Euskal testu zaharrak eta itzulpengintza
Artikuluak PDFn
Bibliak Testamentu Zaharrean dioen Babelko Torrea eta hizkuntza banakatuen mitoa bezain zaharra da historiaurretik itzulpengintzaren iturrama. Mintzaira desberdinetako gizonen hartu-emanetan elkar ulertu beharrak sortu zuen aspaldi hartan itzultzaile zerbitzua.
Giza-aberearen aurre jatorria aintzat harturik, keinu-mainu eta oihu berezien sentiberatasun edo garraztasun eraginkorrean datza itzulpen guztien lehen batasun berezkoa. Zantzuen mimojardun orokor eta soinuen deialdi nahiz garrasi estuen espresio bizitik, gaur egungo teknologien jarduera elektronikoetaraino, bide luzea ibili du gizonak kultura desberdinen arteko itzulpen arazoetan.
Euskarari dagokionez, ahoz ahoko itzulgaien aipamenak maiz agertzen dira izkribu zaharretan; baina ez hainbeste itzulitako testuen azalpenak. Horrexegatik, hain zuzen, balio handikoak dira aurkitutako lekukoen zirriborroak.
Han edo hemen itzultzailea behar zelako adierazpenak ere badu, noski, baliagarritasunik euskararen historian hizkuntzak noizbait izandako hedadura zehazteko eta, bide batez, bertan euskara elebakar zutenen lekukotasuna azpimarratzeko. Elizako liburuetan arrunta izan ohi da apezpikuen agindu ofizialak herri-mintzairan eman zirelako oharra; baina parrokietan ez ezik, epaitegietako izkribuetan ere bada batzuetan horrelako azalpenik.
Estellerrian, esate baterako, Arraztia abizenekoen armarri eskubideaz sortutako auzi batean, hiru testigu aipatzen dira erdararik ez zekitenak beste horrenbeste herritan. Hauek dira, euren itzultzaileen izenekin batera:
1. "Martin Sotes, vez. de Azcona... preguntado por el 6. art. de la Repregunta dixo que este testigo entiende poco Romançe y se examino en basquençe con el dicho Lopec de Rieçu a quien le dio a entender lo que sauia y que Echo de ber sabia algo de bascuençe el dicho Lope de Rieçu y que no hubieron interprete".
2. "Sebastian de Arraztia, vez. de Yruñela... y como tiene dicho se Examino en bascuençe y serbio de interprete Pascoal de Inça".
3. "Goncalo de Suescun, vez. de Vgar... dixo que se Ratifica con esto que en don(de) dize que el concejo de Azcona tiene su ssolar en dicho lugar de Arraztia y este testigo fue examinado en basquençe por no saber Romançe y fue examinado conterprete (sic) que fue Pascoal de Inça y no saue si son parientes"[1].
Euskararen aldetik, hala ere, alboko berriak dira honelako aipamenak, non edo han noizbait hizkuntza zaharra mintzatzen zeneko albistea, alegia, itzulitako testuen lekukotasunik ez badago. Baina, zorionez, euskal testu zaharretan aurki daiteke batzuetan ohiko itzulpen haien zirriborrorik ere.
Era askotako izkribuak eta helburu edo funtzio desberdinetako lanak direnez, multzo berezitan bana daitezke: 1) itzulpen ofiziokoak, 2) testu parekatuak, eta 3) azalpen libreak.
1) Itzulpen ofiziokoak
Edukin zehatza eta mezu borobilaren testu finkatua ukiezina da itzulgai ofizialetan. Liburu santuak edo Biblia, Kristau Ikasbidea edo dotrinak, deboziozko liburu maisu handienak, eta udalerrietako ordenantzaren bat edo beste dira euskaldunon itzulpen zahar nagusiak. Muga estu horien barnean, iturrien esanahiaz jabetzea da itzultzailearen lehen egitekoa, eta hurbiletik hari jarraitzea.
Bitartekariaren eginkizuna, gero, ulergarritasunaren aldetik eskertzen da, eta hizkuntzaren edertasunagatik miresten. Nere iritzi apalean, idazlearen sormen ekintza baino korapilatsuagoa da batzuetan bikoizlearen eginkizuna. Artisau lan eskergaitza da, adibidez, lirika eta olerkaritzako gaiak duintasunarekin berreskuratzea. Izan ere, pentsabide oso landu edota amodio diztirantaren argi-printzaz hariltzen den irudia, ez da lerroz lerro eta hitzez hitz egiteko hustuketa. Ez da metroka edo haztagailuan neurt daitekeen materialea, gaztelu zaharren berreraiketako harlandu zenbatuak balira bezala.
