Aurkezpena
Hogeita batgarren ale honekin Senez aldizkariaren ardura eskuz aldatua da. Koldo Biguri lankideak azken bederatzi urte luzeotan aldizkariari ezarri dion bizi-arnasari eta eramolde goratuari eustea izango dugu, ardura berriotan sartuak garenok, zeregin nahikoa. Adiskide artean egiten zen itzulpen noizbehinkari amateur (hitz polita, zentzurik estuenean hartuta: itzulpengintzaren maitaleak, zer beste ziren gure elkartearen aitzindari haiek?) hura atzean utzi, eta euskal itzultzaileon lanbidearen muinean errotutako aldizkari profesional sendoa utzi digute Bigurik eta bere taldekideek. Ez ahal diegu, aurrekooi bezala atzekoei ere, hutsik egingo...
Itzulpen aldizkari batek itzulpenak behar ditu: horra, biribil-biribil, orriotara etenik gabe ekarri nahi genukeen uzta, gure arteko itzultzaileren batek berariaz egindakoa, aurrez argitaragabea alegia. Poesia eskas izan dugu gurean joan den aspaldian, garaiotan hitz neurtua zaharresten dutenen nomina handia da, poesiarako lekurik ez dela diote batzuek, poesiarako astirik ez dela diogu guk zuzenkiago. Atzera begira jartzen gaitu, etorkizuna ikusteko modu berezi batean alegia, Bob Dylan zaharrari Juan Garziak kendu dizkion poemen itzulpenak. Hitz neurtuak dira, estu neurtuak gehienak, silabatan edo erriman bezala bihotz taupadatan ere. Kantatzeko poemak dira, zinez kantatzeko eta, honez gero, kantatutako poema itzuliak.
Hizkuntzaren erabilera zuzenaz edo, egungo neo-euskara txukungarrian esango luketen gisan, "hizkuntz kalitateaz" bi azterketa zorrotz datoz gero, aztermolde eta ikuspegi bat bera ez badute ere. Alde batetik, Karlos del Olmoren artikuluak gaur-gaurko erabilera okerren iturri batzuen jatorria, nolakoa, zergatia azaltzeko saioa izan nahi du, eta gazteleratiko uholdeari ataka jartzeko irtenbide zehatzen proposamen. Bestetik, hezkuntzaldi osoa euskaraz egiten duten ikasleek ikasliburu anitzetan pairatu behar duten hizkuntza mordoiloa agerian uzten dute, ihesbiderik gabe utzi ere, Idoia Ormaetxea eta Maider Ziaurriz itzultzaile gazteek. Harrotasun apur batez erantsiko dugu guk, gainera: EHUko Itzulpen Masterra amaitu berriak dira biak; teoria ikasketak gainditurik, itzultzailearen sen pragmatikoa ederki atzemana dutela erakutsi dute lan honetan.
Itzulpen pragmatikaren arazoetatik urrundu gabe, Juan Garziak akotazioak egiteko sistemen eremu labainkor, zalantzagarri eta araugabera argitasun amiñi bat dakarkigu, beti-bateko erantzun ezean, norabideak eta korapilo-askatzaileak proposaturik.
Juan Mari Arzallusek eta Antton Olanok ez zuten asmatuko, Ismail Kadare-ren H dosierra euskaratzen hasi zirenean, Kosovo berripaper guztien buruan izango zela sarri, ez hain xuxen ere literaturak ez itzulpengintzak sortutako berriengatik, zoritxarrez. Gaurkotasunak zipriztindutako irakurketa da, zalantzarik gabe.
Itzulpengintzaren barruti teorikoagoetara dator, Babelgo dorrea gainbeheratu orduko itzulpengintzaren bidegurutzean izan den fideltasun/traizioaren kontzeptua arakatzera, Gotzon Egiaren lana.
Amaitzeko, inoizka aukeran izaten dugun solasaldi eder bat ematen dugu argitara, norekin eta euskal idazle oparoenetakoen artean den Anjel Lertxundirekin eta haren eleberriak gaztelerara eman dituen Jorge Gimenez Bech itzultzaile eta editorearekin. Itzulpen prozesua zertan den hobeki ulertzeko pasadizo gogoangarriak ditu, benetan; itzultzaileoi bost gramatikak eta hamaika hiztegik baino gehiago irakasten digun irakurraldi horietakoa!
Berrikuntza batekin dator, azkenik, Senez-eko 21. ale hau: paperezko aldizkaria eskuetara aurretik, edizio elektronikoa prest izango da Interneten, EIZIEren orri honetan. Aurrerakoan beti hala izatea espero dugu.