Literaturaz, itzulpenaz, interpretazioaz, lanbidearen muinetik: Bego Montoriorekin solasean
Artikulua PDFn.
Itzultzaile askoren kontrako norabidean ibiltzeko ausardiarik ez zaio falta izan Bego Montoriori. Batzuek, bizitzaren «beheko behar gorriak» eramanik, literatur itzulpena zaletasun orduetara (halabeharrez?) mugatu izan duten bitartean, Montoriok hautu bat egin zuen, literatur itzultzaile izanez bizitzeko, ahal zuen neurrian bederen. «Literatur itzulpenetik bizitzea, hori oraingoz ametsa da, noski, baina nik argi neukan, itzulpen lanbidean hasi nintzenez geroztik, horixe egin nahi nuela». Hautuaren arriskuak ez zuen izutu, eta esan daiteke gaur egun aldibereko interpretazioak ogibidea eskuratzen laguntzen dion literatur itzultzaile bat dugula.
Bilbon sortu zen, Santutxu auzoan, 1959an. Euskaldun berria da: etxean gazteleraz egiten zuten, ama euskalduna izan arren, baina oso gaztetan ikasi zuen euskaraz. «Ez bakarrik ikasi, baita irakatsi ere —oroitzen da—, garai hartan Bilbon zegoen beharrak eraginda, euskaraz ikasi orduko bihurtzen baitzinen gau eskolako irakasle!». Eskola publikoan egin zituen lehen ikasketak, eta handik Deustura joan zen, Soziologia ikastera.
Unibertsitateko ikasketak amaitu aurretik, Basauriko Udalean itzultzaile lanetan hasi zen 1980an. Gauza bitxia da, gero: funtzionario gisa Euskadiko Autonomia Erkidegoan ateratako lehen lanpostua eskuratu zuen, gerora itzultzaile funtzionario izateari uko egingo zionak. Bost urte eginik Basaurin, bizilekua eta giroa aldatu nahi izan zituen, eta Gipuzkoako Foru Aldundian aldizkari ofizialaren itzultzaile lanetan aritu zen 1990a arte. «Hamar urte administrazioarentzat itzultzaile lanak egin eta gero, erabaki nuen nire «zerga iraultzailea» ordaindua nuela: 30 urte bete eta egun batzuetara, eszedentzia eskatzea erabaki nuen; gaur arte», diosku umorearen eta atzera begira jarrita damurik gabeko erabakiak sortzen dion sentipenaren arteko doinuaz. Harrez geroztik, bere gisa ari da, ahal duen guztia literatura itzultzera emanik, eta aldian behin interpretazio lanak tartekaturik.
Senez: Nola izan ziren zure hasierako denborak itzultzaile lanetan? Zergatik joan zinen Basauritik, han funtzionario plaza bat izanik? Lana hain txarra al zen?
Bego Montorio: Basauriko lanpostura ia pentsatu gabe aurkeztu nintzen. Ni baino lehenago ba omen zuten beste itzultzaileren bat orduka, eta ni lansaio osorako hartu ninduten, hasieran kontratu soilez, urtea amaitu aurretik funtzionario moduan. Lana ez zen inolaz ere suspergarria, egia esateko. Itzultzailea izanik, iruditzen zitzaien euskararekin zerikusirik zeukan gauza guztietarako bazutela han erantzun zezakeen norbait... Ordu luzeak egin nituen, esate baterako, udal batzordeen bilera-agiriak euskaratzen, aurretik izandako bileren aktak esan nahi dut, ezertarako balio ez zutenak, han gordeta uzteko soilik. Ez nuen behin ere egin, baina askotan eta askotan izan nuen tentaldia, orri pare batean bederen ipuin zati bat sartzekoa... Ziur nekien inor ez zela ohartuko, noski. Oso gogorra zen hala jardutea, hasi berria nintzen, mila bider ohartzen nintzen ikasi beharra neukala itzultzen, ez nekiela ezer ere, horregatik erabaki nuen handik joatea.
Labur esanda, iruditzen zait nire itzultzaile hasiera ez zela oso arrunta izan, baina ziurrenik garai hartan izan zitekeenaren emaitza izan zen, gaur egun guztiz ezinezkoa baita udal bateko itzultzaile lanpostu baten jabe izatea itzulpena zer den ere jakin gabe, oposizioko azterketak ia prestatu ere egin gabe... Egia esan behar badut, dena dela, benetako lehen itzulpen lanak aurretik egin nituen: panfletoak, kartelak, eta abar. Berdin aldibereko interpretazio lanetan: modu profesionalean hasi baino askoz lehenago, Deustuan ikasle nintzela, sekulako istiluak izaten ziren trantsizioko urte haietan eta behin baino gehiagotan aritu izan nintzen bilkuretan, mahaikoa ez izan arren, mahaikoen ondoan eserita, euskaraz soilik mintzatzen zirenen hitzak gaztelerara bihurtzen, ulertzen ez zutenentzat.
Senez: Basaurikoa utzi eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera. Nola izan zen aldaketa? Nolako oroipen profesionalak dituzu aldi hartaz?