Eskuak lotuta arte-ederretan bere lana egiten duen margolariaren antza hartzen diot bikoizle onari; iturramaren ekarkinari zehaztasunez jarraitu behar dio, alde batetik, baina irudi estetikoaren janzkera lortuz bigarren hizkuntzan. Gai arruntek ez dute, noski, horrelako zailtasunik; hala ere, ikerlan teknikoen esparruan jakintza espezialduen kontzeptu berriek korapilo handiak sortzen dituzte.
Testu zaharretako itzultzaileak mugatuagoa zuen itzulgaien esparrua gizartearen jakintza maila apalagoa zen neurrian, baina baziren orduan ere zailtasunak. Aldaketak sortzen dituen aurrerapenak berez dira gizartearen biziko legea, eta erromatarren eragina, adibidez, nabarmena izan zen euskaldunen kulturan eta hizkuntzan. Kristautasunak denbora berean burubideak, ohiturak eta sinestea aldatu zituen Mendebaldeko herrietan bere hiztegi propioa txertatuz.
Euskal testu zaharretako itzulpenen lekukotasun nagusia elizgizonen eskutik datorkigularik, erlijio gaiak dira ugarienak. Itzultzaileei dagokienez, eliz barruti mailan ez zegokeen orduan ogibidez ofizioko itzultzailerik. Norberak borondate onez eta beharraren pasioz idatzitako zirriborroak dira batzuetan, maila desberdineko kalitatearekin. Leitzako parrokian apaiz biren arteko auziaren ondoren Erromatik etorritako idazki baten itzulpena ez da, noski, eredugarriena. Honela dio:
"Ohec dirade Letra Apostolico baçuec exe-/cutorialeac, probeituak Matheo Burato / jaunak jueza Aitasantuak señalatua / sacra Rotaco, erri onetaco Abbadiaco / auciagatic ceña baitarame bachiller / D. Martin de Aldunçin eta D. Martyn de / Valcarlosen artean. Aguinçen du / Juezac paga dizala D. Martyn de Bal-/carloshec bachiller Aldunciny, edo / haren procuradoreari amaborz egunen / barrenean, borzetan eun eta berroguey / eta amalau erreal alde batera, eta / verroguei eta amar ezcutu, amarna / erralecoric, eta gueyago sey ezcutu / moneda veretic. Gustiac causa, eta / razoe expresaçen diranengatic Letretan. / Eta gueyago pagatu behar ditu justamente / çor dituen costuac. Aperçebimenturequin / pagazen ezpaditu termionetan, prozedi-/tuco dela aren persona presso arzera, eta / aren aziendac, eta rentac consignazera // eta secrestazera, eta ahec saldu eta / pagu eguitera. Recrezicen dirade derecho / eta costu guztiequin. Eta zerren eguin / ditudan diligencia necessarioac Yruñean eta emen notifica-/zeco Letra oec vere personan, eta ezin / aurquitu dudan, eguiten dut publicacio au / eliza onetan, eta yminico dut Letrac, eta / trasladua eliza onen ateari erasidich / guztien notorio den. Eta datorren abbadearen / notiçiara. Eta gueyago aperçebiçen dut / emanen diodala trasladu fede eguiten / duena escazen duten personaei, emateco / noticia Abbadeari".[2]
Salbuespen moduan har daiteke eskuarteko itzulpen zaharretan Leitzako zirriborroaren antzeko euskara mordoiloa. Gaitasunezaren beste muturrean, alderantziz, maila goreneko itzulpen kopuru aberatsa dago euskal literatura zaharrean. Ioannes Leizarragak Testamentu Berria euskaratu zuenetik (1571) etengabeko itzulpen tradizio eskergaitza izan du Euskal Herriak Elizaren bidez. Gudu Izpirituala, Philotea, Kempis eta antzeko abar luzearekin aberastu zen hizkuntza eta eskolatu bereziki Iparraldeko euskalduna. Ez zegoen noski ogibidez eta ofizioz itzultzaile tituludunik "profesioaz" mintzatzeko. Emaitzen txukuntasunaz eta hizkuntza jatorraz neurtzen zen maisuaren gaitasuna eta maila.
