Zuzenketa automatizatzea
Artikulua PDFn.
LEAD IN
Birmingham Sunday Mercury deritzon kazetan 2001eko urtarrilaren 7an agertutako albiste baten arabera, argitaletxe bateko langileak eta arduradunak lankide pausatu baten ondoan egon ziren 5 egunean bestea hilda zegoela konturatu barik. Inor ez ei zitzaion urreratu. George Turklebaum jauna, 51 urtekoa, zuzentzaile egon zen argitaletxean 30 urtean. Bihotzekoak jota hil bide zen, beste 23 langilerekin batera zerabilen bulego ataldu gabe batean. Astelehenean hil zen, baina inor ez zen ohartu larunbat goiza arte, garbitzaile bat asteburuan ere halako goiz lan egin behar ote zuen galdetzera joan zitzaion arte. Ugazabak esan omen zuenez, George lehenengoa izaten zen lantokira joaten eta azkena etxeratzen. Langile eredugarria, omen. Isila eta porrokatua. Inorekin sesioan ez ziharduena. Inortxo ere ez zen, beraz, harritu, beti jarrera berean ikusita, ez ei zuelako ea inorekin berba egiten. Lanari guztiz emanda bizi omen zen, ia bestelako harremanik gabe. Medikuntzako testu bat zuzentzen ziharduen herio bila etorri zitzaionean.
Agian, kondaira urbano horietako baten aurrean gaude. Hala bada, betor ongi sarrera moduan. Halakorik ez bada, balia bekigu zuzentzailearen bakarkako lan eskergabe eta ikusezinaren adibide.
Testuak, edozein euskarritakoak (papera, digitala, ikus-entzunezkoak...) direla, kalitate eta batasun baldintza zein irizpide jakinen arabera onargarri uztea bide du helburutzat zuzenketa lanak. Euskarak egun heldu duen mailari begira, ezin ukatuzkoa da zuzenketak orain urte batzuk irudikatzen ezinak ziren esparruak dituela langai.
Zuzenketaz baino, zuzenketa motez edo mailaz berba egitea zuzenagoa izan daiteke, izan ere. Lehenengo maila bat, oinarrizkoena, konparazioko zuzenketa litzateke, hau da, dokumentu beraren bi bertsioak bat ote datozen aztertzea. Alegia, egileak idatzitakoa eta inprimategirako prest dagoena bat datozen aztertzea. Gero eta gutxiagotan egiten da, batez ere euskarri elektronikoak gorabidean doazelako.
Bigarren korrekzio mota batek aztertu beharko du ea idazleak bidalitako euskarri elektronikoa maketaziorako euskarrira pasatzerakoan aldaketarik izan ote den. Euskarri elektronikoei dagokionez, ondo gogoan izan behar da erabilera orokorreko testu prozesadoreak eta maketazio programa profesionalak ez datozela bat eta, ondorioz, egileak beste inork ez duela jakingo nolako itxura gura duen testu maketaturako.
Hirugarren motaz den bezainbatean, zuzenketa klase horixe izaten dugu denon buruan zuzentzea gogora etorri orduko. Aurrera urretik, halere, argitu beharra dago ezen zuzentzea ez dela editatzea. Editoreak ere zuzentzen du, baina halako erakunde edo argitaletxe baten beharretara egokitzeko edo egilearen «gramatika txarra» edo inkontsistentziak onbidera ekartzeko.
Zuzentzaileak, ordea, lantegi izango ditu kalitate teknikoa, puntuazio oker eta iluna, gramatika ez-estandarra, erakundearen edo enpresaren estilo liburuarekin bat ez datozenak, desbideratzeak, desadostasunak (metafora nahastuak, idiotismo desegokiak...), aritmetika okerrak, huts faktualak (argiaren abiadura beti da bera, berdin dio egileak zer idatzi duen). Jakina, prestakuntza beharko du jakintza alor berezi batzuez eta hainbat eduki teknikoz eta, adituen arabera, baita «begi tipografikoa» eduki ere, hau da, tipografi huts eta gorabeherez berehalakoan ohartzeko trebezia.
Informatika garatu ahala, beharrizan berriak sortuz doaz (bestelako euskarriak, dokumentu mota bereziak...), baina, horrezaz batera, baliabide eta tresna lagungarriak ere ugarituz doaz. Testu beraren hainbat aldaki edo bertsio izan daitezke: paperezkoa, datu basea, digitala, web gunekoa, ikus-entzunezkoa... Bestalde, eraginkortasunak lagun eroan behar du arintasuna, zuzenketek denbora behar dutelako eta, jakina, denbora dirua da. Asko zuzendu behar izanez gero, lan ildo ohikoa oztopaturik geratuko da. Kontua litzateke, beraz, zuzentzaileari, erredaktoreari edo dena delako profesionalari lehendik adostutako irizpide batzuk beteko dituen testua helaraztea. Jakina, hizkuntza langai dela beti izango da eremu lauso eta erabaki beharreko halako bat, anbiguotasuna eta estandarizaziorik eza tartean direla. Euskarari dagokionez, ezin ahaztuzkoa da, bestalde, euskalki erabilera arautu bagako batzuek oztoporen bat edo beste ezar dezaketela.
Erakunde eta enpresa batzuk, eguneroko lana sinpletu eta merkatu ez ezik, gizartean edo merkatuan hizkuntzazko irudi koherentea aurkeztu beharrean egoten dira. Testuak argitaratzea, are errazenak ere, jardunbide luze eta neketsua izan daiteke, baina egileek original argi eta forma aldetik zuzenak aurkeztuz gero, kostua eta epeak murriztea ez ezik, kalitatea hobetzea ere lortuko da, azken buruan, herritarra, hartzailea edo bezeroa onuradun gertatuko dela. Komunikazioa errazagoa izango da.
