William Shakespeareren antzerki-lana euskaraz
Xabier Mendiguren Bereziartu

[Ikus hemen W. Shakespeareren obra guztiak]

Oraindik asko ez dela hara zer idazten zuen Esteban Pujals-ek Espainian egindako Shakespeare-ren itzulpenak direla-eta: Cervantes fue traducido al inglés poco después de aparecer el original del Quijote, Shakespeare tuvo que esperar muchos años para que se le conociera y tradujera en España [1].

Jean Louis Curtis-ek ere antzeko hiletak jotzen ditu Molière-ren hizkuntzara dramaturgo ingelesaren obrak berandu itzuli omen zirelako: «Shakespeare n'a été traduit en français que très longtemps après sa mort, plus d'un siècle après, eta cela, malgré les échanges constants entre les deux pays et des relations presque jamais interrompues. Pourquoi a-t-il du attendre si longtemps pour être traduit et connu en France? Ce retard est imputable probablement à l'universalité de la langue française au XVIIe siècle et pendant la première moitié du XVIIIe siècle.» [2].

Euskararen kasuan, Toribio Altzagak egindako Macbeth-en bertsioaren bitartez lehen aldiz Shakespeareren obra eskergara hurbiltze herabetia egin zelarik gure mendearen bigarren hamarrurtean, aurrekoek deitoratutako itxaronaldia hiru mendez luzatu zen eta Jean-Louis Curtisek frantsesarentzat aipatzen dituen arrazoiez zeharo bestelakoengatik, zeren Ibon Sarasola irakasleak zuzen adierazten duenez, 1879an M. d'Abbadie-k antolaturiko Lore Jokoak ospatzen diren urtea hartu behar baita euskal poesia eta literatura modernoen hasiera-datatzat bere zentzu hertsian[3]. Bestalde, euskal adierazpeneko kultur esparrua oso mugatua zen eta nekez iristen zen bere burua kanporatzera, azaletik bederen nazioarteko korronte estetiko-literario handiekiko loturak ezartzeko, kultur itzarkundearen eragileek hasi zuten irekitze-lanari esker.

Toribio Altzaga (1861-1941)

L. Mitxelenak bere Historia de la Literatura Vasca obran aitortzen duenez, Donostia da euskal teatro modernoaren sehaska: «La cuna del teatro moderno vasco es San Sebastián. Más exactamente, éste nació por obra de un grupo de donostiarras refugiado en Ciboure, huyendo de los peligros e incomodidades de la ciudad, sitiada por los carlistas, que representaron en 1876, el mismo año que nacía allí Maurice Ravel, la zarzuela bilingüe Iriyarena, de Marcelino Soroa».[4]

Gerrate karlista amaitu eta gero Donostiako Antzoki Zaharra euskal antzerkiaren agertoki nagusi bihurtu zen beste behin eta bertatik zabaltzen zen probintziako herrietara, senide arteko borroka odoltsuei bizkar eman eta barre egiteko gogoa zeukaten ikusleengana.

Ingurune horretan sortzen da Toribio Altzaga, Soroa bezala Donostian jaioa, euskal antzerki modernoaren sortzailea eta Gipuzkoako teatroaren maila jasotzea lortzen du, herritartasuna kendu gabe, horretarako komedia ugari sortuz eta beste zenbait itzuliz, hala nola Pierre Lotiren Ramuntcho edo Shakespeareren Macbeth. Horixe da, zalantzarik gabe, euskarara inoiz itzulitako ingeles dramaturgo ospetsuaren lehen bertsioa eta Irritza izenburupean eman zen argitara[5].

Euskal Iztundearen zuzendaritza Udalak eskuetan jarri zion Toribio Altzagak, Mitxelena jaunaren hitzetan, sen berezia zuen antzerkigintzarako: [6].

