Itzulpengintzako liburu-aldizkarien berri
Josu Barambones

Artikulu honetan itzulpengintzari buruzko sei erreseina bildu dira.


AGIRRE BEREZIBAR, Jesus Maria, Itzulpen estrategiak. Gaztelaniazko testu juridikoak eta administratiboak. Oñati, HAEE-IVAP, 2009.


Itzulpengintza euskararen garapen eta normalizaziorako funtsezko tresna den arren, Euskal Herrian jakintza-adar honi buruz egindako hausnarketak urriak dira oraindik ere. Horregatik ongietorria eman behar zaie norberaren eskarmentua oinarritzat hartuta, itzulpen-jardueraz gogoeta egiten duten hau bezalako liburuei. 

Jesus Maria Agirrek, Eusko Legebiltzarreko Idazketa eta Itzulpen zerbitzuburu ohiak, apailaturiko liburu honetan Eusko Legebiltzarreko gaztelaniazko testu parlamentario eta administratiboak eta Eusko Jaurlaritzako lege-proiektuak euskarara itzultzeak dakartzan arazo eta arazo horien konponbideak jorratzen dira. Liburuaren helburu nagusia dugu gaztelania formaletik euskarara itzultzerakoan jokabide argi, arin eta naturalak erakustea, hartara euskararen autonomia eta estilo propioa irabazian atera daitezen.

Helburuak helburu, gaztelania juridiko-administratiboak sortzen dituen itzulpen arazoak gainditu daitezkeen arazoak diren arren, euskarak oraindik gainditu ez duen benetako arazoa ez dago hizkuntzarekin edo proposatzen den hizkera-ereduarekin lotuta, baizik eta, egileak ongi dioen bezala, arlo honetako itzulpena hartzaile errealik ez duen jarduera bat izatearekin. Eta hortik berehala sortzen zaigun galdera, norberak erantzun dezakeena: eta zertarako behar dira hartzaile eta erabiltzailerik gabeko itzulpenak?

Liburuaren mamiari helduz, egileak egiten duen aldarrikapen nagusia hau da: gaztelaniazko formulazio trinkoen aldean, euskarak, egituraz eta garapen historikoz batik bat parataxia du jardunbide egokiena. Estilo hau justaposizioan eta koordinazioan oinarritzen da, eta adierazpenaren zatikakotasunera du joera; ondorioz, egitura lokabeekin edo txertatu arinekin aritzen da erosoen. Agirreren aburuz, euskarak hori du estilo propioa eta itzulpenetan euskararen estilo hori bermatu eta gailendu behar da. Xede hori erdiesteko, itzultzaileak gaztelaniazko testua egokitu behar du, hau da, informazioa dosifikatu eta komunikazioa bermatzeko adieraziak argitu. Hortaz, euskarazko itzultzaile juridiko-administratiboak informazioa eraz eta tentuz kudeatu beharko du gaztelaniazko adierazpen ilun, trinko eta anbiguoen aurrean balizko hartzaileek formulazio argi, arin eta anbiguotasunik gabeak topa ditzaten.

Bere irizpidea defendatu eta frogatzeko, testu errealak baliatzen ditu egileak. Alde horretatik esan daiteke azterlan hau enpirikoa dela hein batean. Halere, gure ustez ez da erabat enpirikoa eta are gutxiago zientifikoa. Izan ere, egileak berak hautatutako adibideak ekartzen ditu bere hipotesi nagusia frogatzeko baliagarriak gertatzen zaizkion neurrian, hots, gaztelania formala euskarara itzultzeko sekuentzia arinak antolatu beharra dagoela eta horretarako lokailu, perpaus lokabe eta perpaus txertatu arinak baliatu behar dituela itzultzaileak. Eta hori ederki erakusten asmatu duela ez dago dudarik. Askotan, ordea, lanari halako kutsu preskriptiboa sumatu diogu eta adierazpen trinkoak edo txertatuak egitearen kontra azaltzen da euskararen estilistikak hala eskatzen bide duelako. Baina euskararen estilistika ez da, beharrik, bat eta bakarra, eta euskara ere landu izan da gauza eder, behar, jakingarriak adierazteko bide bihurriak erabilita. Bestalde, gure ustez, eduki juridiko asko ez dago arin eta erraz transmititzerik eta gogoeta-irakurketa sakon-pausatuak egitea eskatzen dute.