Zuzentzaileak azken kate begi noraezekoa izan behar luke testua jende aurrean agertu ordurako. Osagai linguistikoa (hizkuntza bakoitzaren ezaugarriak eta konbentzioak) eta teknikoak aztertu behar ditu. Erroreak, zehaztasunik ezak edo inkoherentziak topatu. Orraztaile ez diren neurrian, ordea, autorearen asmoari fideltasuna zor diote. Horra hor oreka topatu beharra: non hasten da akatsa eta non amaitzen egilearen estilo «urratzaile, bortxatzailea»?
Zuzenketa lana automatizatzeari begira, zein zeregin aurreztu diezaioke itzultzaileak edo egileak zuzentzaileari? Edo, bestela, zuzenketaren zein alor landu litzake modu automatizatuan ordenadoreak? Automatiza ote daitezke testu koherentziaren azterketa, erabilera gramatikalen zuzentasuna, tipografi arazoak? Alderdi horietako zein arindu dakizkioke zuzentzaileari?
Eta kezkatxo bat ere hedatu ohi da automatizazioaz aritzen hasi orduko, geratuko ote da gizakia, zuzentzailea edo itzultzailea batere lanik gabe? Azken teknologi joerek aurkakoa erakusten dute. Itxuraz, itzulpen memoriei esker itzultzaileek gero eta gehiagotan jo beharko dute zuzentzaile edo orraztaile izatera. Eta zuzentzaileen ardura izango da makinek berez ebazterik ez dituzten guztiak argitzea: idazleei edo itzultzaileei itauntzea, zalantzak eta ustezko hutsak dokumentatzea...
Automatizazioaren aldetik, hainbat aldi eta mota bereiz genitzake, esan legez. Homogeneotasuna, orri zenbaketa, osagai formalen hutsak (ohar deiak eta orripekoak bat etortzea eta abar) aurretiko zuzenketa aldi baten osagai lirateke, makina batek erraz antzean aurrera eroan lezakeen kontrola.
Zuzenketaren alor pragmatiko bat ez da begi bistatik galdu behar: fotokonposizio fasean dagoen lan batean aldaketarik txikienak ere gastu erreskada ikaragarria ekar dezakeela.
Orokorrean, dokumentu batek bi osagai izango ditu: edukia (egitura logiko bati lotua) eta aurkezpen itxura. Aurkezpenari dagozkionak etengabe bilakatuz doaz eta, aldez edo moldez, errazen automatiza daitezkeenak genituzke.
Egungo baliabide informatikoek testuak formateatzeko aukera ugariak dakartzate, baina programen arteko konbertsioek kode edo elementu grafiko arrotzen sorrera eragiten dute. Pentsatzekoa da sarritan hobe dela errebisatu beharreko edo zuzenkizun den dokumentuan ahalik eta aurkezpen elementu formal gutxien jartzea, halako oker elektronikorik sor ez dadin. Baina nola ukatu idazleari edo itzultzaileari begi aurrean dokumentu ondo aurkeztua izateko aukera? Itzulpenei dagokienez, gainera, sarri ere sarri, azken formatuak erabat baldintza dezake testu itzuliaren edukia bera. Konbertsioek eragin ditzaketen arazoak SGML edo antzeko marka sistema estandarren bat erabilita saihets daitezke, testuaren agitura definitzeko etiketa edo mugarriak ondo definituaz. Bestalde, gaur egun itzultzaileok tresna ezinago egokiak izaten dituzte itzulpen memoriak kudeatzeko programak, formatu ezaugarriak gorde izaten dituztelako, salbuespenak salbuespen (zenbat eta dokumentu osagai estandarizatu gabe edo grafiko gehiago, orduan eta okerbiderako bide handiagoa).
Informatikaren aurreramenduak aurreramendu, gaur arte testua orrazteko edo estiloa zuzentzeko lagungarri informatikoak ez dira lar jorratu. Eta ez halabehar hutsez. Azalpena ekonomian bilatuz gero, pentsa liteke merkatuan zuzenketaren eta estiloaren kontuak ez duela behar besteko dirutzarik gora eta behera erabiltzen, bezeroen eskabide maila ez dela handia. Baina, izatez, ez da hala jazotzen. Zuzenketak gero eta diru ederragoak darabiltza. Azalpenak, beraz, beste adarren bat ere izan dezake: estiloa zuzentzeko tresnek hizkuntzaren alderdirik sakonenekin eta labanenekin lehiatu beharra. Eta, jakina, oso kontu gizatiar bat: aukera, gustu edo apeta huts direnen artean hautu egin beharrean egotea, estiloa, berez, horixe baino ez delako, idazleari nortasun halako bat ematen dioten ezaugarrien sorta. Jokoan, hizkuntzaren alderdi antzemanezinenak, batzuk semantikaren alorrekoak.
