Editoriala
Artikulua PDFn
Itzultzea musu ematearekin alderatu du berriki Marilena de Chiara literatura-irakasle, -aditu eta itzultzaileak Jot Down Magazine aldizkariko artikulu batean («Dos lenguas en la boca: el beso de la traducción», 2023). Haren arabera, bi hizkuntzak edo bi mihik elkarri musu ematea da itzultzea, elkar laztantzea, elkar erotizatzea, elkar korapilatzea, elkar kiribilkatzea, elkar elikatzea. Amodiozko keinu bat, azken batean. Carlos Batistaren Bréviaire d’un traducteur lanari tiraka, honela deskribatzen du itzultzearen ekintza:
Itzulpenaren esperientzian desira gailentzea gorpuzten du haragiaren metaforak: elkarrekin mintzatzeko desira, hizkuntza eta mihi eta aho batetik bestera aldatzeko desira. Itzultzen dudanean, beti badira bi hizkuntza eta bi mihi nire ezpainetan, elkar bilatzen dutenak, elkarri aurre egiten diotenak, elkarren atzetik ibiltzen direnak, elkarren bazterrak miatzen dituztenak: bien artean, ezagutzen ez zituzten papilak aurkitzen dituzte, eta berriz kiribiltzen dira eta elkarrekin urtzen, topaketaren intentsitateak umeldurik, mugimendu berrietara zabalik. Bi hizkuntzek eta bi mihiek elkar musukatzen dute.
De Chiararen hitzek bell hooks idazle eta aktibista feministaren ideiak ekarri zizkidaten gogora: pedagogia kritikoaz ari dela, ikasgelan erotismoari eta erosari toki egiteaz mintzo da, ez alderdi sexualetik begiratuta (baina alderdi hori guztiz alboratu gabe, inolaz ere), baizik eta geure burua ezagutzeko, autorrealizatzeko eta munduan hobeki eta beteago bizitzeko indar gisa ulertuta (2023, Transgresioa irakasgai, Katakrak). Eta, zergatik ez, pedagogian eta irakaskuntzan posible bada, halaber posible izango da noski erotismoz bustitzea itzulpengintza ere, hizkuntzen eta kulturen gaineko pasioa eta lilura lagun.
Ildo bertsutik eta harako traduttore, traditore topiko maiztu samarraz harago, amodiozko harreman bat irudikatu zuen Juan Kruz Igerabidek ere itzultzailearen jardunean (Senez 52, 2021: 57):
Ez dut ezagutzen amodiozko harremanik itzultzailearena baino fidelagorik, baldin bere eginbeharraren kontzientzia sendoa badu behintzat. Harena ez da traizioa; izatekotan, ezina. Itzultzaileak badaki huts egingo diola testu maiteari, baina amodio guztia eskaintzen dio. Apaltasun intelektualaren eredu bat da hori, eta maitasunezko lezio bat. Bestela, ezin da itzuli; jatorrizkoa zapuztu baino ez.
