Itzulpengintza: Terminologia eta sintaxi mailako zenbait arazo
Artikulua PDFn
Lan honen helburua
Euskal itzulpengintzaren historian zehar nabarmena dugu, lehenik eta behin, erlijio gaien itzulpena askoz ere ugariagoa izan dela erlijioaz besteko gaietan baino. Hala ere, egin da euskal itzulpenen historian zehar azken arlo honetan hainbat ahalegin. Itzulpenak egiterakoan azaldu izan diren zailtasunak ez dira bereziki erlijioaz besteko gaien alorrean azaltzen. Esan nahi bait da, zailtasunak berdin azal daitezkeela erlijiozko gaiak itzultzerakoan. Hala ere, eta terminologiari bagagozkio bereziki, areagotu egiten zaizkigu orohar erlijioaz besteko alorrean kokatuko ditugun teknologia, administraritza, merkataritza eta honelatsuko alorretako gaietan.
Aipatutako alorrekoak genituzke, esate bateko, Donostian 1888. urtean izenik gabe argitaratu ziren Usurbil-ko Erriyaren Ordenanzak, legezko testu baten adibide izan daitekeena, edota Tresora Hirur Lenguayetakua, 1620. urtean gutxi gora behera ateratako merkatalgintzari buruzko liburu laburra, etabar[1].
Aipatu ditugun zailtasunei eman dizkio Euskaltzaindiak berak hainbat irtenbide hizkuntz normalizazioaren premiei jarraiki.
Kontutan hartu beharrekoak ditugu, batetik, informatika, teknologia berriak etabar gaur egun inoiz baino abiada biziagoan ari zaizkigula sartzen eta, bestetik askatasun politikoarekin batera hainbat eta hainbat testu euskaraz emateko aukera ez ezik beharra ere sortu dela. Esan bezala, Euskaltzaindiak emandako irtenbideak ez dira, ordea, itzuli behar honetan sortzen diren arazo guztiekiko panazea. Alde batetik, terminologia berriak itzultzen dihardutenek urratutako bideetatik joko du gerora finkatuko den terminologiak eta, bestetik, sintaxi mailan, zailtasun berriak sortu ahala emandako irtenbide desberdinen artean nagusituko diren irtenbideak geldituko dira finkatuta.
Beraz, lan honetan euskal itzulpengintzaren historiako zenbait testu aztertuko ditugu, azterketa egiterakoan hiztegia, erlatibozko esaldi korapilotsua eta jatorrizko testuarekiko atxekitasuna ikusiko ditugularik.
Nolanahi ere, testu azterketari ekin aurretik ikus dezagun historian zehar itzulpengintzan, eta bereziki hiztegi eta erlatibozko esaldiei gagozkiela, izandako hainbat joera eta bide.
Azkenean, gaur egungo zenbait testu tekniko aztertu ondoren, gehien aipatzen diren zailtasunak, dauden hiztegi eta sintaxi mailako joerak eta hauei buruzko balorazio antzekoa emango dut.
Historia apur bat
Terminologiari gagozkiola, leku berezia egin behar diogu oraindik argitaratzeke dugun Silvain Pouvreauk XVII. mendean egindako hiztegiari, oso gaur eguneko irizpideei jarraiki ematen bait ditu hitzak, hau da, elkarketa, eratorketa zein mailegu bidezko izan daitezkeela.
Ondorengo mendean hasten dira, alabaina, gauzak okertzen, euskararen apologistetarikoa dugun M. Larramendik bere Diccionario Trilingüe famatuan emandako asmakeriak direla medio.
Honen kritikoek ez dituzte, ordea, haren oinarrizko aurreiritziak gainditzen. Alde batetik, S. Aranak elkarketa eta eratorketa arauak ongi ezagutzen zituen arren gehiegikeria edo garbizalekerian erori zen eta ez zuen mailegubidea onartu. Honek asmatutako hitzak ditugu "txadona", "jaupa", "abestu" etabar. Bi lehenengoak bazterturik gelditu diren arren, larria ez bada ere aztertzeko modukoa dela dirudi hirugarrenak gaur egun duen hedadura.