Hitzez hitz itzuli beharreko testu idatzien esparrua da itzulpengintzako eragin nagusia duena une honetan, eta betidanik altxor aberatsa utzi duena euskal literaturan.
Hitzak hitz, badu tradizio sendoa aspaldiko euskal itzultzaileen eskolak. Apezpikuen artzai-irakasgai luzeak euskaraz ipintzen saiatutako apaizik ere bada, besteak beste, Iruñeko elizbarrutian. Nikolas Polit auriztar ospetsuak euskaratutako bat argitaraturik dago,[3] eta ez da bakarra bere izkribuen bilduma ederrean.
2) Testu parekatuak
Izkribu zaharren munduan bada bigarren maila bat itzulpenaren ikuspegitik baino zehatzago, oinarriko testu baten erabilpen libretik sortutako parekotasuna duela esan litekeena. Egile batek bere lana hizkuntza bitan burutu behar duenean, adibidez, iturburuko urbide desberdinen antzera, mezuaren ildotik parekatzen ditu testuak. Bietariko hiztun trebeari errazago zaio hori, esaldiak hitzez hitz itzultzeko morrontzan erortzea baino. Dotrina erakustea, homilia egitea eta platikatan morala delako ohitura onetaz mintzatzeko zirriborroak idaztea edukinaren ardatzari lotuago dago normalean, testu bien arteko hitzen batasun ezin bananduari baino.
Besterik da, noski, jai nagusietako predikuen ospeari begira, edota kanpoko hizlariaren sona eta izenaren zintzirrinak direla medio estetikaren eraginez buruturiko sermoi bikoitzen kasua. Lerroz lerroko gainbegiratuan zerikusi gutxi dute, askotan, perpausen loturan eta azalpenen ordenan. Sermoiaren zergatia, puntu nagusien gaingiroko ardatza eta, bereziki, esaldi apain, itxura borobil eta hiztegi txukunaren izarretako hizkuntza arrotza, izan zitezkeen testu parekatu haien adierazgarri distiranta.
Zabarkeriaren aldetik datorkioke, alderantziz, itzulpenari mordoilokeriaren arriskua. Egileak hizkuntza bat duintasunez baliatu arren —gehienetan erdara—, bigarrenarekin eragozpenak baditu, edozein modutako akatsak nabarmentzen dira itzulpen itxurako testu parekatuetan.
Hizkuntza desberdinen arteko ikuspegitik euskararen barruko egoerara itzultzen badira begiak, bada euskalki eta azpieuskalkien mailan aldaturiko testu parekaturik ere.
Ohikoa da, alde batetik, aurreko gizaldiko elizgizonen izkribuak ukitu txikiekin ondorengoak baliatzea. Paper mota, tintaren marka, letra bera eta bien datak izan ohi dira ezaugarri zehatzak. Tokian tokiko euskara dela-eta testua arrotz gerta baledi dagoen dagoenean bigarren apaizaren eliztarrentzat, jatorriko paperetatik aldatu egiten zen izkribua ulergarritasunaren bidetik entzule berrien mintzairara.