Obra gipuzkeraz idatzita dago baina beste euskalkietatiko hitzak, zenbait hizperri eta Arana-Goiriren ortografia berria biltzen ditu, hizkuntzari dagokionez oreka bat lortzen duelarik XIX. mendearen amaierako tradiziozko teatroaren eta bere alderdi pragmatikoa bortxatu gabe baina landuagoa zen beste diskurtso baten artean. Gerora egin ziren beste bertsio batzuen aldean erritmo egokia du eszenaratzeko, baita komunikakortasun handiagoa ere eta hori itzultzaileak antzerki-autore eta zuzendari gisa zeukan eskarmentu handiari zor zaio.

Toribio Altzagak, gerrate karlistaren eta mendearen hasierako kultur itzarkundearen baitako testuinguruan, bertsio libre samarrean egindako Macbeth obraren itzulpena alde batera uzten badugu, Shakespeare ia erabat galtzen da euskal kulturaren esparrutik Bingen Ametzagak, Bedita Larrakoetxearen itzulpengintza eskergaren aitzindaritzat hartu behar denak, Hamlet (1956) obra isolatuaren itzulpena argitara ematen duen arte. Baina Ametzagarengan, Juan Ramón Jiménezen Platero y yo obraren zenbait kapitulu itzultzean bezala, ikasi berria zuen euskara frogan jarriz, literatura unibertsalerako hurbiltze-ariketa soila izan zena, Larrakoetxea laterandarraren kasuan Stratfordeko Zisnearen dramaturgia osoa lehen aldiz euskaratzearen egiteko egonarritsu bezain sistematiko bihurtuko da urte beretsuetan.

Bedita Larrakoetxea Shakespeareren itzultzaile

Orain arte euskarara egin den Shakespeareren antzerki-lanaren itzulpen sistematiko lehena eta bakarra A. Bedita Larrakoetxea (1894-1990) kanonigo laterandarraren lan saiatuari zor zaio. 1917an apaiztu ondoren, hurrengo zerbitzu militarrarekikoak bete eta ezaguera matematikoak sakontzen ari izan zen Gasteizen; ondoren gai hori ezezik, latina eta grekoa ere irakasten ari izan zen.

Gerora Oñatira joan eta bertan ari izan zen gazteak prestatzen eta denboraldi horretan lankide sarria izan zen euskal aldizkarietan eta zenbait sari irabazi ere egin zituen.

1937an, Espainiako gerrak Ingalaterrara erbesteratzera behartu zuen, haur-talde bat eta beste 16 frailerekin, eta ia bi urte eman zituen Wight uhartean eta Southamptonen, nondik Uruguay eta Argentinarako bidea hartu zuen; azken errepublika horretako Salta hirian eta laterandarrek bertan zuten ikastetxean berriz ere matematika, ingelesa, fisika eta abar bezalako gaiak irakasteari ekin zion.

1954an sorterrira egindako bidaia batean, eta gerraosteko kultur zapalkuntzaren ondorioz euskara zeinen lur joa zegoen ikusirik, euskal kulturgintzan buru-belarri murgiltzeko erabaki sendoa hartu zuen, besteak beste, William Shakespeareren antzerki-lan osoa bere arbasoen hizkuntzara itzuliz.

Euskal Herrira egindako bidaia amaitzean, eta berriz ere Saltan zegoela berehalatik eta saiamen handiz ekin zion ingeles dramaturgo handiaren obrak euskaratzeari, luberrigintzan ari denaren kemen eta suharraz.

Zenbait obra euskaratzeari ekin eta Parisen euskal itzultzaileentzat sortu zen lehiaketa baten berri izan zuen eta lehen saria irabazi ere irabazi zuen. Lehendabizi euskaratu zituen obren artean The Tempest eta Macbeth izan ziren, eta Jokin Zaitegik bere gidaritzapeko Euzko-Gogoa aldizkarian argitaratu zituen[7].

