek ez zigutelako parte hartzea erraztu.
Segur aski bi administrazioen arteko harreman epelaren ondorioz, edo batzuen eta bertzeen borondate eta gogo faltaren kulpagatik, ez dakit nik, baina, nire irudiko, ez zen behar bezala baliatu gure lantaldearen esperientzia, hizkera administratiboa taxutu eta zedarritzeko izan ziren ekimen garrantzitsu batzuetan.
Konparazio batera, niretzat ulertezina izan zen Terminologia Batzordearen osaeran lekurik ez bermatzea nafarrek (eta Iparraldeko erakundeek) ordezkari finko bat bederen izateko; mingarri samarra ere bai. Bertzerik ez bazen, hiztegien corpusak osatzeko bederen, horrela nekez bilduko zituzten xehe- xehe EAEtik aparteko administrazioetako partikulartasun guziak. Eta, bertzalde, horrek ere ez zuen batere laguntzen guk hiztegi haietan egiten ziren proposamenak xintxo-xintxo onar genitzan, gehienbat ez bazuten bat egiten guk geuk gure eguneroko praktikan erabiltzen genituen eta ordukoz finkatuxeak genituen terminoekin.
Ia ezer ez da berdin
Nolanahi ere, gure ekarpen zuzenik gabe ere (haientzat ere kalte), administrazioetako itzultzaileen erresuman jiraka segitu du gurpilak urtez urte, gero eta abiadura handiagoan, batzuen nahiz bertzeen eskarmentu pilaketari esker eta baliabide informatikoen garapenak eskura jarri dizkigun aitzinamendu miresgarrien poderioz.
UZEIren Euskalterm haren gainean eraiki zuen Eusko Jaurlaritzak terminologia banku publikoa, eta sarean txertatu zuen, guzion eskura. Euskaltzaindia ere sartua zegoen proiektuan, hondarreko; jautsi zen jokalekuaren hondarrera. Laguntza handia izan zen eta da; nork ukatuko du hori?
Nire azken urteetan, itzulpen memoriak baliatzen hasi ginen, bertze jostailu klase bat iraultza informatikoaren zurrunbiloak ekarri zigun sortaren barrenean, Trados eta bertze.
Izugarri aldatu dira arigune diferenteetako itzultzaileon arteko harremanak, fuerte berretu dira. Ez dakit fundamentuzko deusetan ari ote diren bateko eta bertzeko erakundeak, elkarlanerako (mugaz gaindiko ikuspegiarekin, batu beharko gintuzkeen eta denok zaindu beharko genukeen hizkuntzaren eta erabiltzaileon mesedetan), baina uste dut ez dagoela aitzakiarik tropako beharginok elkarren berri ez izateko eta elkarrekin aritzeko.
31 eskutik bloga ere etorri zen, joan ere bai, eta orain berriz ere bueltan da; erreminta ederra, jakingarri eta lagungarri.
Txoil aldatu dira gauzak hasi nintzenetik gaurko egunetara bitarte. Ia deus ere ez da berdin. Tokitan gelditu da hasierako gure funtzionamendu asanbleario eta doi bat kaotiko hura. Gu ere aldatu gara; gazteagoak ginen. Gure lantokiaren barrenean akaso igurtzi gehiago izanen zen orduan lankideon artean, makinak ez baitziren hain inportanteak; edo ez, nik zer dakit! Orduan, ahal izan genuena egin genuen, eta oraingoek ere hala egin beharko.
Baina uste dut ez duela balio gehiago luzatzea nire prediku hau. Gehienbat nola hasi ginen kontatu nahi izan dut. Honaino, kitto. Nire garaitsukoak zareten gehienoi ez zaizue hain arrotza izanen kontatu dudana; gerokoek zerbait ikasi izanen dute agian.
Erretiroa hartu nuen itzultzaile automatiko neuronala ate joka hasi zenean. Ez dakit ez ote ninduen hark erretiratzera bulkatu.
Kontuak kontu, urte zoragarriak eman ditut lanean. Argiak eta ilunak izan dira, nola ez, baina balantza arras alde batera makurtua sentitzen dut. Hagitz gustura aritu naiz; zinez diot. Lagunak egin ditut eta aunitz ikasi dut. Suerte handia izan dudala uste dut.
Ez nau inkomodatzen besteren lujuak.
1. Hasierako hemezortzi haien artean, lau emakumezko baino ez ziren; atalburua, berriz, emakumezkoa zen, baina ez zen itzultzailea. Beraz, alde horretatik, ni orduko gehiengoaren multzokoa nintzen, eta segur aski horrek ere zerbait adieraziko du orduko bizipenek nire baitan utziriko oroitzapenetan. Interesgarria litzateke aztertzea eta jakitea desoreka zera horrek nola markatu ote zituen gure arteko harremanak; horretarako, ordea, bertze ahots batzuk ere beharko lirateke, nireaz gainera. Denborarekin aldatzen joan zen proportzio hori Itzulpen Atalean, eta orain erdi eta erdi dira, gutti goiti beheiti.
2. Ordenagailuan aurkitu dudan lantokiko artxibo zahar batetik harturiko lerroak; nire kezkak idatziz adieraziak, gero bilera batean plazaratzeko, 2003ko azaroan. Gure Itzulpen Atalak bazituen hamalau urte lanean hasirik.
3. Ez dakit zehazki noiz normalizatu zen gure artean, baina 1990eko hamarkadaren azken urteetan izan zela uste dut.