Euskarazko Itzulpen Automatikoa (Atal berezia: Besterena nuen neuregana)
Nora Aranberri, Gorka Labaka (UPV/EHU)

Itzulpen Automatikoa Adimen Artifizialaren eta Hizkuntzaren Prozesamenduaren erronka nagusietako bat izan da hasiera-hasieratik. IXA ikerketa-taldean, euskararen prozesamendu automatikoa lantzeko helburuaren harira, Itzulpen Automatikoa ere lantzen dugu, alorreko berrikuntzak euskarara ekarriz eta egokituz. Batez ere gaztelaniazko testuak euskarara itzultzen dituzten sistemak sortu izan ditugu, baina euskaratik gaztelaniara itzultzen dituztenak eta ingelesa-euskara hizkuntza-bikotea tratatzen dutenak ere garatu izan ditugu urte hauetan guztietan. Itzulpen Automatikorako lehenengo sistemak sortu zirenetik gaur egunera bitartean erabilitako teknikak nabarmen aldatu dira; Erregeletan Oinarritutako Itzulpen Automatikoan hasi, eta Itzulpen Automatiko Neuronalean bukatuz, tartean Itzulpen Automatiko Estatistikotik pasatuta. Artikulu honetan, itzulpen-teknika bakoitzaren funtzionamendua aurkeztu dugu, haien onurak eta desabantailak azalduz. Euskararako egindako lana eta lortutako emaitzekin osatuko dugu atal bakoitza. Bukatzeko, itzulpen automatikoaren erabilgarritasuna neurtzeko egindako saiakera batzuk aurkeztuko ditugu. Hizkuntza nagusietan, aspalditik erabiltzen da itzulpen automatikoaren postedizioa giza itzultzaileen lana azkartzeko. Euskararen kasuan, erabilera hori ez da zabaldu, hein handi batean itzulpenen kalitatea baxuagoa delako. Hala ere, gure azterketek erakusten dute halamoduzko itzulpenak ere lagungarriak izan daitezkeela.

Erregeletan Oinarritutako Itzulpen Automatikoa

Itzulpenak sortzeko gai izan ziren lehenengo sistemak, garai hartako joerarekin bat eginez, ezagutzan oinarritzen ziren, eta adituek osatutako hiztegiak eta erregelak erabiltzen zituzten hizkuntza batean adierazitakoa beste hizkuntza batera itzultzeko. Hurbilpen horri Erregeletan Oinarritutako Itzulpen Automatikoa deritzo, eta, erabiltzen duen informazio linguistikoaren arabera, hainbat multzotan banatu daiteke.

Transferentzian Oinarritutako Sistemek jatorrizko esaldiaren analisi sintaktikoa egiten dute, eta lortutako zuhaitz-egiturei adituek idatzitako erregelak aplikatzen zaizkie, helburu- hizkuntzako esaldia lortzeko asmoz. Erregelek jatorri-hizkuntzako egitura sintaktikoa helburu- hizkuntzara egokitzen dute, lehendabizi. Behin helburu-hizkuntzaren zuhaitz sintaktikoa lortutakoan, beste erregela multzo bat erabiltzen da, bukaerako esaldia sortzeko. Halako sistemek ondo itzultzen dituzte aurreikusitako egitura sintaktikoak (erregeletan modu egokian adierazitakoak), baina arazoak dituzte aurreikusi gabeko egiturak eta hizkuntzaren salbuespenak modu egokian itzultzeko. Gainera, aukeraketa lexikoa arazo bat izaten da halako sistemetarako, ez baita batere erraza erregela jakin batzuk definitzea hitz baten itzulpen posibleen artean testuinguru jakin bati hobekien egokitzen zaiona aukeratzeko.