BM: Alde batetik, oso latza izan zen niretzat. Argitu beharra daukat, gainera, lanpostu berria lortzeko oposizio prozesu osoa egin behar izan nuela, jakina, ez zen lekualdaketa hutsa izan. Lanaren aldetik, oso esperientzia gogorra izan zen, itzultzen trebatzeko asko balio izan zidala aitortu behar dudan arren; eta alde onenak, askotan gertatzen den bezala, alor pertsonalekoak izan ziren. Lankide oso onak izan nituen: Ramon Etxezarreta, Joan Mari Agirre, Iñaki Ibañez eta laurok ginen lan taldean. Bereziki, Ramon Etxezarretak asko lagundu ninduen, Castelao itzultzera bultzatu ninduen... Nik ikasle garaitan ezagutzen nituen «izen handi» haietako bat zen, Oh! Euzkadi aldizkarian ibilitakoen artekoa. Haiek irakurtzen nituen Santutxu erdaldun batean, liluraturik, zalantza ere egiten nuen Ramon Saizarbitoria edo Koldo Izagirre benetakoak ote ziren, hezur-haragizkoak, edo... Halako batean, haietako bat lankide izatea gauza ikaragarria zen; hori alde batetik. Bestetik, bai Ramon Etxezarretari bai Joan Mari Agirreri, asko ikasi diet euskaraz, eta haiekin trebatu nintzen, benetan, itzultzaile lanbidean. Alderdi on horiek inolaz ere kendu gabe, administrazioko itzulpengintza oso gogorra gertatu zitzaidan beti. Badakit administrazio barruan badirela itzultzaile on askoak, lana oso txukun eta taxuz egiten ari direnak. Lankideen artean, besteak beste, beti gogoratuko dut gerora EIZIEko lehendakari izan zen Joseba Erkizia, gauza askotan eredu izan baitzen niretzat. Orain badakit gauzak askoz ere hobeto antolatzen direla administrazioan, baina orduan alferreko lan asko eta asko egiten ziren oraindik.
Dena dela, aldizkari ofiziala ilusioak hiltzeko makina bat zen, ikaragarri gogorra. Gainera, indarrak ahitu egiten zizkidan beste ezer itzultzeko. Lan ordutegia txandaka bete behar izaten genuen, eta arratsaldeko seietan edo, komunera joan, eta neure burua ikusten nuen, zer ari ote nintzen argitu ezinik... 30 urte bete nituelarik, pentsatu nuen langintza hartan luzaz irauten banuen, burutik eginda bukatuko nuela. Ordurako eginak nituen Castelao-ren eta Tahar Ben Jelloun-en itzulpenak, baita ere hasia nintzen zertxobait aldibereko interpretazioan... Beraz, erabaki nuen nire bide horri jarraitu behar niola.
Senez: Aldi berean administrazio edo lege alorreko itzulpengintza eta literatur testuak itzultzea oso egoera arrunta da Euskal Herrian, literatur itzulpenaren esparruan lan bikain asko egindako itzultzailerik ez da falta, administrazioarentzat edo besterentzat testu pragmatikoak itzultzen bizibidea ateratzen dutenak. Zerorrek esan duzu literatura soilik itzulita bizitzea ezinezkoa dela.
BM: Ez dut esan nahi, inola ere, lan bi horiek bateraezinak direnik itzultzailearentzat, alderdi teorikoan behintzat. Hartarako gaitasuna duena, bego horretan. Nik ezin izan nuen eraman. Gainera, jabetu nintzen halako batean euskara hobetu eta sakondu beharrean, herdoildu egiten ari zitzaidala, tresna ortopedikoa ari zitzaidan bihurtzen. Alde horretatik, ez naiz oso itzultzaile sistematiko edo ordenatua. Belarriz jokatzen dut, irakurtzen ditudanak kontuan hartuta, eta abar. Administrazioko itzulpengintzan askoz ere sistematikoago jokatu behar da, ezin da halako «arinkerietan» ibili. Orduan ohartu nintzen nik ez nuela lan hartarako balio. Lagunek eta adiskideek esaten zidaten ea ongi pentsatu ote nituen gauzak, lanpostu eta hileroko ordainketa ziur bat utzita zer egin behar ote nuen. Beharbada, garai hartan ez zegoen, edo nik behintzat ez neukan, halako beldurrik, beraz lana utzi eta nire kasa hastea erabaki nuen.
Senez: Gauzak aldatuak izango dira, beharbada, euskal itzulpengintzaren esparruan 1990etik hona, baina hainbeste ere ez: orduan, gaur bezala, literatura itzulita bizi nahi izatea abentura gogor samarra izan daiteke. Hamar urteko lanpostu finkoaren ziurtasuna utzita, kontrabidean abiatu zinen, itzultzaile askok eta askok egingo zuketenaren aurka.