Dialektologia alorreko ikerleentzat interesgarria daitekeenez euskal testu parekatuen lekukotasuna, Anastasio Echeverrik[4] Lesakan (1857) emandako sermoi baten atala[5] ekarriko dut adibidetzat, gero Nikolas Polit zenak Luzaideko hizkera modura aldatua[6]. Ongi azpimarratzen ditu Aurizko apaiz ospetsuak luzaidarren ñabardurak:
Lesaka 1857
¿Norq emanenttio gaur nere ezpañey itzaq, nere entendimentubari pensamentubaq, nere espiritubari fervoria, nere Ministerioari corresponditzen zayon bezalaco zelo bat, zubey gaur Christandadeco egui añ espantagarriya au proponitzeco? Auche da, araco pensamentu, munduco yende mortalaz añ lastimagarriqui anciya dagona ura, guizonen memoriyatiq veñere apartatu viar esluquiena ura: araco pensamentu miragarriya ura icusi dattezquien gauza guciyeq viño gorago, gu alchatzen gattubena ura, munduco qriaturen deerdiña ura gureganiq arrancatzen dubena ura, viciyuaq aborreciyerazten eta virtutien egerciciyorat poderosqui muguierazten gattubena ura: auche da araco pensamentu icaragarriya ura, guizon deniq valientiena icaratzen, yaquinsun deniq presumittubena desengañatzen, Soberbo deniq altivuena humillatzen, deshonestuen verotasunaq itzaltzen, abaruba, vere ondasun injustubetatiq iraunztenttubena ura: aucha da araco pensamentu andiya ura, ceñen vistan baituridite ttiquiyaq martiren tormentubaq, Anacoreten penitenciya espantagarriyaq, eta orañiq munduco mendiyaq ere doblatzen eta chiquitzen baitire: auche da azquenian pensamenturiq edo ideariq eztuben pensamentuba ura, ceñen presenciyan icusten baittugu deusezerat viyurzen empleguriq ilustrienaq edertasun deniq perfectubenaq, ondasun deniq andiyenaq eta desaguerzen aziaq (sic) daraman polbua bezala ereinubaq eta Ymperiyuaq: auche Araco David penitentia icaratzen zuben, eta vere biciyaren emienda oso baterat determinatzen zuten betico urtieq, erratten zubenian Cogitavi dies antiquos, et annos aeternos in mente habui (Ps. 76 v. 6). Yarri nitzen consideratzen, beti iraun viar duten egunetan, betico urtietan eta equin pensamentu espantosuaq quendu cidan nere loa bustierazi cittidan nere guatzia, eta nere yanaria, nere nigar zaminaquin, paraturiq nere veguiyen aincinian nere maldade guciyeq, Omnipotentiaren colera justuba, aren presenciyerat aguerzeco arquitzen naizen estadu tristia, eta nere esperuan dagon betico castigua, baldin ezpada urricalzen nere doloriaz, nere suspiruaz eta nere eguiyazco penitenciyaz: Penitenciya auche da bada niq culparen naufragiotiq ittotzetiq libratzeco artu viar dudan ola infernuco Ytsaso ondoriq vaguiartan itto esnadien.
Luzaide
¿Norq emanen dazco egun ene ezpainer itzaq, ene adimendiari pensamendiaq, ene izpiritiari fervoria, ene ministerioari corresponditzen zacon bezalaco celo bat, cier proposatzeco eternitatiaren pensamendu icaragarria? Au da, munduco yende mortalez ain lastimagarriqui ahatziiq doon pensamendu ura, guizonen memoriatiq beinere apartatu behar ezluquena: pensamendu miragarri ura, icus ditezquen gauza guciaq bano gorago gu alchatzen guitiena, munduco creaturen amodio soberaquina gureganiq quentzen diena, vicio eta becatiaq aborrecihazten eta vertuteen practicatzera iguihazten guitiena: au da pensamendu icaragarri ura, guizon deniq curayosena icaratzen, yaquinsun deniq presumitiena desengañatzen, sobervio deniq urgulutsiena humiliatzen, deshonesten verotasunaq eta pasioniaq itzaltzen, avarua, vere untasun inyustuetaiq erantzten diena: au da pensamendu aundi ura, ceinaren vistan iduri baitute ttipiaq martirren tormentiaq eta Saindien penitencia icigarriaq: au da pensamenduiq edo ideyaiq eztien pensamendu ura, ceinaren presencian icusten baitugu ezyeusecerat viurtzen emplegiq ilustreenaq, edertasun deniq perfectenaq, untasun deniq aundienaq, eta desaguertzen, aiciaq daraman errautsa bezala, erresumaq eta imperioaq: au da, azquenian, David penitenta icaratzen cien, eta vere vicitzaren erreforma oso baterat determintzen cien pensamendu ura, erraiten cienian: "Cogitavi dies antiquos, et annos aeternos in mente habui" (Ps. 76). Yarri nintzan consideratzen beti iraun behar duten egunetan, betico urteetan, eta pensamendu icigarri uneq quendu zahan ene loa, eta bustiaci zazquidan ene ohatzia eta ene yanaria ene nigarrequin, ezarriiq ene veguien aitzinian ene crima guciaq, Yaincoaren colera yustua, aren presenciarat aguertzeco aurquitzen nizan estatu tristia, eta ene beha doon punimendia, baldin ezpada urricaltzen ene doloraz, ene pleñiez eta ene eguiazco penitenciaz.