Larrakoetxearen itzulpengintzaren testuingurua

Bedita Larrakoetxeak egindako Shakespeareren antzerki-lanaren itzulpengintza kokatu eta, bere ekarpen eta zentzua behar bezala balioesteko, edozein itzarkundek berekin izan ohi duen irakite eta suhartasunezko giroa kontuan hartzea ezinbestekoa da, eta euskal kulturari dagokionez mende honen lehen hiru hamarrurteetan gertatu zen, harik eta 36ko gerrate zibilak brauki eten zuen arte. Euskara eta euskal literatura odolberritze-lanetan jo eta ke ari zen idazle-taldearen baitan bi ziren batik bat gehienek buruetan zeuzkaten ametsak: Mistral proventzatarraren Mireio obraren ildotik, garrantzizko poema edo literatur obra bat sortzea, nazioarteko literaturen artean euskarari miresmen eta begirunez leku egin ziezaioten, eta literatura unibertsaleko obra nagusiak euskarara itzultzea, hizkuntza aberats zedin eta euskal literaturak kalitate kontrastatuko erreferentzia eta ereduak izan zitzan. Greko-latindarren artean Homero, Platon, Sofokles, Virgilio eta abar izan ziren hautatuak eta autore modernoenen artean irizpide desberdinez Oscar Wilde, Schiller, Mistral, Kixoteren atal batzuk, Tormesko Itsu-mutila, San Joan Gurutzekoa eta abar euskaratu ziren.

Euskarara literatur obrak itzultzeari berriro ekiten zaio gerraostean H.W. Longfellow-ren Evangeline, Barojaren Las inquietudes de Shanti Andia, Shakespeareren Hamlet (Ametzaga), J.R. Jiménezen Platero y yo (zenbait kapitulu), Hemingway-ren The old man and the sea, Svensonen Noni eta Mani eta abar euskaratuz. Shakespeareren obra eskerga sistematikoki euskaratzearen egitekoa, gerora Jokin Zaitegik Platonen obrak euskaratzean burutuko zuena soilik parekoa izan zuena, Bedita Larrakoetxeak euskara eta euskal literaturari ereduak eskaini eta hurbiltzearen testuinguru horren barruan kokatu behar da, izan ere ordura arte betekizun argiro diglosikoetara bazterturik egonak baitziren, nagusiki erlijio eta baserri girokoa zen esparru batean. Aipaturiko testuinguru hori oso kontuan hartzekoa da Larrakoetxearen bertsioa aztertu eta balioesterakoan, hain zuzen ere horretxek argitzen baititu bere aukera estilistiko eta traduktologiko ugari.

Larrakoetxearen itzulpenaren ezaugarri nagusiak

Ingelesezko jatorrizkoetatik zuzenean egindako bertsioak kontuan hartu zituen beste hizkuntza batzuetara egindakoak ere, zoritxarrez ezagutzen ez ditugun gaztelaniazko batzuk batik bat, nahiz eta haietaz baliatzearen oso aldeko agertzen ez den, esku artean zeuzkanek perifrasi eta itzulinguruen bitartez zuzen itzultzeari ihes egiten omen zioten eta. Beditak, bere aldetik, jatorrizkoari ahalik eta hertsikien lotzen zaion itzulpena egiteari hobesten dio, eta ondorioz moderatuki formalista den bertsiotzat har daiteke berea. Errotik ezagutzen zuen euskara, bizkaiera batez ere, eta hain zuzen ere euskalki horixe hartu zuen eredutzat Shakespeare itzultzeko. Hala ere, bere garaiko kritikariren batek jadanik esan zuenez are indar handiagoz esan genezake orain, euskara batuaren oinarriak eta irizpide nagusiak finkatzearen 25. urteurrena ospatu dugun honetan, euskara bateratu edo batuago bat ez erabili izanaren hutsunea nabari diogu, izan ere ordurako ere autore gehienek gipuzkera osotua zeritzana erabiltzen baitzuten beren lanetarako.