BM: Egia da nire kasako hasierako urte batzuetan latzak pasatu nituela diru aldetik. Jakina, ohitura asko aldatu behar da bat-batean, ziurtasunik ez dago hilaren amaieran diru kopuru jakin bat jasotzeko, eta abar. Beraz, ez nuke inolaz ere koadro idiliko bat marraztu nahi: nire gisa lan eginda, nahi dudanean egiten dut lana, gustuko lana gainera, baina dena jarri behar da balantzan, arriskuak ere bai. Nik suerte handia izan dut, egia da, baina bilatu ere egin dut. Gauzak ez dira berez etortzen. Nik administrazioko lana utzi aurretik, esan dudan bezala, literatur lan batzuk eginak eta argitaratuak nituen, eta interpretazio lanetan ere zertxobait saiatua nintzen. Bidea garbi samar ikusten nuen, beraz. Lehen literatur itzulpen haiek erakutsi zidaten horixe zela, hain zuzen ere, itzulpengintzaren barruan nik benetan atsegin nuen lana. Gero, aldibereko interpretazioak badu, egia esateko, berehalakotasunaren xarma, barne-barneraino sartu eta harrapatzen zaituena. Hasieran ez nuen pentsatu interpretazioan modu profesionalean aritzerik, eta literaturaz gaindiko bestelako testu pragmatikoak ere itzuli behar izaten nituen, biziko banintzen, baina argi neukan hori ez zela bidea, horretarako hobe nuela nire funtzionario lanpostura atzera joatea.
Senez: Beraz, horrela iritsi zinen literatur itzulpengintzara, eta bi eratako lanetan hasi zinen: alde batetik, portugesetik itzultzen; eta bestetik, euskaratik gaztelerara itzultzen.
BM: Neurri batean, etorritako aukeren arabera abiatu nintzen bi bide horietan, neronek ere bilatu nituen arren. Gaztelerara itzultzea eskatu edo proposatu egin zidaten eta, jakina, nire ama hizkuntza gaztelera denez, pentsatu nuen huraxe zela itzultzaile gisa jarduteko modu naturala. Gero, lanean hasita, sorpresa handi samarra ere hartu nuen, zenbateraino zegoen nire gaztelera zalantzaz beterik. Ikasketa guztiak, unibertsitatekoak barne, gazteleraz eginak nituen arren, aditz bakoitzari zegokion preposizioa aurkitu ezinik ibiltzen nintzen. Pentsatzera ere iritsi nintzen: «Euskaraz ia ez dakit, gazteleraz ere ez?» Azkenean, ohartu nintzen trebatze kontua zela, ez besterik. Portugesaren kontua ere berdintsu etorri zitzaidan, argitaletxeen eskariz. Castelao-ren lana euskaratu nuenerako, galegoz zerbait irakurria nuen, Susa argitaletxekoak lagunak nituen, aurreko Castelao-ren bi lanak Ramon Etxezarretak eta Koldo Izagirrek itzuliak ziren, eta Etxezarretak bultzatu ninduen, baita lagundu ere, Sempre en Galiza obra euskaratzera, izatez zehazki literaturakoa ez den liburua, kazetaritza edo entsegukoa baizik. Galegotik portugesera pasatzea ez da zaila, noski, eta argitaletxeetatik eskaintza politen bat jaso nuen bakoitzean ez nuen ukorik egin, berdin gaztelerara izan edo euskarara izan. Hasieran, literatur itzulpenetan hastea erabaki eta nire kasa hasi nintzenean, denboraldi bat Frantzian egin nuen, frantsesa hobetzen. Pentsatzen nuen, hurbiltasunagatik eta abar, aukera askoz gehiago izango nuela frantsesetik itzultzeko, baina ez da horrela izan, inolaz ere. Egin dut lanik frantsesetik euskarara, literaturako lanak eta komikiak, baina nonbait jende gehiago dago frantsesetik lanean. Portugesarekin, ordea, ez dago ia jenderik. Pentsa, azken urteotan lan asko egin dut portugesetik gaztelerara.
Senez: Orain arte portugesetik, bai euskarara bai gaztelerara, egin dituzun itzulpenak ikusita, irudi luke hautu jakin batzuk egin dituzula, edo egile hain ezagun ez direnen obrak, edo egile ezagunagoen obra bitxiak. Portugesezko literatura «zentraleko» obrak izan ordez, batzuetan badirudi egile edo obra periferikoagoak hautatu nahi izan dituzula.
BM: Bi gauza nahasten dira hor. Batetik, frantsesarekin gertatu zitzaidan, hasi nintzenean Mahgreb-eko literatura ezagutu nuela, eta Tahar Ben Jelloun-en obra argitaratzea neronek proposatu nion argitaletxeari, itzuli ondoren. Aukera gehiago eduki izan banu, Mahgreb-eko literaturako obra gehiago itzuliko nituzkeen zalantzarik gabe. Portugesarekin ere bide berdintsua egin nuen: galegotik (Castelao) Portugaleko literaturara (Cardoso Pires, Tavares, Rebello, Torga...), eta handik Afrikako portuges literaturara (Mia Couto, Peixoto). Brasilgo literatura, aitor dut, ez dut ia ezagutzen, baina Afrikan portugesez egiten den literatura, berriz, izugarri ona iruditzen zait.
Senez: Beraz, horrek esan nahi du baduzula itzuliko dituzun autoreak edo obrak hautatzeko egokiera edo askatasunik? Zenbateraino dira zure hautu pertsonalak, eta zenbateraino argitaletxeek edo merkatuak ezarritako mugakizunak?
