Itzulpena Auzitegietan eta Administrazioan
Anjel Lobera

Bizkaiko Foru Aldundiko itzultzailea.

Itzulpena Auzitegietan eta Administrazioan izenburua jarri zidaten zuekin ordubete inguru jarduteko asmoz. Aitortu behar dut hona etorri aurretik begiratu diodala izena eman duzuenon zerrendari; horren helburua garbi nuen: noren aurrean hitz egin beharko nuen jakitea, bai jatorriari dagokionez, bai eta lanbideari dagokionez ere.

Bestalde, izenburua bera zabalegia da beraren osotasunean itzultzaileen zereginari oratzeko. Hortaz, deliberamendu bat hartu dut: gaur egun auzitegietan eta Administrazioan itzultzaileek ditugun zereginetarik batzuk hartu eta beraiek jorratu: itzulpenaren ikuspegi edo alderdi ideologiko-politikoa; gaztelaniaren eragina eta itzulpen arazo batzuk.

Auzitegietan

Hego Euskal Herriko auzitegietan eta Madrilgoetan diharduten itzultzaileek badute hasierako jokaleku bat: Espainiako Zuzenbidea, eta Zuzenbide horrekin lanean dihardutela, badute helburu behinena: segurtasun juridikoa. Izan ere, beraien lanetik etor litezkeen ondorioak Zuzenbidearen esparrukoak dira; ekonomi eraginez gainera, zigor eraginak, erantzukizunekoak eta beste arlo batekoak izan ditzakete. Bi esparru hartuko ditut kontutan: zigor arloa eta lan arloa. Aukeraketa erabat hautabidezkoa izan da, eta gogoan izan dut horretarako eremu horiek euskal gizartean duten eragina.

Zigor arloa

Auzitegietako itzultzaileek arlo honetan dute, beharbada, euren lanik latzena, batik bat, euren lanak dakartzan ondoreek oso oihartzun zabala hartzen dutelako euskal gizartean.

Baina goazen adibideekin:

Zelan itzuli beharko dira euskarara: homicidio eta asesinato? Izan ere, itzuli bai, itzuli egiten dira, baina nor den itzultzailea, ordain bat edo beste aurki liteke. Hori zuzendu behar den arazoa da, bestela, ezinezko gertatuko bailitzateke irakurle euskaldunarentzat jakitea zer irakurtzen ari den.

Jabetzaren aurkako delituetan ere, honelako kasuok azter ditzakegu: robo, hurto, sustracción, apropiación indebida. Hauek ere batu behar dira, eta modu batera itzuli, beti ere segurtasun juridikoari begira.

Konturatu zaretenez, arazo gogorrak eta ondore arras bestelakoak izan dituzte erakunde horiek.

Eta zer jazotzen da, epaituek egiten dituzten aitorpen eta adierazpenekin? Zer da itzuli behar dena? Zein da modurik egokiena itzulpena egiteko? Aldi bereko itzulpena ala esan ostekoa?

Arazo asko eta korapilatsuak dira horiek guztiak eta kontu handiz ibili behar da norbanakoen askatasuna kolokan dagoelarik. Hori dela eta, Euskal Herrian famatu bihurtu zen Camarero kasua aipatu nahiko nuke hemen. Judizioaren une baten, fiskalak epaituari euskaraz itaundu zion ea pelea bat ikusi zuen; erruztatuak, berriz, hauxe ihardetsi zuen: Bai, jipoi bat ikusi nuen. Ageri denez, erantzuna gaztelaniara pasatzerakoan arazo bat sortzen da: Sí, vi una paliza (hitzez-hitzezko itzulpena) ala Sí, vi una pelea (itaunari eman beharreko erantzun logikoa). Ondoreak erabat ezberdinak izan daitezke.

Lan arloa

Lan arloa denaz bezanbatean, itzulpenaren alderdi ideologikoa aztertu nahi izango nuke beren beregi. Arlo honetan eufemismoak sarritan erabiltzen dira. Horretara, urte gutxiren barruan "Magistraturas de Trabajo" izendaziotik "Juzgados de lo Social" izendaziora igaro da. Trabajador, empresario eta gisa horretako berben ordez, empleado, empleador hitzak erabiltzen dira. Nahita erabilita, bestalde.

Eta horrek ideologiaren aldetik duen eragina ikusita, itzultzailearen lanak berebiziko garrantzia hartzen du; izan ere, eta euskarari gagozkiolarik, arazoa ez da langile, ugazaba euskal hitz jatorren eta enplegatu, enplegatzaile erdal hitzen artean aukeratzea, ezbada ideologiaren aldetik pisu nabaria duten langile, ugazaba berben eta askozaz neutroagoak diren enplegatu, enplegatzaile eleen artean.

Itzultzaileak bere bezeroari eman behar dio zerbitzua; hortaz, bere ideologia alde batera laga beharko du eta jatorrizko idazkiaren idazleak erdietsi nahi dituen xedeak lortzeko erabili dituen hitzen baliokide dinamikoak topatu behar ditu; horregatik, nire ustez bederen, itzultzaileak jatorrizko testuan ageri den edukia ahalik zehatzen emateko horri egokituriko hitzik egokienak erabili behar ditu. Ikus ditzagun testu biok horren adibide gisa:

Los empresarios impondrán las condiciones de trabajo de sus asalariados en la empresa.

Los empleadores establecerán las condiciones de trabajo de los empleados en la empresa.

Ez dago zalantzarik, testu bietan gauza berdintsua esaten da, baina esateko moduak jarrera bi eman nahi ditu aditzera, edo behintzat itxura ezberdinak izan nahi dituzte. Euskaraz ematen den ordainean ere, idazlearen asmoa hartu behar da aintzat, bestela iruzur egingo genieke idazleari eta irakurleari.

Bide beretik doa garai bateko "Magistraturas de Trabajo" izendazioa aldatzea; horretara, "Juzgados de lo Social" izendazioa ematen da. Horregatik, "Gizarteko epaitegi" izendazioa erabiltzeak bi ondorio ditu: euskaraz, gaztelaniaz bezala, zama ideologikoa leuntzen da batetik; bestetik, berriz, izendazioaren aldaketak erdietsi nahi dituen helburuak euskaraz ere gertatzea ahalbideratzen da.

Administrazioan

Auzitegietan itzultzaileek egin behar duten lanak gizartean eragin handia duelarik, Administrazioko itzultzaileok egiten dugunak, berriz, ez du ia oihartzunik gizartean. Izan ere, hori jazotzen da, euskarak Administrazioan duen zeregina sinbolikoa delako.

Izan ere, Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial daudenez, aukera dugu administrazio-agiriak hizkuntza bietan idatzita aurkitzeko, berbarako, aldizkari ofizialetan zutabe bikoitza erabiltzen da, ezkerretara euskarazko testua agertu eta eskuinetara gaztelaniazkoa ageri delarik.

Inprimakietan, aldiz, ondoko moduok erabiltzen dira: 1) aldizkari ofizialetan ageri den moduan, zutabe bikoitzekoa; 2) beste batzuetan, orrialde bat euskaraz, eta bestea gaztelaniaz; 3) goiera biko lerrokoa, lerro bat erdira, euskara goian eta gaztelania behean ageriaz; eta 4) modu askotariko inprimakiak: goiburuan, goiera biko lerroa edo euskara eta gaztelania bata bestearen ondoan, ezkerraldera ekarrita, ondoren lerro bat ageri delarik betetzeko, baina edukia zutabe bikoitzean. Arazo hau denaz bezanbatean, nabarmendu behar da Katalunian ez bezala gertatzen dela, ze herrialde horretan joera dute, ahal delarik, administrazio-agiriak elebakarrak izan daitezen.

Norentzat itzultzen dugu?

Berau dugu Administrazioko itzultzaileok arazorik handiena. Askok diote ez dugula inorentzat itzultzen, euskarazko alderdia irakurtzen ez da eta. Beste batzuek, berriz, badiote geroago eta jende gehiago hurbiltzen dela euskarazko testuetara informazioa jasotzeko. Egia esan, bigarrenera bidean gabiltzala uste badut ere, artean arazo izugarriak ditu euskal irakurleak Administrazioko testuak irakurtzeko.