Itzultzaileak bere lanerako hautatu zuen euskalkiaren Arratiako azpieuskalkiaren aberastasun horrek izaera hermetiko samarra eransten dio Larrakoetxearen testuari, eta hori areagotu egin da euskara batuaren garapen eta hedakuntzarekin. Baina euskarazko itzulpenak bere hartzapenean izan bide dituen zailtasunak faktore bat baino gehiago elkargainkatu izanari zor zaizkio, izan ere itzulpen-irizpide aski hitzez hitzekotik abiaturik, hizkuntza garbitu eta araztu nahi izatetik igaroz, leku-izenak eta pertsona-izenak erabiltzerakoan izandako irizpide apriorizkoegietaraino iristen baita eragozpenen sorburua. Eta azkenik, itzultzaileak beste edozein testu linguistiko-literario bezala Shakespeareren dramaturgia itzuli izanak, balizko ikusle-entzuleen aurrean egunen batean agian antzeztu beharko zen testu bat ehotzen ari zela gehiegi kontuan izan gabe, semantikoki fidela baina estilistikoki eta pragmatikoki batezbesteko antzerki-ikuslearengandik urrun samar gelditzen den testu gertatzearekin badu zerikusia.

Bedita Larrakoetxearen itzulpengintzaren emaitza eskerga Kardaberatz Bazkunak argitaratu zuen, izen bereko bildumaren baitan. 1924an Gasteizen sortu eta 1970ean birsortutako elkarte horrek bere harpidedun eta irakurle kopuru aski mugatuari pixkanaka aurkeztu zizkion Larrakoetxearen itzulpenak 70eko hamarrurtearen erdi aldera, eta komedia, drama eta tragediatan taldekaturiko 37 izenburuek bilduma horretako 7, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16 zenbakiak osatu zituzten.

Dagoeneko aipatua dugun Jean-Louis Curtisek, Shakespeare frantsesera itzultzearen zailtasunez ari dela, frantsesa baino ingelesa aberatsago eta aldi berean malgu eta libreago izatetik datozela badio, euskararen kasuan esan genezake Larrakoetxearen euskarak zailtasunik handienak hartzailearekin komunikatu eta zenbait hitzen   jasotzerakoan aurkitzen dituela, Gideren esamoldea erabiliz, baita kalenbureak eta hitz-jokoak kodez aldatzean ere, zeren poesia ingelesak, isabeldarrak batik bat, aliterazio eta soinu imitatzailetan oso aberatsa izatearen meritua baitu.

Gainera, autoreari bertsogintzaren arazoa jartzen zaio aurrez aurre: bertsoz ala prosaz itzuli? Zenbaitek uste du egiteko artifiziala dela ingelesezko bertso zuria frantsesezko bertso zuriaz itzultzea eta horrek jatorrizkoari xarma kentzeko arriskua duela. Beste batzuek, berriz, uste dute Shakespearerekiko infideltasunezko bekatua egiten dela bertso/prosa bikoiztasuna errespetatu ezik, autorearen baitan araua denez. Euskarara egindako itzulpenetan, bai T. Altzagak egindakoan eta bai gerora Larrakoetxeak sistematikoki burutuan, ez dakigu arazo hori esplizituki planteatu zuten ala ez, baina batak zein besteak ez diote jaramonik egiten auzi horri. Curtisek aitortzen duenez, antzerki-idazle bati zor zaion lehen fideltasunak hura liluratzaile bihurtzearena da eta horretarako ezinbestekoa da ezer baino lehen ulergarria izatea; hain zuzen ere, erritmo poetikoak laguntzen du zeregin horretan. Batzuetan irtenbidea bertsogintza malgu, bariatura edota prosa biziki errimatura jotzea izan liteke. Oro har, euskal bertsioak bigarren aldera makurtzen dira, nahiz eta helburu hori beti egoki lortzen dutela esaterik ez egon.

Euzko Gogoa-n (1957) argitaratutako Macbeth obrarentzako sarreran jakinarazten duenez, ondorengo jatorrizko hauetatik egiten zituen euskarapenak:

Sarrera berean dio hizkuntz ereduak ez duela hizperri eta arkaismo gehiegi, eta horrenbestez uste duela itzulpenak ez diola irakurleari zailtasun handiegirik eskainiko.