Bi apaiz euskaldunok adintsukoak ziren. Bi urtez gazteagoa, nahi bada, auriztarra. Bazuten noski elkarren berri: izan ere, ez da hau bien arteko testu parekatu edo kopiatutako bakarra[7]. Lehen galdera, beraz, nork nori emandako izkribuak diren izango litzateke.
Zuzenean horri erantzuterik ez dago, baina kontuan edukiz Echeverriren eskuizkribuak Polit jaunaren bilduman zeudela eta, alderantziz, honenik ez Anastasioren paperetan, logikaz iduri du Bidasoa aldetik atera zirela eta Luzaidera arribatu. Euskarari begiratuz, landuagoa da Politena, hitzez hitz jarraitu arren ereduari.
Bigarren galdera bat iturriei buruz egin daiteke. Berak propio egindako lana ote zen Lesakako benefiziatuarena, ala beste nonbaiten oinarritua? Hogeitabost urteko apaiz gaztea zen 1857an Elizondoko Echeverri, seminariotik atera berria, eta ez litzateke harritzekoa izango lehen urratsak sermoi libururen batetik ikasiz emanak izatea. Gehienetan gaztelerazko autoreetatik hartzen zituzten apaiz euskaldunek beren predikuak Nafarroan, iturriak aipatuz askotan. Bide honetatik egin liteke euskal testu itzulien jarraipen emankorra.
3) Azalpen librea
Herritarren mintzaira ohikoa aberatsa da herri-jakintza mailan, baina era berean, hiritarren hiztegi landua arrotz zaie askotan. Legegizon eta medikuen antzera, Elizak ere bazuen bere hizkuntza berezia Kristautasunaren inguruan sortua. Gotzaien irakasgai eta aginduak ez ziren beti ulergarriak herri xumearentzat jatorriko erdara jantzian, eta zailtasuna areagotu egiten zen euskarara hitzez hitz itzultzean.
Parrokietako apaizak behartuak ikusten ziren artzai nagusien izkribu asko herri mintzairan adieraztera, eta norberak ahal zuen moduan bete behar zuen agindua. Horregatik, hain zuzen, hainbeste aldakin mota ikus daiteke oinarri bereko idazkietan.
Adibidez, dantzei buruz 1750ean Miranda Argaiz Iruñeko apezpikuak emandako aginduak hartzen badira aztergai, badago Baztanen hitzez hitz egindako itzulpen osoa, kopia banarekin Elbete eta Elizondoko parrokietan[8].
Baina, bestalde, ez zuten Euskal Herriko apaiz guztiek hartzen apezpikuen izkribu luzeak itzultzeko lana, eta mezuaren muina laburbilduz eliztarrei jakinarazten saiatzen ziren. Horrela euskarara itzulitako zirriborroa ezin da esan berez gotzaitegiko dokumentuaren itzulpena denik, ez eta testu parekatua ere, ereduko edukin nagusiaren azalpen librea baizik.
Hamazazpigarren mendearen erdiko izkribuarekin jarraituz, Iruñea inguruan iparraldera dagoen Ezkabarte ibarreko Orrio herriskan agertu zen laburbilduz euskaratutako eskuizkribu jakingarri bat[9].
Apezpikuaren sarrerako hitzetatik ikus daiteke, besterik gabe, testu bien arteko lotura-eza mezu berdina izan arren:
"A todos los fieles de nuestro Obispado, hacemos saber, que estando alta y severamente reprehendidos los bayles públicos, y las danzas por los Santos Padres, y Sagradas Escrituras, y prohibidos por los Sagrados Cánones, y Concilios, y por Santos, y Sabios Arzobispos, Obispos, en estos, y en los demás Reynos: y por grandes, y piadosos Príncipes, Reyes, y Monarchas, sus Consejos, y Reales Tribunales; por estos, y en los demás Reynos: y por grandes, y piadosos Principes, Reyes, y Monarchas, sus Consejos, y Reales Tribunales; por estos con gravissimas penas, y por aquellos con rigurosas Excomuniones, y Censuras; y assimismo continuamente reprehendidos, y reprobados por los mas Sabios, y zelosos Misionistas-Apostolicos, aun siendo los bayles de aquellos antiguos siglos de hombres, ó de solas mugeres".