Zuzenketak, zertan ukatu ez, zuzeneko harremanetan dago kalitate kontrolarekin. Kalitatearen Osoko Gestioa eta ISO egiaztagiriak tartean dira. Eta erakunde edo enpresa bakoitzaren usadio eta aukerabideak. Enpresa eta erakundeetan bezeroa gustura uzteko ikuspegia gero eta zabalago dabil, bezeroa enpresa edo erakundea bera denean ere. Jakina, hizkuntz kalitatearen definizioa oso bestelakoa gerta daiteke ikuspegiaren arabera. Terminologiaren sendotasuna garrantzizko-garrantzizkoa izan daiteke idazki edo euskarri motza jakin batean, baina besteren batean, agian, hartzaileak eguneroko hizkeratik hurbilago dagoen eredua gurago luke. Antza denez, barren, ezinezkoa ei da kalitatearen alderdi bat nabarmentzea edo indartzea gainerako alorrak ahuldu barik. Ezin hari batetik tira egin ehundura osoa sare-sare eginda uzteke. Beste auzi-mauzi bat sortzen da berehala, ezin ukatuzkoa da, kalitate sistemak ezartzen, estandarizatzen eta automatizatzen ekinez gero, hasieran, diru eta denbora inbertsio handiak behar izaten direla, zenbateraino eta hainbat enpresak edo erakundek zeregin horietan hastea testu kalitate txikiagokoak plazaratzea garestiagotzat jotzeraino. Bestaldetik, hizkuntzari dagokionez, batzuen iritziz produktu akasgabea (0 akats) beste baten aburuz ez da hain onargarri gertatuko. Zuzenketa automatikoak, beraz, besteak beste, bi erakar gune edukiko ditu, bateko, adostasun handiko irizpideak kontuan hartzea eta, besteko, erabiltzailearen arabera moldatu ahal izatea. Horrela baino ez da lortuko kalitate berme eramangarria.
Kalitatearen aldetik, ezin ahaztuzkoa da, buruan, azken produktu akastuna zuzendu baino, beti izango dela onuragarriagoa idatzi edo itzuli ahala testuari, hizkuntza produktuari alderdi akastunik ez eranstea, hau da, egiterakoan lagunduko duen sistema.
Norberaren beharrizanetara egokituriko tresnak ezinbesteko osagai izango ditu elikatze lan eta denborak. Eta jakina, sarritan, idazlea edo itzultzailea, nagusiak edo bezeroak behartuta, ez da oso astitsu ibiltzen halako prestalanetarako.
Dakusagun beraz, zelako oztopoak izan ditzakeen zuzenketa automatikoak eta zein zuzenketa automatiza dezakegun egun merkatuan eskuarki topatu daitezkeen tresnak erabilirik.
Edukiak
Lehenik eta behin, dena delako aplikazio horrek ebatzi behar luke hartzailearen araberako iragazkiak jarri ahal izatea. Hau da, euskarari dagokionez, esaterako, Euskaltzaindiaren arauak jaso ez jaso erabakitzeko eskua. Onena, jakina, ordenadorearen ahalmena eta programaren eraginkortasuna astuntzen ez bada, arau denak sartzea litzateke, erabiltzaileari aukera hura noiznahi alagalan indargabetzeko bidea emanda, baldin eta harako erabiltzaile hark arauok ezin hobeto dakizkielakoan egonda, makinak halako zereginetan denbora galtzen ibiltzerik nahi ez badu.
Bigarren maila batean, Euskaltzaindiak gomendio edo forma hobetsien moduan emandakoak zein formatutan sartu erabaki beharrekoa litzateke. Jakina, programari adierazi behar litzaioke ea halakoak gomendio ala beharkizun diren erakunde edo enpresa horretan. Irizpideak finkatu beharko dira, ezbairik gabe, halakoak zelan gehitu erabakitzerakoan.
Beste eduki maila bat genuke autoritateen lan, artikulu eta liburuetatik, edo entziklopedia, monografia eta abarretik ateratako estilo irizpideak. Jakina, lehenengo hautua litzateke halakoak gehitu beharrik dagoen ez dagoen ebaztea. Gero, hartarako irizpideak eta bakoitzaren gomendio maila edo indar maila definitzea, hau da, makinak lagungarri ala beharkizun eskainiko dituen.
Hurrengo osagai multzo bat erakundearen edo enpresaren beraren estilo liburutik letorke. Gero eta sarriago dihardute erakundeek barne erabilerako estilo liburuak definitzen. Zertan esanik ez, estilo liburu hori automatizatzeak era izugarrian laburtuko luke lan jardun osoa.
Horri loturik, sail berean, beste erakundeen estilo liburu edo gomendioak letozke, zein bere autoritate kode edo maila erantsirik. Jakina, hobe zuzentzaileari, itzultzaileari edo idazleari edukiak indarrean jarri edo kentzeko aukera eskaintzea.
Azken sail moduan, sistema automatikoari bestelako zuzentzaileak (ortografikoak, adibidez) erabiltzeko bidea ere erantsi behar litzaioke, baina, beti ere, aukera moduan.
Zuzenketa automatizatuaren mailak
Automatizazioak, berez, hainbat maila izan ditzake. Jakina, zuzenketa edo orrazketa automatikoak zelako eduki motak hartu gura dituen barne, aurreko atalean aipatu legez, segituan azalduko diren erarik errazenak erabiltzeak ez du ganora handirik izango.
Oinarrizko mailan idazteko erabiltzen diren tresnarik ohikoenek eskaintzen dituzten baliabideak izango genituzke: autozuzenketa zerrendak, makro sailak, datu base edo kalkulu moduko zerrendak eta abar. Beharrizanik errazenak gestionatzeko bide merkea eskaintzen dute, erabiltzaile edo enpresa gehienek edukitzen dituzten programen baliabide guztiak ustiatzen datzalako. Sarritan ofimatika aplikazioak erabiltzaile arruntaren ikuspegitik baino ez dira erakusten, lanbide bakoitzaren beharrizanak ahaztuta. Berez, testu tratamenduak, datu baseak eta kalkulu orriak ez daude zuzentzailearentzat edo itzultzailearentzat pentsatuta, baina berez dakartzaten aukeretako eta tresna batzuek zuzenketa automatizatzeko bidean jarriko dituzte halako profesionalak. Testu prozesadoreak berak autozuzenketa zerrendak eratzeko aukera eskaintzen du, alegia, hiztegi mailako zuzenketak egiteko bide erraza. Erabiltzaileak nahi dituen aukerak erantsi eta ordenadoreak berak aldatuko ditu, bestelako bagarik, tekletan sekuentzia galarazia idazten denean.