Oro har, badu liburu honek kontuan hartu beharreko alderdi asko eta gaztelaniazko testu juridiko-administratiboak euskarara itzultzen hasi behar dutenek gidaliburu txit baliagarria bilatuko dute.

Azkenik bi hitz formatuaz denaz bezainbatean. Gure ustez, formatuak kalte egiten dio edukia eroso irakurtzeari. Euskarazko eta gaztelaniazko adibideak hobeto bereizteko beste letra mota bat erabili eta tarte handiagoak utzi izan balira, ziur asko liburuaren itxurak eskertuko zukeen.


DÍAZ CINTAS, J. (arg.), New Trends in Audiovisual Translation. Bristol, 2009.


Ikus-entzunezko itzulpengintza azken hogei urteotan gal-gal irakiten dagoen jakintza-adarra dugu. Horren adibidea iaz argitaratu zen artikulu-bilduma hau. Liburuak ikus-entzunezko itzulpenaren arloko aditu punta-puntakoek idatzitako artikuluak biltzen ditu, hainbat kultura eta hizkuntza-bikote desberdinen talaiak eskaintzen dituen ikuspegiak aintzakotzat hartuta. Erabat harturik, filmak —marrazki bizidunen filmak barne— eta dokumentalak azpidatzi nahiz bikoizteko garaian, itzultzaile-egokitzaileek aurre egin behar izaten dieten erronka kultural eta linguistiko nagusiak aztertzen ditu.

Artikulugileek, alderdi linguistikoetan baino areago, ikus-entzunezko ekoizpenen konplexutasun semiotikoan nahiz alderdi pragmatikoetan jartzen dute beren arreta osoa. Ikus-entzunezko itzulpenaren izaera semiotikotik abiatuta, umorea, dialektoak, konplimenduak, irainak edo tabu-hizkera hizkuntza batetik bestera, hots, kultura batetik bestera itzultzeak agertzen dituen arazoen berri ematen dute. Horiek horrela, ikus-entzunezko itzulpenaren alderdi soziokulturala besarkatzen dutelarik, hemen agertzen diren ikerlanak itzulpen ikasketen cultural turn delako joeraren barruan sartzen dira.

Liburua hiru gairen jira-biran dago antolatuta. Lehenbizikoak —Crossing Cultural Borders— ikus-entzunezko itzulpenari ikuspegi kultural batetik begiratzen dioten lanak biltzen ditu, arreta berezia alderdi semiotikoan jarrita. Zoë Pettit-ek, berbarako, azpidazle eta itzultzaile-egokitzaileek erreferentzia kulturalak ingelesezko filmetatik frantsesera aldatzeko orduan jarraitzen dituzten itzulpen-estrategien berri ematen du; Isabel Hurtado de Mendozak Forrest Gump filmeko izen propioak itzultzeak sortzen dituen arazo motak deskribatzen ditu Vermeer-en Skopos delako teorian zimendatuta, eta Ana Matamalak dokumentalak eta ahots gainjarrien teknikak ekartzen ditu hizpidera.

Bigarrenak —Juggling with Humour— umorea itzultzeak dituen zailtasunak azaltzen ditu. Eskarmentuan oinarrituta, irudiekin jolas egiten duten ahozko adierazpen umoretsuak itzultzea oinaze eta sofrikazio amaigabea izan daitezke itzultzailearentzat. Kontuan hartzen badugu irudiak ezin manipula daitezkeela, itzultzailearen abildadeak goia jo beharko du alor honi dagokionean. Atal honetan, besteak beste, Bridget Jones's Diary filmaren eta The Simpsons marrazki bizidunen gaztelaniazko bikoizketak aztertzen dira.

