Neure sentimendua nahi det deklaratu, itzulpengintzan nago hori ezin ukatu
Artikulua PDFn
Azken urteotan zuzenbide arloko eskolak ematen jardun dut. Gaur egun, nire ardura zuzenbide zibilaren gaia euskaraz irakastea da, Leioako Zuzenbide Fakultateko bigarren mailan. Eskola horiek emateko hainbat hutsune bazirela jabeturik, iazko ekainean nik eta nire lankide estimatuak —Madalen Goiriak— ikasleentzat euskarazko materiala prestatu behar zela pentsatu genuen, izan ere, euskal adarreko ikasleek ez dute gaztelaniazkoek dituzten baliabideak, hala nola, ikasteko aukeratu duten hizkuntzan testu libururik, terminologia zehatzik...
Artikulu honetan urtebeteko esperientziaren berri eman nahi dizuegu, guk atera ditugun ondorioak zuekin eztabaidatzeko asmotan.
Ikasleentzako materiala prestatzeko orduan, bi izan ziren abiaburuak: lehena, ikasleentzat zirenez gero, ikasleek gaia ulertzeko tresna izan behar zuela; eta bigarrena, aurrekoarekin guztiz lotuta dagoena gainera, gaztelaniaz erraz ulertzen ziren testuak euskaraz ere gaztelaniaz bezain ondo ulertzea, hau da, euskaraz ikasteagatik ikasleak ez zezan izan gaztelaniazkoak duen baino zailtasun handiagorik.
Gorago esan dugunez, zuzenbideari buruz euskaraz ikasteko hainbat zailtasun egon daude, eta egiteke genuen lanaren fruitua behintzat txukuna izan zezan (bestelako asmo handiagorik ez baikenuen), egoki iruditu zitzaigun aurretik horiei buruz hausnarketa txikia egitea, horietaz jabeturik haiei aurre egitea errazagoa izango zelakoan. Beraz, horiek zerrendatzen saiatu ginen. Nolanahi ere, eta horretaz une honetatik bertatik ohartarazi nahi dizuet, ondoren laburtuko dizkizuedan arazoak-edo, horien zerrendatze hutsa direla, beste asko egon baitaitezke, batzuk ahaztu ditzakegulako, eta beste batzuk oraindik ere ezagutzen ez ditugulako.
1. Zuzenbide arloko testuen arazoak
Gaur egun, Euskal Herriko hegoaldean bederen, ikasleei batez ere Espainiako zuzenbidea irakatsi behar diegu. Hartara, euskarazko testuek hein handi batean Espainiako legeen itzulpenak izan behar dute. Lege horiek interpretatzeko baliabideak (doktrinaren iritziak, jurisprudentzia...), halaber, gaztelaniaz daude. Hau da, euskarazko testuak gaztelaniari oso lotuta egongo dira.
Hortaz, gaztelaniazko testuak nolakoak diren ezagutu beharko dugu. Hona hemen, gure ustez zeintzuk diren testu horien ezaugarri nagusiak (bide batez, euskararekin konparatzen joango naiz):
1) Gaztelania juridikoa abstrakzio maila handiko hizkuntza da. Gaztelaniak hainbat mendetan zehar errealitateko gauzen ezaugarri komunak aztertu ondoren, horien kategoria abstraktuak sortu ditu, eta askotan, munduko gauza edo objektu konkretua aipatu beharrean kategoria abstraktura jotzen du. Esaterako, "casa" esan beharrean, "residencia", "bien inmueble", eta horrelako hitzak sortu ditu, eta haien esangura "casa" baino zabalagoa da. Euskarak, aldiz, ez dut uste abstrakzio maila hori zuenik duela berrogei urte, eta gaur egun arlo askotan ere ez nago oso ziur lortu duenik. Horrela bada, azken berrogeita hamar urte hauetan horretara egokitu behar izan da, gaztelaniazko zehaztasunarekin euskaraz ere eduki bera eman ahal izateko.
2) Hurrengo ezaugarri hau, orobat, abstrakzioaren ondorio dela esango nuke nik: legezko kontzeptuak azaltzeko orduan gaztelania ez doa zuzen-zuzenean harira, baizik eta harira heltzeko hainbat azalpen, doktrinaren iritzi, konparazio etab. plazaratzen ditu. Euskaldunok —nik uste eta agian erratuta egon naiteke— nahiko konkretuagoak gara. Hariari lehenbailehen heltzea dugu nahiago. Bestela esanda, nahiago izaten dugu aurretik ezagutzea zertaz ari garen (kontzeptua), gaur egun zein ezaugarri dituen (aurretik beste batzuk izan dituen arren) eta zein ondorio juridiko dituen, eta behin hori guztia argi dugula, orduan sakontzea beste batzuen iritzietan, historian zehar izan duen bilakaeran etab.