Azkuek, bestetik, Aranaren neologismoak gaitzetsiz, hizkuntzan bizirik dauden hitzak onartu zituen soilik, baina mailegubidea euskarak beste baliabiderik ez duenean besterik ez du onartzen, honela hedadura, sustrai eta maiztasun handiko hitzak baztertu zituelarik. Akats guzti hauek S. Altubek kritikatu zituen beranduago "Euskel Itz Barrijak" izenburupean emandako hitzaldian.
1959an Euskaltzaindiak adierazpen bat egin zuen argi eta garbi utziz hizkuntzan antzinatik sakonki finkatutako maileguak benetako euskal hitz gisa hartu behar direla eta, hortaz, ez dela komenigarri aipatutako maileguen ordez hitz berririk erabiltzea. Honek ez du esan nahi behar denean goian aipatutako hiru baliabideak erabiliz hitz berririk ez sortzeko aholkatzen duenik.
Gaur egun tabu izaten jarraitzen du neologismoei buruzko arazoak: alde batetik zein, erreakzioz, bestetik egindako gehiegikeriek hainbat eztabaida sorrerazi dute, honen erakusgarri argi dugularik oraintsu Koldo Mitxelenak UZEIren hiztegigintzari egindako kritika zorrotza.
Erlatibozko esaldiei gagozkiela ere terminologia mailan historian zehar izandako eztabaida guztien oinarri bera izan da gakoa, hots: zenbatetaraino onartu zein, nor eta antzekoekin eratutako erlatibozko esaldiak. Aurkakoek (Orkaiztegi, Azkue eta honen jarraitzaileek) horiek galdetzaile soil zirela esatez gain, erdal kutsua omen zutelako baztertu zituzten.
Ukaezina dugu, ordea, euskal idazle eta itzultzaileek aspaldidanik ikusi zutela zenbait erlatibo korapilotsuri irtenbidea emateko bide hori erabili beharra edota bide horren baliagarritasun, ulerterraztasun edo dena delakoa.
Adb.: Cer vici da, non Jangoicoa eztaiquen guciz gozatu? (Lizar. Koplak). Jakina denez, euskarak lau bide nagusi ditu erlatibozko esaldiak eratzeko.
a) -(e)nekoa.
b) zein, noreta antzekoekin eratua.
c) bait soilik duena.
d) erlatibo laburtua.
Nolanahi ere, lau bide nagusi hauek zilegitzat jota ere, gaztelerazko "en los cuales", "para los cuales", "de cuyos"eta antzerako loturez eratutako erlatibozko esaldiek hainbat buruhauste sortu eta sortzen ditu horiek euskaraz ematen saiatzerakoan. Hauei behin betiko irtenbide egokia emateak berebiziko garrantzia du kontutan izanik lege, administrazio eta, orohar, teknika mailako erdal testu asko honelakoez josita azaldu ohi direla. Guri ez dagokigu, alabaina, honelako jatorrizko testuen "galimatias" edo alferreko zailtasunei buruzko eztabaidatan sartzea.
Beraz, eta besterik gabe, hona lan honen aztergai izango ditugun lau testuak:
