Editoriala
Gaur-gaurkoz, itzulpengintzaren gainean gogoeta egitea ezin atzeratuzko auzia da. Garaiok eta munduaren egoerak berak behartzen gaituzte hartara. Ez gara alferrik bizi, bada, komunikazioaren eta informazioaren sasoian. Aspaldi honetan, kultur elkarrizketa eta herrien arteko trukeak gertaera nahitaezkoa bezain arina irauli dira. Zertan gogora ekarririk ez dago nonahiko egoera hori are nabarmenagoa dela, Euskal Herriaren antzera, egunero-egunero hizkuntza batean baino gehiagotan bizi beharrean dagoen herri txiki batentzat. Itzulpen politika egokia diseinatzea hil edo biziko auzia gerta daiteke, batez ere itzulpen ikasketa ofizialen egungo egoera zein horien etorkizuneko diseinua eta profesionalon eguneratze beharrak kontuan izanik.
Aho betean aldarrikatu ohi dugu munduratu beharra, euskal poeta ezagun lehenak esan zuen moduan, plazara jalgitzea, auzotegi globala hedatuz joatea beharkizuna ez ezik, eskubidea ere badela; globaltasun horretan gizakirik urrunen eta galduena auzoko birtuala ez ezik, entzule, mintzakide eta hartzaile ere izaten dugulako. Itzulpenak sareak ehuntzen ditu giza kulturen eta hizkuntzen artean. Nonahiko eta noiznahiko egin da itzulpengintza. Atzetik dakargun altxorra ahaztu barik, begi aurrean zabaltzen zaigun alor hedatsua ondo begi aurrean izan behar dugu. Eta gogoan erabili. Eginkizun horretan honako aletxo hau ekarri du Senez honek, apal bezain sendo.
Azken urteotan, ekonomiak, administrazioak, ikus-entzunezkoek eta industriak begia jo diote itzulpengintzari. Ezin bestela gertatu, XXI. mendean erakunde publikoak eta industria pribatua ondo bai ondo konturatuta daudelako itzulpengintzak duen garrantziaz. Gaur egun dena itzulpena da. Bestela adierazita: itzuli beharra gizakiaren egoerarik berezkoena dela esan liteke. Pertsonak eta gizarteak munduan dagokien tokia topatzen dute itzulpenari esker. Itzulpena giza kondizioaren metafora da: ezegonkortasuna, mugimendua, negoziazioa eta bestearenganako bidaia da. Itzulpen berbak berak adieraziaren aldetik mugimendua dakar gogora hizkuntza gehienetan. Mugimendua, bilakabidea, aurreramendua bere-berezkoa du lanbideak.
Itzulpengintzaren dinamikotasuna, horratik, gizartean oso bestela kontsideratzen da: itzulpenak erreprodukzio fidela izan behar du, aldaki zehatza, jatorrizkoaren kalko aldagaitza. Eta ikuspegi horri egin behar izaten dio aurre profesionalak. Eta, jakina, elkarteok ere bai. Itzulpengintza hizkuntz eraldatze automatiko hutsa baino areago kulturen arteko negoziatze trinkoaren engranaje delako, pentsaeren eta herrien arteko zubi, kultur trafikorako bide, giza sormenaren ekarri berrietarako ate.
Itzulpengintzak, bestalde, mesfidantza moduko bat sortu ohi du agintarietan: aire berri eta iraultzaileen ekarle izan da itzulpena historiaren bilakabidean. Baina itzulpena eta botere sistemak elkarri loturik daude eta, batez ere, halako botere sistemen jokabidearekin, hau da, politikarekin. Beraz, heldua da garaia, itzultzailearen zehaztasun (falta) eta (txarto) eginak mintzagai erabiltzeari uzteko eta itzulpengintza aldarrikatzeko makropolitika kultural moduan, gizarteak eraikitzeko osagai noraezeko gisara, gizadia sendotzen edo aldatzen laguntzen duen aldetik, gizaldeak elkarren errealitateen aurrean jartzen dituenez gero.
Gizarte batek nolako begirunea dion itzulpengintzari, halatsu egokituko ditu konbentzioak, egiturak eta erakundeak. Itzulpengintzari merezi duen garrantzia aitortuz gero, gizartea mundua hobeto ulertzeko moduan egongo da, barne eta kanpo istiluak egokiro bideratzeko bidean jarriko da.
Egun ezin da globalizazioaz eta kultur askotarikotasunaz mintzatu itzulpengintza giza jarduerarik gehienak kutsatzen dituen jazoeratzat hartzeke. Nekez ekarriko dugu herrixka globaleko gertakaririk harira itzulpen motaren bat tartean ez bada. Ekonomi eta administrazio egituretan askotan garrantzi eta zama ukaezin eta ikaragarriak ditu, dirutan ere neur daitekeena. Ikusi besterik ez dago merkatura datorren ezein produkturen gaineko dokumentazioa (paperezkoa zein bestelakoa) tokian tokiko hizkuntzetara ekarri beharrak zenbateko kostuak sortzen dituen. Baina merkatuak hala agintzen duela etsitzen badugu, zer ez dugu egin beharko giza sormena, artea munduratzea autu erabiliz gero? Zelan ez ahalegindu gizakion kultur ekarriak itzultzen?