Hirugarren atalak —Dealing with Linguistic Variation— hizkuntza-aldaerak edo hizkerak ditu aztergai, eta, bereziki, ahozko hizkerak zenbateraino eragiten dien itzulitako gidoiei. Orain arte egin diren ikerlanek erakutsi dute bikoiztutako hizkuntza-aldaerak idatzizko hizkuntza neutro, estandar eta uniformean kokatzen direla, eta horregatik, gehienetan, film bikoiztuek ez dituzte aldaera soziolinguistikoak islatzen. Kulturen arteko aldeak ondoen irudikatzen dituzten alderdietan birao eta madarikazioak daude. South Park marrazki bizidunen filmaren gaztelaniazko bikoizketan ikus daiteke nola gaur egun itzultzaileak saiatzen diren xede hizkuntzako testuinguru linguistiko eta kulturalekin bat datozen adierazpideak erabiltzen, hartara jatorrizkoaren pragmatikotasuna errespetatuz.

Munduan zehar ikus-entzunezko itzulpengintza ikerketa akademikoaren barruko arlo sendo eta gailen bihurtu da. Espero dezagun euskarazko ikus-entzunezko itzulpengintza ere ikusezintasunetik jalgi dadila eta ikerlari berriek beren interes akademikoa zuzen dezatela arlo honetara. Zidor horretan barna abiatu nahi duenak hemen aurkituko du bere ikerlana hautatzen lagunduko dioten hainbat bidelagun.


SALLIS, J. On Translation. Bloomington, Indiana University Press, 2002.


John Sallis filosofiako katedraduna da eta liburu honetan itzulpengintzaren gaineko hausnarketa eskaintzen digu. Gogoeta horren abiapuntua hitzaurrean bertan edireten dugu: "Translation goes astray" (xi), hots, itzulpena bide okerretik doa: berdintasuna —esanahiaren berdintasuna erabilera klasikoaren eredura—, erdietsi nahian, berdintasuna hautsi besterik ez du egiten beste hizkuntza baten bestetasunean egiten duen sartu-irtenean, halako moduan hautsi ere, non badirudien ezen erratze edo huts egite berezko halako bat datxekiola itzulpenaren benetako egiari. Sallisek itzulpenaren bi ikuspegi hartzen ditu aintzat: batetik, itzulpena zentzurik hertsienean, edo, nahiago bada, zabalenean, ulertuta; eta, bestetik, hitzen itzulpen huts gisa.

Sallis lau geltokitatik igaroko da itzuliezintasuneraino eramango duen bidaian: hasteko, itzulpenik ezaren ametsetik abiatzen da; hurrena, ametsetik antzerkira igarotzen da, hau da, barneko sentipenetatik kanpoko gertaeretara; gero, Jakobsoni jarraiki, hizkuntzen arteko itzulpena hartzen du hizpidetzat; eta bukatzeko, itzuliezintasunera heltzen da.

Lehen kapituluan itzulpenik ezaren ametsa aurkezten digu. Zer ondorio ekarriko luke ez itzultzeak? Zer ondorio lekarke pentsatzen hasteak itzulpenaz harago? Itzulpen operazio guztiak bertan behera utziko bagenitu, itzulpenik gabeko diskurtso bat izango genuke, itzulpenaz haraindi kokatuko litzatekeen diskurtso bat, bete ezineko ametsa, apika. Kant-ek, Sokratesek adierazitakoa jasoz, pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko lotura frogatzen du. Kant-en ustez, pentsatze hutsa itzultzea da, norberaren pentsamendua hitzetara itzultzea. Heidegger-entzat pentsamendua hizketaren bidez mamitzen da, are hizketa hori isilpean gertatzen bada ere. Hortaz, pentsamendu oro, diskurtso oro, itzulpena besterik ez den neurrian, esan daiteke itzulpenaz haraindi ez dagoela pentsamendurik. Era horretan, itzulpenik ezaren ametsa desegiten du eta frogatu egiten du itzulpena beti dagoela presente testu baten sorkuntzan. Bestalde, lan batek bakarrik erdiesten du bizirik irautea beste hizkuntza batera egindako itzulpenari esker.

Bigarren kapituluak Shakespeare-ren A Midsummer Night's Dream antzerki lanaren alemanezko itzulpena hartzen du hizketa-gaitzat itzulpenaren era askotako zentzuak aztertzeko. Lehenik, itzulpena hizkuntza beraren baitan gertatzen da: ez bakarrik esanahiaren transferentzia metaforikoan, baita norberaren hizkuntzaren eta Shakespeare-ren hizkuntzaren arteko trantsizioan ere. Obra antzeztu orduko, beste itzulpen bat gauzatzen da: testuaren hizkuntzaren itzulpena, baina ez beste hizkuntza batera egindakoa, baizik eta antzerki lanaren eszenetara eta eszena horietan aktoreek jokatzen duten paperetara: "All that makes up theatre-words, actors, spectators, etc.-all are carried away across various spaces of difference, along various itineraries of translation" (36).