I. Bizenta Mogelek 1803.ean itzulitako Luis de Borbon-en gutun baten zati bat.
II. Usurbil-ko Erriyaren Ordenanzak, Donostia, 1888. Zati bat.
III. Gerra garaiko Euzkadiko Agintaritzaren Eguneroko-tik hartutako zati bat.
IV. Gaur egungo lege-testu bat: Euskal Funtzio Publikoaren Aurregitasmoa.
I. Bizenta Mogelen itzulpena
La unión y la virtud forman la base más esencial y la estabilidad de los Gobiernos y de las Naciones, y uno y otra proporcionan los sazonados frutos, que abundantemente hacen la cosecha, espiritual y temporal del que gustoso se presta y somete a cuanto inspira la caridad del Evangelio. Esta verdad sabéis bien todos que no es una máxima abstracta, ni un interés meramente ideal, sino que el rudo y el sabio el ignorante y el ilustrado la ve, conoce, observa y palpa; no ignorando tampoco, que en la ciudad y en la aldea, en el palacio y en la cabafia es el buen Cristiano el hombre de bien, el buen ciudadano, el prudente, el activo, el tolerante y el ilustrado cuando manda, y es asfmismo el sumiso, el diligente y el generoso cuando obedece. Esta verdad, cuya practica cada dia siempre es y ha sido del mayor interes de todos, es ahora mas conveniente presentarosla cuando el Rey nuestro siempre amado FERNANDO Vll, cuya vida guarde Dios nuestro Señor largos y prósperos días, dirige a todos los Españoles su paternal palabra en el 10 de este mes, asegurandoles, que ha jurado la Constitución, por la que suspiraba nuestra heróica Nación, de la cual será siempre su más firme apoyo: en este plausible día, en que nos manifiesta que se gozará de concurrir a la grande obra de la prosperidad Nacional; en este día, en que con universal alegría de la Capital de esta vasta Monarquía por el juramento a la observancia de la Constitución fundamental del Reyno, formado en Cádiz en el año de 1812 por las Córtes generales y estraordinarias, ha cambiado su forma de gobierno sin los azares, desgracias y desdichas de que casi siempre los Pueblos y Naciones no supieron evadirse, aun en crisis de menores peligros. Leed, y no ceseis, las espresiones preciosas y dignas del manifiesto que nuestro amado REY dirige a todos nosotros.
Batasuna, eta virtutia dira Aguintaritza eta Jaioterri edo Nacionea guztien cimendu, eta sendagarrijac, eta borondate onez Evangelijo santubaren onere chi edo caridadian batzanduten diranac, emoten ditube frutu eldu, eta ugarijac arimiari, nai gorputzari daocazan gaucetan. Eguija au guztioc daquizu ez dana veguitancinoe edo asmo utsecu; Guizon illunac, eta arguijac, ez jaquinac, eta jaquitunac, dacuz ezagutu, eta igarten dau, eta daqui Uri andijan, nai Alderrijan, Jaureguijan, nai chabolan, Cristinau ona, dana beti guizon prestuba, Uritar ona, zurra, eguillia, erualia, eta arguija aguinduten dabenian: menderatuba, vizcorra, eta prestuba besteren aguinduba eguiten dabenian. Eguija au, cein izan dan beti guztiz biarra, eta defien preminia eguneric egunera gueituten dan, ifios bafio gueijago biarda zuben beguijen aurrean imini egun onetan, zucenduten deuscupian bere gurasozco verbia, beti maite izan dogun gueure Erregue Fernando VII garrenac, cefien vicitzia Jaungoicuac gorde deigula urte luce, eta egun zorionecuetan. Berac dirauscu artu dabela, eta juramentubagaz sendotu Zucengarri edo Constitucinoe Nacinoe andi onec aimbeste gurarigaz icharoten ebana, eta bera izango dala onen abe arriric senduena. Egun zoragarri onetan aguertuten deuscu bere gurarija, eta poza lagunduteko Nacionaiaren aurrerapeneco eguitada andijan. Egun onetan cefietan guztien atseguinic andijenagaz, Bacaronda edo Monarquija zabal onetaco Erriburuban, juramentu eguinic gordetaco Erreinuco Zucengarrijaren cimendu edo Constitucinoia, eguina Cadicen 1812 garren unian Batzaar betico, eta banacacuetan, aldatu dan aguintaritza edo Gobernuba, arace jazoera negargarri, zori chaar, eta atsacabegarri baga, ceintzubetatic nequez aldendu oi dirian Errijac, au bafio arriscu guichiagoco demporetan bere. Iracurri egul'zuz bada azpertu baga gueure ERREGUE maitiac zucenduten deuscuzan verba, bacarric bere viotz samurraren duin dirianac.