Horrekin batera, testu prozesadoreek erabiltzailearen hiztegiak sortzeko aukera eskaintzen dute. Hau da, berez dakartenaz gain, nork berea definitzeko bidea. Horrek, berez testu, erakunde, bezero eta enparauen araberako hiztegiak sortzea bideratuko du. Programari erabiltzailearen hiztegiak ere testu zuzenketarako erabiltzeko aginduz gero, testu prozesadoreak, datu baseak edo kalkulu orriak abiaraziko ditu. Hala, oinarrizko zuzenketa mailaz gain, beste bat ere antola liteke, zuzentzailearen beharren araberakoa. Testu prozesadoreek, berez, estilo zuzentzaile xume batzuk dakartzate, baina euskararakoa oraindik ez dago guztiz osaturik, nahiz eta gramatika aztertuko duen Xuxenen bertsioa aurreratu samar dagoen.
Antzeko bide bat dugu makroena. Makroak agindu kate automatizatuak dira. Haien bitartez deiak egin dakizkieke beste fitxategi batzuei (adibidez, zuzenketen zerrendei) edo idatzi ahala, hiztegian ez diren kateak aldatzeko. Jakina, erabiltzailearen aldetik halako prestakuntza berezi bat eskatzen du bide mota horrek, edo, informatikan jantziago dagoen baten laguntza. Baina erabiltzen errazak izaten dira.
Haiei loturik daude datu baseak eta kalkulu orriak, eta halakoek zuzenkizunen zerrenda luzeagoak, ia mugagabeak jaso eta indexa ditzakete. Zertan esanik ez, makroen bitartez, beste aplikazioren batetik egin diezaieke dei erabiltzaileak.
Maila honetatik jota, hurrengo maila aplikazio espezifikoena da, hots, hiztegiak, glosategiak eta abar sortzeko software berezia. Haietako batzuk hutsik datoz, erabiltzailea berbak gehituz joateko. Beste batzuk, ordea, oinarrizko hiztegi batez horniturik datoz, eta erabiltzaileari bereak emendatzeko abagunea eskaintzen diote. Beste alorretan bezala, freeware irenetatik diru ederrak kostatzen direnetara doa sorta. Betiko legez, erabiltzaileak aukeratu beharko du beharren, inbertsioen eta etekinen arteko oreka zelan eratu.
Espezializazioranzko kate honetan, hurrengo maila itzulpen automatikorako programena da, halakoek erabiltzailearen hiztegiak sortzeko aplikazioa ekartzen dutenez gero. Halakoetan datuak eransteko edo inportatzeko modu gidatu edo behartua dago, bestela programa itzultzaileak hiztegi berria itzulpen automatikorako erabiltzerik izango ez duelako. Elikatzea gatzago gerta daiteke, baina, ordainez, zerbitzu hobea eskaintzen diote bezeroari. Normalean itzultzaile «profesionalek» ez dute halako aplikazioetara jo ohi, emaitza barregarrien sortzaile izan ohi direlako. Baina ez dira guztiz erabat alde batera uztekoak, espezialitate alorretarako hiztegiak prestatuz gero, oso «aurreitzulpen» baliagarriak eman ditzaketelako. Bestalde, ondo kontuan izan behar da horrelako itzultzaile automatikoak itzulpen memoriazko programekin batera erabil daitezkeela eta, ondorioz, prozesuak asko arindu.
Espezializazioan gorago joanda, zuzenketaren hurrengo mailan itzulpen memorietarako aplikazioak genituzke. Programa horietako batek, Wordfast-ek, hain suertez, berezko osagai du kalitatea kudeatzeko modulu bat. Aurrerago jardungo dugu halakoen gainean. Itzulpen memoriak, berez, itzultzeko prestaturiko tresnak dira, baina, eskaintzen dituzten baliabideak bestela antolatuta, zuzentzaileentzako lanabes bihur daitezke, hala, zuzentzailearen lana errazteko bidea eman ahal izateko. Geroago azalduko dugu jardunbidea zehatz-mehatz.
Azkeneko maila, zertan esanik ez, zuzenketarako diseinaturiko softwarea litzakete. Artikulu hau erredaktatzeko orduan, zuzentzaileentzat gurata prestaturiko programa komertzialik ia ez dago merkatuan, artikulu honetan bertan haietako bat, hizkuntza bakarrerakoa, aurkeztuko dugun arren.
Motak
Zuzenketa sistema definitzeko, prestatzeko edo aukeratzeko orduan, hainbat mota bereizteko modua izango dugu dena delako programaren erabilera bera irizpide erabilita. Agi denez, erabilera horrek programaren beraren ezaugarriak eta baliabideak baldintzatu ditzake. Dakusagun:
a) Itzultzailearentzako berarentzako laguntza sistema
a.1. Itzuli ahalakoa
a.2. Itzuli ostekoa
b) Zuzentzailearentzako laguntza sistemak
b.1. Itzultzaileari on line laguntzeko sistema
b.2. Itzulpena orraztekoa
c) Elikatze edo mantentze motaren arabera (produktu itxia, noizean behin elikatzekoa, itzuli edo zuzendu ahala elikatzekoa).
d) Erabilera unearen araberakoa (etengabekoa, lana amaitu ostekoa, nahierarakoa...).
Zuzenketarako baliabide linguistikoak
Dena delako zuzentzaile automatiko ideal eta ereduzkoak ondoko edukiak jaso behar lituzke:
- Lexiko basea: lemak, morfemak, forma lexikalizatuak...
- Agerpen maiztasunen hiztegia: oso osagai garrantzizkoa, batez ere zuzenketaren aldetik, zuzenketa batzuen oinarria erabilera, maiztasuna izaten delako.