Hirugarren kapituluak hizkuntzen arteko itzulpena du ardatz. Itzulpen mota honek sortzen dituen arazo nagusiak hitzen polisemia eta mugikortasunarekin daude lotuta. Honen arabera, itzultzea ezinezko jarduera da, testu baten osagaiak denboraren poderioz eta tokian tokiko ereduen arabera aldatuz doazen heinean. Beraz, bada, galerarik gabeko itzulpenik ez da. Halere, hizkuntza batetik bestera aldatzean, nolabaiteko neurriak gobernatu behar du delako transferentzia. Itzulpenaren neurria esanahia itzultzea, lehengo esanahira ekartzea da: "The measure of translation is restitution of meaning" (64). Gadamer-en arabera, ordea, itzulpen oro interpretazioa da, eta interpretazio horrek sortze lana dakar berekin. Sortze lan hori jatorrizkoa baino argiagoa eta lauagoa izaten den arren, guztiarekin ere galera horiek berdintzen edo orekatzen dira beste arlo batzuetan gertatzen diren irabaziekin: testu bat itzultzen denean, testu hori hobeto eta zehatzago ulertzen da. Eta testu klasikoen kasuan, irakurle gehienak bakarrik testu horien itzulpenak irakurtzeko gai dira. Galerak galera, grezierazko hizkuntza filosofikoa latinera eta Europako hizkuntza modernoetara itzultzeak bestela sekula ere izango ez zituzten aukerak eskaini zizkien latinari eta gainerako hizkuntzei (eta euskara? Nola lortu du euskarak bere mugak zabaltzea eta hizkuntza bera aberastu eta sakontzea itzulpenaren bidez ez bada?).

Azken kapituluan itzuliezintasuna baieztatzen duten hiru adibide jartzen ditu: poesia, pintura eta musika. Pinturaren kasuan, izenbururik gabeko margo lan batek ez du ikuskaria kutsatzen eta ikuslea lanaren aurrean bakarrik uzten du. Hitzek ezin ukitu duten eta itzuli ezin daitekeen halako isiltasuna sortzen da ikuslearen eta pinturaren artean. Musikarekin itzuliezintasunaren sentipena areagotu egiten da, hain nabarmena baita musika-konposizio batean jotako soinua hitzen bidez adierazteko ezintasuna. Halere, musika lan batek lan poetikoa bete edo osatu dezake, hau da, itzul dezake, itzultzearen zentzurik sakonenean.

Filosofiako terminologiarekin ohituta ez gauden irakurleontzat, liburu zail eta konplexua, itzulpen betegin eta perfektua erdiesteko zailtasunak agerian uzten dituena eta balizko Babel batera itzultzearekin amets egiten duena.


MERINO ÁLVAREZ, R. (arg.), Traducción y censura en España (1939-1985). Estudios sobre corpus TRACE: cine, narrativa, teatro. León eta Bilbao: Leongo eta Euskal Herriko Unibertsitateko argitalpen zerbitzuak, 20081.


Liburu hau TRACE2 izeneko ikerketa-proiektua osatzen duen taldearen bigarren emaitza dugu3. TRACE ikerketa-proiektua 1997. urtean hasi zen mamitzen. Orduan, Leongo Unibertsitateko eta Euskal Herriko Unibertsitateko ikertzaile talde batek XX. mendean Espainian egindako itzulpenen kartografia egitea erabaki zuen. Francoren garaian itzulitako kultura ezagutzeko, zentsuratik edo zentsuraren iragazkitik igaroarazitako dokumentazio eskerga aztertzeari ekin zitzaion. Gaur egun, TRACE proiektuari esker, 1938-1985 aldian Espainiako kultura itzuliaren ikuspegirik zabalena eta dokumentatuena daukagu.

