Interpretazio beharra lurralde indigenetan
Garabide elkartea 2005ean sortu zen, eta, geroztik, hizkuntza lankidetzan dihardu munduko hainbat herrialdetan, besteak beste Kolonbiako Cauca eskualdean, nasen lurraldean. Artikulu honetan, elkarteak eskualde horretan Nasa Yuwe hizkuntza biziberritzeko eskaintzen duen aholkularitzaz eta formakuntzaz jardungo dugu, itzulpen- eta interpretazio-beharrak ere hizpidera ekarrita.
Garabide Elkartea 2005ean sortu zen, eta, geroztik, hizkuntza-lankidetzan dihardu, nagusiki Hego Amerikan, baina baditu egitasmoak martxan Afrikan bertan ere. Hizkuntza biziberritzeko lanen bidez egiten du lankidetza, eta, besteak beste, Kolonbiako Cauca eskualdean ari da talde bat lanean, nasen lurraldean. Nasa Yuwe hizkuntza biziberritzeko aholkularitza eta formazioa ematea dugu helburu: jatorrizko hizkuntzan hezkuntza emateko irakasleen prestaketa eta materialak osatzea, Nasa Yuwe hizkuntza helduei irakasteko materialak sortu eta horiek erabiltzen irakastea. Komunikazioa, gramatika eta itzulpena eta interpretazioa dira nagusiki lantzen ditugun alorrak.
Hizkuntza indigenen eta jatorrizkoen egoera eta lege-babesa
Brasilen, gutxienez 160 hizkuntza indigena hitz egiten dira, Mexikon 68, Kolonbian 65, Bolivian 39, Guatemalan 25, Ekuadorren 14, Txilen 5, eta zerrendarekin jarraitu ahalko genuke Hego Amerikan. Asiara joango bagina, esaten denez, bertako 47 herrialdeetan 4.500 milioi pertsona bizi dira, eta 2.000 hizkuntza baino gehiago hitz egiten dituzte. Eta, Afrikan, beste horrenbeste.
Hizkuntza indigenen eta jatorrizkoen hiztunen galerari dagokionez, oro har, munduko hizkuntza txiki eta minorizatuen berbera da; alegia, hiztunak galtzen ari dira, eta familia-transmisioa eteten. Indigenen kasuan, gainera, beste arazo larri askorekin batera gertatzen da egoera hori: giza eskubideen urraketa larriak, pobrezia, indarkeria eta abar.
Nazioarte mailan, etengabeak dira hizkuntza indigenen babeserako deialdiak eta aldarrikapenak; otsailaren 21ean, haien nazioarteko eguna ospatzen da. Baina hizkuntza horiek hitz egiten diren herrialdeetako gobernu eta agintariek ez dute horren kontzientziarik, eta hizkuntza horietako hiztun askok alboratu egiten dute beren jatorrizko hizkuntza. Hizkuntza indigenen hiztunek beren hizkuntzak ez ikasteko edo ez hitz egiteko arrazoi nagusiak pobrezia mailarekin eta gizarte bazterkeriarekin zerikusia dutenak dira; horiei gatazka politikoak gehitu behar zaizkie, besteak beste indigenen eskubideak legez eta eraginkortasunez aitortu ez izanak eraginak. Nasen kasuan, adibidez, goian aipatu diren arazoei laborantzak eta droga-trafikoak eragindako indarkeria gehitu behar zaie. Oro har, Kolonbia osoan, 300 buruzagi indigena hil dituzte 2016an bakea sinatu zenetik.
Eta hizkuntza indigenen hiztunen galeran badira arrazoi sozialak –hizkuntzen prestigio falta eta hiztunek sarritan jasan behar duten mespretxua hizkuntza horiek hitz egiteagatik– eta arrazoi linguistikoak ere. Hizkuntza asko eta asko ahozko forman bakarrik existitzen dira, edo idatzian daukaten garapena oso-oso txikia da. Eta egungo globalizazio egoerak, teknologien erabateko eraginpean bizitzeak badakigu zer dakarren hizkuntza txikientzat.
Hizkuntza indigenen eta jatorrizkoen egoeraz arduratuta, Nazio Batuek akordio eta adierazpen bat baino gehiago egin dituzte historian zehar. Lehenengoa 1966an onartu zuten: Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Ituna. 27. artikuluan, honela zioen: «Gutxiengo etniko, erlijioso edo linguistikoak dauden estatuetan, gutxiengo horietako pertsonei ez zaie ukatuko, beren taldeko gainerako kideekin batera, dagokien kultura-bizitza izateko eskubidea, beren erlijioa lantzekoa eta praktikatzekoa eta beren hizkuntza erabiltzekoa».