Dena dela, jatorrizko bekatu modu bat egiten izan dugulakoan nago. Euskaldunentzat idatzi nahi izan dugu eta hori okerreko ustea da, oro har. Badakit askok zuen baitan esan duzuena eroturik nagoela. Baliteke, baina gauza batzuk argitu beharra dago: testu motak bereizi behar dira beraien jasotzaileak bereizteko. Hau da, testu batzuk hiritarrek eurek jasotzen dituzte eta horiek oso hizkera arruntean eman behar dira eta ez bakarrik hitzei begira, ezbada joskerari eta morfologiari begira ere. Adibidez, ehizan jarduteko kanpaina baterako baimenak eskatu behar direnean, bertoko hiztunek darabiltzaten berbak erabiliko dira; hortaz, eta muturreko adibide bat ipinita, Bizkaiko Txorierriko biztanleentzat luki berba erabili beharko dugu, Lea-Artibaiko batentzat azeri darabilgun artean. Eta hori Bizkaiaren eremuan bakarrik. Era berean, soziatiboaren marka jartzeko orduan ere, Txorierrin -gaz eta -kaz darabiltzagun bitartean, Lea-Artibain -gaz eta -kin erabili beharko ditugu etab.

Badaude beste testu batzuk, ostera, hiritarrengandik hurbil egon arren, eurek axaletik baino ezagutzen ez dituztenak; horretara, udalekuetako kanpainetara umeak eroan nahi dituzten gurasoek paperak ezagutu bai, baina euren seme-alabek ikasten duten ikastegiko zuzendariek beteko dituzte. Gauza bera jazotzen da nekazarientzat egiten diren eskakizun askorekin ere, ezik beraiek egin beharrean eskualde bakoitzean nekazarientzat zabalik dagoen bulegoak betetzen ditu paper horiek. Horrelako kasuotan hizkuntza estandarizatuagoa erabil dezakegu eta, bide batez, euskara batua gizartean txertatzeko bidea dugu.

Azkenik, baditugu beste testu batzuk lege, zerga eta merkataritzako eragileentzat zuzentzen direnak, hala nola, Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Araua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoa etab. Hori horrela delarik, nire ustez behintzat, guk ez dugu zertan itzuli euskaldun guztientzat, ezbada eragile euskaldun horientzat. Izan ere, jesapen, atxikipen, kenkari, ibilgetu eta antzeko berbak euskaldun arruntarentzat ezezagunak badira, zer dira, esaterako, gaztelaniadun batentzat empréstito, retención, deducción, inmovilizado etabar. Barka iezadazue pasadizu hau kontatzea: 1983. urtea Madrilen eman nuen soldadu. Ni nengoen kuarteleko brigada batek errenta aitorpena egin niezaion eskatu zidan; paperen artean etxea jazteko erabilitako altzarien faktura topatu nuen; horrek balio ez zuela esan nionean, horra zer bota zidan: «—Oye, ¿pero no desgravan los bienes muebles?». Jakina, hark ez zuen zertan jakin ondasun higikorrek, legearen ikuspegitik, zerikusi gutxi dutela altzariekin.

Ikus dezagun, adibide praktiko bat: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 27ko 7/91 Foru Arauaren xedapen gehigarrietarik hamargarrena:

10ª. Transmisión a no residentes de valores con cupón corrido.

Uno. En las transmisiones de valores de la Deuda Pública con rendimiento explícito para los que se haya establecido un régimen especial de devolución a no residentes de las retenciones practicadas, efectuadas dentro de los 30 días inmediatamente anteriores al vencimiento de su cupón, por personas físicas o entidades no residentes en España sin establecimiento permanente en España, tendrá la consideración de rendimiento del capital mobiliario para el transmitente la parte del precio que equivalga al cupón corrido del valor transmitido. Dicho rendimiento será objeto de retención a cuenta, que será practicada por la Entidad Gestora del Mercado de Deuda Pública en Anotaciones que intervenga en la transmisión.

10. Ez-egoiliarrentzako kupoi korritudun baloreen eskualdaketa.

BAT. Etekin esplizitudun herri zorreko baloreen eskualdaketetan, balore horiengatik ez-egoiliarrei egiten zaizkien atxikipenak itzultzeko araubide berezia ezarrita dagoelarik, baldin eta atxekipenak kupoiaren mugaegunaren aurre-aurreko 30 egunen barruan egoitza Bizkaian duten pertsona fisiko nahiz erakundeek egoitza Espainian ez duten pertsona fisiko nahiz erakundeentzat egiten badituzte, berauek Espainian establezimendu iraunkorrik ez badute, higikorren kapitalaren etekintzat, eskualdatzailearentzat, eskualdatzen den balorearen kupoi korrituaren pareko perezioaren zatia hartuko da. Etekin hori kontura atxiki ahal izango da, eskualdaketan esku hartzen duen Herri Zorraren Merkatuko Erakunde Kudeatzaileak Idaztoharretan egingo baitu.

Hortaz, horixe diot berriz ere: testu teknikoak, edozein hizkuntzatan, eragile teknikoentzat egin behar dira. Hala ere, testu tekniko hauek egiten dituzten askok eta askok gauza bi nahastatzen dituzte: gai teknikoa aztertzea eta hizkuntza ulertezina erabiltzea. Izan ere, goiko adibidea askozaz errazago eman zitekeen. Alde horretatik, itzultzaileok badugu arrazoi apur bat honako hau esaten dugunean: jatorrizko testua ulertezina da. Beste adibide bat Jesús Prieto de Pedrok[1] ematen digu. Benetan bitxia, alajaina!:

1979ko apirilaren 14ko Ministro-agindua, farmaziak jartzeko distantziak neurtzeari buruzkoa, ehun eta berrogeita hamartsu hitz dituena, alegia:

«Art. 9.1.- La medición de las distancias se practicará por el camino vial más corto, siguiéndose una línea ideal de medición, con arreglo a las siguientes normas: se partirá del centro de la fachada del local que ocupe la Oficina de Farmacia establecida, prescindiendo de o de los accesos a la misma y, siguiéndose por una línea perpendicular al eje de la calle o vial al que dé frente dicho centro de fachada, se continuará midiendo por este eje, ya sea recto, quebrado o curvo, cualquiera que sean las condiciones o características de la calle o vial, hasta encontrar el eje de la calle o calles siguientes, prolongándose la medición por dicho eje hasta el punto de que coincida con la intersección de la perpendicular que pueda ser trazada, desde el centro de fachada del local, propuesto para la farmacia que pretende instalarse o trasladarse, al eje de la calle o vías para la que viniera practicándose la medición, continuándose por dicha línea perpendicular hasta el centro de la fachada de este último local.

Cuando las perpendiculares a que se refiere el párrafo anterior arrojen distinta longitud, según que se tracen desde los centros de las fachadas a los ejes de calle o desde éstos a los centros de las fachadas, se computará la que produzca una distancia menor entre los locales.»

Egia esan, gure botikak jasotzeko, farmaziak agindu horien arabera jartzeari begira egon behar badugu, hobe dugu gaixotzen ez bagara!

Horren ordez, Jesús Prieto de Pedrok ondoko proposamena egiten du:

«La distancia se calculará sumando:

1. Las dos perpendiculares que van desde el centro de las fachadas de la farmacia instalada y de la que se pretende abrir, al eje de sus respectivas calles.

2. La distancia entre ambas perpendiculares, medida por el eje de la calle o calles, y por el recorrido más corto.»

Horixe da itzultzaileok gaur egun pairatzen ditugun arazo txarrenetarikoa: jatorrizko testuen kalitatea. Bigarren arazoa, jakina denez, denbora da: hau atzoko behar diat, esaten digute sarri askotan. Hirugarren arazoa, berriz, orojakileak izatea, ezik denetik jakin behar dugu.

Jasotzailearen arazoa ikusita, jo dezagun beste arazo handi batera: itzultzaileen prestakuntzara.