BM: Kontuan izan behar da literatura itzultzea lan ikaragarria dela, niretzat behintzat. Nik oso geldo egiten dut lana, eta gaizki ordainduta dago, beraz nahiago izaten dut ez jakitea ere lan ordua zenbatean ateratzen zaidan. Alde ona, berriz, atsegineko lana egitea da: hartzen duzu obra eder bat, eta hura itzultzen iragandako denborak ez du preziorik, nire ustez. Besterik ez bada, lagunei esateko: «To, eta irakurri hau, merezi du eta!». Atsegin hutsez egindako lan hori ordaindu egiten badizute, gaizki bada ere, zer esango duzu, primeran!
Beste aldetik, nik ongi asko ezagutzen ditut neure buruaren mugak —denak ez dizkizuet azalduko, badaezpada ere—, eta badakit, egun behintzat, literatura garaikidea deitzen den hori itzul dezakedala, ez besterik. Salbuespen bakarra Sade markesaren lana izan da, baina hor Juan Martin Elexpururekin batera lan egin dudala azpimarratu behar dut, bestela ez nuen egingo. Asko ikasi eta landu beharko nuke neure burua literatura zaharra itzultzeko. Hezkuntza aldetik, ez dut neure burua prestaturik ikusten garai zaharretako literatura euskaratzen hasteko: gaur egun erabilgarri ez ditudan beste erregistro batzuk landu beharko nituzke. Berdin, portugesetik gazteleraz jarri beharko banu oso aspaldiko testu bat, badakit ezinean ariko nintzatekeela. Horretara jartzeko egin beharko nukeen lana hain handia da, eta gaur egungo literaturan hainbeste gauza interesgarri ikusten ditut bazterretan, ezen bai baitakit seguruen ez naizela inoiz horretan hasiko, beste hizkuntzetatik itzultzen hastea oso gertagarria iruditzen ez zaidan bezala.
Portugesetik itzuli ditudan lan gehienak Hondarribiko Hiru argitaletxearentzat egin ditut, zorionez askatasun handia utzi izan dit argitaletxeak zer hautatu eta zer itzuli. Gainera, testu batzuk enkarguz itzuli izan ez banitu, hautamena guztiz nire esku utzi izan balidate, ziurrenik testu horiexek hartuko nituzkeen. Esate baterako, Peixoto. Ikaragarri gogorra gertatu zitzaidan itzultzea, lan itzela, ez dakit itzulpena irakurtzerakoan antzemango ote den, baina hain prosa ederra iruditu zitzaidan, hain harrigarria gertatu zitzaidan idazle gazte batek halako gauza latz eta gordinak edertasun horretaz kontatzea, ezen maitemindu egin bainintzen prosa horretaz.
Senez: Zer nolako esperientziak izan dituzu euskal idazleekin, haien obrak gaztelerara jarri izan dituzunean? Egileekin zure itzulpena eztabaidatu edo, gutxienik, berrikusteko aukerarik izan duzu?
BM: Esperientzia arras onak, oro har. Euskaratik gaztelerara itzuli ditudan obra gehienak, handik edo hemendik argitaletxeen eskariz egin izan ditut, oro har. Sarrionandiarenarekin hasi nintzen, eta geroztik langintza horrek aukera oso ederrak eman izan dizkit: bizirik dauden idazleak dira, ondoan dituzunak maiz, beraz egilearekin elkar hartuta lan egitea gauza handia da itzultzaile batentzat.
Nik beti aurkeztu nahi izan diet egileei nire itzulpena argitaletxera jo aurretik, iruditzen zait errespetuzko gutxieneko jarrera dela hori. Portugesezkoekin ere berdin egiten dut: argitaletxeak harekin harremanik baldin badu, eta gazteleraz irakurri eta ulertzeko gai dela baldin badakit, harekin loturaren bat sortu nahi izaten dut, besterik ez bada itzulpenaren harian sortzen zaizkidan zalantzak galdetzeko, beti sortzen baitira zalantzak, nahitaez. Batzuek, beraz, irakurketa soil baten ondotik, oniritzia eman eta beste lan handiagorik hartu gabe jokatu dute, baina beste batzuek buru-belarri sartu nahi izan dute. Gogoan dut, esate baterako, Aingeru Epaltzaren Ur uherrak (Agua turbia) egin nuenean, egilearekin ordu luzeak egin nituela, itzulpenaren lehen zirriborroaz hark egindako oharpenen inguruan, zuzenketak egiten, eta abar. Oso lan aberasgarria izan zen niretzat, benetan eskertzen diot Epaltzari, itzulpenarekiko atxikimendu ikaragarria erakutsi baitzuen.