TRACE egitasmoak jarraitzen duen metodologia Itzulpengintzari buruzko Ikasketa Deskriptiboen barruan kokatzen da. Hasteko, ikertu nahi den esparruko eta garaiko katalogazio lanari ekiten zaio (1940-1984 bitartean ingelesetik gaztelaniara/euskarara itzulitako haur eta gazte literaturako liburuak, esaterako). Katalogoa datu base indartsua da. Katalogoa egiteko programa informatikoak erabiltzen dira. Behin katalogoa osaturik dagoenean, testu-azterketa egiteko lanak hautatu behar dira. Hautaketa hau ez da funtsik gabe egiten, baizik eta katalogoak agertzen dituen erregulartasunetan zimendatutako irizpide batzuen arabera. Ikerketaren azken fasean, zehazturiko irizpide horien eredura antolatutako testu-corpusak eratzen dira.

TRACE proiektuak lau atal nagusi ditu: narratiba, poesia, antzerkia eta ikus-entzunezkoa (zinema eta telebista). Liburu honek sei artikulu biltzen ditu narratiba, antzerkia eta zinema ardatztzat hartuta. Lehen artikuluan, Marisa Fernández López irakasleak Francoren garaian zentsurak ingelesetik gaztelaniara itzulitako haur eta gazte literaturan izan zuen eragina aztertzen du. Fernándezen arabera, zentsura gogor saiatu zen genero honetako testuak indarrean zeuden printzipio etiko eta pedagogikoekin bat etor zitezen, izan ere haur eta gazte literaturak berebiziko papera jokatzen baitzuen haur eta gazteen heziketan. 1940-1984 aldian zentsuratik igaro ziren itzulpenen katalogoa egiteko prozesua deskribatzen du. Delako aldia hartzen duen eta haur eta gazte literaturako egile nagusiak jasotzen dituen katalogoari esker, testu-corpusa biltzeko lehen urratsa, arazoak sor ditzaketen egileen eta testuen zerrenda bat osatzea da, hartara zentsura-espedienteak bilatu ahal izateko. Espedienteak kontsultatu ondoren, azken urratsak hauek dira: testu zentsuratuak aukeratzea; testu pareak ezartzea, zentsurak bere eragina utzi duen pasarteak hautatzea eta sorburu eta xede hizkuntzetako testuak konparatzea. Ikerketa honetatik ateratzen diren ondorioei esker, ia berrogei urtez zentsurak gazteei zuzendutako argitalpenetan utzi zituen arrastoak ezagutu ahalko ditugu.

Bigarren artikuluan Eterio Pajares EHUko irakasleak Emily Brönteren Wuthering Heights nobelaren itzulpenen katalogoa eta itzulpen horien azterketa deskriptibo-konparatiboa aurkezten dizkigu. Lehenik, Brönteren nobelak Ingalaterrako literaturan betetzen duen lekua deskribatzen du. Bigarrenik, nobelak zentsurarekin izandako harremanen berri ematen digu eta horretarako 1940tik 1983ra bitarteko 77 zentsura-espediente aztertu ondorengo emaitzak plazaratzen ditu. Eta kontrakoa pentsa daitekeen arren, guztiarekin ere zentsura-txostenek ez zioten inolako eragozpenik jarri nobela hau argitaratzeari. Bukatzeko, testu-azterketari ekin ondoren, Pajares irakasleak ateratzen duen ondorioa da Wuthering Heights nolabaiteko fideltasunez itzuli zela eta zentsura ez zela behaztopa harri bihurtu.

José Miguel Santamaría ikerlariak 1940tik 1970era bitartean Espainian berebiziko garrantzia izan zuen genero bat aztertzen du: western generoa. Deigarria da oso aurkitzea ezen, atzerriko izen batekin sinaturik argitaratu ziren obra gehienak bertako idazleek izengoiti batekin argitaraturiko nobelak zirela, hau da, sasi-itzulpenak (Touryren arabera, fictitious translations; Rabadánentzat modelos clonados). Egileak hiru sasi-itzulpen mota bereizten baditu ere, bakarrik azken mota hau du ikergai, hots, izengoiti bat erabiltzen duten eta irakurleen begietan idazle atzerritarrak bailiran agertzen diren idazleen kasuak. Zein izan daitezke horrela jokatzeko arrazoiak? Arrazoi ekonomikoak edo soziopolitikoak eta egileek beren izenak ezkutatzeko arrazoiak barik, badirudi ziorik behinena eta orokorrena irakurlegoaren sinesgarritasuna eta onginahia edo barkamena erdiestea dela. Azkenik, hiru obraren testu-azterketa egiteaz gain, Zane Grey idazle estatubatuarraren obren benetako itzulpenen katalogo osoa eta sasi-itzulpenen beste katalogo zehatz bat eransten dizkio artikuluari.