Itzultzaileen prestakuntza

Historia laburra

Euskal Autonomia Erkidegoan 1981. urtean ekin zitzaion administrazio itzulpen lanari. Egia esan, ia tradiziorik gabea zen lanari ekin behar izan zitzaion, ezik Euskal Herriko administrazioetan betidanik gaztelania izan da nagusi paperetan, bai eta udalerri euskaldun hutsetan ere. Horretara, 1936. urtetik 1937. urtera bitartean argitaratu zen Euzkadiko Agintaritzaren Egunerokoa-n egindako lanetik aparte, ezer gutxi genuen euskal administrazioan. Eta hor azaldu zen Josu Oregi zena. Bera izan zen urte horietan Administrazioaren agiriak euskaraz jartzeko ardura hartu zuena. Aintzat hartu behar dugu beraren lana, eskerga izan zen-eta.

Berak jorratu zuen bidetik eskola bat nagusitu zen, ondoko ezaugarriak zituena:

  1. 1936-37ko autonomi epealdiaren tradizioarekin bat egin nahi du.
  2. Garbizalea, hura bezalaxe, ahalik eta mailegu lexikal gutxien erabiltzeko ahaleginak egiten ditu.
  3. Lehentasuna eman nahi dio euskaldunaren ahozko adierazpenen tradizioari, nahiz eta terminoen zehaztasuna galdu; nolanahi ere, garbizalea denez, hizkera tradizionaletik urruntzen da.
  4. Deklinabide konposatu eta hitz-elkarketara askotan jotzen du.
  5. Autonomia handiagoa eman nahi dio euskarazko testuari, gaztelaniazko testuaren aldetik.
  6. Politikari gagozkiolarik, euskal abertzaletasunaren sektorerik tradizionalenekin lotuta dago.
  7. Euren kokaerari begira, Autonomi Administrazioaren eta Eusko Legebiltzarraren organo nagusietan ezartzen da.

Horren aurrean beste eskola bat sortu zen UZEIren (Unibertsitate Zerbitzuetarako Euskal Ikastetxearen) inguruan. Ondokoak dira beraren ezaugarriak:

  1. Hizkuntza modernizatzeko eta erabilera berrien arabera moldatzeko ahaleginetan dihardu.
  2. Espainierazko terminologiaren ñabardura eta zehaztasuna ahalik gehiena zaindu nahi ditu, aldi berean mailegu lexikalak askozaz errazago onartzen dituelarik.
  3. Beste eremu batzuetan, batez ere, irakaskuntzan eta komunikabideetan ematen diren gertaera eta garapenarekin bat egin nahi du.
  4. Hiriguneetako hizkerarenganako hurbiltze handiagoa lortu nahi du, eta hura mailegu lexikalez beteta dago.
  5. Euskal gizartearen sektore berritzaileenekin lotuago dago, bai eta euskalduntze eta alfabetatze mugimenduekin ere.
  6. Batez ere, foru eta udal administrazioetan kokatuta dago, batez ere Gipuzkoan.

Itzultzaile ikasketak

Giro honetan Martuteneko Itzultzaile Eskola sortu zen. Lehenengo itzultzaileen harrobia izango zena. Urteak joan urteak etorri, Administrazioan lan egin zuten lehenengo itzultzaileek bertotik urten zuten. Ez guztiak, ostera. Izan ere, beste itzultzaile batzuek beste jakintzagai batzuetatik urten zuten. Hori, zer dela-eta?

Izan ere, 1981. urtean eta ondorengoetan, Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ez dute hizkuntz politika bateraturik. Hori dela eta, Administrazioan denetarik aurki daiteke: administrari-laguntzailearen pareko itzultzaile lanpostuak (Bilboko udalean, esaterako); administrari mailakoak (Gipuzkoako Aldundian); eta goi mailako teknikarienak (HAEE eta Bizkaiko Foru Aldundia).

Laneratzeak jartzen zituen oztopoak, Administrazioak Martuteneko Eskolari laguntzak murriztea eta beste arazo batzuk tarteko zirela, ateak itxi zituen lan bikaina egin zuen eskola honek.

Geroago, Deustuko Unibertsitateak lehenengo, eta Euskal Herriko Unibertsitateak ondoren, itzulpen masterrak zabaldu zituzten. Eta master horiek badute berezitasun bat, alegia, master horietan izena eman ahal izateko, ikasleek goi mailako tituludunak izan behar dute. Horrek, gero eta behin, itzulpengintzari beraren maila garrantzitsua onartzea esan nahi du.

Hori dela eta, zer esanik ez, asko hobetu da itzulpenen kalitate maila hasierako urteetatik gaur egungo errealitatera arte. Hala ere, kontutan hartu behar dugu, garai haietan lan egin zuen jendeari eskerrak eman beharrean gaudela.

Administrazio itzulpenaren arazo teknikoak

Gatozen orain euskal itzultzaileok ditugun arazo tekniko nagusiak aipatzera. Asko dira eta sarritan konpontzeko gaitzak. Arazo hauen artean, gauza asko nahastatzen dira, gizarteko arazoak, norbere arazoak, giroko arazoak...

Tradiziorik eza.— Euskal Administrazioetan, lehen esan dudan legez, oso gutxi dira euskaraz egin diren testuak. Honetan Gotzon Egiak egindako lana aipatu behar da nahitaez[2].

Hamalau eskuizkribu jasotzen ditu artikulu horretan, hainbat lekutatik barreiaturik zeudenak batutakoan. Testurik zaharrena 1683koa da eta berriena 1876koa.

Testu horien gaiak lautara biltzen dira: 1) azienden larreratze eta bazkak mugakideen artean piztutako arazoak; 2) lapurretek eragindako epaileen ikerkuntzak; 3) salerosketa eta diru-kontuak; eta 4) Administrazioari aurkeztutako eskabideak.

Bestalde, testu horien jatorriari dagokiolarik, hauxe esan behar da: hamar, lapurtarrek eginak dira; beste hiru, nafarrek egin dituzte; eta bat bakarrik egin dute mendebaldeko euskaldunek, berak lapurteratik duen eragina nabaria bada ere.

Hortaz, oso iturri gutxi izan dugu euskal itzultzaileok Administrazioaren alorrean gure lanari ekiteko. Horregatik, beharbada, hasierako urteetan ekin genion lanari itsu-itsuan eta deus ex machina antzera abiatu ginen Euskal Administrazioaren euskara sortzen. Hori dela eta, lehenengo urteetako zalantzak eta gorabeherak ulertzekoak dira. Gainera, horri beste arazo bi gehitu behar dizkiogu: hiztegi arau-emailerik ez izatea eta gramatika arau-emailerik ez izatea. Horrek guztiak ekarri du gaur egun arragotuta egon beharko zuen hizkera artean lankizun egotea.

Administrazio terminologia. Berau izan da eta gaur egun ere bada zoritxarrez Euskal Administrazioko itzultzaileok dugun arazorik behinena. Izan ere, lehen aipatu ditudan eskolak ez dira eraberekoak izan; hortaz, gaztelaniazko testuetan agertzen zen termino baterako, euskarazko testuetan bi edo gehiago ager zitezkeen; gaur egun, egoera hobea bada ere, oraindik arazo hau konpondu barik dugu. Horrela, euskal irakurleek horretaz jabeturik gaztelaniazko testura jotzen zuen, ez baitzuen euskal ordainean batere konfiantzarik. Adibidez, atal testu batzuetan artículo-ren ordaina zen bitartean, beste batzuetan apartado-rena zen. Eta gauzak apurka-apurka konpontzen badoaz ere, egunokin Hegoaldeko lau aldundietako ordezkariek, HAEEkoak, HPINekoak eta UZEIkoak euskara batzeko egiten diharduten batzarretan, lege-testuen atalak (horra, zer gauza garrantzitsua!) idazteko, joera bikoitza onartu dute.

Izan ere, gaur egun, ondoko terminologia dago finkaturik: a) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren inprimakiak; b) Euskal Herriko Herri Erakundeen Barne Errotulazioa; c) Bide-seinaleak; d) Nekazaritza arlokoa. Lehen aipatu dudan hori in fieri dago artean ere.

