Jose Morales, itzulpen alorreko 1997ko Euskadi Sariduna
Jose Morales 1960an jaio zen, Bilbon, familia erdaldun batean. Hemezortzi urte zituela hasi zen euskara ikasten. Kazetaritzan lizentziatua da baina sekula ez da kazetari-lanetan aritu. Hamar bat urtez AEKn irakasle lanetan jardun zen, eta garai hartantxe izan zituen lehen harremanak itzulpengintzarekin, denboralditxo bat eman baitzuen AEKren itzulpen-zerbitzuan. Harrezkeroztik, buru-belarri sartu zen itzulpengintzaren munduan, eta gaur egun horixe du ogibide, bere konturako itzultzaile gisa. Literaturaren arloan, honako liburu hauek itzuli ditu orain arte, errusieratik denak: Maxim Gorkiren 'Ama' (Ibaizabal. Literatura Unibertsala. 1995), Mikhail Jurievitx Lermontoven 'Gure garaiko heroia' (Ibaizabal. Literatura Unibertsala. 1996), Euskadi Saria jasotakoa, hain zuzen ere; Aleksandr Pushkinen 'Saltan erregea' (Desclée de Brouwer. 1996) eta Kapitainaren alaba (Ibaizabal. Literatura Unibertsala. 1996). Orain, Nikolai Gogolen 'Arima hilak' euskaratzen ari da, Liberatura Unibertsala bildumarako, eta seguru aski urte honen amaiera aldera argitaratuko da.
— Hitz egin saritua izan den zure itzulpenaz eta lortu duzun sariaz.
Lehenik eta behin, kontuan izan beharra dago Literatura Unibertsala bildumarako itzuli nuela Lermontoven Gure garaiko heroia. Jakina denez, EIZIEk eta Eusko Jaurlaritzak, elkar harturik, hamar bat liburuz osaturiko zerrenda bat plazaratzen dute urtero, eta edonorentzat zabalik dagoen lehiaketa baten bidez adjudikatzen dute liburu horien itzulpena. Beraz, lehiaketara aurkezten diren itzultzaileek zerrenda horretako liburuen artean aukeratu behar dute ezinbestean. EIZIEren literatura batzordeak egiten du itzulgaien zerrenda, baina, aldez aurretik, norberak gogoko dituen liburuak proposatzeko aukera izaten dute elkarteko bazkide guztiek. Eta ni, hain zuzen ere, egokiera horretaz baliatu nintzen Mikhail Lermontoven Gure garaiko heroia eleberria proposatzeko. Literatura batzordeak ontzat hartu, eta zerrendan sartu zuen. Lehiaketara aurkeztu nintzen, bada, eta epaimahaiak oniritzia eman zion nik bidalitako laginari.
Lermontov Errusiako idazlerik onenetarikoa da, baina, hala ere, gure artean inor gutxik zekien haren obraren berri. Berak idatziriko libururen bat euskaratzea bide ezin hobea zen gure artean ospe pittin bat emateko hain idazle handiari. Bidenabar esanik, hori da itzultzaileari bere lanak ematen dion saririk atseginenetako bat: aspaldiko idazleak berpiztea, ahanzturaren zulo goibelean lizunduriko idazleei arnas berria ematea. Liluraturik irakurri nuen nik, aspalditxo, Gure garaiko heroia, eta pentsatu nuen merezi zuela euskaratzea, merezi zutela euskal irakurleek euskaraz irakurri ahal izatea. Horregatik proposatu nuen.
Lermontovek poesia idatzi zuen batez ere, baina, bere bizialdi laburraren amaiera trajikora iritsi aurretik, narratibari ere ekin zion. Gure garaiko heroia da, hain zuzen ere, haren prosaren emaitzarik ederrena. Berebiziko eragina izan zuen Errusiako literaturan. Lermontovek, errealitatea besterik gabe kontatu beharrean, zorrotz aztertu zituen pertsonaien sentimenduak eta jokaerak. Errusian, ordura arte, inork ez zuen nobela psikologikorik idatzi, baina, harrezkero, bide horretatik jo zuten idazle gehienek. Ohore eta atsegin handia izan zen niretzat maisulan hori euskaratzea, baita erantzukizun handia ere, Lermontovek idatzi zuenaren mailako testu bat sortu behar baitzen euskaraz. Gure garaiko heroia, laburra izanik ere, oso liburu aberatsa eta bizia da: askotariko giroak, egoerak, pertsonaiak eta erregistroak biltzen ditu. Horixe izan nuen zailtasunik handiena (zailtasun bakarra, egia esan, Lermontoven idazkerak berak ez baitzidan buruhauste handirik eman). Lexikoak eta atzerriko hizkuntzen sintaxi euskararenaren hain bestelakoak itzultzaileoi sortzen dizkiguten ohiko arazoez gain, ez nuen oztopo larririk aurkitu. Oso erronka polita izan zen narratiba-maila eta giro horiek guztiak euskaraz behar bezala emateko bidea aurkitzea. Besteak beste, ahalegin berezia egin behar izan nuen paisajeen deskripzioak itzultzeko. Hain zuzen ere, Kaukasoko ikusmirak deskribatzean Lermontovek erakutsi zuen maisutasuna goraipatu ohi da liburu horretaz hitz egitean. Oso deskribapen luzeak, zehatzak eta ederrak egiten ditu, halako ukitu liriko batez beti, zeren eta Lermontov, oroz gaindi, poeta baitzen. Kaukason barrena ibili zen sarritan, eta, inguru haiek sortu zioten lilura agertzeko orduan, hitz lauz aritu arren, ezin erabat baztertu poesiaren bidea. Barrenak agintzen zion hori. Paisajeen deskripzioetan bezain nabarmena ez bada ere, ukitu liriko hori atzematen da liburu osoan zehar; halako batean, Lermontovek berak aitortzen du ezin diola entzungor egin barne-muinetatik deika ari zaion ahots horri (pasarte batean, pertsonaietako batek abesturiko kanta bat aldatzen du liburuaren orrietara, hitz neurtuz aldatu ere, eta ohar hau idatzi zuen orriaren behealdean: "Barkamena eskatu behar diot irakurleari Kazbitxen abestia bertsotan aldatu dudalako hona, nahiz eta niri, jakina, hitz lauz eman zidaten. Baina badakizue: ohikoa lege bihurtzen da"). Buruhausteak buruhauste, urtebetez gozatu nintzen hain liburu ederra itzultzearen plazerraz, urtebete eman baitzidaten itzulpena egiteko (arrazoizko epea, bestalde, liburuaren tamaina kontuan izanik). Paisajeekin batera, bikainak dira pertsonaien deskribapen fisiko-psikologikoak ere, zeren Lermontovek, kanpoko ezaugarriak pintatzeaz batera, eta haietan oinarriturik askotan, pertsonaien nortasuna eta aiurria arakatzen baititu bere luma zorrotz eta ironikoaz.