Hurrengo artikuluan Ibon Uribarrik papereratzen ditu itzulitako alemaniar filosofia eta zentsurari buruzko ikerketaren lehen emaitzak. Horiek horrela, TRACE proiektuari bi ekarpen berri ekarri dizkio: batetik, generoari dagokionez, saiakera filosofikora zabaldu du ikerketa esparrua; eta, bestetik, hizkuntzaz denaz bezainbatean, alemana du sorburu-hizkuntza. Lehen atalean, Uribarrik filosofiak XIX mendean eta XX mendearen hasieran Espainian izan zuen presentzia arakatzen du. Gero, Kantek sorburu-hizkuntzan jokatu zuen papera gogoratu ondoren, Kanten obrek Espainian izan zuten harrera deskribatzen du. Harrera horretatik tiraka, Kanten obren katalogatzeari ekiten dio. Katalogo horrek 1873. urteraino garamatza, Kanten zeharkako lehen itzulpeneraino hain zuzen. Azkenik, 1939-1985 bitartean identifikaturiko zentsura-espedienteetan jasotako informazioa bildu eta lehen testu-konparaketak egiten ditu. Eranskin gisa, Kanten Arrazoimen hutsaren kritikaren gaztelaniazko itzulpenak gehitu ditu.

Zinemari dagokionez, Gutiérrez Lanza Leongo Unibertsitateko irakasleak TRACEci (1951-1981) katalogoa eraikitzeko orduan jarraitutako metolodogia zehatz-mehatz deskribatzen du. Katalogoa definitu ondoren, berau zedarritzen duten mugak azaltzen ditu: testu tipologiari dagokionean, testu zinematografikoak ditu ikerkizun; sorburu eta xede hizkuntzak ingelesa eta gaztelania dira, hurrenez hurren; eta, azkenik, denbora muga, 1951tik 1981era bitartean Espainian zentsuraren sareetatik igaro ondoren pantailaratu ziren testu filmikoak. Katalogoari esker, antzeko ezaugarriak dituzten hainbat film-talde identifikatu ditu eta ikerketa bide berriak zabaldu.

Liburuari amaiera emateko, Raquel Merino irakaslea itzulitako antzerki lan zentsuratuei buruz mintzo da. Zentsurak baliaturiko iragazkirik garrantzitsuena moral sexuala izan zen. Hori dela eta, Mart Crowley-ren The Boys in the Band antzerki lana aztertzen du, tabu ziren gaiak eszenatokian nola integratu ziren ondo baino hobeto islatzen baitu. 1975. urtean ekoizturiko obra hau mugarri bihurtu zen homosexualitatearen irudikapenean eta berealdiko eragina izan zuen. Obra bere testuinguruan kokatu ondoren, testu-azterketari ekiten dio. Horretarako, zentsurak bere garaian sortu zituen testu markak erabiltzen ditu hainbat pasarte-pare edo bi-testu analizatzeko. Ondorio gisa baiezta daiteke ezen etengabeko tira-birak eta negoziazioak izan zirela zentsura aparatuaren eta testua argitaratu edo antzeztu nahi zutenen artean.

Ikerketa talde baten lekuko aparta den liburua, Francoren garaian zentsurak itzulpenetan izan zuen eraginaren nondik-norakoak hobeto eta sakonago ezagutzeko ekarpen baitezpadakoa itzulpengintzaren historia ezagutu nahi duen ororentzat.


TRANS Revista de Traductología, nº 13. Universidad de Málaga, Departamento de Traducción e Interpretación, 2009.