Ez nuke atal hau amaitu nahi honetan guztian egundoko eragina izan duen arazo bat aipatu gabe utziz. Izan ere, nire ustez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak garai baten egundoko aukera galdu zuen Administrazioko euskara normalizatzeko. Katalunian jorratutako bidea, adibidez, ona izango zen guretzat. Horretara, terminologia finkatzeko bide bat erabili barik gelditu da, eta gaur egun horren ondorioak ordaintzen gabiltza. Izan ere, guztien adostasuneko agintaritza falta izan dugunez, nork bere bideari eutsi dio eta, guztiok dakigunez, behin bide bati ekinez gero, gaitz egiten zaigu atzera joatea. Eskerrak, lema zuzentzen hasiak garen, lehengo adibideek frogatzen dutenez, baina arazo hau konpontzen ez den artean, gure lana herren ibiliko da.

Esapideak. Arazo honek ere tradizio faltan du bere sustraia. Horri garai bateko prestakuntza falta gehitzen badiogu, gaztelaniaz hausnartu eta euskal jazkera duten testuak ditugu emaitza. Adibide gisa, euskal errepideetan sarritan ageri den bat jarriko dut: norabide aldaketa, zer esateko eta cambio de sentido.

Bestalde, gaztelaniazko esapideak mailegatu egiten dira eta arazoak sortzen dira, hala nola, oponer a-ren ordain gisa, sarritan -ri aurka jarri ageri da, eta, guztiok dakigun legez, posposizio horrek ez du datiboa eroan behar, ezbada genitiboa: -ren aurka jarri. Niretzat, hemen azaltzen dira arazorik txarrenak.

Arazoak sortzen dira, gainera, gaztelaniazko esapideak ikusieran, esapide legez ulertu beharrean, berba bi edo hiruren legez hartzen dugunean. Horretara, la Administración actuará de oficio esaeran, hainbat testutan de eta oficio berben hitzez-hitzezko itzulpena azaltzen da, noiz eta de oficio esapidearena azaldu beharko litzatekeenean; hortaz, sarritan, ofizioz azalduko da -ren arioz azaldu beharrean. Horrelako kasuak ugari dira administrazio testuetan.

Bestalde, gaztelania darabilten eragile administratiboak oso hanpatuak dira idazkeraren aldetik; horri segitu egin zaio, gure idazkera sortu beharrean, eta urte askotan behintzat, testu hanpatu bati itzulpen hanpatuago bat zerraion, nahiz eta itxuraz bigarrena lehenenengoa baino aurrerago egon. Badakizue, paperaren irusakoak!

Maileguak. Eta euskal administrazioko euskal itzultzaileen artean arazo eta eztabaida gehien sortarazi duen arazora heldu gara. Izan ere, lehen aipatutako eskolen jarrerek tinko eutsi zioten euren jarrerari eta amorekaitz jardun zuten urte askotan zehar. Badakizue, oñaztarrak eta ganboarrak!

Arazoa, esapideetan legez, maileguak beti hizkuntza batetik bestera etortzea da: hau da, gaztelaniatik euskarara eta horrek egundoko eragina izan du euskal administrazioko testuetan. Honetara etorriz gero, zerbait esan behar delakoan nago, behar den mailegu asko ez da erabiltzen eta, aldiz, behar ez den asko erabiltzen da.

Bakoitzetik adibide bat ipiniko dut. Horretara, behar dugun mailegu bat gaur egun Administrazioan exkax ageri dena: tributu; gaztelaniazko tributo esateko nahitaezkoa dena erabili beharrean, zerga erabiltzen da; eta jakina: Espainiako Zuzenbideko impuesto eta tributo nahastatzen dira; eta arazoa ez da berbak nahastatzea, ezbada kategoria juridikoak nahastatzea. Konponbide bakarreko arazoa da, hau da, mailegua erabiltzea.

Bestalde, berriz, erabili beharrik gabeko maileguak erabiltzen dira; horretara, beharbada irakurle arruntaren mesedetan, erretentzio azaltzen da atxikipen ordainaren lekuan. Izan ere, horrelako kasuetan, eta euskaraz sarritan erabiltzen izan dugun teknikari eutsiaz, sinonimia erabil dezakegu euskal berba Administrazioaren testuetan txertatzeko; gauza bera esan dezakegu errendimendu berbaren inguruan; gainera, horren ordez erabiltzen den berba ezagun da euskal hiztun arrunt gehienen artean, hau da, etekin.

Goiko maileguek arazoren bat edo beste sortu ahal badute ere, ez dute hainbesteko garrantzirik. Askozaz arriskutsuagoak dira esaldiaren joskera moldarazten duten maileguak hartzea. Horretara, eta kategoria batera etorrita, partizipio eragileak izango lirateke okerrenak, baina badaude bestelakoak ere. Adibidez, jo dezagun kointziditu erabiltzen dugula coincidir-en ordain gisa. Hortaz, yo soy coincidente con esa opinión  itzultzean, nik iritzi horrekin kointziditzen dut ematen badugu, ni iritzi horrekin bat nator, ni iritzi horrekin ados nago... erabili beharrean, agerian gelditzen da zein den esaerak hartu duen taxuera.

Administrazio hizkerak berak dakartzan arazoak

Dena den, Administrazioaren hizkerak berak azaltzen ditu arazorik behinenak. Alde horretatik, eta Ibon Sarasolak esan eta beste hainbatek atzera esan duen bezala, euskarari Europako Mendebaldeko hizkuntzarik pedanteenekin bizi izatea suertatu zaio. Hortaz, itzultzaileak kontu handiz ibili behar du euskarak darabilen berezko etorria zehar-meharretan gal ez dadin.

Ikus dezagun zeintzuk diren Administrazioaren gaztelaniak izan beharko lituzkeen baina sarritan ez dituen ezaugarriak:

1) Esaldi laburrak / esaldi luzeak

Hizkerak esaldiaren laburtasunera jo behar du, batez ere, eraikuntza gramatikalean zailtasun handiagoak dituelako. Bestalde, testua talde batek idazten duenez, zuzengarriak egiteko, askozaz errazago gertatzen direlako esaldi laburretan, esaldi luze eta korapilatsuetan baino: honela sortzen dira solezismoa eta anakolutoa[3].

Bestalde, psikolinguisten ikerkuntzek datu bat eman dute argitara: ideiak hobeto ulertu eta buruz ikasten dira errazago, baldin eta esaldi laburrak badira, luzeak direnean baino. Gainera, perpaus luzeen ulermena irakurlearen kultur mailarekin batera doa, esate baterako: France Soir-ek 10 hitz erabiltzen ditu esaldiko, Le Monde-k 20 (El País-en Libro de Estilo-k ere 20). Muga 30 hitzetan dago, ezen hortik gorako esaldiak unibertsitateko jendeak bakarrik aditzen ditu.

Hala ere, legezko hizkerak esaldi luzeetara jotzen du, batezbestekoa 25 hitzetan dago. Egin behar ez denaren adibide gisa, jar dezagun Langileen Estatutuko 40.1. artikulua, zeinek 88 hitz dituen:

«Movilidad geográfica.

1. Los trabajadores, salvo los contratados específicamente para prestar sus servicios en empresas con centros de trabajo móviles o itinerantes, no podrán ser trasladados a un centro de trabajo de la misma empresa que exija cambios de residencia, a no ser que existan razones técnicas, organizativas o productivas que lo justifiquen o bien contrataciones referidas a la actividad empresarial y lo permita la autoridad laboral, previo expediente tramitado al efecto, que deberá resolverse en el improrrogable plazo de treinta días, entendiéndose que el silencio administrativo tendrá carácter positivo.»

Hau, esaterako, puntuazio zuzena erabiliz, honela bota zitekeen:

«1. Los trabajadores no podrán ser trasladados a otros centros de trabajo de la empresa que exijan cambio de residencia, salvo los contratados por empresas con centros de trabajo móviles o itinerantes.

2. Sin embargo, la autoridad laboral podrá autorizar dichos traslados por razones técnicas, organizativas o productivas, a solicitud de la empresa interesada.