Itzultzailearen ardura nagusia jatorrizko testuaren aldaera baliokide bat sortzea denez, sariak sari, ondo saritutzat joko nuke neure burua liburu eder hori errusieraz bezain atsegin handiz irakurriko balitz euskaraz. Ni, behintzat, hori lortzen saiatu nintzen.
— Kontaiguzu nolako bidea egin duzun literatur itzultzaile bihurtu arte eta horrek zure lanetan izandako eragina.
Laburbildurik, arrazoi kultural eta ideologikoengatik ikasi nuen errusiera. Batetik, oso gogoko izan dut beti Errusiako literatura. Gogoan dut nola, eskola-garaian, literatur irakasleak agindurik, Dostoievskiren Krimena eta zigorra irakurri nuen. Izugarri gustatu zitzaidan, eta gogotik ekin nion herrialde urrun eta zabal hartako beste idazle batzuen lanak irakurtzeari. Goi-mailako literatura zen, eta, gainera, erabat liluratu ninduen orri haietan erakutsitako munduak. Oso narratzaile onak izateaz gain, ereduzko intelektualtzat neuzkan XIX. mendeko idazle oparo eta sutsu haiek guztiak: gizarte-arazoez kezkaturik, garai hartako agintarien burugabetasunaren eta despotismoaren salatzaile gupidagabeak, boterearen jazarpenak ezin kikilduzkoak... Beraz, gazte-gaztetatik ari zitzaidan gogoan hozkaka Errusiako literaturak sorturiko liluraren harra. Baina, Errusia miresteaz gain, Sobiet Batasuna ere miresten nuen, "prosobietikoa" nintzen, garai hartan esaten zen bezala. Hain zuzen ere, Sovietar Batasunarekin Adiskidetasun Elkargoa Euskadin izeneko elkarte bateko bazkide nintzen. Elkartean, besteak beste, errusierazko klaseak ematen zituzten, eta, lanik gabe eta astitsu nenbilen bolada batean (duela hamar bat urte), errusiera ikasteari ekin nion. Egia esan, oso asmo apalak nituen: hizkuntza nola edo hala menperatu nahi nuen, hain gogoko nituen idazle haien obrak jatorrizko hizkuntzan irakurri ahal izateko eta, egunen batean Errusiara joanez gero, hango jendearekin hitz egiteko aukera izateko. Errusiera ikasten hasi nintzenean, ez nekien gerora itzultzaile izango nintzela. Dena dela, gero eta serioagotan hartu nituen ikasketak eta, azkenean, Bilboko Hizkuntza Eskola Ofizialeko bost urteak egin nituen. Bosgarren mailan nengoela, Errusiara joan nintzen dantza-talde batekin, interpretari. Handik gutxira, lagun batek esanda jakin nuen Literatura Unibertsala bildumaren berri eta errusierazko liburu bat zegoela zerrendan: Gorkiren Ama, hain zuzen ere. Eta horrela hasi nintzen errusierazko literatura itzultzen. Ordurako, sartu-irten apal batzuk eginak nituen itzulpengintzaren munduan, eta nola —Literatura Unibertsaleko lanak ondo ordainduta egon arren— literatura soilik itzultzeak ez duen bizitzeko adina ematen, itzulpen pragmatikoak egiten hasi nintzen, osagarri gisa, eta, horrenbestez, itzulpengintza hartu nuen ogibidetzat (duela hiru bat urte), eta horretan nabil orain, neure kontura. Gauzak horrela gertatzeak, zalantzarik gabe, eragina izan du nire lanean, zeren eta, ondo itzultzeko, besteak beste, ezinbesteko baldintza baita itzultzaileak atsegin izatea egiten duen lana, itzultzen duen hizkuntza eta, oro har, hizkuntza horren kultura eta mundua.
Prestakuntzari dagokionez, erabat autodidakta naiz. Itzultzen hasi nintzenean, lehenengo eta behin, itzulpengintzari buruzko liburu mordoxka bat irakurri nuen (Newmark, García Yerba, Mendiguren...), hasieratik konturatu bainintzen ezinbestekoa zela (beste edozein ogibidetan bezala) nolabaiteko oinarri teorikoa izatea eta itzultzeko teknikak ondo menderatzea. Oso lagungarri izan zaizkit, halaber, EIZIEren bidez beste itzultzaile batzuekin izandako harremanak eta, bereziki, elkarteak urtero antolatzen dituen mintegi eta ikastaroetan parte hartzea.
— Errusieratik itzultzeak nolako berezitasunak ditu?
Jende askok uste duenaz bestera, errusieratik euskarara itzultzea ez da, berez, beste edozein hizkuntzatatik itzultzea baino zailagoa. Errusieratik euskarara esan dut, hortxe baitago gakoa. Jakina denez, munduko hizkuntza gehienek familiak osatzen dituzte; familia bakoitzeko hizkuntzek antz handia dute elkarren artean eta, hortaz, ez da oso zaila izaten familia bereko hizkuntzen arteko itzulpenak egitea (esaterako, txekieratik errusierara edo italieratik gaztelaniara). Zailagoa da elkarren antz handirik ez duten hizkuntzen arteko itzulpenak egitea. Eta, familiak familia, kontua da gure euskarak ez daukala aitarik, ez amarik, ez neba-arrebarik: bakarrik eta zurtz dago hizkuntzen mundu zabalean. Euskarari neurri berean zaizkio arrotz eta bestelako ingelesa, errusiera, gaztelania eta japoniera. Gure hizkuntza frantsesetik bezain urrun dago errusieratik, eta, horrenbestez, antzeko nekeak ematen dizkigu batetik zein bestetik itzultzeak.