Edo 47/135 Ebazpena, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1992ko abenduaren 18an onartu zuena. Bederatzi artikulu laburretan jasotzen da hizkuntzengatiko diskriminaziorik ezaren eta hizkuntza eskubideen aitorpena. 4. artikuluko 3. atalean, hau dio zehazki: «Estatuek neurri egokiak hartu beharko dituzte, ahal den guztietan gutxiengoetako pertsonek aukera izan dezaten beren ama-hizkuntza ikasteko edo beren ama-hizkuntzan ikasketak egiteko».
Hizkuntza eskubideen aitorpenak konstituzio edo legeen bitartez egiten dituzte Hego Amerikako gobernu askok eta askok. Izan ere, hizkuntza indigena gehienak ofizialak dira hizkuntzok hitz egiten diren lurraldeetan. Adibide batzuk ematearren, aimara ofiziala da Perun eta Bolivian, maputxea Txilen, maia Mexikon, Belizen eta Guatemalan, eta Mexikoko beste hizkuntza indigena guztiak ere ofizialak dira, Kolonbiakoak bezalaxe.
Arazoa zera da, legeak egin eta onartu bai, baina legeek diotena ez dela betetzen. Normala da lege horietan era honetako aitorpenak irakurtzea: «Edozein arrazoirengatik Funtzio Judizialeko organoen aurrean agertu behar duten antzinako hizkuntzen hiztunek beren hizkuntza ahoz eta idatziz erabiltzeko eskubidea izango dute. Agintari arduradunek beren hizkuntzaren eta kulturaren berri duten interpreteak edo itzultzaileak eta defendatzaile publikoak emango dituzte». Edo beste hau: «Jatorrizko hizkuntzen hiztunek beren hizkuntza erabil dezakete administrazio publikoarekin, osasun-zerbitzuekin eta justiziarekin dituzten harremanetan, eta, era berean, beren izen propioak eta toponimiak erabil ditzakete, inolako diskriminaziorik eragin gabe».
Baina lege horien urraketa kasuen zerrenda amaiezina da. Ez dira gutxi polizia etxeetan eta justizia auzitegietan deklarazioak egiteko unean interpreterik ez edukitzeagatik kartzelan urte asko pasatutakoak edo pasatzen ari direnak. Edo osasun zentroetara edo ospitaleetara hizkuntza arazoengatik derrigor familiako norbaitek edo lagunen batek lagunduta joatera behartuak daudenak, eta gauza bera lursail bat erregistroan inskribatzera joan behar dutenean, eta abar. Giza eskubide oinarrizkoenak, kasu horietan, hizkuntza eskubideak errespetatzearen araberakoak dira. Eta, hizkuntza eskubideak bermatzeko, itzultzaile eta interpreteak beharko lirateke.
Zertarako, beraz, hizkuntza indigenetako interpreteak prestatu?
Hizkuntza horiek biziberritzeko lanetan, alderdi asko ukitu behar dira, eta oso garrantzitsua da lehentasunak finkatzea. Gogoratu edo ezagutu besterik ez dago Euskal Herrian euskararen legea onartu eta hizkuntza politikak garatzen hasi ginenean zer lehentasun finkatu ziren: hezkuntza, irrati-telebista, administrazioetan herritarrei euskaraz arreta ematea, toponimia, eta horrek guztiak berekin ekarri zituen beharrak, hala nola irakasleek euskaraz irakasteko prestakuntza, material prestaketa eta argitalpena; irrati-telebisten ekipamendu teknikoa eta esatarien prestaketa, eta abar luze bezain garesti bat. Guk bagenituen legeak, bagenituen legeok errespetatzen zituzten gobernuak eta bagenituen bitartekoak, giza mailakoak eta baita materialak ere. Hizkuntza politika arrakastatsu baterako baldintza egokietan jardun dugu, eta lanean jarraitzen dugu.
Aztertzen ari garen kasuan –Kolonbiako nasen kasuan, alegia–, hizkuntza berreskuratzeko beharra dute; legea badute, baina hor amaitzen dira bitartekoak. 2010eko Kolonbiako Hizkuntza Nazionalei buruzko 1381 Legean, oso ondo jasota daude hizkuntza nazional deituen hiztunek dituzten eskubideak eta administrazio mailen eginbeharrak.
