Karlos del Olmo (2011): 'Zelestina' tragikomediako esaera zaharrak XXI. mendean euskaratzea: Joxe Antonio Sarasolaren itzulpen estrategiak
Nola hel diezaioke XXI. mendeko euskal itzultzaile batek XV. mendeko gaztelaniazko testu kanoniko ezagun-ezagun horri, adituek Kixote ospetsuaren hurrengotzat dutela jakinda? Ze motatako estrategia erabili beharko du? Zelako hizkuntz eredua aukeratu beharko du gaurko euskal irakurleari emateko orduan? Eta artikulu honen xederako garrantzikoagoa dena, nola eman XXI. mendean euskal tradizioan ordain idatzizko ezagunik ez duten atsotitzak ―eta parekide ezaguna dutenen artean, zein eman batek baino gehiagok korritu izan duenean?―? Itzultzaileak, jakina, aldez aurretik itzulpen horren zertarakoa zehaztu beharko du: kontuan izanik itzulpena Literatura Unibertsala bilduman agertuko dela, ze hartzaile/irakurle mota izango du gogoan gaztelaniazko kanonetik euskarazko kanon itzulira ekarri behar duela gomutan? Eta testuaren beraren ezaugarriei gagozkiela, alegia, ahoz esateko (antzezteko?) idatzita ei dagoela, ahalegin berezia egin beharko du euskarazko ahozko estilistikaren ezaugarriak eransteko. Horiek denak jakinda, Joxe Antonio Sarasolak esakune zaharrak ordaintzean erabiliriko zenbait itzulpen estrategia aztertzeko saio hau, nolanahi ere den, datozen urteotan antzeko lanak itzuli gura dituenari bidelagun gerta dakioke, baita eginkizun filologikoagoetan ere (eginkizun pragmatikoago bat ere badu: ekialdeko euskaldunei jatorrizkoa ulergarriagoa egitea). Eta zer dela-eta esaera zaharrak? Osagai linguistiko moduan halako autonomia bat dutelako testuaren barruan eta, zertan esanik, haietako batzuek, literatur balioen ikuspegitik, osagai poetiko ukaezinaren jabe direlako. Bestalde, oinarritzat hartzen badugu gaztelaniak eta euskarak garai hartan errealitate bera partekatzen zutela, ezin interesgarriago gertatzen da haietako bakoitzak inguru bera nola zedarritzen duen aztertzea.