- Hiztegi tematikoak, gaien araberakoak.
- Hiztegi pertsonalizatuak, erabiltzailearenak berarenak.
- Ohiko hutsen eta zuzenketa proposamenen hiztegia.
- Berba zapuztuen hiztegia, bestela esanda, sistemak erabiltzaileak bestela adierazi ezean, berez onartuko ez dituen berbak
- Morfologi aztertzailea. Segur aski, hurrengo atalarekin batera, zertzen gaitzena.
- Aztertzaile semantikoa, osagai semantikoen gaineko argibideak.
Zertan esanik ez, den-denak barne hartzen dituen aplikazioa goreneko maila izanda, aurreko lehenengo pasartean zerrendaturiko laguntza sistemetako batzuek zenbait aukera baino ez dituzte hartuko, baina begi bistan samar dago soilik beren beregi diseinaturiko aplikazio batek har litzakeela horien denak barne.
Txertatutako irudian gaztelaniarako zuzentzaile automatiko baten interfazea ikusten da, itxuraz, erabiltzaileak nahierara elika dezakeena. Adibide moduan baino ez da aurkezten, tresna beregain mota bat zertan den aurkeztearren.
Testu zuzentzailearen xedeak
Beste alderdi batetik hartuta, dena delako zuzentzaile automatiko horrek, luze labur, honako eginkizun hauek hartu beharko ditu bere gain.
- Zuzenketa ortografikoa
- Alternatibak sortzea
- Alternatibak ordenatzea
- Gramatika aztertzea
- Komunztadura
- Sekuentzi hutsak
- Huts lexikoak
- Estiloa zuzentzea
- Hizkera estandarraren sendotasuna
- Lexikoa: berba, lokuzio eta kolokazio arrotzak...
- Egiturak: kanonikoak, arrotzak, ezezagunak...
- Eduki konbentzioen sendotasuna
- Laburtzapenak
- Siglak
- Akronimoak
- Ikurrak
- Izen bereziak
- Puntuazio okerrak
- Oker semantikoak (segur aski, zereginik gaitzena)
- Hizkera estandarraren sendotasuna
Zuzenkizunen sailkapena
Aurreko atalean jasotako zerrendari begiratua botaz gero, lanaren latza beharbada ez da behar bezain argi geratuko. Baina kasuistika ia infinitu hori astiro aztertzen hastea nahikoa da berehala ohartzeko aplikazioak barne hartu beharreko aldakien zabalaz edo mugagabetasunaz. Automatizazioari begira, batzuk besteak baino errazagoak gertatuko dira, eta bihoa hura kontsolamendu!
1. Ortografi hutsak
1.1. Letra larria oker
Izen berezia
a) Larriaren ordez, xehea
b) Xehearen ordez, larria
Izen berezidun konposatuak
a) Larriaren ordez, xehea
b) Xehearen ordez, larria
Izen berezietatik eratorriak
a) Larriaren ordez, xehea
b) Xehearen ordez, larria
Pertsonen tituluak
a) Larriaren ordez, xehea
b) Xehearen ordez, larria
Atzerriko izendapenak
a) Larriaren ordez, xehea
b) Xehearen ordez, larria
1.2. Berba txarto eratuak
- Bikote (hirukote) elkartu plurala > singularra
- Bikote (hirukote) elkartu singularra > plurala
- Elkartuan marra falta
- Elkartuan marra beharrik ez
- Elkartuko letra larriak oker
- Berba itsatsiak
- Lexikalizatuak
- Lexikalizatua eta lexikalizatu gabea elkarrekin
- Lexikalizatuan letra larriak txarto
- Lexikalizatuan marra txarto
- Izen berezi elkartuak
- Marradun konposatua eta letra larria
- Konposatuan zifrak edo bestelako osagai bereziak
- Berba kateak (itsatsien kontrakoa)
- Bi edo hiru berba elkartu banaka eman behar
- Berbak banatu behar eta, gainera, hutsen bat
- Berbetako batek zifrak edo bestelako ikurrak
- Atzerriko berbak banatu beharra
- Marra beharrik gabe
- Marra komaren ordez
- Koordinazio hutsak
- Marra kendu beharra
- Marra gehitu beharra
- Hutsunea kendu behar
- Hutsunea mugitu behar
- Laburtuak
- Txarto laburtutako berbak
- Bestelako eraketa arazoak
1.3. Lerro amaierako marra
1.4. Bestelako hutsak
Atalaren hasieran adierazi legez, aurreko guztiak erraz samar kudeatzeko moduko atazak dira egungo informatika baliabideak kontuan. Segituan doan zerrendan kasuistika ez dago aurrekoa bezain zehazturik, baina zertan aditua izanik ez dago arin ere arin kontuan jausteko azpiatal bakoitzak hainbat adar eta adarren adar eta adarren adarren adar eta... beharko lituzkeela, programari corpus moduan erantsi beharrekoak. Zerrendan Euskaltzaindiaren Lehen Urratsak bildumaren aurkibideak baino ez dira jaso, barruko edukiak emateke. Erraz ondoriozta daiteke nolako tamaina hartuko lukeen programari erantsi beharreko corpusa. Baina egungo baliabide informatikoen arabera, horrek, berez, ez du larregizko estropezurik sortzen.