Bestetik —eta literatura itzultzeaz ari naiz soilik—, gehienetan, liburu bat edo beste itzultzeko zailtasuna ez datza, nire ustez, jatorrizko hizkuntzan bertan, itzuli nahi den autorearen idazkeran edo liburu jakin baten ezaugarrietan baizik. Esaterako, lepoa egingo nuke askoz ere zailagoak direla euskaratzen García Márquezen Cien años de soledad edo Joyceren Ulises (oraindik euskaratu barik dauzkagun bi liburu aipatzearren) Gorkiren Ama baino. Ama, izan ere, oso estilo erraz, lau eta koxka handirik gabean idatzirik dago, herri xehearentzako propaganda-lan gisa idatzi baitzuen Gorkik, garai hartako langileek eta nekazariek aise ulertzeko moduan. Gure inguruan inolako presentziarik ez daukanez, errusiera oso hizkuntza urruna eta ezezaguna da euskaldunontzat. Baina, objektiboki, errusiera dakien euskaldunarentzat, ez da berez eta besterik gabe zailagoa errusieratik itzultzea beste hizkuntza batetik itzultzea baino. Jakina, hizkuntza bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, baina Europako hizkuntza gehienak, oro har eta euskararekin alderaturik, antzeko samarrak dira, morfologiari eta sintaxiari dagokienez behinik behin (bestelako kontuak dira semantika, estilistika, lexikoa, baliabide narratiboak, etab.), edo, hobeto esanik, bide berbera jorratu dute prosagintzaren molde nagusiari dagokionez. Alde horretatik, antzeko eragozpenak aurkitzen ditugu errusieratik zein ingelesetik euskaratzeko orduan. Adibide bat jarriko dut, adierazi nahi nukeenaren argigarri: Europako hizkuntza gehienetan erlatiboa eta aposizioak dira oinarri nagusietako bat esaldi luzeak josteko. Baina, jakina denez, gainerako hizkuntzetan hain ondo funtzionatzen duten erlatibo arrunt horiek euskaraz ez dira "molde egokia narraziorako". Antzeko zerbait gertatzen da nominalizazioarekin, adjektibazioarekin, esaldiak antolatzeko moduarekin, galdegaiarekin, etab. Horren aurrean, euskarak bere bidea urratu behar du, geure estrategia narratiboak garatu behar ditugu, euskararen berezko ezaugarriak eta baliabideak baliatuz eta, aldi berean, gure inguruko hizkuntzek hartu duten bideari jarraiki eta gure tradizio idatzian oinarriturik. Eta kontua da noraezean gabiltzala oraindik. Batetik, inguruko hizkuntzen aldean gure literatur tradizioa hutsaren hurrena delako, proportzionalki benetako literatura gutxi egin dugulako eta oraindik ez dugulako ia ezer itzuli; eta, jakina denez, ibiliz egiten da bidea. Gure kulturaren balioari buruzko eztabaida berriro piztu den honetan, ez legoke txarto gogora ekartzea —literaturaren eremura mugaturik— Mitxelenaren hitz hauek:
"Nahiz eta euskaraz idatzi den guztia (eta esan edo kantatu den franko) euskal literaturan sartzen dugun (...), ezin uka lezake gauzen berri dakien edozein guretarrek maizago topatzen dugula behe-aldeetan narrazka gaindegietan hegaka baino. Urria dugu, arras berankorra izateaz gainera; exkax xamarra ere bai, hitz lotsagarri honetaz balia banaiteke. (...) Urria, berankorra, ñaño-antxekoa izateaz landa, badu beste makur nabarmena: txit mugatua izan dela, erlijio edo hobeki eliz-arazoetara iraulia gehienbat luzaroko mendeetan. (...) Gure egunotan bertan, lanak izango genituzke obra mordoska (hitz lañoz nahiz neurtuz ondua) biltzen, dozenatxo bat bederen, geure munduko inguruko eta urrutiagoko literaturetan sortuen aldamenean pareka dezakegunik: gai direnek ere, huts ematen dute neurrian eta tamainan".
Hala da, hala denez, eta gure hutsak batere konplexurik gabe ezagutzen dituena ez da, inondik inora, "antiapologeta", errealista baizik. Ez baititugu nahasi behar "autokonfiantza" eta "autokonplazentzia". Bestetik, berriz, ez dugulako -gure urrian- eredu garbirik: oraindik ez dago finkaturik euskara batu estandar orokorra bera, eta are gutxiago literatur hizkuntza estandarra, eta mutur batetik bestera gabiltza aldaroka, aurrekoek eginikoa arbuiatuz hainbatek, oraingoek egiten dutena gaitzetsiz beste hainbatek. Villasante argi eta zuhur mintzo da horretaz Euskararen auziaz liburu gogoangarrian:
"Euskarak behar du prosa egiteko moldea ondo finkatua eta trenpatua izan. Hau da, segur aski, euskarak duen premia gogorrenetako bat. Hori duen egunean, euskara bere bizkar-hezurraz horniturik izanen da. Eta hori ez duen bitartean, tresna alferra izango da, gai ez dena, zeregin askotarako balio ez duena".