II. titulua Hizkuntza Natiboetako Hiztunen eskubideei eskainia dago, eta hizkuntza horietako hiztunek toponimian, beren artean, justizian, administrazio publikoetan eta osasun alorrean hizkuntza horietan hitz egiteko eskubidea aitortzen du: «(…) agintari arduradunek behar diren bitarteko guztiak jarriko dituzte egiten diren epaiketetan, eskatzen dutenei beren hizkuntza eta kultura ezagutzen duten interpreteen eta defendatzaileen laguntza doakoa izan dadin» (7. artikulua). Baina gobernuak hezkuntzarako pauso apur bezain txiki batzuk besterik ez du eman.
Oinarrizko giza eskubideak betetzea, askorentzat, hizkuntza eskubideak errespetatzearen mende da, beraz. Polizian eta justizian, osasun alorrean eta administrazio publikoetan beren hizkuntzan hitz egiteko eskubidea bermatua izateko, lehenik, interpreteak behar dituzte, eta, ikusi dugun bezala, eskubidea bai, aitortzen zaie, baina bitartekorik ez diete ematen.
Alor horietan interprete lanak egiteko, bestalde, prestakuntza sakona behar da, ez bakarrik hizkuntzei eta horiei lotutako kulturari dagokionez, baizik eta baita beste alor batzuetan ere. Polizia eta justizia alorrerako, adibidez, justizia indigenari buruzko ezagutza jaso behar dute; gauza bera osasun alorrean lan egiteko, sendabide tradizionalaren oinarriak jakin behar baitituzte, eta abar. Gehi teknikak, zeren eta eremu horietan erabili ohi diren loturazko eta esan osteko interpretazioa landu behar dituzte.
Baina hizkuntzen arteko mugak gainditzeko daukaten interprete beharra ez da hor amaitzen. Tradizioz, indigenek batzar bidez hartzen dituzte erabaki guztiak, eta batzar horiek parte hartzaile gutxikoak dira batzuetan (15-20 pertsona), baina, beste batzuetan –batzar nagusietan, esate baterako–, oso jendetsuak, ehunka elkartzeraino.
Batzar horietan, Nasa Yuwe hizkuntzan elebakarrek eta gazteleraz hitz egiteko arazoak dituztenek ezin dute hitz egin, edo, hitz egiten badute, Nasa Yuwe hizkuntza ez dakitenek ez diete ulertzen. Eta, alderantziz, gazteleraz hitz egiten denean, parte hartzailea parte batek ez du ulertzen. Egoera ez da guretzat inondik ere ezezaguna; alderantziz, euskararen berreskurapenari ekin genionean, sarritan planteatzen ziren halako egoerak. Kasu horietarako, bistan da aldibereko interpretazioa egin behar dela.
Aldibereko interpretaziorako ere badakigu lan hizkuntzak, haiei lotutako ezagutzak eta teknika jakin behar direla. Formazioarekin, gu bezalaxe beste edozein hizkuntzatako interpreteak ere presta daitezke, eta horretan ari gara orain.
Era berean, aldibereko interpretazioak eskatzen duen azpiegitura teknikoaren gaia lantzen ari gara, eta ez da buruhauste gutxien ematen diguna, batez ere horri lotutako alderdi ekonomikoagatik, garestiak direlako ekipo teknikoak. Prozesuak balioko digu, ordea, erabili ohi ditugun sistema konbentzional eta kostu handikoetatik kanpo beste irtenbide batzuk bilatzen; izan ere, halakoak badaude. Eta, aritzearen poderioz, litekeena da gurean ere aldibereko interpretazioaz baliatuta komunikazio arazo asko konpontzeko bitarteko ekonomikorik gabe egoten diren hainbatentzat irtenbide praktiko eta duin bat topatzea.
Guk nasei irakasten eta laguntzen diegu, baina haiek guri lezio asko ematen dizkigute bueltan. Lehenengoa, apaltasuna, gurean sarritan hazten dugun balioa, eta hortik aurrera ez ahaztea gure prozesua nolakoa izan zen, zenbat kostatu zaigun gaudenera iristea, eta partekatuz beti dela bidea ibiltzen errazagoa. Azkenik, nasekiko esperientziak lagunduko digu egoera bertsuan egon daitezkeen beste lurralde indigena batzuetan interpretazioari dagokionez nola jardun asmatzen. Horretarako, giza laguntza iristen ez denean, bitarteko teknologikoak izango ditugu lagun.