Editoriala
Karlos del Olmo

2020ko martxoan, gutxi gorabehera, hasi ziren urduritzen gure herritarrak, agintarien erabakien ondorioz, besteak beste. Geroago, apurka-apurka, pandemiak osasun ondoriorik latzenekin batera lanbideari zer zekarkion hasi ginen ikusten itzultzaileak, interpreteak eta zuzentzaileak. Denok, zelan edo halan, artega geunden, zer egin asmatu ezinik: etxetik lan egin beharrak, EIZIE elkartearen beraren ohiko jarduera aldatzeko premiak, bazkide eta aldizkari honetako artikulugile bakoitzaren egoerak eragindako askotarikotasunak berezi bihurtu dute, besterik ezean, aurtengo alea, eta Senez beste bide batetik abiatzeko nezesidadean egon da. Egoera larriagotzeaz batera, etxetik lan egiten ikasiz joan gara, eta interprete askok, bizitokia, bulego ez ezik, kabina ere bihurtuta ikusi dute.

Pertsona moduan bakoitzari egokitu zaion osasun egoerak emandako ikaskizuna gorabehera, profesional gisara mezuen aldatzaile eta egokitzaile garen profesionalok inoiz baino beharrezkoagoa dugu gogoeta eta hausnartu beharra, batez ere egungo merkatuak eta teknologia berriek ekarritako aukera eta mehatxuen inguruan. Ezer ez omen da berdina izango aurrerantzean, hala diote, eta halaxe sinetsi beharko dugu; inor ez dugu atzean utzi behar, nabarmentzen dute beste batzuek. Esan orokorrak dira, baina esangura berezi halako bat hartzen dute gure hiru langintzei gagozkiela; izan ere, dagoeneko, ezer ez da berdina gaur egun, lerro hauek idazteko unean; besteak beste, gure erakunde publikoek diru gutxiago izango dutelako eta, aldez edo moldez, horrek ondorioak izango dituelako lanbidean (handia denez gero erakunde publikoen zama euskal itzulpengintzan, orokorrean). Baina, horrezaz gain, dirua diru, norberaren etxeko lantokia eta «plaza»ko lantegikoa uztartu beharrean egon gaitezke gero eta sarriago, oso oreka hauskorrean bizi beharko dugu-eta aurrerantzean, oraingoz dugun planeta bakar honetan.

Globalizazioaren alde txar eta onak nork itzultzaile, zuzentzaile eta interpreteek baino hobeto ikusi, izan ere? Hain suertez, pertsonaren bidaide dira kultura eta arteak, giza tximua planetara jaio zenetik. Eta nekez mamitzen dira horietako gehienak itzulpenik eta interpretaziorik gabe. Zibilizazioen euskarrietako bat ditugu kultura eta artea, eta, hortaz, itzulpengintza. Gizatalde ororen kohesioari laguntzen diote, baita hura osatzen duten gizabanako bakoitzaren garapenari eta duintasunari ere.

Kultur sortzaile gehienak —idazle, itzultzaile, konpositore, antzerkizale, ikus-entzunezko artista edo bestelako— ezin dira bizi lan artistikotik egoera honetan, edo ozta-ozta lortzen dute aurrera ateratzea. Haien lanak salduta edo eskubideetatik lortzen dituzten diru sarrerak ez dira aski bizitza duin bat bermatzeko. Prekaritatetik ihes egiteko, beste lanbide batzuetara jo beharrean egoten dira. Euskal itzulpengintzaren zati handi bat, bestalde, birmoldaketa sakon batean hasita dago, itzultzaile neuronalen eta aldizkari honetan bertan aurkezten diren beste teknologia batzuen ondorioz: makinaren zuzentzaile edo lankide bihurtuz doaz hainbat itzultzaile, interprete eta zuzentzaile.

Horrek denak segurtasun gabezia halako bat sortzen du, eta hainbat profesional independenteri ere eragiten die, zeinak ezinbestekoak baitira kultura zabaltzeko: ikuskizunetako teknikariak, musikariak, aktoreak, editore txikiak, etab.

Konponbidea, beharbada, ez da izango diru sari unibertsal bermatu bat ezartzea, soil-soilik, baina izan daiteke kulturan eta artean jarduten jarraitu ahal izateko abiapuntu bat, agintariek (bestelako) errealitate berriko kulturgintza eta artegintza antolatzeko lanabesak jarri arte. Guztiei oinarrizko segurtasun halako bat emateak, bereizketarik gabe, kultura askea eta bizia izatea bideratuko du.

Aldizkari honetan behin eta berriro adierazi dugunez, kulturaren esparruak ez die ihes egin globalizazioari eta uniformetzeari. Gaur egun, diru eta ekoizpen ahalmen handiko kultura gailentzen da; hortaz, nekazaritzarako edo industriarako gomendatzen denaren ildotik, dibertsifikatu egin behar ditugu gure iturriak, zirkuitu laburrak lehenetsita baina auzo globala ahaztu gabe. Euskal mundua ezin da mugatu kultura (hizkuntza barne) globalizatu bakarra onartzera: gurea denontzat irekitzea eta loratzea lortu besterik ez dugu.

Kulturaren zabalkundearen gero eta zati garrantzitsuago bat eragile berriek bideratzen dute; alegia, ikus-entzunezkoak zabaltzeko plataformek, lineako salmenta enpresek… balio erantsia eskuratzen duten tokian zergarik ordaintzeke. Eta tokian tokiko erakundeek ezin, beraz, kulturan eta artean inbertitu ordaintzen ez dieten zerga zatia.

Kultura orok du bere hizkuntza, hizkuntza orok bidaide darama bere kultura, eta, kulturak eta hizkuntzak elkarrenak izango badira, gizakiak bermaturiko itzulpengintzaren beharra izango dute, non eta makinen euren artean eta eurentzat komunikatzea (eta itzultzea) erabakitzen ez duten. Ezin dugu etsi morroi bihurtzeke, liberalismo ekonomikoaren oldarrak gu klimarekin batera eramatea nahi ez badugu, behintzat.

Tokian tokiko hizkuntzan ere hitz egin behar du globalizazioak, izurriak izurri, eta gure lanbideak ez du hizpidea galdu behar. Hona hemen Senez, lanbidearen etorkizuna sena lagun bideratzeko plaza.