Idatz hizkera nola eratzen den eta euskarazko prosak nolakoa izan beharko lukeen azaltzen du horren ostean:
"Idatz hizkerak literatur tradizioz eratzen, osatzen eta sendotzen dira, hots, idazleek bata besteari jarraiki. (...) Euskararen kasuan esan behar da, gainera, euskarak baduela tradizio hori. Kuestioa da gaizki ezagutzen dugula geure tradizioa. Joan den mende-hondarrean eta oraingoaren hastean eten bat gertatu zen, haustura bat. Txartzat jo zen lehengo dena. Hutsetik dena berriro egiten hasi nahi zen, eta tradizioari gibela eman zitzaion. (...) Euskara guztiz berezia eta bestelakoa delako aitzakiaz, denera eraman nahi da 'euskal usai' dontsu hori. Euskararentzat gauza denetan bakarbidea nahi da: itzetan, sintaxian, orotan. Ordura arteko idazleek erabilitako prosan kutsadura besterik ez zuten ikusten. Beraz, baztertu behar ziren. Etxe zeharo berria oinarrietatik egin behar zen. Beste hitzez esan: Lehengo tradizioa, nazio-arteko prosaz bat zetorrena, zokoratua, madarikatua eta ahantzia izan da".
Eta, aurrerago:
"Mendebaldeko prosagintza onartzen ez badugu, nola egin behar ditugu itzulpenok? Oso neke eta gaitz da. Maiz-sarri, ezina. (...) Egia da, bestalde, itzulpen literarioa egin nahi denean, arazo guztia ez dagoela prosagintzan. Kasu eman behar zaie hizkuntza hartzailearen esamolde eta itzulika bereziei. (...) Baina hori esan eta, beste hau ere gaineratu behar da. Prosa egiteko tankera orokor hori —geure tradizioan etxekoturik duguna, gainera— onartzen ez badugu, nekez normalduko da gure artean itzulpen-lana".
Eta, bukatzeko:
"Ez dugu eskatzen zeharo hilik den zerbaiti loturik egotea. Baina hau da kontua: hizkuntza landuak behar du egitura bat iraunkorra, sendo finkatua, eta hori da mendez-mende eta tradizioz heldu zaigun idatz hizkera. Hartan oinarriturik eta mendeko eta tokiko hizkera bizitik ere gaiak hartuz, mirari hau lortzen da, hots, beti bat eta beti berri izatea".
Horra hor, bada, ezin argiago adierazirik, nondik nora jo behar dugun. Barkatuko didazue aipuen luzea, baina inon gutxitan ikusi dut hain argi eta zehatz azaldurik zein den gaur egun ditugun arazoen jatorria eta non dagoen irtenbidea. Neurri handi batean, gure hizkuntzaren egoeran bertan dituzte erroak literatura unibertsala euskaratzeko izaten ditugun eragozpen orokorrek. Horrek guztiak ez du esan nahi euskara elbarri denik literaturarako, edo beste hizkuntzek dituzten ahalmenak ez dituenik. Kontua da orain —oraindik— altxatzen ari garela euskarazko literatur hizkuntzaren eraikina. Gure klasikoek jarri zituzten oinarriak, baina koloka samar daude oraindik, bateko eta besteko haizeteek astindurik noizean behin eta eraistear batzuetan, eta egungo zein geroko idazleen eta itzultzaileon zeregin eta erantzukizun da oinarri horiek sendotzea eta, apurka apurka, eraikina bere horma, solairu eta gela guztiez hornitzea.
Zailtasunez ari garenez, aipamen berezia merezi du lexikoak. Niri, behintzat, lexikoak ematen dizkit buruhausterik larrienak. Errusierak oso hiztegi aberatsa eta oparoa dauka (beste hizkuntza askok ere bai, inondik ere, baina orain errusierari buruz hitz egingo dut bakarrik, zuhur beharrez). Kontuan izan behar da, hasteko, errusiera 143 milioi lagunen ama-hizkuntza dela eta 270 milioi hiztun dituela guztira, eta hiztun horiek eremu ikaragarri zabal eta askotariko batean hedaturik daudela. Bestetik, orain arte itzuli ditudan liburu gehienak XIX. mendean daude idatzirik eta giroturik. Hitzetako askok lotura estu-estua dute garai hartako ohiturekin, ogibideekin, gizarte-antolamenduarekin eta horrelakoekin, eta ez dute ordainik euskaraz. Aipatzekoak dira, besteak beste, lanabesak, janzkiak (berokiak, txanoak eta oinetakoak bereziki), zalgurdiak, jakiak, eraikuntzak, ontziak. Euskarazko testua oharrez gehiegi ez zamatzearren, perifrasira jo behar izaten dut askotan, edo ahalik eta ordainik hurbilena bilatu eta, aurkitu ezean, "asmatu".
Nolanahi ere, uste dut lexikoa itzultzaile guztion gurutzebidea dela, zeren eta, egia esan, itzultzeaz gain —edo itzultzearekin batera—, nork bere hiztegia egin behar baitu. Hiztegirik gabe itzultzen ari gara alemanieratik, txekieratik, italieratik eta ingelesetik. Beste edozein hizkuntzatara itzultzen dutenek dagoeneko eginik aurkitu dutena, arian-arian eta ahal dugun moduan egin behar izaten dugu euskal itzultzaileok. Sintaxiak berak baino askoz ere buruhauste handiagoak ematen dizkit lexikoak niri. Askotan, joan-etorri ugari egin behar izaten ditut, hiztegiz hiztegi, lexikoaren bide bihurrietan barna, errusierazko hitz arrunt baten euskal ordain egokiaren bila. Errusiera-euskara hiztegirik gabe ere, lantegi hori askoz ere samurragoa litzateke euskara batuaren hiztegi arauemailerik balego (gutxienez hori). Euskal hiztegi askorik ez daukagu, eta, ajeak direla, garbizaletasuna dela, jatorrismoa dela, mordoilokeria dela edo aditu baten edo besteren usteak direla, koloka jartzen ditugu, behin eta berriro, dauzkagun apurrak. Askotan, itsaso zakarraren erdian zeri heldurik ez daukala itotzear dagoen naufrago bakartiaren antza hartzen diot euskal itzultzaileari.
— Nola ikusten duzu euskal literatur itzulpengintzaren oraingo egoera?
