Langintza Xeheki

Azken eguneratzea: 2023-12-21


lx.jpg

Itzultzera jartzerakoan bakardadea behar badugu ere, itzulgaiaren aitzinean eta hari ordaina bilatzera jartzerakoan geure buruarekin bakarrik moldatu behar badugu ere, itzulpengintzak elkarlana eta besteen ikuspuntua, iritzia, behar du ere. Itzulpen lanak, idazlan den bezain bestean, irakurleak behar ditu, eta irakurleen iritzia.

Jatorrizko testuaren ordez egin zitekeen hautu guztien artean zergatik bat egin den; baztertu direnak zergatik baztertu diren, zer eman duen hautu horrek, zer ez; zer eman zezakeen bestela eginik. Hori guztia eta beste hamaika koska sortu ohi zaigu itzultzen ari garenean edo amaitu ondoren: Zer iruditu zaie irakurleei, irakurle aditu ditugun lankideei?

Horiek guztiak eta beste hamaika koska berdindu nahian irekitzen dugu, beraz, gune berri hau gure web orrian.

Itzulpen kritika ote da? Hortik zerbait nahi luke, baina geure artean eta geuretzat eginiko lana izan nahi luke. Manikeismotik urrun, itzulpen bakoitzean zer egin den eta zergatik ulertzeko bidea eman nahi luke, geure langintza uler dezagun lagundu. Egiten dugunaren gaineko gogoeta lekua sortu nahi genuke. Eta horretarako hainbat molde erabiliko dugu testuak aztertzerakoan, bakoitzari ahal beste atera nahian. Batzuetan itzultzaileak berak azalduko digu bere lanaren nondik norakoa, besteetan kanpotiko soa izango da abiapuntua, edo elkarrizketa, eztabaida…… Eta esan beharrik ez bada ere, esan dezagun, zuek guztiek eskain dezakezuen guztia hartzeko prest gaituzue, denon artean osa eta indartu dezagun euskal itzulpengintza.

2023

2022

2021

2020

2019

2015

2014

2012

2011

2010

2009