Aurrerago aitortzen du fideltasunez jokatu duela jatorrizkoarekiko, baina ez landare-izenei dagokienez moldaeraren bat edo beste ez egiteko heinean; areago, ondorengoa bezalako kasuren batean hitz-jokoa ez itzuli izanak ez duela pozik utzi jakinarazten du:

Curtis traduktologoak gaur eguneko frantsesa ez dela Shakespeareren poesia itzultzeko egokiena aitortzen duen bezala, Ronsard, Du Bellay edo Montaignerenarekin erkatuz gero, era berean esan daiteke euskal literatur hizkuntza, etorkizunean dekantatuago eta gozatuago egongo delarik tresna egokiago bihurtuko dela Shakespeareren idazkeraren oihartzun desberdinak jaso eta bihurtzeko.

Horregatik, 80ko hamarrurtean Euskal Telebistak BBCk ekoizturiko Shakespeareren drama-sorta bat emititzea erabaki zuenean, itzultzaile eta egokitzaileek ezinbestez bertsio berri bat egin behar izan zuten, filme-bikoizketaren Prokrustes berri horren eskakizun zorrotzetara burua makurtuz gainera.

BBC bertsioak Euskal Telebistan

80ko hamarkadan, Franco hil eta luzaroan desiraturiko aldakuntza politikoekin Euskal Autonomi Elkartean euskarazko hedabideen hamarkada ere izan zen: euskal telebista, Euskadi irratia, Euskaldunon Egunkaria-ra iritsi arte pixkanaka zuzpertzen hasi zen prentsa idatziarena.

Euskal kulturaren historian lehen aldiz jo zen filmeak bikoiztera etxean sortutako saioekin batera emititzeko. Atzerriko merkatuetan kopuru handitan erosten ziren produktuen artean, ETBk, besteak beste, BBCk ekoizturiko Shakespeareren bertsio dramatikoak eskuratzea erabaki zuen. Bertsio horiek hamarkadaren erdi aldera hasi ziren pantailaratzen eta itzulpen, doiketa eta bikoizketa zainduaren ezaugarria izan zuten. Zenbait kasutan, Antzertik doitu eta bikoiztu aurretiko itzulpenak argitaratu zituen, eta horrela teleikusleak aldez aurretik irakurri ahal izan zituen testuak edo haiek eskuetan zituela jarraitu emanaldia. Guztira itzuli, bikoiztu eta emititu ziren 23tik, dozenerdiren bat dramak soilik izan zuten era horretara plazaratzeko aukera: Zeuk nahi duzunez (As you like it), Amodio-neke galduak (Love's Labour's Lost), Endrike VIII (The Famous History of the Life of King Henry VIII), Julio Zesar (Julius Caesar), Neurriari neurriaz (Measure for Measure), Richard II (The Tragedy of King Richard II)[8].

Gainerako obra bikoiztu eta emitituak  guztira 17 gaur egunera arte ez dira argitaratu, eta horregatik beroriek prestatzeko erabilitako itzulpenak bikoizketa-enpresa desberdinen artxiboetan dautza, hots, Eresoinka, K 2000 eta Edertrack-en hain zuzen ere[9].

Euskal Telebistarako bertsioen ezaugarriak

Euskal Telebistarako egindako bertsioen ezaugarri nagusiak deskribatzerakoan, lehen aipaturiko testu argitaratuetara soilik mugatuko gara, horiek baitira eskuetan dauzkagunak. Gainerakoan, pentsa bedi beste testuak ez direla gehiegi desbideratzen ez ikuspegi traduktologikoz, ezta doitu eta bikoizketan dramatizatuak izateko behar duten ondorengo birlanketaz ere. Erabili izan den eredua, garai horretan ohi bezala, euskara batua izan zen, ordurako aski orokorturik zegoena.

Itzulpenari bagagozkio, ondoren bikoiztu eta telebistaz emateko testua zenez, ahalik eta komunikazio-mailarik handiena lortzearen, beti Shakespeareren diskurtsoak XX. mendearen amaierako euskal hartzailearentzat eskaintzen dituen zailtasun guztiak kontuan izanik, eta bikoizketan Prokrustesen kamainak uzten dion tarte meharraren artean mugitzen da. Euskararen kasuan zailtasun hori areagotu egiten da in fieri dagoen hizkuntz eredu bat baliarazi behar izatean; alde batetik, oraindik zalantzakorra delako eta bestetik, batezbesteko hartzailea, euskalki edo azpieuskalkiren bateko aldaerari funtsean atxikirik dagoena, ez zelako tresna horren behar bezain jabe ikuskaria bere osotasunean ahogozatu ahal izateko, ikusteko bandak luzatzen zion laguntza guztia gora-behera.