Euskal literatur itzulpengintza sasoi onean dagoela esan ohi da, eta ni bat nator diagnostiko orokor horrekin. Aurrerapauso handiak eman ditugu, batez ere hamarkada honetan. Baina hobetze hori ez da berez eta goizetik gauera gertatu. Hamaikatxo itzultzaile on badira gaur egun Euskal Herrian; ez dira, ordea, hutsetik sortu halako indar zerutiar baten poderioz. Batetik, hizkuntzaren egoerak edo estatusak berak izan duen sendotzeari zor zaio hori. Euskara batua sortzea eta finkatzea, euskara hizkuntza koofiziala izatea euskal probintzia batzuetan, hiztegigintza, Euskaltzaindiaren araugintza, Martuteneko Itzultzaile Eskola, EIZIE, Literatura Unibertsala eta Pentsamenduaren Klasikoak, argitaletxeek itzulpenei eskainitako leku zabalagoa: hori guztia eta gehiago kontuan izan gabe, ezin azal genezake egungo egoera onaren zergatikoa. Aipamen berezia merezi dute, zerrendatxo horretan, Literatura Unibertsala eta Pentsamenduaren Klasikoak bildumek. Haiei esker, hainbat itzultzailek lan-baldintza duinetan ekin ahal izan diogu munduko literatura eta pentsamendua euskaratzeari. Profesionalizatzeko joera nabaria atzematen da azken urteotan, eta hori, jakina, itzulpenaren kalitatearen mesederako izan da. Egungo literatur itzultzaileek, oro har eta salbuespenak salbuespen, prestakuntza ona dute, itzulpengintzaren teoria eta teknikak menperatzen dituzte; hitz batean, badakite zertan ari diren. Hori frogatzeko, hamarkada honetan atzerriko hizkuntzetatik gurera bihurtu ditugun maisulanen euskarazko ordainen kalitatea ikusi besterik ez dago. Bidenabar esanik, jatorrizkoarekin alderatu ezean, ez dago jakiterik itzulpena ona edo txarra den, nahiz eta askotan ahazten zaigun hori. Uste dut garrantzizkoa dela ñabardura hori egitea: itzulitako liburu bat irakurrita, lasai asko esan dezakegu euskarazko testu gisa ona, oso ona edo bikaina dela, baina nola ausartu esatera bikain itzulita dagoela jatorrizko liburuarekin alderatu gabe? Ildo horretatik, oso zuhur mintzatu zen Anjel Lertxundi Euskaldunon Egukariakoek Gure garaiko heroia liburuaz galdetu ziotenean: "nik ezin dut epaitu errusieratik nola jasota dagoen, baina euskaraz dagoen emaitza jario erraz eta aberatsekoa da". Literatur itzulpen asko, gaur egun, atsegin handiz irakurtzen dira euskaraz, ez zaie nabaritzen itzulpena direnik, beste hizkuntzetako testu horiek euskarara bide egokitik ekartzen asmatu dutelako itzultzaileek, besteak beste.
Nolanahi ere, "egiak izan ohi du larrosaren antza, ederra bada ere, berarekin arantza". Eta makinatxo bat arantza baditu gure arrosa apain horrek. Itzulpengintza da hizkuntzari eusten dioten euskarrietako bat, hizkuntza berritzen du, arnasa ematen dio, eta bide berriak urratzen dizkio, etengabe garatzen jarrai dezan. Munduko hizkuntza guztietan gertatu da hori, baita gurean ere, nola ez. Baina liburuak ez dira itzultzen norberaren hizkuntza aberasteko edo biziberritzeko bakarrik, baizik eta —nagusiki— jendeak irakur ditzan. Eta horixe da, hain zuzen ere, euskal literatur itzulpengintzaren egungo ahulune nagusietako bat: batez beste oso itzulpen onak argitaratzen dira, baina inor gutxik irakurtzen ditu. Eta, halatan, alferrikakoa eta eskergabea izan daiteke itzultzaileek eginiko ahalegina. Tamalez, ez da erraza izango gaitz hori sendatzea. Nire iritziz, oso zabaldurik dago oraindik halako uste oker edo susmo gaizto bat, zeinaren arabera itzulitako liburuak zurrunak, irakurgaitzak eta oinaze-iturri baitira literatura ona gogoko duenarentzat. Aski frogaturik dago erabat ustela dela uste oker eta gaizto hori. Kontua da, oro har, itzulpen horien irakurle potentzialak ez daudela ohituta euskaraz irakurtzen, eta erosoagoa zaiela, beraz, gaztelaniaren iturrian asetzea literatur egarria. Horrelako gaitzespenei aitzakia merkearen usaina hartzen diet nik. Irudi luke euskaraz idatziriko testuak "jatorragoak" direla, berez direla samurrak, gozoak, irakurtzen errazak eta atsegin-iturri. Bada, nik uste dut itzulpengintzak merezimendu nahikoak erakutsi dituela jadanik berari ere hain abegi ona egiteko. Ekinaren ekinaz, berdindu egin ditugu sorkuntzaren eta itzulpengintzaren arteko koxkarik zorrotzenak, itxi egin dugu biak bereizten zituen amildegia. Itzulpengintzarekiko mesfidantza hori errotik erauzi beharra dago jendearen baitatik, itzulpenak behar bezala sustatuz eta zabalduz eta itzulpengintzari bere izen ona bihurtuz. Zorionez, Gerardo Markuleta lankideak behin esan zuenez "itzulpengintzan egin ditugun aurrerapenei esker, badator belaunaldi bat Altxor uhartea, Ali Baba eta zazpi lapurrak edo Alizia euskaraz jatorrizko bertsioa balitz bezala irakurtzen duena eta hori da irtenbide bakarra".