Niretzat, oso garrantzizkoa da egileek gustukoa izatea nire itzulpena. Badakit, noski, ez dela inoiz izango haiek egingo luketen bezalakoa, baina egilearen oniritzia gauza funtsezkoa da niretzat. Nik badakit irakurle orok duela bere ikuspen propioa testuari buruz, itzultzailea beste irakurle bat gehiago da, beharbada beste guztiek baino sakonago irakurtzen dakiena, baina irakurlea azken finean... Egileak testua idatzi du, baina irakurle bakoitzak testu hori modu berezi eta bakan batean irakurriko du; ezinezkoa da, beraz, idazlearen azalean sartzea, baita itzultzailearentzat ere. Saiatu behar duzu, jakina, zure lana egiterakoan fidel izaten eta abar, baina inoiz ez duzu lortuko idazlearen barne muinetaraino iristea, hark hizkuntza batean egin zuena, zeuk beste hizkuntza batean berdin-berdin egiteko. Horregatik, nik idazleari itzulpena bidali, eta hark aitortzen badit itzulitako testu horretan bere lana ezagutzen duela, hori aski da niretzat. Filmetan bezala, eleberriaren idazleak filma ikusi eta bere burua han ezagutzea, horra nire helburua. Horrek ez du esan nahi itzulpen ona edo txarra denik, ez da inolako bermea, alegia, baina egilearekiko konplizitate horrek berotasun edo bizitasun berezi bat ematen diola itzulpenari iruditzen zait. Gainera, idazlearekiko harremana, trinkoa nahiz arina izan, beti da aberasgarri. Itxaro Bordarekin ere izan nuen harreman estua, bere testua (1989, allegro ma non tropo) gazteleraz jarri nuenean. Euskarazko testua zen noski, itzuli beharrekoa, baina beste euskara bat, gazteleraren erreferentzia hurbilik gabea, alde batetik hobea faux amis horien lazoan ez erortzeko, baina beste aldetik askotan zailagoa. Berdin gertatu izan zait Koldo Izagirreren testuekin: ez dizute ihesbiderik uzten, euskararen muinetik idatziak daude, erdal munduaren erreferentziak beti izango dituzte, nahitaez, baina itzulpena egiterakoan estu jokatu beharra daukazu.
Azkenerako, hemengo idazleekin euskaratik gaztelerara ari naizenean, ezin dut bistatik galdu egilea bera izango dela nire lanaren kritikaririk zorrotzena. Horregatik, itzulpen prozesuaren barruan toki bat bilatu behar zaio idazleari, baina adibidez nik ez diet inoiz nire lana ematen osorik amaitzen ez dudan bitartean. Edo onartzen dute edo ez dute onartzen. Zuzenketak egin daitezke, noski, baina itzulpen korpusa hor dago, bestela ezinezkoa da gauzak ongi eramatea, nire ustez. Badakit badirela beste ereduak ere, adibidez Jorge Jimenez eta Anjel Lertxundirena, baina ez dut uste oso eredu hedagarria denik hori: harreman pertsonal estu batez gain, egile bakarreko itzultzaile batez ari gara, eta hori ez da nire kasua.
Senez: Itzulpengintzaren aldeko esperientzia horiez gain, literaturaren esparruan hainbat lan egiteak esperientzia literario apur bat ere emango zizun. Zerorrek esan duzu arestian itzultzailea «irakurle aditu» bat dela. Zer iritzi daukazu, literaturaren ikuspegitik, itzuli izan dituzun lanei buruz?
BM: Gauza asko nituzke esatekoak. Esate baterako: portuges literatura ezezagunagoa dugu munduko herrialde urruneneko asko baino, harrigarria da benetan. Portugalen obra sail handi bat eta irakurleen artean arrakasta handia duten idazleak badira (Urbano Tavares, Mario Carvalho, Miguel Torga, Cardoso Pires bera, bakarren batzuk aipatzeagatik), eta gure artean inortxok ezagutzen ez dituenak. Oroitzen naiz, adibidez, Torgaren lana (Piztiak) itzulita argitaratu zidatenean, Bilboko Verdes liburu dendako arduradunek esan zidaten zenbait lagun agertu zitzaizkiela esanez ea lana euskaraz bakarrik atera ote zen. Torgaren lan hori ezagutzen zuten, nonbait, 40ko urteetan gazteleraz egindako argitalpen labur inon aurki ez daitekeen horietako baten bitartez, eta espero zuten nonbait nire itzulpena gazteleraz ere izango zela. Behingoagatik, euskaldunok aurrea hartu genuen. Berdintsu gertatu zitzaidan, gaztelerari buruz, Mia Coutoren lanarekin (Cronicando), ordu arte gazteleraz argitara gabeko idazlea baitzen. Couto ere adibide garbia da, portuges literaturaren urruntasun hori erakusten duena; aurten, ikusia dut Tarazonako literatur itzulpeneko jardunaldietan halako lantegitxo bat zutela portuges literaturari buruz, tartean «Entre narración y poesía: un cuento de Mia Couto» gaia, Mario Merlinok gidatua. Couto idazle zoragarri bezain ezezaguna da gure artean. Pentsa: nire lanaren ondotik, Madrilgo argitaletxe batek Coutoren eleberri bat gazteleraz kaleratu zuenean, «Coutoren lehen liburua gazteleraz» bezala saldu zuten; gero, zuzendu behar izan zuten, noski.
Senez: Esaten ari zaren kontu hori, literatura lusofonoak gure artean duen hedadura urria alegia, loturik dago Xose Luis Méndez Ferrín-en Mugaldeko jendea (jatorriz Arraianos) ipuin liburuaren gaiarekin...