1. Terminologia
Ez du mailegubideari dagokionez jarrera ausartik azaltzen. Beranduago hainbat idazlek erabiliko duen teknika darabil, hau da hitz garbia eman bai, baina jarraian maileguzkoa ematen du edo partikularen ondotik. Mailegua edo-ren ondotik jartzeak badu garrantzirik, testua irakurtzen duenaren gogoan azken gelditzen dena baita. Beranduagoko idazleek alderantziz erabiliko dute teknika hau, begibistako denez, hitz garbiaren alde eta maileguaren kaltetan.
Hona testuan azaltzen diren adibideak:
Jaioterri edo Nacinoe
onerechi edo caridade
Zucengarri edo Constitucinoe
Bacaronda edo Monarquija
Aguintaritza edo Gobernuba.
Eztabaidagarria da, noski, onerichi eta caridade hitzak esanahi bereko diren, Bacaronda asmakeria den e.a. Guri, ordea, hitz garbiaren ondoan mailegua jartzen duela interesatzen zaigu. Honen zergatia argi eta garbia da: besterik gabe Jaioterri, onerechi eta abar emanez gero ez da ziur irakurleak horien baliokidetzat nazio, caridade eta abar ulertuko lituzkeenik. Beraz, bada ez bada ere jartzen ditu maileguak.
Erlatibozko esaldi korapilotsuei irtenbidea emateko ez du eragozpenik, klasikoek egiten zutenez, zein eta abarrez baliotzeko.
B. Mogelek honelako erlatibozko esaldiak egiten ditu: zein, zeinaren... + aditza + (e)n. Testuan azaltzen direnak:
"Eguija hau, cein izan dan beti guztiz biarra,..."
"...Erregue FERNANDO Vll garrenac, cenen vicitza Jaungoicuac gorde deigula urte luce."
"Egun onetan cenetan guztien atseginic andijenagaz,..."
"...araco jazoera negargarri, zori chaar, eta atsacabegarri baga, ceintzubetatik nequez aldendu oi dirian Errijac,. . ."
Kontutan hartzekoa zein partikula, mugagabean deklinatzen duela, Axularrek ere berdin egiten zuelarik. Honek badu garrantzirik hainbat idazlerengan mugatuan deklinaturik ikus bait dezakegu: zeina, zeinarena. Badirudi jatorragoa litzatekeela mugagabean deklinatzea.
Dena dela lehenengo esaldia beti guztiz biarra izan den eguija au bihur dezakegun bitartean, ez dirudi bigarrenarekin, gero ikusiko dugunez zenbait idazle horretan saiatu arren, gauza bera egin dezakegunik.
Jatorrizko testuarekiko atxekitasunari bagagozkio, itzulpen ona izan arren zenbaitetan libreegia dela esan genezake. Esate bateko:
"...las espresiones preciosas y dignas del manifiesto que nuestro amado REY dirige a todos nosotros."
"...gueure ERREGUE maitiac zuzenduten deuscuzan verba, bacarric bere viotz samurraren duin dirianac."
II. Usurbil-ko Erriyaren Ordenantzak
Art. 2° Se prohibe todo trabajo corporal en publico los domingos y dias festivos reconocidos por las disposiciones que hoy rigen.
Art. 3º Si en casos de necesidad fuese indispensable continuar el trabajo en las labores del campo ó en cualquiera oficio, se pedira el correspondiente peraniso a la autoridad municipal, que lo concedera, si la causa alegada es justa, de acuerdo siempre con la autoridad eclasiastica.