Euskarari dagokionez, Ixa Taldean, Matxin izeneko Erregeletan Oinarritutako Itzultzaile Automatikoa garatu genuen (Mayor, 2007; Mayor et al., 2011). Matxinen lehenengo bertsioa bakarrik gaztelaniatik euskarara itzultzeko gai bazen ere, zenbait urte geroago, ingelesetik euskara itzultzeko beharrezko erregelak eta hiztegiak gehitu genizkion (Aranberri et al., 2015). Matxinek, erregeletan oinarritutako sistema bat izanda, hurbilpen hori jarraitzen dioten sistema guztien muga berberak ditu. Aurreikusitako egiturak eta hiztegia itzultzeko gai den arren (ikus 1. adibidea), malgutasuna falta zaio, eta, aurreikusi gabeko egitura edo hitzen bat topatzen duenean, itzulpen kaskarrak sortzen ditu (ikus 2. adibidea). Hala eta guztiz ere, erroreak ulergarri zaizkigu gizakioi, gehienetan, eta oraindik ere beste sistemen aurretik geratu ohi da gaztelania-euskara itzultzaile automatikoen eskuzko konparaketetan.

(1)  ES:  Es fácil perder los estribos en esa situación.
      IA:   Erraza da egoera horretan nor bere onetik ateratzea.

(2)  ES:  Las ingenieras llevaron el proyecto a cabo.
       IA:  *Ingeniariek proiektua eraman zuten kabora.

Itzulpen Automatiko Estatistikoa

Mende-aldaketarekin batera, Itzulpen Automatikoan, adimen artifizialarekin loturiko hainbat alorretan gertatu zen bezala, metodo probabilistikoak nagusitu ziren. Garai berean sortu zen Itzulpen Automatiko Estatistikoa, azken urteetako paradigma nagusia. Itzulpen Automatiko Estatistikoak dagoeneko itzulita dauden corpus paralelo handiak erabiltzen ditu, agertzen diren hitzen eta hitz-segiden itzulpenak ikasteko. Itzulpen-baliokidetza horiekin batera, bakoitzaren probabilitatea –edo konfiantza-maila– ere ikasten du, eta informazio hori erabiltzen du itzuli beharreko esaldi bakoitzaren itzulpen probableena topatzeko. Halako sistemek, ikasteko datu nahikoa dutenean behintzat, itzulpen naturalak sortzen dituzte, eta, itzulpenak testu errealetan ikusitako hitz-segidez osaturik daudenez, erregeletan oinarritutako sistemek sortutakoak baino naturalagoak dirudite lehenengo irakurketan. Baina, zehaztasun handiagoz begiratzerakoan, nabaritzen da arazoak dituela esaldiaren egitura egokia sortzeko: distantzia luzeko komunztadura mantentzeko arazoak eta hitz ordena desegokia, besteak beste.

Euskararen kasuan, hurbilpenak berezko dituen arazoei hizkuntzaren zailtasuna gehitu behar zaio. Itzulpen Automatiko Estatistikoak itzulpen literalak egiteko joera du, eta, hori ekiditeko, entrenamendu-datu asko behar ditu. Antzeko hizkuntzetan, hori ez da arazo bat, eta tresnak itzulpen egokiak egiten ikas dezake corpus txikia erabili arren. Gaztelaniaren eta euskararen arteko desberdintasun linguistikoak, berriz, corpus handiaren beharra dakar nahitaez. Baina euskaraz ditugun corpus paraleloak hizkuntza nagusietarako daudenak baino askoz txikiagoak dira.1 Ixa Taldean, zenbait saiakera egin ditugu Itzulpen Automatiko Estatistikoa gaztelania-euskara hizkuntza bikotera egokitzeko (Labaka, 2010). Lan horietan, bereziki tratatu ditugu gaztelania-euskara Itzulpen Automatiko Estatistikoaren bi arazo-iturri nagusiak: euskararen morfologia aberatsa eta hizkuntzen hitz-ordenan dauden diferentzia handia.

Euskararen morfologiaren tratamendua errazteko asmoz, euskarazko hitzen segmentazioa erabili genuen (Diaz de Ilarraza et al., 2009a), hau da, euskarazko hitzaren lema eta atzizkia banatzea (etxeko – etxe +ko), corpuseko token bakoitzaren agerpen kopurua eta estatistiken esangura handitzeko asmoz. Gainera, aurreprozesamendu horrek bi hizkuntzetan erabiltzen diren token kopurua berdintzen du, eta, hartara, itzultzailearen lana errazten. Noski, itzultzaileak halako testu moldatu bat erabiltzen badu ikasteko, itzulpenek itxura bera izango dute, eta postprozesu bat beharko dugu benetako itzulpena osatu ahal izateko (ikus 3. adibidea).