BM: Itzuli aurretik ezaguna nuen liburua, oso liburu ederra da nire iritziz. Izatez, itzulpena 1998an argitaratua izan zen, baina urte batzuk lehenago, 1993an, Susa aldizkariaren 30. alean kaleratu nuen bilduma horretako ipuin bat, Militantearen amets urdinak (O militante fantasía). Geroago, Xabier Mendiguren Elizegi Elkarreko editoreak eskaini zidan ea liburua osorik itzuliko nuen. Berehala onartu nuen, noski. Liburu horretan, egia da, Galiziak eta Portugalek bat egiten duten inoren lurralde hori erakusten da, elkarrengandik hain hurbil eta hain urrun diren bi mundu horien egoera. Euskal Herritik ikusita, nik esango nuke guztizko urruntasun hori berdin-berdin gertatzen zaigula galegoekin; Méndez Ferrín hemen inork gutxik ezagutzen du, idazle handi bat izanik. Idazle gisa lortu duen maila ez da goizetik arratsera lantzen, asko kostatzen da, eta hemen berriz irudi luke Manuel Rivas eta Suso de Toro besterik ez direla Galizian. Nik behintzat, adiskideren bat Galiziara edo Portugalera doala dakidanean, edo neroni inoiz joaten banaiz, liburu dendetan denetatik erosi, eta lagunen artean partitzeko ohitura daukat. Denetatik egoten da, noski, baina oso maiz agertzen zaizkit idazle zoragarri guztiz ezezagunak, perla bitxiak benetan. Mugak buruan ditugu, benetan, mugak ez dituzte hizkuntzek jartzen. Literatura itzultzeak duen beste funtsezko ezaugarri bat, hain zuzen, horixe da: lotura intelektualak. Ni ez naiz Afrikan izan, Portugaleraino iritsi naiz ozta-ozta, ez dut Mahgreb ezagutzen, baina nolabait egona naiz leku horietan, askotan egoten naiz, hango idazleen lanak irakurri eta itzulita.
Senez: Zure itzulpengintzaren beste alderdi bat nabarmendu beharra dago baita ere, komikiarena alegia. Zergatik komikia?
BM: Aitortzen dut komikizale amorratua naizela. Nire erabaki soila balego tartean, komikia askoz ere gehiago itzuliko nuke, baina tamalez inork ez du komikia argitaratu nahi, oso garestia da, irakurle kopuru urria du. Orain Jean François Sauré-k oso gauza on eta txukunak kaleratzen ditu lantzean behin, baina bakarretakoa da zoritxarrez. Komikiak euskaratzen Argia aldizkariak behinola argitaratu izan zuen TXT komiki aldizkaritxoan hasi nintzen. Han, besteak beste Corto Maltese-ren komikiak itzuli nituen, eta hori komikizale batentzat gailurra da; nik esan dezaket, harro gainera, noizbait Corto Maltese itzuli nuela! Ez didazue sinetsiko, baina etxean haren posterra daukat horman itsatsita, Rasputin-enarekin batera... Beraz, komikia itzultzeak deus askorik ematen ez badu ere, diru aldetik esan nahi dut, parean azaltzen zaizkidan aukera guztiak hartzen ditut. Komikia itzultzeak badu, bestalde, bere erritmo eta arau propioa, antzerkiak duen bezala. Antzerkian, adibidez, ezin duzu ahantzi esaldiak ez direla idatziz gelditzeko sortzen, ahoz esateko baizik; beraz, itzultzen ari zaren heinean, esaldiak ahoz esatea eta entzutea komeni da. Komikian, espazio oso laburra dago itzulpena sartzeko, euskaraz batzuetan hitzak luzatu egiten zaizkigu nahi gabe, beraz laburtasuna oso garrantzizkoa izan daiteke, gauzak labur eta bizi esatea, alegia. Ez dago, maiz egiten dugun eran, parafrasiaren ihesbidea erabiltzerik. Oso itzulpen depuratuak egin behar dira, onomatopeia asko ageri dira, adierazkortasunari eman behar zaio lehentasuna, testua irudiari egokitu behar zaio askotan...
Liburu bakoitzak, genero bakoitzak zailtasun eta ezaugarri bereziak ditu, baina itzultzea beti da zaila, langintza errazik ez dago. Esate baterako, oraintxe bukatu berria dut Germano Almeida, Cabo Verdeko idazle baten lan baten itzulpena, O Testamento do Sr. Napumoceno da Silva Araújo. Esaldi amaigabeak darabiltza, punturik gabeko periodo luze-luzeak; portugesez irakurtzerakoan, hain da gozoa, ezen euskarara pasatzerakoan erritmo gozo hori jaso behar baita nolabait ere. Beste kasu batzuetan, Peixotorenean esate baterako, sintaxia ez da batere zaila, portugesetik gaztelerara egin nuen, tipologiaz oso hurbileko diren hizkuntzak, baina oso testu poetikoa denez, hitz bakoitza zaindu beharra dago, banan-banan, poetikotasun hori jasotzeko.
Senez: Mintza gaitezen apur bat interpretazioaren alderdiaz. Literatur itzulpengintzak eskatzen duen lan pausatu eta geldoaren alderantzizko muturrean jar daiteke aldibereko interpretazioa. Biak batera, zergatik?