Art. 4° Los que perturbaren los actos del culto u ofendieren los piadosos sentimientos de los que a ellos concurren, de cualquier manera que fuese; seran entregados a la accion del Juzgado municipal, si el acto no constituyese delito, ó a la de los tribunales ordinarios si llegase á serlo.
Art. 5° Las calles ó sitios por donde hayan de pasar las procesiones, deberan estar perfectamente barridas y limpias con una hora de anticipación por lo menos, siendo responsables los vecinos de las casas, que no observaren al efecto las reglas dictadas sobre limpieza publica en las ordenanzas.
2.garrena Debakatzen da igande ta jaiegun ezagutu guztietan, agirian lanik egitea.
3.garrena Premiya aundiren bategatik, kanpo-lan edo beste lanen bat egin behar izango balitz, eskatuko zaio eskubidea erriko autoridadeari. Onek emango du eskatzen zaion baimena, bidezkoa bada, orretarako entenditurik Eleizako autoridadearekin.
4.garrena Eleiz-funzioak galeragiten dituztenak, edo beretara joaten diranen sentimentuak edozein modutan minberatzen dituztenak, izango dira Tribunaletara entregatuak, kastigatu ditezen legeari eta beren utsegiteari dagokion moduan.
5.garrena Prozesioak pasa bear duten kaleak, egongo dira chit ongi garbituak, gichienez Prozesioak pasa bear duen bano ordu betez lenagotik. Ala egiten ez duten bezino guztiak eranzungo dute bear dan tokian, eta izango dira kastigatuak ordenanz'oek, garbitasunari dagokion buruan, agintzen duten erara.
2. 1. Terminologia
Oso kontutan hartu beharrekoa dugu testu honetan zuzenean herriari helarazi nahi zaizkion aginduak jasotzen direla. Horregatik darabiltza, besteak beste, zenbaitentzat "erdal kutsuko" izan arren herriak normalean erabilitako hitzak: prozesioak, bezino, ordenanza, kastigatu, Tribunalak, autoridadeak...
Testu honek, hortaz, testu teknikoak itzultzerakoan estetika baino garrantzitsuagoa den maila erakusten digu: ulergarritasuna. Honen aitzakitan edozein gauza esaterik ez dagoela bezain argi dago lehentasuna eman behar zaiola ulergarritasunari testu teknikoak itzultzerakoan eta, batez ere, testu horiek irakurlearen adimenera hel daitezen nahi bada.
2. 2. Erlatibozko esaldiei gagozkiela oso erlatibozko esaldi interesgarria azaltzen zaigu testu honetan:
"Las calles o sitios por los que hayan de pasar las procesiones,"
"Prozesioak pasa behar duten kaleak,"
Hemen azaltzen zaigu irtenbide bat baino gehiago izan dezakeen, eta idazleek ere irtenbide desberdinak emandago arazoa, hau da, nola eman euskaraz erdaraz por las cuales eta antzeko partikulez osatutako erlatibozko esaldiak.
Dakigula, hiru bide dauzkagu gutxienez euskaraz perpaus horiek esateko:
a) -en(eko) — Pasa behar duteneko
b) -en — Pasako diren
d) -zeinetatik... -bait dira — Zeinetatik pasako bait dira (pasa beharko bait dute)
Lehenengo bidea, idazle klasikoek ere erabili bait zuten, denbora eta lekuzko erlatiboetan erabiltzen da[2]. Eskuartean dugun kasuan argi eta garbi dago prozesioak direla pasako direnak eta ez kaleak. Beraz, nahasbiderik sortzen ez denez aski dela dirudi -en erako erlatiboarekin. Besterik gertatuko litzateke "gizona doan kotxea" eta antzekoetan, haietan beharrezkoagoa dela bait dirudi -eneko erako erlatiboa erabiltzea.
Hirugarren bidea erabiliko bagenu erlatibozkoa esplikatibo huts bilakatuko litzaiguke eta ez dirudi jatorrizko erlatiboaren funtzioa hori denik, zein kale diren zehaztea baizik. Beraz ordenanza hauek itzuli zituenak bete-betean asmatu zuela esango genuke.