(3)  ES:          El mercado europeo de las tecnologías crecerá el 3,2%
       IA-seg:  Teknologia +en europa +ko merkatu +a % 3,2 hazi +ko da
       IA:          Teknologien europako merkatua % 3,2 haziko da

Bestalde, itzultzaile estatistikoak jatorrizko esaldiaren ordena mantentzeko duen joerari aurre egiteko, gaztelaniazko hitzen ordena aldatzen duten erregela multzo bat defini daiteke (Diaz de Ilarraza et al., 2009b). Modu horretan, ordena berria gertuago egongo da euskarazko itzulpenarenetik. Definitutako erregela multzoak esaldi bukaerara mugitzen du gaztelaniazko aditza, edo izen-sintagmaren bukaerara –euskarazko atzizkiaren kokalekura– gaztelaniazko artikulu eta preposizioak, besteak beste. Berriro ere, halako moldaketen helburua Itzulpen Automatiko Estatistikoaren lana erraztea da, itzultzaileak ahalik eta eraldaketa gutxien egiteko beharra izan dezan. Kasu honetan, segmentazioarekin ez bezala, egiten ditugun moldaketak jatorrizko esaldietan egiten ditugu, eta itzultzaileak sortutako konponbidea bere horretan erabil daiteke, ez baitugu inongo postprozesuren beharrik (ikus 4. adibidea).

(4)  ES:          Cloverfield contó con un presupuesto de 25 millones de dólares.
       ES-ber:  Cloverfield 25 millones de dólares de presupuesto un con contó.
       IA:           Cloverfield-ek 25 milioi dolarreko aurrekontua izan zuen.

Bi moldaketa horiek konbinatuz, gaztelania-euskara Itzulpen Automatiko Estatistikoaren kalitatea hobetzea lortu genuen, bai eta orain arteko emaitza hoberenak erdietsi ere itzulpenaren kalitatea neurtzen duten metrika automatikoetan. Baina, lehenago esan bezala, ebaluazio automatikoetatik eskuzkoetara pasatzen garenean, oraindik ere Erregeletan Oinarritutako Sistemek lortu ohi dituzte emaitza hoberenak.

Itzulpen Automatiko Neuronala

Azken urteetan, beste hurbilpen bat ari zaie aurreko biei gailentzen: Itzulpen Automatiko Neuronala. Itzultzaile estatistikoak bezalaxe, corpus elebidunak erabiltzen ditu, itzulpena egiten automatikoki ikasteko. Baina, kasu horretan, Sare Neuronal Artifizialak erabiltzen dira itzulpen-prozesua aurrera eramateko. Sare Neuronal Artifizialek zenbakizko errepresentazioak erabiltzen dituzte, eta jatorri-hizkuntzako esaldiak zenbakizko errepresentazio horretara pasatzea eskatzen du. Behin zenbakizko errepresentazio horiek izanda, gizakion garunaren funtzionamenduan inspiratutako Sare Neuronal Artifizialek errepresentazio hori moldatzen dute, helburu-hizkuntzako errepresentazioa lortu arte. Halako itzultzaileek oso itzulpen naturalak lortzen dituzte, baina arazo larriena itzultzailearen funtzionamendua interpretatzeko zailtasunak dira. Itzulpen-prozesu osoa zenbaki-bektoreen gaineko eragiketa aritmetikoen bitartez egiten da, eta, erroreren bat sortzen denean, oso zaila da errorearen jatorria topatzea, eta are zailagoa irtenbide bat proposatzea.