Aurrera goaz, beraz, baina bide luze eta malkartsua daukagu aurrean. Kontuan izan behar da hainbat hutsune daudela oraindik euskal literatur itzulpengintzan. Gehienbat, obra klasikoak itzultzen ari gara, joan den mendean idatzitakoak eta narratibazkoak gehienak. Bada garaia bestelakoak ere itzultzen hasteko: poesia, antzerkia, biografiak, saiakera, dibulgazio-liburuak. Batez beste, liburua idatzi eta handik mende batera euskaratzen dugu. Salbuespenak salbuespen, gaztelaniara aspalditxo eta behin baino gehiagotan itzuli diren liburuak bihurtzen ditugu gurera (batez beste, liburu klasiko gehienen lauzpabost itzulpen aurki daitezke gaztelaniaz). Bada liburu bat edo beste euskarara itzuli dena gaztelaniara baino lehen, eta ahalegin handiagoa egin beharko genuke bide horretatik. Izan ere, klasikoez gain gaur-gaurko literatura gogoko duenak ez du ezer aurkituko euskaraz. Gauza bera gertatzen zaio munduan milioika ale saltzen dituzten best-seller mardul horiek irakurtzeko egarriz dagoenari.
Azkenik, uste dut oso garrantzitsua dela profesionalizazioaren bidean urrats handiagoak egitea. Asko dago oraindik itzultzeko. Egungo literatura alde batera utzirik (esan bezala, dena dago itzultzeko oraindik), batez beste, idazle klasiko batzuen liburu bat edo beste euskaratu ditugu bakarrik, baina beste asko hor daude oraindik, noiz euskaratuko zain. Eta, hutsune erraldoi hori betetzeko, itzultzaile onak behar dira, eta, batez ere, itzultzaile profesionalak, itzultzetik bizi (ahal) diren itzultzaile saiatuak. Urliari, esaterako, biziki gustatuko litzaioke Dostoievskiren Krimena eta zigorra edo Tolstoiren Ana Karenina itzultzea, eta, egunen batean, Karamazov anaiak eta Gerra eta bakea ere euskaratu beharko ditugu. Krimena eta zigorra eleberri mardula da (500 orri inguru ditu), eta (edergarririk gabe esango dut), lan hori ondo ordainduta egon ezean, itzultzaileak (aberatsa ez bada edo dirurik gabe bizitzeko modua asmatu ez badu behintzat) txolarteetan, asteburuetan edo gaueko ordu txikietan jardun beharko luke horretan, bizibidea beste nonbaitetik atera beharko luke eta. Beharbada, bost urte (edo hamar, edo gehiago) beharko lituzke liburu hori itzultzeko. Bai, badakit luze joko digula literatura unibertsaleko liburu guztiak (!) euskaratzeak eta, ezinezkoa izateaz gain, ez dagoela zertan itzulirik dena hamarkada batean. Ezinbestean, apurka-apurka, ahal bezala eta behar adina denbora harturik euskaratuko ditugu. Baina, horrekin batera, uste dut ezin dela oso denbora luzea eman liburu bat itzultzen, zeren eta, denbora-bitarte horretan, hainbat gauza aldatuko baitira gure hizkuntzan (arau berriak, joera berriak, molde berriak), eta litekeena da, liburua itzultzen amaitzen denean, euskal testu hori zaharkiturik egotea argitaratu baino lehen ere, eta itzultzaileak, halabeharrez, garaiko euskarara moldatu beharko luke bere itzulpena. Jakin badakit argitaletxeek ezin dutela ordaintzen dutena baino gehiago ordaindu eta, beraz, haiek ezin dutela arazoa konpondu. Orain, Literatura Unibertsala eta Pentsamenduaren Klasikoak bezalako proiektu subentzionatuei esker, baldintza egokietan lan egiteko aukera izan dugu hainbat itzultzailek, eta nabaria da zenbaterainoko eragin ona izan duen horrek. Zer gertatuko da, ordea, bilduma horiek amaitzen direnean? Uste dut ezinbestekoa dela irtenbideren bat bilatzea. Halako "ente" (ez baitakit nola deitu) egonkor eta sendo bat sortu beharko litzateke, luzerakoa, itzulpengintzaren etorkizuna bermatzeko. Askotxo egin dugu dauzkagun bitarteko apurrekin. Baliabide gehiago edukiz gero, askoz ere gehiago egiteko moduan gaude. Eta euskarak badu horren premia, larria gainera.
— Nolako dohainak eduki behar ditu literatur itzultzaileak?
Itzultzaileak, esan gabe doa, ondo jakin behar ditu hala sorburu-hizkuntza nola xede-hizkuntza. Eta, Pernandoren egia hori esandakoan, ñabardura batzuk egin nahi nituzke. Jakina denez, zailagoa da —askoz zailagoa— hizkuntza kodetzea deskodetzea baino. Hortaz, ondo jakin behar da sorburu-hizkuntza eta ondo baino hobeto xede-hizkuntza. Sorburu-hizkuntzari dagokionez, berebiziko garrantzia du hizkuntza horren jabe den herriaren historia, kultura, ohiturak, literatura eta horrelakoak ezagutzeak, zeren eta itzultzaileak euskaratu behar dituen hitz, esaldi, esamolde, atsotitz eta pasarteetako asko kultur konnotazioz beterik baitaude, eta itzultzaileak jakin behar du hitzen azpian dagoen ezkutuko mundu hori modu egokian jasotzen. Xede-hizkuntzari dagokionez, berriz, hurbil-hurbiletik jarraitu behar dio hizkuntzaren garapenari eta, bereziki, literatur hizkeraren nondik norakoari. Euskal itzultzaileak ondo jakin