Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Karlos del Olmo

Sarmiento Pérez, Marcos (editorea). 'Historia de la traducción y de la interpretación en Canarias'. Síntesis, 2017

Ezezagun samarrak gerta daitezke Euskal Herrian Kanariar Uharteetako itzulpengintza eta interpretazioa, aldez urruntasun fisikoagatik eta, partez ere, urruntasun intelektual halako batengatik. Guztiarekin ere, itzulpen ikasketetan aitzindari izan dira uharteak, eta, liburu honetako artikuluek erakutsi bezala, oso lurralde eraginkorra izan da Erdi Aroan «berraurkitu» zituztenetik gaur arte, itzulpengintzari eta interpretazioari dagokienez, bederik. Ez da harritzekoa, hortaz, unibertsitatean itzulpen ekintza, kulturartekotasuna eta bidaia literatura jorratzen dituen ikertalde bat eratu izana, ezta talde horren lanen ondorioak liburu honetara ekartzea ere. Taldearen hiru ikerlerro nagusi horiek dira liburuaren hezurdura.

Editorearen sarrera argigarri eta alde batera ezin utzizko baten ondoren, arestian aipaturikoaren erakusgarri, hona hemen egile eta artikuluen zerrenda:

    «Textos, traducciones y traductores de la primera crónica de la conquista de Canarias»:
      Le Canarien. Gisela Marcelo Wirnitzer.

    «Sobre la traducción al español de la primera descripción geológica del Archipiélago Canario»:
      Physicalische Beschreibung der Canarischen Inseln. Ana María Monterde-Rey, Marcos
      Sarmiento Pérez.

    «En torno a la traducción al español de los informes consulares británicos sobre Canarias
      (1854-1914): un documento histórico de carácter comercial». Karina Socorro Trujillo.

    «San Mao y la traducción de Mafalda al chino en las islas Canarias». Xavier Lee Lee.

    «Die Vermittlung kultureller Selbst- und Fremdbilder in modernen Übersetzungen historischer
      Reiseberichte». Translatologische Überlegungen zu Hermann Christ: Eine Fruhlingsfahrt nach
      den Canarischen Inseln (1886). Un viaje a Canarias, en primavera (1998). Heidrun Witte.

    «La projection des oeuvres d’auteurs canariens dans le monde francophone par le biais de la
      traduction». Marie-Claire Durand Guiziou.

    «Intérpretes en la bibliografía sobre la Inquisición en Canarias». Goretti García-Morales.

    «El codiciado título de intérprete de la Inquisición: el caso de Honorado Estacio».
      Marcos Sarmiento Pérez.

    «Interpretación de conferencias en las relaciones canarioafricanas»: Casa África.
      Agustín Darias Marrero.

Marcos Sarmiento Pérezek aurkezpenean dioen moduan, etnia, kultura eta hizkuntzen fusio halako bat izan du ezaugarri nagusitzat Kanariar Uharteen historia europarrak hasieratik bertatik, eta halaxe dirau egun ere. Luzaro iraun dute Santoyok blank space deritzona izaten uharte horietako itzulpengintzak eta interpretazioak. Eta, gezurra badirudi ere, ikertuagoa izan da, dena dela, interpretazioaren historia itzulpengintzarena berarena baino. Metodologiaren ikuspegitik, bi ezaugarri ezarri dituzte mugakizun: aztertu beharreko itzulpenak artxipelagoan eginak izatea edo itzulpenen gaia uharteak eurak izatea. Bestalde, itzulpenaren eta interpretazioaren historia aztertzean, batez ere bi langintza horien arkeologia hautatu dute erdigune: bestela esanda, «nork, zer, nola, non, noiz, norentzat itzuli edo interpretatu zuen eta horren ondorioak». «Zergatik?» itaunari erantzun gura izateaz gain, badute taldekideek beste jomuga bat ere: itzultzailea eta interpretea «ikusgarri» egitea, baina ez edozelan, inguru jakin batean baino. Arkeologia lan horrek, ezbairik gabe, zutoinak ezarriko ditu itzultzaile eta interpreteen profilak ikertzeko, lan baldintzak argitzeko, sorburuko itzulgaiaren beraren itzulpenak alderatzeko, estatistika lanak egiteko eta abarrerako.

Historiak, hortaz, zama handia du ale honetan, batez ere bi erakunde ardatz dituzten edukiek: Inkisizioa eta XX. mendean Espainiako Estatuak eraturiko Casa África.