"Gure Obispadoco Christio fiel gucieri gaztiatcen diotegu, danza publicoac reprehenditcen dituztela Escritura Sanduac, eta Elizaco Doctoreac, arbiatcen dituztela Concilio, eta Missionista jaquinsunec, debecatcen dituztela Obispo Sanduec escomicacioaren azpian, eta Erregue Andi, eta piadosoec oben Conseju eta Tribunalec pena andien azpian".
Adierazgarriagoa da jarraian gotzaiak emandako azalpen luzearen telegrama antzeko laburpena:
"Ahora por la injuria de los tiempos, y por la infeliz, y comun relajación de las personas de ambos sexos, se ha introducido esta mezcla de hombres, y mugeres, tanto mas nociva, y perjudicial á las Almas, con la libre, y desenfrenada vista de los Jovenes, proximo trato, y comunicacion de unos, y otros, con escandalo público, sones y saynetes los mas vivos, carreras, y encuentros libidinosos, y repiques, que llaman de fuga, infernales, provocativos, y llenos de mortal, y executivo veneno, en acciones, ademanes, movimientos, y tocamientos impuros, paradas, bebidas, y refrescos, y Arcos por donde passa el Demonio en las danzas, assí en los parages públicos, como en los Encubiertos, Portales, Zaguanes, y transitos estrechos, que de proposito, y con poco motivo se solicitan, profanando frequentemente los Sagrados Templos, Basilicas, Hermitas, sus Atrios, y Cementerios, de dia, y de noche, en Plazas públicas, y en los caminos, y despoblados: en que no pocas veces, y con mucho dolor nuestro, se mezclan tambien personas Eclesiasticas, y aun los pretendientes de Ordenes al mismo tiempo, que las solicitan, de que hay bastantes exemplares; y aun de ser alguno, ó algunos Maestros de Danzas, y de tener por Oficio el enseñarlas personas de ambos sexos: Y adolesciendo de esta contagiosa peste, y mortal enfermedad la mayor parte de nuestro Obispado, deseando ocurrir tan imponderables males, y daños espirituales, y temporales, y descubrir á los Fieles estas estradas encubiertas, las mas seguras, y secretas de Satanás, y sus invenciones, y los estragos indubitados, inevitables de la deshonestidad, y luxuria, y sacar á los Fieles de los crasos errores, en que viven ocupados en esta pesima diversion, opuesta á todas las Leyes, y la razon, y en estos iniquos, é injustos expectaculos de Satanás, que son el origen, y la raiz de todos los pecados, y vicios, que reynan en los Pueblos; por lo que la Ley de este Reyno las llama Oficina en que se fraguan muchas ofensas de Dios con escandalo de los Pueblos".
"Eta bada gure Obispado gueyena aurquitcen da izurri cussusco, eta eriozco enfermedade gonequi erituric, deseyatcen dugu cerbait berere erremediatcea ainberce calte, eta eracustea fieleai, diversione gaisto gau dela Satanasen laquio seguroa, eta Errietan aurquitcen diren becatu, eta vicioen astera, eta zaiña: orrengatic dio Erreñu ontaco legueac, Danza dela gaistaquinteguia, non eguiten diren Jangoicoaren anitz offensa".
Aipamen eta zehaztasun asko murriztu edo baztertu egiten ditu itzultzaile honek batzuetan eta, alderantziz, gotzaiaren aginduren bat espreski gehiturik ematen du berak hitz gutxitan. Adibidez amaierako atala:
"Y que cada uno de los referidos ponga una copia é la letra de este Edicto en los Libros de la Iglesia, despues de los Mandatos de Visita, y la lean, y publiquen anualmente el primer día de la Pasqua de Resurección de Nuestro Señor Jesu Christo, y en los dias festivos, que juzgaren ser conveniente, o necesario".
Orrioko apaizak beharrezkotzat jotzen zuen nonbait festaburu nagusietan errepikatzea, honako hau dioelarik:
"Eta bacoitcac imiñi dezala gure Edicto gau Elizaco Liburuan, eta leitu, eta publica dezala urteoro irur Bazkoetan eta Errico festaburu egunean, eta conveni, premia dela idurizayon jai egunetan".
Azalpen librea ezezik, dokumentu berria ere gerta daiteke batzuetan aldakia.