2. Gramatika arazoak
2.1 Izena
2.2 Izenordainak
- Pertsona izenordainak
- Zehaztugabeak
- Bihurkariak eta elkarkariak
2.3 Determinatzaileak
- Mugatzaileak
- Zenbatzaileak
- Nolakotzaileak
2.4 Adjektiboa
- Izenondoak
- Izenlagunak
- Aposizioa
2.5 Deklinabidea
- Kasuak
- Posposizioak
- -tzat atzizkia
2.6 Adberbioa
- Aditzondoak
- Aditz lagunak
2.7 Interjekzioak
2.8 Aditza
- Jokatua
- Ez jokatua
- Alokutiboa
- Perifrasiak
- Aditz nominalizatuak
- Beste osagaiak
2.8 Lokailuak
- Emendiozkoak
- Hautakariak
- Aurkaritzakoak
- Ondoriozkoak
- Kausazkoak
2.9 Juntagailuak
- Emendiozkoak
- Hautakariak
- Aurkaritzakoak
2.10 Mendeko esaldiak
3. Estilo arazo batzuk (Euskaltzaindiaren arau edo aholku ez direnak)
3.1 Orden arazoak
- Galdegaia
- Zerrendak: ordena eta deklinabidea
- Perpaus osagarri jakin batzuen ordena
- Eskuinera eramatearen mugak
- Zehar estiloaren arazoak
- Definizioen egitura
- Indartzaileak eta foku bihurtzekoak
- Ezeztapena
- Erlatiboa (ordena)
- Mendeko perpausaren barruko ordena
- Pasiboa
- Bestelako hurrenkera arazoak
3.2 Ere eta sailekoak
3.3 Datak, neurriak, ISO arauak
3.4 -ren eta -ko
3.5 Indartuak
3.6 Birdeklinatze arazoak
3.7 Komunztadura arazo jakin batzuk
3.8 Izenondo erreferentzialak
3.9 Perpaus osagarrietako arazoak
3.10 Erlatibo arazoak
3.11 Komunztadura mugak («herriak du hitza eta erabakia»)
3.12 Komunztadura eta aposizioak
3.13 Atzizki erabilera zalantzazkoak
3.14 Kalkoak
3.15 Idiotismoak
3.16 Euskalkien erabilera
3.17 Marra aukerakoa denean
3.18 Izen kolektiboak eta generikoak
3.19 Hizkera ez baztertzailea
3.20 Testu antolatzaileak
3.21 Sintaxi bereziaren eta bortxatuaren arteko mugak
Lehen adierazi bezala, aurreko bi sailok barnean sintaxi arazo gehienak hartuko lituzkete. Jakina, tresna malgu eta elikagarri batek hasierako karga etengabe aberasteko bidea emango luke, beraz, erabakitzaileena sartzea, kasu berriak txertatzeko modua genuke. Hurrengo multzoko batzuk zertzen eta kudeatzen errazago dira, beti ere kasu berriak agertu ahala datu baseari eransteko bidea izanez gero.
4. Puntuazio arazoak
4.1 Esaldi amaierakoa
- Marka galduta
- Harridura edo galdera marka puntuaren ordez
- Puntua harridura edo galdera markaren ordez
- Puntua hiru puntuen partez
- Hiru puntuak puntuaren partez
- Bi puntuak beste markaren baten ordez
- Beste markaren bat bi puntuen aldez
- Marra beste marken partez.
- Esaldi barruko aipuak eta parentesiak
- Aipu laburra
- Esaldi osoa aipua
- Parentesi laburra
- Parentesi luzea
- Parentesi barruko aipua
- Elkarrizketak
- Elkarrizketa barruko aipuak
- Benetan amaiera ez denean
- Bestelako amaiera arazoak.
4.2 Letra larria eta esaldiaren hasiera
- Nahitaez larriz
- Nahitaez xehez
- Aipu zuzenaren hasiera larriz
- Aipu zuzenaren hasiera xehez
- Parentesi hasiera larriz
- Parentesi hasiera xehez
4.3 Koma
- Koma nahitaezkoa ez da agertzen
- Koma kendu beharrekoa (subjektuaren ostean, esaterako?)
- Zerrendak
- Txatal argigarriak
- Komak elementu sintaktikoren bat ordezkatzeko
- Beste puntuazio markaren bat komaren ordez
4.4 Marra
- Faltan
- Soberan
- Aukeran
4.5 Bi puntuak
- Zerrendak
- Aipuak
- Amaiera esaldi moduan
- Esaldi amaiera ez direla
4.6 Bestelako arazoak
- Punturik ez argazki oinetan...
- Zeinu grafiko bereziak (™, ®...)
- Zeharreko barra
5. Arazo grafikoak
5.1 Hutsunea
- Hutsunea faltan
- Hutsunea soberan
- Hutsune laburregia
- Hutsune luzeegia
5.2 Lerro edo paragrafo berria
- Lerro berriaren hasiera kendu beharra
- Lerro haustura txarto
- Lerro hasiera txertatu behar
5.3 Zuzeneko hizketa
- Marra galdua
- Okerreko marra mota
- Marra beharrik ez dagoela jartzea
5.4 Esaldi barruko marratxoak
- Tarteak adieraztekoa
- Bikoteak adieraztekoak
- Gidoia eta marra motak okertzea
5.5 Aipu markak
- Aipua aipuaren barruan
- Aipu marka bakarra bikoitzaren ordez
- Aipu markak izen bereziei txertatzea
- Markak galdurik
- Marketako bat galdurik
- Amaierako marka txarto jarrita
- Zuzeneko esanek marka beharrik ez
- Aipu barruko aipu marka oker (etzana, adibidez)
5.6 Parentesiak
- Parentesi hasiera edo amaiera txarto
- Kendu beharreko parentesiak
- Parentesi barruko parentesia
5.7 Huts tipografikoak
- Xeheen aldez larriak
- Larrien ordez xeheak
- Etzanaren erabilera okerrak
- Lodiaren erabilera okerrak
- Letra tamaina
- Marjinak
5.8 Bestelako arazo grafikoak
- Agertu behar ez diren ikurrak
- Arautu gabeko erabilerak
6. Estiloa, esangura eta erreferentzia
6.1 Ortografia lehenetsia
6.2 Noiz forma laburtua eta noiz osoa
6.3 Zenbakiak
- Zenbakiak esaldi hasieran zifrez ez
- Esaldi barruan zifrez ala letrez
- DIN arauak
- Hamartarrak (neurriak, prezioak, denbora...)
