Hizkuntz ikaskuntza eta itzulpen zerbitzua
Artikulua PDFn
J. Naberan
(AEK-ren didaktika taldekoa)
1. Itzulpen Zerbitzua, euskara ikaskuntzan laguntzaile
Jakina da itzulpenak lehenaldian izan duen garrantzia hizkuntz irakaskuntzan, metodo "direktoak" sortu aurretik.
Euskararen kasuan ere, "Euskalduntzen" metodoa sortu aurretik, erdara euskaratzea eta euskara erdaratzea zen ikasbidearen oinarritzat hartutakoa.
Gero, "bigarren hizkuntza" ikasteko "metodo zuzenen" eraginez, itzulpena baztertua izan da edota historiaren pendulu-kolpez txakur zulora bidalia.
Gaur egun, ordea, "hurbilpen komunikatiboan" oinarritutako ikaskuntza atzoko "tabu" batzu zapuzten ari da, eta badirudi itzulpenari ere bere garrantzia emango zaiola.
Ez oraingoan ikaskuntzaren ardatz bezala[1], baina bai komunikazio behar horrek sortutako eginbehar interesgarri bezala.
Adibide gisa, "hirigintza" gaiaren inguruan mugituz, hirigintza eta lur-plangintzari buruzko informazioa lortzea bada ikastaldeak planteaturiko ekintza komunikatiboa eta txosten edo dokumentu ofizialak aztertzea eta taldean eztabaidatzea baletor hizkuntz ekintza moduan, zer interesgarriago dokumentu horien itzulpenak egitea baino?
Hemen letorke itzulpen eredu eta tresnen beharrizana. Edozein gai eta komunikazio barrutiri dagozkion ereduak eta hauek lantzeko bitartekoak eskaintzea euskara ikasteri edota lantzenan direnentzat.
Ez dakit zehazki nola baina bai Itzultzaile Eskola hurreratu beharko litzatekeela bere zerbitzua irakaslegora zabalduz.
AEK-ko irakaslegoaren kasuan bere Berziklatze Ikastaroen bidez izan daiteke, zeinetan 500 irakasle inguruk parte hartzen bait du Euskal Herri mailakoetan eta beste hainbatek eskualde mailan urtero antolaturikoetan.
Honetaz aparte, itzulpen tekniko-didaktikoaren arazoa dago. Hizkuntz ikaskuntzaren materialari dagokionez asko da ingelesetik, frantsesetik etabar interesatzen zaiguna. Honi buruz ere guztiz komenigarria deritzot, kasu, AEK-ren Didaktika Zerbitzuko eta Itzulpen Zerbitzukoen arteko harremanari.
2. Itzulpen Zerbitzua, euskara-"ikasbiderako" argigarri
Honako honi deritzot "ikasbidea": ikastaldeak eta ikasle banakoak hartzen duen bideari hizkuntzaren lorpenerako.
Ez da, beraz, irakasleak ezarritako "metodoa", baizik eta ikasle bakoitzak hartu ohi duen metodo propioa hizkuntzara iristeko.
Lehenago, "estimulua-erantzuna-errefortzua" teoriari jarraituz, bide bat programatzen genuen ikaslearentzat eta bide horretatik ateratzen zena "akatsetan" erortzen zen, nola edo hala (baina berehala) zuzendu beharreko errakuntza edo akatsetan. Ezbehartzat hartzen ziren akats "madarikatuetan". Gainera uste genuen akatsen iturria ama-hizkuntza eta 2. hizkuntzaren arteko "interferentzia" zela edozein kasutan ere.
Interferentziarena hor dagoelarik ere, bada "akatsen" beste iturririk eta hauxe da gaur egun azpimarratzen dena: 2. hizkuntzaren barrenetik bertatik, 2. hizkuntzaren ikas prozesutik bertatik datozten "akatsak" oso garrantzizkoak ditugula.
Dena dela "akatsok" zorionekoak dira, ez bait dira besterik hizkuntza lortzeko bakoitzak hartu ohi dituen bidexkak baino. Irakaslearen lana honetan datzake: ikaslea bidexka hauetatik bide nagusira gidatzean, hain zuzen.