Euskal testu zaharretako itzulpengintzaz esandakoa, hain zaharrak ez diren gure egunetaraino mantendu zen Nafarroan. Ehunka itzulpen egin behar izaten genituen, gerra ostean euskara berriro plazaratzeko ahalegin ofiziala nahiz pribatua ondore onak ematen hasi zenean. Lorpen handia iduritzen zitzaigun eskariak gehitzen ikustea, eta ahal zen neurrian eutsi genion denbora berrietako profesionaltasun guztiaren oinarri zaharra den tradizioari. Behin-behineko irteera ezinbesteko egoeran.
Horrela itzuli nituen, besteak beste, lehen ikastoletarako:
- Ardo ta Ogi Martxelin, J.M. Sanchez Silvaren "Marcelino pan y vino" (Iruñea, 1970)
- Laminzulo. Greg. (Etorkizuna, 1972)
- Iruzkiaren Abestia, Asisko Frantzisko (Barcelona, 1973)
- Intzaur koskailu, Amadeo Hoffman (Etorkizuna, 1973)
- Alizia, Lewis Carrol (Etorkizuna, 1974)
Eta hainbat dokumentu aspergarriago.
Funtsezko galdera zera da: herri xumeari mezu bat adierazteko biderik egokiena al da hitzez hitz itzulitako hizkuntza landuarena? Plaza-gizonen emankortasun joria ulertuz eta ahogozatuz goxoki hartzen du jendeak emaitzarik sakonena. Pedagogiaren munduko hurbilketa.
Oharrak:
1. "Desculpa de Hernando Diaz contra el fiscal y su denunciante y lugar de Azcona sobre el escudo". (Atención de Angel Elvira y M. Inés Sainz, de Mendavia (Navarra). 1605, 16 eta 17 fol.
2. Archivo Diocesano de Pamplona. Proc. Leiza 1626, C. 490, n. 2, Sec. Mazo. Cf. Jose M. SATRUSTEGUI, "Contribución al fondo de textos antiguos vascos" ASJU, XII-XIII, 1978-1979, 13. or. eta hurr.
Euskal Testu Zaharrak I, Iruñea 1987, 46 or.
3. Jose M. SATRUSTEGI. "Iruñeko elizbarrutiko izkribu baten itzulpena Luzaideko mintzairan" SENEZ 15, 1994, 73-93 or.
4. Anastasio Echeverri Elizondon jaio zen 1832ko apirilaren 16an. Xavier Roman Anastasio izenekin bataiatu zuten biharamunean. Apaiztu eta behin-behineko benefiziatu egin zuten Lesakan 1856an. Bi urteren buruan egin zuen bere sarrera Zugarramurdiko parrokian eta bertan egon zen 1907an hil arte.
5. Lehen orriburuan ezarria da noiz eta non emandako errepikapenak izan zituen. Honela dio: "Pred. 1857, el 8 y 15 de marzo medias; id 1858 el 7 de marzo a id, en Lesaca. Id 1858 el 21 de id en Zugarramurdi.
6. Auritz/Burgueten sortua zen Nikolas Polit jauna 1834ko abenduaren 7an. Apaiztu ondoren Luzaidera bidali zuten, erretorgoan egon zelarik 1887 arte. Orreagako priore edo buru izendatu zuten orduan bere anaia Frantziskok utzitako karguan. Orreagan hil zen 1906ko ekainaren 3an.
7. Apaiz berriaren sarrerako agurra, adibidez, antzekoa da biena. Ikus Zugarramurdikoa, FLV 48, 1986, 301. or; eta Luzaidekoa, FLV 49, 1987, 99. or.
8. A.APAT-ECHEBARNE, Noticias y Viejos textos de la "Lingua Navarrorum". Una carta pastoral de 1750 en vascuence, sobre bailes (San Sebastián, 1971), 67 or. eta hurr.
JOSE M. SATRUSTEGI, "Euskaldunen seksubideak", Jakin (Oñati, 1975) 28-29 or.
FRANTZISKO ONDARRA, "Textos en vascuence navarro de Baztán, Nuin y Urdazubi" FLV 40, 1982, 387or..
9. Jose M. SATRUSTEGI, "El edicto eclesiástico de 1750 en versión vasca de la Cuenca de Pamplona". ASJU XVIII-1 (1984), 41-51 or. Euskal Testu Zaharrak I, 80-81 or. 22. zkia.