Malagako Unibertsitateko Itzulpengintza eta Interpretazio Sailak aurrera darama 1996. urtean hartu zuen bide oparoa eta horren frogarik argiena hemen duzu: TRANS, itzulpengintzako aldizkariaren azken alea, 2009. urteari dagokiona. Eta hamahirugarren zenbaki honetan antzerki itzulpenari eskaintzen zaion txostena nabarmentzen da gainerako edukien gainetik.

Egia bada ere gutxi idatzi dela antzerki itzulpenaz, laurogeiko hamarralditik aurrera gero eta ikerlan gehiago atera dira argitara. Dosier honek arretaz aztertzen du testu dramatikoen antzezpenaren prozesu intersemiotikoa —intersemiotikoa ez ezik, hizkuntza eta kultura artekoa ere badena—, azken helburutzat itzulitako antzerki testu bat duena. Testu dramatikoaren eta antzezpenaren artean gertatzen den harreman berezia dela eta, antzerki itzulpenaren azterketak literatur edo ikus-entzunezko testuen analisiaz bestelako tratamendua eskatzen du. Hau horrela da arrazoi honegatik, hots, testu dramatikoak, antzezpenarekin lotutako harreman dialektikoari esker sortuak baitira, ahozko sistema konplexuak direlako, aldi berean ahozkoak ez diren beste zeinu-egitura batzuk arautu eta biltzen dituztenak eta mota askotako arau estetikoekin harremanetan daudenak.

Artikuluetan arreta berezia jarri da klasikoen itzulpenean, haien beharragatik eta beti indarrean egoteagatik behin eta berriz itzultzen direlako eta kultura guztietako errepertorio dramatikoen zati direlako. Halaber, artikulugileek aintzat hartzen dituztelarik hizkuntza eta kultura arteko bitartekotasuna, eta bitartekotasun intersemiotikoa, antzerki itzulpengintzan nagusi diren ildo teoriko-praktikoak lantzen dituzte: itzulitako testu dramatikoen eta antzezpen eta antzezgarritasunaren arteko harremanak, itzultzailearen papera eta erantzukizuna, itzulitako antzerkiak xede kulturan jasotzen duen harrera, itzultzeko prozesuan jarraitu beharreko estrategiak edo izenburuak gainjartzea bezalako baliabide gehigarriak erabiltzea.

Delako dosierraz gain, beste artikulu batzuen artean, Juan José Martínez Sierrak ikus-entzunezko testuetan umorea itzultzean ikusizko osagaiek jokatzen duten papera aztertzen du; Beatriz Mª Rodríguezek Tormesko itsumutilaren ingelesezko itzulpenetan umorea eta hitz jokoak nola itzuli diren. Azkenik, aipamen bibliografikoek amaiera ematen diote TRANS aldizkariaren zenbaki honi.


LAFARGA, F. y PEGENAUTE, L. (arg.), Diccionario histórico de la traducción en España. Madrid: Gredos, 2009.


Argitara eman berri den liburu honetan 400 adituk itzulpengintzako historiaz idatzitako 850 sarrera baino gehiago biltzen dira. Egileek dioten bezala, irakurleen eskura jartzen den hiztegi entziklopediko honen xedea kontsulta tresna bat eskaintzea da, non era eta modu osatuan aurkezten baita atzerriko idazleen harrerari eta harrera hori ahalbidetu duten itzultzaileei buruzko informazioa.

Alfabetoaren eredura antolaturik, hiztegi entziklopediko honetako sarrera gehienak antroponimoz osaturik daude. Dena den, sarrera orokorragoak ere biltzen dira, hala nola euskaratik, galegotik eta katalanetik gaztelaniara egindako itzulpenen historia edo zeinahi hizkuntzatatik hizkuntza horietara egindako itzulpenen historia.

Artikulu edo sarrera gehienak literaturako itzulpengintzan zentratzen diren arren, beste itzulpen mota batzuei eta beste arlo batzuei ere eskaintzen zaie merezi duten tokia. Hartara aipatzen dira, besteak beste, adar hauek ere: ikus-entzunezko itzulpena, zientzia, ekonomia eta informatika arloetako itzulpenak, hizkuntzen eta itzulpengintzaren didaktika, itzultzaileen prestakuntza, interpretazioa, zinpeko itzulpen-interpretazioa edota itzulpengintza eta argitaletxeen merkatua. Gainera, sarrera bakoitzaren bukaeran informazio bibliografikoa ere badator, egile bakoitzaren ibilbidean areago sakontzeko eta jakin-nahien jakin-mina asetzeko txit baliagarria gertatuko dena.