BM: Niri alderdi biak guztiz elkarren osagarriak gertatzen zaizkit, egia esan behar badut. Oroitzen naiz nire lehen interpretazio saioa, modu profesionalean, EUDELen sorrera bilkuran egin nuela, 1982an edo, Pello Zabaleta, Koldo Tapia eta Juan Luis Egireunekin batera. Lehenengoak baizik ez zuen, orduan, esperientzia apur bat. Gainerakoak ahal bezala aritu ginen, noski, baina berehala ohartu nintzen aldibereko interpretazioaren muinaz: hor daude elkar ulertzen ez duten pertsonak, eta zu tartean sartzen zara, elkarren komunikazioa bideratzeko, benetan baliozkoa den zerbait, eta berehalako emaitza duena.
Oso esperientzia gogorra izan zen lehen bataio hura. Bilkura astelehenean hastekoa zen, aurreko larunbatean joan ginen frogak egitera, erabili beharreko tramankuluak zer ziren ere ez baikenekien zehazki. Larunbat arratsa eta igande osoa igaro nuen pentsatzen: «Deituko dut eta esango dut gaixorik nagoela eta ezin dudala joan». Azkenean, joan egin nintzen, gazte eta ausartagoa nintzen, baina orain ikusita, pentsatzen dut izugarria dela ni sartu nintzen bezala sartzea lehenengo aldiz interpretazio kabinara.
Interpretazio lana, alde batera begiratuta, idatzizko itzulpenaren alderantzizkoa da. Idatziz pausatu egin behar duzu, gauzak lasai hartu. Aldiberekoan, berriz, dena bat-batean egin behar da, arintasuna da nagusi. Ulermen handia behar da, mintzatzeko jariotasuna behar da, gauza bera hiruzpalau modutan esateko bizkortasuna behar da, baina, batez ere, kontzentrazio gaitasun ikaragarria behar da, lanean ari zaren une guztietan guztiz kontzentraturik egon beharra daukazu ezinbestean, aski duzu segundo pare batean haria galtzea hitz totelka hasteko, eta kabina barruan hori ezinezkoa da. Interpretazioa ez da, inolaz ere, dohain natural bat, ikasi egiten da; jakina, gutxieneko batzuk behar dira berezkoak, hizkuntzetarako erraztasun apur bat alegia, baina entzuten ari zaren diskurtsoa denbora izugarri labur batean aztertu, ulertu eta hor atzean dagoen esanahia beste hizkuntza batean botatzeko mekanismoa, hori ikasi egin daiteke zalantzarik gabe.
Horrez gain, autokontrola ere oso garrantzizkoa dela iruditzen zait. Kabinako lana estres handiko lana da, beraz norberaren mugak ondo kontrolatzen ikasi beharra dago.
Azkenerako, itzulpengintzaren esparru bakoitzak badu bere eskakizuna: ni, esate baterako, ohartu nintzen ez nuela administrazioko itzultzaile izateko balio, hor eskatzen diren sistematikotasuna, ordena, diziplina eta abar nik ez dauzkat. Aldiz, aldibereko interpretazioak sortzen duen adrenalina oso gogokoa dut, berehalako emaitza ikuste hori, eta abar. Esate baterako, nekazarien bilkuretan, badira Iparraldekoak, euskaraz eta frantsesez dakitenak, badira nafar euskaldunak, badira nafar erdaldunak... Horien artean, interpretea ez balego, elkar ulertzea ezinezkoa gertatuko litzateke. Halakoetan, eztabaida biziak gertatzen direnean, eta zu hor tartean zaudenean, hizketan eta entzuten ari direnak ohartu ere egiten ez direlarik, hori oso gauza ederra da, emaitza bertatik bertara ikusten duzulako.
Alde horretatik begiratuta, iruditzen zait itzultzaile eta interpretea badirela, nolabait esateko, ezkutuko pertsonaiak, eta hori ere polita da: zure lana ongi egiten duzunean, ez da nabarmentzen zu hor zaudela. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, gero zure lanak begirunea eta onespena merezi ez duenik, baina lanean ari zarenean, zure eskua ez nabarmentzea, hori da itzultzailearen zeregina.
Senez: Itzulpengintzaren irakaskuntzari ere arreta pixka bat jarri izan diozu. Zergatik?
BM: Beste gauza askotan bezala, garaian garaiko jarduna izan da itzulpengintzako irakaskuntza niretzat. Egia esateko, aldibereko interpretazioko ikastaroak eman izan ditut batik bat, Lurdes Auzmendirekin batera. Interprete guztiok bezala, nik ondotxo dakit zein zail eta gogorra den langintza hori. Oraintxe aipatzen nuen lehen interpretazio saio hura oso gogoan izan dut beti: nik pasatu nuen larridura itzela ez diot etsairik handienari ere opa. Beraz, interprete lanpostuak han eta hemen sortzen hasi zirenean, eta jendeak ikasi beharra sortu zenean, berehala pentsatu genuen gutxieneko prestakuntza bat antolatu beharra zegoela. Guk ez dakigu askorik, baina gutxienez badugu eskarmentu apur bat. Gainera, interpretazio lanetan oso garrantzizkoa da zein hizkuntzatatik zein hizkuntzatara egiten duzun. Mekanismoa berdina da beti, baina décalage oso desberdina dago batetik bestera. Idatzizko itzulpenari buruzko ikastaro edo mintegi batzuetan ere parte hartu izan dut, batez ere irakasleen prestakuntza gaietan. Izan ere, irakaskuntzan borondaterik onenean testuak itzultzerakoan batzuetan egiten diren astakeriak ikusita, izatez euskaldun petoak diren irakasleek itzultzen hasten direnean egiten dituzten astakeriak esan nahi dut, iruditu izan zait hastapeneko akats batzuk kendu edo arintzen lagundu dezakedala. Hortik aurrera, egia esan behar badut, irakaskuntzak ez nau gehiegi erakartzen.