2. 3. Jatorrizko testuarekiko atxekitasunari buruz hau dugu, seguraski, jatorriko testuaren esanahia zintzoen jasotzen duen testua. Ez da harritzekoa, be stalde , aurrerago ere e san dug unez ordenanzak ulergarri izan behar izateaz gain, oso arriskutsua bait litzateke erdarazko testuak gauza bat eta euskarazkoak beste bat esatea edota euskarazko testuak erdarazkoak jasotako zenbait alderdi ez jasotzea.
Halere ikus dezakegu hutsen bat edo beste, hala nola:
"Se prohibe todo trabajo corporal en publico los domingos y dfas festivos reconocidos por las disposiciones que hoy rigen."
"Debekatzen da igande eta jaiegun ezagun guztietan, agirian lanik egitea."
Begibistakoa da euskarazko testuak ez duela erdarazkoa azpimarratutakoa jasotzen.
III. Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa
DECRETO
El Gobierno Provisional de Euzkadi, cuya preocupación por las manifestaciones de indole cultural es bien notoria, no puede menos de conceder la debida atención a uno de los problemas mas interesantes que pueden plantearse con respecto al regimen escolar: es el de la implantación de una Sección de educación fisica que venga a llenar la laguna, que a este respecto existe actualmente en el sistema educativo que le ha venido aplicando.
No hay, en efecto, hombre de ciencia que no haya cantado las excelencias de esta educación, ni pais que no haya legislado sobre esta materia. Practicamente, sin embargo, la labor estatal en cuanto a ella, no ha sido lo que hubiera sido de desear en el regimen escolar, tanto publico como privado, del Estado Espanol.
Nos encontramos, pues, ante una labor a iniciar, ante un objetivo completamente nuevo para nosotros, y de cuya trascendencia no se puede dudar, habida cuenta, sobre todo, de las caracteristicas especiales que adquiere en su aplicación a Euzkadi.
OROAGINDUA
Euzkadi'ko Bitarteko Jaurlaritzak alako aretaz artzen ditu erriaren gogolantze arazoak, ezin ikastolari huruzkoa dan onoko au alde hatera utzi dezake: soin-azikera. Utsune galanta nabari haitda landu bear oneri buruz.
Soin-azikera aipatu ez duen jakintza-gizonik ez da arkitzen. Ezta gai au legeen bidez landu ez duan erririk ere. Espana'ko Laterriak ez du ordea ezer aundirik egin izan erri-ikastoletan eta ikastola itxietan.
Ona lan bat asi bealrean. Ona elburu berri bat lortzeari ekin bearrean. Carrantzi aundikoa noski. Euzkadi'ri huruz ainhat areagoa berriz.
3. 1. Terminologia
Testu honetan azaltzen zaigu argi eta garbi garbizalekeriaren joera. Ez dugu inondik inora mailegurik aurkituko:
Departamento de Justicia y desarrollo → Zuzentza eta Gogo-Lantze Zaingoa
Decreto → Oroagindua
Gobierno Provisional → Bitarteko Jaurlaritza
Educación física → Soin-azikera
Estado → Laterri
Garbizalekeriari buruzko eztabaidatan sartu gabe, ez bait da hau lan honen asmoa, eztabaidagarri behintzat badirela esango dugu gogo-lantze, soin-azikera e.a. Honelako asmakeriek benetako terminologi arazoa sortzen bait dute. Esan nahi dut, euskarazko testua hartu, azaltzen diren hitzak hartu eta halako hiztegitxoa osatzen saiatuko bagina izugarri gertatuko litzatekeela, esate baterako, erdarazko cultura hitzaren euskarazko baliokidea zein letratan begiratu. Okerreko bidea esango ez badugu ere, bide arriskutsua dugu garbizalekeriarena bai teknika mailako testuak itzultzerakoan, eta baita hiztegiak egiterakoan ere.