3) Gaztelania hizkuntza prepositiboa denez gero, erraz jo dezake menpeko esaldietara, hots, —Juan Gartziaren hitzak harturik— ideiak txurro gisa lotzeko erraztasuna du, horretarako, ideia nagusiari gehitu nahi zaion ideia preposizioarekin lotzerik baino ez da egin behar. Euskara, aldiz —jada denok jakin dakigunez—, pospositiboa da, hau da, atzizkien bidez lotzen zaizkio bigarren mailako ideiak ideia nagusiari, horrenbestez, atzizkia irakurri arte ezin dugu ideia guztiz ulertu.
4) Gaztelaniak askotan jotzen du forma inpertsonalera. Euskaraz, ordea, modu inpertsonalak askotan mezua iluntzen duela iruditzen zait, eta subjektua nor den argituta, hobeto ulertzen dela uste dut.
5) Gaztelaniak nominalizaziora jotzeko joera handia du. Euskarak, ordea, aditz jokatuaren bidez mezuak argiago adierazten ditu.
6) Nik nagusiki erabili izan dudan gaztelaniazko testu liburuan bederen, zenbait gaitan sintesia gehiegi erabiltzen da. Beste modu batean esanda, auzitegien sententzia batzuk edo lege batzuk zerrendatzen dira, baina azaldu beharreko ideia edo ondorioa zein den ez da argitzen.
7) Zuzenbide arloko testuetan anbiguotasun puntu bat ere egon ohi da. Batzuetan, autoreek iritzi argirik eman nahi ez dutenean, esaldia nahita iluntzen dute, nire ustez. Beste batzuetan, legeak berak erabiltzen du anbiguotasuna, gerta daitezkeen egoera guztiak jaso nahian, hots, gaur egun gertatzen ez diren egoerak baina etorkizunean gerta daitezkeenak jaso nahian. Horrek euskarazko itzulpena zaildu egiten du, izan ere, itzultzaileak interpretazio lanetan jardun behar du, eta gerta liteke egindako itzulpenak jatorrizko testuaren esanahi bera ez izatea.
8) Espainiako hizkuntza juridikoak mendeak ditu eta mende horietan guztietan terminologia zehatza landu du. Euskara, nik dakidala, aurreko mendean hasi zen zuzenbide arloa lantzen, XX. mendean alegia. Gaztelaniaren aldean —lege arloan guztiz finkatuta dagoen hizkuntza—, normalizatu gabeko euskara dugu, horrek dakartzan arazo guztiekin.
2. Euskara testu juridikoen aurrean
Artikulu honek ez zait iruditzen normalizazio gabeziaren azterketa sistematikoa izan behar duenik —horretaz nik baino gehiago dakien jendea badagoelako—, hortaz, arazo horietatik batzuk baino ez ditut jorratuko, hain zuzen, materiala prestatzeko orduan hurbilen ikusi ditugunak:
a) Euskarak ez du zuzenbide arloko terminologia finkaturik. Euskal Herrian lau badira zuzenbidea irakasten duten unibertsitateak (Arrasate-Mondragonekoa, UPV-EHU, Deustukoa, UPNA eta UEU), ziur egon, toki bakoitzean gaztelaniazko kontzeptuak azaltzeko modu ezberdina erabiliko dela, gehienak zuzenak gainera. Horiez gain, erakunde publikoak daude (auzitegiak, Eusko Legebiltzarra, Eusko Jaurlaritza, Lurralde Historikoen erakundeak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Gobernua, udalak...) eta bakoitzak bere bideari jarraitzen dio. Egoera hau zuzenbidearen printzipio nagusi baten aurka doa zuzen-zuzenean, alegia, segurtasun juridikoaren printzipioaren aurka, gizakien logikaren kontra eta horrez gain, askotan, ikasleen pazientziaren kontra.
b) Gaztelaniak lege arloan "fraseologia" berezia eta oso zehaztua erabili ohi du, hala nola, sin perjuicio, subsidiariamente, en perjuicio de tercero, desplazamiento posesorio... Euskarazko testuak itzultzen jardun dugun askok esapide horiek terminotzat hartu izan ditugu eta euskarazko baliabideen bidez adierazi beharrean, asmakerietan ibili gara askotan, nahiko euskara bortxatua sortuz ("euskañol" ere deitua izan dena).