- Kantitate handiak zifrez
- Gutxi gorabeherako kantitateak
- Ordinalak
- Datak
- Urtea esaldi hasieran
- Telefono zenbakiak eta enparauak
- Espazioak txarto zifren artean
6.4 Hitz kategoria zuzen baina berba bera oker
- Huts semantikoak
6.5 Berba eta esamolde aukera
6.6 Zeinu aukera
- Aukerako erabilerak eta erabilera nahitaezkoak
- Zerrenda buletak eta zenbakiak
6.7 Esaldi aukera
- Esaldi bat ala bi, aukera edo beharkizuna
6.8 Sintaxi egituren aukera
- Okerreko egiturak
6.9 Kontsistentzia
- Testu berean hitz edo kate bera hainbat modutan
- Euskalkiak, sinonimia
- Edo
6.10. Erredundantzia
6.11. Erreferentzi arazoak
- Erabilera sexistak, baztertzaileak, zapaltzaileak...
- Hartzailearen araberako erabilerak
- Multzoa ala banakoa erreferentzia
6.12. Kohesio arazoak
- Anafora, katafora...
- Perifrasiak
- Elipsiak
Azken sail batek kalitate estandarrak, bibliografia eta bibliografi aipuak emateko jarraibideak, erakundearen estilo liburua, hainbat autoritate, egile eta ikerleren lanak, gomendioak eta enparauak jaso litzake. Beharkizun mailakoak ez direnak ere eman litzake sistemak, alegia, estilo gomendio moduko batzuk. Etiketa «adimentsuen» baliabidea (hainbat testu prozesadorek egun darabiltena) izan liteke gomendioak aurkezteko modu bat, halako berba edo esamolde aurretik markaturen bat agertuz gero.
Zuzenketa automatizatzeko bi proposamen
Honako atal honek berez itzulpenerako diren tresna bi zuzenketarako erabiltzeko proposamendua daroa. Izan ere, itzulpen memoriak kudeatzeko programen oinarria datza sorburu eta xede hezkuntzetako segmentuak datu base batean gordeta, halako antzekotasun maila batetik aurrera —normalean, %70 baino gehiago— itzultzaileari lehendik itzulitako zatia era automatikoan eskaintzean. Jakina, lagungarri eroaten dituzte terminologia kudeatzeko osagaiak edo aplikazioak. Horrelakoez baliatzea da segituan doanaren muina.
Bi programok Trados Workbench eta Wordfast dira. Jakina, hauek biok Word testu prozesadorean txertatzen diren tresnak dira. Beste memoria-programa batzuk beregainak dira, hau da, testu prozesadorerik gabe dabiltza, baina euskarazko zuzentzaile ortografikorik ez dutenez gero, ez ditugu aipatuko, nahiz eta gero azalduko dudan prozedurak, hau da, itzulpen memorien teknika zuzenketan erabiltzeak, berdin balio duen haietarako ere.
Atal honetan proposatuko dugun erabilera mota aldetik programa gehienak oso antzekoak diren arren, Wordfastek badu, berez, programaren aukeren artean, kalitatea kudeatzeko modulu bat. Beraz, itzultzaileak berak itzuli ahala zuzentzailearen eginkizunetako batzuk bereganatzeko bidea izango du. Edo, bestela, zuzentzaileak berak automatiza dezake, orrazketa egiterakoan. Programan kalitate kudeatzailea aukeratuz gero, hutsune bat baino gehiago ez egotea zainduko du programak, baita espazio apurtezinik jarri behar den ez den, testu prozesadorearen zuzentzaile ortografikoa pasa behar duenentz, etiketak, markatzaileak eta itzuli behar ez diren zatiak berdinak ote diren ere, baina, seguru asko, aukerarik interesgarriena, glosategiak eta zerrenda beltza izeneko glosategi berezia ere erabiltzeko bidea izango da. Alegia, itzulpenean erabili nahi edo behar ez diren terminoak edo kateak agertzen direnean, programak oharra abiarazten du eta itzultzaileak edo zuzentzaileak hari jaramon egin eta aurrera jarraitu ala ez erabaki beharko du. Zerrenda beltza bera ez ezik, hiru glosategi ere gestiona ditzake programak, hau da, itzultzaileak edo zuzentzaileak testua orrazteko tresna sano interesgarria du, atentzioa eman behar duten terminoak edo kateak berehala topatzen dituelako. Horri gehitu behar diogu, hasierako ataletan azaldu legez, testu prozesadoreari erabiltzailearen hiztegiak gehitu ahal izatea, hala, zuzenketa ortografikoa estilo irizpide jakinetara ekartzeko.
Tradosek, bestalde, kalitatea kontrolatzeko modulurik ez dakarren arren, on du Multiterm aplikazioa, alegia, termino zerrendak kudeatzeko aplikazioa. Zuzenketari begira, termino base berezia antolatu behar luke zuzentzaileak edo itzultzaileak, hau da, beti legez, bi hizkuntza ezberdin aukeratu beharrean, datu baseak sorburu eta xede hizkuntzak berberak lituzke, zuzenkizun den hizkuntza, izan ere. Berezia ere egitura aldetik jasoko lituzkeelako gaitzetsi edo ohartarazi beharreko hitza edo katea, zuzenketa proposamena eta azalpenen bat, testuinguruari buruzkoa. Hala, Multitermek orraztu beharreko testuan detekzio lana egingo luke, zuzentzailea edo itzultzailea jakitun jartzeko zein datu basean proposaturiko zuzenketa era automatikoan jaso ahal izateko.