3. 2. Badirudi dekretu hau itzuli zuenari oso zail egiten zaiola erdarazko erlatibo korapilotsuei irtenbidea ematea. Aski da dekretu honen lehenengo zatian darabilen sintaxi aldrebesa ikustea. Zailtasun honen aurrean, erlatibozko esaldi hauek azaltzen direnean esaldia moztu egiten ditu (puntuaren, puntu eta komaren bidez):
"Nos encontramos, pues, ante una labor a inic iar, ante un objetivo completamente nuevo para nosotros, de cuya transcendencia no se puede dudar,"
"Ona lan bat asi bearrean. Ona elburu berri bat lortzeari ekin bearrean. Garrantzi aundikoa noski."
3. 3. Ezin esan jatorrizko testuari atxekitzen ez zaionik. Hala ere hainbat eta hainbat alderdi eta xehetasun itzuli gabe uzten ditu, jatorrizko testuaren funts eta mamia laburtu eta euskaraz ematen saiatzen delarik. Jatorrizkoaren mamia ongi laburtu arren ez dirudi lege mailako testuak itzultzerakoan bide hau zilegi denik, honelako testuak zehatz-mehatz itzuli behar bait dira, ezin ahantzi dezakegularik legeetan xehetasunak berak ere garrantzi handiko izan daitezkeela.
IV.- Euskal Funtzio Publikoaen Lege-Aurregitasmoa
"Sección Sexta: El Consejero de Hacienda y Finanzas
Artículo 11.
Corresponde al Consejero de Hacienda y Finanzas:
a) Proponer al Gobierno, en el marco de la politica general económica y presupuestaria, las directrices a que deberan ajustarse los gastos de personal de la Administración de la Comunidad Autónoma."
"Seigarren Sekzioa: Herriogasun eta Dirubideetarako Sailburua.
11. Artikulua
Honako hauek dagozkio Herriogasun eta Dirubideetarako Sailburuari:
a) Autonomi Elkarteko Administrazioko langilegoaren gastuak haiei atxikiko zaizkieneko arau orokorrak Jaurlaritzari proposatzea, ekonomia eta aurrekontu-politika orokorraren barruan."
4. 1. Terminologia
Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoaren testuarekin erkatuz gero ez darabil hark bezain hiztegi garbizalea. Bada, halere, honelakotzat jo daitekeenik:
Hacienda → Herriogasun
Consejero → Sailburu
Finanzas → Dirubideak
Hiru adibide hauek aukeratu ditugu eta ez halabeharrez, zeren gaur egungo hainbat itzultzailek hitz horien lekuan Hazienda, Kontseilari eta Finantzak hitzak jarriko bait lituzkete. Bizirik dirau, beraz, teori mailan ez bada ere bai praktika mailan bederen, terrninologiari buruzko eztabaidak.
4. 2. Honako erlatibozko perpausa azaltzen zaigu:
"las directrices a que deberan ajustarse los gastos de personal de la Administracion de la Comunidad Autonoma. "
"Autonomi Elkarteko Administrazioko langilegoaren gastuak haiei atxikiko zaizkieneko arau orokorrak..."
Lehen ikusi dugunez -eneko partikula lekuzko zein denborazko perpausetan erabil daiteke. Eztabaidagarria da eskuartean dugun kasua lekuzkotzat jo daitekeen. Dena dela ez dirudi euskaraz joango natzaioneko gizona esaten denik joango natzaion gizona baizik. Alferrikako dela esango genuke, beraz, -eneko partikula kasu honetan. Hona erlatibo hori emateko beste bi era:
"gastuak atxikiko zaizkien" (haiei eta -eneko gabe) edota
"arau orokorrak proposatzea, hauei atxikiko hait zaizkie gastuak"
4. 3. Aztertu ditugun testuetatik jatorrizkoari zehazkien atxekitzen zaion testua dugu hau, zalantzari gabe. Kontutan izan behar dugu, lege-alorreko testua ez ezik, legea dela eta, beraz, bere baitan eskatzen duela aparteko zehaztasuna.