Argia ikusi zuten obretariko bosten itzultzailea izan zen Xabier Mendigurenek esplizituki planteatzen du Shakespeareren obrak telebistarako sortzen zuen arazoa eta B. Larrakoetxearen testuak horretarako zituen eragozpenak aipatu ere aipatzen ditu. As you like it (Zeuk nahi duzunez) obraren hitzaurrean, laterandarraren testuak purista, lokalista edo literalegia delako antzezpenerako batzuetan dituen eragozpenen berri ematen du, bai agertokian edo bai ikus-entzuteko bitarteko batean. Testua trinkoegia gertatzen da, hartzailearen deskodetze-lana erraztuko duen osagai erredundanterik gabea, eta horrek eragin nabaria zuen aktorearen esateko eta antzezteko eran, garai hartako euskara batuan oraindik zalantzakorragoak ziren zuin fonetiko-fonologikoek aregotu eta larriagotu egiten baitzuten. Itzultzaile berak jadanik ezaguna den Toribio Altzagaren testuaren jariakortasun, malgutasun, erritmo eta ulergarritasuna aipatzen ditu, izan ere jatorrizkoari zor zaion leialtasunaren barruan, eskintxo egiten baitie itzulpen formalistegiak dituen traba eta gordinkeriei, xede-hizkuntzaren nortasun eta jitera gehiago moldatuz. Bere bertsioak areago kontu egin nahi izan dio Altzagaren ereduari, zeren uste baitu itzulpen akademikoki baliozkoak egin daitezkeen arren, gisa horretako zenbait bertsio ez dela ikuslearengana jatorrizko mundua hurbiltzeko gai izaten, ezta haren baitako bizitzaren berri emateko ere[10].

Ondorio gisa

Euskal kultur munduak eta William Shakespeareren obraren arteko topaketak, funtsean garrantzi nabarmen samarreko bi une izan ditu:

Shakespeareren dramaturgia osoa, 70eko hamarkadaren erdi aldera Bedita Larrakoetxeak argitara eman zuenekoa, bai Kardaberatz Bazkunak eta bai zertxobait lehenago Euzko Gogoa aldizkarian itzulpen argitaratuen zabalkuntza murriztuarekin.

Londresko BBCren bertsioak ETBk EAEn emititu zituenekoa, parez pare zenbait testu argitararaziz. Euskarara arreta handiz bikoizturiko eta gaztelaniaz azpidatziriko bertsio horiek ikusleria zabalago batera iristeko zoria izan dute; beraz, pentsa daiteke eragin handiagoa izan dutela, nola nabari zitzaien kalitatearengatik, hala telesaio horiek jarraitu zituzten pertsonen kopuruarengatik.

Gainerakoan, ez dugu uste azken bolada honetan Shakespeareren obrarik Euskal Herrian eta euskaraz taularatu duenik, beraz zinez aitor daiteke ingeles jeinua berandu eta oso apal sartu dela euskal kulturaren esparruan eta bere obraren euskarazko itzulpena Larrakoetxearen itzulpenak irakurtzera iritsi diren irakurle urriek eta ETBek emandako BBCren bertsioen teleikusleek ia soilik ahogozatu ahal izan dituztela.

Hamar bat urte geroago Shakespeareren izena berriz ere entzun da euskal letren eremuan eta oraingoan Stratfordeko Zisnearen beste obra baten berri onak zabaltzeko izan da, hots, Oihenarte eta Miranderen tradizio hoberenaren ildotik, Juan Garziak euskaratu dizkigun Soneto Hautatuenak. Baina horretaz itzultzailea bera mintzo zaigu luze eta zabal poema-sorta itzul-antolatuaren Atarikoan eta ale honetan bertan, eta hementxe uzten ditut dramari buruzkoak lirikaren alorrean sartu gabe.