3. La solicitud se resolverá en el plazo de 30 días; de no existir resolución expresa dentro de ese plazo, se considerará estimada.»

Horrexek izan beharko luke itzulpenaren abioa.

Zuzenbidezko hizkeraren beste adierazpide batzuek (literatura juridikoa) malgutasun handiagoa izan dezakete esaldiaren luzera dela eta, ez ordea, legezko hizkerak.

Esaldi laburra pentsamenduaren antolaketa logiko eta psikologikorako gonbitea da, ideiak ondo antolatu eta bereiziz, horretarako honako hauek erabiltzen direlarik: puntua, puntu eta koma, eta puntu biak.

2) Hitz laburrak / hitz luzeak

Hitz luzeek esaldiaren ulergarritasuna eragozten dute, beraz, sinonimo laburragoak hobestekoak dira, luzeen kaltetan, hala nola, «exceso», «extralimitación», baino lehen etab. Bestalde, «mente» atzizkiaz amaitzen diren adberbioak kentzekoak dira, laburragoak jartzeko beraien ordez:

anteriormente → antes

ulteriormente → después

previamente → antes

posteriormente → después

3) Preposiozko eta adberbiozko esakuneak

Berauek ere ez dute esaldiaren laburtasuna bultzatzen. Gainera, sarri askotan, preposizio nahiz adberbio bakunen ordezkoak baino ez dira. Hauek oso kontutan hartzekoak dira itzulpenari gagozkiolarik:

en este sentido → así

en este supuesto → así, cuando

con la excepción de → salvo

en la hipótesis de que → si

por esta razón → así

sobre la base de → si, cuando

por otra parte → además

Jakina, horrelako esakuneak euskarara aldatzerakoan, kontutan hartu behar dugu euskaraz ere bide horretatik jo behar dugula; izan ere, hizkuntza malgutzeko bidea ematen digute forma erraztuek besteen aldean eta hori irakurlearen mesedetan da.

4) Esakune espletiboak

Berauek ere ez dute testua inola ere argitzen: «en su caso», «si procediere», «en principio», «si hubiera lugar», «en efecto», «en realidad», «en definitiva»...

Esakune hauek ez dute ezer erasten eta zuhurtasun nabardura bat ematen diote hiztunaren jarrerari, beraz, batzuetan lasai asko ken litezke, baina kasuan-kasuan aztertu beharko litzateke.

Esakune horiek itzulieran jazotzen diren arazo batzuk iruzkindu nahiko nituzke: 1) en principio itzulieran, en un principio ren ordain gisa ematen da eta hasieran jartzen da, funtsean jarri beharko litzatekeen lekuan; 2) en su caso itzultzerakoan, berriz, arazoa bestelakoa da, ezik garai baten asko erabili zen kasua balitz protasia erabiliz gero, horrek apodosia hipotetiko modura erabiltzea dakar. Jakina, gaztelaniazko testuan ez da hori esan nahi, ezbada hiztunaren zuhurtasun kutsua, Jesús Prieto de Pedrok dioen moduan.

5) Erredundantzia anaforikoak

Kontu handiz ibili behar da eta anaforikoekin. Esbozo-k berak gaitzesten du: badio Administrazioaren hitz lauz eta beste batzuetan larregi erabiltzen dela, formula jantziagoa delakoan. Hortaz, hobe da fue registrado el coche y sus ocupantes, los ocupantes del mismo baino; la fecha es ilegible, pero se lee claramente debajo de ella (ez debajo de la misma).

Arazo hau denaz bezanbatean, badirudi euskaraz ere anaforiko batzuk erabiltzerakoan kontu handiz jo behar dugula. Egin-eginean ere, euskaraz SOV egitura erabiltzeko joera handia dagoenez gero, gerta liteke garbi ez egotea zein den erreferentearen erreferentziala. Hortaz, sarritan informazioa berreskuratu beharko da, bai puntuazioa erabiliaz, bai erreferentziala berriro aipatuaz etab.

6) Gramatikazko eraikuntza paroxitonoak

Hizkuntza idatziaren kalitatea ez datza gramatikazko zailtasunean. Joskera paroxitonoak esanguraren aurrerakuntza eta ulergarritasuna errazten ditu, ez, ostera, eraikuntza konplexuek. Goi mailako literaturek, literatura kultuek, badute euren txokoa hizkera juridikoan, bai eta legelarien idazkietan ere (Garrigues, García de Enterría...), baina sekula ez Administrazioaren hizkeran eta, zoritxarrez, legeen hitzaurreak eta zioen azalpenak badira egin beharko ez litzatekeenaren eredu.

Aditza.- Aditza ekintza adierazten duen perpauseko osagaia da, Administrazioaren hizkerak, berriz, hau ahazten bide du eta bazterrarazten ditu era aktiboa, forma pertsonalak, aditz bakunak eta orainaldia, bai eta indikatibozkoa ere. Honen aurrean, berriz, berauek larregi erabiltzen ditu:

  • izentzapena,
  • aditzaren forma ez-pertsonalak (infinitibo, gerundio eta partizipioak),
  • subjuntibozko geroaldia,
  • aditza ordezkatzen duen aditz-ingurukari hau: aditz hutsa + substantiboa , eta
  • era pasiboa.

Aditzaren tempus eta modua.- Hobestekoa da indikatibozko orainaldia erabiltzea, eta subjuntibozko orainaldia eta lehenaldi burutua uztea gramatikazko menpekotasuna adierazteko.

Honek arazo latza dakar euskararentzat, segidari dagokionez, oso erabilia baita honelako formula: si hubiere satisfecho las cantidades... será considerado al corriente de sus obligaciones tributarias. Kontu handia eduki behar da, euskaraz segida ganoraz emateko, orduan, edo biak errealak, edo biak hipotetikoak izan behar dira.

Aditz-izentzapena.- Administrazioaren hizkerak aditz pertsonalen ordez substantiboak erabiltzen ditu, eta horien aditz-eginkizuna argia da, hala nola, -ión eta -idad atzizkiez amaitzen direnak.

Izentzapena ez da gaitzestekoa, baina kontu handiz erabili beharra dago, bi ondorio gaizto ekartzen baititu: tonubakarreko eta ulergaitz bihurtzen du testua, alegia.

Honela, a la iniciación esan ordez, una vez iniciado, después de iniciarse etab. erabil daitezke.

Ingurukaria.- Administrazioak gehien erabiltzen duen ingurukaria honela eratzen da: «aditz hutsa + substantiboa». Aditzak ez dauka berez esangurarik, berau substantiboan baitatza. Hala gertatzen da Prietok omnibus deritzen aditzekin: proceder, realizar, tomar, dar, hacer + substantiboekin. Honelako baliokidetasun batzuk jarriko ditugu:

efectuar el control → controlar

estar en posesión → poseer

proceder a la adjudicación → adjudicar

tomar parte → participar

hecer entrega → entregar

efectuar la presentación → presentar

Perpaus pasiboa.- Kontuz ibili behar da era pasiboekin, dela arrunta (ser o estar + participio), dela era pasibo erreflexua (se + verbo). Kontu handiz erabili behar da. Euskaratzean, ahal dela, era aktiboa nahiago da, bestea baino.

Gerundioa.- Hemen Boletineko gerundioa baino ez dut aipatuko, Ley aprobando el... , zeinen ordez, erlatibo murriztailea irakurri eta itzuli behar baita.

Menpeko proposizioak.- Saihestekoak dira menpeko luze-luzeak eta kateaturiko menpekoak, sarritan, ulergaiztasuna ez ezik, solezismo gramatikal eta lexikalak sortarazten baitituzte.

Euskarari gagozkiolarik, Seber Altubez geroztik, ohitura handia dugu, perpaus nagusiko aditza esaldiaren amaierara eramateko, jatorragoa delakoan. Hau ondo badago ere, ez du zertan izan arau finkoa legezko testuak itzultzeko bederen, bestela berauek ulertezin bihur ditzakegulako.