c) Gutariko askok euskararen tradiziozko baliabideak ez ditugu behar bezala ezagutzen, eta horregatik —nik uste— askotan maileguetara jotzen dugu, hori esateko euskaraz berezko modurik dagoen ondo aztertu gabe. Arazo honetan, jakina, denborak ere zerikusi handia izaten ohi du, izan ere, itzulpen lanetan aritzeaz gain beste lan mota ugari egin behar izaten ditugu (eskolak eman, abokatu lanetan jardun, notario lanetan, epaile lanetan...) eta ez dugu betarik izaten espezializazioak eskatzen duen sakontasunarekin lanari heltzeko.
d) Aurrekoari erantsi behar zaio, bestetik, euskarak lege arloan oso aurrekari gutxi dituela, alegia, testu klasikotzat jo ditzakegunak. Beraz, oso eredu gutxi ditugu jarraitzeko. Horren eraginez, azken urteotan gaztelaniazko testuak izan dira gure eredua, eta agian nazioartean beste eredu batzuk egon daitezke euskarari hobeto egokitzen zaizkionak.
e) Aurrekoarekin lotuta, askotan gertatu zaigu ere, zenbait izeni ez genekiela zein aditz zegokion, esaterako, eskubideak kaltetzen dira, gutxitzen dira, ala zapaltzen dira? Eskubideak kaltetzen dira ala pertsonak baino ezin dira kaltetu?
f) Eta horiei guztiei lotu behar zaizkie euskarak itzulpengintzan oro har dituen gainerako arazoak: esaldien luzera, menpeko esaldiak nola egin (zein puntutaraino erabili behar diren zeinaren, non eta horrelakoak) etab.
3. Ondorioen ordua
Ikus dezakegunez, gaia bereziki konplexua da eta gizartean, gainera, eragin handikoa, legeak hiritar guztiongan baitu eragina, nola edo hala. Ez nuke aipatu gabe utzi nahi, nolanahi ere, azken urteetan aurrerapen handiak egin izan direla gai honetan, besteak beste, IVAP-HAEEren inguruan aritu diren hainbat profesionalen azterketak (ez dut izenik aipatu nahi ziurrenik asko eta asko ez nituelako aipatuko, merezi duten arren), erakunde horrek ematen dituen ikastaroak euskara argiaren eta komunikazioa erraztearen bidetik... Beste hainbat erakunde eta elkarteren lana ere aipagarria da, dudarik gabe (Euskaldunon Egunkaria, Argia, UEU, IXA taldea...). Zer esanik ez, hiztegigintza arloan egin diren lan sistematikoak (Orotariko Euskal Hiztegia eta bere laburpena Ibon Sarasolaren eskutik, Azkueren "Diccionario Vasco-Español-Frances", Euskaltzaindiak ateratako "Hiztegi Batua", Elhuyar, 3000 Hiztegia...). Hala eta guztiz ere, asko dago oraindik egiteko.
Testugintzan jarraitzeko, alabaina, honako tresnen falta sumatu dugu:
a) hainbat gaitan irizpide orokorren falta (noiz mailegua hartu eta noiz ez, nominalizazioaren gaian, menpeko esaldietan...). Orain arte, itzulpengintzako adituen iritziak eta gomendioak entzun izan ditugu, baina —nik dakidala— inolako erakundek ez ditu berretsi.
b) elkarlanaren falta: guk egindako lana oparoagoa litzateke talde batek egingo balu, edo behintzat, beste batzuek ikuskatuko balute. Eta ideia honekin hurrengoa lotzea merezi duela uste dut.
c) kalitatearen kontrola: testugintzari buruzko lanek hain eragin handia eduki dezakete gizartean (hizkuntzaren bidea jorratzen ari baikara), ezen aditu batzuek horiek guztiak ikuskatu beharko bailituzkete. Izan ere, DBHko testuekin kalitatearen kontrol hura egiten dela uste dut.
d) azkenik, espezializazio falta: testugintzan aritzeak nolabaiteko espezializazioa ekarri beharko luke, ezin baitzaio egileari lan txukuna eskatu horrek testugintzarekin batera beste hainbat jarduera egin behar dituenean (eskolak eman, ikerketa, jarduera profesionala....).
Berriro diot, artikulu honek esperientzia baten laburpena izan nahi du, ez ordea, inolako lan sistematikorik. Hortaz, ziurrenik hainbat gai esan gabe geratuko ziren, baina nire helburua unibertsitate arloko testugintzari buruzko eztabaida piztea baino ez da izan. Amaitzeko, ikasturte honetan lagun izan zaituztegun Itzul-kide guztioi eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen laguntza ezin hobeagatik eta besterik gabe, laster arte.