Hizkuntza nagusietara, halako sistemek lortzen dituzte itzulpen hoberenak, eta, hori dela eta, Google-k dagoeneko eskaintzen ditu halako itzultzaileak, 8 hizkuntza bikote handitarako (ingelesa-gaztelania eta ingelesa-frantsesa, besteak beste). Baina, euskara eta halako hizkuntza txikiagoetarako, oraindik ez da nahikoa ikertu, eta ez dago garbi Itzultzaile Automatiko Neuronalek nolako portaera duten ikasteko datu gutxiago daudenean. Ixa Taldean, jarriak gara dagoeneko horretan lanean: MODELA proiektuan hasi gara euskararako lehenengo Itzultzaile Automatiko Neuronalak sortzen. Lehenengo emaitzak oso itxaropentsuak dira. Itzulpenen kalitatea neurtzeko erabiltzen diren metrika automatikoetan diferentzia handirik ikusi ez arren, lehenengo azterketa subjektiboek adierazten dute kalitate-hobekuntza bat badagoela. Nahiz eta halako sistemek ere erroreak egiten dituzten, itzulpenak beste sistemekin lortutakoak baino naturalagoak dira. 5. adibideko itzulpena zuzena da euskaraz, baina, itzultzaileak oso argi ez duenez nola itzuli por un golpe de calor, ezbehar baten ondorioz itzuli du, ezbehar mota zehaztu gabe eta informazio apur bat galduz. Orokortze-maila hori onargarria izan daiteke kasu batzuetan, baina, 6. adibidean ikus daitekeen bezala, itzultzaile neuronalak behar baino gehiago alda dezake esanahia. Halakoetan, informazioa falta izateaz gain, esaldiaren aditz nagusiaren esanahia (han sido confiscados) ere aldatzen du (ordaindu dituzte).

(5)  ES:   El suceso ha resultado herido un bombero por un golpe de calor y
                ha sido trasladado al Hospital de Gernika.
       IA:    Ezbehar baten ondorioz, suhiltzaile bat zauritu da eta Gernikako
                Ospitalera eraman dute.
(6)  ES:   Durante la operación han sido confiscados bienes valorados en
                unos seis millones de dólares (4,5 millones de euros).
       IA:    Operazioan, zazpi milioi dolar (4,5 milioi euro) ordaindu dituzte.

MODELA proiektua bukatu eta ebaluazio zehatzago bat egin arte, ezingo dugu jakin zein den halako hurbilpenen benetako kalitatea. Baina, emaitza zehatz horiek gabe ere, dagoeneko esan dezakegu halako metodoen inguruan mugituko dela hurrengo urteetako ikerketa.

Sistemen kalitatea eta erabilgarritasuna

Sistemak garatzeaz gain, Ixa Taldea etengabe ari da sistema horien kalitatea neurtzen eta itzulpen automatikoa nola aprobetxa daitekeen aztertzen. Azken finean, sistemak garatzen badira, gizarteratzeko asmoarekin izango da. Horrela, sistemak baliabideekin aberasten diren neurrian eta teknika berriak aplikatzen zaizkien neurrian, horrek kalitatean zer eragin duen aztertzen da. Horretarako, metrika automatikoak erabiltzen dira, hala nola BLEU (Papineni et al., 2002) edo TER (Snover et al., 2006), baina baita pertsonek egindako ebaluazioak ere, non itzulpenen jariotasuna edota doitasuna aztertzen dituzten, esaterako. Izan ere, euskararen kasuan bereziki, emaitza kontrajarriak lortu dira maiz bata edo bestea erabiltzerakoan. Euskararen sintagma- mailako ordena libreak, alde batetik, eta izaera eranskariak, bestetik, maila lexikalean oinarritzen diren ohiko metrika automatikoen mugak azaleratzen dituzte. Adibide gisa, Labakak (2010) eranskaritasunari aurre egiteko tekniken emaitzak aurkeztu zizkigun. Metrika automatikoetan ez zen ikusten aldaketarik kalitatean. Giza ebaluatzaileek, aldiz, eragin positiboa nabaritu zuten itzulpenetan. Sistemen arteko konparazioetan ere antzera gerta daiteke (Labaka et al., 2014): metrikek sistema bat hobea dela esan, eta giza ebaluatzaileentzat beste bat nagusitu. Metrika automatikoak guztiz beharrezkoak eta erabilgarriak zaizkigu garapen jarraitu eta azkar bat bermatzeko, baina Ixa Taldean interes berezia daukagu azken erabiltzaileak ebaluazioetan parte hartzeko (Alegria et al., 2013; Aranberri et al., 2014, 2016).