Bestalde, badago arazo larria ezezko estiloarekin. Ezezko bikoitza saihestu beharrekoa da, hala nola, la actividad del Defensor del Pueblo no se verá interrumpida en los casos en que las Cortes Generales no se encuentren reunidas... Hobe da baiezko estiloa. Hortaz, euskal ordaina emaneran, baiezko idazkeratik abiatu behar dugu.

7) Zehazgabetasun edo anbiguotasuna

Bai Espainiako Estatuko administrazioek, bai autonomia erkidegoetakoek, oso joera nabaria dute gauzak oso modu anbiguoan esateko. Nik ezagutzen dudalarik, Kataluniako administrazioa izango litzateke Administrazioa hiritarrarengana hurreratzeko ahalegin handiena egin duena; Euskal Autonomia Erkidegoan eta Espainiako Herri Administrazioetarako Ministerioak ere euren ahaleginak egin dituzte.

Zehazgabetasun hori modu askotakoa izan daiteke, baina hemen puntu bakarra aztertuko dut lexikoaren aldetikoak.

Lexikoaren aldetik, ondokoa esan behar da: arauaren idazlearen lehen ardurak lexiko bereziki argi eta zehatza lortzea behar du izan. Ezertarako gutxi balioko dute gramatikako arauek, legeetako hitzen esanahiak argi eta mugatuak ez badira. Gramatika hitzen zerbitzupeko tresna da, erregela sistema bat, beraiek zuzen uztartzeko, ez bestelakoa ordea.

Hau bide da idazle legegile onaren lanik garrantzitsuenetarikoa. Arrazoiak bi dira: 1) Administrazioan egiten diren xedapenetako hitzak aukeratueran, idazleak kasuan kasuko teknizismoaren (zehaztasuna bermatzen duenaren) eta jatortasunaren (jende guztiaren aldetiko ulergarritasuna bermatzen duenaren) arteko taxuzko neurria lortu beharra duelako; eta 2) egungo egoeran, lexikoak krisialdi latza pairatzen diharduelako, eta krisialdi horrek beste teinkune bat sortarazi du: alde batetik, lexiko arruntaren altxorraren urripena (hiztegi arruntak geroago eta txikiago izatera jotzen du, gero eta gauza gehiago ahalik eta hitz gutxienez adierazteko, beraiek gero eta anbiguoagoak direlarik) eta, bestetik, jargoi teknikoen gorakada geldiezina, beraiek hizkeran, jakinduria berezituek eta teknologiak egun duten garrantzia baieztatu nahi baitute itsu-itsuan («imputar datos» etab.).

Aurreko arazoa gorabehera, arauen idazleak eginkizun handia dauka argitasunaren mesedetan:

  • Lexiko arruntaren eta lexiko teknikoaren arteko oreka hobea bilatuz, non bigarrena ahalik txikienera mugatuko baita (barraskilo versus zefalopodo).
  • Lexiko arruntak hizkuntzan errotuen dituen hitzetarik, esangura argi eta zehatzenak dituzten hitzetarik, aukeratuz; ahalik eta jatortasunik handiena aukeratuz, alegia.
  • Legezko testuetarik hizjariokeria hutsal eta behargabea kenduz.

Lexiko arrunta.-Hizkera bereziak oro hizkuntzaren menpe-menpean daude, beraien aldaera dira eta, legez, euren osagai bereziek indar gutxiago dute arruntek baino. Erregela hau legezko hizkeran ere bete egiten da, lexikoari dagokionez, zein neurri handi batean hizkuntzaren lexiko arruntekoa den.

Hala ere, idazleak ahazten bide du egitate hau sarritan eta lexikoa geroago eta bakanago egitera jotzen du, hitz arruntak, euren adiera ezagunenetan, legezko hizkerari ez bailegozkion. Beronek hizkera mordoilo iluna du aterpe eta hiritarrengandik geroago eta urrunago dago. Hona hemen, bada, gaztelaniazko hanpakeria batzuk:

erabilia → erabili beharko litzatekeena

constituye → es

contemplar → tener en cuenta

instancias → organismos

tratamiento → regulación

planteamiento → perspectiva, punto de vista

expira → termina edo finaliza

conferir → dar, otorgar

Eta euskarazko testuetan maizegi bigarren ordainak itzultzen dira, besteak itzuli beharrean; batzuetan, gainera, hanpakeria ez ezik, oker egiten delarik, hala nola, constituyeren ordain gisa osatzen du ematen denean etab.

Bereziak dira honako hauek ere: cumplimentado, puntual, prerrequisito, disponibilidad, asignar, configuración, asunción priorizar, dinámica, se desprende, minimizar, tendencial, amplio espectro, incardinar, cauce normativo, determinar la procedencia, flexibilizar, marco, extra-, hiper-, super-, ni-, re-, co-, anti-, etab. Guztiok alda daitezke hiritarrek errazago uler ditzaketen beste batzuk ezartzeko, testuinguruen arabera. Gainera, hitz horiek ez dira nahitaez erabili behar legezko xedapenak behar bezala emateko. Adibide gisa, hona hemen Herriaren Defendatzaileari buruzko Legea, Langileen Estatutua eta Urei buruzko Legea.

Esta disponibilidad debe lograrse sin degradar el medio ambiente en general, y el recurso en particular, minimizando los costes socioeconómicos y con una equitativa asignación de las cargas generadas en el proceso, lo que exige una previa planificación hidrológica y las existencia de unas instituciones adecuadas para la eficaz administrazción del recurso en el nuevo estado de las Autonomías.

Prietok, adibidez, lerroaldearen egitura gramatikala aldatu gabe, honako hau proposatzen du:

La explotación del agua debe llevarse a cabo sin daño alguno para el medio ambiente, ni para la propia agua, con el menor coste social y económico, y con un justo reparto de las cargas...

Beste adibide bat 1986ko uztailaren 7ko Ministro-Agindua da, zeinek Administrazioaren hizlauz ondo idazten erakutsi nahi baitu; idazpurua honako hau da:

Orden Ministerial de 7 de julio de 1986 por la que se regula la confección de material impreso y se establece la obligatoriedad de consignar determinados datos en las comunicaciones y escritos administrativos.

Orden Ministerial de 7 de julio de 1986 sobre el lenguaje y requisitos formales de los escritos administrativos [Prietoren ustez, askozaz ulerterrazagoa da].

Eufemismoak.-Beren gordintasunean azalduz gero min eman dezaketen ekintza nahiz ideiak adierazteko erabiltzen den edozein era leundu edo gozatua da eufemismoa. Eufemismoa, esan nahi denaren kontrakoa adierazten duen hitz nahiz esaldi bat erabiltzera irits daiteke.

Eufemismoak berebiziko garrantzia du hizkuntzalariarentzat, ezik debeku ezartzen du, zenbait pertsona, animalia eta gauzaren gainean ez ezik, beraien izenen gainean ere. Kasurik gehienetan, tabupeko hitza bertan behera utzi eta kaltegabeko ordezkoa jartzen da, eufemismoa alegia, haren ordez. Honek, sarri askotan, ordezkoaren adierazpenari aldaketaren bat ekartzen dio eta honela tabua aldaketa semantikoen kari garrantzitsuenetarik bihurtzen da. Jakina, gauza nahiz eragiketa higuingarriak edo ezinikusizkoak zuzenean izendatzen dituzten hitz nahiz adierazpen guztientzat goizago edo geroago ordezkoak jartzen dira. Orduan, ordeztuak herri-hizkeran hartzen du aterpe, hiltzen ez denetan.

Hortaz, eufemismoak ez dira funtsean zertan arbuiatu: gizabidetasunari heltzen diotenak, sexu bereizkeria baztertu nahi dutenak etab., bidezkotuta daude.