behar du euskal literatura zertan den, atzoko eta gaurko idazleek nondik jo duten, nolako eztabaidak eta arazoak dauden gramatika arloan, eta abar. Itzultzaileak hizkuntza du lanbide eta lanabes, eta, horrenbestez, ondo jakin behar du tresna horretaz baliatzen, ahalik eta etekinik handiena ateratzeko, euskararen barne-indarrak eta berezko ahalmenak modu egokian erabiltzeko. Horretarako, batetik, ezinbestekoa du ahal beste irakurtzea, ereduzko idazleen zein itzultzaileen lanak bereziki, arkatza eskuan beti, eta bere glosarioak edo esaldi-bildumatxoak osatzea. Elkarri begiratu ezean, besteen ekarpenak aintzat hartu ezean, antzu samarra izan daiteke idazle eta itzultzaileon lana. Orojakitunak ez garenez, hiztegi, entziklopedia eta esamolde-bildumaz inguraturik lan egin behar dugu, eta etengabe jo haietara, orriak gupidarik gabe irauli zeharo higaturik utzi arte. Nolanahi ere, argi ibili beharra dago, hiztegiak oso baitira maltzurrak, eta, zuzen eta zuhur erabiltzen ez baditugu, okerbide erabatekora eraman ahal gaituzte. Izan ere, gehienetan, kontua ez baita hitz baten ordaina zein den jakitea, ordain hori gure hizkuntzan nola erabiltzen den jakitea baizik: nolako tradizioa duen, nola erabili den garai bakoitzean, zein erregistrori dagokion, zein hitzekin josi ahal den, zein berba duen etsai eta zein adiskide. Horregatik, oso arriskutsuak dira adibiderik gabeko hiztegiak, eta oso lagungarriak, ordea, hitz bakoitzaren erabilera adibide-sorta ederren bidez erakusten dutenak. Zorionez, gero eta urriagoak dira lehenak eta gero eta ugariagoak bigarrenak. Besteak beste, badira hiru lan nik ezinbestekotzat eta paregabeko lagungarritzat dauzkadanak: Orotariko Euskal Hiztegia, Ibon Sarasolaren Euskal Hiztegia eta Justo Mocoroaren Repertorio de locuciones del habla popular vasca. Aurreneko biek esaldi-sorta potoloak eransten dizkiotelako hitz bakoitzari (OEHk batez ere); Mocoroarena, berriz, altxor paregabea delako, nahiz eta, zoritxarrez, bi alde txar dituen: batetik, erabiltzen zaila da eta askotan ez dago jakiterik nondik hasi esamolde jakin bat bilatzen; bestetik, hor jasoriko esamoldeetako asko, aukeran, zaharkituxe daude edo erregistro arrunt edo behekoetarako soilik balio dute, baina, guztiarekin ere, nondik jo erakusten digute, eta, aurkiturikoa gustuko ez badugu, ukitu batzuk eman ahal dizkiogu behar dugun hizkera-mailara edo egungo euskara batu estandarrera egokitzeko.
Prestakuntzari dagokionez, itzulpengintzaren teknikak menperatu behar ditu horretan aritu nahi duenak. Ezinbestekoa da, beraz, oinarri teoriko sendoa edukitzea. Itzultzaile orok jakin behar luke, esaterako, nolako aholkuak eman zizkion Maimonides judu kordobatarrak bere obraren itzultzaileari, edo nolako printzipio zuhurrak ezarri zituen Doletek La Manière de bien traduire d'une langue en autre tratatuan (Xabier Mendigurenen Euskal itzulpenaren historia laburra liburu txit interesgarrian aurkituko duzue hori guztia eta gehiago). Hain zuzen ere, egungo itzulpenen kalitatea, oroz gaindi, itzulpenari buruzko filosofia egoki batean eta itzulpen-teknika egokiak erabiltzean datza. Elizen arteko Bibliaren egileek, esaterako, itzulpengintzari buruzko mintegi bat egin zuten lanari ekin aurretik, eta, Biblia norentzat euskaratu nahi zuten erabakitakoan, itzultzeko modu jakin bat aukeratu zuten. Hona zer dioten liburuaren aurkezpen-orrietan:
"Asmoa ez da izan Biblia euskal elite batentzat ematea. Xedea, Biblia euskera-maila nahiz bibli ezagutza berezirik ez duen jende arrunt eta xehearen eskura jartzea izan da, adituagoak ahaztu gabe noski. Helburu komunikatiboa, alegia. Hain zuzen ere, helburu zehatz horrek eragin dio itzultzaile-taldeari, traduktologiaren aldetik, joera jakin bat hartzera, Bibliaren itzulpengintzan, munduan zehar, jadanik aski errotua dagoen joera hartzera: baliokidetasun dinamikoa, funtzionala".
Baina nola itzulpengitza zientzia eta artea den aldi berean, ez da aski teorian oso jantzita egotea, ikastaroak eta masterrak egitea edo filologian lizentziatua izatea, hala nola ipuinak idazteko ez baita aski ipuingintzaren teknikak ezin hobeto menperatzea. Itzultzailearen dohain nagusietako bat, beraz, teknika horiek guztiak praktikan jartzen asmatzea da. Eta, horretarako, hizkuntzari bizi-indarra eta bere jite berezia ematen dion sakoneko muin ezin ukituzko hori bereganatu behar du. Itzultzaileak birsortu egin behar du jatorrizko testua. Berriro idatzi behar du, esaterako, Apulei Metamorphoseon (II. mendean Luzio Apuleiok idatziriko liburu ospetsua), berriro idatzi behar du bere garaiko irakurleentzat, bere garaiko hizkeran, bere hizkuntzaren berezko moldean.