Itzulpenaren arragoan kulturak, diskurtsoak eta hizkuntzak urtzen dira eta bat egiten. Itzulpen ekintzak, bestalde, idazketa hibrido eta kultur artekoak sortzen ditu. Aniztasuna oinarri, batasuna dakar itzulpenak, baina ez batasun zapaltzaile eta suntsitzailea, ez, batasun jori eta ugaria, zati ezberdin askok eratua. Globalizatzea ez da hizkuntza edo pentsamendu bakarra gailentzea, horiek denok elkarrengana itzultzeko abagunea baizen. Bizitza eta obra itzuliek batasuna eta adiskidetzea dakartzate, nahiz eta itzulpengintza, berez, gatazka, negoziazio, hegemonia eta menderatze giroan sortzen den. Zenbat eta beharrezkoago izan elkarri aditzea, elkar hartzea, orduan eta premiazkoagoa itzulpengintza. Esatea ere badago giza gatazka gehienetan itzulpen arazoren bat dela tartean. Bestea itzuli beharrean egongo gara harekin hartu-emanetan hasiko bagara. Itzultzailearen lana horixe baino ez da sarri ere sarri: jatorrizkoak etengabe sortzen dituen gatazkak ebazpidean jartzea. Itzultzea inoiz ez da alfer lana, eta itzulpengintzak aro globalean hala dela agerian jarri ez ezik, globalizatzaileen eta globalizatuen egoeren aldeak sendotu edo ahuldu ere ditzake.
Bestalde, itzulpengintza eta teknologia berriak beste ezer baino elkarrenagoak dira: Internet, ikus-entzunezkoak, softwarea eta mundu birtuala tokian tokiko hizkuntzetara itzultzeko premia bitarte dela, elkarren beharreko eta zordun dira. Internet Babel berria da, eta itzultzaileak, mundu horretako bitartekoak. Gune mitiko horretan, azala ez ezik, edukia bera ere itzuli beharra izaten da.
Inoiz baino baitezpadakoagoa da itzulpengintzaren inplikazioak hizpide eta gogoetagai erabiltzea, hizkuntza batera itzulitako lan mota guztiak, nahitaez, herri, hiztun eta kultura hartzaileen ondare bihurtzen direlako, ezari-ezarian eta era atzeraezinezkoan.
Itzulpengintza idatziak beste lanbide bi ditu pare-parean: interpretazioa eta jorraldia, zuzenketa. Nekez egingo dugu ezer lanbidearen gainean beste anai-arreba horiek ahaztuta utziz gero. Egun ahozko eta ikus-entzunezko corpus eta edukiak —itzuliak horiek ere, jakina—, garrantzia irabaziz doaz, eta bertsolari saioetara ere heldu dira. Horiek guztiak bideratzen gaitzagoak lirateke itzulpenik ezean.
Ezin ahaztuzkoa da, bestalde, itzulpenak genero, klase eta leinuen arteko ezberdintasunak leuntzeko bidean jar ditzakeela pertsonak. Itzulpengintza etorkizuna diseinatzeko bidaide eskergabea da, kontzeptu eta formulazio politiko berriak ontzen esku emateaz gain, herritarrak horietarako prestatzen eta trebatzen ere lankide diharduelako.
Euskal Herriak, jakina, gertatzez, herri elebakarra ez den aldetik, itzulpengintza oinarrizko zutabe du, eta hala erakutsi du itzulpengintza eta interpretazioa unibertsitate ofizialera eroanda. Lehenengo urratsa da, xumea, bai, baina ezinbestekoa garai berriotarako itzulpen politika diseinatzerakoan. Bestalde, hizkuntz eta kultur planifikazioen aldetik, ukaezina da ez dagoela horrelako politikarik diseinatzerik itzulpengintzaren ekarria ahaztuta: bateko, normalizazioa eta itzulpena elkarren arerio ez direlako, besteko, jatorrizko kultur produkzioa kanpora eroan barik eta kanpoko ekarri itzulia bereganatzeke, gaur egun edozein kultura, isolaturik, ia hutsaren hurrengo gerta daitekeelako. Eginkizun horiek guztiak itzultzaileok eta itzultzaileen elkarteak ere hartu behar ditugu dematzat, kritikatu behar noraezekoari sektore guztiekiko elkarlanean jarduteko jarrera gehitu beharrean gaude. Eta etorkizuneko beharrizan berrien gainean sendo hausnartu.
Horien guztien erakusgarri eta itzulpengintzak, euskal itzulpengintzak, bizi duen sasoi onaren frogarri doaz orriotara ekarri ditugun artikuluok.
Bihoaz lerro hauek, bestalde, aldizkariko zuzendaritzan aurreko aleraino lan eskerga egindako Gotzon Egia zuzendari ohiaren esker on eta gorazarre, zorionez, aldizkariko Aholku Batzordean beti bezain prestu dirauelako lanean.