Editoriala
XXI. mendea aurrera doa, eta kontu bat ez da lar aldatzen gizarteari dagokionez: itzultzailea oraindinokarren ikusezin samar gertatzearena. Eta, aldez edo moldez, profesionalak, gu geu, izaten gara hobendunak, behar bezain zarata ozenik atera ohi izaten ez dugulako. Egia da itzulpengintzan pertsona guztiak ez direla berdinak gizartearen aurrean eta literatur itzultzaileek itzal handiagoa izaten dutela. Fama horren pagua izaten da lana txarto samar ordainduta egotea, izen ona eta ospea gorabehera, eta lan baldintza kaskarrak, literatur itzultzailearen izena portadan agertu arren. Baina argitaletxeek itzultzaile ikusezinik ere badute, besteak beste, entsegu zail eta neketsuak itzultzen dituztenak, haien izena, sarri ere sarri, barruko orrialdeetan besterik ez delarik agertzen. Ez dute eskuratzen itzultzaile literarioek bereganatu ohi duten kleitua. Lan baldintzak ez dira izaten sano onak haientzat ere, salbuespenak salbuespen.
Sektore pribatuan hamaikatxo itzultzailek lanean dihardu, krisi garai honetan, epe ezinezkoen arabera, baldintza penagarrietan, lotsazko tarifen mendean eta, sarritan, dokumentu lagungarririk edo bezeroen aiutarik ere ez dutela. Eta, gero eta maizago, zuzentzaileen proposamenik eta irakaspenik gabe (itzultzaileak eta zuzentzaileak txanponaren bi aldeak dira, banaezinak), lanbide hori ere kinka larrian dagoelako (salbuespenak salbuespen). Itzulpen eta interpretazio fakultatea egon arren, lanbideak ez du lortu gizartean oihartzuna edo isla hobetzerik, anonimotasunak eta ikusezintasunak diren-direnean diraute.
Administrazioko itzultzaileen amorantea ere esker txarrekoa da: gure administrazioek ez dakite, eszepzioak eszepzio, zer egin itzultzaile eta interpreteekin. XXI. mendeak hamalau dituela, lan eskaintza publikoetan administrazioko itzultzaile eta interpretea izateko eskakizunak sinesgaitzak izaten dira behin baino gehiagotan, eta lansari mailak distira txikikoak, itzulpengintzak gaitasun handirik beharko ez balu legez. Itzultzaileak sakabanatuta egon daitezke hainbat administrazio ataletatik, lan horrek zer behar duen eta zer dakarren ez dakiten lagunen mendean eta aginduetara (mesfidati ere izan ohi dira zenbait arduradun politiko eta tekniko: ez da harritzekoa itzultzaileek oztopaturik izatea Internetera sartzea).
Noiz eskatuko dute itzulpen gradua, lizentzia edo masterra ezinbesteko baldintzatzat administrazioan? Edo hizkuntzekin eta administrazio bakoitzak jorratzen duen alorrarekin erlazionaturiko gradua, lizentzia edo masterra? Edo lanbide eskarmentu luze eta egiaztatua, halako titulutik ez dutenei? Noizko ordainduko dizkiete plantillako itzultzaileei beste hizkuntza batzuetan ere trebatzeko ikastaroak? Noizko kontratazio prozesu eta baldintza bateraturik? Diru publikoa barra-barra erabil dezakete zenbaitzuk administrazioan zernahitarako, baina "eskuzabal" horiek beroiek uzkur bai uzkur agertuko dira itzultzaileak lanabes tekniko onez hornitzeko orduan (ordenagailuak, software eta aplikazio bereziak, datu baseak eta abar). Gureari dagokionez, ezin sinetsizkoa da (hala nahi duten) Euskal Herriko itzultzaile guztiek memoria berberekin batera eta linean lan egiteko aukerarik ez izatea, administratuen dirua ondo gobernatzeko beharkizunaren ondorioz lege agindutzat hartu behar balute ere arduradun politikoek —herriaren dirua txarto erabiltzea baita administrazioetan itzulgai bera, jatorrizko testu bera, tokian-tokian itzuli behar izatea, behin eta berriro, lehenik itzuli duenaren testua denon esku ez egotearen ondorioz, normalizazioaren aldetik bertsiook lekarketen nahasmenduaz gain—.
Barregarri gertatzen da lizentziadunari dagokion A mailan sailkatuta egotea itzultzaile-interprete bat erkidegoko administrazioan eta Entzutegi Nazionalean edo Auzitegi Gorenean nahikoa izatea batxilerreko agiria —haietan epaituek zigor handiagoa jaso badezakete ere—. Eta egungo itzulpen administratiboa gero eta alor espezializatu gehiagotara heltzen bada ere (eta halaxe izaten da, gertatzez), nolatan eduki dezakete administrazioko itzultzailea ezinbestekoa dokumentuak nahiz termino espezializatuak eskuratu eta ulertzeko modurik gabe? Edo erakundeetan interpreteentzako kabina duinik ez egotea? Arduradun politikoek eta goi mailako teknikariek interpreteei lana ez erraztea beharrezko dokumentuak garaiz helarazita?
Hizkuntzaren normalizazioaren aldetik ere, harrigarri gertatzen da euskara arautzeaz eta normalizatzeaz arduratzen diren erakundeetan itzultzaile, interprete eta zuzentzaileek ordezkaritza handiagorik ez izatea, haien ahotsa sistematikoki entzun eta jasotzeko bideak antolaturik ez izatea.
Egia da itzultzaile bakarlariaren gaineko irudi erromantikoa; itzulpengintza industria, teknologia, turismoa, merkataritza ere badela egia den neurri berean, alegia, literaturatik eta poesiatik harantzago doala.
Ordea, lanbidearen ikusgarritasunari dagokionez, guk huts egiten duguna ez du bestek zuzenduko; profesionalen eta ikerleen eguneroko lan isil, ikusezin eta ondo eginaren lekuko, hara hor zenbaki honetara bildutako artikuluak, gizartean geure eginak, esanak eta gogoak aditzera emateko noraezeko lanabes moduan, ikusezintasunaren oihal mardulari tarratekoa egingo badiogu.