Neurketak neurketa, ezin esan dezakegu euskarara itzultzen duten sistemek gaur egun kalitate profesionaleko testuak ekoizten dituztenik. Arean ere, zenbait hizkuntza bikotetarako egindako esperimentuen emaitzak kontu handiz konparatu behar badira ere, ukaezina da euskarara itzultzen duten sistemak hizkuntza handietako sistemek lortzen duten kalitatearen azpitik daudela oraindik. Baina orain lortzen duten kalitatea nahikoa izan al daiteke onura ateratzen hasteko?

Itzulpen automatikoa erabiltzaile arruntek zein itzultzaile profesionalek balia dezakete. Lehenengoen kasuan, batik bat atzerriko hizkuntza batean dagoen testu bat euskarara ekarri eta hobeto ulertzeko edo, zergatik ez, norberaren itzulpen-beharrak asetzeko, edo behintzat laguntzeko izaten da. Bigarrenen kasuan, aldiz, eguneroko lana eraginkortasun handiagoz egiteko, itzulpena eta postedizioa (itzulpen automatikoaren orrazketa) tartekatuz, gehienetan.

Kalitate ona lortzen duten sistemek erabiltzaile arruntak poz-pozik uzteko moduko adibideak ematen dituzte. Nork ez ditu emaitza dotoreak aurkitu ingeleseko testu bat ezin ulertu eta gaztelaniara itzulita, edo ingelesezko testu bat idazteko laguntza lortu gaztelaniatik hasita Google-ren itzultzailearekin? Itzulpen profesionalaren esparruan, erronka handitu egiten da. Hala ere, hainbat enpresa eta neurketak ondorioztatu dute itzultzaile profesionalen produktibitatea handitu egiten dela hizkuntza handiekin eta batez ere sistema espezializatuekin (Schäfer, 2004; Plitt eta Masselot, 2010).

Euskararen kasuan, baina, non kalitatea hala moduzkoa den askotan, zalantzan jartzen da erabilgarritasuna. Hori aztertzeko asmoz, Ixa Taldean lanean ari gara erabiltzaile arrunt eta profesionalek itzulpen automatikoaren nola erabiltzen duten aztertzeko. Esaterako, ENEUS proiektuan, Elhuyarrekin eta UPV/EHUko Informatika Fakultateko zenbait irakaslerekin batera, erabiltzaile arrunten eta itzultzaile profesionalen postedizio- eta itzulpen-lana alderatu zen (Aranberri et al., 2014). Emaitzak erakutsi zuen erabiltzaile arruntak itzulpen automatikoa balioesten duela, kalitate baxukoa izanda ere, bereziki adituaren alorreko testuak itzultzeko orduan.

Itzultzaileekin ere egiten dugu lan. Aspaldi da giza ebaluazioetan parte hartzen dutela, baina, postedizioari dagokionez, UEUren ikastaroetan egin zen lehen urratsa, 2015eko udazkenean (Aranberri, 2016). Zenbait itzultzaile profesionalekin bildu ginen, eta euskarara posteditatzeari ekin zioten, atazari buruz hausnartzen genuen bitartean. Halako elkarlanek erakusten dute zer-nolako jarrera dagoen teknologia honekin, zer etekin atera dakiokeen kalitateari dagokionez –badirudi testuinguru batzuetan jada atera dakiokeela–, eta zer lan egiten den den zehazki posteditatzerakoan, itzulpen automatikoaren garapenean lehentasunak jartzeko.