Baina badira beste batzuk, berriz, inolako biderik ez dutenak, zeren eta baten izaera abstrakzio semantikoaren poderioz lortu nahi baitute, hala nola, tercera edad, Gizarte Segurantzari buruzko legerian, edo profesor de Enseñanza General Básica, Centro Docente, Bachillerato unificado y polivalente, etab., 1970eko abuztuaren 4ko Ley General de Educaciónek ekarri baitzituen. Tercera edad aukeratzea ez da zuzena izan, viejos gutxiesgarria delako, eta ancianos-en hedadura murritzagoa delako; gainera, beste bereizkeria lexiko bat ezartzen du, beronek haren mailakoak beste modu batera erabiltzen dituelako, hala nola, infancia y juventud, Konstituzioko 20 eta 48. art.etan. Bestalde, profesor de Enseñanza General Básica, Centro Docente, Bachillerato unificado y polivalente eufemismoekin, maestro, escuela, enseñanza secundaria sustraituak alboratu dira, eta erabiltzaileak derrigortuta daude adjektibo edo esapideekin zehazten, eta azkenean siglara jo behar da: BUP etab.

Eufemismoak sailkatzeko, Ullman-i jarraituz, hizkeraren tabuak hiru sailetan sailka ditzakegu, haien atzetik dagoen psikologiazko eraginaren arabera: beldurrak eragindakoak, urguritasunezkoak, eta begirune eta deduak eragindakoak.

Administrazioaren eufemismoaren kariak ondoko hauek dira:

Garestitzeak estaltzeko erabiltzen diren eufemismoak.- Administratuek, prezioen igoerekiko, zergen gorabehera handiekiko, tarifen igoerekiko etab. duten ezinikusia; honek behartu egiten du Administrazioaren hizkera, termino hauek saihestu eta eufemismozko ingurukariz betetzeko. Badirudi Administrazioa beldur edo izu dela, gertakari horien izenek administratuei ekar diezaieketen ondoreaz. Garestitzeak estaltzeko erabiltzen diren eufemismoak: reconstrucción global de todo el sistema de precios, modificación de tarifas, reestructuración del seguro de automóviles, etab. Nire ustez, horiek zaindu behar dira, baldin eta ikuspegi ideologikotik markatuta badaude.

Zenbait kontzeptuk gizartean jasaten duen desprestigioaren ziozko eufemismoak.- Administrazioaren beste eufemismo batzuk, berriz, aipamenak gizartean jasan duen izengaleraren araberakoak dira, hala nola, pobreza, ancianidad. Zenbait kontzeptuk gizartean izena galtzen dutelako eufemismoak: comarcas deprimidas, perfil socioeconómico no evolucionado. Euskaraz, berriz, horrelako batzuk ezin zain daitezke eufemismo bidez, ezik eskualde etsia, berbarako, erabiltzen bada, lehenengo eta bat ez da baliokidetasun dinamikoa zaintzen, eta, bestetik, otoitzeko malko-harana dela uste izango genuke; hortaz, eskualde behartsu eta gisakoak erabili beharko dira.

Gizarteak kaltegarritzat hartzen dituen aipamenak saihesten dituzten eufemismoak.- Administrazioaren hizkerak erabiltzen dituen eufemismo batzuek, bestalde, gizartean nekagarritzat hartzen diren egoerak arindu nahi dituzte, elbarritasuna alegia: trabajadores en edad madura y minusválidos, Centros de rehabilitación, terapia ocupacional, Instituciones Sanitarias Cerradas, Institución Nosocomial[4], irregularidades en el comercio del aceite. Hauek kasuan-kasuan aztertu beharko lirateke, itzulpena egiteko.

Ahalkearen tabuak sortarazten dituen eufemismoak.- Inoiz, Administrazioaren eufemismoa ahalke edo begirunearen tabuak sortarazia da: exigencias fisológicas.

Maitasunaren arlo semantikoko hitz erkideak saihesten dituzten adierazpen juridikoak.- Hizkera juridikoak maitasunaren alor semantikoko terminoak saihestu ohi dituela eta, Administrazioaren hizkerak adierazpen juridikoa nahiago du, hizkera arruntari dagokionaren aldean. Maitasunaren alor semantikoko hitz arruntak saihesten dituzten adierazpenak: sociedad conyugal.

Izaki edota gauza heterogenoak biltzen dituzten eufemismoak.- Administrazioaren eufemismoa erabiltzen da, gauza edo izakari heterogenoak sartzen dituen terminoa erabiltzeko, zeinen gainean legetu edo xedatu nahi baita: material rodante.

Administrazioaren hizkerak, lantzean behin, hizkera arrunteko terminoak erabiltzen ditu ekintza zigorgarriak adierazteko, hala nola, estafar, robar edo matar, epaitzetan gertatzen denez, eta bestetzuetan, ekintza berberetarako ingurukariak edo eufemismo kultuak erabiltzen ditu, detraer, organizar, alterar etab., beti ere ekintza hauek legearen aldetik zigortzeko modukoak ez direla edo horrelakorik onartu nahi ez duenean. Hala gertatzen da Administrazioak deritzen horiekin, olioaren arazo ospetsuan.

Lexiko juridikoa.- Hizkera juridikoaren berezitasunaren gunea hitzen altxorrean datza gehienbat, ezen ez ezaugarri morfosintaktikoetan edo idazkera berezi batean. Horrela bada, gramatika eta idazkeraren aldeko ezaugarriak ezberdinak badira, Zuzenbidearen hizkera ezberdinetan (jurisprudentzian, foruan, Administrazioaren hizkeran, literatura zientifiko-juridikoan...), termino juridikoek berdin diraute euren balio semantikoarekin, eta euren arteko harremanen sortak aldaezin dirau guztietan.

Lexiko honek badu eginkizun berezia, hau da, esperientziaren funts diren oinarrizko kontzeptuak eta Zuzenbidearen inguruko jakinduria metodikoa trinkotzea. Agerikoa da arrazoia: adierabakartasun semantikoa, lexikoa ahalik eta zuhurrena izatea eta, azken batean, kontzeptuen zehaztasuna, bai eta adituen arteko zehaztasun edo argitasun abiaburua ere.

Beste hizkera tekniko batzuk ez bezala, Zuzenbideak bakarrik erabiltzen dituen hitzen kopurua urria da; kopururik ugariena lexiko arrunteko hitzena da, bai eta beste lexiko tekniko batzuetakoak ere, zeintzuk Zuzenbideak semantikoki modulatzen baititu, berari dagozkion adierak emanaz. Honek badauka eragozpen bat: nahasgarri gerta dakioke ez-adituari, beronek ezagutzen dituen adiera arruntetara itzultzera joko baitu. Badu, hala ere, abantaila bat: legearen hitzen esangura juridikoari dagokionez.

Beraz, legearen idazleak lau irizpide hartu beharko lituzke kontutan xedapen bat egiterakoan:

  • Lexiko juridikoa nahitaezkoa dela.
  • Terminologia juridikoak gizartean sustrai gotorrak dituela (hala nola, kontratu zibiletan eta familiaren zuzenbidean).
  • Lexikoa azaldu behar duela, definizio eta deskripzioen laguntzaz.
  • Azkenik, kontuz ibili behar dela sinonimoekin.

Jatorri ez-juridikoko lexiko teknikoa.- Arauen terminologia teknikoa, jatorri juridikotik ez ezik, beste batzuetatik ere dator. Hizkera juridikoak testuaniztasun lexikorantz jotzen du taigabe. Nahikoa da edozein aldizkari ofiziali erreparatzea; honela bada, honako araudi hauek:

teknikaren goi mailakoa:

Orden de 28 de febrero de 1998 sobre metrología por la que se regulan las seleccionadoras pondelares- automáticas.

teknikaren erdiko mailakoa:

Orden de 2 de marzo de 1989 sobre pirotecnia, por la que se modifica la Orden de 20 de octubre de 1988, que regula la manipulación y uso de artificios en la realización de espectáculos públicos de fuegos artificiales.

Honenbestez, legezko hizkera izendegi eta taxonomia terminologikorik nabarrenak irensten dituen belakia bihurtu da.

Lexiko tekniko ez-juridikoa honako erregela honen arabera agertarazten da: zenbat eta bereziagoa izan arauaren edukia, orduan zehatzago eta berezituago bihurtzen doa jasotzailea.

Honela bada, arautegi berezien ulergarritasunaren arazoa ez datza hiritarrek ezin ulertu horretan, berezko jasotzaileek eurek ulertu ezinean baizik.