Albo askotariko itzultzailea dugu Bego Montorio, lanbidearen esparru guztiak gutxi edo gehiago landutakoa, itzultzaile poliedrikoa. «Sakabanatuegi ari izan ote naizen, beldur pixka bat ematen dit horrek» aitortzen digu, baina aldi berean dispertsio mota hori itzulpengintzaren tasunetatik bat dela ere ezagutzea aldarri egiten du: itzultzailea da, ziurrenik, mundu globalizatu honetan geldituko den azken humanista, denetatik pixka bat bederen jakitera beharturik dagoen bakarra. «Idaztea oso lan bakartia da, betiere, itzultzailea azken funtsean bere itzulpenen idazlea besterik ez baita. Esparru estu horretatik ateratzea komeni da, ezin da irakurriz eta idatziz bakarrik bizi, kanpoan arnas hartzea oso aberasgarria da, eta niretzat interpretazio lana edo irakaskuntza, azaldu ditudan neurri horretan, arnasbide ederrak dira».
Itzulpen ikasketak mintzagai izan ditugu, elkarrizketaren amaieran. Zorrotz dakusa gure unibertsitatean ikasketok hartu duten bidea: «Filologo eta hizkuntzalari outsider gehiegi dabil bazterretan, itzulpenari buruz teorizatzen, itzulpena zer arraio ote den jakin ere egin gabe. Oso erraza da teoriak azaltzea, baina, demontre, noizbait pantailaren aurrean jarri beharra dago, taka-taka testua itzultzen, hasi eta buka. Ez dut esango jardunean estropezu egiten bakarrik ikasten denik —nik hala egin badut ere—, baina seguru nago ezinezkoa dela itzulpen teoriaz benetan jabetzea praktikak planteatzen dituen arazo errealei aurre egin gabe».
Bego Montoriok itzulitako lanak (argitalpenaren hurrenkera kronologikoan)
Castelao (1986) Beti Galizan: («Sempre en Galiza»ko pasarteak). Donostia, Susa
Ben Jelloun, Tahar (1990) Bakarkako isolamendua. Donostia, Susa
Sarrionandia, Joseba (1991) No soy de aquí. Hondarribia, Hiru
Betto, Frei (1993) Uala maitasuna. Tafalla, Txalaparta
Jimenez, Edorta (1994) El último fusil. Hondarribia, Hiru
Epalza, Aingeru (1995) Agua turbia. Hondarribia, Hiru
Otamendi, José Luis (1996) Desde aquí: (antología del cuento vasco). Hondarribia, Hiru
Borda, Itxaro (1996) 1989, allegro ma non troppo. Hondarribia, Hiru
Couto, Mia (1996) Cronicando Tafalla, Txalaparta
Izagirre, Koldo (1997) Malandanzas de un Aguirre llamado Mecha. Hondarribia, Hiru
Rebello, Luiz Francisco (1997) La desobediencia. Hondarribia, Hiru
Alonso Fourcade, Jon (1997) Paciencia de buey. Tafalla, Altaffaylla Kultur Taldea
Torga, Miguel (1997) Piztiak. Irun, Alberdania
Méndez Ferrín, X.L. (1998) Mugaldeko jendea. Donostia, Elkarlanean
Pires, José Cardoso (1999) Cuerpo del delito en la sala de los espejos. Hondarribia, Hiru
Casalderrey, Fina (1999) Ilenti. Bilbo, Desclée de Brouwer
Martín, Paco (1999) Robot txiki bat. Bilbo, Desclée de Brouwer
Saizarbitoria, Ramon (1999) Amor y guerra. Madril, Espasa Calpe
Costa, Helder (2000) El príncipe de Spandau y otras piezas. Hondarribia, Hiru
Jimenez, Edorta (2000) La estela de los ahogados. Hondarribia, Hiru
Tavares Rodrigues, Urbano (2000) Tiempo de cenizas. Hondarribia, Hiru
Peixoto, José Luis (2001) Nadie nos mira. Hondarribia, Hiru
Sade, Donatien Alphonse (2001) Filosofia apaingelan. Tafalla, Txalaparta
Tellaetxe Isusi, José (2001) Ariadna eta hankapalo. Bilbo, Desclée de Brouwer
Jimenez, Edorta (2001) Epopeyas.
Antza, Mikel (2001) Un susurro bajo los pies.
Izagirre, Koldo (2001) Euzkadi merezi zuten.
Izagirre, Koldo (2001) La voz del difunto.
Sastre, Pablo (2001) Color de rosa.
Zabala, Juan Luis (2001) Nochebuena.
Dalbret, Mikel (2001) Irudika idurika. Baiona / Gasteiz, Gatuzain / Arabera
Veys, Pierre (2002) Sherlock Holmes kameliako gizonak. Legutiano, Jean François Sauré
Veys, Pierre (2002) Sherlock Holmes eta kirol arriskutsuetako elkartea. Legutiano, Jean François Sauré