"Literatura Unibertsala" deritzan itzulpen bildumaz
Lurdes Auzmendi

Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpretarien Elkarteak sortu zen unean azaldu zituen kezka eta premien artean zegoen munduko literatura euskarara itzuli eta argitaratzearena. Premia honetaz beste asko zeuden arduratuta lehenagotik ere, baina sarritan gertatu ohi den bezala, indarrak batu behar izan ziren eskaerak behar zuen oihartzuna lortu zezan.

1988an hasi ziren elkarrizketak, lehenik Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta EIZIE elkartea bildu ziren, eta geroago, Euskal Editoreen Elkarteari deitu zitzaion aipatutako elkarrizketetara; 1989ko udaberrian oinarrizko erizpideak finkatuta eta obren aukeraketa egin ondoren eman zitzaion hasiera proiektuari.

Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak premia eta ondorioak bere egin ondoren hasi zen egiazko lana. Guztira ehun bat obra itzuli eta argitaratzea erabaki zen, honetarako bost urtetako epea jarri zelarik. Aurrerago ikusiko dugun bezala, ausartegiak izan ginen euskal itzulpenaren egoera eta itzultzaileen baldintzak baloratzeko orduan. Literatura unibertsalaz hitzegitea literaturaren historia osoaz hitzegitea denez gero, itzuli nahi ziren obrak aukeratzeko erizpideak finkatu behar izan ziren lehen lehenik. Literatura klasikotzat jotzen direneko obrak kanpoan uztea erabaki zen, beste arrazoi batzuen artean hizkuntza klasikoetatik euskarara itzultzeko itzultzaile potentzial oso txikia ikusten zelako. Pentsamenduzko obra batzuk sartzea erabaki zen, baina hauek gero kendu egin ziren Euskal Parlamentuan aurkeztutako mozio baten ondorioz hauekin beste bilduma bat osatzea erabaki zelako (eta bide batez esan behar da bilduma horren arrastorik ez dagoela).

Guzti horren ondoren, literatura unibertsaleko autore ospetsuenen zerrendatzeari ekin zitzaion, itzuli zitezkeen obra bat edo gehiago izendatuz bakoitzari. Autoreak izendatzeko arazo larriegirik ez zen izan, ez eta obrak aukeratzeko ere, nahiz eta argitaletxeren batek best-sellerrak sartzeko nahia sutsuki azaldu. Beraz, autoreen zerrenda finkatu eta urte bakoitzean itzuli behar zirenen zerrenda zehatza urtez urte osatzea erabaki zen. Esan beharra dago mundu osoko idazleak aukeratu zirela zein hizkuntzatan idatzi zuten edo duten kontutan hartu gabe, pentsatuz kasu batzutan jatorrizko hizkuntzatik itzultzerik ez badago beste hizkuntza batzutara egindago itzulpenetatik egin beharko zela gurera.

1989ko udaberrian egin zen lehen hogei obrak itzultzeko lehiaketa publikoa. Proiektu gutxi aurkeztu eta beraz obra gutxi adjudikatu ahal izan ziren. Urte bereko udazkenean atera ziren lehiaketara adjudikatu gabeko obrak. Urte horretan, hogei obretatik bederatzi bakarrik adjudikatu ziren. Hauen eta ondoren adjudikatutakoen zerrenda artikuluaren amaieran eskeintzen dugu.

1990eko udaberrian egin zen beste hogei obra itzultzeko lehiaketa publikoa eta honetan gauza batzuk aldatu egin ziren. Eusko Jaurlaritzak EIZIE elkarteari pasatu zion honen adostasunarekin proiektua gestionatzeko eta bideratzeko lana. 89ko deialdian hogei obra atera baziren, 90ean hogeitamar atera ziren, nahiz eta hogei bakarrik adjudikatu behar izan. Itzultzaile bati obra bat baino gehiago adjudikatzeko aukera ere eman zen. Ahal zela, obra luzeegiak ez sartzea ere erabaki zen, bai itzultzailearentzat eta baita euskal irakurle arruntarentzat ere onuragarria izango zelakoan. Eta azkenik azpimarratu behar da itzulpen tarifak gaurkotu eta egokitu zirela, itzultzaileak ez bait zeuden ados literatura itzultzeagatik ordaintzen zenarekin.