Ondorio gisa
Testu hauen azterketak itzulpengintzaren zenbait arazo konkretu azaldu dizkigu, gaur egun bizirik dirautenak eta gai teknikoak itzultzerakoan hainbat eta hainbat eztabaida eta buruhauste sortzen dizkigutenak.
Terminologiari bagagozkio, euskal itzulpengintzaren ezaugarririk izatekotan terminologi anabasa dela esan genezake. Horixe isladatzen dute Mitxelenaren hitz hauek ere: "No será fácil hallar, a través del ancho mundo, una tradición léxica más abigarrada que la nuestra, confusión casi inextricable de fantasía y realidad"[3].
Gaur egungo itzulpengintzan mailegubidea, orohar, onartua bada ere, bada bide hau gehiegikeriaz darabilen itzultzailerik eta baita inondik inora horrelakorik onartzen ez duenik ere. Lehenengoaren adibide UZEI-k egindako hiztegiak genituzke eta bigarrenarena, berriz, gaur egun autonomi administrazio mailan egiten den hainbat itzulpen garbizale. Sintaxiari gagozkiolarik, argi azaldu zaigu azterketan zenbait erlatibozko esaldi korapilotsuk arazo handiak sortzen dituztela, erdarazko "en los cuales", "para cuyos", eta antzerakoek, alegia.
Ikusi dugunez, honelakoak euskaraz emateko honako bide hauek erabil ditzakegu:
a) Leku-denborazkoetan, -eneko erakoak.
b) Erlatibozkoa esplikatiboa denean: zein... -n, zein... bait, edo bait soilik.
Bada, ordea, idatzi mailan gaur egun gutxi erabiltzen den arren klasikoek[4] erabilitako eta ekialdeko euskalkietan mintza mailan ere erabiltzen den beste bide bat: bait-en aurretiko gisa erakuslea erabiltzea, alegia.
Hona adibide bat: "Aipatutako arazoak, hauetan ere eztabaida asko sortu izan bait da".
Azkenik, eta jatorrizko testuekiko atxekitasunari dagokionez, argi gelditu da teknika mailako testuek ez dutela literatur testuak itzultzerakoan izan dezakegun askatasunez aritzeko bide ematen, testu hauek zehatz-mehatz eman beharra bait dago. Beraz, estiloa ere ezin literatur testuen itzulpenetakoa bezain zaindua izan, euskaraz aditzak beti azkenean joan behar duela eta antzeko mitoak behin betiko alde batera utzi beharko liratekeelarik.
Erabilitako Bibliografia
Eusko Legebiltzarra, Agintaritza-aldizkarietatikako hitz-bilduma, Gasteiz, 1985.
Euskaltzaindia, Maileguzko hitz berriei buruz Euskaltzaindiaren erabakiak, Bilbo, 1986.
Villasante Fr. Luis, Palabras vascas compuestas y derivadas, Aránzazu ed. Oñati, 4. ed. 1986.
Villasante Fr. Luis, Sintaxis de la oración compuesta, Aranzazu ed., Onati, 2.ed. 1979.
Oharrak
1. Euskal Itzulpenen zerrenda nahi izatekotan K. Zabalak HAEE-IVAP Erakundearentzat egindako fitxeroa oso baliagarri gertatzen da.
2. Villasante Fr.L., Sintaxis de la oración compuesta, Ed. Fr. Aránzazu, Oñate, 1979, 99 or.
3. Estudio sobre las fuentes del diccionario de Azkue, 25. or.
4. Larrarte Garmendia J.M. El prefijo bait- en "Onsa Hilceco bidia" de J. Tartas, 74-75.