Oharrak

1. PUJALS, Esteban: in Cuadernos de Traducción e Interpretación, 5/6, Escuela Universitaria de Traductores e Intérpretes, Universidad Autónoma de Barcelona, 1985, Bellaterra, 77 or.

2. CURTIS, Jean-Louis: in La Traduction Plurielle, ed. Michel Ballard, Presses Universitaires de Lille, 1990 Lille, 19 or.

3. SARASOLA, Ibon: in Gabriel Aresti. Poemak (I), Kriselu, 1976, Donostia, 15 or.

4. MICHELENA, Luis: Historia de la literatura Vasca, Minotauro, 1960, Madrid, 138 or.

5. Liburuaren azalak honela dio: «IRRITZA SHAKESPEARE'n MACBETH'en gayean, iru egintza eta egintza-aurrean TORIBIO ALZAGA'k euskeratutako antzerkia, Donostia, Iñaki Deunaren Irarkola. Garibai, 28, 1926.» 

6. MICHELENA, Luis: op. cit., 139 or.

7. Gerraondoko lehen aldizkari elebakarra, 1950ean Guatemalan sortua, hiruhilabetero agertzen zen eta euskal idazle hoberenen bilgune gertatu zen. 1956an Jokin Zaitegi bere sortzailearekin Iparraldeko Miarritzera aldatzen da lekuz eta 1959an ateratzen du bere azken alea. Aldizkariaren azken aleetan argitaratu ziren B. Larrakoetxearen itzulpenak.

8. Euskal Telebistaren artxiboetatik jasotako informazioaren arabera, oraindainokoan itzuli eta bikoizturiko Shakespeareren obrak honako hauek dira, baina beste zenbait ere kontrataturik daude:

All's well that ends well (Ondo dago ondo amaitzen dena); Anthony and Cleopatra (Antonio eta Kleopatra); As you like it (Zeuk nahi duzunez)*; Cymbeline (Cymbeline); Hamlet (Hamlet); Henry IV (Endrike IV); Henry VIII (Endrike VIII)*; Julius Caesar (Julio Zesar)*; King Lear (Lear Erregea); Macbeth (Macbeth); Measure for Measure (Neurriari neurriaz)*; Merchant of Venice, The (Veneziako Merkataria); Merry wives of Windsor, The (Windsor-eko Emazte Alaiak); Midsummer Night's Dream, A (Ekain-gaueko Ametsa); Othello (Othello); Richard II (Richard II); Romeo and Juliet (Romeo eta Julieta); Taming oh the Shrew, The (Piztiaren heziketa); Timon of Athens (Atenasko Timon); Tragedy of Coriolanus, The (Koriolanoren Tragedia); Winter's Tale, A (Negu-ipuina).

Izartxoz (*) markaturiko obrak Antzertik argitaratu zituen bere garaian.

9. Antzerti, Eusko Jaurlaritzaren Zentro Dramatikoak izen bereko aldizkari bat argitaratzen zuen, parez pare antzerki-obren bilduma bat ere plazaratuz. 1932an bere lehen titulua, Toribio Altzagaren Aterako gara obra argitara emanez hasitako bilduma eten egin zen 1936an eta 1982an berrekin zion bere ibilerari. Bilduman guztira ia ehun obra agertu dira eta euskal antzerki-idazleen artean Euripides, Humpert, Goldoni, Sastre, Dario Fo, Strindberg, Jean-Paul Sartre eta abar bezalakoak ere ageri dira.

1985ean zehar W. Shakespeareren bost obrak ikusi zuten argia honako zenbaki eta tituluekin: 73. zkia, Julio Zesar; 76. zkia: Zeuk nahi duzunez; 78. zkia; Endrike VIII; 79. zkia Neurriari neurriaz; 82. zkia Richard II. Lehendabiziko laurak Xabier Mendigurenek itzuliak dira, eta azkena Joanes Urkijo eta Joxeantonio Sarasolak.

10. MENDIGUREN, Xabier: in SHAKESPEARE, William: Zeuk nahi duzunez, Antzerti, nº 76, 1985, Donostia, 12 or.