Guzti honekin honetara nator: bai 2. hizkuntzaren beraren dinamikak baita ama hizkuntzaren interferentziak eragindako bidexka hauek zeintzu direri tipifikatzea, noiz eta nola ematen diren kontrolatzea... egin gabeko lan bat de la. Eginbeharrekoa, halere, euskararen ikasbidea ikertzeko, ikas prozesuaren urratsak definitzeko, eta honen arabera helburuak finkatu, programazio egokiak proposatu etabar egiteko.
Ez baita serioa gaur egun oraindik egiten dena: hizkuntz egituren ordenamenduari deitzea "programazioa", aurreko guztian oinarritu gabe etxea teilatutik hasiz.
Egia da, bestalde, ikasle bakoitzak bere berea duen bidea hartzen duela baina badira "konstante" batzu, esperientzia bilketa batek egiaztatzen dituenak edozein hizkuntzaren kasuan.
Konstante hauetxek lirateke zehaztu beharrekoak euskararen kasuan ere eta, ondorioz, tratamendu egokiz erantzun beharrekoak.
Puntu honetan uste dut nik eskua luza diezaiekeela elkarri euskara irakaskuntzaren esperientziak, linguistikak eta itzulpen teori tresnek: euskara-erdaren arteko estudio kontrastiboa gauzatzean, "erdarismoak" detektatu eta euskal ereduetara itzultzean, eredu hauekin euskara ikasbiderako giltzadura eginez joatean, denau ikasprozesu barruan urratsez-urrats antolatzean etabar...
3. Itzulpen Zerbitzua, euskararen normalizazioaren eragile
Batetik, X. Mendigurenek planteatzen duena azken Jakin-en:
"Euskararen kasuan, berriz, oraindik beste hizkuntzen homologazio-maila lortu ez delarik, itzultzaileak erizpide linguistiko are helduagoak eta eginagoak behar dituela dirudi, itzulpenak hizkuntz normalizapenean duen eragin bereziarengatik.
Agian, gure kasuan, "Linguistika Aplikatuzko Itzulpenerako Institutu (LAIL) baten forma hartu beharko luke itzultzaile Eskolak eta harreman estuak mantenduko lituzke dagozkion fakultateekin".
Bestetik, honekin lotuta badago ere, bada zerbait euskararen kasuan denon ahalegina eskatzen duena: euskararen sinkretismoa, erdararantz duen joera eutsi ezinetik datorren "euskaranto" famatua, alegia. Bai jatorrizko euskaldunen belaunaldi berrietan gertatzen den murriztasunean eta dekadentzian azaltzen delarik, baita euskaldun berrien euskara degradatuan.
Euskarak kontrako duen egoera diglosikoaren kontua dugu hau. Gutxi erabilia den hizkuntzari zorri guztiak bizkarrera.
Euskararen sinkretismo honi galga jartzeko hizkuntz erizpide helduak, itzulpen-eredu jatorrak..., nahita nahiezko ditugu, bai, baina barruti akademikotik plazaratzen diren neurrian bakarrik eragile.
Hauxe esan nahi dut, ematen den euskararen erabilpenean interbenitzeko, erabilpena hera gehitzeko, jendea euskaraz espresatzera motibatzeko... indar handiak mugitu behar direla. Edonolako "zerbitzuak" kalearen gain-gainean eskaini beharko direla, euskara irakaskuntzaren kasuan irakasleekin batera jokatuz, ikastaldean bertan intzidituz, etabar.
Planteameridu akademiko hutsak ez dute indarrik euskara dagoen zulotik ateratzeko eta Itzultzaile Eskolak ere eskola horma hautsiak erakutsi beharko ditu euskararen normalizapenean eragile izan nahi badu.
AEK jipoindutik adibidez nahiko zail mugi gaitezke Itzultzaile Eskolarantz, Eskolak berak gureganantz zirkinik ez balu egingo. Mahoma eta Mendiarena dago hemen ere.
1. Kendu gabe mola ere itzulpenean gertatzen den hizkuntz-sistemen arteko jokoa eta oposaketa aproposa izan daitekela lortu nahi den hizkuntzaz jabetzeko ere.