Testu baliokide bat sortzeko, itzultzaileak erabateko fideltasuna zor dio jatorrizko testuari. García Yebrak dioenez, "jatorrizkoak dioen guztia jaso behar du eta ezin du erantsi jatorrizkoak ez dioen ezer". Nik, zuen baimenarekin, zintzotasuna deituko nioke horri. Itzultzaileak zintzo jokatu behar du, ezin dio irakurleari ziririk sartu, ezta liburua idatzi zuenari saldukeriarik egin ere. Zintzotasuna diot, zeren itzultzaileak badaki irakurleak ez duela itzulpena jatorrizko testuarekin alderatuko eta, horrenbestez, ez diela akatsei edo hutsei antzik emango. Itzultzaileak erantzukizun handia du, oso argi eduki behar du bitartekari hutsa dela eta, zabarkeriaz edo arinkeriaz jokatuz gero, zeharo honda dezakeela munduko literaturako maisulan bat. Itzultzean, batzuetan, zalantzak sortzen zaizkidanean edo pasarteren bat ondo ulertzen ez dudanean, gaztelaniazko itzulpenak miratzen ditut (bat baino gehiago beti), beste itzultzaileek nola jokatu duten ikusteko. Eta, zinez diotsuet, harrigarria eta lotsagarria da hainbat itzulpen ustez egokitan zenbat akats dauden eta zenbaterainoko arduragabekeriaz jokatu duen itzultzaileak. Batzuetan, itzultzailearen ezgaitasunaren ondorioa izaten da hori; beste batzuetan, berriz, presaka lan egiteak dakarren zorroztasunik ezaren emaitza. Izan ere, itzultzaileak lasai eta astiro lan egin behar du. Ez dut ukatuko itzulpen guztietan zerbait galtzen dela, ezinezkoa baita jatorrizkoa bere osotasunean jasotzea, bere konnotazio guztiekin, jatorrizkoaren irakurlearentzat esanahi berezia duten ñabardura guztiak beste kultura bateko irakurleari neurri bere-berean helaraztea. Hori jakinda ere, itzultzaileak berebiziko ahaleginak egin behar ditu dena itzultzeko, lana laster bukatzeagatik eragozpenen aurrean aise etsi gabe. Beharbada, gehiegizkoa irudituko zaizue, baina nik, batez beste, hiru edo lau ordu ematen ditut orri bat itzultzen. Bi ordutan egin nezake, baina emaitza ez litzateke nahi bezain ona izango. Nolanahi ere, emaitza ona lortzeko behar den denbora norberaren gaitasunaren araberakoa da eta, inondik ere, badaude itzultzaileak arin itzulita ere emaitza bikainak lortzen dituztenak.
Horrenbestez, hona, laburbildurik, ondo itzultzeko bete behar diren gutxieneko baldintzetako batzuk: xede-hizkuntza ezin hobeto jakitea, sorburu-hizkuntzaren bizi-inguruaren ezaugarriak ezagutzea, hiztegiak zuhur eta etengabe erabiltzea, jatorrizkoaren ñabardura eta xehetasun guztiez jabetu arte amore ez ematea, zintzotasun-fideltasunez jokatzea eta presarik gabe lan egitea.
— Irakurlea idazlearengana hurbildu ala alderantziz? Zure lanetan, zeren aldekoa zara?
Nik uste dut elkarrengana hurbildu beharra dagoela. Itzulpengintza hizkuntzaren zutabe nagusietako bat da, baina sorkuntza da euskarri nagusia. Kontua da hizkuntzen bizitzan, garai eta egoera jakin batzuetan, itzulpengintzak hartzen duela bere gain garapenaren zama, itzulpengintzak tiratzen duela gurditik. Errusiera modernoa, esaterako, XVIII. mendearen bigarren erdian sortu zen. Garai hartan, Pedro I.a Handiak mendebalderantz zabaldu zituen Errusiako inperioaren ate ordura arte tinko itxiak, zientzia eta teknika arloko liburu ugari itzuli zituzten, eta horrek berebiziko garrantzia izan zuen hizkuntzaren berritzean eta eguneratzean.
Gure idazle klasiko askoren lanik garrantzitsuenak itzulpenak dira, esplizituak batzuk eta inplizituak beste batzuk. Idazletzat dauzkagu, baina, funtsean, itzultzaileak ziren. Euskarazko bigarren liburua Leizarragaren Testamentu Berria izan zen. Gero bera (euskal obra nagusia) itzulpen inplizitua da neurri handi batean, eta itzulpen esplizituko pasarteak ere baditu; Sarako eskolako beste hainbat idazleren emaitza nagusia ere itzulpenak dira (Haraneder, Etxeberri Ziburukoa...). Eta nola ez aipatu Duvoisin! Gaur egun ere baditugu geure artean hainbat lagun, idazle emankorrak izateaz gain itzulpengintzan ere aritzen direnak. Argi dago, beraz, sorkuntza eta itzulpengintza elkarri ondo heldurik joan direla beti. Gaur egun, ordea, badirudi halako amildegi bat dagoela bien artean. Oso zabaldurik dago azken urteotan itzulpengintzan sorkuntzan baino aurrerapauso handiagoak egin ditugulako irudipena. Eta nik uste dut ez dela irudipen hutsa. Hainbat idazle ere horretan daude; hona, adibidez, zer esan zuen Anjel Lertxundik orain dela lau urte Donostiako Udako Ikastaroetan, euskal literaturaren orduko egoeraz ari zelarik:
"Itzulpengintza bultzatzetik eta indartzetik ikusten dut bidea: azken bolada luzean argitara diren obretatik itzulpen gehiago salbatuko nuke lan originalak baino, gehiago gozatu dut euskara, orohar eta salbuespenak salbuespen, itzulpenetan originaletan baino".
Eta hori esan zuena dugu, hain zuzen ere, egungo euskal idazlerik onenetariko bat. Nik behintzat izugarri gozatzen dut euskara haren prosa eder eta zainduan; itzultzaileok badugu zer ikasi asko Lertxundiren azken liburuetan eta, atrebentzia handiegia ez balitz, ausartuko nintzateke esatera nahitaez irakurri beharko lituzkeela itzultzaile orok Otto Pette, Piztiaren izena, Azkenaz beste, Letrak kalekantoitik, eta, nola ez!, Urrezko Astoa liburu benetan zoragarria (zeinean Lertxundik adina meritu baititu Juan Kruz Igerabidek). Ez da ona itzulpengintza eta sorkuntza elkarrengandik bereizirik egotea, horrek kalte baino ez baitio egiten gure literaturari. Ezinbestekoa da, beraz, biak elkarrengana hurbiltzea eta elkarrekin uztartzea, idiek alde banatara tira ez dezaten gurditik. Nik arretaz irakurtzen ditut euskal idazleen lanak (ez guztienak, niretzat ereduzkoak direnenak baizik) eta saiatzen naiz haien ekarpenak jasotzen, nire itzulpen-lanei mesedegarri zaizkielakoan.