Azken batean, Afrika hurbil-hurbil izateaz gain, lehen harremangune izan ziren Erdi Aroan uharteok Atlantikora jotzeko, bai eta Gaztelako Erresumaren muga atlantikoa ere. Hamabosgarren mendean italiarrek eta portugesek uharteak «berraurkitu» zituztenetik, portugesez, italieraz, katalanez, gaztelaniaz eta abar saiatu ziren uharte horiek menderatzen, uhartetarrek amazigh bereber hizkuntzaren zazpi dialektoz berba egiten baitzuten. Ezinbestekoa, hortaz, interpreteak trebatu eta bitartekari erabili beharra. Hamabosgarren mendeko konkista hori jasotzen duen kroniketako bat, Le Canarien, aurkezten du aztergai liburuak.

Atlantikoko Babel hura hizkuntzaz eta kulturaz aberatsago bihurtu zen Afrikatik esklabo «mairu» eta beltzak eramaten hasi zirenetik, azukre landaketetan zein etxeko lanetan aritzera. Eta, zertan esanik ez, azukrea, esklaboak eta beste salgai batzuekin tratutan jarduten zuten merkatari portugesak, italiarrak, frantsesak, ingelesak, flamenkoak, alemanak eta abar hara joatearen ondorioz. Azukrea besterik ez ekoiztetik bestelako negozio mota batzuetara igarotzeak ez zuen moteldu itzultzaile eta interprete beharra, kontrakoa baizik. Erdi Aroan, edozertarako eta edonon behar izaten zituzten itzultzaileak eta interpreteak: gortean, irakaskuntzan, merkataritzan, erregistroetan, notariotzetan, monasterioetan, erietxeetan, pelegrinen bideetan, portuetan, mugetan…

Baina jarduera sekular hori bezain inportantea izan zen erlijioaren ingurukoa; hain suertez, Inkisizioaren mendeko itzulpena eta interpretazioa. Bidenabar, esan genezake ezen Euskal Herriko itzulpengintzaren historiak oraindik baduela iker alor zabal- zabala erakunde gaitzesgarri horren inguruan. Liburu honetan jasotzen dutenaren arabera, atentzioa ematen du, ezinbestean, 1502. urtetik aurrera uharteetan bi lanbide horien inguruan eragina izan zuen sistema oso bat jarduten hasi izanak. Bestalde, garai hartako «Inperioa» kultur eta hizkuntza aniztuna zen, nahitaez; hortaz, itzulpengintzan oinarritua.

Hasi bidez, hizkuntzazko bitartekaritza noraezekoa izan zen Afrikako morisko bataiatuekin. Berehala, ordea, uharteetan bizi edo haietara heltzen ziren protestante europarrekin ere beharrizan handia gertatu zen. Ikerketak hastapenetan egon arren, Inkisizioarentzat lan egindako ehun interprete baino gehiago zerrendatu dituzte adituek: ez da harrigarri, dena dela, hiru mende eta erdiren ondoren. Itzultzaile eta interprete guztiak ez omen ziren berdinak gizarte estatusari zegokionez, eta pribilegio bereziak inguratzen zituzten haietako batzuek Inkisizioak ezarritako baldintzak bete eta erakundearen izendapen ofiziala lortu ondoren. Zertan esanik ez, hainbat lanbidetako pertsonak erabil zitzakeen Inkisizioak interpretetzat, gaitasuna izan zein ez. Gehienak gizonezkoak izan arren, dokumentuen arabera, lau emakume, behintzat, aritu izan ziren lanbide horretan, eta inon ez dute idatzita aurkitu emakumeek lanbide horretan lan egitearen aurkako debekurik. Interpreteak langile laguntzaileak ziren; alegia, ez zuten inkisidoreen forurik.

Bestalde, aurkibidetik bertatik ondorioztatzen denez, itzulpengintza aipagarri baten sorburu izan dira zientzialariek eta bidaiariek uharteon inguruan idatzitako liburuak, tasun exotiko eta mitiko halako bat izan baitzuten Kanariar Uharteek kontinente zaharreko adituentzat eta bidaztientzat.

Ezin aipatzeke utzi San Mao izeneko itzultzaile taiwandarrak Mafalda komikia txinerara nondik eta uharteetatik itzuli izana, XX. mendearen azken laurdenaren inguruan Kanariar Uharteetan bizi izan baitzen.

Gorago jaso bezala, hizkuntzazko bitartekaritza handiro bultzatu du Espainiako Gobernuak Afrikarekiko kanpo harremanak bideratzeko abiarazi zuen Casa África erakundeak, Espainiaren kultura eta merkataritza interesak bideratzeko asmoz.

Hortaz, itzulpengintzak eta interpretazioak Kanariar Uharteetan lehen zein gaur egun duten garrantzia ezagutzen hasteko aukera dugu liburua osatzen duten artikuluei esker, azken buruan Afrikarako eta Amerikarako ate eta muga moduan erabili baititu Europak, helburuak beti oso garbiak eta lege onekoak izan ez badira ere. Ezinbestekoak dira horrelako lanak itzulpengintzari eta interpretazioari historia unibertsalean merezi duten ikusgarritasuna eransteko.