Honek bagaramatza beste arazo batera: erregistroaren tonura, alegia. Administrazio hizkera hizkera juridikoaren erregistro berezia dela onartuta, ez dago eragozpenik bera modu ezberdinetan modulatzeko, adierazpide maila ezberdinak jasotzeko etab. Maila hauek jasotzaileen hizkuntz gaitasunaren arabera eta berauek harekin izan behar dituzten harremanen berehalakotasunaren eta maiztasunaren arabera daude. Esaterako, didaktismo ahaleginak lexiko teknikoa gailendu behar du errentaren gaineko zergan, baina ez sozietateen gaineko zergan, orobat gertatzen da zirkulazio kodeari eta garraio astunen arautegiari dagokienez.

Hizperriak.- Hizperriak mota bikoak izan daitezke: lexikoak, berritasuna ahots berria sortzea denean, eta semantikoa, hizperriak dagoeneko ahotsari esangura berria ematen dionean.

Hizperriek ez dute zertan izan hizkuntzaren hondatzaileak. Dena dela, hizkuntzaren kanpoaldetik dabiltzan osagai lexiko guztiak ez dira barneratzen. Batzuek bakarrik zeharkatuko dute denboraren iragaztekoa.

Itzultzaileak kontuz ibili beharra dauka, hizperriei dagokienean. Legezko testuek, funtsean, iraun nahia dute eta euren burua behin-behinekotzat hartzen dutenetarik batzuek ehun urteak ere beteak dituzte, hala nola, 1870eko Ley Orgánica Provisional del Poder Judicial, zeinek ehun urteak bete zituen indarrik gabe utzia izan arte, 1985. urtean, uztailaren 1eko 6. legea onetsi zenean, alegia. Hau onartuta, lexikoa aukeratzean, denboragabetasunerantz jo behar da, ahalik eta hiztegi sustraituena hartzeko.

Beraz, Carles Duarteren proposamenei jarraituz, hizperriak honako beharkizun hauek bete beharko ditu:

  • Hizkuntz beharra, ideia bera aditzera ematen duen beste hitzik ez dagoelako hizkuntzan.
  • Eraginkortasun semantikoa (hots, esanguraren zehaztasuna) eta eratormena edo beste hitzak sortzeko bizitasuna (zehaztapidetza).
  • Gizartearen euskarria eta, ahal dela, hiztegi modernoetan jasota egotea [Espainiako Akademiaren Hiztegian, gaztelaniari gagozkiola].

Hala ere, azken eskakizun hau neurtu behar da, Akademia oso kontserbakoia baita, hizperriei dagokienez. Euskaraz, gizartean prestigioa duten hizperriak eta hiztegi modernoetan jasota dauden hitzetarik batzuk hartzera jo beharko du itzultzaileak. Espainieraz, berriz, baditugu zenbait hitz, Akademiak jasota ez edukiagatik, ezinbestekoak direnak, hala nola privatizar, zeinek herri sektoretik esku pribatuetara ondasunak igarotzeko bidea adierazten duen; berdin esan daiteke ofertar, presentar una oferta para contratar adieran.

Kontuz ibili beharra dago, ordea, hizkiztapenez eratzen diren hizperriekin (geroago ikusiko denez), dela aurrizkia emendatuz (in-, pre-, etab.), dela atzizkia jarriz (-al, ión, -idad, etab.). Hizkuntzak berak asko irentsi du, hala nola, reunir, coordinar, residual, etab. Hala ere, arriskutsua da hau, zeren eta gramatikak dituen aurrizki eta atzizkiak beste hitz biderka baitaitezke hitzak.

Lexiko ortopediko honi aurre egin behar zaio, ezik hizkuntza desitxuratu eta absurdura darama. Esaterako, privatizar, reprivatizar, desprivatizar. Beste kasu lazgarri batzuk: interdepartamental, interadministrativo.

Hizperri semantikoei dagokiela, bakarrik esan, kontu handia izan behar dela administrazioetako organoen izendazioekin, bai eta Administrazioaren ekintzen egitarau berezienekin ere.

Latinismo gordinak.- Latinismo gordintzat, latinetiko jatorrizko grafia gordetzen dutenak aipatzen ditugu.

Beraz, kultismoak baino ez dira, baztertzekoak izango lirateke legezko hizkeran, baina sarritan bizitasun, zehaztasun semantiko eta hizkuntz ekonomia handiagoak dituzte, eurei dagozkien itzulpenek baino.

Horrenbestez, ez dago ezer jartzerik latinismoen erabileraren aurka, batez ere esakune laburrak direnak (apud acta, a priori, referendum, curriculum, mortis causa, quorum, venia docendi, habeas corpus...), ez ordea, brokardoak, berauen berezko tokia hizkera juridikoetan baitatza (abokatuen literatura zientifikoa...). Lexiko juridikotzat hartu behar dira, erregistroaren tonuari egokitzeko ahalegina eginaz. Izan ere, venia docendi latinismo onargarria da unibertsitateko irakasleen estatutuan, baina apud acta, Administrazioaren Jardunbideari buruzko Legea-n eta Lan Prozedurari buruzko Legea-n, didaktikaren menpean egon behar da: el interesado podrá otorgar poderes apud acta, compareciendo ante el órgano que instruye el expediente...

Definizioak.- Legezko hizkeran hainbat eta hainbat termino tekniko egonez gero, arauen euren definizioak argigarri gerta litezke?

1. Definizioek kontzeptu definituaren esangura teknikoaren gaineko zalantzak argi ditzakete, baina ez dute araua erabat zertan argitu, ezen eurak dira pentsamendu definitua antolatu eta adierazteko forma logikoaren emaitza. Esaterako, erka bitez honako definizio hauek:

Por el contrato de compra y venta uno de los contrantes se obliga a entregar una cosa determinada y el otro a pagar por ella un precio cierto, en dinero o signo que lo represente. (Kode Zibileko 1445. art.).

La zona básica de salud es el marco territorial de atención primaria de salud donde desarrollarn las actividades sanitarias los Centros de Salud, centros integrales de atención primaria (Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorreko 63. art.).

2. Definizioen erabilera neurrizkoa izan behar da, terminologia juridiko-juridikoari dagokionean. Legeak jardule juridikoek interpretatu behar dituzte, ez legegileak. Oreka berezitasun erregelak ezarri behar du: arau batek oinarrizko kontzeptu juridikoak definitu ahal eta behar izaten ditu, ez du ordea, araupeketa horretarako tresna den terminologia juridikoaren definizio orokorrik zertan eman. Erregela honen salbuespena Kode Zibileko 4.2. artikuluan dago, non interpretariari debekatzen zaion analogiaz baliatzea.

3. Terminologia tekniko ez-juridikoari dagokionez, berezitasun erregela hori sorospidez eta bakanago erabili behar da, bestela zuzenbide eta hiztegiaren eginkizunak nahastuko bailirateke. Bakanago, zeren eta arautzen den arloa zenbat eta berezituagoa izan, orduan eta ugariagoak baitira definizioak. Sorospidez, zeren eta ezaguna dena ez baita zertan definitu, ez eta hiztegian adiera bakarra duena ere.

Eta, axaletik bada ere, Administrazioetako itzultzaileek aurkitzen dituzten arazorik behinenak emanaz amaitu nahi dut gaurko jarduna.


Oharrak:

1. PRIETO DE PEDRO, Jesús: . La calidad de las leyes. Txosten eta Agiriak. Eusko Legebiltzarra. Gasteiz. 1989.

2. EGIA GOIENETXEA, Gotzon: , Senez, 7. urteko 1. zenbakia (79-104. orr.). EIZIE. Donostia. 1992.

3. Esaldi baten zuzentasunetik urruntzea, hiztunak bere pentsamenduaren hariari amore egiteagatik; sarritan aldiari hasiera emana dioten hitzen erregimenaren ezegokitasuna da, hiztunak mintzatzen hastean haren osotasuna hartu ez duelako.
Anantapodotona: aldian koerlatiboak diren termino bietarik bat kentzeagatik sortzen den anakolutoa da.

4. Ospitalea.