Bibliografia

Alegria, Iñaki; Cabezón, Unai; Fernandez De Betoño, Unai; Labaka, Gorka; Mayor,
           Aingeru; Sarasola, Kepa & Zubiaga, Arkaitz (2013). «Reciprocal Enrichment
            between Basque Wikipedia and Machine Translators», The People's Web
            Meets NLP: Collaboratively Constructed Language Resources, book edited
            by Iryna Gurevych and Jungi Kim, Springer, Book series «Theory and Applications
            of Natural Language Processing», E. Hovy, M. Johnson and G. Hirst (eds.).
Aranberri, Nora. (2016). «Ba al dago lekurik euskararako postedizioarentzat?»,
            Senez 47, 195-203.
Aranberri, Nora; Labaka, Gorka; Diaz De Illarraza, Arantza & Sarasola Kepa (2014).
            «Comparison of post-editing productivity between professional translators
            and lay users», Proceedings of the Third Workshop on Post-Editing Technology
            and Practice (WPTP - 3), Sharon O'Brien, Michel Simard and Lucia Specia (eds.).
Aranberri, Nora; Labaka, Gorka; Diaz De Ilarraza, Arantza & Sarasola K. (2015).
            «Exploiting portability to build an RBMT prototype for a new source language»,
            Proceedings of the 18 th Annual Conference of the European Association for
            Machine Translation, EAMT-2015, 3-10.
Aranberri, Nora; Labaka, Gorka; Diaz De Ilarraza, Arantza & Sarasola, Kepa (2016).
            «Ebaluatoia: crowd evaluation for English–Basque machine translation»,
             Language Resources and Evaluation, 1-32.
Diaz De Ilarraza, Arantza; Labaka, Gorka & Sarasola, Kepa (2009a).
            «Relevance of Different Segmentation Options on Spanish-Basque SMT»,
            Proceedings of the 13th Conference of the European Association for Machine
            Translation EAMT 2009, 74-80, Bartzelona, Katalunia.
Diaz De Ilarraza, Arantza; Labaka, Gorka & Sarasola, Kepa (2009b).
            «Reordering in Spanish–Basque SMT», MT Summit XII. Otawa, Kanada.
Mayor, Aingeru (2007). «Matxin: erregeletan oinarritutako itzulpen automatikoko
            sistema baten eraikuntza estaldura handiko baliabide linguistikoak berrerabiliz»,
            Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Informatika Fakultatea, 2007ko azaroaren 27a.
Mayor, Aingeru; Alegria, Iñaki; Diaz De Ilarraza, Arantza; Labaka, Gorka; Lersundi, Mikel &
            Sarasola, Kepa (2011). «Matxin, an open-source rule-based machine translation system
            for Basque», Machine Translation Journal, Volume 25, Issue 1 (2011), 53-82.
Labaka, Gorka (2010). «EUSMT: Incorporating Linguistic Information into SMT for a
             Morphologically Rich Language. Its use in SMT-RBMT-EBMT hybridation»,
            Lengoaia eta Sistema Informatikoak Saila (UPV-EHU). Donostia. 2010ko martxoaren 29a.
Labaka, Gorka; España-Bonet, Cristina; Màrquez, Lluís & Sarasola, Kepa (2014).
            «A hybrid machine translation architecture guided by syntax»,
            Machine Translation Journal, 28(2), 91-125.
Papineni, Kishore; Roukos, Salim; Ward, Todd & Zhu, Wei-Jing (2002). «BLEU: a method for
            automatic evaluation of machine translation», In Proceedings of the 40th annual meeting
            on association for computational linguistics, 311-318, Philadelphia, Pennsylvania, July 6-12.
Plitt, Mirko & Masselot, François (2010). «A productivity test of statistical machine translation
            post-editing in a typical localisation context», In The Prague Bulletin of Mathematical
            Linguistics, 7-16, Prague, Czech Republic: Universita Karlova.
Schäfer, Falko (2003). «MT post-editing: How to shed light on the 'unknown task'.
             Experiences made at SAP», In 8th International workshop of the European Association
            for Machine Translation (EAMT 03), Dublin City University, Dublin, Ireland, May 15-17.
Snover, Matthew; Door, Bonnie; Schwartz, Richard; Micciulla, Linnea & Makhoul, John (2006).
            «A study of translation edit rate with targeted human annotation»,
            In Proceedings of association for machine translation in the Americas (Vol. 200, No. 6).


1. Gaztelania-ingelesa hizkuntza bikotean ez dago arazorik 100 milioi esaldi itzuli topatzeko; aldiz, euskara-gaztelania hizkuntza bikotean, zaila da 10 milioi esaldiko corpus paralelo bat biltzea.