Euskal itzulpengintzaren historiari eskainitako sarrera (361-371) bi atalez osatua dago: lehenak, Jose Manuel López Gasenik egindakoak, euskararako itzulpengintza lantzen du; bigarrenak, Karlos del Olmoren lumapean, euskaratik gaztelaniara egindako itzulpengintza jorratzen du. Euskarazko itzulpenei izendaturiko bi sarrera nagusi horietaz gain, hauek dira euskal itzulpengintzaren historia idazteaz arduratu diren egileak eta egile horiek aipatzen dituzten idazle-itzultzaileak:

  • Lurdes Auzmendi: María Dolores Agirre Aizpuru eta Maritxu Urreta Zulaika
  • Gotzon Egia: Pedro María Berrondo
  • Karlos del Olmo: Lino Akesolo, Dionisio Amundarain, Xabier Amuriza, Andima Ibinagabeitia, Gabriel Aresti, Lurdes Auzmendi, Bonaparte, Leizarraga, Mogel, Koro Navarro, Xabier Olarra, Santi Onaindia, Eneko Oregi, Orixe
  • Ibon Uribarri: Azkue, Xabier Mendiguren, Josu Zabaleta

Mitxelenak zioen bezala, txorakeria litzateke hemen huskerien inguruan zirika hastea. Nolanahi ere, txorakeriak txorakeria, baliteke baten batek faltan bilatzea zerrenda horretan agertzen ez den itzultzaileren bat edo uste izatea agian norbait alferrik dagoela zerrenda horretan. Guri dagokigunez, haien falta nabaritu dugunen artean, Jokin Zaitegi edo Bingen Ametzaga, zaharragoen artean; eta Juan Garzia oraingoen artean. Baina hemen ere, ziurrenik, zenbat buru hainbat aburu.

Txorakeriekin jarraitzeko, deigarria begitandu zaigu —itzultzaileek beren kulturan zein kultura horretatik kanpo izan duten eraginaren handi-txikia kontuan izanik— itzultzaile batzuei eskaini zaien tokiaren luze-laburra. Hartara, María Dolores Agirre Aizpuru irakasle eta itzultzaile errezildarrak, kasu, García Yebrak hartzen duen toki berbera hartzen du ia.

Bestalde, nabarmendu beharrekoa da —gaur egun ere ez baita oso ohikoa— atzerriko egileen obren itzulpenak aipatzen direnean, gaztelaniara egindakoak ez ezik gainerako hizkuntza ofizialetara egindakoak ere aintzat hartu direla (Queaneau aipatzean, esaterako, Xabier Olarraren Estilo-ariketak eta Joxan Elosegiren Zazie metroan itzulpenak aipatzen dira).

Laburbildurik, gaztelaniazko itzulpen jarduera eta itzultzaileak ez ezik euskarazko, galegozko eta katalanezkoak ere hobeto ezagutzeko liburu ezbairik gabe oparoa. Erreferentziazko obra bat itzulpengintzako aldi joanaren historiaz eta oraintsukoez gure jakintza emendatu eta gaur egun Espainiako itzulpengintzaren errealitatearen berri zehatza jasotzeko. Eta gerora begira, egokia eta are beharrezkoa ere litzateke Euskal Herriko itzulpengintzaren halako hiztegi historiko bat apailatzea. Bego, oraingoz bederen, erronka jorik hartu nahi duen ororentzat.


Oharrak

1. Liburua helbide honetan irakur daiteke: http://www.argitalpenak.ehu.es/p291-content/eu/contenidos/libro/se_indice_literatura/eu_literatu/adjuntos/trace.pdf

2. Euskal Herriko Unibertsitateko TRACE taldea: http://www.ehu.es/trace/inicio.html.

3. Lehen emaitzak 2000. urtean argitaratu ziren: Rabadán, R. (arg.). Traducción y censura inglés-español:1939-1985. Estudio preliminar. León. Leongo Unibertsitatea. 2000.