Funtzionamendu aldetik, memoria-programa erabiltzeko orduan, zuzenketarako memoria berezia aukeratu edo berria eratuko luke erabiltzaieak: sorburu segmentuak testua zuzendu aurrekoak, xede segmentuak, zuzenduak, orraztuak. Jardunbidea halako programetan erabili ohi den berbera, alegia, zuzenkizun den testua «itzultzen», hau da, segmentatzen, zatitzen hastea. Jakina, memoriak nekez edukiko du jasota proposatzen zaion segmentua, baina programa bat zein bestea erabilita ere, lehendik definituriko zerrenda beltzean edo datu basean hasiko lirateke definiturikoen bila. Hala, topatzen dituen termino edo kateak markatuko ditu. Unitatea ontzat emanez gero, alegia, hurrengo unitatera jotzeko eskatuta, segmentuan eginiko aldaketak, testu orraztua, memoriara joango da, alegia, hasierako bertsioa eta bertsio zuzendua gordeko ditu. Hala, apurka-apurka, testu zuzenduen memoria eratuko da. Hurrengo testuak orrazteko orduan, memoria hura erabiliz gero, bidea izango du erabiltzaileak kontsultak egiteko, beraz, zuzentzaileak beti ere izango du zuzenketa irizpideen biltegi elektronikoa eratzeko aukera.
Azaldutako prozedura bera baliatuko litzateke Wordfasten, baina, lehen esan bezala, terminologiarako aplikazioa erabili beharrean, Quality Check modulua eta glosategi zein zerrenda beltzaren aukerak indarrean jarrita.
Zertan esanik ez dago, proposamen honek automatizazioaren goreneko maila ez du erdietsiko, baina aldeko ditu hainbat faktore biltzen ditu bere baitara, besteak beste, inbertsio berririk egin behar ez izatea, erabiltzen erraza izatea, memoriak esportatzeko estandarrak erabilita, erabiltzaileok zuzenketa memoriak elkarri pasa ahal izatea eta, jakina, erabili ahala etengabe elikatzeko aukera. Eta, jakina, Internet bidez zuzenketa memoria eta datu baseak on line partitzekoa. Bestalde, ondo antolatuz gero, programok itzultzeko erabiltzen direnean bezala, aurretiko orrazketa automatikoa edozein langilek egin lezake, eta, hala, zuzentzaileari benetan ebatzi beharrekoak edo datu baseak jasorik ez dituenak erabakitzea geratuko litzaizkieke.
LEAD OUT
Kontua beraz, zuzentzailearen eta makinaren arteko elkarreragiletasun egokia topatzea da, egungo baliabide informatikoen erabilera bikaintzen eta fintzen jardun beharra dago. Tresna berriak diseinatzea ez da, besterik gabe alboratu behar, baina ikuspegi ekologiko batetik, egokia dirudi egun diren baliabideen aukera guztiak (eta asko ere asko dira, zertan esanik ez) behar bezala kudeatzea eta, denborazko inbertsioak merezi duen neurrian, egokitzea, eraginkortasuna muga dela. Alegia, informatika baliabideen garapen eta kudeaketa jasangarriak (iraunkor bihurtuko badira!).
Zuzenketa corpus eta irizpideak, erabilerarik zabalenek, estandarrenek izango dute lehentasuna, baina tokian tokiko usadioetara egokitzeko atea (euskarari dagokionez, euskalkiak) ahazteke. Erakunde publikoek erantzukizun handia dute, zuzenketa irizpideen kontsultategi eta truke leku birtualak eratzea mintzagai darabilgula. Hizkuntzaren batasuna eta estandarizazioan aurrera egiteko inoizko baldintzarik onenak jarri dizkigu eskura egungo teknologiak.
Baina ez da ahaztu behar herri eleanitzetan, azken buruan, zuzenketa irizpideak dokumentuak diseinatzen, pentsatzen hasten direnetik bertatik izan behar direla kontuan, gerokoan alfer lanik egin behar ez izateko. Estilo jarraibideak nahitaezkoak dituzte erakundeek eta enpresek, eta idazkuntzan diharduten guztiek horiek estu bete beharra. Testu prozesadoreetatik bertatik eskaini behar lituzkete erakundeek eta enpresek langile guztiei ahalik eta estilo laguntza gehienak (automatizatuak, jakina), zuzenketa aria behar bezala gauzatzeko: on line hiztegi, glosategi eta estilo liburuak, estilo eta ortografi zuzentzaile automatikoak, dokumentu ereduen datu baseak, itzulpen memoriak (kontsulta moduan baino ez bada ere)...
Ondo kontuan izan behar da, azken buruan, itzultzaileak eta zuzentzaileak —hizkuntz kalitatearen aditu diren profesionalak— gutxiengoa direla testugintzan, gainerako gehiengoak teknologia, kalitatea, estandarrak, estiloa eta are oinarrizko gramatika eta ortografi arauak oso alor arrotza dituela. Eta gainera, bost axola diola. Seguru asko, hala behar du, bestalde. Hizkuntz kalitateak dakarren gastu ikaragarriaz ohartu beharra dago sektore eta alor honen balio estrategikoaz konturatzeko. Bestalde, teknologi kultura hedatzea ere noraezeko helburu behar lukete erakunde-enpresok eta, zertan esanik ez, zuzentzaileek ere.
Berbaren erdia, azken buruan, esalearena, idazlearena edo zuzentzailearena da. Beste erdia, ordea, irakurlearena, entzulearena, jasotzailearena.