Akaso, geure buruarekin hobeki sentitzeko eta gure lanean gehiago gozatu eta itzulpen ederragoak egiteko ez ezik, askotan kontra izaten dugun olatuan ez itotzeko ere baliagarri izan dakizkiguke pasioa eta maitasuna, etsi-etsian bada ere. Izan ere, gure lanbidearekin loturiko azkenaldiko gertakizunak ikusita, baretasun handirik ez gure itsasoan. Interpreteak kexu dira beren lan-baldintzengatik; ez da kontu berria, baina, 2023ko ekainean, prentsara ere iritsi zen berria: Arabako Ahaldun Nagusia aukeratzeko saioa eten behar izan zuten Arabako Batzar Nagusietan, interpreteak uko egin baitzion aldez aurretik testurik jaso gabe eta horrenbestez esan beharrekoa prestatzeko denborarik gabe lan egiteari (hots, politikariek ziotena interpretatzeari). EITBn ere, txakurrak oinutsik: nazioarteko gero eta film eta telesail gutxiago eskaintzen dizkigute euskaraz; alegia, gero eta gutxiago bikoizten eta itzultzen da, eta bikoizleek eta ikus-entzunezkoen itzultzaileek ere badute, beraz, kexatzeko motiborik: Mitxel Elortza (H)itzartu taldeko kideak azaldu zuenez (Berria, 2023-05-15), bikoizleei ia % 40 jaitsi diete soldata azken sei urtean, eta lan-bolumena ere nabarmen murriztu zaie, zeren eta, datuei erreparatuta, 2022an 100 ordu zituen ETBk esleituak edukiak euskaraz bikoizteko, 2012an (duela 10 urte) 400 bikoiztu ziren, eta 1991n (duela 30 urte pasatxo), aldiz, 1.589 ordu. Beste putzu batera jauzi eginda, 2020az geroztik, buru-belarri lanean dihardu Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteak (zorionekoak gu), azpimarra jarriz batez ere fiskalitate-kontuetan, gure lanbideen ikusgaitasunean (edo ikusezintasunean, nola begiratzen zaion), lan-baldintzetan eta, azken batean, euskal artisten eta kulturgileen aldeko politiketan. EIZIEk ere bat egin du Lanartearen orain arteko ibilbidearekin, gero eta prekarioagoak baitira itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteon jarduna eta lan-baldintzak ere, ezaguna denez (lanbidearen feminizazioak ere badu horretan zerikusirik); eta zer esan zorioneko digitalizazioak dakarzkigun ustezko onurez, gure lanaren eta gure denboraren zati gero eta handiagoa eman behar izaten baitugu, halabeharrez eman ere, ezin konta ahalako izapide, aplikazio, zailtasun burokratiko eta orotariko maluretan galduta: faktura elektronikoak egitea edo TicketBai dontsua erabiltzea beste erremediorik ez duenak aise ulertuko du zertaz ari naizen. Eta ezin maluren zerrenda honetatik kanpo utzi munduko literatura euskaraz plazaratzen duten argitaletxe (batez ere txiki)en kinka larria: Pasazaitek azken hatsa eman du 2023an (eskerrik asko, grazas, Xabier!), eta Igelan ere aldaketa-haizea dabil azkenaldian (eskerrik anitz eta adiorik ez, Lander!).
Egoera ikusita, beraz, inoiz baino beharrezkoagoak ditugu maitasuna, pasioa eta erotismoa. Eta jarrera horixe erakustera gatoz aurtengo Senez aldizkarian ere, musuak banatzera, begiak kliskatzera, bihotzean atximur egitera. 30 egile ekarri ditugu 54. ale honen festara; bakarka, binaka zein taldean aritu dira, eta 23 musu, begi-kliska eta atximur utzi dizkigute guztira. Aurtengo elkarrizketa ibilbide luzeko itzultzaile bati egin dio Garazi Ugaldek, Bakartxo Arrizabalagari («Mugaldetik, Bakartxo Arrizabalaga Labrousse»): horra lanbideari eta konpromisoari grinaz eta pasioz heltzearen adibide ezin hobeago bat. Iaz joan zitzaizkigun itzultzaile maiteez ere oroitu gara ezinbestean, eta, hala, Miren Iriarte gogoratu dute Uxue Alberdik, Amaia Apalauzak eta Samara Veltek («Idazleak itzultzaileari mintzo, lagunak lagunari mintzo: Miren Iriarteren oroimenez»), eta Joseba Urzelai, Iñigo Errastik («Joseba Urzelai Agirre gogoan (1963-2022)».