Bi urtetan, guztira hogei obren itzulpena adjudikatu da, berrogei itzultzeko asmoa bazegoen ere. Eta zergatik gertatu den hori? Lehenago esan dugun bezala, aitortu behar da agian ausartegiak izan ginela euskal itzultzaileen baldintzak baloratzeko orduan, pentsatu bait genuen Euskal Herrian bazegoela nahiko kalitatea eskeintzen zuen aski itzultzaile bost urtetan horrelako proiektu bat aurrera ateratzeko. Baina errealitateak besterik erakutsi digu. Bi deialdietara guztira laurogei bat itzultzaile aurkeztu ondoren beren proiektuekin eta guztira hemezortzi itzultzaileri bakarrik itzulpenak adjudikatu eta epai mahaietan egon direnekin hitzegin ondoren ateratzen den ondorio nagusia hau da: literatura kalitate maila egokiarekin edo onarekin itzuli dezaketen itzultzaile asko ez daudela gure herrian. Honek zenbait gauza beste era batera planteatzera behartuko bagaitu ere, ez gaitu gehiegi harritu behar, literatur idazle eta itzulpen tradizio laburra eta ez oso sendoa bait du gure herriak, eta zenbait jardunek oinarri sendoak behar dituzte sua eta garra ateratzeko.

Bestalde, euskal itzulpengintzak kuantitatiboki izan duen bultzadak kalitatearen balorazioa behar du orekatzen joateko, eta lehiaketa hauetara aurkeztu diren proiektuek eskeintzen zuten kalitatearen balorazioa oso beharrezkoa da non gauden eta lortu nahi dugun helmugara iristeko zer behar dugun jakiteko. Nik hemen gertatua gordintasun osoz azaltzea besterik ez dut egin, epaia eman dutenak bait dira nire ustez susmatzen ditugun baina oraindik gauen ilunpean gorderik dauden sakoneko hutsegiteak eta akatsak ezagutzera eman behar dituztenak.

Eta amaitzeko, hona hemen 89ko eta 90eko lehiaketen ondorioz adjudikatutako obren zerrenda:

1989koak: (lehenengo zazpiak argitaratuta daude)

  1. A. CHEKHOV, «Ipuinak», Xabier Mendigurenek itzulia.
  2. J. CONRAD, «Heart of darkness» I. Ibañezek itzulia.
  3. M. TWAIN, «Huckleberry Finn», A. Ibarzabalek itzulia.
  4. K. HAMSUN, «Sult», J. M. Mendizabalek itzulia.
  5. A. PREVOST, «Histoire de Manon Lescaut», A. Narbaizak itzulia.
  6. R. KIPLING, «Kim», K. Navarrok itzulia.
  7. J. SWIFT, «Gulliver's Travels», I. Mendigurenek itzulia.
  8. G. FLAUBERT, «Madame Bovary»
  9. E. A. POE, «Ipuinak»

1990ekoak:

  1. R. L. STEVENSON, «Altxorraren uhartea»
  2. I. CALVINO, «Marcovaldo ovvero le stagioni in citta»
  3. L. SCIACIA, «Il giorno della civetta»
  4. J. JOYCE, «A portrait of the artist as a young man»
  5. E.T.A. HOFFMANN, «Ipuinak»
  6. L. TOLSTOI, «Ivan Ilitchen heriotza»
  7. E. M. FOSTER, «Where angels fear to tread»
  8. J. COCTEAU, «Les enfants terribles»
  9. M. UNAMUNO, «Abel Sánchez»
  10. TRUMAN CAPOTE, «Thansgiving Day»
  11. SAINT EXUPERY, «Pilote de guerre»