Ohi bezala, tartea egin diogu oraingoan ere literatura-itzulpenari: Ane Garciak poesia-itzulpenarekin jolasean paratu ditu hiru poeta, transkreazioan, bai eta emaitza zinez gustagarria lortu ere («Inorenak ote dira?»); bere burua biluzi eta batere lotsarik gabe erakutsi dizkigu Xabier Olarrak Ulisesen itzulpenaren barne-zoko guztiak («Ulisesen itzulpenaz»); Angel Erro, Irati Jimenez eta Manu López Gaseni hirukoak Literatura Unibertsala bildumari buruzko zenbait gogoeta partekatu zituen iazko Literaturia jaialdian, eta orriotara ekarri nahi izan ditugu («“Literatura Unibertsala: ibilitakotik ibiltzekora” solasaldia»); hizkuntza-bikotea aldatuz, Mayi Peloten zientzia-fikzio feminista euskaratik ingelesera itzultzeak zer zapore uzten duen azaldu digu Arrate Hidalgok («Mayi Peloten Biharko oroitzapenak ingelesera itzultzeaz»); gauza berriak probatzeko gonbita eginez, gaur egun literatura-itzulpenak argitaratzeko baliatzen diren beste bideak aztertu ditu Leire Vargasek («Euskal itzulpengintza sareko plazan: pantailen osteko gorputzak»); eta, Antxeta argitaletxearen historiari kliska, komiki-itzulpenaz jardun du Esti Unanuek («Antxeta argitaletxea: helduentzako euskarazko komikigintzaren aitzindari»).
Saiakera-itzulpena amu gisa jarri eta aise kosk egin diote Ane Garciak («Maskulinitateak euskaraz: itzulpen-prozesu baten une (eta gogoeta) gorenak»), batetik, eta Amaia Astobizak («Feminismoaren alorreko testuen itzulpengintza integrala»), bestetik, baita gogoeta mamitsu eta freskoak utzi ere. Astobizak ederki gogorarazten digu zein premiazkoa dugun testu feministak itzultzeaz harago joan eta ikuspegi feministaz itzultzea, eta begirada hori hiztegigintzan ere beharrezkoa dela erakutsi digu Eneko Sagarzazuk («Perla bila: hizkuntza baztertzailea Elhuyar Hiztegian»). Festa-giroan musikarik ezin falta, eta Leonard Cohenen abestien itzulpenen azterketa xehea ekarri digu Alejandro Ros-Abaurreak («Leonard Cohenen abestien integrazioa Espainiako kulturan Xabier Leteren itzulpenen bidez»). Zineman edo etxeko sofan, azpidatziekin edo bikoiztuta: Netflixeko azpidatzien hizkuntza-kalitateari erreparatu dio Josu Barambonesek («Netflixeko euskarazko azpidatzien segmentazioa eta hizkuntza-kalitatea»), eta bikoizketaren alde besoa altxatu dute Itziar Diez de Ultzurrunek eta Fermin Zabaltzak («Hizkuntza-politika eta nazioarteko ikus-entzunezkoak: zer dugun bikoizketaren alde»). Ikuspegi pertsonalago batez eta barneranzko begiradaz baliatuz, amatasuna eta interpretazioa uztartzeaz idatzi du Garazi Biainek («Amatasuna, itzulpengintzaren eta interpretazioaren bidegurutzean»), eta hogeita zazpi urtean Administrazioko itzultzaile gisa bildutako amodioez eta desamodioez Mikel Tabernak («Kantatutzera nua: nola hasi ginen Nafarroako Administrazioan»).
Ikastaro eta jardunaldietan ikasitakoa partekatzea ere maite baitugu, zuzenketa-lanaren garrantzia gogora ekarri eta zuzenketa-ikastaro batean jasotako ohar eta gogoetak bildu ditu Alaitz Zabaletak, zuzen eta artez («“Zuzenketa-lana: tipula zuritzen II” ikastaroa: zenbait ohar eta zenbait gogoeta»); itzulpengintza eta teknologia bikote dagoeneko bereizezinari buruzko uda-ikastaro baten kronika osatu du Leire Segurak («“Itzulpengintza etengabeko eraldaketa teknologikoan murgilduta” uda-ikastaroaren kronika»); eta euskarazko kataforen erabilera ekarri du mihira Amaia Lasherasek, EIZIEn gai horri buruz eman zuen ikastaro bat abiapuntu gisa hartuta («Hau, hori, hura. Euskarazko erakusle-sistema: euskara estandarrerako proposamena»).
Eta, festa orok azkenburuko goxoa behar duenez, liburu-gomendio bana egin digute Claudia Torralbak, Idoia Santamariak eta Anjel Lertxundik.
Goza ezazu, beraz, irakurle. Maitasunez.